Iragarkia
65. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 26a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
151/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 18koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren funtzionamendu gastuetarako diru-laguntzak emateko 2008. urteko deialdia onesten duena.
Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen arabera, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa sustatzea arlo guztietan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa-egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezaten bultzatzea, batez ere gizatalde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateenak.
Arau hartako aurreikuspenek bat etorri beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legekoekin. Foru lege horretan onura publikoko edo interes sozialeko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik emaniko dirulaguntzei dagokien orotariko araubide juridikoa ezarri zen. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien arauak ezarri eta argitaratu beharko ditu. Horrela eskuratzen ahalko dituzte laguntza horiek bai jarduerak egiten dituztenek eta bai deialdiaren xede den egoeran daudenek.
Urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuak, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituenak, bere III. eta IV. kapituluetan gizarte integrazioko etxebizitzen araubidea eta etxebizitza babestuak eta gizarte integraziokoak sustatzeko laguntza ekonomiko orokorrak arautzen ditu.
Deialdi honen helburua da Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren funtzionamenduko gastuetarako diru-laguntzak emateko arauak ezartzea.
Deialdi honek bide ematen die entitate interesatu guztiei berdintasunez parte har dezaten eta era berean bermatzen du dirulaguntza irizpide objektiboei jarraituz emanen dela. Diru-laguntzak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren orotariko esparruan ezartzen dituen jarraibideekin bat lehenetsiko dira, Nafarroako Parlamentuak 1999ko otsailean onetsi zuen Gizarte Bazterketaren aurkako Planaren edukiaren arabera.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek dirulaguntza hauen egokitasuna eta onura publikoa eta deialdiaren eta haren arauen legezkotasuna adierazten dute, hurrenez hurren.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren funtzionamenduko gastuetarako dirulaguntzen 2008. urteko deialdia onestea. Arauak foru agindu honen eranskinean daude.
2. 170.000,00 euroko gastua baimentzea 2008ko aurrekontuetako "Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren entitate laguntzaileei diru-laguntzak" izeneko 900003 91600 4819 231604 kontusailaren kargura.
3. Foru agindu honen berri ematea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Zerbitzuari, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Gaietarako Bulegoari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Halaber, adieraztea foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Legearekin bat.
Iruñean, 2008ko apirilaren 18an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
ERANSKINA
Irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren funzionamenduko gastuetarako 2008an diru-laguntzak emateko deialdiko arauak
1.-Xedea.
Deialdi honek xedea du 2008. urtean irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren funzionamenduko gastuetarako diru-laguntzak emateko araubidea paratzea.
Dirulaguntza horien bidez aipatutako entitateen gastuak, Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programarako langileen eta funzionamenduarenak finantzatuko dira.
2.-Jarduketa-esparrua eta helburua.
Dirulaguntzen xede diren proiektuak eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean garatuko dira eta horien helburua izanen da Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programa garatzea.
3.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskuratzen ahal dituzte baldintza hauek betetzen dituzten gizarte ekimeneko entitateek:
a) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribatuta egotea.
b) Irabazi asmorik ez edukitzea.
c) Helbide soziala edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan izatea.
d) Zerga guztiak, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak edo haren erakunde autonomoekikoak kitatuak izatea.
e) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.
f) Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren laguntzaile gisa kalifikatuak izatea eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuarekin eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuarekin lankidetza hitzarmena sinatua izatea 2008ko programarako. Hitzarmenak hau dio zazpigarren klasusulan: Lankidetza hitzarmen horrek2007ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra eta lau urteko iraupena izanen du gehienez eta 2010eko abenduaren 31ra arte izanen du indarra.
Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.
4.-Eskaerak aurkeztea.
4.1. Eskaerak aurkezteko tokia.
Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera, entitate interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredua Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan (González Tablas, z/g) eta erakunde beraren webgunean (www.cfnavarra.es/BienestarSocial) eskuratzen ahalko da.
Eskaera entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinaturik aurkeztu beharko da. Aurkezpen hori 2008ko ekitaldiaren barnean egin beharko da.
Eskarak aurkeztuko dira Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan (González Tablas, zk. g. , 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietako edozeinetan.
Postetxeetean aurkezten diren eskaerak kartazal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, fax baten bidez, jakinarazi beharko dio Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.
4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.
Eskaerak horretarako ereduaren arabera prestatuko dira eta entitatearen ordezkariak behar bezala izenpetuko ditu. Haiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Entitatearen estatutuak.
b) Helbidea Nafarroan daukala edo bestela ordezkaritza iraunkorra Foru Komunitatean daukala frogatzen duen agiria.
c) Eskaera sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea egiaztatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.
d) Entitatea Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
e) Identifikazio fiskaleko txartela.
f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.
g) Funtsen aurretiazko horniduraren eskaera.
h) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.
Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo bestela notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo honek badauzkan datuak badira, a), b), c), d), e) eta h)letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko.
Entitate interesdunak interesagarritzat jotzen dituen agiriekin osatzen ahalko du eskaera, horretarako prestaturiko eredu normalizatuan ezarririkoarekin bat aurkezturik.
4.3. Eskaerako hutsak zuzentzea.
Organo instruktoreak, eskaerak betebeharrak bete ezik edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 42. artikuluan xedatu bezala.
5.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.
Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Atalari esleitu zaizkio. Arau hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.
Organo instruktoreak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak diru-laguntzak emateko prozedura ebatziko du.
6.-Dirulaguntzaren zenbatekoaren ebaluazioa eta esleipena
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioko araubidearen bidez izapidatuko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.
6.1. Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren funtzionamenduko gastuetarako diru-laguntzak emanen dira, 170.000,00 euro, 2008ko aurrekontuko "Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren entitate laguntzaileei diru-laguntzak" izeneko 900003 91600 4819 231604 kontusailaren kargura.
6.2. Ebaluazioa egiteko irizpide hauek erabiliko dira:
a) Entitate bakoitzerako diru kopuru bat ezarri da, lau jarduketa modalitateetan kudeatzen diharduten profesionalen orduen zenbatekoaren arabera.
a.1) Aurreikusiriko etxebizitzak erosteko jarduketak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak eta gizarte ekimeneko entitateek 2008rako izenpeturiko lankidetza hitzarmenean xedaturikoaren arabera:
75 ordu hitzarmenean ezartzen den etxebizitzako.
a.2) Entitatearen kudeaketaren bidez hiru urte honetan etxebizitza erosi duten familiei laguntzeko jarduketak:
Urteko eta etxebizitzako ordu hauek ezartzen dira:
2005. urtea: 12 ordu etxebizitza bakoitzeko
2006. urtea: 16 ordu etxebizitza bakoitzeko
2007. urtea: 20 ordu etxebizitza bakoitzeko
a.3) Alokairuko etxebizitzetan bizi diren familiei laguntzeko jarduketak, haien titulartasuna entitatearena bada:
Jarduketa hauetan akonpainamendu sozialaren denbora 5 urtetara zabaldu da. Urteko eta etxebizitzako ordu hauek ezartzen dira:
2003. urtea: 24 ordu etxebizitza bakoitzeko.
2004. urtea: 24 ordu etxebizitza bakoitzeko.
2005. urtea: 24 ordu etxebizitza bakoitzeko.
2006. urtea: 32 ordu etxebizitza bakoitzeko.
2007. urtea: 40 ordu etxebizitza bakoitzeko.
a.4) Aurreikusiriko etxebizitzak zaharberritzeko jarduketak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Nafarroako Mendekotasun Agentziak eta gizarte ekimeneko entitateek 2008rako izenpeturiko lankidetza hitzarmenean xedaturikoaren arabera:
10 ordu zaharberritu beharreko etxebizitza bakoitzeko.
2008rako ordu bakoitzeko ezarritako diru kopurua 23,92 eurokoa da.
b) Aurreko idatz-zatiko etxe bakoitzerako 75 euroko dirulaguntza ezartzen da, entitatearen funtzionamendu gastuetarako. Kontzeptu horretatik kanpo geldituko dira zaharberritzeko utzi diren etxebizitzak.
6.3. Entitate bakoitzerako dirulaguntza kalkulatzeko aurreko irizpideak aplikatuko dira, programa kudeatzen diharduten profesionalen orduen zenbatekoaren eta funtzionamenduko gastuen arabera.
7.-Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.
Eskaerak aztertu ondoren, organo instruktoreak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.
Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Emanez gero, dirulaguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.
Hori deusetan galarazi gabe, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko iragarki oholean (Iruñeko González Tablas kalea, z/g.) argitaratuko da. Argitalpenean deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onarturiko zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua adieraziko dira.
Ebazpen espresuaren edo isilbidezkoaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.
8.-Dirulaguntzaren ordainketa.
Dirulaguntza hiru zatitan pagatuko da. Bi lehenetan %40na pagatuko da eta hirugarrenean %20. Lehena dirulaguntza emateko ebazpena sinatu baino lehen pagatuko da. Bigarrrena hurrengo idatz-zatian adierazi bezala aurrekoa justifikatu ondoren pagatuko da. Hirugarren ordainketa justifikazio teknikoa ikusi ondoren ordainduko da.
Aurreratu beharreko kopurua 60.000,00 eurotik goitikoa bada, entitate onuradunak banku-abal bat edo legeetan aipatzen den beste berme bat aurkeztu beharko du, aurreratu beharreko zenbateko osoa estaliko duena.
Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren aurrerakinek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Entitate onuradunak aurretiaz eskatuko ditu dirulaguntzaren helburuak betetzeko behar diren funtsak.
b) Aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.
Baldintza horiek bete ezik, dirulaguntza Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 32. artikuluan xedaturikoarekin bat pagatuko da, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatitua, jarduera egin dela frogatu ondoren.
9.-Dirulaguntzaren justifikazio ekonomikoa eta teknikoa
a) Justifikazio ekonomikoa: dirulaguntzaren xede den proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki pagatu zeneko data adieraziz. Zerrenda horrekin batera kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak izanen direnak. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adieraziko dituztenak, onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Horren bidez fakturazio eginbeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, harturiko dirulaguntza justifikatzearren.
Gastu onargarritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, diruz lagundutako proiektuetan aurreikusitako jarduerak egiteko instrukzio organoak Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programan aurreikusitako jarduerak garatzeko beharrezkotzat jotzen dituenak.
b) Justifikazio teknikoa:
b.1) Etxebizitzaren erosketa: dirulaguntzaren %100 justifikatutzat joko da kasu hauetan:
-Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian 2008ko Programarako eskaturiko etxebizitza bezainbat adostasun espediente daudenean.
-Entitateak itunean sinaturiko jarduketen %60en erosketa burutu izana. Salerosketa kontratuak edo erosketaren eskritura publikoa edo Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bisatua aurkeztuz kreditatuko da.
b.2) Azken hiru urteko jarduketen edo azken bost urteko alokairuen jarraipena: dirulaguntzaren %100 justifikatutzat joko da entitateak azken hiru/bost urtean erositako/alokatutako etxebizitza bakoitzaren jarraipen txostena aurkezten duenean.
b.3) Etxebizitzen zaharberritzea: dirulaguntzaren %100 justifikatutzat joko da Entitateak justifikatzen duenean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan 2008rako eskatutatako esku-hartzeen %60 behintzat aurkeztu duela.
Justifikazio teknikoa horrela ez egitera, emandako dirulaguntza aurkeztu den dokumentazioaren proportzioan egokituko da.
Justifikazio teknikoa Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko da 2008ko abenduaren 31 baino lehen, dirulaguntzaren hirugarren zatia ordaindu ahal izateko.
Proiektua bukatu eta hilabeteko epean, bukatze datatik hasita, entitateak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko du proiektua gauzatu dela justifikatzeko dagoen dokumentazioa, teknikoa eta ekonomikoa.
10.-Entitate onuradunen betebeharrak.
a) Dirulaguntza ematerakoan arauetarako aurkeztutako proiektua eta jarduerak deialdi honen oinarrien, baldintzen, betebehar formalen eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez da erabiltzen ahalko.
b) Arau hauetan aipatzen diren agiri justifikatiboak, tartekoak eta azkenekoak aurkeztea.
c) Programaren publizitatea eta hedatze guztietan dirulaguntza norena den adieraztea. Hedatze idatzia edo grafikoa egiten baldin bada administrazio emailearen logotipoa paratu behar da, diru-laguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berdinetan. Aipatu beharko da Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak parte hartu duela finantzaketan.
d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.
e) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.
f) Dirulaguntza hartu eta hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen dirulaguntzaren xede diren proiektu bakoitzaren betetze-mailaren zenbatekoaren eta nolakoaren gaineko datuak ebaluatzen dituen memoria Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztea, horretarako dagoen ereduaren arabera. Eredua Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan eta lehen aipatu den webgunean izanen dira entitate interesdunen eskura.
Nahi badu, entitate onuradunak bestelako agiriak, idatziak edo grafikoak, aurkezten ahalko ditu, dirulaguntzaren xede den proiektuaren bilakaera ona bermatzen dutenak.
g) Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.
11.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.
11.1. Azpikontratazioa.
Deialdi honi dagokionez, bidezko da azpikontratazioa, alegia, beste batzuekin dirulaguntzaren xede den jardueraren hein bateko exekuzioa hitzartzea. Onuradunak berez dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo gelditzen da.
Onuradunak, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako dirulaguntzaren %50 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako.
11.2. Hornitzaileen kontratazioa.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000,00 eurotik goitikoa bada, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan edo 12.000,00 eurotik goitikoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.
Kasu horietan, entitate onuradunak gutxienez ere helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko izapidearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.
Enpresa batzuei kontsultatu beharra ez da gauzatuko, dirulaguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.
12.-Bateragarritasuna.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.
Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
13.-Baldintzak aldatzea.
Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo dirusarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari.
Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.
Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.
Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Administrazioak onarturik egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.
14.-Itzulketa.
Programa burutzen ez bada edo dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren zergatiak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezko izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.
Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarririko baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.
15.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.
Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko V. tituluan xedaturikoari jarraikiz.
16.-Deialdiaren eta arauen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.
Deialdi honen eta arauen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.
17.-Aplikatu beharreko arauak.
Arau hauetan aurreikusirik dagoenaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenak dira aplikatzekoak.
Iragarkiaren kodea: F0806390
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
