65. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

CASTEJON

Deialdia, Castejongo Udaltzaingoaren Alorrerako hiru udaltzain lanpostu oposizio bidez betetzeko

Castejongo Udaleko alkatearen ebazpenaren bidez, 2008ko apirilaren 25ean deialdiko oinarriak onetsi ziren, langileak hautatzeko:

OINARRIAK

1. oinarria.-Baldintza orokorrak.

1.1. Castejongo Udaltzaingoko hiru udaltzain lanpostu betetzea du xede deialdi honek, oposizio bidez eta funtzionario bilakatzeko, txanda irekian.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Castejongo Udaleko funtzionario publiko eta udaltzain izanen dira. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena eman eta bertan kidetzeaz gain, araubide horren babespean geldituko dira.

1.3. Izendatzen diren izangaiak C mailan sailkatuko dira, eta Castejongo Udaleko plantilla organikoan jasotako osagarriak izanen dituzte.

1.4. Izendatuek Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta hura garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak beteko dituzte, eta haietan adierazitako eskubide eta betebeharrak izanen; gainera, organo eskudunek haien gain utzitakoak, Udaltzaingoari badagozkio.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.6. Izendatuek lanpostua duten tokian bizi beharko dute eta, horretarako, Castejongo udal mugapean finkatuko dute bizilekua; alkateak, alabaina, bestelako bizileku bat ere baimentzen ahalko du ebazpen baten bidez.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta 35 urte, gehienez ere.

c) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Polizei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 30.1.c) artikuluan agindutakoaren arabera, deialdi honetan onartua izateko, aski izanen da eskola-graduatua, lehen mailako lanbide-heziketako titulua edo baliokidea izatea, halako moldez non, deialdi honetako 5.2.2 arauan aurreikusitako oinarrizko prestakuntzarako ikastaroa gaindituta, teknikoki baliokideak izanen baitira oinarrizko ikastaro hori eta batxilergoa, bigarren mailako lanbide-heziketa edo horien baliokidea; baliokidetasun hori, hala ere, ondorio administratiboetarako baino ez da izanen, hau da, C mailako funtzionario izendatzeko, eta ez du baliorik izanen arlo akademikoan, ezta irakaskuntzan edo hezkuntzan ere.

d) Deialdiaren xedeko lanpostuari dagozkion eginbeharrak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren 3. eranskinean adierazitako bazterbide medikoetatik at egotea.

e) Gizasemeek 1,70 metroko garaiera, bederen, eta emakumezkoek 1,65 metrokoa.

f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

g) Gutxienez, ibilgailuak gidatzeko A, B eta BTP motetako baimenak izatea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako bete beharko dira aurreko baldintzak, g) letrakoa salbu, hori oinarrizko prestakuntzaren ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen denerako bete beharko baita, deialdi honen 5.2.2 oinarrian ezarri bezala.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko, Castejongo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina eta azken eguneko 13:30ak arte; egun hori baliogabea bada, balioduna den hurrengora arte. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu; hura Castejongo Udalaren bulegoetan eskuratuko da.

Horietan, izangaiek adierazi beharko dute oposizioan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batean, 1. eranskinean adierazitako proba fisikoak egiteko gaitasuna dutela egiaztatuko duen ziurtagiri mediko ofiziala aurkeztuko dute.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

5. oinarria.-Oposizioaldiaren nondik norakoa.

5.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko ariketak non, zein datatan eta ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Herriko Etxeko iragarki oholean emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.

5.2. Oposizioak aldi hauek izanen ditu:

5.2.1. Hautapen aldia, honako proba hauek izanen dituena:

A.-Lehenengo proba:

1. eranskinean azaldutako ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta daude, ariketak egin bitartean edo noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2004ko abenduaren 27an emandako ebazpenaren eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, doping metodo eta manipulazioak (debekatutako substantzia eta gai farmakologikoak eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoak datoz 2005eko 7. Estatuko Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 8an, argitaratu zen zerrendan), edo probak egiteko unean indarra duen ebazpenean heldu direnak. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

Proba honekin batera, 2.1.e) oinarriak jasotzen duen baldintza betetzen dela ziurtatzeko, izangaien garaiera neurtuko da.

B.-Bigarren proba:

Idatzizko ariketa hauek egin beharko dira:

B.1. Proba objektiboa; 2. eranskineko gai-zerrendari buruzko galderak erantzun beharko dira. Puntuazioa, gehienez ere 30 puntu. Ariketa honetan 15 puntu baino gutxiago ateratzeak izangaia bazterturik gelditzea ekarriko du.

B.2. Zientziak: matematika, fisika eta kimikako problemak egitea. Puntuazioa, gehienez ere 40 puntu. Ariketa honetan 20 puntu baino gutxiago ateratzeak izangaia bazterturik gelditzea ekarriko du.

Horretarako, aski izanen da Eskola Graduatuko, Lehen Mailako Lanbide Heziketako edo horien pareko ezagupenak izatea.

B.3. Ortografia: ortografia ariketa bat egitea izanen da. Puntuazioa, gehienez ere 20 puntu. Ariketa honetan 10 puntu baino gutxiago ateratzeak izangaia bazterturik gelditzea ekarriko du.

B.4. Idazketa: idazketa lan bat egin beharko da, proba hasieran epaimahaiak emanen dituen datu batzuetatik abiatuta. Puntuazioa, gehienez ere: 30 puntu. Ariketa honetan 15 puntu baino gutxiago ateratzeak izangaia bazterturik gelditzea ekarriko du.

B.5. Proba objektiboa, Castejongo historia, arkitektura, industria, kaleak, nekazaritza herrilurrak, geografia, hidrologia eta hidrogeologia, lurpeko hidrogeologia, landaretza, fauna eta babesturiko naturguneei buruzkoa: Puntuazioa, gehienez ere 30 puntu. Ariketa honetan 15 puntu baino gutiago ateratzeak izangaia bazterturik gelditzea ekarriko du.

Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

C.-Hirugarren proba:

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da. Puntuazioa, gehienez ere 30 puntu. Ariketa honetan 13 puntu baino gutiago ateratzeak izangaia bazterturik gelditzea ekarriko du.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira esaten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

Aurreko A), B) eta C) ataletan aurreikusitako probak eginik, epaimahaiak oinarrizko prestakuntza ikastarora behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda paratuko du Udaletxeko iragarki oholean. Deialdiaren 5.2.2 atalean aipatu da zerrenda hori, puntuazioaren arabera ordenatuko dena.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beharrezkoak diren proba mediko guztiak pasatuko dituzte, egoera psikofisikoa frogatzearren, deialdiaren 2.1 arauaren d) letran ezarritakoari jarraikiz.

5.2.2. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza ikastaroa, gainditu egin beharko da eta aplikagarriak diren erregelamenduzko xedapenek zuzenduko dute.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamabost egun naturaleko epean, 2.1 oinarriko a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute izangaiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean; orobat, 2.1 oinarriko g) baldintza betetzen dutela ikastaroan behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen den egunean; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

-Eskola Graduatuaren tituluaren fotokopia konpultsatua, Lanbide Heziketako lehenbiziko mailakoarena edo baliokideren batena.

-Deialdian eskatutako gidabaimenaren aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatuak.

-Eginkizun publikoetarako ezgaituak edo gabetuak ez izatearen zinpeko aitorpena, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatearena.

Hau ere aurkeztu beharko dute:

-Nafarroako Foru Eraentza errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

-Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta osasun azterketen emaitzak, hautapen prozesuko bajak erabakiko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu; betiere, proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Ondoren, oinarrizko prestakuntzako ikastaroan onartutako bi izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.

Ikastaroak dirauen bitartean izangaiak praktiketako funtzionarioak izanen dira: horretarako, Alkatetzak, ebazpen baten bidez, praktiketako funtzionario izendatuko ditu eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolara atxikiko.

Prestakuntza ikastaroan, izangaiek C mailako hasierako soldataren ordainsariak jasoko dituzte.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenen kasuan, hartan jarraituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez du ematen lortu gogo den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Ikastaroan baja emateak oposizioaldian jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea ekarriko du. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio.

Oinarrizko prestakuntzako ikastaroan behin betikoz onartuak izan baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 2.1 atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak izangai horiek hautapen prozesutik kentzeko aginduko du; ondorioz, praktiketako funtzionario izateari utziko zaio.

Prestakuntza ikastaroa buruturik, Alkatetzak ebazpena emanen du izangaiak praktiketako funtzionario izatetik geldi daitezen.

6. oinarria.-Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketen kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da, 1. eranskinean ezarritako gutxienekoak gainditu edo ez.

Ariketaren batean "gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak eta dopajea galarazteko kontroletan positiboa ematen dutenak baztertuko dira.

6.2. Hautapen aldiko bigarren probako ariketen kalifikazioa deialdi honetako 5. oinarrian haien gainean adierazi bezala eginen da.

6.3. Hautapen aldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoen kalifikazioa deialdi honetako 5. oinarrian haien gainean adierazi bezala eginen da.

6.4. Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik.

Ikastaroa aprobatzeko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 atera beharko da gutienez, arlo bakoitzean.

6.5. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldian lortutako puntuazioei prestakuntza ikastarokoak gehituko zaizkie.

7. oinarria.-Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

7.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Castejongo Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Castejongo Udaleko zinegotzia, horretarako eskuordetutakoa.

Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Segurtasun Eskolak izendatu beharreko pertsona.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Segurtasun Eskolak izendatu beharreko pertsona.

Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Segurtasun Eskolak izendatu beharreko pertsona.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Segurtasun Eskolak izendatu beharreko pertsona.

Mahaikidea: Castejongo Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Castejongo Udaleko langileen ordezkaria.

Idazkaria: Castejongo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Raquel Pérez, Cadreitako Udaleko idazkaria.

7.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

7.4. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta horren berri emanen diote organo dei egileari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu dei honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

7.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, denetara ateratzen duten puntuazioaren ordenan, eta izendapen proposamena igorriko du probak gainditu dituzten izangaien alde.

9. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Alkateak Castejongo Udaltzaingoko udaltzain izendatuko ditu aurreko atalean aipatu proposamenean sartutako izangaiak, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Izendatzen diren izangaiak Castejongo Udaleko funtzionario eta Castejongo Udaltzaingoko kide bilakatuko dira. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 2/2007 Foru Legean ezarritako eginkizunak beteko dituzte eta haietan jasotzen diren eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.

9.3. Oposizioa gainditu ondoan Castejongo Udaltzaingoan sartzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertan kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitako babesean izan daitezen.

9.4. Izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epean hartu beharko dute karguaren jabetza izangai izendatuek. Horretarako, zin egin edo hitz eman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta zintzo beteko dituztela beren karguko eginbeharrak.

9.5. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, Castejongo Udaltzaingoan sartzeko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.

10. oinarria.-Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondorengo errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salari zuzendua, bi hilabetetan, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Castejonen, 2008ko apirilaren 25ean.-Alkate udalburua, sinadura ulertezina.

1. ERANSKINA

Lehen probako ariketak

1. Urean aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik, ezta beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Nola egin: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro igerian eginen ditu, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora urpean eginen du igeri, bi metro, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen ditu bi metro, eta paretaraino segituko du gero.

Izangaiak baztertzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren hondoan bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean igeri egiteko eremuan burua ur gainera ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

55" baino gehiago 58" baino gehiago Ez gai

55" edo gutxiago. 58" edo gutxiago. Gai

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

2. Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek lasterka egin beharko dute, joan eta etorri, 20 metroko bide puska batean, magnetofoi bateko seinaleen bidez agintzen zaien erritmoan. Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa bilakatuko da.

Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.

Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaia gelditzen denean.

b) Izangaia bere kaletik ateratzen denean.

c) Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra zapaltzen ez duenean.

d) Seinale akustikoa entzutean marra zapaltzen ez badu hiru aldiz jarraian (seinalea entzuten denean, lineatik metro bateko tartea onartuko da).

Kalifikazioa: bide puska zenbat aldiz egiten den kontuan harturik. Izangaia gelditu aurretik grabazioan entzun den azken seinalera arte kontatuko da.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

10 baino gutxiago 8 baino gutxiago Ez gai

10 edo gehiago 8 edo gehiago Gai

3. Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.

Nola egin: helburua da hasierako posizioari eustea eskatutako denboran, gutxienez. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster. Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.

b) Izangaiak zangoak flexionatzen baditu.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.

Kalifikazioa: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta ondoko eskalaren arabera:

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

40" baino gutxiago 25" baino gutxiago Ez gai

40" edo gehiago 25" edo gehiago Gai

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

4. Gorako jauziaren testa.

Abiatzeko jarrera: zutik "Bosco System" plataformaren barnean. Izangaiak besoak mugi ditzake eta enbor-belaunak tolestu ere bai, baina oinak mugitzerik ez du, ezta lurretik osorik nahiz apur bat bereizterik ere, jauzia egin aitzin.

Nola egin: izangaiak ahalik eta jauzi altuena egin behar du eta airean egon ahalik eta luzeen. Zutik erori behar du plataformaren barruan, oreka galdu eta errebotatu gabe.

Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:

a) Izangaia plataformatik kanpo erortzen bada, oin batekin edo biekin.

b) Izangaiak plataforma ukitzen duenean oinez besteko edozein gorputz-atalekin.

c) Izangaiak errebotatzen duenean plataformara erortzean.

Izangaiak nahi adina saio egiten ahalko ditu bi jauzi teknikoki baliagarri direnak egin arte.

Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

0"57 baino gutxiago 0"47 baino gutxiago Ez gai

0"57 edo gehiago 0"47 edo gehiago Gai

Denbora neurtuko da milarenak kontuan hartu gabe.

Kalifikazioa, betiere, plataformak neurtutako denboraren arabera emanen da. Izangaiek jakin dezaten, baliokidetze teorikoen taula hau eransten da, jauzia lortutako altueraren arabera neurtuta:

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

0,39 metro baino gutiago 0,27 metro baino gutiago Ez gai

0,39 metro edo gehiago 0,27 metro edo gehiago Gai

5. Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiadura - zalutasuna (Barrow testa)

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

Nola egin: probaren helburua da ahalik eta lasterren korritzea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Zirkuitua zoru lerragaitz baten gainean ezarriko da (porlan zimurtsua, asfaltoa, ez lerratzeko tratamendua duen parketa, etab.). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan).

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Zutoin bat botatzea.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzea.

Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek bukatzen direla izangaiak irteera-marra berriz gaintzitzen duenean.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

25"8 baino gehiago 27"8 baino gehiago Ez gai

25"8 edo gutxiago 27"8 edo gutxiago Gai

2. ERANSKINA

Bigarren probarako gai zerrenda

1.-Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2.-Nafarroako Foru Erakundeak. Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Gobernua edo Diputazioa. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Erakundeen eskumenak eta osaera.

3.-Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina (251/1993 LFD) eta Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea.

4.-Castejongo Udalak gaur egun duen antolaketa politiko eta administratiboa.

5.-Toki entitatearen araudia: Eremu publikoaren gaineko ordenantza eta Etxeko animaliak edukitzea arautzen duen osasun ordenantza.

6.-Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea. Zirkulazioaren erregelamendu orokorra.

7.-10/1991 Foru Legea, Adin txikikoei alkoholdun edariak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzkoa.

8.-Zigor Kodea: delitua, hutsegitea, ebasketa, lapurreta, ibilgailu motordunen lapurreta eta ebasketa, bidegabeko jabetzea, errezeptazioa, XIX. titulua: administrazio publikoaren kontrako delituak.

9.-Otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

10.-Nafarroako Toki Entitateak: antolakuntza eta eskumenak.

11-Toki entitatearen araudia: ordenantzak, erregelamenduak eta bandoak. Udal lizentziak.

3. ERANSKINA

Baztertze taula

1.-Altuera.

Gutxieneko altuera:

-1,70 metro, gizonezkoena.

-1,65 metro, emakumezkoena.

2.-Ikuspegia. Begien sistema.

-Zuzendu gabeko begi zolitasuna:

-4/10 bi begietan, edo

-3/10 begirik okerrenean eta 5/10 onenean, edo

-2/10 begirik okerrenean eta 6/10 onenean.

-Ikuseremu monokularra: ezin izanen da plano horizontalean 120&deg.-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bestera.

-Diplopia.

-Diskromatopsia larriak.

-Estereopsi falta.

-Keratotomia erradiala.

3.-Entzumena. Entzuteko sistema.

-500tik 3000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.

Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

4.-Hizkuntza.

-Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

5.-Giharren eta eskeletoaren aparatua.

-Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

-Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

-Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

-Zifosiak, 30º baino handiagoak.

-Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

-Espondilitis ankilosantea.

-Paget-en eritasuna.

-Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

-Fibromialgia.

-Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

6.-Digestio aparatua.

-Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

-B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

-Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Zirrosi hepatikoa.

-Behazun-zirrosi primarioa.

-Pankreatitis kronikoa.

-Fibrosi kistikoa.

-Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Kakari eutsi ezina.

7.-Bihotz-hodietako sistema.

-Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

-Arritmia eta blokeoak: aurre-eszitazioaren sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren nahaste guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

-Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

-Balbulopatiak.

-Miokardiopatiak.

-Perikardiopatia kronikoak.

-Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

-Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

-Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

-Hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

-Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

8.-Arnas aparatua.

-Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, enfisema, bronkiektasiak).

-Pleurako isuri berrituak.

-Berezko pneumotorax berrituak.

-Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

-Asma eta bronkioetako hiperrerreaktibotasuna.

9.-Nerbio-sistema.

-Epilepsia.

-Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

-Neurona motorearen eritasunak.

-Ataxiak.

-Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

-Parkinson-en eritasuna eta bestelako alterazio estrapiramidalak.

-Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

-Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

-Bertigoak.

-Siringomielia.

-Hidrozefalia.

-Miopatiak.

-Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

-Nerbio-sistema periferikoaren lesioaren ondoriozko paralisia, funtzioetan duen eraginaren arabera.

-Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

-Neke kronikoaren sindromea.

-Anosmia.

-Beste alterazio motore batzuk (tikak, estereotipia motoreak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

10.-Alterazio psikiatrikoak.

-Buruaren alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

-Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

-Eskizofrenia eta bestelako alterazio psikotikoak.

-Gogo-aldartearen alterazioak (jokabide bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi handia, alterazio distimikoak).

-Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

-Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

11.-Sexu eta gernu-aparatua.

-Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

-Pixari eutsi ezina.

-Giltzurruneko polikistosia.

12.-Sistema endokrinologikoa.

-Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

-Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Addison, Cushing, Feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bestelako alterazioak.

-Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

-Mellitus diabetesa.

-Adenomatosi endokrino anizkoitza.

-Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

13.-Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

-Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

14.-Odola eta organo hematopoietikoak.

-Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak.

-Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

-Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako alterazioak.

-Inmunoeskasiak.

-Esplenektomia.

-Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

15.-Bestelakoak.

-GIB birusaren antigorputzen eramailea.

-Amiloidosia.

-Kolagenosia.

-Lupus eritematoso sistemikoa.

-Artritis erreumatoidea.

-Esklerodermia.

-Sjögren-en sindromea.

-Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Loditasuna (GMI > 25).

16.-Ohar orokorrak.

-Baztertzeko moduko patologiak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

-Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Funtzioetan eragina duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

4. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .................................., NAN zenbakia: ......................, bizitokia: ......................, karrika: .............., zenbakia: ................., solairua: .............., telefonoa: .............

Honako hau azaltzen dut:

Nahi dudala Castejongo udaltzain izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izan.

Adierazten dut:

Deialdian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Eskari honekin batera aurkezten dudala deialdian aipatutako proba fisikoak egiteko egoera onean nagoela ziurtatzen duen egiaztagiri mediko ofiziala.

Ondoko lanposturako aurkezten naizela:

f Txanda irekia

f Txanda murriztua.

Horiek horrela,

Eskatzen dut:

eskabide hau epearen barrenean eta behar bezala aurkeztu baitut, onar nazazula udaltzain izateko hiru lanpostu betetzeko oposizioan.

Castejonen, 2008ko ....(a)ren ...(e)an.

(Sinadura)

CASTEJONGO UDALEKO ALKATE JAUNA.

Iragarkiaren kodea: L0806702