69. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZANGOZA

Zangozako oinezkoen eremuetan ibilgailuen sarbide murriztua arautzen duen ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena

Zangozako Udalak, 2008ko otsailaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zangozako oinezkoen eremuetan ibilgailuen sarbide murriztua arautzen duen ordenantzako aldaketa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatzen denari jarraituz tramitatu zen espedientea, lege hori aldatzen duen 15/2002 Foru Legean onetsi zen testu berriak dioenaren arabera; kontuan hartuz jendaurreko epean ez dela inolako erreklamaziorik aurkeztu, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz, osorik argitaratzen da ordenantza horren testua, hamabost egun baliodun geroago indarra hartuko duena.

Zangozan, 2008ko maiatzaren 9an.-Alkatea, Eskisabel Suescun Hualde.

ZANGOZAKO OINEZKOEN EREMUETAN IBILGAILUEN SARBIDE MURRIZTUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAKO ALDAKETA

Aldatu diren artikuluak: 8. artikula, 9. artikulua, 10. artikulua, 11. artikulua.

Hona artikulu horien testu berri osoa:

8. artikulua. Txartel sistemaren bidez kontrolatutako baliabide mekanikoak erabiltzen dituzten sarbideetan, zilegi da oinezkoen bide edo aldeetan sartzea:

a) Oinezkoen kaleko edo eremuko bizilagunen ibilgailuak.

b) Bestelako ibilgailuak:

-Edozein ibilgailu, zamalanetarako orduetan. Ordu horietan ibiltzen ahal da bide horretan, baina 20 km/h baino mantsoago eta aparkatu gabe.

-3.500 kg bitarteko ibilgailuak. 22:00etatik 07:00ak arte, igandetik ostegunera, urriaren 1etik maiatzaren 31 bitarte.

c) Zerbitzuetako enpresen merkataritzako ibilgailuak, zamalanetan ari badira, horretarako ezarritako ordu eta tokietan.

d) Merkataritzako edo industriako jardueren titularrak, lokalak oinezkoen kalean edo eremuan badituzte. JEZen izen emanda egon beharko dute. JEZen izen emanda dauden bizilagunek bi txartel izanen dituzte: bata, bizilagun izateagatik, eta bestea, JEZen izen emanda izateagatik.

e) Anbulantziak, zerbitzuan ari direnean.

f) Ehorztetxeak, zerbitzuan ari direnean.

g) Suhiltzaileak, larrialdietako osasun langileak, Gurutze Gorrikoak eta DYAkoak, poliziak, kale garbiketako enpresa, hiri hondakinen bilketako enpresa, zerbitzuan ari direnean.

h) Gremioak:

-Iturgintzako enpresak, larrialdietako matxurak konpontzeko; betiere, izen emanda egon beharko dute JEZen.

-Etxegileak, oinezkoen kale edo eremuetako eraikinetan obrak egiteko behar duten denboran.

-Beste gremio batzuk, oinezkoen kale edo eremuetako eraikinetan obrak egiteko behar duten denboran.

i) Baimena duten beste ibilgailu batzuk.

Txartela eskuratzeko, aldez aurretik tasa ordaindu beharko da, nahitaez.

Etxebizitzaz aldatu edo beste edozein baldintza aldatuz gero, auzoko izateari utziko zaio eta txartela itzuli egin beharko da, baita hura eskuratzeko arrazoi izandako obra edo zerbitzuak bukatzean ere.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

9. artikulua. Sarbide mekanikoaren bidez arautua dagoen bide edo eremu bateko bizilaguna izanik, baldintza hauek bete beharko dira txartela eskuratzeko:

-Pertsona fisikoa izatea eta oinezkoen eremuaren barreneko etxebizitza batean erroldatua, eta hura bere ohiko eta benetako bizitokia izatea. Eskatzailearena ez den ibilgailu batentzat txartela eskatuz gero, frogak erakutsi beharko dira.

-Zangozako Udalari bizilagun-txartela eskatu eta hura eskuratzea, eredu ofizialaren araberako eskabidearekin batean agiri hauek aurkeztuta:

-Nortasun agiri nazionalaren kopia egiaztatua, eskatzailearen gidabaimenarena eta ibilgailuaren zirkulazio baimenarena.

-Autoaren aseguru polizaren kopia egiaztatua eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren adostasun txostenarena, hura eduki behar bada.

-Txartelaren kostua ordaindu izanaren frogagiria. Zenbateko hori tasa bezala finkatuko da ordenantza fiskal batean.

-Bizilagun-txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea. Udal zerbitzuek beharrezkotzat jotzen dituzten ikerketak eginen dituzte inguruabar horiek betetzen direla frogatzeko.

-Lagun bakoitzeko ez da, inola ere, txartel bat baino gehiago emanen, haren izenean nahi adina auto egonik ere.

10. artikulua. Zamalanetan ari diren merkataritzako ibilgailuen sarbidea:

a) Zamalanak horretarako guneetan eginen dira, arauzko seinalizazio bertikalaren nahiz horizontalaren bidez ezarritako ordutegian.

-Urriaren 1etik maiatzaren 31 arte:

.Astelehenetik ostiralera: 07:00etatik 12:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte.

.Larunbatetan: 07:00etatik 12:00ak arte.

.Igandeetan: ez dago zamalanik.

-Ekainaren 1etik irailaren 30 arte:

.Astelehenetik ostiralera: 07:00etatik 11:00ak arte eta 16:00etatik 19:00ak arte.

.Larunbatetan: 07:00etatik 12:00ak arte.

.Igandeetan: ez dago zamalanik.

Kasu guztietan, kalea ibilgailurik gabe geldituko da zamalanetako orduak bukatu eta 15 minutu ondoren.

b) Zamalanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino gehiago, eta inoiz ez 30 minututik gora.

11. artikulua. Bizilagunen sarrera.

1. Txartela eskuratu ondoren, gau eta egun sartzen ahal dira etxe atariraino, baina arrazoiak emanda (tamaina edo pisu handiko zamalanak egiteko, larrialdi medikoa dela eta, edo mugitzeko arazoengatik).

2. Zamalanetakoak beren lana egiteko adinako denbora baino ez dira egonen oinezkoen eremuan.

Iragarkiaren kodea: L0807227