69. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1558/2008 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Haren bidez, pertsona ezgaituentzat lan-merkatu arruntean enplegu lagundua lortzeko diru-laguntzen deialdia onetsi da eta deialdia arautzeko oinarriak ezarri dira.

Uztailaren 2ko 870/2007 Errege Dekretuak enplegu lagunduaren programa arautzen du, lan-merkatu arruntean pertsona ezgaituen enplegua sustatzeko neurria den aldetik. Agindu horren laugarren xedapen gehigarriaren arabera, kooperatiba eta lan sozietateetako sustapen programen kudeaketaren arloan eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatu ondoren beren gain hartu dituzten autonomia erkidegoek, eta Nafarroako Foru Komunitatea horien parekoa da ondorio horietarako, aginduan ezarritakoa egokitu eginen dute beren antolakuntzaren berezitasunetara eta beren lurraldean aplikatzen ahal den araudira.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, dagokion deialdia eta deialdiaren oinarri arau-emaileak ezarri behar dira. Horregatik, bidezko da pertsona ezgaituentzat lan-merkatu arruntean enplegu lagundua lortzeko diru-laguntzen deialdi egokia onestea, Uztailaren 2ko 870/2007 Errege Dekretuan ezarritako irizpideekin bat eta horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolakuntza eremura egokituz.

Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta lehiaketa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen badu.

Laguntza eta diru-laguntza batzuetarako interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak egiaztatu behar direnean, baliteke prozedura arrunta egokiena ez izatea. Pertsona ezgaituek, beren inguruabar pertsonal eta sozialengatik, eragozpen handiagoak izaten dituzte enplegua lortzeko. Lan-merkatu normalizatuko enpresetan lan arloan integra daitezela bideratzen duten laguntzak tramitatzeko lehiaketaren araubidea aplikatzea, kasu honetan gertatzen den bezala, helburu hori lortzeko oztopo handia izan liteke.

2008ko apirilaren 28an, Nafarroako Gobernuak ezgaitasunak dituzten pertsonen enplegu lagundurako diru-laguntzak banakako ebaluazioaren araubidean emateko baimena eman zion.

Azaldutakoarekin bat, maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuak onetsi zituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 13. artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.-Pertsona ezgaituentzat lan-merkatu arruntean enplegu lagundua lortzeko programarako diru-laguntzen deialdia onetsi da.

2.-Deialdiko oinarri arau-emaileak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3.-Diru-laguntzak, 2008ko gastuen aurrekontuko "Enpresa arruntentzako diru-laguntzak ezinduak kontratatzeagatik. EGF" izeneko 881001 84100 4709 241105 kontu-sailaren kargura ordainduko dira. Hurrengo urteetan, diru hori kasuan kasuko aurrekontuko kontu-sailetik eskuratuko da.

4.-Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Deialdi honek eta bere oinarri arau-emaileek ez diote administrazio bideari amaiera ematen eta gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke bere kontra, Nafarroako Gobernuaren Berrikuntza, Enplegu eta Enpresa kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko maiatzaren 13an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

I. ERANSKINA

Deialdiko oinarriak

1. oinarria.-Xedea.

Ebazpen honen helburua ezgaitasunak dituzten pertsonak lan-sistema arruntean integratzeko enplegu lagunduko proiektuen sustatzaileentzako diru-laguntzen oinarri arau-emaileak ezartzea eta diru-laguntzen deialdia onestea da.

2. oinarria.-Enplegu lagunduaren definizioa.

2.1. Enplegu lagundua hau dela ulertzen da: lan arloko prestatzaile espezializatuek lanpostuan banakako orientazio eta laguntza emateko egiten dituzten ekintzak, lan-merkatu arrunteko enpresetan sartzeko eragozpenak dituzten langile ezgaituak lanpostu baliokideak betetzen dituzten gainerako langileen antzeko baldintzekin arlo sozialean eta lan-arloan moldatzea helburu dutenak.

2.2. Enplegu lagunduko jarduerak enplegu lagunduko proiektuen eremuaren barruan eginen dira. Proiektu horietan gutxienez ekintza hauek egon behar dira aurreikusita:

a) Ezgaitasuna duen pertsonarentzako orientazioa, aholkua eta laguntza; horretarako, langile bakoitzarentzat lanpostura moldatzeko programa landuko da.

b) Enplegu lagunduko programaren langile onuradunak, enplegu-emailea eta langile ezgaituarekin zereginak konpartitzen dituzten enpresako langileak beren artean hurbiltzeko eta elkarri laguntzeko lanak.

c) Langileari trebetasun sozial eta komunitarioak eskuratzen laguntzea, lan-eremuan harremanik onenak izateko.

d) Ezgaitasuna duen langileari lanpostuaren berezko eginkizunetarako trebakuntza espezifikoa ematea.

e) Lanpostuan trebatzeko prozesuaren jarraipen eta ebaluazioa. Horren helburua langilearen zein berori kontratatzen duen enpresaren beharrizanak antzematea eta beren eragozpenei aurrea hartzea izanen da, horiek enpleguan sartzearen eta bertan geratzearen helburua arriskuan jartzen ahal dutelako.

f) Enpresarentzako aholku eta informazioa, lanpostura moldatzeko beharrizan eta prozesuei buruz.

3. oinarria.-Azken hartzaileak.

3.1. Enplegu lagunduko programaren azken hartzaileak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan jardunik gabeko lan eskatzaile gisa inskribatuta dauden langile ezgaituak eta enpleguko zentro bereziek kontratatutako langile ezgaituak izango dira, baldin eta langile horiek ondoren azalduko diren inguruabarretan badaude, kasu bietan:

a) Garun-perlesia duten pertsonak, adimen gaixotasunak dituzten pertsonak edo adimen urritasuna duten pertsonak, %33ko edo gehiagoko elbarritasun aitortua dutenak.

b) Ezgaitasun fisikoak edo sentimen-ezgaitasunak dituzten pertsonak, %65eko edo gehiagoko elbarritasun aitortua dutenak, eta pertsona gorrak eta entzuteko ezgaitasuna dutenak, %33ko edo gehiagoko elbarritasun aitortuarekin.

3.2. Langileak lan-merkatu arrunteko enpresa batek kontratatu beharko ditu, mugarik gabeko edo aldi zehatz baterako kontratu baten bitartez, enpresaren ekoizpen-antolakuntzan benetan lan egiteko, kasu horretan kontratuaren iraupena gutxienez sei hilabetekoa izanen dela. Lanaldi partzialeko kontratua egiten bada, balio berekotzat har daitekeen lanaldi osoko langile baten lansaioaren erdia izanen da gutxienez. Diruz lagundu daitezkeen kontratuak 2007ko uztailaren 15etik aurrera egindakoak soilik izanen dira.

3.3. Kontratatutako langile ezgaitua enplegurako zentro berezi bateko plantillatik badator, zentro horretan borondatezko eszedentzian geratuko da, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategineko 46.2 eta 5 artikuluan eta kasuan kasu aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan ezartzen diren baldintzen arabera.

4. oinarria.-Onuradunak.

Enplegu lagunduko proiektuak sustatu eta horri dagozkion diru-laguntzen onuradunak izaten ahal dira Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden erakunde hauek:

4.1. Enplegu lagundua eskuratuko duten langile ezgaituak kontratatuko dituen enpresarekin lankide-hitzarmen egokia sinatzen duten elkarteak, fundazioak eta irabazteko asmorik gabeko beste erakunde batzuk, baldin eta eskakizun hauek betetzen badituzte:

a) Beren helburu sozialetako bat pertsona ezgaituak laneratzea edo haientzako enplegua sortzea izan behar da.

b) Plantillan 7. oinarrian ezarritako eskakizunak betetzen dituzten lan arloko prestatzaile espezializatuak egotea, eta enplegu lagunduko programen bilakaera egokia bermatzen duten beharrezko baliabide materialak edukitzea.

c) Ezgaitasunak dituzten pertsonak laneratzeko programak egiteko esperientzia frogatua izatea.

d) Enplegu lagunduko jarduerak doan egitea, langileei edo enpresaburuei inolako diru-kopuru edo tarifarik kobratu gabe.

4.2. Enpleguko zentro bereziak, dagokien Erregistroan hala kalifikatuta eta inskribatuta daudenak, bertako edo enpleguko beste zentro berezi batzuetako plantillako langile ezgaituak kontratatuko dituen enpresarekin lankidetza-hitzarmena sinatzen dutenak. Gainera, enpleguko zentro berezi horiek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Plantillan 7. oinarrian ezarritako eskakizunak betetzen dituzten lan arloko prestatzaile espezializatuak egotea, eta enplegu lagunduko programen bilakaera egokia bermatzen duten beharrezko baliabide materialak edukitzea.

b) Enplegu lagunduko jarduerak doan egitea, langileei edo enpresaburuei inolako diru-kopuru edo tarifarik kobratu gabe.

4.3. Jarduera hauen onuradunak diren langile ezgaituak kontratatzen dituzten lan-merkatu arrunteko enpresak, langile autonomoak barne, baldin eta plantillan 7. oinarrian ezarritako eskakizunak betetzen dituzten lan arloko prestatzaile espezializatuak badituzte, eta enplegu lagunduko programen bilakaera egokia bermatzen duten beharrezko baliabide materialak badituzte.

5. oinarria.-Enplegu lagunduko proiektuen baldintzak eta iraupena.

5.1. Enplegu lagunduko proiektuetan ondoko hauek agerrarazi beharko dira gutxienez:

a) Laguntza eskuratuko duten langile ezgaituak kontratatuko dituen enpresaren identifikazioa, eta langileok kontratatzeko konpromisoa.

b) Kontratatutako edo kontratatu beharreko lan arloko prestatzaileekin enplegu lagunduko jarduerak eginen dituen erakunde sustatzailearen identifikazioa. Oraindik kontratatu ez baditu, kontratatzeko konpromisoa adierazi beharko du.

c) Enplegu lagunduko jarduerak eskuratuko dituzten langile ezgaituen zerrenda, hauek adierazita: ezgaitasun mota eta elbarritasun maila, eginen zaien kontratuaren mota eta iraupena, lan eginen duten zentroaren edo zentroen mota, eta lanpostuetako bakoitzaren deskribapena.

d) Langile ezgaituei laguntza emanen dieten lan arloko prestatzaileen zerrenda, enplegu lagundua sustatzen duen erakundearekin sinatu duten edo sinatuko duten lan-kontratuaren mota eta iraupena adierazita.

e) Prestatzaile bakoitzak artatu behar duen langile ezgaitu bakoitzari emanen dizkien enplegu lagunduko jardueren deskribapen zehatza, jarduera horien iraupena eta aurreikusitako denboraren banaketa azalduta.

f) 6. oinarrian aipatutako hitzarmena edo hitzarmenak, erakunde sustatzailea langile ezgaituak kontratatzen dituen enpresa ez bada.

5.2. Enplegu lagunduko jarduerak enplegu lagunduko proiektuen eremuaren barruan eginen dira. Ebazpen honen ondorioetarako, proiektu horiek gutxienez sei hilabete iraunen dute, eta gehienez urtebete, eta gainera beste urtebete luzatzen ahalko dira.

Hala ere, 3.1. a) oinarrian ezarritako ezgaitasun mota eta elbarritasun maila duten langileen kasuan, bi urteko gehieneko epea beste sei hilabete luzatzen ahalko da, baldin eta laguntzeko beharrizan bereziak eskatzen dituzten egoera oso korapilatsuak antzematen badira.

6. oinarria.-Enplegu lagundua sustatzen duen enpresaren eta erakunde enplegu-emailearen arteko lankidetza-hitzarmena.

Enplegu lagundua sustatzen duten erakundeek, 4. oinarriko 1. eta 2. idatz-zatietan adierazita daudenek, enplegu lagunduaren hartzaile den (edo diren) langile ezgaitua (edo langile ezgaituak) kontratatuko duen (edo dituen) enpresarekin lankidetza-hitzarmena sinatu beharko dute. Lankidetza-hitzarmen horren edukia hau izanen da, gutxienez:

a) Alde bien identifikazioa; sozietatearen izena, helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbakia adierazi behar dira.

b) Erakunde sustatzaileak langile ezgaitu bakoitza lanpostura moldatzeko enplegu lagunduko proiektuaren barruan egin beharreko jarduera guztiak egiteko hartutako konpromisoa; horretarako, enpresak lan arloko prestatzailearen lana errazteko eta laneratze prozesuak irauten duen bitartean barruko laguntza bideratzeko konpromisoa hartu beharko du.

c) Enplegu lagunduko jarduerak doan emateko alde biek hartutako konpromisoa.

7. oinarria.-Lan arloko prestatzaileak.

7.1. Enplegu lagunduko ekintzak lan arloko prestatzaileek eginen dituzte. Prestatzaile horiek gutxienez erdi mailako lanbide heziketako titulua edo baliokidea izan beharko dute, eta aldez aurretik ezgaitasunak dituzten pertsonak laneratzeko jardueretan urtebeteko esperientzia izan dutela egiaztatu beharko dute, horrela beren lanpostuaren berezko zereginak betetzeko gai izanen direlakoan.

7.2. Langile ezgaitu bakoitzaren arretan eman beharreko denbora, bere lanaldiarekin alderatuta, hau izanen da gutxienez, ehunekotan adierazita:

a) Garun-perlesia, adimen gaixotasuna edo adimen urritasuna duten langileen kasuan, %65eko edo gehiagoko elbarritasun aitortua badute, heren bat.

b) Garun-perlesia, adimen gaixotasuna edo adimen urritasuna duten langileen kasuan, %33ko edo gehiagoko eta %65 baino gutxiagoko elbarritasun aitortua badute, bosten bat.

c) Ezgaitasun fisikoak edo sentimen-ezgaitasunak dituzten langileen kasuan, %65eko edo gehiagoko elbarritasun aitortua badute, zortziren bat; eta pertsona gorren eta entzuteko ezgaitasuna dutenen kasuan ere bai, %33ko edo gehiagoko elbarritasun aitortuarekin.

Lan arloko prestatzaile batek langile ezgaitu bat baino gehiago artatzen badu, arretarako denbora guztira langile bakoitzari arreta ematen emandako denboren batura izanen da. Lan arloko prestatzaile batek inola ere ezin izanen die hurrenez hurren lehen aipatutako a), b) eta c) taldeetako 3, 5 edo 8 langile ezgaitu baino gehiagori aldi berean arreta eman; artatutako langileak talde batean baino gehiagotan sartzen direnean denbora baliokideak hartuko dira.

8. oinarria.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

8.1. Oinarri honetan ezarritako diru-laguntzak enplegu lagunduko proiektua garatzen den epean sortzen diren lan-kostuak eta gizarte segurantzako kostuak finantzatzeko erabiliko dira. Kostu horiek, enplegu lagundua sustatzen duten erakundeek (4. oinarrian adierazita daudenek) aurreko oinarrian aipatzen diren lan arloko prestatzaileak kontratatzearen ondoriozkoak dira. Kontratazio hori, berriz, proiektua egiten den bitartean zein hasi aurretik egiten ahalko da.

8.2. Diru-laguntza horien zenbatekoa ezartzeko, 7.2 oinarrian adierazitako ezgaitasun mota eta elbarritasun maila duten eta enplegu lagunduko jarduerak jasotzen dituzten langileen kopurua kontuan hartuko da; horren arabera, zenbateko hauek emanen dira:

a) a) idatz-zatiaren barruan dagoen langile bakoitzeko 6.600 euro urtean,

b) b) idatz-zatiaren barruan dagoen langile bakoitzeko 4.000 euro urtean, eta

c) c) idatz-zatiaren barruan dagoen langile bakoitzeko 2.500 euro urtean.

Langile ezgaituaren kontratuaren iraupena bat edo bestea izan, horren proportzioan murriztuko dira diru-laguntza horiek. Lanaldi partzialeko kontratua izanez gero ere, bere lanaldiaren iraupena ere kontuan hartuko da diru-laguntza murrizteko.

Zenbateko horiek 2008. urtean egonen dira indarrean. Ondoko urteetan, berriz, zenbatekook Nafarroako KPIaren arabera eguneratuko dira.

8.3. Diru-laguntza horiek gehienez urtebeterako emanen dira, eta 5.2 oinarrian ezarrita dagoen bezala luzatzen ahalko dira, 4. oinarrian adierazitako erakunde interesatuek eskabidea eginda. Eskabide hori, ezarrita dagoen prozeduraren arabera tramitatu behar da.

Enplegu lagunduko proiektuetarako diru-laguntzak kalkulatzeko, proiektua garatzen den bitartean langile ezgaitu bakoitza kontratatuta eta lagunduta dagoen aldia soilik kontuan hartuko da.

Edonola ere, diru-laguntzak emateko, helburu horretarako aurrekontu erabilgarria egon beharko da Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuetan urtero ezarrita dagoenaren arabera.

8.4. Ebazpen honetan aurreikusita dagoenaren arabera, langile ezgaitu batentzat gehienez ere bi urtez ematen ahalko dira diru-laguntzak, enplegu lagunduko proiektu ezberdinetarako bada ere; edo, 3.1 a) oinarrian ezarritako ezgaitasun mota eta elbarritasun maila dituzten langileen kasuan, laguntzeko beharrizan espezifikoak antzemanez gero, gehienez ere hogeita hamar hilabetez ematen ahalko dira.

8.5. Diru-laguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein beste diru-laguntza, laguntza edo baliabide batzuekin batera, gehienez ere oinarri honetako 1. idatz-zatian azaltzen diren laneko eta gizarte segurantzako kostuena izan beharko da.

8.6. Diru-laguntza hauek eta enpleguko zentro berezietako doikuntza pertsonal eta sozialerako zerbitzuen esparruan lan jarduera sustatzeko unitateak arautzen dituen irailaren 20ko 2782/2006 Ebazpenean araututa daudenak bateragarriak dira, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Enpleguko zentro bereziak, lan jarduera sustatzeko unitatearen zein enplegu lagunduko proiektuaren bitartez, aurreikusitako laguntza-ekintzak eman beharko dizkie programa bakoitzean kontratatutako eta artatutako langile ezgaituei, arreta-denboraren zein artatu beharreko langile-kopuruaren aldetik programa horietarako ezarrita dauden mugekin.

b) Oinarri honetako 1. idatz-zatian eta irailaren 20ko 2782/2006 Ebazpenaren 4.1 artikuluan aipatutako lan arloko prestatzailearen edo prestatzaileen kontratazioak sorrarazitako lan-kostuak eta gizarte segurantzakoak lan jarduera sustatzeko unitaterako edo enplegu lagunduko proiekturako dedikazioaren arabera egotziko dira, proportzioan, baldin eta bi diru-laguntzen batura, guztira, kostu horiek baino handiagoa ez bada.

9. oinarria.-Instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena.

1. Prozedura alde batek eskaturik hasiko da, interesatuak Nafarroako Enplegu Zerbitzura eskabidea igorriz, entitate horretako erregistroan aurkeztuko dena. Halaber, eskabidea Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako bideetatik aurkezten ahalko dira.

Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Laguntzen Atalak eginen du. Ebazpena, berriz, Zuzendaritza-Kudeatzailetzak.

2. Eskabideak aurkezteko epea, diru-laguntzaren xede den enplegu lagunduko proiektuaren arabera pertsona ezgaitu baten azken lan-kontratua egiten den egunaren biharamunetik aurrera hogeita hamar eguneko epean amaituko da.

3. Eskabideekin batera agiri hauek aurkeztuko dira, jatorrizkoen edo fotokopia konpultsatuen bidez:

a) Entitate eskatzailearen IFZ/IFK.

b) Eskabidea sinatu duen pertsona noren ordezkari den, horri buruzko egiaztagiria.

c) Enplegu lagunduko proiektua, oinarri arau-emaile hauen 5.1 oinarrian azaldu direnak zehaztuta.

d) Oinarri arau-emaile hauen 6. oinarrian aipatutako hitzarmena edo hitzarmenak, erakunde sustatzailea langile ezgaituak kontratatzen dituen enpresa ez bada.

e) Eskatutako zenbatekoaren banakapena, lan-kostua eta gizarte segurantzako kostua zehaztuta, laguntzaren eta egin beharreko lanaldiaren iraupenaren arabera.

f) Lagundutako langile ezgaituei buruzko agiriak:

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan erregistratutako lan-kontratua.

-Ezgaitasun mota eta mailaren ziurtagiria.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan jardunik gabeko lan eskatzaile gisa inskribatuta egotearen ziurtagiria, bidezkoa bada.

-Langilea Enpleguko Zentro Berezi batek kontratatu badu, hori egiaztatu beharko da Zentro horretako lan-bizitza aurkeztuz.

g) Entitatearen ordezkariaren aitorpena, gehieneko lanaldiari buruzkoa, langileari aplikatzen ahal zaion hitzarmen kolektiboaren arabera.

h) Laguntza jasotzen duten langile ezgaituen izenen zerrenda. Hauek adierazi beharko dira:

-Ezgaitasun mota eta elbarritasun maila.

-Kontratu mota. Aldi baterako kontratuetan kontratuaren iraupena zehaztu behar da. Kontratu horren hasiera eta bukaera egunak adierazi behar dira.

-Lanaldia.

-Langilea Enpleguko Zentro Berezi batetik datorren ala jarduneko lan eskatzailea den.

i) Lan arloko prestatzaileei buruzko agiriak:

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan erregistratutako lan-kontratuak.

-Gutxienez erdi mailako lanbide heziketako titulua edo baliokidea izatearen ziurtagiria.

-Aldez aurretik ezgaitasunak dituzten pertsonak laneratzeko jardueretan urtebeteko esperientzia izanaren egiaztagiria, horrela beren lanpostuaren berezko zereginak betetzeko gai izanen direlakoan.

j) Lan arloko prestatzailearen datuen zerrenda. Hauek adierazi beharko dira:

-Kontratatutako lan arloko prestatzaileen kopurua.

-NANa, baldin eta langilea kontratatuta badago.

-Kontratuaren data eta iraupena.

-Lanaldiaren iraupena, lagundutako langile bakoitza artatzen emandako denbora adierazita.

-Entitate kontratugilea.

k) Proiektuak sustatzen dituzten entitateek 4. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

l) Diru-laguntza kobratu aurretik Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izateari buruzko egiaztagiria.

m) Laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskaria.

n) Araudi orokorrak ezarritako aitorpenak.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurkezten den eskabidea behar bezala baloratu eta ebaluatzeko behar dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

4. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak erabakiko du diru-laguntzak eman edo ukatzea. Ebazpen hori gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea tramitatzeko eskumena duen organoko erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertzen ahalko da aurkezturiko eskabidea administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzaren eskabidearen oinarri den jarduera egin dela egiaztatu ondoren, bidezkoa izanen da diru-laguntza eman eta ordaintzea.

Ebazpenak ez du bide administratiboa agortuko. Horregatik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10. oinarria.-Diru-laguntzak emateko prozedura.

Ebazpen honetan ezarritako diru-laguntzak tramitatzeko banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenetara eta oinarri arau-emaile hauetan ezarrita dagoenera egokituko zaie.

11. oinarria.-Diru-laguntza emateko ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, betiere, nazioko edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten diru-laguntzak edo laguntzak batera erdietsi badira, diru-laguntza emateko ebazpenak aldatzen ahalko dira.

12. oinarria.-Justifikazioa.

Emandako diru-laguntzaren justifikazioa diruz lagundutako epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteko epearen barruan eginen da. Horretarako, lan arloko prestatzaileei dagozkien nominak eta gizarte aseguruak aurkeztu beharko dira.

13. oinarria.-Diru-laguntzak itzultzea.

1. Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 34. artikuluan aipatzen diren zergatikoez gain, kobraturiko dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da eta berandutze interesak pagatu, diru-laguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitarte, foru lege hartako 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

2. Betebeharrak hein batean bete ezik, organo eskudunak erabakiko du zenbat diru itzuli behar duen onuradunak, justifikaturiko kostuen eta frogaturiko jarduketen arabera proportzionaltasun irizpideari jarraituz, onarri arau-emaile hauen 8. oinarrian xedaturikoaren arabera.

3. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko VI. tituluan aipatzen diren prozedura administratiboen orotariko xedapenen arabera eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat burutuko da.

14. oinarria.-Publizitatea.

Onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko adierazpen guztietan Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerrarazi beharko dute.

Era berean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak urtero emandako diru-laguntzen zerrenda argitaratuko du Enpleguaren Atarian.

15. oinarria.-Zehapen prozedura.

Itzultzeko espedientea tramitatzeagatik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko IV. tituluan tipifikaturiko arau-hausteren bat atzemanez gero, foru lege horretan ezarririk dagoen prozedurari ekinen zaio.

16. oinarria.-Jarraipena eta ebaluazioa.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak arau honetan araututako programaren jarraipen eta ebaluaziorako beharrezkoak diren ekintza guztiak eginen ditu, bai alderdi kualitatiboan bai kuantitatiboan.

17. oinarria.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arau-emaile hauetan araututa ez dauden gaietan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F0807643