69. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

889/2008 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Esteribarko (Zubiri) udal mugapeko karbonato magnesikoa, magnesita sinterizatua eta kiskalia, masa erregogorrak eta beste produktu batzuk produzitu eta merkaturatzeko instalaziorako. Instalazioaren titularra Magnesitas Navarras, S.A. enpresa da.

2006ko azaroaren 15ean, Magnesitas Navarras, S.A. enpresak Ingurumen baimen integratua eskatu zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Esteribarren (Zubiri) duen instalazio industrialerako.

Instalazio hori, jadanik badena, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2.B. eranskineko 3.1 epigrafean jasota dago, "Zementua edo clinkerra biraketa labeetan fabrikatzeko instalazioak, egunean 50 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak edo 50 tonatik gorako ekoizpen ahalmena duten bestelako labeetan " izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Baimen honen barnean dago isurketak Arga ibaira egiteko baimena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat; horri begira, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da. Txostena Ebroko Ur Konfederazioak eman zuen.

Ebazpen honen V. eranskinean, orain arte egin den tramitazio administratiboaren laburpena ageri da. VI. eranskinak, berriz, jendaurrean egoteko aldian aurkeztutako alegazioak eta bakoitzari eman zaion erantzuna biltzen ditu.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu dudan ahalmena erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Esteribarko (Zubiri) udal mugapeko karbonato magnesikoa, magnesita sinterizatua eta kiskalia, masa erregogorrak eta beste produktu batzuk produzitu eta merkaturatzeko instalaziorako. Instalazioaren titularra Magnesitas Navarras, S.A. enpresa da.

2. Jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 0942/06 (AAI) espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz garatu beharko da, betiere ebazpen honen II., III., IV. eta V. eranskinetako neurriak betez.

3. Ingurumen baimen integratuak zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

4. Ingurumen arloko baimen honek bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da beti ere isurketek aldian-aldian indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi honen zehar legeriak isurketa baimenetarako epe handiagoa ezarriko balu, ez luke eragozpen teknikorik izanen hasierako epea arauak aurreikusten duen gehienezko eperaino zabaltzeko. Guzti hau legeek aurreikusitako kasuetan Ebroko Ur Konfederazioak Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko eskatzen ahalko dio organo autonomikoa (uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 26. artikulua eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarririko baldintzak behin eta berriro bete ezik, isurtzeko baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarririko prozedurarekin bat.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

6. Hondakin arriskugarrien sortzaileen erregistroan duen inskripzioa bere horretan uzten da, P/60/NA/2005 zenbakia hain zuzen, Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A274 (1) da, Metalikoak ez diren mineralen beste produktu batzuen industriak 249, Hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen diren hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira.

7. Hondakin arriskugarrien garraiolarien erregistroko inskripzioa mantendu egiten da, T/69/NA/2003 zenbakiarekin. Garraiatzen ahal diren hondakinak Ingurumen baimen integratu honen IV. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen garraioan egiten ahal diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu IV. eranskin horretan sartzeko.

8. Hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko azterlana onestea. Titularrak aurkeztu du, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

9. Ontzien hondakinen prebentziorako enpresen plana onetsi da. Ontziei eta ontzi hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen 7. xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, ontziratzaileek plan hori egin eta autonomia erkidegora igorri beharko dute hiru urtetik behin, baldin eta apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretuan zehaztutako ontzi hondakin kopurua sortu dezaketen produktu ontziratuak edo industria edo merkataritza ontziak merkaturatzen badituzte. Ontzi hondakin horien ekoizpena eta kaltegarritasuna ahal den txikiena izan eta jatorrian aurrea hartzeko neurriak aurreikusirik daude titularrak arkeztu duen dokumentazioan, hobekuntza teknikoen barruan.

10. 2008ko irailaren 15a baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

11. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan espresuki haiei buruzko aipamena badago.

12. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

13. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-erre- kurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

14. Foru agindu hau jakinaraztea Magnesitas Navarras, S.A. enpresari, Esteribarko Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 30ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0807391