Iragarkia
65. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 26a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
155/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 18koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana. Haren bidez onesten dira, 2008rako, Nafarroako Foru Komunitatean adingabeen babesaren esparruan aritzen diren entitateentzako diru-laguntzen deialdiaren arauak.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak bere jarduketa esparruan dauzka haurtzaroa eta familia, oinarrizko osasun laguntzan.
Irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari esleitu zitzaizkion, beste eginkizun batzuen artean, Nafarroako Foru Komunitateko familiaren eta adingabeentzako programen sustapena, koordinazioa, kudeaketa eta segimendua egitea.
Bestalde, irailaren 3ko 2007/3 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluaren bidez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurrekontuen kargura emanen diren dirulaguntzen deialdiak egiteko eskumena Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari esleitu zitzaion.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean adingabeen babesaren esparruan aritzen diren entitateei emanen zaizkien dirulaguntzen 2008ko deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren arauen arabera.
2. 115.375 euroko gastua baimentzea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Adingabeen eta lantegi eskolen esparruan dirulagunzen deialdia " izeneko 950002 92300 4819 231700 kontusailaren kargura.
3. Deialdiaren arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
4. Foru agindu hau jakinaraztea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari, Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuari eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2008ko apirilaren 18an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
ERANSKINA
Deialdiaren arauak
1. Xedea eta aplikazio eremua.
Deialdi honek xedea du 2008ko diru-laguntzak esleitzeko araubidea ezartzea, Nafarroako Foru Komunitateko adingabeen babesaren esparruan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateen funtzionamendurako eta jardueren sustapenerako.
Diru-laguntza hauen xedea da adingabeen esparruan aritzen diren elkarte eta gainerako entitateek talde horien premiak asetzeko ekintzak egitea bultzatzea.
2. Dirulaguntzen xede izan daitezkeen ekintzak.
Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak diruz lagunduko ditu babesgabe eta gatazka sozialean diren adingabeentzako gizarte eta hezkuntzako esku-hartzeak eta baita esku-hartze terapeutikoa ere ; zehazki, egoera horietan diren adingabeen bizi baldintzak hobetzeko programak, lehen, bigarren eta hirugarren mailako prebentzio programak ezarriz.
2. Ez dira diruz lagunduko haur eta gazteentzako gainerako programak, baldin eta babesgabe eta gatazka sozial egoeran ez badaude.
3. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta laguntza-metaketa.
1. Diru-laguntza gisa, osotara, 36.000 euro ematen ahalko dira urtero, gehienez.
2. Eskatutako kopurua gehienez ere 36.000 eurokoa izanen da, urtero. Bestela, eskaera ez da onartuko.
3. Diru-laguntzak emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako diru nahikoa egotea.
4. Aurkezten diren entitateek diru-laguntza bana jasoko dute soilik, programa batengatik.
5. Diru-laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da.
4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak diru-laguntza eskatzen den jarduera garatzeko beharrezkoak izanen dira.
2. Diru-laguntza jasotzen duten entitateek pertsonal, funtzionamendu eta jarduera gastuetarako erabiliko dute, eta funtzionamendu gastuak emandako diru-laguntzaren %30 izanen dira gehienez.
5. Betebeharrak
1. Deialdi honen ondorioetarako, elkarteek eta entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera egiten duten egunean:
a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko entitate, zerbitzu eta zentroen erregistroan inskribatua egotea.
b) Irabazi asmorik ez izatea eta gizarte egoitza Nafarroan izatea.
c) Estatutuetan egotea, erakundearen xede gisa, adingabeekin babesarekin ikustekoa duten jarduerak egitea.
d) Zergei buruzko betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak eguneratuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko akordio batera lortu dela frogatzea.
e) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia eta langile eta baliabide aski izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.
f) Lehenago Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntzak hartuak izanez gero, frogatu beharko dute diru-laguntza horiek emateko ebazpenetan finkatutako eginbehar guztiak eginak dituztela.
g) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.
2. Baldintza horiek guztiak lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.
6. Programa egiteko epea.
Diruz lagundutako programak urte batean burutu behar dira. Edozein egunetan hasten dela ere, diruz lagunduko diren jarduerek 2008ko abenduaren 31rako bukatuak izan behar dute.
7. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.
Diru-laguntza eskaerak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira Nafarroako Mendekotasun Agentziako Erregistroan (González Tablas, zk.g.), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako beste erregistroetako bat baliatuz.
8. Dokumentazioa
Eskaera orokorraren inprimakia, entitatea legez ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsona batek sinatua, aurkeztuko da, honako agiri hauekin batera:
a) Entitate eskatzaileari buruzko agiri orokorrak:
-Elkartearen edo entitatearen estatutuak.
-Entitatearen legezko helbidearen ziurtagiria.
-Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea egiaztatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.
-Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Entitateen, Zerbitzuen eta Zentroen Erregistroko inskripzioaren egiaztagiria.
-Izaera juridikoa dela medio, dagokion beste edozein inskripzioren egiaztagiria.
-Identifikazio fiskaleko txartela.
-Hala behar izanez gero, eta deialdi honen 12. arauan aurreikusitakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsen aurretiazko hornidura justifikatzeko txostena. Bereziki justifikatu beharko da entitateak ordainketak egin behar dituela diru-laguntza jasotako jarduera justifikatu baino lehen, edo ez duela ordainketa horiei aurre egiteko funtsik.
-Transferentzia bidez kobratzeko eskaera.
-Ardurapeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, ez dago eskatutako agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo honek badauzkan datuak badira, salbu diru-laguntzaren helburuak betetzeko fondoen aurretiazko hornidura justifikatzeko txostena. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko.
b) Diru-laguntza jaso nahi duen programaren gaineko memoria teknikoa, honen deskribapena eta ondoko datu hauek zehazturik:
-Helburuak.
-Zein gizatalderi zuzentzen zaizkion egintzak.
-Eginen diren jarduerak eta haien metodologia.
-Laguntza emanen zaien pertsonen kopuruaren kalkulua, eta ekintzak gauzatuz lortu nahi diren emaitzena.
-Giza baliabideak.
-Egiteko datak; diru-laguntza eskatu den urte horretan berean egin beharko da.
-Ebaluazio sistema:
-Eta programa baloratzeko interesgarriak izan daitezkeen gainerako gorabehera guztiak.
c) Agiri ekonomikoak:
-Programaren aurrekontua guztira.
-Programa garatzeko eskatzen den zenbateko zehatza, gehienez ere 36.000 euro.
Bai proiektuaren aurrekontu osoaren bai eskatzen den zenbateko zehatzaren gastuak zehaztu beharko dira, kontzeptuka (langileak, funtzionamendua eta jarduerak).
-Hala denean, programa osoa finantzatzeko dauden beste baliabide batzuk.
9. Antolamendua eta izapideak.
1. Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Adin Txikikoak Babesteko Atalari esleitu zaizkio. Arau hauetan organo instruktoreari egindako aipamenak atal horri egindakotzat hartuko dira.
Organo izapidatzaileak administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) baten laguntza izanen du.
2. Eskerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunarihots eginen zaio 15 egun naturaletan okerra zuzendu dezan, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.
3. Ez da diru-laguntza eskaerarik tramitatuko baldin eta txosten teknikoak eta ekonomikoak aurkeztu ez badira eta, halakorik balego, aurreko urteko diru-laguntzaren gastuaren fakturak ekarri ez badira.
4. Eskaeren balorazioa Batzorde Tekniko batek eginen du. Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuko zuzendariak, Adin Txikikoak Babesteko Ataleko buruak eta eta Atal horretako Arazo Sozialak dituzten Adingabeei Laguntza Emateko Bulegoko buruak osatuko dute Batzorde hori.
5. Programak baloratu ondoren, organo izapidatzaileak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari.
10. Balorazioa.
1. Entitate eskatzaileek aurkeztutako programak baloratzeko honako irizpide hauek erabiliko dira:
a) Entitate eskatzaileen balorazioa: 15 puntu gehienez, honela banaturik:
-Entitateen helburuak, 5 puntu gehienez.
-Adingabeen esparruan aurretik zuen esperientzia, 5 puntu gehienez.
-Herri, probintzia edo bestelako mailetan hezkuntzaren, gizartearen eta osasunaren esparruko bestelako entitate eta elkarteekin lankidetza eta koordinazioa, gehienez 5 puntu.
b) Programen balorazioa, 45 puntu gehienez, 8. arauaren b) letran eskatutako edukia kontuan hartuta. Zehatz-mehatz,
-Programaren kalitatea, gehienez 35 puntu
-Aurreko urteetan egindako programen eraginkortasuna, gehienez 10 puntu.
c) Baloratu beharreko beste alderdi batzuk: gehienez 40 puntu.
-Aurreko ekitaldietan abiarazitako programa edo jardueren jarraipena bultzatzea, interes publikoko arrazoiek direla eta, gehienez 15 puntu.
-Oinarrizko zerbitzu komunitarioek egindako beste programen osagarri izatea eta haiekin koordinatzea, gehienez 5 puntu.
-Gizarteak dituen beharrei erantzutea, gehienez 5 puntu.
-Proiektu berritzaileak izatea, gehienez 15 puntu.
2. Ondoko entitate hauek deialditik at geldituko dira:
a) Arau honetako lehen ataleko a) letran aurreikusitako balorazioan 8 puntu baino gutxiago lortu duten entitateak.
b) 8. arauaren b) letran eskatutakoa ez bezalako edukia duen programa sustatzen dutenak.
c) Arau honetako lehen ataleko b) letran aurreikusitako programen balorazioan 25 puntu baino gutxiago lortu dutenak.
d) Arau honetako lehen ataleko b) letran aurreikusitako programen balorazioan 20 puntu baino gutxiago lortu dutenak.
e) Arau honetako lehen ataleko c) letran aurreikusitako programen balorazioan 20 puntu baino gutxiago lortu dutenak
f) Deialdiaren guztirako balorazioan 50 puntu baino gutxiago lortzen dituztenak.
3. Baztertu ez diren entitateen zerrenda eginen da, puntuazioaren araberakoa, eta bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko da.
4. Diru-laguntzaren zenbatekoa ondoko puntuazio hauen arabera finkatuko da:
a) 86 puntu edo gehiago: eskatutako zenbatekoaren %100.
b) 70 puntutik 85 puntura: eskatutako zenbatekoaren %90.
c) 60 puntutik 69 puntura: eskatutako zenbatekoaren %75.
d) 50 puntutik 59 puntura: eskatutako zenbatekoaren %50.
5. Diru-laguntzak emateko, ezarritako balorazio irizpideak aplikatzeak dakarren lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio, dagoen diruaren arabera ezarririko mugarekin.
11. Ebazpena.
1. Prozedura tramitatu eta ebazpen proposamena egin ondoren, ebazpena Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak eman beharko du.
2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori betetzen bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi dela ulertuko da, gero ematen den ebazpen espresuaren nondik norakoa edozein delarik ere.
3. Ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, diru-laguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.
12. Ordainketa.
1. Proiektua burutu dela frogatzen denean ordainduko da diru-laguntza.
2. Diru-laguntzaren xedeak betetzeko fondoak eskuratu beharra dagoela frogatu den kasuetan, esleitutako diru-laguntza bi ordainketen bidez eginen da, 8. arauan ezarritakoarekin bat.
a) Ordainketa bat, %75ekoa, diru-laguntza esleitu duen ebazpenarekin batera emanen da.
b) Bigarren ordainketa, gainerako %25ekoa, programa bukatu eta justifikatuta emanen da.
Aurrerakin hori jasotzeko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortzen dituen betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.
13. Jarraipena eta kontrola.
Organo instruktoreak burutzen diren jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen du, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, jarraipen eta kontrolerako bestelako jarduketak galarazi gabe, entitate onuradunak urtero txosten tekniko bat aurkeztu beharko du, egindako jarduerei buruzkoa.
14. Entitate onuradunen betebeharrak.
Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntza zein programa eta jardueratarako ematen den, horiek burutzea deialdiaren arauen arabera, ez baita zilegi diru hori erabiltzea eman zenaz bestelako helburuetarako.
b) Jarduera egin dela eta diru-laguntza emateko edo erabiltzeko baldintza guztiak betetzen direla justifikatzea, jarduera bukatu eta hilabeteko epean, beti ere 2009ko urtarrilaren 8a baino lehen, 2008ko abenduaren 31 baino lehen bukatu diren jarduerak badira.
c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.
d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste diru-laguntza, dirusarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
e) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.
g) Froga gisa, entitateak programaren dirusarrera eta gastuen balantzea aurkeztuko du, eta harekin batera diruz lagundutako programari aplikatutako gastuen zerrenda bat, non zehaztuko baitira dokumentu zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, hartzailea, jaulkipen-data eta ordainketaren data.
Zerrenda horrek ziurtagirien bermea beharko du (fakturak edo antzeko froga-balioa duten dokumentuak); jatorrizkoak izan beharko dute, eta kopia bat erantsita aurkeztuko dira. Egiaztagiri guztietan (faktura, banku-laburpenak, jasotze-agiriak, etab.) honako hauek agertu behar dute: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua, prezioa, ordainketa-modua; eta ordainketa frogatzen duen dokumentua erantsita behar dute.
h) Memoria teknikoa aurkeztea. Bertan, gutxienez, honako hauek bilduko dira:
-Entitatearen eta proiektuaren identifikazioa.
-Lortutako helburuak.
-Parte hartu edo onura lortu duen giza taldea.
-Egindako jardueren azalpen laburra, edukiak, metodologia, bilakaera denboran eta beste erakundeekin izandako koordinazioa jasoz.
-Proiektua burutzean izandako oztopoak.
-Proiektuaren balorazioa, ezarri ziren irizpideen araberakoa.
i) Eginbeharreko proiektuaren publizitatean Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntza aipatzea, eta hori azaltzea urteko memoriako deskribapenean, erabiltzen den materialetan, kartel edo paneletan, hala nola Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak bidezkotzat jotzen dituen beste edozein baliabidetan.
Halaber, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak, urte bukaeran, emandako diru-laguntzen zerrenda jarriko du bere iragarki oholean, diru-laguntzaren entitate hartzailea, zenbatekoa eta helburua adierazita.
j) Proiektua egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, diru-laguntzaren onuradunak behar den bezala frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela.
Horretarako, entitateak aski izanen du proiektua egiteko hiru aurrekontu aurkeztea, horretarako bidea baldin badago.
k) Diruz lagundutako jardueraren parte bat egiteko hirugarrenekin azpikontratazioa egin behar izanez gero, azpikontratazio horrek ez du emandako diruaren %25 baino gehiago hartuko.
15. Ez-betetzea.
1. Entitate onuradunak deialdi honen arauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako diru kopuruak itzuli beharra ekarriko du berarekin, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutza-korrituak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeko 19. artikuluak ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu ezertan galaraziko aipatu 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.
2. Aurrekoa gorabehera, bidezko izanen da eskubidea kentzea eta jasotako dirua, osorik edo partez, itzularaztea, honako kasu hauetan:
a) Diru-laguntza jasotzeko programaren oinarrian zeuden ekintzak ez burutzea.
b) Diru-laguntzak zuen xedeari edo hura emateko ezarritako baldintzei zegokiena ez betetzea.
c) Laguntza eskuratzea eskatzen ziren baldintzak bete gabe.
3. Orobat, bidezkoa izanen da eskubidearen iraungipena ezarri eta jasotako diru kopuruaren %50 itzularaztea diru-laguntzaren erabilera aldatzen baldin bada Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak baimena eman gabe edo zuzendaritza horrek aldaketak bidegabetzat jotzen baldin baditu.
Ildo horretan, entitate onuradunek diru-laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko kontuan izandako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari.
Bestalde, salbuespen gisa, entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, haren garapena eragozten duten gorabeherak azalduz gero.
4. Gainera, bidezko izanen da eskubidea galtzea eta jasotako diruaren %25 itzultzea, honako kasu hauetan:
a) Ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzea laguntzak zertan erabili diren.
b) Organo eskudunari egiaztapen lanetan oztopoak jartzea edo uko egitea.
16. Laguntzen bateragarritasuna.
Foru agindu honetako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako ematen diren bestelako dirulaguntzekin, betiere haien zenbatekoa, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa ez bada.
17. Errekurtsoak.
1. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edota errekurritutako ekintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean adierazitakoari jarraikiz.
2. Foru agindu hau betetzeko ekintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edo errekurritutako ekintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean adierazitakoari jarraikiz.
18. Aplikatu beharreko legeria.
Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F0806389
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
