7. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

296/2007 FORU AGINDUA, abenduaren 10ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2008. urtean garapenerako lankidetza proiektuak egiteko dirulaguntzetarako deialdia egiten duena.

Nafarroako Parlamentuak, gure Foru Komunitatearen kontzientzia sozialaz jabetuta, herri eta herrialde pobretuen giza garapen iraunkorrari laguntzeko asmoz, funtsak eman izan ditu, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arauak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste. Bereziki, haren 14. artikuluak xedatzen du funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntza publiko guztiak arautzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Horrenbestez, beharrezkoa da garapenerako lankidetza sustatzeko urteko proiektuetarako dirulaguntzei buruzko arauak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko efikazia eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna ere.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-2008. urtean garapenerako lankidetza proiektuak egiteko dirulaguntzetarako deialdiko arauak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

Bigarrena.-8.000.000 euroko gastua baimentzea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Garapenerako Nazioarteko Lankidetza" izeneko 900000 91200 4819 143102 kontusailaren kargura, horretarako baldintza izanik bertan dirua izatea.

Hirugarrena.-Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko abenduaren 10ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

2008. urtean garapenerako lankidetza proiektuak egiteko dirulaguntzetarako deialdiaren arauak

Lehenengoa.-Xedea eta helburua.

1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak dirulaguntzetarako dei egin du 2008rako, Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin batera zenbait proiektu finantzatzeko, horrela garatzen ari diren herrialdeetako herritarren oinarrizko beharrei zuzenean erantzun ahal izateko. Nafarroako entitateek proposatzen dituzten programa horiek herrialde horietako solaskideekin batera burutuko dira eta haien helburua pobreziaren kontra borrokatzea eta bertako herritarren bizimodua eta garapen endogenorako gaitasuna hobetzea izanen da.

2. Garapen bideko edo trantsizioko herrialde edo lurraldetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen menpeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

Bigarrena.-Aurrekontuetako dirua.

Deialdi honetarako zenbatekoa 8.000.000 eurokoa da, Nafarroako 2008ko aurrekontu orokorreko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko kontusailaren kargura, baldintza izanik bertan dirua izatea.

Hirugarrena.-Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen betekizunak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hartu ahal izateko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuak izatea eta legez osatuak.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erregistroan inskribatuak izatea.

c) Irabazi-asmorik ez edukitzea.

d) Estatutuetan jasota egotea, erakundearen xedea dela, garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasuna sustatzearekin ikustekoa duten jarduerak egitea.

e) Egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea. Oinarri honetako b) atalak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez frogatu beharko da hori.

f) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

g) Proiektu beraren fase baterako lehenago dirulaguntzarik hartuz gero, dirulaguntza haiek hartzeko ezarritako eginbeharrak bete dituztela frogatu beharko dute.

h) Proiektua egin behar den herrialdean tokian tokiko bazkide edo erakunde bat izatea, proiektua aurrera eramanen duena. Bazkide horrek pertsona juridikoa izan behar du, herrialde onuraduneko legeriaren araberakoa.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutako egoeraren batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren laguntzen onuradun izan.

j) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak garapenerako lankidetzan edo garapenerako hezkuntzan aritzeko ematen dituen dirulaguntzak jaso izana azken 5 urte hauetan.

Aurreko lerroaldean ezarritakoari begira, GGKEek frogatu beharreko antzinatasuna errespetatuko da elkarte edo fundazio gisa duten formula juridikoan aldaketa bakar bat izan badute, baldin eta horren berri ematen bada entitate juridiko berriaren estatutuetan; edo GGKEen batasun bateko kide izan badira eta horrek lehenago Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren dirulaguntzarik jaso badu garapenerako lankidetzaren arloan.

Laugarrena.-Garapenerako Lankidetza proiektuek bete beharrekoak.

Dirulaguntzen onuradun izan ahal izateko, GGKEek aurkezten dituzten proiektuek honako beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honetako 1. oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluei lotzea.

b) Finantzaketaren %20, gutxienez, erakundeen funtsetatik aterako da, beste administrazio publikoetatik -Nafarroako Gobernuaren beste departamentuak eta erakunde autonomoak kenduta- edo beste entitate batzuetatik.

c) Emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekulan gaindituko, beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko proiektuaren kostua.

d) Eskatzen den dirua 25.000 eurotik 120.000 eurora bitartekoa izanen da. Azken kopuru hori 180.000 euroraino zabaltzen ahal da, beti ere berme gisa bankuaren abala aurkezten bada, dirulaguntza onartu dela jakinarazi ondoren. Aurkeztu ezik, eskaera bertan behera utzi dela ulertuko da.

e) Proiektuak 2008. urtean gauzatu beharko dira.

Bosgarrena.-Eskaerak aurkezteko tokia eta egunak.

1. GGKEek 30 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrera igorriko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (Yanguas y Miranda kalea, 27, behea, 31003, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan. Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, kartazala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

3. Entitate eskatzaile bakoitzak, gehienez ere, urtean garapenerako lankidetza proiektuen kofinantzaketareko 3 eskaera aurkezten ahalko ditu.

Seigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Deialdian parte hartu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuaren eskaera orokorraren bidez eskatuko dute parte-hartzea eta, eskaerarekin batera, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute (agiri motak bereizteko egindako 3 multzoetatik bakoitzari dagokiona karpeta edo gutunazal batean):

a) Dirulaguntza eskatzen duen GGKEaren gaineko dokumentazioa, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatuak (dagoeneko Foru Komunitatearen eskuetan ez badago edo dokumentazioaren edukia aldatu bada):

a.1. Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren ziurtagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela. Ziurtagiri hori gutxienez urte beteko antzinatasuna izan beharko du, deialdia argitara eman zen egunetik zenbatua.

a.2. Identifikazio Fiskaleko Txartela.

a.3. Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aurreko dirulaguntzak sartzeko bankuko kontua aldatu bada.

a.4. Nafarroako ordezkaritzaren 2006ko kontuak.

a.5. Bi proiektu edo gehiagotarako dirulaguntza eskatuz gero, aurreko agiri guztiak eskaera batean bakarrik aurkeztuko dira.

a.6. Hirugarren oinarriko i) atalaren arabera onuradun izatea galarazten duten egoeretan ez dagoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

b) Tokian tokiko bazkidearen edo erakundearen gaineko dokumentazioa:

b.1. Estatutuak.

b.2. Legezko osaeraren frogak, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko bertako legeen araberakoak.

b.3. Legezko helbidea osorik.

b.4. Legezko ordezkariaren kredentzialak.

c) Proiektuari buruzko dokumentazioa:

c.1. Proiektuaren memoria, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.

c.2. Proiektua eginen den tokia zehazki erakusten duten mapak (herrialdea, eskualde edo departamentua, probintzia eta udalerria).

c.3. Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.

c.4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek proiektuko zikloaren edozein fasetan zuzenean edo zeharka parte hartuz gero, langile horien izen-deituren zerrenda, denboraldia eta proiektuan egin beharreko eginkizunak aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizunpeko aitorpena, beren lana proiektuaren esparruko zereginekin bateraezina ez dela dioena.

Zazpigarrena.-Instrukzioa.

a) Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, arau hauen arabera.

b) Eskaeraren agiriak azterturik, eta akatsik egonez gero, 10 egun naturaleko epea irekiko da, jakinarazten denetik hasita, akats horiek zuzentzeko. Entitate eskatzaileak horrelakorik eginen ez balu, eskaera ezetsitzat joko da.

Zortzigarrena.-Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Eskaerak 0 puntutik 1.000 puntura bitarte baloratuko dira, irizpide objektibo hauek eta horien ponderazioa kontuan hartuz:

a) Gaitasun instituzionala (%20): entitate eskatzailearen eta kasuan kasuko herrialdeko bazkide edo erakundearen gaitasun finantzario, estrategiko eta operatiboa, haien oinarri soziala eta haien arteko harremanak baloratuko dira. Hona hemen baremoa:

a.1. Entitate eskatzailea: oinarri soziala (15 puntu bitarte), gaitasun finantzarioa (25 puntu), gaitasun estrategikoa (25 puntu bitarte), gaitasun operatiboa (25 puntu bitarte).

a.2. Herrialdeko bazkidea: proiektuaren sektorean edo eskualdean lanean izaniko esperientzia (25 puntu bitarte), gaitasun finantzarioa (20 puntu bitarte), gaitasun estrategikoa (25 puntu bitarte), entitate eskatzailearekiko harremanak (10 puntu bitate), herritar onuradunekiko harremanak (20 puntu bitarte) eta arloari edo lurraldeari dagokionez sare zabalagoetako kide izatea (10 puntu bitarte).

b) Ekintzaren kalitate teknikoa (%45): proiektua azaltzeko osagai teknikoak baloratuko dira, xede diren sektoreak kontuan hartu gabe. Hona hemen baremoa:

b.1. Ekintzaren barne koherentzia: eskariaren jatorria (50 puntu bitarte), orotariko helburuaren, berariazko helburuaren eta emaitzen arteko koherentzia (40 puntu bitarte), jardueren eta emaitzen arteko harremana (70 puntu bitarte), adierazleen egokitasuna (40 puntu bitarte).

b.2. Aurrekontua: gastuaren koherentzia edo eraginkortasuna (60 puntu bitarte), gastuaren beharra (60 puntu bitarte).

b.3) Bideragarritasuna: politikoa (20 puntu bitarte), instituzionala (30 puntu bitarte), teknikoa (40 puntu bitarte), eta soziala (40 puntu bitarte).

c) I. Plan Zuzentzaileko ildo estrategikoekiko egokitasuna (%35): programaren eta plan zuzentzaileko zeharkako ildoen, ildo sektorialen eta lehentasun geografikoko ildoen arteko egokitasuna baloratuko da.

c.1. Zeharkako ildoekiko egokitasuna. Egiaztatuko da proiektuak haietariko bakoitzaren adinako osagarriak dituela: pobrezia errotik erauztea (40 puntu bitarte), sexuen arteko berdintasuna bultzatzea (40 puntu bitarte), ingurumenaren iraunkortasuna bermatzea (40 puntu bitarte), giza eskubideak babestea, demokratizazioa eta nortasun kulturala errespetatzea (40 puntu bitarte) eta gizartea antolatzeko gaitasuna sortzea (40 puntu bitarte).

c.2. Ildo sektorialekiko egokitasuna. Haien egokitasuna eta kalitatea baloratuko dira plan zuzentzaileko sektoreari eta azpisektoreari dagokienez (100 puntu bitarte). Batzuen osagaiak edukiz gero, elkarrengandik bereizirik baloratuko dira eta puntuen batez besteko aritmetikoa eginen da.

c.3. Lehentasun geografikoekiko egokitasuna. Plan zuzentzailean aipatzen diren lehentasunezko herrialdeen hiru multzoen helburu estrategikoekiko egokitasuna baloratuko da (20 puntu bitarte), eta herrialde bakoitzaren barruan, berariazko eskualdea (20 puntu bitarte).

2. Dirulaguntzaren eskaera aintzakotzat har dadin, proiektuak guztira 500 puntu beharko ditu batera. Horietariko 80 puntu gutxienez plan zuzentzaileko zeharkako ildoekiko egokitasun irizpideei egokituko zaizkie. Gainera, ezin izanen dituzte 10 puntu baino gutxiago izan proiektuaren eta zeharkako ildo bakoitzaren arteko egokitasuna baloratzeko irizpide bakoitzean.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa lortzen den puntuazioaren eta helburu horretarako bideratzen den aurrekontuaren araberakoa izanen da. Aurrekontuetako dirua gainditzen baldin bada, dirulaguntza kalkulatzeko, irizpide hauei men eginen zaie:

Dirulaguntza kalkulatzeko tarte proportzionalak finkatuko dira, eskatutako laguntzatik abiatuta, lortutako puntuazioaren arabera: 500,00 eta 624,99 punturen artean, eskatutakoaren %70, 625,00 eta 749,99 punturen artean, eskatutakoaren %85; 750,00 puntu edo gehiago, eskatutakoa.

Ehunekoen tarteak ezartzearen ondorio diren kopuruak, zenbatekoa osokoen zatira biribilduz ezarriko dira, hamarrenik gabe.

Bederatzigarrena.-Alegazioen tramitea.

1. Organo instruktorearen txosten-proposamenaren aurretik interesdunei entzutea emateko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

2. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, organo instruktoreak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, xedea eta ezaugarriak errespetaturik, konpromisoak eta baldintzak emanen zaion dirulaguntzari egokitzeko. Aldaketaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposaturiko dirulaguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusiriko kofinantzaketaren batura baino.

Hamargarrena.-Ebazteko epea.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz.

2. Deialdiaren gaineko ebazpenean, dirulaguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, dirulaguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta epea eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak ukatutzat joko dira, aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Hamaikagarrena.-Jakinarazpena.

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako Atarian argitaratuz jakinaraziko zaie interesdunei.

Hamabigarrena.-Dirulaguntzaren aurrerakinak.

1. Onartzen den dirulaguntza 60.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada, laguntza emateko ebazpenean dirulaguntza aurretik ordaintzea aginduko da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak berariazko baimena emanez gero.

2. Onartutako dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren aurrerakinak egiten ahalko dira, banku-abal bat edo antolamendu juridikoan onartzen den beste berme bat aurkeztuz gero, betiere Ekonomia eta Ogasun Departamentuak horretarako berariazko baimena ematen badu. Berme horrek aurreratu beharreko zenbatekoaren adinakoa behar du izan.

Organo emaileak aukera izanen du 60.000 euroko edo hortik goitiko aurrerakinen bidez pagatzeko. Horrela dirulaguntzen onuradunek ez dute behin ere 60.000 eurotik goitiko aurrerakinik izanen bermerik gabe. Bigarren aurrerakina aurreko aldian eginiko gastuen %70 justifikatu arte ez da pagatuko, bai Nafarroako Gobernuaren funtsen bidez, bai bestelako diru-ekarpenen bidez, exekuzioaren hein bateko txosten tekniko eta ekonomikoa aurkezturik.

Hamahirugarrena.-Dirulaguntzen justifikazioa.

1. 2009ko martxoaren 31 baino lehen, onuradunek azken txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute mikroekintzaren betetze mailaz, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan eskuratzen ahalko da, Yanguas y Miranda kaleko 27ko behean.

2. Urte bakoitzeko txostenek eta azken txostenak kontu justifikatiboaren itxura izanen dute. Osagai hauek bilduko dituzte:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua, tokian tokiko bazkideari funtsak igorri zaizkiola frogatzeko, bai eta igortzea bankuko transferentzia bidez egiten bada aplikatutako truke tasak frogatzeko ere; bestelako kasuetan erantzukizunpeko aitorpena, dirulaguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.

c) Erantzukizunpeko aitorpena, tokian tokiko bazkidearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza herrialde onuradunean jaso dela ziurtatzen duena.

d) Proiektuaren exekuzioari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren araberakoa.

c) Proiektuko dirusarreren eta gastuen balantzea.

f) Gastu guztien zerrendak, jardueren, gastu motaren eta finantzaketaren iturriaren arabera sailkatuak. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendako agiri zenbakia, egiaztagiri zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena eta helbidea eta haren identifikazio fiskalerako zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriko testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko dena), pagatzeko modua, pagatu deneko diru mota eta zenbatekoa eurotan.

g) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren exekuzioaren edo martxa onaren berri emateko.

3. Aurkezten diren gastu guztien egiaztagiriak entitate onuradunaren egoitzan edo bulegoan gorderik egonen dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal ditzan. Organo horrek laginen bidez aztertzen ahalko ditu.

Egiaztagiriak fakturak izanen dira, eta halakorik ezean, banku- laburpenak, hartu-agiriak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Egiaztagiri horiek, betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte eta ordainketa egin izana frogatu beharko dute.

Gastuak Espainian gertatuz gero, egiaztagiriak jatorrizko agiriak izanen dira; gainerakoan, fotokopiak, tokian tokiko bazkideak edo erakundeak behar bezala kreditatuak.

Egiaztagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira.

4. Tokiko ekarpen gisa onartutako balioztatzeen kasuan, hamalaugarren arauko 4. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

5. Dirulaguntzaren entitate onuradunaren herrialdeko bazkidea nazioarteko erakunde bat baldin bada, gastuaren egiaztagiriak nazioarteko erakundeek ezartzen duten araudiarekin bat egindako kanpo auditoria bat aurkeztuz ordeztuko dira.

Hamalaugarrena.-Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Dirulaguntzen xede izan daitezkeen gastuak kontusail hauetakoak izan daitezke:

a) Zuzeneko gastuak:

a.1. Lurrak eta higiezinak erosi edo alokatzea.

a.2. Higiezinak eraiki edo berritzea, laneskua, obraren zuzendaritza, obretako lizentzia eta eraikuntzako tasa eta materialak barne.

a.3. Ekipo materialak eta hornidurak, ibilgetuaren osagaiak erostea barne, lurrak eta eraikinak izan ezik, dirulaguntzaren xede den jarduerari atxikiak, hala nola, makinak, altzariak, ekipo informatikoak, garraiobideak eta bestelako ekipamendua, eta ekipoak igortzeko gastuak.

a.4. Langileen gastuak, honako hauek barne: lansariak, gizarte aseguruak, ekintzari atxikiriko langileen entitatearen kontu, eta beste edozein aseguru, langileen izenean izenpetua.

Bi kategoria bereiziko dira:

a.4.1. Herrialdeko langileak. Dirulaguntzaren xede den ekintza burutzen den eta haiek lanean ari diren herrialdeko lan arloko legeen mende daudenak, haien eginkizunei dagokien lan araubidearekin bat. Haien eginkizunak zuzenean ekintzari lotuak egonen dira.

a.4.2. Langile erbesteratuak. Entitate onuradunekoak, Espainiako legeen mende daudenak eta ekintza burutzen deneko herrialdean lanean ari direnak. Haien eginkizunak zuzenean ekintzari lotuak egonen dira. Kontratu bidezko harremana izanen da eta Kooperantearen Estatutua errespetatu behar da.

a.5. Bidaiak, ostatu-hartzea eta dietak. Langileen eta programaren onuradun diren herritarren joan-etorrien gastuak dira, ekintza burutzeko behar direnak, hala nola: erregaiak, aseguruak, ekintza zehaztean berariaz identifikaturik eta haiei loturik dauden ibilgailuen mantentzea, bidaien gastuak, dietak eta, hala bada, ostatua hartzea.

a.6. Txandakako funtsak. Maileguetarako eta sortzen ahal diren kudeaketa eta administrazio gastuetarako zenbatekoa hartzen du bere baitan, hala nola finantza gastuak eta funtsarekin zuzeneko zerikusia duen guztia, proiektua gauzatzeko epearen baitan. Formulazioan aurreikusi beharko da, bertan funtsaren araudia aurkeztuz maileguen zenbatekoa, onuradun kopurua, interes-tasa, gabealdia eta itzulketarako epea jasoko dira. Ezin izanen du finantzaturiko zuzeneko gastuen %10 gainditu.

a.7. Jarduna. Ekintzaren eremuko ohiko gastuak (argindarra, ura, komunikazioak, mantentze-lanak eta segurtasuna, besteak beste), dirulaguntzaren xede den zenbateko osoaren %2 bitarte gehienez.

b) Zeharkako gastuak.

Proiektuaren zeharkako kostuengatik %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio dirulaguntzari. Zeharkako kostuak dira GGKEk Nafarroan dituen gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzakoak, bulegoko materialak eta bestelako ohiko gastuak, baita bakarrik eta zuzenean proiektuaren identifikazioaren, -kasu horretan, 2007ko azken lauhilekoan eginiko gastuak aplikatzen ahalko dira- formulazioaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren ondoriozkoak direnak).

Gastuak frogatzeko hamahirugarren arauan ezarritakoari jarraikiko zaio, frogatzeko zail diren gastuak izan ezik. Hala gertatuz gero, GGKE onuradunaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, dirulaguntzaren xede den proiektuarekiko lotura eta orotariko arauen arabera justifikatu ezinaren zergatiak agertuko dira. Gainera, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri auditatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3 gaindituko.

Gainera, zeharkako kostuen kontusailaren barruan %10 (edo dirulaguntza osoaren %1) sartzen ahalko da proiektua Nafarroan zabaltzeko jardueretarako, garapenerako lankidetzaren arloan jendarteko iritzia sentsibilizatzearren.

2. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak dirulaguntzaren xede izaten ahalko dira jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira.

3. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren etekin finantzarioak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta dirulaguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

4. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira onuradunen lurren, lokalen, ekipamenduen, materialen eta laneskuaren gaineko balioztatzeak, baldin eta aurrekontuan ageri diren jarduerei zuzenean lotuta badaude. Egiaztatu egin behar dira beste erakundearen, proiektuaren onuradunen edo ondasunak eta/edo zerbitzuak ematen dituen entitatearen ziurtagiriarekin. Ziurtagiri horretan edo horri erantsita, ekarpena deskribatu eta horren zenbatekoa zehaztuko da, unitate kopurua, lan orduak, unitateko prezioa (hala badagokio) eta balioztatze osoa adieraziz. Balioztatzeak tokiko merkatuko prezioen araberakoak izanen dira eta, ekipamendu edo ondasunen kasuan, antzinatasuna hartu beharko da kontuan. Nolanahi ere, gainerako ekarpenak bezala kontrolatu beharko dira.

5. Dirulaguntzen xede diren gastuak ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

6. Dirulaguntzaren xede diren gastuak obrak burutzeko badira eta 30.000 eurotik gorakoak badira, GGKE onuradunak, herrialdeko bazkidearen bidez, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, salbu eta dirulaguntzaren xede diren gastuen edo herrialdearen ezaugarriengatik merkatuan behar adina entitate ez daudenean edo, egonik ere, baldintza egokietan egiten ez badituzte. Betiere, txosten gehigarri bat aurkeztuko da kontratistak hautatzeko prozeduraz eta irizpideez.

Hamabosgarrena.-Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak ekintzaren zati baten exekuzioa hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren %15ari dagokiona, gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamaseigarrena.-Betebeharrak.

Proiektu jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Proiektua dirulaguntza emateko baldintzetan xedatu bezala burutzea. 2008ko urtarrilaren 1etik 2008ko abenduaren 31ra bitarte egiten ahalko da. Exekuzio epea betetzeko eragozpen larriak sortzen dituen egoeraren bat izanez gero, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 49. artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

b) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren baimena eskatu eta lortzea dirulaguntzaren xede den ekintzan aldaketak egin ahal izateko, ekintza hori burutzen ari den bitartean entitate onuradunaren herrialdean edo egoitzan ekintza garatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak gertatzen direnean; funtsezko aldaketak helburuak, emaitzak, xede-populazioa, kokagunea eta herrialdeko bazkidea ukitzen dituztenak izanen dira bakarrik. Esku-hartzearen bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak azkeneko txostenean jakinaraziko dira.

c) Nafarroako Gobernuaren kontu erosten diren material, ekipo eta hornidura guztiak proiektua egiten deneko herrialdean egitea, bertako produktuekin. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez, arrazoiak azaldurik, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da.

d) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako dirulaguntzen zenbatekoa jakinaraztea.

e) Bestetik tokian tokiko bazkide edo erakundeari dirulaguntzaren iturriaren berri zehatza ematea.

f) Organo emailearen aurrean betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta dirulaguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdi honetako hamahirugarren arauan aipatzen den azkeneko txostenaren bidez.

g) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin orduko, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzea.

h) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea proiektuaren garapenaren berri ematen, Nafarroako populazioa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

i) Proiektuaren publizitatea eta hedatze-ekintza guztietan dirulaguntza norena den adieraztera. Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan dirulaguntzaren onuradunen logotipoarekin batean, tamaina berean eta berdin ikusteko moduan.

j) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamahirugarren arauko 3. idatz-zatian aipatzen diren gastuen frogagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatia hautsi dela.

k) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

l) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan eta deialdi honetako hamazazpigarren arauan aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea, berandutzagatik dagozkion legezko interesak barne.

m) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, onuradunek ondasun horiek dirulaguntzaren xede den helbururako erabili beharko dituzte, gutxienez ere zazpi urtez erregistro publikoetan inskribatzen ahal diren ondasunak badira, eta bi urtez bestelakoak badira.

Hamazazpigarrena.-Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, dirulaguntzen onuradunek hartutako dirua itzuli beharko dute.

2. Dirulaguntza emateko kontuan harturiko inguruabar, betebehar eta baldintzak aurreko arauan aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzat joko da.

3. Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

-Proiektuaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

-Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe egindako aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.

4. Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hemezortzigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F0719462