65. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

933/2008 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez Gobernu Kontseiluak apirilaren 24ko erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kirol jardueren eta instalazioen funtzionamendu-arau orokorrak onesten dituen erabakia argitaratzeko agintzen da.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2004ko apirilaren 24an Gobernu Kontseiluak onetsi zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kirol jardueren eta instalazioen funtzionamendu arau orokorrak argitaratzea agintzen dut. Honako hauek da erabaki hori:

"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN KIROL JARDUEREN ETA INSTALAZIOEN FUNTZIONAMENDU-ARAU OROKORRAK ONESTEARI BURUZKO ERABAKIA

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, kirol instalazioen erakunde titularra baita, haiek behar bezala erabil daitezen zaintzeko konpromisoa hartu du, erabiltzaileek kirol jarduerak ?norberaren garapen osasungarriaren funtsezko oinarria? berme osoz egin ditzaten.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 20. o) artikuluarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluaren eginkizunetako bat da erregelamendu independenteak onestea Unibertsitatearen alorrean.

Arautzeko ahalmen hori betez, arau hauek ematen dira. Haien xede nagusia da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kirol jardueren eta instalazioen erabilera eta funtzionamendua erregulatzea, bai eta haien erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak ere.

Azaldutako guztiagatik, honako hau da Gobernu Kontseiluak, Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzak proposatuta, bere kideek aurretik eztabaidatu eta gero, hartu duen

ERABAKIA:

Lehenengoa.-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kirol jardueren eta instalazioen funtzionamendu-arau orokorrak, erabaki honen eranskinean daudenak, onestea.

Bigarrena.-Onetsitako araudiak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra".

Iruñean, 2008ko apirilaren 29an.-Errektorea, Julio Lafuente López.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO KIROL JARDUEREN ETA INSTALAZIOEN FUNTZIONAMENDU-ARAU OROKORRAK

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Arau hauen xede nagusia da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kirol jardueren eta instalazioen erabilera eta funtzionamendua arautzea, bai eta haien erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak ere.

Arautegi hau unibertsitateko kirol instalazio guztiei aplikatuko zaie, berak ezarritako moduan.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

2. artikulua. Kirol instalazioak honako hauek dira: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jabetzakoak diren lokal, dotazio edo espazioak, estaliak eta estali gabeak, beren izaeragatik beragatik kirol jarduerak egiteko erabiltzen direnak.

3. artikulua. Unibertsitateak ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiak sartzen ahalko dira instalazioetara.

4. artikulua. Instalazio bakoitzean, bertan egiteko egokiak diren edo bertan bereziki egiten ahal diren kirolak eta jarduerak garatzen ahalko dira.

5. artikulua. Instalazioa ireki eta ixteko aldiak da urtero ezartzen diren egutegi, ordu eta erabileren arabera antolatuko dira.

6. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoak instalazioak aldi baterako ixtea erabakitzen ahalko du, behar bezala justifikatutako egoerengatik, eta ahalik eta lasterren eman beharko du neurriaren berri, baina horrek ez du ekarriko erabiltzaile kaltetuei kalte-ordainak aitortzea.

7. artikulua. Kirol instalazioetan, erabiltzaileak erraz ikusi eta sartzen ahal den toki batean, kartel bat jarriko da, honako hauen berri emateko:

7.1. Instalazioaren egutegia eta irekitzeko orduak.

7.2. Instalazioaren zerbitzuen prezio publikoak.

7.3. Instalazioan erretzeko debekua.

7.4. Erabiltzaile-kopurua, gaitasuna eta ezaugarri tekniko nagusiak.

7.5. Egiten diren zerbitzu edo programak eta jarduera-orduak.

Kontsulta erraz egiten ahal den toki batean arautegi honen ale bat jarriko da.

II. TITULUA

Erabiltzaileak

8. artikuluan. Honako hauek dira erabiltzaileak: instalaziora kirol jarduera fisikoa egitera sartu, eta behar den akreditazioa, egunekoa, hilekoa edo urtekoa, banakakoa edo taldekoa, daukaten pertsonak, edo ikastaro edo jardueraren batean parte hartzen duten pertsonak, edo Unibertsitateko txapelketan parte hartzen dutenak edo Unibertsitateko Kirol Klubeko teknikariak edo kirolariak direnak, edota Unibertsitatearekin hitzarmenak dituzten beste kirol erakunde edo klubetako kideak direnak.

9. artikulua. Instalazioen erabiltzaile-mota bakoitzak eskubide eta betebeharren erregimen berariazkoa izango du, eta Aurrekontuen Exekuzio Oinarrietan urtero ezarritako prezio publikoak ordaintzeko baldintza.

Erabiltzaileez aparte, ikuskizunen ikusleak ere sartzen ahalko dira kirol instalazioetara, Unibertsitatearen eta eskaera egin duen erakunde edo erakunde antolatzailearen artean kasu bakoitzean ezarritako baldintzen arabera.

10. artikulua. Erabiltzailearen akreditazioa pertsonala eta besterenezina da, eta gutxienez 17 urte eduki behar dira ikastaro eta jardueretan parte hartu, eta kirol instalazioen banaka erabiltzeko, betiere, jardueran beste zerbait berariaz aipatzen ez bada. Beste pertsona batzuek akreditazioa bidegabeki erabiltzen baldin badute, zehapena jarriko zaie, arau hauek ezartzen dutenaren arabera. Erabiltzaile izaera egiaztatzen duen agiria galdu, ostu edo hondatzen baldin bada, Kirol Atalari berehala eman behar zaio horren berri.

11. artikulua. 17 urtetik beherako adingabeak heldu batek edo teknikari arduradun batek lagunduta sartuko dira instalazioetara.

12. artikulua. Unibertsitateak erabiltzaile eta parte-hartzaile kopurua mugatzen ahalko du instalazioen neurriari eta erabilera egokiari erreparatuz.

III. TITULUA

Instalazioen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

LEHENENGO ATALA

Betebeharrak eta eskubideak

13. artikulua. Honako hauek dira erabiltzaileek betebeharrak:

13.1. Instalazioak eta zerbitzuak zuzen eta behar bezala erabiltzea, eta behar den kirol arropa erabiltzea instalazioarekin eta bere arau partikularrekin bat etorriz.

13.2. Gainerako erabiltzaileei begirunea izatea, eta bizikidetza atseginerako beharrezkoa den jendetasunez jokatzea.

13.3. Kirol instalazioetako langileei begirunea izatea.

13.4. Instalazioen erabilerari buruz ematen diren arau eta jarraibideei men egin eta horiek betetzea.

13.5. Pertsonak helduak arduratuko dira beren ardurapeko adingabeen segurtasunaz kirol instalazioen barnean.

13.6. Debekatuta dago tabakoa erretzea, edari alkoholdunak edatea eta janaria jatea, bai eta hondakinak sortzen dituen beste edozein jarduera egitea ere, horretarako ezarritako tokietan izan ezik.

13.7. Aldagela da arropaz aldatzeko onartutako toki bakarra, eta instalazioko langileek esleituko diote pertsona edo talde bakoitzari dagokiona.

13.8. Kiroldegi, pilotaleku eta gisako instalazioetako jokalekutik kanpo, debekatuak daude kirol jarduerak eta jokoak, erabiltzaileak eta ikusleak joan-etorrian ibili eta egoteko erabiltzen baitira.

13.9. Debekatuta dago animaliak kirol instalazioetara sartzea, apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legeak, edo hura ordezkatzen duen arauak, ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat ezarritakoa galarazi gabe.

13.10. Erabiltzaile adinez nagusiek erantzungo dute beren ardurapeko adingabeek, arau hauei dagokienez, egindako ez-betetzeengatik eta haietan ezarritako arau-hausteengatik.

13.11. Unibertsitateak ez du erantzungo bere instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen desagerketa, galera edo hondatzeengatik.

13.12. Kirol instalazioen erabiltzaileek zorrotz bete behar dute ordutegia, eta dutxak eta aldagelak erabiltzeko behar den denbora kalkulatu, ixteko ordutegia ez gainditzeko.

13.13. Erabiltzaileek erantzungo dute, beren axolagabekaria edo utzikeria dela eta, beren ardurapean dituzten adingabeek, kirol instalazioetan dauden bitartean, bai instalazioei, bai hirugarrenei sortzen dizkieten kalte eta galerengatik.

13.14. Kirol instalazioetan sartzeko akreditazioa aurkeztea, baldin eta instalazioko langileek hala eskatzen badute. Kontrola egiten duten langileei kirol instalazioetara sartzeko akreditazioa ez aurkezteak haietara sartzeko debekua dakar.

14. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

14.1. Unibertsitateko kirol instalazioak egutegiaren, ordutegiaren eta erabilera baldintzen arabera erabiltzea.

14.2. Kirol instalazioetan zerbitzu ematen duten langileek begirunez eta adeitasunez tratatzea.

14.3. Nafarroako Unibertsitate Publikoari beharrezkotzat jotzen dituzten eskaerak, iradokizunak edo kexak aurkeztea, instalazioaren funtzionamenduari buruz.

14.4. Aplikatu beharreko araudiak xedatutakoa betetzeko eskatzea.

14.5. Instalazioa behar bezala zaintzen laguntzea langile arduradunei atzemandako akatsen berri emanez, eta baita beren iradokizunen bidez ere.

14.6. Kirol instalazioetako langileen edo arduradunen identifikazioa eskatzea, behar diren erreklamazioak egiteari begira.

14.7. Lege indardunek eta arautegi honetan xedatutakoak aitortutako beste edozein eskubide.

BIGARREN ATALA

Instalazio bakoitza erabiltzeko arau berariazkoak

15. artikulua. Denentzako zerbitzuen tokia.

15.1. Erabiltzaileek instalazioa garbi edukitzen lagunduko dute, eta langileekin lankidetzan jardungo dute, instalazioko alderdi guztietan zehar banatutako zaborrontziak erabiliz.

Instalazioen eta eraikinen kanpoaldean bakarrik dago baimena erretzeko.

15.2. Erabiltzaileek altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak eta abarrak errespetatu eta zaindu beharko dituzte.

15.3. Armairuen alderdian bakarrik erabili behar da arropategi zerbitzua. Igerilekuko aldagalen pasilloan dauden armairuak hura erabiltzen dutenentzat dira. Rokodromokoaren pasilloko armairuak, berriz, gimnasioa, muskulazio-aretoa, frontoia eta gainerako instalazioetako gainerako erabiltzaileentzat dira.

15.4. Arropa armairuetan utzi behar da nahitaez, eta bankuak eta esekigailuak libre utzi behar dira beste erabiltzaile batzuentzat.

15.5. Bada botika-zerbitzu bat erabiltzaileentzat, eta langile adituak aritzen dira han (igerilekuko bainu-orduetan).

15.6. Aldagelak eta dutxak dauden alderdian txankletak erabiltzea gomendatzen da garbitasun-arrazoiengatik.

16. artikulua. Igerilekua eta sauna.

Erabiltzaileak bainurako, igeriketarako eta, hala badagokio, lehiaketarako erabiliko du igerilekua; alderdi hauetako bakoitza zehatz-mehatz banatuko da igerilekuak dituen espazio-denboretan.

Igerilekuan, sorosleak eta instalazioan aritzen diren langileak dira haren funtzionamenduaren arduradun nagusiak, eta hemen emandako arauak betearazi behar dituzte, instalazioen erabilera arrazoizkoa egin, eta bainu-hartzaile guztien segurtasuna, garbitasuna eta erosotasuna zaintzeko.

Instalazioak modu desegokian erabiltzen dituzten pertsonei ohartarazteko ahalmena dute sorosleek, eta, azken neurri gisa, igerilekutik kanporatzen ahal dituzte nahasmendua sortzeagatik, ekipamendua gaizki erabiltzeagatik eta erabiltzaileen osotasun fisikoa arriskuan jartzeagatik.

Bainu-hartzaile guztien segurtasuna zaintzea da sorosleen eginkizuna eta betebeharra; 14 urtetik beherako haurren guraso, tutore, laguntzaile edo teknikariek dute beren seme-alaben ardura gorena, arrazoi gehiagoz hauek igeri egiten ez baldin badakite.

Erabiltzaileek beren jokabidearekin eragozpenen bat sortu edo begirunerik gabe jokatzen baldin badute, kirol instalazioetako langileek haiei ohartarazteko baimena dute.

16.1. Ur lamina, sartzeko eta egoteko aldea.

-Erabiltzaileak ezin izango du kaleko arropa eta oinetakoekin sartu igerilekuko hondartzara.

-Uretan sartu aurretik, dutxatu egin behar da.

-Bainu txanoa eta txankletak erabili behar dira.

-Debekatuta dago lasterka egin, jauzi egin, bultz egin eta gainerako erabiltzaileak arriskuan jartzen ahal dituen beste edozein ekintza egitea, eta, oro har, gainerako erabiltzaileei eragozpenen bat sortzen ahal dien edozein ekintza. Debekatuta dago, halaber, bai igerilekuan edo hondartzan jatea, bai kristalezko edozein elementu edo objektu edota ezpaltzen ahal den beste edozein objektu erabiltzea.

-Debekatuta dago baloiak, koltxonetak edo gainerako erabiltzaileei eragozpenak sortzen ahal dizkieten beste objektu batzuk sartzea (hegatsak, urpekaritza egiteko betaurrekoak, etab.) erabilera libreko orduetan; erabiltzen ahal da, ordea, entrenamendu, lehiaketa, jolas jardunaldi eta ikastaro berariazkoetarako materiala.

-Guztiz debekatuta dago tu egin eta pixa egitea, bai eta oro har instalazioaren eta uraren kalitatearen garbitasun eta osasun baldintzak okertzen dituen beste edozein jarduera ere.

16.2. Bainua hartzeko aldea.

-Beste zerbaitetarako (ikastaroak, entrenamenduak ...) erabiltzen ez diren aldeetan ibiliko da erabiltzailea.

-Ikastaroak egiteko materiala erabiltzen ahalko da bakarrik (tablak, besotakoak, irakasmateriala ...). Gainera, ikastaroetan izena emandako lagunek erabiltzen ahalko dute bakarrik eta haiek irauten duten bitartean, betiere, bestelako baimenik ez badago.

-Debekatuta dago igeriluak jarritako kortxeretatik zintzilikatu edo haiei heltzea.

16.3. Ikastaroak eta entrenamenduak.

Jarduera programatu bati atxikitako erabiltzaileek haien garapenari buruz eta instalazioen erabilerari buruz sorosleek emandako aholku eta aginduei jarraituko diete, eta arautegi hau beteko dute.

17. artikulua. Zelaiak, pilotalekuak, kirol anitzeko pistak eta tenis-pistak.

17.1. Kirol gune hauetara sartzeko, aldez aurretik erreserba egin behar da haiek hutsik daudenean.

Kirol programatik kanpo hutsik gelditzen diren orduetan, abonua duten guztiek erabiltzen ahalko dituzte pilotalekua, kirol anitzeko pistak eta tenis pistak.

17.2. Kirol Atalean egiten ahalko da pilotalekua, kirol anitzeko pistak eta tenis pistak "erreserbatzeko eskaria", telefono dei baten bidez.

17.3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kirol Atalak adierazitako orduetan egiten ahalko dute erreserba-eskaria erabiltzaileek.

17.4. Pilotalekua, kirol anitzeko pistak eta tenis pistak erreserbatu, eta arrazoia edozein delarik ere erabili behar ez duten erabiltzaileek, gutxienez 2 ordu lehenago jakinarazi behar diete harrera-tokiko langileei, edo telefonoz deitu.

Bestela, zehapena jarriko zaie diziplina-araudiarekin bat etorriz, eta zehapen hori bete arte ezin izango dute berriro instalaziorik erreserbatu.

17.5. Baliogabetzen diren orduak eskaera-ordenari zorrotz jarraituz esleituko dira.

17.6. Frontoiaren, kirol anitzetako pisten eta tenis pisten erabilera-orduak eta instalazioaren erabilera-ordu orokor berberak dira.

18. artikulua. Muskulazio-aretoa.

18.1. Erabiltzaile guztiak sartzen ahal dira muskulazio-aretoan.

18.2. Arau orokor gisa, 17 urtetik beherako pertsonek ezin izango dute muskulazio-aretoa erabili. Arau hau betetzen ez baldin bada, zehapena jarriko da, eta gurasoek edo legezko tutoreek erantzungo dute eratortzen diren ondorioez.

18.3. Salbuespen gisa, entrenatzaile edo monitore batek gainbegiratutako kasuetan, adingabeek muskulazio-aretoa erabiltzen ahalko dute, baina monitorea bertan dagoen orduetan beti, eta ez haietatik kanpo, sarrera debekatua baitute.

18.4. Muskulazio-aretoaren eta instalazioaren arduradunak arauak betetzen ez dituzten pertsonei eta aretoa behar bezala erabiltzen ez dutenei ohartarazteko ahalmena dute, eta, azken neurri modura, haiei kanpora ateratzeko eskatzen ahal diete nahasmendua sortzeagatik, makinak behar bezala ez erabiltzeagatik eta erabiltzaileen osotasun fisikoaren aurkako arriskua sortzeagatik.

18.5. Muskulazio-aretora sartzeko, nahitaezkoa da kirol arropa eta oinetako egokiak, kaletik ekarritakoak ez direnak, eramatea soinean.

18.6. Garbitasunagatik eta gainerako erabiltzaileekiko begiruneagatik, eskuoihala erabili behar da aparatuak erabiltzen direnean.

18.7. Muskulazio-aretoko erabiltzaileek osagarriekin edo pisu erantsiarekin lan egiten dutenean, beren tokian utzi beharko dituzte aretoa txukun edukitzeko.

18.8. Muskulazio-aretoan ezin dira sartu poltsak, bizkar-zorroak edo antzekoak.

19. artikulua. Aretoak, Erabilera anitzeko gelak eta Rokodromoa-Boulderra.

19.1. Erabilera anitzeko gelak batez ere ikastaro antolatuetarako dira, eta, beraz, sarrera mugatuko da, eta bakarrik ikastaroko parte-hartzaileei sartzen uzten ahalko zaie.

19.2. Ikastaro-orduetatik kanpo, kirol gune hori irekita egongo da erabiltzaile guztientzat.

19.3. Kirol gune horretara sartu ahal izateko, kirol arropa eta oinetako aproposekin egin beharko da, katu-oinak edo kirol oinetakoak, kalean erabiltzen ez diren horietakoak.

19.4. Boulderraren eta rokodromoaren erabileran, eta hortik etor daitezkeen ondorioetan, kirolariak izango du erantzukizun bakarra. Eskalada egiteko federazio baimena edukitzea gomendatzen da.

19.5. Baimena halabeharrezkoa da boulderra eta rokodromoa erabiltzeko. Ez dago baimenduta rokodromoa banaka erabiltzea, sokarik eta arnesik gabe, beharrezkoa baita gutxienez ere bi lagun izatea, elkarri bermatzeko.

19.6. Boulderrean halabeharrezkoa izango da koltxonetak erabiltzea, eta debekatua dago magnesio-hautsezko edo gisako poltsa erabiltzea. Boulderraren alderdi bakoitzean, aldi berean, lau eskalatzaile aritzeko baimena ematen da.

20. artikulua. Saunak.

20.1. Bakarrik 17 urtetik gorakoak sartzen ahal dira toki horietara.

20.2. Nahitaezkoa da saunara eskuoihalarekin edo bainu-jantziarekin sartzea. Sarrera lehorrean egingo da, zapatilarik eta txankletarik gabe.

20.3. Alde bakoitzean gomendioak emango dira gune horiek nola erabili behar diren jakiteko.

20.4. Kirol Ataletik erabiltzaile guztiei mediku-azterketa egiteko gomendioa egiten zaie, kirol gune horiek erabiltzea komenigarria den edo ez erabakitzeko.

IV. TITULUA

Kirol ikastaroak

21. artikulua. Kirol ikastaro eta jardueretan inskripzioa egiteko, unibertsitateko komunitateko kideek eta abonua daukatenek lehentasuna izango dute oro har gainerako erabiltzaileen aurrean.

22. artikulua. Gizarte Kontseiluak zehaztuko du kirol ikastaroetara sartzeko ordaindu behar den prezioa.

23. artikulua. Kirol ikastaro guztietan, gehienez ere inskripzio-kopuru jakin bat egiten ahalko da jarduera bakoitzeko; hortaz, kupoa betetzen baldin bada, beste inork ezin izango du izena eman.

24. artikulua. Era berean, ikastaro guztietan gutxieneko inskripzio-kopuru bat izango da, eta izena emandakoak ez badira kopuru horretaraino iristen, ikastaroak baliogabetu egingo dira.

25. artikulua. Inskripzioa egin, eta kirol ikastaro bat hasi eta gero, ez da ordaindutako diru-kopurua itzuliko, betiere, jarduera aurreikusi bezala garatzen bada, non eta ez dagoen behar bezala justifikatutako arrazoirik.

26. artikulua. Erabiltzaileek kirol ikastaroetan duten asistentziaren jarraipena egingo da jarduera guztietan, nahitaezkoa baita. Etortzen ez diren pertsonei baja emango zaie jardueran, betiere, itxaron-zerrendan eskaria baldin badago.

27. artikulua. Ez dago egunez eta orduz aldatzeko aukerarik, kirol jarduera izaera berekoa baldin bada ere, eta, hortaz, erabiltzaileek ezin izango dute taldez aldatu baimenik gabe.

V. TITULUA

Beste erakunde eta klub batzuk

28. artikulua. Instalazioa eskatu duten klub edo elkarteek, erabiltzen duten bitartean, hura zaindu eta erregulatzen duten arauak betetzeko ardura eta haren ekipamenduaren ardura izango dute.

29. artikulua. Erabiltzeko kontzesioa emateko, eskaera egin duen erakundeak egunean egon behar du kirol instalazioen erabileraren ordainketan.

30. artikulua. Instalazioak erabiltzeko interesa duten klub edo erakundeekin izenpetzen diren hitzarmenetan, betebehar hau ezarriko zaie: arau hauen arabera beren kirolariek jokaera egokia dutela zainduko dute, eta egon daitezkeen kalteen erantzukizun subisidiarioa bere gain hartuko dute.

31. artikulua. Partidetan, eskaera egin duten klubak dira ekitaldiaren antolatzaile eta arduradunak, eta beraiek arduratzen dira kasu horietarako legeriak ezarritako aplikatu beharreko araudia betetzeaz, eta hura betetzen dela zaindu behar dute, bereziki segurtasun eta ebakuazio neurriei dagokienez.

32. artikulua. Lehiaketa nazionaleko partida ofizialetan, bi ordu lehenago hartzen ahalko da instalazioa, antolakuntza orokorra egin, eta iragarkiak jartzeko, horretarako ezarritako tokietan. Nazioarteko lehiaketetako partidetan edo telebistak ematen dituen partidetan, berriz, hiru ordu lehenago hartzen ahalko da instalazioa.

33. artikulua. Partida amaitu eta gero, material eta ekipamendu guztia kenduko da, eta ez da ezertxo ere utzi behar, bereziki jokalekuan. Arreta berezia jarriko da zaletuak jokalekura sar ez daitezen.

34. artikulua. Entrenamenduetarako eman zaien denbora-tartearen aurretik eta ondoren, taldeek 30 minutu izango dituzte aldagelak erabiltzeko. Partidetan, aldiz, ordubete lehenago sartzen ahalko dira aldageletara. Beste edozein banakako erabilerarako, aldagela orokorrak erabiliko dira.

35. artikulua. Debeku da objektuak aldageletan uztea eta beste edozein tokitan erabilera-orduetatik kanpo, eta taldeen ardura da haiek hutsik uztea. Instalazioak ez du erantzungo haietan utzitako objetuez.

36. artikulua. Taldeen betebeharra da materiala egokia den tokian gordetzea, eta emandako toki hori erabiltzea bakarrik, beste batzuetan sartu gabe. Instalazioak ez du erantzungo jaso gabe utzitako materialaz.

37. artikulua. Klubak du erabilitako materiala erabiltzeko ardura, bai pistan eta bai beste edozein tokitan, material apurtua barne, zeina zaborrontzietan edo edukiontzietan utzi beharko baita.

38. artikulua. Unibertsitateak material eta tresna egokiak emango dizkio botika-zerbitzuari lehen larrialdietako arreta eman ahal izateko.

39. artikulua. Partida ofizialetaz gain, instalazioa entrenamendurako emakidatzen denean ere erabiltzen ahalko da botika-zerbitzua, betiere jarduera programaturik ez baldin badago. Ohikoetatik harago doazen premietarako, behar den akordioa behar da. Klub bakoitzak bere materiala eta ekipamendua erabiliko du, eta ezin izango du beraiena ez den beste edozein erabili.

VI. TITULUA

Unibertsitateko kirol instalazioak osatzen dituzten ondasunen babesa

40. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kirol instalazioak osatzen dituzten ondasun eta eskubideak Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 14ko 14/2007 Foru Legeak ezarritako babes-erregimenaren menpe daude.

41. artikulua. Arestian aipatu ondasun edo eskubideei doloz edo erruz kaltea eragin, edo edozein modutan usurpatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek dagokion arau-hauste administratiboan jausiko dira, kalte-ordaina emateko betebeharra galarazi gabe, aldez aurretik eragindako kalte eta galeren zenbatekoa balioetsi eta gero, eta ondasunak lehengo egoerara itzultzeko betebeharra, hori posible izango balitz, galarazi gabe.

VII. TITULUA

Diziplina eta zehapen araubidea

42. artikulua. Arautegi honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik erantzukizuna eskatzeko, zehapen-ahalmena erabiltzeko lege eta erregelamenduek ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

43. artikulua. Zehapen-prozedura hasteko eskumena duen organoak jakiten baldin badu egitateak, arau-hauste administratiboa izateaz aparte, arau-hauste penalak ere izaten ahal direla, eskumena duen organo judizialari emango diote horren berri, eta ez du zehapen-prozedurari jarraituko, ireki eta gero, agintaritza judizialak horri buruz erabakitzen ez duen artean.

44. artikulua. Arau-hausteak hutsegite arin eta larrietan sailkatuko dira, jarraian adierazten den bezala:

44.1. Hutsegite arina egin baldin bada, zehapen hau jarriko da: ahozko kargu hartzea eta gehienez ere 7 egunez instalazioak erabili eta lupertzeko erabiltzaile eskubideak etetea. Hutsegite arinak hauek dira:

1.-Instalazio bakoitzaren erabilera-arau berariazkoak ez betetzea.

2.-Jolasak edo kirolak egitea horretarako ezarrita ez dauden tokietan.

3.-Arautegi honetan ezarritako betebehar, debeku edo mugen beste edozein ez-betetze, betiere, larriak ez baldin badira.

44.2. Hutsegite larria egin baldin bada, zehapen hau jarriko da: idatzizko kargu hartzea eta gutxienez ere hilabetez eta gehienez ere urtebetez instalazioak erabili eta lupertzeko erabiltzaile eskubideak etetea. Hutsegite larriak hauek dira:

1.-Instalazioetako beste erabiltzaile batzuen edo langileen aurka zuzendutako ahozko irainak edo irain fisikoak.

2.-Abonatu-txartela edo egunero sartzeko txartela beste edozein pertsonari uztea, instalazioetara sartzeko.

3.-Langileek instalazioen funtzionamendu egokirako ematen dituzten agindu, jarraibide edo gomendioak ez betetzea, arautegi honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

4.-Instalazioak, ekipamenduak, kirol materiala edo erabiltzaileen gauzak eta objektuak ebatsi, lapurtu edo nahita hondatzea.

5.-Instalazioen barnean nahasmendua sortzea.

6.-Hiru hutsegite arin egitea.

45. artikulua. Kirol jardueretan eskumena duen errektoreordea izango da zehapen-organoa, eta kontuan hartuko ditu egindako arau-haustearen larritasuna, erruduntasun-maila, intentzionalitatea, egindako egitateak izan duen oihartzuna, arau-haustea berriro egin den ala ez, eta arau-haustean dauden beste inguruabar astungarri eta aringarri batzuk.

46. artikulua. Bere erruduntasun-maila eta arau-haustearen larritasuna gorabehera, arau-hausleak eragindako kalte guztiak ordaindu beharko ditu.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Arautegi honek aurreikusi gabeko kasuetan, kirol esparruko araudi berariazkoak, eta zehazki Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, xedatutakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F0807198