69. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1556/2008 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, sasoiko langileendako kanpalekuak prestatzen dituzten toki entitateei laguntzak emateko 2008ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 2008ko gastuen aurrekontuetan bada kontusail bat "Sasoiko langileendako ostatu-lekuak prestatzeko diru-laguntzak" izenekoa, 881001 84100 4609 241300 zenbakia duena. 15.000 euroko aurrekontuko zuzkidura du. Ez dago horrelako laguntzen gaineko berariazko araudirik ez Espainian, ez Nafarroako Foru Komunitatean.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, horrelakoetan behar-beharrezkoa da deialdia egitea eta haren arauak ezartzea, besteak beste.

Aurrekoa ikusirik, bidezkoa da Nafarroako Enplegu Zerbitzuak sasoiko langileendako kanpalekuak prestatzen dituzten toki entitateei laguntzak emateko 2008ko deialdia onestea, 11/2005 Foru Legean ezarritako norgehiagokako araubide orokorra aplikatu ahal izateko.

Halaber, beharrezkoa da gastua baimentzea eta zehaztea ematen diren diru-laguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zein kontusailetatik ordainduko diren eta zein izanen den horretarako kreditu-muga.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuek, maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoek, 13. artikuluan emandako eskurantzak erabiliz eta Zuzendaritza Kontseiluaren aldeko txostena izanik,

EBATZI DUT:

1. Sasoiko langileendako kanpalekuak prestatzen dituzten toki entitateei diru-laguntzak emateko 2008ko deialdia onestea.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Gastua 2008ko aurrekontuko "Sasoiko langileendako ostatu-lekuak prestatzeko diru-laguntzak" izeneko 881001 84100 4609 241300 kontusailaren kargura ordainduko da, aurrekontuan horretarako dirurik baldin badago.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2008ko maiaitzaren 13an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

ERANSKINA

Deialdiaren arauak

1. Xedea eta esparrua.

Deialdi honen xedea da uzta garaian izaten diren sasoiko langileei ostatu emateko toki entitateek prestatzen dituzten kanpalekuen funtzionamendu eta kontsumo gastuak 2008. urtean finantzatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

2. Onuradunak.

Diru-laguntza hauen onuradun izan daitezke kanpalekuak egokitu eta ostatu hartzeko moduan prestatu ondoren sasoiko langileen esku uzten dituzten toki entitateak, diruz lagundutako jarduera garatzeko behar besteko gaitasun teknikoa eta kudeaketa gaitasuna baldin badute.

3. Eskabideen aurkezpena.

Deialdi honetako diru-laguntzak emateko eskabideak, 4. arauan adierazitako dukumentazioarekin batera, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo 15 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (Arcadio María Larraona, 1, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusten diren tokietan.

4. Agiriak.

Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

a) Kanpalekuaren berri emateko memoria, kokagunearen plano eta krokis batekin batera, honako hauek azaltzen dituena:

-Kanpalekuaren kokagune geografikoa eta hartzen duen eremua.

-Kanpalekuaren edukiera.

-Eskaintzen diren instalazio eta zerbitzuak.

-Komunikazio eta sartzeko bideak.

-Arduradunak eta kudeaketako langileak.

-Kanpalekua ireki eta ixteko egunak.

-Kanpalekuaren aurrekontu orokorra.

-Mantentze lanetako eta kontsumoko gastuen aurrekontua.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen zaion diru-laguntza, guztira.

b) Entitate eskatzailearen organo eskudunak egindako agiria, kanpalekua jartzea onetsi dela egiaztatzeko.

c) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, diruz laguntzen ez den kostua finantzatzeko kreditua badela adierazteko.

d) Entitate eskatzaileak beste diru-laguntzaren bat jasotzen badu, diru-laguntza horiek eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuarenak baturik, ezin izanen dute gainditu diruz laguntzen den jardueraren guztirako kostua.

e) Nafarroako Ogasun Publikoarekin zerga betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko agiria.

f) Onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen aitorpena.

5. Aurrekontu-hornidura.

Deialdi honetako diru-laguntzak 2008ko gastuen aurrekontuko "Sasoiko langileendako ostatu-lekuak prestatzeko diru-laguntzak" izeneko 881001 84100 4609 241300 kontusailaren kargura ordainduko dira, betiere aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

6. Prozedura antolatu eta instruitzeko eskumena duen organoa.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak emateko organo instruktorea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko Lan-mundura Sartzeko Atala izanen da.

7. Balorazio batzordea.

Kide anitzeko organo bat osatzen da, eskaerak ebaluatuko dituena. Haren irizpena lotzailea izanen da. Organo instruktoreak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko du.

Deialdi honetan aurkeztutako eskaerak baloratzeko batzordea kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua:

Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea:

Lan-mundura Sartzeko Ataleko burua.

Idazkaria:

Lan-mundura Sartzeko Ataleko teknikari bat.

8. Diru-laguntzak emateko prozedura.

Diru-laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da.

Aurkeztutako proiektuek arau hauetan zehaztutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Balorazio Batzordeak aztertuko ditu aurkeztutako proiektuak, balorazio irizpide hauek kontuan harturik:

1.-Kanpalekuaren, instalazioen eta zerbitzuen ezaugarri teknikoak eta kalitatea.

2.-Kanpalekua kudeatzeko eta zerbitzuak emateko eskaintzen diren giza baliabideak eta baliabide materialak.

3.-Entitate eskatzaileak horrelako jarduerak kudeatzen duen esperientzia kreditatua.

4.-Kanpalekua finantzatzeko, entitate eskatzaileak eta beste entitate edo erakunde batzuek jartzen dituzten diru-baliabideak.

9. Espedienteen ebazpena.

Aurkeztutako eskaerak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak ebatziko ditu.

Diru-laguntzak emateko, 8. arauan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzeak dakarren lehentasun ordenari jarraituko zaio, aurrekontuan dagoen dirua agortu arte, 5. arauan ezarri bezala.

Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Ezarritako epea espresuki emandako ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, entitate eskatzaileak aurkeztutako eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko du.

10. Diru-laguntzen xedeko kontzeptuak.

2. arauan ezarritakoaren arabera, aurreko urteetan bezala, helburua da kanpaleku horietako funtzionamendu eta kontsumo gastuak finantzatzea, besteak beste, honako hauek: gastu orokorrak; erregaiak; aseguruak; komunen alokairua; ura, argia telefonoa; zaborra biltzea eta beste.

11. Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntza gastu horien %75ekoa izanen da gehienez.

12. Ordaintzeko modua.

Ordainketa honela eginen da:

Laguntzaren %50, Nafarroako Enplegu Zerbitzuako Kudeaketa Zuzendaritzak laguntza onartu eta ordaintzeko ebazpenaren bidez, aurkezten den dokumentazioa aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak eskaerak ebaluatu eta proposamena egin eta gero.

Gainerako %50a, edo kasuan kasuko azkeneko saldoa, azkeneko justifikazioa eta kanpalekuan egindako jardueraren gaineko memoria aurkeztu ondoren.

Artikulu honetan adierazitako aurrerakina jasotzeko, entitate onuradunak justifikatu beharko du funtsak aldez aurretik behar dituela. Justifikazio hori diru-laguntzaren eskaeran berean egin daiteke.

13. Onetsitako baldintzen aldaketak.

Proiektuak aldatuz gero edo diru-laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, onets ditzan. Aldaketa horiek funtsezkoak badira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du diru-laguntza emateko hasiera bateko ebazpena aldatzeko. Onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzten ahalko da, sartutako aldaketen garrantziaren arabera.

14. Aplikatzekoak diren arauak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, martxoaren 21eko TAS/816/2005 Aginduan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakori lotuko zaio.

15. Errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi hau aurrera eramateko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

16. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

1.-Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza aurrekontuko zein programari eta kredituri egotziko zaien, onuradunak, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

2.-Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, entitate onuradunak behar bezala jakinaraziko du jarduera horrek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntza jaso duela, horren gaineko informazioa kanpalekuko toki ikusgarri batean jarriz, baita komunikazio eta idazki ofizialetan eta hedapen eta propagandarako materialetan ere.

Iragarkiaren kodea: F0807902