65. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

BERA

Deialdia, Berako Udalaren zerbitzuan euskaraz dakien administrari bat funtzionario gisa eta oposizio-lehiaketa bidez hartzeko

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Berako Udalaren zerbitzuan euskaraz dakien administrari bat funtzionario gisa eta oposizio-lehiaketa bidez hartzea du xede deialdi honek.

1.2. Izendapenak funtzionario bihurtuko du izendatua, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioei buruzko xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.3. Izendatzen den izangaia Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko C mailan sartuko da eta aipatu maila horri dagozkion oinarrizko lansariak eta, behar izanez gero, Udalaren plantilla organikoan esleitzen zaizkion lansari osagarriak jasoko ditu.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Udalaren organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahal dute.

1.5. Probak gainditu arren lanpostu hutsa eskuratzen ez duten izangaiekin zerrenda osatuko da, Berako Udalak aldi baterako langileak kontratatzeko erabiltzen ahalko duena, betiere puntuazio ordenari hertsiki lotuz.

2. oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Europar Batasuneko kide den estatu batekoa izatea, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, Batasuneko herritarren ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Gutxienez ere, batxilergo titulua, bigarren graduko Lanbide Heziketarena edo balio bereko beste bat izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Euskaraz jakitea, hautatze prozesuan Hizkuntz Eskolaren batean eskuratutako gaitasun agiriaren bidez frogatu beharko dena, edo horren balio berekotzat jotzen den beste titulazio baten bitartez, edo, bestela, izangaiak hizkuntza maila nahikoa baduela erabakiko duen proba gaindituz.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Berako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako bat baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean, azken eguneko arratsaldeko ordu bata arte.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

3.2. Izangaiek eskatzen zaizkien tituluen egiaztagiriak aurkeztuko dituzte eskabidearekin batera, baita baremorako alegatzen dituzten merezimendu guztienak ere. Agiriok jatorrizkoak izanen dira edo kopia kautotuak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, honako hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea amaiturik, eta haiek ebatzita, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den. Ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu gainerako ariketak egiteko iragarkiak, erregelamenduak agintzen duen moduan.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Josu Iratzoki Agirre, Berako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Helena Santesteban Guelbenzu, Berako Udaleko 1. alkateordea.

Mahaikidea: teknikari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: teknikari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharrekoa.

Mahaikidea: teknikari bat, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: teknikari bat, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatu beharrekoa.

Mahaikidea: Rosa Sein Ordoqui, Berako Udaleko administraria.

Ordezkoa: Gemma Michelena Agesta, Berako Udaleko administraria.

Mahaikide idazkaria: Pilar Chueca Intxusta, Berako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Iñigo Urdangarin Zurutuza, Berako Udaleko kontu-hartzailea.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketa baliozkoa izateko ezinbestekoa da mahaiburua eta idazkaria bertan egotea, edo haien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, haien egoera Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen direnetako bat baldin bada.

Halaber, izangaiek mahaikideak errefusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek laguntza emanen diete epaimahaikoei, nork bere espezialitate teknikoan.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta, gutxienez, bi hilabete igaro ondoren hasiko da oposizio-lehiaketa, irailean, gutxi gorabehera.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

A-Lehiaketaldia.

6.2. Izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, ondotik heldu den baremoaren arabera baloratu ere. Merezimendu guztiak oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egiterakoan aurkeztu eta egiaztatu beharko dira agirien bidez. Horiek jatorrizkoak edo behar bezala egiaztatuak izan beharko dute, bestela aurkeztu gabetzat joko baitira.

6.3. Merezimenduak:

a) Prestakuntza ikastaroak lanpostuari dagozkion gaietan, hala nola informatika, kontabilitatea, artxiboa, euskara eta epaimahaiak baloratuko dituen beste batzuk, gehienez ere 3 puntu.

b) Deialdian eskatutakoez bestelako titulazioak, gehienez ere 7 puntu.

-Lehen graduko Lanbide Heziketa, edo baliokidea, arlo administratiboan: 4 puntu.

-Bigarren graduko Lanbide Heziketa edo baliokidea, arlo administratiboan: 7 puntu.

Puntuazio handienekoa bakarrik hartuko da kontuan, ezin baitira metatu.

Haien fotokopia egiaztatuen bidez frogatuko da.

c) Esperientzia Administrazio Publikoan: 17 puntu, gehienez ere.

-Esperientzia administrari laguntzaile edo administrari gisa Nafarroako Udaletan: 2 puntu urte bakoitzeko, eta 12 puntu, gehienez ere.

-Esperientzia administrari laguntzaile edo administrari gisa Nafarroako beste toki administrazioetan: 1,5 puntu urte bakoitzeko, eta 8 puntu, gehienez ere.

-Esperientzia administrari laguntzaile gisa bestelako administrazio publikoetan: puntu bat urte bakoitzeko, eta 5 puntu, gehienez ere.

Zein administrazio publikotan egin diren zerbitzuak, hark, lanaldia zehazten duela, ziurtagiri bidez egiaztatuko ditu, eta egin direnak onartuko dira, zein den ere haien kontrataziorako araubidea. Aldi berean egindakorik bada, puntuaziorik altuena ematen dutenak baloratuko dira, besteak ez.

Frogaturiko esperientziako denbora urte kopuru osoa ez bada, edo lana ez bada lanaldi osoan egin, behar den proportzionaltasuna aterako da.

d) Frantsesez jakitea. Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiriaren bidez egiaztatuko da, edo ofizialki baliokidea den beste tituluren baten bidez, edo maila zehazteko proba eginez. Gehienez ere 3 puntu emanen dira, eta ez da baztergarria izanen.

Merezimenduengatik 30 puntu atera daitezke, gehienez ere.

6.4. Lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak noiznahi.

6.5. Lehiaketaldia bukaturik, epaimahaiak iragarkien oholean jarriko du izangaien zerrenda, haietako bakoitzak lehiaketaldian ateratako puntuak zehaztuta.

B.-Oposizioaldia.

6.6. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

.Lehen ariketa: euskara, proba hauekin:

-Proba idatzia:

Testu baten laburpena eta haren gaineko ahozko iruzkina. Epaimahaiak euskarazko testu txiki bat emanen die oposiziogileei Toki Administrazioari buruz, 30 minutuan gehienez ere irakur dezaten, baina oharrik hartu gabe. Ondoren, testua bildu eta 30 minutu emanen zaie, gehienez ere, izangaiei, haren laburpena euskaraz egin dezaten.

Testuko ideien sintesia egiteko gaitasuna, haiek azaltzeko ordena eta zuzentasun gramatikala -sintasian eta ortografian, batez ere- baloratuko dute epaimahaikoek. Hitzen erabilera semantiko egokia eta azken dokumentuaren aurkezpena eta formatua ere baloratuko dituzte.

-Ahozko proba:

Izangai bakoitzak euskaraz azalduko du epaimahaikoek emandako testua.

Idatzizko proba 0tik 12 puntura baloratuko da. Gutxienez 6 puntu behar dira, gainditzeko.

Ahozko proba 0tik 8 puntura kalifikatuko da. Gutxienez 4 puntu behar dira, ariketa gainditzeko.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere: 20 puntu. Gainditzeko, 10 puntu beharko dira, gutxienez ere.

Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Idazkaritzako eta Bortzirietako Euskararen Mankomunitateko langileek prestatuko dute euskarazko proba.

.Bigarren ariketa: II. eranskina.

a) Teorikoa: ordubeteko iraupena izanen du eta programaren II. eranskinean jasotzen diren gaiei buruzko hainbat galdera motz edo test modukoei idatzita erantzun beharko zaie.

0tik 10 puntura bitarte kalifikatuko da. Gainditzeko, 5 puntu beharko dira, gutxienez ere.

b) Praktikoa: bi dokumentu edo gehiago egin beharko dituzte gaztelaniaz edo euskaraz (ofizioak, Alkatetzaren dekretuak, bandoak, iragarkiak, eskabideak etab.), toki entitate bateko administrari lanpostuan egin behar izaten direnak.

Epaimahaiak idatziz, ahoz edo ordenagailuz egitea planteatzen ahalko du kasu praktiko bakoitza. Bestetik, dokumentua eskuz edo ordenagailuz egitea eska dezake epaimahaiak.

Proba honetan alderdi gramatikalak (sintasia, ortografia eta semantika) nahiz agiriaren aurkezpena baloratuko dira; proba ahoz egiten bada, epaimahaiak ematen dituen datuak behar bezala jasotzea.

0tik 20 puntura bitarte kalifikatuko da. Gainditzeko, 10 puntu beharko dira, gutxienez ere.

Bigarren ariketaren puntuazioa, gehienez ere: 30 puntu. Gainditzeko, 15 puntu beharko dira, gutxienez ere.

.Hirugarren ariketa:

-Informatika: informatikari buruzko ezagupenez eta toki administrazioan duten aplikazioari buruz. Horretarako:

a) Galdera laburrez osatutako galdera sorta, unean bertan banatuko dena inprimakian berean erantzuteko.

b) Kasu praktiko bat:

Proba horien gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, haiek hasi aurretik.

Animsa sozietateko teknikariek prestatuko dute informatikako proba.

Hirugarren ariketaren gehieneko puntuazioa: 10 puntu. Gainditzeko, 5 puntu behar dira, gutxienez ere.

.Laugarren ariketa:

-Proba psikoteknikoak: Nafarroako Gobernuko Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuko langileek prestatuko dute.

Epaimahaiak 0tik 10era bitarteko puntuaziora ekarriko du Psikologia Zerbitzuaren balorazioa eta bazterturik utziko du 6 puntu gainditzen ez dituena.

Lehiaketaldiaren gehieneko puntuazioa: 30 puntu.

Oposizioaldiaren gehieneko puntuazioa: 70 puntu.

Oposizio-lehiaketaren puntuazioa, guztira: 100 puntu.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketen iraupena, ariketa bakoitza egiterakoan.

6.7. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, bai Udalaren iragarki oholean bai probak egin diren tokian, haiek gainditzen dituztenen zerrenda eta lortutako kalifikazioak; halaber, oposizioko hurrengo ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den, gutxienez ere 48 ordu lehenago.

6.8. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikoa dela uste duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

Oposizioko bi ariketetako puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, hura hausteko, proba praktikoan emaitza hoberena izan duen pertsonaren alde eginen da.

7. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketa kalifikatu ondoan, epaimahaiak jendaurrera aterako du, Berako Udalak Herriko Etxean dituen bulegoetan, probak gainditzen dituzten pertsonen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera, izangai bakoitzak oposizioko ariketetan eskuratutako kalifikazioak batuta. Harekin batera, puntuazio handieneko izangaia izendatzeko proposamena jarriko da. Proposamen hori Udaletxeko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

7.2. Epaimahaiak proposatutako izangaia izendatuko du Berako Udalak eta izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko. Proposaturiko izangaiak ondoko agiriak ekarri beharko ditu, izendapen proposamena argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia egiaztatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidea.

b) Deialdian eskatu den tituluaren fotokopia egiaztatua edo hura lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikotako zerbitzutik ez dela bereizia izan erakusten duena.

7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du utzitako hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautatze prozesua bukatutakoan, aukeratutako izangaia izendatuko du Berako Udalak.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean. Epe horretan lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Berako Udaleko funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu, eta aurreko oinarrian zehaztu bezala jokatuko da.

9. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta bere aplikaziotik sortzen diren egintzen kontra, ondoko errekurtso hauek aurkezten ahal dira, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edo errekurtsoa eragin duen aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

I. ERANSKINA

Izena: ................................., adinez nagusia; nortasun agiri nazionalaren zenbakia: ........................... (edo balio bereko beste agiriren bat): ........................, sorteguna: ................................., sorterria: .................................... (.........), nazionalitatea: ................, egungo helbidea: .................................. (........), kalea: ..............................., posta kodea: ................, telefonoa: ....................

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Berako Udalean euskaraz dakien administrari bat, funtzionario gisa eta oposizio-lehiaketa bidez hartzeko deialdian, .........(e)ko .... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, .........aren ..... (e)an, argitaratu zen hartan, onartua izatea eskatzen dudala.

Deialdiko baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Deialdi honetan eskatzen diren euskarazko ezagupenak erakusten dituen titulua (erantsi diodala/ez diodala erantsi) eskabideari.

Deialdian baloratzeko frantsesezko ezagupenak erakusten dituen titulua erantsi diodala deialdiari / Frantsesezko proba egiteko eskatzen dudala, hizkuntza horretako ezagupenak baloratzearren. (Frantsesezko ezagupenik bada, behar dena aukeratu).

Horrenbestez,

Eskabide hau onar dezazula eskatzen dizut eta, horren ondorioz, onar nazazula probetan, Berako Udalean euskaraz dakien administrari bat, funtzionario gisa eta oposizio-lehiaketa bidez hartzeko deialdian.

...........(e)n, ....(e)ko .......aren .... 200(e)an.

(Sinadura)

BERAKO UDALEKO ALKATEA.

II. ERANSKINA

1.gaia.-Udal ordenantzak eta erregelamenduak: motak eta haiek onesteko baldintzak. Alkatearen bandoak.

2. gaia.-Nafarroako Toki Administrazioa. Antolaketa eta administrazioa. Entitate motak. Eskumenak. Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Haien organoak eta eskumenak. Bilkuren araubidea. Herritarren partaidetza.

3. gaia.-Udala. Osaera. Haren kideak hautapena. Osoko Bilkura, Gobernu Batzordea eta bestelako batzordeak. Bilkuren araubidea. Alkatetzaren ebazpenak.

4. gaia.-Administrazio egintza. Administrazio prozedura. Kontzeptua eta erregulazioa. Ideia orokorra haren hasieraz, antolamenduaz, instrukzioaz eta bukaeraz. Administrazio egintzen jakinarazpena: epeak eta moduak. Argitalpena.

5. gaia.-Errekurtso administratiboak. Isiltasun administratiboa. Toki entitateen egintza eta erabakien aurkako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak. Gora jotzeko errekurtsoaren aipamen berezia.

6. gaia.-Administrazio agiriak: ofizioa, eskabidea, egiaztagiria, akta, zirkularra, erabakien igorpena.

7. gaia.-Nafarroako toki ogasunen baliabideen zerrenda eta haien sailkapena. Haien definizioa eta azterketa laburra. Tasak eta prezio publikoak. Udal zergak. Zerga kudeaketa eta dirubilketa.

8. gaia.-Nafarroako toki entitateen aurrekontu orokorrak. Egitura. Gastuen sailkapen ekonomikoa eta funtzionala. Aurrekontuetako kredituen araubide juridikoa. Onesteko eta aldatzeko bideak.

9. gaia.-Udal erroldaren gaineko ideia orokorra, hautesle-errolda, katastroa, ibilgailuen errolda, jarduera ekonomikoen gaineko zerga.

10. gaia.-Toki korporazioen zerbitzuko langileak. Motak. Plantilla organikoa. Funtzionarioen hautapena. Lan publikoaren eskaintza. Funtzionarioen eskubide eta eginbeharrak. Lansariak. Eskubide sindikalak eta ordezkaritza kolektiboa.

11. gaia.-Kontratazioa. Obra kontratuak. Esleipena baino lehenagoko jarduketak. Kontratatzeko espediente motak. Esleitzeko bideak. Kontratazio mahaia. Kontratua formalizatzea. Kontratua aldatu eta iraungitzea. Bermeak.

12. gaia.-Nafarroako toki entitateen ondasunak. Kalifikazio juridikoa. Eskuratzea, defendatzea, begiratzea eta berreskuratzea. Inbentarioa, besterentzea eta kargatzea. Herri ondasunak.

13. gaia.-Hirigintzako lizentzien, jarduera sailkatuen eta irekitzeko lizentzien gaineko ideia orokorra. Edukia eta prozedura.

14. gaia.-Nafarroan euskara arautzen duten arauak. Abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea, euskararen erabilera arautzen duena. Nafarroako Administrazio Publikoetako euskararen erabileraren erregulazioa garatzen duen araudia.

Beran, 2008ko apirilaren 23an.-Alkatea, Josu Iratzoki Agirre.

Iragarkiaren kodea: L0806707