7. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 16a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

ESA

EDIKTUA

Esako Udalak ondotik ematen den erabakia hartu zuen, besteak beste, 2007ko abenduaren 14an egin osoko bilkuran:

"Esako Hogeiko Batzordeak, 1961eko ekainaren 3ko bilkura berezian, La Gravera alderdiko herrilur puska bat Industrial Piscícola Navarra, S.L. enpresari (gaur egun Navarra Food, S.A.) doan lagatzea erabaki zuen, arrain haztegi industriala eraikitzeko. Erabaki horren bidez 140 bat erregu laga ziren, eta lagapenaren helburua bete ezean lurrak itzuli beharko zirela adierazi zen.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak berriki jakinarazi duenez, laga ziren herrilurretan bi finka enbargatu dira eta laster ondasun horiek enkantean jarriko dira.

Esako Udalak lagatako herrilurretan egin zen arrain haztegiko jarduera duela urte batzuk amaitu zen.

Kontuan izanik lagatako ondasunen izaera eta Esako Hogeiko Batzordeak lagapen erabakian ezarri zituen baldintzak, egungo egoeran bidezkoa izan liteke lagatako ondasunak herrilurretara itzultzea. Horregatik, hauxe erabaki da aho batez, hots, legez eskatzen den gehiengoa izanik:

1. Espedientea irekitzea, Esako Hogeiko Batzordeak behinola Industrial Piscícola Navarra, S.L.ri (gaur egun Navarra Food, S.A.) arrain haztegi industriala eraikitzeko laga zizkion herrilurretako ondasunak herrilurretara itzul daitezen.

2. Erabaki hau espedientean ageri diren interesdunei jakinaraztea, eta zehazki Navarra Food, S.A.ri, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari, "B. Paulus, Gmbh" enpresari, Zerga Agentziari, Angel Zabala Urra jaunari, Isidro De la Cal Fresco, S.L.ri, Truchas del Segre, S.A.ri, Nafarroako Foru Komunitateari eta Transportes Oteiza, S.A.ri, espedientean agertu eta hilabeteko epean nahi dituzten alegazioak egin ahal ditzaten.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, interesdunek eta ukituak izan litezkeen guztiek komenigarriak iruditzen zaizkien alegazioak egin ahal izan ditzaten hilabeteko epean.

4. Alkateari ahalmena ematea behar diren prozedura administratibo eta judizial guztietan agertzeko, Esako Udalak bere herrilurretako ondasunen gainean duen eskubidea defendatzearren".

Igortzen dizut, jakinaren gainean egon zaitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan. Jakinarazpen honen kopia sinatu behar duzu, eta jakin ezazu erabaki honen aurka Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakezula, Administrazioarekiko auzietarako organo jurisdikzional egokiari zuzendua, jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik bi hilabeteko epean, edo, aldez aurretik eta aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik hilabeteko epean.

Halaber, aukeran eta beste edozein errekurtsoren aurretik, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal duzu egintza hau agindu duen organoari zuzendua, jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik hilabeteko epean.

Esan, 2007ko abenduaren 19an.-Alkatea, José Antonio Aquerreta Martínez de Lagos.

Iragarkiaren kodea: L0719651