65. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

197/2008 FORU AGINDUA, maiatzaren 2koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2008-2013 aldian abeltzaintzako toki azpiegituren hobekuntzarako laguntzak emateko arauak ezarri eta 2008ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitatea, bere foru araubideari esker, eskumen osoaren titularra da nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak onartzen duenez.

Halaber, Hobekuntzako 56.1.a) artikuluan xedaturikoaren arabera, orotariko ekonomiaren oinarriekin eta haren antolaketarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio erabateko eskumena Nafarroaren barruan jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko.

Nafarroako Gobernuak, bere nekazaritza politikan, landa ingurunearen garapen iraunkorra bultzatzen du hura eraginkortasunez sustatzeko. Landa garapen hori ezin da berdina izan Foru Komunitate osoan. Horregatik antolamendu eta sustapen ekonomikoko politika desberdinak sortu dira Nafarroako lurraldearen barnean.

Alde batzuetan, orografiarengatik eta baldintza apalagoengatik, abeltzaintza estentsiboko eta basogintzako jarduerak egiten dira eta ez dago azpiegitura berriak egiteko aukerarik. Alde horietan handiagoa da gainbehera etortzeko arriskua eta haien garapenaren alde jardun beharra dago.

Xede hori 2006an onetsitako Nafarroako Nekazaritzaren Plan Estrategikoan ageri diren helburuei lotuta dago, bereziki "Nekazaritzako egiturak eta azpiegiturak" izeneko 1. ardatz estrategikoan ageri direnei, non "Egitura finkatu eta hobetzea" izeneko 1.3 helburua zehazten baita, eta horretan sartzen foru agindu honetan ezarritako jarduketa ildoak eta neurriak, larreak eta abeltzaintzako azpiegiturak hobetzen laguntzekoak, hain zuzen ere.

Bestalde, laguntza hauen xede diren jarduketak "Abeltzaintzako toki azpiegiturak" izeneko ekintzaren barnean ageri dira Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 aldirako Programan, hain zuzen ere 1. ardatzean ("Nekazaritzaren eta basogintzaren lehiakortasuna handitzea") eta "Nekazaritza eta basogintza garatu eta egokitzeko azpiegiturak hobetu eta garatzea" izeneko neurrian. Batzordeko Garapen Lantaldeak 2007ko azaroaren 20an onetsi zuen programa hori.

Urriaren 2ko 67/2006 Foru Dekretuan, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (FEAGA) eta Nekazaritza Aldeen Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsaren (FEADER) bidez finantzatzen diren gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea onetsi eta horren antolamendua eta funtzionamendua ezarri zen. Dekretuko azken xedapenetako bigarrenak baimena eman zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, otsailaren 8ko 30/2007 Foru Aginduaren bidez, FEADERekin batera landa garapenerako finantzaturiko laguntzak tramitatzeko prozedura ezarri zuen.

Foru agindu honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatu behar zaio.

Nafarroako Gobernuak 2008ko martxoaren 3an hartutako Erabakiaren bidez urte anitzeko gastua egiteko baimena eman da 2008rako eta 2009rako, abeltzaintzako azpiegituretarako laguntzak finantzatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Abeltzaintzako toki azpiegiturak hobetzeko laguntzak emateko arauak onestea. Arauok foru agindu honen eranskinetan daude.

Lehen xedapen gehigarria.-2008ko deialdia.

Abeltzaintzako toki azpiegiturak hobetzeko laguntzetarako 2008ko deialdia onestea. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, foru agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honetarako 3.500.000 euroko gastua baimentzea. Honelaxe ordainduko da: 1.750.000 euro 2008ko aurrekontutik, "Abeltzaintzako azpiegituretarako laguntzak" izeneko 720001-72120-7609-414304 kontusailaren kargura, eta 1.750.000 euro 2009ko aurrekontutik, kontusail beraren kargura. Gastua honela banatuko da:

a) Mendialdeko eskualdeetako edo gainbehera doazen udalerrietako toki entitateen jarduketak: 3.300.000,00 euro. Haietako 1.650.000,00 euro 2008ko Gastuen Aurrekontuaren kargura eta 1.650.000,00 euro 2009ko Gastuen Aurrekontuaren kargura.

b) Gainerako toki entitateen jarduketak: 200.000 euro. Haietako 100.000 euro 2008ko Gastuen Aurrekontuaren kargura eta 100.000 euro 2009ko Gastuen Aurrekontuaren kargura.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Errekurtsoak.

Foru agindu honen eta deialdirako arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Foru agindu honen eta deialdirako arauen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetzen den xedapena.

Indarrik gabe utzi da 89/2007 Foru Agindua, apirilaren 2koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, abeltzaintzako toki azpiegituretarako laguntzak emateko arauak eta 2007ko deialdia onesten dituena, baina beraren babesean emandako laguntzen espedienteei dagokienez indarrean iraunen du eta espediente horietan aplikagarria izanen da.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko maiatzaren 2an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

I. ERANSKINA

Abeltzaintzako toki azpiegiturak hobetzeko laguntzei buruzko arauak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da arauak ezartzea abeltzaintzako toki azpiegituretarako laguntzak emateko, abeltzaintzarekin zuzeneko lotura duten eta titulartasun eta erabilera publikokoak diren azpiegitura eta ekipamenduak sustatzearren, 2008-2013 aldirako.

2. artikulua. Laguntza jaso dezaketen jarduketak.

Hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak:

a) Abeltzaintzari eta animalien elikadurari loturiko ur hornidurarako azpiegiturak sustatzea, adibidez askak, putzuak eta abar. Urtegiak kanpoan gelditu dira, baita ibaiak ukitzen dituzten lanak ere.

b) Larreetara edo abeltzaintzako ustiategien guneetara sartzeko bide publiko, abelbide eta bestelako komunikazio bideak sortu eta hobetzea, betiere, lurzati berrantolamenduko jarduketetan egindako bideak mantendu eta hobetzeko lanen erabakia onetsi zenetik 25 urte igaro badira.

c) Udaletako ukuiluak sortzea.

d) Ibilgailuak desinfektatu edo desintsektatzeko zentroak eraikitzea.

e) Abeltzaintzari zuzenean loturiko zerbitzuen ekipamendu publikoetarako eraikinak egin edo zaharberritzea.

f) Abeltzaintzako ustiategien guneentzako instalazioak, dotazioak edo azpiegiturak sustatzea, adibidez elektrifikazioak, telefonia, ur-hornidura, hondakin urak hustea, abeltzaintzako hondakinak kudeatzea, etab.

g) Mendietan larreak sortu eta hobetzeko jarduketei lotutako azpiegiturak eta dotazioak, hala nola, idoiak, itxiturak, ur hodiak, eskortak, parrillak, etab. Laguntzetatik kanpo geldituko dira larreak sortu eta hobetzeko lan hauek: luberritzeak, sasiak garbitzea, ereitea, ongarritzea, zuzenketak, etab.

h) Abere azokak eta lehiaketak egiteko azpiegiturak.

i) Egun dauden hiltegiak indarra duten arauetara egokitzea.

3. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntza hauek banatuko dizkie foru agindu honetako baldintzak betetzen dituzten entitate eskatzaileei:

a) Mendialdean dauden toki entitateak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako Foru Aginduan ageri direnak, edo, bestela, foru agindu honen V. eranskineko gainbehera doazen herrien zerrendan ageri direnak: diruz lagundu daitekeen inbertsioaren %60.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 100 km²-tik gorako toki entitate bakoitzeko 250.000 euro izanen da, eta 100 km²-tik beherako entitate bakoitzeko 180.000 euro.

b) Gainerako toki entitateentzat, diruz lagundu daitekeen gastuaren %40. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 100 km²-tik gorako toki entitate bakoitzeko 80.000 euro izanen da, eta 100 km²-tik beherako entitate bakoitzeko 50.000 euro.

c) Zenbait toki entitatek inbertsioak mankomunitatean egiten badituzte eta mankomunitateko lurren %50 baino gehiago mendialdean edo gainbehera doazen udalerrietan badaude, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren %60. Halakoetan, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.000.000 euro izanen da.

Inbertsioak mankomunitatean egiten dituzten toki entitateak mendialdean edo gainbehera doazen udalerrietan egon ezean, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 250.000 euro izanen da.

2. Diruz laguntzen ahal diren gastuetan honakook sartuko dira: eraikinak, makineria eta ekipoak eskuratu eta obrak egiteko inbertsioen benetako kostu osoa eta, kasua izanez gero, teknologia eskuratzeko inbertsio materialena.

Inbertsioak norberaren baliabideekin edo auzolanean egiten badira, diruz laguntzen ahal den gastuan ez dira sartuko laneskuaren BEZa, industria mozkina eta gastu orokorrak.

4. artikulua. Onuradunak.

Nafarroako toki entitateek jasotzen ahal dituzte foru agindu honetan ezarritako diru-laguntzak, diruz laguntzen ahal den jarduketaren baten xedeko lurren edo eraikuntzen titularrak badira edo haiek erabiltzeko eskubidea badute.

5. artikulua. Eskabideak, dokumentazio osagarria eta baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak aurkezteko epea.

1. Eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zuzenduko zaizkio. Bertako erregistroan aurkezten ahalko dira, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetatik aurkeztu ahalko dira.

Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, egin gogo diren inbertsio guztiak azaltzen dituena.

2. Eskabideak aurkezteko epea deialdian ezarrita dagoena izanen da.

3. Eskabidea deialdi honen II. eranskineko inprimaki ofizialean eginen da, eta beterik, zigilaturik eta sinaturik aurkeztuko da. Inprimaki hori eskura dago Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea 1, 2. solairua, 31002 Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko zerbitzuen katalogoan.

4. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) IFKren fotokopia, toki entitate eskatzailea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren kudeaketa-aplikazioan erregistraturik ez badago.

b) Toki entitate eskatzailearen izenean egindako banku ziurtagiria, beterik, sinaturik eta bankuak zigilaturik, eskatzailea berria bada edo aurreko kanpainetan laguntzak kobratzeko eman zuen kontu zenbakia aldatu nahi badu.

c) Teknikari kualifikatu batek egindako proiektu teknikoa, egin beharreko jarduketa guztien berri nahikoa ematen duena, eta abeltzaintzarekin edo, hala denean, abeltzaintzako ustiategiekin duten lotura zuzena frogatzen duena.

Inbertsioa 50.000 eurotik gorakoa bada, proiektuan informazio plaka edo publizitate hesia sartu behar da, kasu bakoitzean behar dena, 1698/2005 EE Erregelamenduan ezarritakoa betetzeko.

Inbertsioak norberaren baliabideekin edo auzolanean egiten badira, jarduketaren aurrekontuan ez dira sartuko laneskuaren BEZa, industria mozkina eta gastu orokorrak.

Auzolanean egiten diren inbertsioetan, laneskuaren kostua gehienez ere jarduketaren aurrekontuaren %25 izanen da.

d) Jarduketak egiteko gutxi gorabeherako egutegia. Laguntzak eman eta hurrengo urteko azaroaren 20an amaituko da, luzeenik ere.

e) Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean xedatuari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emandako ingurumen baimena. Ez da zilegi izanen baimenaren ordez baimenerako eskabidea aurkeztea.

f) Toki entitatearen ziurtagiria, herrilurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen araberakoa, badagoela adierazten duena.

g) Konpromisoen inprimakia, foru agindu honen III. eranskinean ageri dena, beterik, zigilaturik eta alkateak edo toki entitateko buruak sinaturik.

h) Zenbait toki entitatek inbertsioak mankomunitatean egiten badituzte, laguntzak tramitatu eta kobratzerakoan besteak ordezkatuko dituen toki entitatea izendatu behar da.

i) Inbertsioak eginen diren lur edo eraikuntzen titulartasuna edo erabiltzeko eskubidea frogatzeko agiriak. Agiri horien ordez toki entitatearen idazkariaren ziurtagiria aurkezten ahal da, non adieraziko baita toki entitateak lur edo eraikuntzen titulartasuna edo erabiltzeko eskubidea duela.

5. Nahi izanez gero, baremoan puntu gehiago izateko, agiri hauek aurkezten ahal dira:

a) Toki entitatearen agiria, non herrilurren aprobetxamenduaren lur-saria, eskabidea aurkeztu aurreko 3 urtekoa, agertuko baita.

b) Ukitutako ustiategien kopurua eta titularren zerrenda.

6. Foru agindu honen babesean diru-laguntzak jaso nahi dituzten jarduketetarako aurreko urteren batean ere eskatu baldin bazen diru-laguntza, baina lortu ez, ez da 4. atalean aipatutako agiriak aurkeztu beharrik izanen, aurretik aurkeztu zirelako. Eskabidean gorabehera horren berri emanen da, aurreko eskabideari emandako erreferentzia-zenbakia azalduta. Bidezkoa bada, inbertsioaren aurrekontu eguneratua aurkeztu ahalko da.

6. artikulua. Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Foru agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez emanen dira.

2. Laguntzak emateko hurrenkera finkatzeko, eskabideak ondoko irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, gehienez 90 puntu arte:

a) Batasunaren Intereseko Lekuak erabili eta kudeatzeko planaren barneko jarduketak izanez gero, 20 puntu.

b) Entitateak, azken bi urteetan, abeltzaintzako toki azpiegiturei laguntzeko diru-laguntzarik jaso ez badu, edo jarduketak aurreko deialdietan onetsitako proiektu oso baten parte badira, 10 puntu. Nolanahi ere, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan ehun ustiategi baino gehiago inskribaturik dituzten udalerriek 10 puntu izanen dituzte beti, aurreko bi urteetan laguntzak jaso badituzte ere.

c) Puntu erdi bat jarduketak ukitu eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan dagoen ustiategi bakoitzeko, gehienez 10 puntu.

d) Herrilurren aprobetxamendurako lur-saria egonez gero, 10 puntu.

e) Proiektuak toki entitatearentzat interes sozial nabarmena badu, 4 puntu. Interes sozial horrek batez ere toki entitateko abeltzainei eragiten badie, 6 puntu gehiago. Proiektuaren interes teknologikoagatik eta interes ekonomikoagatik 5na puntu emanen dira.

Aurreko bi urteetan toki entitateak diru-laguntzari uko egin badio edo baldintzaren bat ez betetzeagatik laguntza ukatu bazaio, proiektuaren interesa ez da baloratuko.

Proiektuaren interes soziala, teknologikoa eta ekonomikoa, Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoak ebaluatu ditzan, berariaz eta argitasunez azaldu behar dira proiektuaren memorian.

f) Toki entitatea gainbehera doazen udalerrien zerrendan badago (V. eranskina), 10 puntu. Toki entitatea gainbehera doan udalerri batean ez, baina mendialdeko eskualdean badago, 5 puntu.

g) Deialdiaren aurreko urtean toki entitateak eguraldi txarraren ondorioz abeltzaintzako azpiegituretan izandako kalteak Nafarroako Gobernuari jakinarazi eta inolako laguntzarik jaso ez badu, 10 puntu.

7. artikulua. Deialdiaren antolamendua, prozedura eta ebazpena.

1. Eskabideak jaso ondoren, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak behar bezala beteak daudela eta agiri guztiak aurkeztu direla egiaztatuko du. Hala ez bada, toki entitateari hamar eguneko epea emanen zaio akatsak konpontzeko, eta adieraziko zaio horrela egin ezean eskabidea bertan behera utzitzat hartuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak egiaztatuko du eskatutako laguntzaren xede diren jarduketak 2. artikuluko zerrendan daudela, diru-laguntza jaso dezaketen jarduketen zerrendan, alegia, eta eskatutako gainerako baldintzak betetzen dituztela. Hala ez bada, zerbitzu horrek eskaerari ezetza emateko proposamena eginen du.

3. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak zerrenda bat osatuko du dokumentazio osoa duten eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak biltzen dituzten eskabideekin, eta Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoari emanen dizkio, azter ditzan, 6. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz.

4. Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoak eskaerari ezetza ematea proposatu ahal izanen du, espedienteko akats teknikoek jarduketak ebaluatzea eragozten badute edo aurrekontuan ageri diren obra unitateen prezioak eta neurriak gehiegizkoak badira.

5. Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoak kide hauek izanen ditu:

a) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak izendatutako teknikari bat.

b) Landa Garapenerako Zuzendaritza Nagusiak izendatutako teknikari bat.

c) Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak izendatutako teknikari bat.

6. Bi proiekturen edo gehiagoren arteko berdinketarik badago, interes sozialaren atalean puntu gehien jasotako proiekturako edo proiektuetarako izanen da diru-laguntza; berdinketak irauten badu, interes teknologikoaren atalean puntu gehien jasotako proiekturako edo proiektuetarako izanen da diru-laguntza; eta hala ere berdindurik jarraitzen badute, interes ekonomiko handienekoari emanen zaio diru-laguntza.

7. Batzorde Teknikoak proposamena jakinaraziko dio Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari.

8. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du. Bertan diru-laguntzak esleituko ditu, 6. artikuluaren arabera lortutako puntuazioak kontuan izanik, aurrekontuko kredituak agortu arte.

Azken onuradunari esleitu gabe geratzen den saldoa emanen zaio; beraz, aurrekontuko diru kopurua handiagoa izan balitz berari zegokiokeen diru-laguntza baino gutxiago emanen zaio.

9. Landa Garapenerako zuzendari nagusiak, ebazpen proposamena ikusirik, dirulaguntzen gaineko ebazpen arrazoitua emanen du, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabete igaro baino lehen.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako beharkizunez gain, honakoak bete beharko dituzte:

a) Inbertsioetako obrak Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezarritakoaren arabera esleitzea.

Betiere toki entitateak diruz lagundutako inbertsioen %100 arte kontratatu ahal izanen du.

b) Jarduketak egitea aurkeztutako egutegiaren arabera, baina, betiere, foru agindu honetako epeak beteta.

c) Toki entitateak laguntzaren xede diren inbertsioak ez egitea erabakitzen badu, emandako diru-laguntzari uko egitea.

Toki entitateak, deialdi honetan ezarritako egunerako inbertsioak gauzatu edo laguntzari uko egiten ez badio, hurrengo bi deialdietan ezin izanen ditu eskatu foru agindu honetan araututako laguntzak.

d) Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetik (FEADER) ematen den laguntzari buruz Kontseiluak 2005eko irailaren 20an emandako 1698/2005 EE Erregelamenduan eta horren aplikaziorako erregelamenduetan eskatzen diren kontrolak egiten laguntzea.

e) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan frogatzea jasotako funtsak laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, jarritako epean eta moduan.

f) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan sarturik ez egotea eta, zehazki, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak izatea.

g) Foru agindu honetan xedaturikoa betetzea eta laguntza emateko proposamenaren izaera kontuan harturik ezartzen den beste edozein eginbehar betetzea.

h) Diruz lagundutako inbertsioen iraupenerako konpromisoa: onuradunak konpromisoa hartu behar du laguntzaren likidazioaren ondoko 5 urteetan ez duela inbertsioan aldaketa garrantzitsurik eginen, salbu eta hondamendi naturalen ondorioz edo ezinbestez. Aldaketa garrantzitsutzat hartuko dira inbertsioaren izaera edo hura gauzatzeko baldintzak ukitzen dituztenak.

i) Xede berarekin beste diru-laguntzaren bat jasoz gero, horren berri eman behar zaio Landa Garapenerako Zuzendaritza Nagusiari. Bereziki, laguntza hauekin bateraezinak dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kudeatzen dituen beste hauek: toki entitateek sustaturiko basogintza jardueretarako laguntzak, 2007-2013 aldikoak.

9. artikulua. Dirulaguntzaren helburua lortu dela eta harturiko dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek agiri hauek aurkeztuko dituzte dirulaguntzen xede diren jarduketak burutu dituztela frogatzeko:

a) Obren ziurtagiriak eta dagozkien fakturak. Jatorrizko fakturak aurkeztuko dira, fotokopia konpultsatuekin batera. Abeltzaintzako Azpiegituretarako Laguntzen Bulegoak jatorrizko fakturak zigilatuko ditu eta onuradunei itzuliko dizkie.

Fakturei zigilua jarriko zaie beste laguntza batzuetarako aurkezten ote diren kontrolatzeko eta bateraezintasunak eta metatzen ahal diren laguntzen mugak errespetatuko direla bermatzeko.

b) Inbertsioa frogatzen duten faktura eta ziurtagirien zerrenda, IV. eranskineko inprimaki ofizialean egina.

Norberaren baliabideak erabiliz edo auzolanean egindako lanak frogatzeko, toki entitatearen idazkariak emandako ziurtagiria aurkeztuko da. Bertan zehatz azalduko da zer motatako lanak egin diren, zenbat pertsona aritu diren eta zenbat ordu egin dituzten, eta lanen kostua kalkulatuko da, laneskuari dagokion BEZa eta industria mozkina sartu gabe.

Obraren ziurtagiriak proiektuko obra unitateen arabera egin behar dira. Modu berean, aurkeztutako faktura edo gastuen egiaztagiri bakoitza dagokion ziurtagiriari lotua egonen da.

c) Toki entitatearen idazkariak emandako ziurtagiria, kontratazio publikoari buruzko xedapenak bete direla dioena.

2. Dirulaguntza jaso eta hurrengo urteko azaroaren 20rako amaitu behar dira jarduketak, eta, betiere, lehenbiziko urteko gastuak laguntza ematen den urteko abenduaren 20a baino lehen frogatu behar dira.

Lehenbiziko urteko diru-laguntza ordain dadin, egun horretara arte egindako inbertsioa frogatu behar da ezarritako epean eta moduan.

Agindutakoa baino inbertsio txikiagoa egiten bada, emandako laguntzari zati bat kenduko zaio, benetan egindako inbertsioari egokitzeko. Inbertsio txikiagoa ezin izanen da inoiz konpentsatu hurrengo urteko inbertsioa handituz. Egin gabe geratu dela ulertuko da eta urteko diru-laguntzatik kenduko da egin gabeko inbertsioari dagokion zatia.

Obra egin izanaren egiaztagiriak goian esandako egunen aurretik aurkeztu behar dira ekitaldi bakoitzean.

3. Laguntzaren azken ordainketa egin baino lehen, organo kudeatzaileak bertatik bertara egiaztatuko du jarduketak benetan egin direla.

4. Onuradunak diru-laguntzari uko egiten badio, berari zegokion diru kopurua funtsak aski ez izateagatik bete gabe utzi diren eskaeretarako izanen da. Betiere, azken onuradunari emandako laguntza osatuko da lehendabizi, aurrekontuan kreditu nahikoa izan balitz berari zegokiokeen zenbatekoraino.

Lehen urteko obra egin izana frogatzen duten agiriak aurkezteko epea, onuradun berri horientzat, laguntza ematen den urteko abenduaren 31ra arte luzatuko da.

5. Jarduketa mota bakoitzerako aurrekontuan esleitu den dirua agortzen ez bada, 3. artikuluan ezarritakoarekin bat, soberakina beste jarduketa motari ematen ahalko zaio, betiere, baremoaren arabera lortutako puntuazioari jarraikiz.

10. artikulua. Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Jarduketak egin direla frogatzeko agiri guztiak aurkezturik, hiru hilabeteko epean emanen da ordaintzeko ebazpena.

Ordaintzeko ebazpen hori jakinarazten zaienetik, onuradunek bi hilabeteko epea izanen dute egindako ordainketen jatorrizko frogagiriak eta fotokopia konpultsatuak aurkezteko. Ordainketaren frogagiri horiek ezarritako epean aurkezten ez badituzte, edo horien zenbatekoa ziurtatu dena baino txikiagoa bada, ordaindutako laguntza itzularazteko espedientea hasiko da, ordainketa frogatu gabe duen inbertsio zatiari dagokionez.

2. Onuradunak diru-laguntzaren xede den inbertsioa ezarritako epea baino lehen egiten badu eta aurrekontuan behar adina diru badago, organo kudeatzaileak bigarren urtekoaren ordainketa aurreratu ahal izanen du, aurrekontuan behar diren doiketak egin ondoren.

11. artikulua. Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Dirulaguntzaren onuradunek diru-laguntzaren xede diren jarduketen jabetzari edo erabiltzeko eskubideari eutsi beharko diote bost urtean, gutxienez.

12. artikulua. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak izanen dira toki entitateak xede bererako jasotzen ahal dituen beste batzuekin, betiere 1698/2005 EE Erregelamenduaren itzalpean ematen ez badira. Zenbatekoak, berez edo beste diru-laguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide propio batzuekin batera, inoiz ez du gainditu behar diruz lagundutako jarduketen kostua.

13. artikulua. Onuradunen publizitate baldintzak.

1. 50.000 eurotik gorako kostu osoa gainditzen duten inbertsioak dakartzaten ekintzetarako, onuradunak azalpen plaka bat paratu beharko du eta 500.000 eurotik gorako kostu osoa gainditzen duten azpiegituretan publizitate hesi bat paratu beharko da.

Plakak gutxienez 1,20 metroko zabalera izanen du eta 0,80 metroko garaiera, eta publizitate hesiak, 2,00 metroko zabalera eta 1,50 metroko garaiera.

Bai plakan, bai publizitate hesian, proiektu edo eragiketaren azalpena agertuko da, plaka edo hesiaren %25 hartuko duena, gutxienez. Gainera, Europako bandera agertuko da, 1974/2006 EE Erregelamenduaren VI. eranskineko 4. puntuan ezarririko arau grafikoekin bat eta harekin batera, irakurgarri hau: Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du".

2. Nafarroako Gobernuak jarduketarako diru-laguntza eman duela agertu beharko da.

14. artikulua. Dirulaguntzen kontrola, ez-betetzeen mailakatzea, murrizketak eta salbuespenak.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak diru-laguntzak emateko baldintzak betetzen direla eta aurreikusitako inbertsioak behar bezala egiten direla begiratuko du, eta horretarako behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egin ahalko ditu; bidezkotzat jotzen duen informazioa ere eskatu ahalko die laguntzen onuradunei.

2. Foru agindu honetan ezarritako konpromisoak betetzen ez badira, diru-laguntza ukatu ahal izanen da, edo ordaindutako laguntzak itzularazi, osorik edo hein batean, kasuaren arabera, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen II. kapituluan xedatutakoarekin bat, berandutza korrituak gehituta edo ez, kasu bakoitzean bidezkoa dena.

3. Inbertsio proiektua buruturik, egiazko inbertsioaren zenbatekoa onetsiriko inbertsiotik beherakoa baldin bada, laguntzen zenbatekoa doituko da, proportzioan gutxituz, inolako zehapenik gabe, baldin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste badu eginiko inbertsioek balio tekniko eta ekonomikoa dutela.

15. artikulua. Dirulaguntzen publizitatea.

Foru agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea garatzen duten arauetan xedaturikoarekin bat argitaratuko dira.

Xedapen gehigarri bakarra.-Finantzaketa.

1. Espedienteren batean, 3. artikuluko 1.a) eta 1.c) ataletan xedatutakoaren arabera, 180.000 eurotik gorako laguntza ematen bada, toki entitateen kasuan, edo 540.000 eurotik gorakoa, mankomunitatean egiten diren inbertsioen kasuan, FEADERek ez du finantzaketan parte hartuko eta laguntza Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko da oso-osorik.

2. Espedienteren batean, 3. artikuluko 1.b) eta 1.c) ataletan xedatutakoaren arabera, 50.000 eurotik gorako laguntza ematen bada, toki entitateen kasuan, edo 150.000 eurotik gorakoa, mankomunitatean egiten diren inbertsioen kasuan, FEADERek ez du finantzaketan parte hartuko eta laguntza Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko da oso-osorik.

II. ERANSKINA

Abeltzaintzako azpiegituretarako laguntza jasotzeko eskabidea

Kanpaina: .............. / ..............

Espedientea:

(Administrazioak bete beharrekoa)

Entitate eskatzailea.

Toki entitatearen izena:

IFK: ...............................

Helbidea (kalea/plaza/etorb./zenbakia):

Herria: ................ Posta kodea: .................... Probintzia:

Telefonoa: ...................... Faxa: ................ Helbide elektronikoa:

Ordezkaria.

Izen-deiturak:

IFZ: ...............................

Helbidea (kalea/plaza/etorb./zenbakia):

Herria: ................ Posta kodea: .............. Probintzia:

Telefonoa: .................. Faxa: ................ Helbide elektronikoa:

Teknikaria (proiektuaren egilea).

Izen-deiturak:

IFZ: ...............................

Titulazioa:

Enpresa:

Helbidea (kalea/plaza/etorb./zenbakia):

Herria: ................ Posta kodea: ................ Probintzia:

Telefonoa: .................... Faxa: ................ Helbide elektronikoa:

Lanak egiteko aurrekontua, guztira:

Deialdi honetan ezarritakoarekin bat, eskatzen du abeltzaintzako toki azpiegiturak hobetzeko laguntza eman dakiola, eskabide honi erantsitako agirietan agertzen diren inbertsioen aurrekontuari dagokiona.

.............................(e)n, 200...ko .............aren ............(e)an.

(Eskatzailearen edo haren ordezkariaren sinadura)

Sinatua: .............................

III. ERANSKINA

Konpromisoak

Deialdia: 200....... / .......

....................................................... jauna/andrea,

......................(e)ko alkatea/burua

Konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Jarduketak eginen dira aurkeztutako egutegiari jarraituz, laguntzak emateko arauak eta deialdia onesten dituen foru aginduan ezarritako epeetan.

b) Toki entitateak laguntzaren xede diren inbertsioak ez egitea erabakitzen badu, emandako diru-laguntzari uko eginen zaio.

c) Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetik (FEADER) ematen den laguntzari buruz Kontseiluak 2005eko irailaren 20an emandako 1698/2005/EE Erregelamenduan eta horren aplikaziorako erregelamenduetan eskatzen diren kontrolak egiten lagunduko da.

d) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan frogatuko da jasotako funtsak laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, jarritako epean eta moduan.

e) Dirulaguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten den momentuan, ez dago sarturik Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan eta, zehazki, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak ditu.

f) Laguntzak emateko deialdia arautzen duen foru aginduan xedaturikoa beteko da eta laguntza emateko proposamenaren izaera kontuan harturik ezartzen den beste edozein eginbehar beteko da.

g) Diruz lagundutako inbertsioen iraupenerako konpromisoa: onuradunak konpromisoa hartzen du laguntzaren likidazioaren ondoko 5 urteetan ez duela inbertsioan aldaketa garrantzitsurik eginen, salbu eta hondamendi naturalen ondorioz edo ezinbestez. Aldaketa garrantzitsutzat hartuko dira inbertsioaren izaera edo hura gauzatzeko baldintzak ukitzen dituztenak.

h) Inbertsio beretarako beste diru-laguntzaren bat jasoz gero, horren berri emanen zaio Landa Garapenerako Zuzendaritza Nagusiari.

.............................(e)n, 200...ko .............aren ............(e)an.

(Eskatzailearen edo haren ordezkariaren sinadura)

Sinatua: .............................

IV. ERANSKINA

Abeltzaintzako azpiegiturak hobetzeko laguntzetarako eskabidean

ageri den inbertsioa frogatzeko faktura eta ziurtagirien zerrenda

Kanpaina: .............. / ..............

Espedientea:

(Administrazioak bete beharrekoa)

Guztira

.............................(e)n, 200...ko .............aren ............(e)an.

(Eskatzailearen edo haren ordezkariaren sinadura)

Sinatua: .............................

V. ERANSKINA

Gainbehera doazen herriak

ABAIGAR

ABAURREGAINA

ABAURREPEA

ABERIN

ADIOS

AGUILAR KODESKOA

ANTZIN

ANUE

ARAITZ

ARANARATXE

ARANTZA

ARANO

ARAS

ARELLANO

ARESO

ARIA

ARIBE

ARMAÑANTZAS

ARRUAZU

ARTAZU

ATETZ

AZUELO

BAKAIKU

BARASOAIN

BARBARIN

BARGOTA

BEIRE

BERASKOAIN

BIDAURRETA

BIURRUN-OLKOTZ

BURGI

EL BUSTO

CABREDO

GAZTELUBERRI

ZIRAUKI

ZIRITZA

DESOJO

DEIKAZTELU

DONAMARIA

ETXARRI-ETXAURIBAR

ELGORRIAGA

ENERITZ

ERATSUN

ERGOIENA

ETXAURI

EZKAROZE

ESLABA

ESPARTZA

ESPRONTZEDA

ETAIO

EULATE

EZKURRA

EZPOROGI

GALIPENTZU

GALOZE

GARAIOA

GARDE

GARRALDA

GENEVILLA

GOÑIBAR

GORZA

GIRGILLAO

IBARGOITI

IGUZKITZA

IMOTZ

IRAÑETA

ITUREN

ITURMENDI

ITZAGAONDOA

ITZALTZU

JAURRIETA

TXULAPAIN

LABAIEN

LANA

LANTZ

LAPOBLACION

LARRAGOA

ELIZAGORRIA

LEATXE

LEGARDA

LEGARIA

LERGA

LEZAUN

LONGIDA

LUKIN

MARAÑON

MENDAZA

METAUTEN

MIRAFUENTES

ELO

MORENTIN

MUES

MURIETA

NABASKOZE

NAZAR

OKO

ODIETA

OITZ

OLEXUA

OLORITZ

ORBAITZETA

ORBARA

ORISOAIN

ORONTZE

OROTZ-BETELU

PETILLA DE ARAGON

PIEDRAMILLERA

PUIU

ORREAGA

ZARE

SALDIAS

JAITZ

SANTSOL

SARTZE

SORLADA

TIRAPU

TORRALBA DEL RIO

TORRES DEL RIO

UKAR

UNTZITIBAR

UNTZUE

URDAZUBI

URRAULBEITI

URROTZ

URZAINKI

UTERGA

UZTARROZE

LUZAIDE

BIDANKOZE

VILLAMAYOR DE MONJARDIN

HIRIBERRI AEZKOA

ESA

ZABALTZA

ZIORDIA

ZUBIETA

ZUGARRAMURDI

ZUÑIGA

Iragarkiaren kodea: F0807025