69. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZIZUR NAGUSIA

Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2008ko otsailaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea, ondoren erregelamenduaren arabera tramitatzeko, Zizur Nagusiko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2008ko 36. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, martxoaren 19an, eta Udaleko iragarki oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Zizur Nagusian, 2008ko maiatzaren 7an.-Alkatea, Pedro Jesús Huarte Iribarren.

ZIZUR NAGUSIKO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Zizurtarrek euskaraz hitz egin dute mendeetan barrena.

Horiek horrela, Zizur Nagusiko Udalak euskara zizurtar guztien kultur ondare komuntzat jotzen du eta, gaztelaniarekin batera, udalerriaren berezko hikuntzatzat.

Ondare historiko horrekin batera, bere egiten du ordenantza honetan, biztanleriaren aldeko jarrera euskara sustatu eta normalizatzeari dagokionez, bai Nafarroako Gobernuak bai Zizur Nagusiko Udalak berak gaur arte egindako azterlan sozio-linguistikoek erakusten dutenez.

Borondate hori agerikoa da eskola eremuan, udalerriko biztanle askok euskarazko eredua hautatzen baitute seme-alabendako. Eta azken populazio zentsuak euskaldunen kopurua handituz doala berresten du.

Horrek guztiak, gizarte zati batek euskararen alde duen borondatearen adierazgarri, Zizur Nagusian, urteak iragan ahala, gero eta herritar elebidun gehiago egon daitezkeela esan nahi du, hau da, gero eta euskaldun gehiago. Gizartearen sektore horrek, ziur aski, legez dituen hizkuntz eskubideak erabiliz, gero eta zerbitzu gehiago euskaraz emateko eskatuko dio Udalari, eta Udalak, zerbitzu publikoa denez gero, era egokian eman beharko ditu.

Beraz, Zizur Nagusiko bizilagunek udal zerbitzuak euskaraz izan ditzaten bermatzea da ordenantza honen helburu orokorra.

Udalaren eta herritarren gogo garbi horretaz gain, aipatu behar da Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat jotzeaz gain, helburutzat duela herritarren eskubidea babestea euskaraz ikasteko eta mintzatzeko, eta hura berreskuratu eta garatzea; lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen diela herritarrei eta aukera ematen duela zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta halako lanpostu batzuetan baloratua, lanpostu horien eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Ez da ahaztu behar, bestaldetik, Erregioetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeak 1992ko ekainaren 25ean hitzarmen gisa hartutakoa, hamaika estatu kidek (Espainia barne) urte bereko azaroaren 5ean sinatua. 10. artikuluan, administrazio agintariei eta zerbitzu publikoei buruzko gomendioak aipatzen dira, besteak beste:

"...jendaurrean dauden agenteek erregioetako edo gutxiengoen hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin".

"...erregio hizkuntzetako hiztunek (...) eskaerak ahoz edo idatzita aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (...)".

Aipatu den araudiarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza hone xedea da euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, Udalaren eskumeneko esparru guztietan.

2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak ondoko xede bereziak ditu:

1. Hiritarrei helaraztea euskara osagai garrantzitsua dela integrazioaren zein komunikazioaren aldetik.

2. Herritarrei bermatzea Nafarroako berezko hizkuntzetatik erabili nahi duten horretan izatea harremana.

3. Euskararen erabilera idatziaren gaineko araudia zehaztea.

4. Zehaztea noraino agertuko den euskara Udalaren kanpo irudian.

5. Zehaztea zein lanpostutan aritzeko jakin beharko den euskaraz, ikusita zein administrazio prozedura ohikoenetan izaten ahal den laneko hizkuntza, eta horretarako batzorde bat sortzea.

6. Zehaztea euskara baloratzeko portzentajea, hura jakin behar ez den lanpostuetan, azken horietan euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal den neurrian, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

7. Irizpidea ezartzea kale, auzo eta hiriko bestelako elementuen izendegirako.

8. Euskararen sustapenerako bestelako jarduerak bultzatzea, ordenantzaren xedearekin lotura dutenak.

3. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da Zizur Nagusiko udal mugapean, Zizur Nagusiko Udalean, halakotzat hartuta hura bera zentzu hertsian eta erakundeak, autonomoak izan ala ez, eta zentro mankomunatuak, haren menpe daudenak.

4. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honen IV. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

5. artikulua. Zizur Nagusiko Udalak beste administrazio publikoei, entitateei eta erakundeei igortzen dizkien agiri, jakinarazpen eta komunikazio administratiboak ele bitan idatziko dira.

Ordenantza honi dagokionez ele bitan idatzitako agiria da testua osorik eta euskarri berean bi hizkuntzetan agertzen denean. Horretarako, begiratuko da bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan dezaten, behar bezala ezberdindurik ager daitezen eta testua argi geratzeko moduan banaturik.

6. artikulua. Edozein agiri bidaltzen dioten administrazio publiko, entitate edo erakunde horiei, Zizur Nagusiko Udalak ele bitan idatz dezatela eskatuko die.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

7. artikulua. Herritarrek Zizur Nagusiko Udalarekin euskaraz nahiz gaztelaniaz aritzeko eskubidea dute.

8. artikulua. Idatziz Udalari euskaraz egiten diotenei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna. Horretarako, itzulpen zerbitzua erabiliko da -aurkeztutako idazkiari erantzuteko hizkuntz gaitasuna duen udal langile elebidunik ez dagoenean, betiere-. Zerbitzu horrek herritarrak eskatzen duenaren bertsio ofiziala emanen du, eta Udalak jakinarazi behar dion erabakia edo erantzuna.

Halaber, Udalak zuzentzen zaizkion pertsona fisikoen komunikazioak onartuko ditu, berriemailearen lurraldeko edozein hizkuntza ofizialetan eginikoak, betiere euskarazko edo gaztelaniazko bertsioarekin batera badatoz.

9. artikulua. Administrazioari ahoz euskaraz egiten dionari euskaraz erantzunen zaio, telefonoz zein bertan agertuta.

Herritarren artean euskareran erabilera sustatzeko, behar bezala adieraziko da langileen eta lanpostuen euskara maila, eta hura erabiltzeko pizgarriak ezarriko.

10. artikulua. 8. eta 9. artikuluen ondorioetarako, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile euskaldunak egotea bermatzeko, ordenantza honetako V. kapituluan aipatzen den ildotik.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

11. artikulua. Udalak gaztelania eta euskara erabiliko ditu herritarrentzat, oro har, ari denean.

Hala, ele bitan izanen dira, euskarri tradizionaletan zein teknologia berrien bitartez, ondoko hauek:

a) Bandoak, ediktuak, afixak eta argibideak emateko plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzeko elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak, eta langileen arropa eta uniformeetakoak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

12. artikulua. Ordenantza honen aplikazio eremuan diren seinaleen ardura duten administrazioei Zizur Nagusiko Udalak ele biko formatoa erabiltzeko eskatuko die, a), c), e) eta g) puntuetan aurreikusten diren kasuetan.

13. artikulua. Udalak publizitate eta zabalkunderako elementuak prestatzen dituenean ondoko irizpideak hartuko ditu kontuan:

1. Kartelen elementu guztiak ele bitan egonen dira.

2. Udal jardueren informazio eta propagandako eskuorriak ele bitan egonen dira.

3. Eskuorrien helburua kultura, kirola eta abarreko jardueraren bat iragartzea bada, honela erabiliko dira hizkuntzak:

a) Informazio orokorreko elementuak (tokia, data, ordua ...) bi hizkuntzetan agertuko dira.

b) Delako jarduera hizkuntza baten ahozko erabileran batez ere oinarritzen bada (hitzaldiak, antzerkia, poesia, ikus-entzunezkoak, etab.) hura azaltzeko elementuetan, hala nola esku programetan eta katalogoetan, jarduera zein hizkuntzatan egin, hura erabiltzen ahal da eta laburpen txiki bat egin beste hizkuntzan.

c) Jarduera beste lengoaia batzuen bidez garatzen bada: ikusizkoa, musikala, plastikoa etab., argibideak bi hizkuntzetan emanen dira.

4. Udalaren web orriko testu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira.

5. Udalaren eta haren menpeko erakundeen telefono zerbitzu automatikoa euskaraz eta gaztelaniaz emanen da.

14. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

Udalaren jardueraren gaineko publizitate zein zabalkunderako, idatzizko/ikus-entzunezko komunikabideetan -egunkariak, irratia, telebista, internet- bi hizkuntzak erabiliko dira.

15. artikulua. Argitalpenak.

Zizur Nagusiko Udalaren eta haren menpeko erakundeen argitalpenak ele bitan eginen dira, hau da, euskaraz eta gaztelaniaz.

16. artikulua. Hedabide berekiak: Ardui aldizkaria.

1. Ardui udal aldizkarian, edukiaren %50 euskaraz egonen da.

2. Elebitan, euskaraz zein gaztelaniaz, eta erdi bana izanen dira bai titular finkoak bai ale batetik bestera aldatzen direnak eta erreportajeen goiburu direnak etab.

3. Gaztelaniaz egindako artikuluak, elkarrizketak eta bestelakoak euskaraz laburtuko dira. Leihoa, goiburua edo beste bitarteko egokiren bat baliatuko da; betiere, aise identifikatzeko maneran nabarmenduko da eta gaztelaniazko testuaren %25-30eko hedadura izanen du.

4. Orobat eta baldintza beretan laburtuko dira, gaztelaniaz, euskaraz egindako artikuluak, elkarrizketak eta bestelakoak, euskarazko testuaren %25-30eko hedadura dutela.

5. Iragarkiak paratzen dituztenei aditzera emanen zaie beren iragarkiak ele bitan egiteko aukera dutela, erabat edo hein batean. Horretarako, Udalaren itzulpen zerbitzua eskainiko zaie.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

17. artikulua. Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da zer lanpostutan egon behar diren langile euskaldunak, jendearekin harreman gehiago izateagatik edo administrazio prozedura normalduen katearen barnean duten lekuagatik, ordenantza honen I. eranskinean agertzen den proposamenari jarraituz.

Eranskin horretan aztertuko da zein udal esparrutan dagoen, ahoz nahiz idatziz, harreman gehiago herritarrekin; orobat, administrazio prozedura ohikoenak, aipatu esparru edo prozedurei lotutako lanpostuen euskara mailak, herritarrak zerbitzua euskaraz izanen duela bermatzeko zirkuitu elebidunen azterlana eta jarduketa plan bat, non euskara mailak eskuratzeko bitarteko eta baliabideak finkatuko baitira.

18. artikulua. Zizur Nagusiko Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan, euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendua izanen da euskaraz jakitea.

19. artikulua. Euskara baloratuko da, merezimendua dela ezartzen denean, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Hala, deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira lanpostu bakoitzerako behar diren merezimenduak eta haien artean euskaraz jakitea, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen denean, aipatu eskubide hori bermatzeko asmoarekin.

20. artikulua. V. kapitulu honetan ezarritakoari dagokionez, euskararen ezagutza egiaztatzeko I. eranskinean agertzen diren jakite mailen proposamenari jarraituko zaio.

Nolanahi dela ere, euskara maila egiaztatu behar bada proba baten bidez, proba hori NAPIko akreditazio unitateko teknikariek eginen dute.

21. artikulua. 1. Euskaraz ikasten lagunduko zaie udal langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

2. Udalak hizkuntz prestakuntzarako planak antolatuko ditu, helburu horiek lortzearren. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

3. Udal langileak hizkuntz prestakuntzako plan horietan sartuta badaude edo, Udalean sartzeko nahiz haien lan bizitzako edozein fasetan, dakiten euskara baloratu bazaie, haien ezagutza erabiltzeko eskatzen ahalko zaie Zizur Nagusiko udal administrazioan egiten duten lanean.

VI. KAPITULUA

Kontratazioak

22. artikulua. Zizur Nagusiko Udalak zerbitzu publikoen kontratazioak egiten dituenean, zeharka, irizpideak ezarriko dira zerbitzu horien erabiltzaileen eskubidea, Nafarroako bi hizkuntza berezkoak erabiltzekoa, bermatze aldera, ordenantza honetan aurreikusitako eran.

VII. KAPITULUA

Euskararen sustapena

23. artikulua. Zizur Nagusiko Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, urteko programak prestatuko ditu euskarari buruzko gaien gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

24. artikulua. Zizur Nagusiko Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan hartuko du parte eta, beste udal entitate batzuekin koordinatuz, D ereduko eskolatze kanpainan, helduen irakaskuntzako matrikulazio kanpainan, euskara familian irakasteko kanpainan, euskara Udalean erabiltzeko kanpainan eta euskarazko aldizkarietan edo hura sustatzekoetan, eta udako kanpaldietan eta halaber sor daitezkeen gainerako ekimenetan.

25. artikulua. Zizur Nagusiko Udaleko Haur Eskolan, kontuan hartuko dira euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak, eta gurasoek edo tutoreek ziurtatuta dute seme-alabendako hizkuntz eredua hautatzeko eskubidea. Modu berean jokatuko da irakaskuntza publikoan.

Tartalo udal ludotekan eta gaztetxean jarduera eta jarduketa elebidunak bultzatuko dira, udal ordenantza honetan ezarritakoaren ildotik.

Zizur Nagusiko Udalak euskaldunek euskaraz irakur dezaten sustapena eginen du liburutegi publikoan.

26. artikulua. Udalaren Kultur patronatuak diru kopuru bat ezarriko du urteko aurrekontuetan euskarazko ikastaroetan parte hartu nahi duten herritar helduentzat. Horretarako deialdia urtero argitaratuko da eta udalerriko postontzietan banatuko da.

27. artikulua. Udal patronatuek 3-18 urteko herritarrentzat eskaintzen dituzten jardueretan era egokian erantzunen zaio euskaldungoaren eskariari eta proportzioa gordeko da euskaraz eskolaturiko biztanlegoarekin. Halaber, euskarazko kultur eta kirol jarduerak eskainiko zaizkie helduei, euskaldunen zentsuaren datuetan oinarrituta.

28. artikulua. Ordenantza honek ezarritako helburuak betetzeko, kultur jarduerak eta euskara sustatzekoak bultzatuko dira, eta dirulaguntza izanen dute Zizur Nagusiko elkarte eta taldeen ekimenaz eragiten direnek.

29. artikulua. Zizur Nagusiko bezeroendako jarduketak (jakinarazpenak, fakturak, ordainagiriak, inprimakiak, informazio eta seinalizazioko errotuluak...) ele bitan izatea eskatuko die Zizur Nagusiko Udalak berarekin lan egiten duten edo bera sartuta dagoen zerbitzuetako enpresa publiko eta pribatuei.

30. artikulua. Teknologia berriekin loturiko programek eta udal bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok, ahal den neurrian, euskaraz eta gaztelaniaz funtziona dezaten egokituta egon behar dute.

31. artikulua. Euskaldunak.

1. Zizur Nagusiko Udalak, aldian behin, azterlana eginen du biztanle euskaldunen portzentajea jakiteko, udalerriaren egoera soziolinguistikoa hobeki ezagutu eta horiendako kanpaina berariazkoak hobeki egin beharrez. Orobat, borondatezko izen emateen bidez, Zizur Nagusiko euskaldunen zentsua eginen du, berme guztiekin egin ahal izateko kanpaina berariazkoak.

2. Abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 20.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, euskaldunen zentsuak ezaugarri hauek izanen ditu:

a) Aurreikusitako xede eta erabilerak: Udal esparruan lanabesa eskura izatea euskara sustatzeko, hizkuntz programa berariazkoak, kanpainak, ikastaroak, jarduerak eta bestalekoak erabiliz.

b) Ukitutako norbanakoak eta taldeak: Zizur Nagusiko hiritarrak.

c) Datuak biltzeko prozedura: datuak interesdunak emanen ditu, edo haren legezko ordezkariak, inprimaki bat betez.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan sartuko diren datu pertsonalak:

1. Identifikazio datuak:

-Izen-deiturak.

-Helbidea.

-Telefonoa.

-Helbide elektronikoa.

2. Ezaugarri pertsonalen gaineko datuak:

-Jaiotze eguna eta tokia.

-Sexua.

3. Ikasketen eta lanbideen gaineko datuak:

-Prestakuntza.

e) Datu pertsonalen lagapena: fitxategiko datuak ez zaizkio inori ez inolako entitateri lagako edo jakinaraziko, interesduna ez bada, eta ez da haiekin nazioarteko transferentziarik eginen.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa: Zizur Nagusiko Udala.

g) Zer unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Zizur Nagusiko Udala: Erreniega parkea, z.g., 31180 (Nafarroa). Telefonoa: 948 182 500. Faxa: 948 182 505. Helbide elektronikoa: ayuntamiento@zizurmayor.es

h) Segurtasun neurriak: Zizur Nagusiko Udalaren segurtasun agirian oinarrizko mailako datuetarako ezarritako neurriak hartuko dira.

VIII. KAPITULUA

Toponimia

32. artikulua. Herriko toponimo xehe ofizialak finkatzea Udalbatzari dagokio eta erabili ahalko ditu izena emateko kale, plaza, eraikin eta hiriko gainerako elementuei, eta era guztietako entitateei. Normalizatzeko oinarrizko irizpidetako hartuko da Nafarroako Gobernuak euskal toponimoendako ezarritako printzipioa: hau da, euskaraz erabilitakoak, edozein izanik haien jatorria, euskal grafian idatziko dira, eta erromantzekoak, edo euskal toponimoak ez diren bestelakoak, gaztelaniaren grafian. Betiere, Euskaltzaindia, gaian eskumen gorena baitu, izanen da Udalaren organo aholku-emailea.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-V. kapituluan, 17. artikuluan, aipatzen den azterlana egiteko epea 2008ko lehen seihilekoa izanen da.

Behin azterlana eginda, 2008ko bigarren seihilekoa izanen da lanpostuak berrantolatzeko epea, egun Zizur Nagusiko Udalak dituen baliabideekin, eta langileak euskalduntzeko plana prestatzeko, horiek ez badaukate betetzen duten lanposturako behar den euskara maila.

Bigarrena.-Zizur Nagusiko Udalak, 2009ko plantilla organikoa prestatzen duenean bertan ezarriko du zein lanpostutan den beharrezkoa euskaraz jakitea.

Hirugarrena.-Halaber, plantilla organikoan zehaztuko da halako lanpostu batzuetan behar den euskara maila, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Laugarrena.-Ordenantza hau onesten denean haren gaineko azalpena emateko materiala argitaratuko da, ordenantzak ezartzen duen formatoan, eta postontzietan banatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren.

Bigarrena.-Zizur Nagusiko Udaleko Kultur Patronatuak gaitasuna izanen du segimendu egiteko ordenantza hau betetzen ote den, baita edozein gairen gainean proposamenak egiteko hori bermatu beharrez.

Horretarako, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, Euskara Zerbitzuak informazio txostena eginen du, ordenantzaren betetze mailari buruzkoa, eta kasua bada egoki ikusten dituen neurriak proposatuko ditu, bilatzen diren helburuak zuzen gauzatzeko.

Iragarkiaren kodea: L0807225