69. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CABANILLAS

Ordenantza, Cabanillasko eremu publikoa okupatzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

2008ko martxoaren 13an egin osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zen Cabanillasko eremu publikoa okupatzeko tasak arautzen dituen ordenantza orokorra.

Hura 2008ko 46.

Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 11n.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko Foru Legearen 325.1 c) artikuluaren 2. paragrafoak honela dio: "hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatuko da, baldin eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez badu. Halakoetan, ondorio juridikoak sortzeko, gertaera eta behin betiko testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira". INork ez du alegaziorik aurkeztu.

Cabanillasko Udaleko alkate udalburu Ana María Rodríguez Enerizek 205/2008 ebazpena eman du, maiatzaren 19koa, eta horren bitartez behin betikoz onetsi da Cabanillasko eremu publikoa okupatzeko tasak arautzen dituen ordenantza orokorra, hori guztia haren aurka erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez delako.

CABANILLASKO EREMU PUBLIKOA OKUPATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek eremu publikoa okupatzeko jarduera arautzen du Cabanillasko udal mugapeari dagokionez.

2. artikulua. Toki entitateek, Foru Lege honek aurreikusten duen bideetatik, tasak ezartzen ahalko dituzte jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik, baita zerbitzu publikoak emateagatik edo beren eskumeneko jarduerak egiteagatik.

3. artikulua. Honako hau da tasen zergapeko egintza:

a) Jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia.

b) Zerbitzu publiko bat ematea edo administrazio jarduera bat egitea, toki erakundearen eskumeneko zuzenbide publikoaren araubidean, subjektu pasiboaren gainekoa bada eta berari eragin edo bereziki onura ekartzen badio, inguruabar hauetariko edozein gertatzen denean:

a) Ez izatea administratuek beren borondatez eskatuak edo hartuak. Hartarako, honako eskaerak ez dira hartuko administratuek beren borondatez eskatu edo hartutzat:

-Lege edo erregelamendu mailako xedapenek behartuta direnean.

-Eskatzen diren ondasun edo jarduerak ezinbertzekoak direnean eskatzailearen bizitza pribatu nahiz sozialerako.

b) Sektore pribatuak emanak ez izatea, indarra duen araudiaren arabera sektore publikoaren aldeko erreserba ezarririk egon ala ez.

4. artikulua. Administrazio jarduerak edo zerbitzuak subjektu pasiboari eragiten diola ulertuko da hark zuzenean edo zeharka sustatua bada, haren egintzen edo omisioengatik toki entitateak behartuak badaude hainbat jarduera ofizioz egitera edo zerbitzuak ematera, dela segurtasuna, dela osasungarritasuna, dela jendearendako hornidura, dela hirigintza arloko zerbait edo bertzelako edozein.

5. artikulua. 1. Tasen subjektu pasiboak dira, zergadun diren partez, pertsona fisiko edo juridikoak eta, nortasun juridikorik izan gabe ere, unitate ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateak:

a) Baldin eta tokiko jabari publikoa bereziki beren mesede erabili edo aprobetxatzen badute, Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100.4 artikuluak aurreikusten dituen kasuetako baten arabera.

b) Baldin eta toki entitateek egiten dituzten zerbitzu edo jarduera horien eskatzaile edo onuradun badira edo haien eragina hartzen badute, Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100.5 artikuluak aurreikusten dituen kasuetako baten arabera.

2. Zergadunaren ordekotzat hartuko dira:

a) Etxebizitza edo lokaletako bizilagunek hartzen dituzten edo eragiten dieten zerbitzuen aldera jarritako tasen kasuan, etxebizitza edo lokal horien jabeak; horiek zilegi izanen dute tasak, hala tokatzen bada, kasuko onura hartzaileei egoztea.

b) Lurzoru eta hiri antolamenduaren gaineko araudian aurreikusten diren hirigintza lizentziak emateko tasetan, obren eraikile eta kontratistak.

c) Suteak galarazi eta itzaltzeko zerbitzuengatik, erortzak galarazteko, eraikitzeko eta eraisteko zerbitzuengatik, salbamenduengatik eta, oro har, pertsona eta ondasunak babesteagatik jarritako tasetan, zerbitzuaren mantentzea ere barne, arriskua aseguratzen duten entitate edo sozietateak.

d) Ibilgailuak edo gurdiak espaloietan barrena sartzeko erabilera eta aprobetxamendu bereziengatik kobratzen diren tasetan, eta bai ere pasabide horiek egin, mantendu, aldatu edo kentzeagatikakoetan, ibilgailu pasabide horiek sarbide ematen dieten finka eta egoitzen jabeak; jabe horiek zilegi izanen dute, hala tokatzen bada, tasa horiek kasuko onura hartzaileei egoztea.

6. artikulua. 1. Tokiko jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik aurreikusten diren tasen zenbatekoa finkatzeko, erabilera edo aprobetxamendu horretatik heldu den baliagarritasunak merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da aintzat, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez badira.

Hartarako, ordenantza fiskalak zilegi izanen du baliagarritasun horren merkatu balioa definitzeko irizpide eta parametroak adieraztea, kasuan kasuko erabilera esklusibo edo aprobetxamendu berezia zer klasetakoa den ikusita.

Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegaldura eta zorupean egiten dituzten aprobetxamendu bereziek herritar guztiak edo hauetako kopuru handi bat ukitzen dituztenean, enpresa horiek udal mugape bakoitzean urteoro erdiesten duten fakturaziotik heldu diren dirusarrera gordinen %1,5 izanen da aprobetxamendu horien zenbatekoa.

Tasa horiek bateragarriak dira toki entitateen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik finkatzen ahal diren bertze batzuekin, baldin eta Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 104. artikuluaren arabera enpresa horiek izan behar badute haien subjektu pasiboak.

2. Oro har, eta ondoko paragrafoan aurreikusten denarekin bat, zerbitzu bat edo jarduera bat egiteagatik kobratzen diren tasak ez dira izanen, osotara, kasuko zerbitzu edo jardueraren kostu benetakoa edo ustezkoa baino gehiagokoak, edo, bertzenaz, hartutako prestazioaren balioa baino gehiagokoak.

Zenbateko hori finkatzeko, aintzat hartuko dira zuzen eta zeharbideko kostuak, kostu finantzarioak ere barne, ibilgetua amortizatzekoak eta, hala tokatzen bada, tasa sortzen duen zerbitzu edo jardueraren mantentzea eta garapen arrazoizkoa bermatzeko kostuak, zein ere den tasa pagatzen duen erakunde edo aurrekontua. Kasuko zerbitzu edo jardueraren mantentzea edo garapen arrazoizkoa kalkulatzeko, organo eskudunak onetsi dituen aurrekontu eta proiektua hartuko dira aintzat.

3. Erabilpen pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbertze emanen dio ordainetan entitateari.

Toki Entitateek ezin izanen dute atal honek aipatzen dituen kalteordainak eta itzulketak barkatu, ez osorik ez partez.

7. artikulua. Tokiko jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasak ezartzeko erabakiak edo zerbitzu berriak osorik edo partez finantzatzeko erabakiak, txosten tekniko-ekonomikoak oinarri direla hartu beharko dira; horietan agerian jarriko da merkatuko balioa edo aurreikus dakiekeen estaldura, hurrenez hurren.

8. artikulua. Tasak, zergapeko egintza nolakoa duten eta ordenantza fiskalak finkatzen duenaren arabera sorraraziko dira :

Tasak:

Eremu publikoaren okupazioa (m²/astea) 1,77 euro.

Karrikan trafikoa mozten badu (astean) 50 euro.

Kioskoak: 128,30 euro.

Salmenta automatikorako makinak: 117,30 euro.

Kutxazain automatikoak: 117,30 euro.

9. artikulua. Kudeaketa.

Kudeaketari, likidazioari, dirubilketari, ikuskailetzari, arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan jarraituko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketaren Erregelamenduan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Tasaren autolikidazio zuzenetik heldu den tributu zorra ordenantza honetan ezarritako epeen barnean ez ordaintzea tributu arloko arau-haustea izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 94.2 artikuluan tipifikatua.

2. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean aurreikusiari jarraikiz tipifikatu eta zehatuko dira tasa hau kudeatu, ikuskatu eta biltzeko prozeduretan egiten ahal diren tributu arloko gainerako arau-hausteak

3. Aplikatzen ahal den araudia urratzeak zehapen espediente administratiboa abiatzea ekarriko du, ezarritako legezko prozedurari jarraikiz.

LEHENBIZIKO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan aldaketarik egiten ez den bitartean, aplikatzekoak izanen dira hurrengo urteetarako ezarritako parametroak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.

Ordenantza fiskal honetako agindu batzuek, arrazoi sistematikoak direla medio, indarra duen legeriaren alderdiak edo horiek garatzeko arauak errepikatzen dituzte, eta gero etorriko diren bertze agindu batzuek ordenantza honen aginduen aipua eginen dute eta haietara joko. Beraz, lege edo erregelamendu horiek aldatzen diren puntuan, bertzerik gabe aldatutzat eta/edo ordezkatutzat joko dira horiek guztiak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, aplikatzen ahal den foru araudia aplikatuko da.

Cabanillasen, 2008ko maiatzaren 19an.-Alkatea, Ana María Rodríguez Enériz.

Iragarkiaren kodea: L0807845