69. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OSAKAR

Osakarko bide eta aparkaleku publikoen erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Osakarko Kontzejuaren Batzarrak, 2007ko abenduaren 19an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Osakarko Kontzejuaren bide eta aparkaleku publikoen erabilera arautzen duen ordenantza (2008ko 8. : bon.ean argitaratua, urtarrilaren 18an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Osakarren, 2008ko maiatzaren 5ean.-Kontzejuko burua, Carlos Arizaleta Orrio.

OSAKARKO BIDE ETA APARKALEKU PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39.1 artikuluko a) eta b) idatz-zatiekin bat, Osakarko Kontzejuak badu eskumena bere interesekoak baino ez diren erabilera eta zerbitzu publikoetako ondasunen erabilera eta kontserbazioa arautzeko, kaleak eta aparkalekuak barne.

Osakarko Kontzejuaren Batzarrak eman du ordenantza hau, harena baita eskumena Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 41.1.b) artikuluaren arabera.

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek Osakarko Kontzejuaren bide eta aparkaleku publikoen erabilera eta aprobetxamendua arautzea du xede.

2. artikulua. Ordenantza hau Kontzejuko bide eta aparkaleku publikoetan bakarrik aplikatuko da, beste inon ez.

3. artikulua. Debekaturik dago suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

4. artikulua. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo beste zerbait dela eta, erabiltzaile guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte gainerakoentzat istripurik eta eragozpenik gerta ez dadin.

5. artikulua. Zehapena ezarriko zaio eremu publikoan ibilgailua garbitzen duenari.

II. KAPITULUA

Osakarko Kontzejuko bide eta aparkaleku publikoak erabiltzeko arau orokorrak

6. artikulua. Bide publikoak eta aparkalekuak mugatuak dira, eta haietan elkarrekin ibili behar dute oinezkoek, bizikletariek eta ibilgailu motordunek; betiere, egungo araudian ezarritako zirkulazio arauak betez.

7. artikulua. Ziklomotorren, bizikleten, gurpil-oholen eta gidarien energiaz mugitutako gainerako ibilgailuen kasuan, zirkulazioaren arau orokorrak bete beharko dira.

8. artikulua. Oinezkoak espaloian barna ibiliko dira; halakorik ez bada, galtzada ahalik eta gutxiena hartzen dutela.

9. artikulua. Debekaturik dago bizikletak gauez ibiltzea, aitzineko argia eta gibeleko islatzailea, gutxienez, ez badaramatzate.

III. KAPITULUA

Merkataritzako gai arriskutsuak eta garraioetako ibilgailu handiak

10. artikulua. Merkataritzako Gai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, Erregelamendu horren 1 edo 2-A arrisku etiketak eraman behar dituztenek, debeku dute Osakarko Kontzejuaren bide publikoetan barna ibiltzea.

11. artikulua. Guztiz debekatua dago aurreko artikuluan aipatu ibilgailuak Osakarko Kontzejuaren bide publikoetan eta aparkalekuetan gelditzea.

IV. KAPITULUA

Nekazaritzako makineria, autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak aparkatzea

12. artikulua. Nekazaritzako edozein makineriak, 21 bidaiaritik gorako autobusek, atoiek, karabanek eta 5000 kg-tik gorako B.G.O. duten ibilgailuek debekatua dute Osakarko bide publikoetan eta aparkalekuetan gelditzea.

13. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, Kontzejuak horrelako ibilgailuak bakarrik aparkatzeko aldeak ezartzen ahal ditu; hala bada, Kontzejuko buruaren baimen berezia beharko dute aldez aurretik.

Orobat, zenbait inguruabar direla eta, nekazaritzako makineria aldi batez bide eta aparkaleku publikoetan izatea komeni bada, Kontzejuko buruak baimen orokorra emanen du herrigunean aparka dezaten.

14. artikulua. 1. Interesdunak idatzita eta 24 ordu lehenagotik gutxienez eskatuko du 13. artikuluko lehen lerroaldean aipatu baimen berezia, ordenantza honen I. eranskineko ereduaren arabera beteta.

Kontzejuko buruak, eskaera ikusita, gehienez ere 8 orduko epean hartuko du erabakia arrazoien gainean.

2. 13. artikuluko bigarren lerroaldean aipatu baimen orokorra salbuespen gisa ematen ahal da, laborantzako inguruabarrengatik egokia bada.

Baimen horrekin nekazaritzako makineria guztia herrigunean aparkatzen ahalko da, baina ebazpenean zehaztuko den aldirako baino ez.

Baimen orokorra Kontzejuaren iragarki oholean argitaratu beharko da.

Baimen orokorraren indarraldian, bide publikoetan barnako joan-etorria galarazi gabe aparkatuko dute nekazaritzako makineriako gidariek.

15. artikulua. Eremu publikoan edozein gauza jartzeko, Udalaren baimena beharko da. Horrelakorik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesdunaren kargura; halaber, baimena izanik ere, bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartu ez badira.

V. KAPITULUA

Gelditu eta aparkatzea

16. artikulua. Jendea hartu edo uzteko, edo zamalanetarako, ibilgailua 2 minutu baino gutxiago ibilge uzteari esaten zaio gelditzea.

Aparkatzea, berriz, geldituta ez dagoen ibilgailua mugitu gabe edukitzea da.

17. artikulua. Geldialdian, gidariak ibilgailua hurbil izan beharko du, esaten zaionean edo inguruabarrek behartzen dutenean, berehala bertatik kentzeko.

18. artikulua. Erabat debekaturik dago gelditzea:

a) Eraikinetako sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.

b) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

c) Zirkulazioa oztopatzen den gainerako toki guztietan, denbora txikienerako bada ere.

19. artikulua. Ibilgailuak ilaran aparkatu ahal izanen dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo semibaterian, zeharka.

Ibilgailuak zintarritik ahal den hurbilen aparkatuko dira, galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko adina tartea utzita.

Bide publikoetan ezin izanen dira aparkatu ibilgailu motordunetik bereizitako atoiak.

20. artikulua. Erabat debekaturik dago aparkatzea:

a) Seinaleek debekatzen duten tokietan.

b) Gelditzea debekatua dagoen tokietan.

c) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

d) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

e) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz gero.

f) Galtzadaren erdian.

g) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoen alderdietan eta lorategietan.

VI. KAPITULUA

Ibilgailuak ibilgetu eta eremu publikotik kentzea

21. artikulua. Osakarko Kontzejuaren agintariek, Foruzaingoak edo udal agintariek lagunduta, ibilgailuak bidean ibilgetu eta bertatik kendu ahalko dituzte altxatokira eramateko, kasu hauetan:

a) Ordenantza honen 12. artikuluan aipatu ibilgailuetako bat aparkatuta dagoenean 13 eta 14. artikuluetan aipatu baimenik gabe.

b) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa narriatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori bide publikoan abandonatua dagoela uste denean.

c) Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 67.1 artikuluaren hirugarren lerroaldean xedatutakoari jarraikiz, ibilgailua ibilgetu ondotik, arau-hausleak isunaren zenbatekoa ordaindu nahi ez duenean edo hura ordaintzeko bermerik eman nahi ez duenean.

d) Ibilgailua lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako bide-zatietan aparkatuta dagoenean.

22. artikulua. Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek; betiere, kontzeptuari dagokion tasa ordaindu ondoren.

VII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

23. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako arauetatik edozein ez betetzeari esaten zaio arau-haustea.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

24. artikulua. Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Ziklomotor, bizikleta, gurpil-ohol eta antzeko ibilgailuek zirkulatzea 9. artikuluan adierazitako neurriak betetzen ez dituztela.

b) Ibilgailuak bide publikoan garbitzea.

25. artikulua. Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Debekaturik dago suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

b) Bide publikoan gauzak jartzea, aginduzko baimenik gabe.

c) Aparkatzean, 19. artikuluan adierazitako arauak ez betetzea.

26. artikulua. Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Gelditzeko eta aparkatzeko debekuak, 18 eta 20. artikuluetan adierazitakoak, ez betetzea.

b) 21 bidaiari baino gehiagoko autobusak, atoiak, karabanak eta 5.000 kg-tik gorako B.G.P. duten ibilgailuak Osakarko bide publiko eta aparkaleku guztietan aparkatzea, 13. artikuluko lehen lerroaldean araututako baimen bereiziak izan gabe.

c) Nekazaritzako edozein makineria aparkatzea edo biltegian gordetzea, 13 eta 14. artikuluetan araututako baimen berezia edo orokorra izan gabe.

27. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste arinek 75 euroko isuna izanen dute zehapen.

2. Arau-hauste larriek 150 euroko isuna izanen dute zehapen.

3. Arau-hauste oso larriek 300 euroko isuna izanen dute zehapen.

28. artikulua. Aurreikusitako zehapenetatik aparte dira ibilgailuak, salgaiak eta gauzak bide publikoan ibilgetu eta bertatik kentzeko eragindako gastuak; horiek jabeari egotziko dizkio Kontzejuak eta ordaintzera behartuko du.

VIII. KAPITULUA

Zehapen prozedura

29. artikulua. Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko prozeduraren Erregelamenduan, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan onetsitakoan, ezarritako prozedurari jarraituko zaio ordenantza honetan araututako arloan.

30. artikulua. Kontzejuko buruak izendatzen duenak instruituko ditu ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren espedienteak. Instrukzioa amaituta, Osakarko Kontzejuko buruak emanen du bidezkoa den ebazpena.

31. artikulua. Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena izanen da. Interesdunak beste helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Baimen berezia eskatzeko eredua

Izen-deiturak: .............................................; nortasun agiri nazionalaren zenbakia: ..............; helbidea (osoa): ......................; telefonoa: ..............................

Honako hau azaltzen dut:

1. Sinatzailea ondoko ibilgailuen jabea dela:

(1) Nekazaritzako traktorea, atoia, lanabes mota, autobusa... den adierazi.

(2) Ibilgailuaren marka adierazi.

(3) Merkataritzako modeloa esan nahi du.

(4) Matrikularik ez badu, "ez duela" adierazi.

(5) Ibilgailua identifikatzeko ohar guztiak adierazi.

2. Aipatu ibilgailuek baimen berezia behar dutela Osakarko Kontzejuak prestatu tokietan aparkatzeko.

3. Aipatu ibilgailuak aparkatu nahi ditudala ondoko egun eta tokietan:

Tokia: Kontzejuak prestatu dituenetako bat adierazi.

Data: zein egunetan aparkatu gogo den adierazi, eta zenbat denboraz.

Horrenbestez,

Eskatzen dut:

Baimen berezia emateko, lehen azalpen zatian aipatu ibilgailuak adierazitako toki eta egunetan aparkatzeko; hori guztia, Osakarko Kontzejuaren bide eta aparkaleku publikoen erabilera arautzen duen ordenantzan xedatutakoari jarraituz.

Osakarren, 200...(e)ko ..........aren .......(e)an.

Interesdunaren sinadura

OSAKARKO KONTZEJUKO BURUARI.

Iragarkiaren kodea: L0807592