I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
871/2008EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Tiebas-Muru Artederretako udal mugapean karea egiteko. Jardueraren titularra Cal Industrial, S.A. da.
2006ko abenduaren 26an, Cal Industrial, S.A.k Ingurumen baimen integratua eskatu zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Tiebas-Muru Artederretan duen instalazio industrialerako.
Instalazio hori, jadanik badena, Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 3.1 epigrafean jasota dago, "Zementua edo clinkerra biraketa labeetan fabrikatzeko instalazioak, egunean 500 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak edo 50 tonatik gorako ekoizpen ahalmena duten bestelako labeetan " izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.
Era berean, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 3.1. epigrafean jasota dago, hots, "Zementua edo clinkerra biraketa labeetan fabrikatzeko instalazioak, egunean 500 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak edo 50 tonatik gorako ekoizpen ahalmena duten bestelako labeetan" izenekoan, eta horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskugarriak tarteko diren kasuetarako.
Baimen honen barnean dago iragazketa bidez lurzoruan isurketak egiteko baimena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat; horri begira, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da. Txostena Ebroko Ur Konfederazioak eman zuen.
Ebazpen honen IV. eranskinean, orain arte egin den tramitazio administratiboaren laburpena ageri da. V. eranskinak, berriz, jendaurrean egoteko aldian aurkeztutako alegazioak eta bakoitzari eman zaion erantzuna biltzen ditu.
Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu dudan ahalmena erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen baimen integratua ematea, Tiebasko udal mugapean karea egiteko. Instalazioaren titularra Cal Industrial, S.A. da.
2. Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedaturikoaren arabera.
3. Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1026/06 espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.
4. Ingurumen arloko baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.
5. Ingurumen arloko baimen honek bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da beti ere isurketek aldian-aldian indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi honen zehar legeriak isurketa baimenetarako epe handiagoa ezarriko balu, ez luke eragozpen teknikorik izanen hasierako epea arauak aurreikusten duen gehienezko eperaino zabaltzeko. Hau guztia legeek aurreikusitako kasuetan Ebroko Ur Konfederazioak Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko eskatzen ahalko dio organo autonomikoari (uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 26. artikulua eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarririko baldintzak behin eta berriro bete ezik, isurtzeko baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarririko prozedurarekin bat.
6. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den ala ez, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
7. Instalazioak Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskugarrien Sortzaile Txikien Erregistroan duen inskripzioa bere horretan uztea, PP/912/NA/2005 zenbakia hain zuzen, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A271 (1) da, hots, zementuak, kareak eta igeltsuak fabrikatzea (265), hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal dituen hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarrien sorreran egiten ahal diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskin horretan sartzeko.
8. Hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko plana onetsi da (planeko neurriak titularrak aurkeztutako dokumentazioan sartu dira), ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.
9. Ontzien hondakinen prebentziorako enpresen plana onetsi da. Ontziei eta ontzi hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen 7. xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, ontziratzaileek plan hori egin eta autonomia erkidegora igorri beharko dute hiru urtetik behin, apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretuan zehaztutako ontzi hondakin kopurua sortu dezaketen produktu ontziratuak edo industria edo merkataritza ontziak merkaturatzen badituzte. Ontzi hondakin horien ekoizpena eta kaltegarritasuna ahal den txikiena izan eta jatorrian aurrea hartzeko neurriak ezarririk daude titularrak aurkeztu duen dokumentazioan, hobekuntza teknikoen barruan.
10. 2008ko ekainaren 1a baino lehen, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
11. Departamentuak araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan haiei buruz espresuki egindako adierazpenik badago.
12. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
13. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
14. Ebazpen hau jakinaraztea Cal Industrial, S.A.ri, Tiebas-Muru Artederretako Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2008ko apirilaren 30ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.
Iragarkiaren kodea: F0807187