65. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

717/2008 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Endokrinologiako Laguntza Zerbitzuko buru izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Endokrinologiako Laguntza Zerbitzuko buru izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da. Hona hemen deialdian bete behar diren

1.-Arau orokorrak.

Deialdi honetako arauak eta ereduak webgune honetan kontsultatu eta eskuratzen ahal dira: www.navarra.es, "Zerbitzuak" "Enplegu publikoa" epigrafeak.

Deialdi hau arautuko duten xedapenak honakoak dira: azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako sarrera eta bertako lanpostuen hornidura arautzen dituena; urriaren 3ko 463/2001 Foru Agindua, Osasun kontseilariak emana, osasun arloko langileentzako A mailako (A.1 eta A.2 estamentuak) zenbait lanpostutarako sarrera eta hornidura prozedurak arautzen dituena eta horietan erabili behar diren baremoak ezartzen dituena, eta gainerako arau osagarriak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Endokrinologiako Laguntza Zerbitzuko buru izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Lanpostua Nafarroako Ospitalean aritzekoa da (plantillako zenbakia: 67490).

1.2. Zerbitzuburu lanpostua eskuratzen duen izangaia behin betiko egonen da lotuta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari fakultatibo espezialistaren kategoriarekin, eta lotura organikoa izanen du bere lanlekua den ospitalearekin. Halaber, funtzioen aldetik ospitale horretako Osasun Arloari atxikita egonen da. Endokrinologiako Laguntza Zerbitzuko buru izateko lanpostua sei urtez beteko du. Epe hori bukatzen denean, ebaluatu eginen da lanpostu horretan jarraituko duen ala ez erabakitzeko baino ez, eta hori azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 16. artikuluan ezarri dena betez eginen da. Arestian aipatu den funtzioen araberako atxikipenaren ondoriozko jarduerak egin beharko ditu, betiere Zentroko Zuzendaritzak edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ematen dituen arau eta jarraibideak betez.

1.3. Izendapena dela bide, izendatua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantillako nominadun funtzionarioa izanen da, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen ditu.

1.4. Deialdiko lanpostua A maila edo taldekoa da, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko "Fakultatibo espezialistak" estamentuan eta "endokrinologia" espezialitatean sailkaturik dago (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duena, Eranskina). Lanpostuko ordainsariak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak izanen dira.

1.5. Hautaprobak gainditu eta deialdi honen xede den lanposturako izendatzen den izangaiak, funtzionario izanik lehendik afiliaturik baldin badago eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren erregimenean, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, aukera izanen du bertan segitu edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

Izangaia txanda irekitik sartuz gero, funtzionario bihurtuko da, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko da eta erregimen horretan ezarritako babesean emanen zaio alta.

1.6. Izendatutako izangaiak destinoa duen herrian bertan bizi beharra du, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko du bere bizilekua. Administrazioko organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara moldatuko da, goizez edo arratsaldez, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.8. Izendatutako izangaiak dedikazio esklusiboaren araubidean lan eginen du, hau da, gertutasun osoarekin, erabateko dedikazioarekin eta irabazizko beste inongo jardueratan aritu gabe ez arlo publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3 artikuluan adierazitako kasuetan salbu.

Horrez gain, guardiak eginen dituzte, lanpostuan bertan egon beharrekoak eta/edo lanpostuz kanpokoak, zentroko zuzendaritzak edo, hark eskuordeturik, kasuan kasuko burutzak hala agintzen duenean.

1.9. Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legeak ezartzen duenez, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta, era berean, biztanleen osasuna hobetzea helburu duten heziketa ekintzetan lagunduko dute.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero. Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Medikuntzako eta Kirurgiako lizentziatura eta "endocrinologia" espezialitateko titulua edo baliokidea edukitzea, edo eskabideak aurkezteko azken egunerako titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatea.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ospitaleetan edo Gizarte Segurantzaren Zerbitzu Hierarkizatuetan kasuan kasuko espezialitateko lanpostu baten jabe izana eta hortan aritu izana, edo espezialitate horrexetako Batzorde Nazionalak irakaskuntzarako onarturiko egitaraua duten ospitaleetan, edota atzerriko zentroetan, baldin eta espezialitate horretan graduatuondokoentzako irakaskuntzarako egitarau ofizialki aitortua badute, kasu guztietan bost urtez bederen.

Egoki denean, zerbitzu eta ospitale horietan guztietan espezialitateko lanpostua betez egindako denbora aldiak batuko dira. Aldi berean lanpostu bat baino gehiago bete denean, aldi bakar bat bezala hartuko da.

2.2. Betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte betekizun horiek, eta hautaprobek irauten duten bitartean eutsi behar diete, harik eta izendatuak izan arte.

3.-Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira (Irunlarrea kalea, 39, Iruña, P.K. 31008, Iruña), edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulegoetako edozeinetan (95. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abuztuaren 7koa) edo Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako erregistro eta bulegoetan.

Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak ekarri beharko dira:

a) Deialdiaren xede den Zerbitzuaren antolakuntza tekniko-administratiboari buruzko memoria-lana.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 25 euro ordaindu izana frogatzen duen agiria. Kopuru horrekin espedientearen formalizazioa eta azterketa-eskubideak ordainduko dira.

Azterketa eskubideak ordain-gutun baten bidez pagatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan, edo bestela, banku transferentziaren bidez, Banco Santander Central Hispanoko 00491821012110580351 kontuan. Transferentziaren agirian datu hauek agertuko dira:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-Ordainketa egin behar deneko kontu zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak

-Lanpostua.

Daturen bat eman gabe utziz gero, izangaia baztertuta geldituko da.

Ordain-gutunak Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko balio du, ez kanpokoetan. Gainontzeko autonomia erkidegoetan, ordainketa banku transferentzia bidez eginen da.

Azterketa eskubideak ordaintzeak ez du inola ere aldatuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasatik salbuetsita daude:

a) %33koa edo handik goitiko urritasuna dutenak.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez gutxienez lan-eskatzaile gisa inskribatuta egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribatuta egon den bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den dirusarrerarik ez izatea hilabetean.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa noiz inskribatu zen agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribatuta egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Interesdunak, adierazpen baten bidez frogatuko du ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko lansaritik gorako errentarik. Horren eredua Erregistro bulegoan hartzen ahalko da, edo deialdi honen 1. arauan adierazitako interneteko helbidetik jaso.

c) Izangaiek azaltzen dituzten merezimenduen frogagiriak (jatorrizkoak edo notarioak zein Administrazioak konpultsatutako kopiak), deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera.

d) 2.1.c eta 2.1.f arauetan azaldu diren beharkizunak betetzen dituztela frogatzeko agiriak (jatorrizkoak edo notarioak zein Administrazioak konpultsatutako kopiak).

Azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak gainerako beharkizunak deialdi honen 8.3. arauan ezarri den epe eta moduan frogatu beharko ditu dokumentu bidez.

3.3. Minusbaliotasunen bat dutenek ariketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahal dituzte, beharrezkoa izanez gero. Eskabidean adierazi behar dute zer-nolako minusbaliotasuna duten eta zein egokitzapen behar diren. Halaber, minusbaliotasuna frogatu egin behar dute, erakunde eskudunek emandako agiria aurkeztuz.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.

4.-Izangai onartuen eta baztertuen zerrenda.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko epea bete eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari, zuzendariorde edo zerbitzuburu bat, kasuko medikuntza arloarekin zerikusia duena.

Ordezko mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari, zuzendariorde edo zerbitzuburu bat, kasuko medikuntza arloarekin zerikusia duena.

Mahaikidea: fakultatibo bat, espezialitate horretako Batzorde Nazionalak edo, bestela, Medikuen Elkargo Ofizialak izendatu beharrekoa.

Ordezko mahaikidea: fakultatibo bat, espezialitate horretako Batzorde Nazionalak edo, bestela, Medikuen Elkargo Ofizialak izendatu beharrekoa.

Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatutako fakultatibo bat.

Ordezko mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatutako fakultatibo bat.

Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Ordezko mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari bat, zuzendariorde bat edo zerbitzuburu bat.

Ordezko mahaikide idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari bat, zuzendariorde bat edo zerbitzuburu bat.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera emanen da aditzera epaimahaia nork osatzen duen.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organo horren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da kide hauek biltzea: mahaiburua eta mahaikide idazkaria edo horien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen arauen interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan zein guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizioa 2008ko irailean hasiko da. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko da oposizioaldia zein toki, egun eta ordutan hasiko den. Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako proba edo ariketak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan izanen dira: lehenik lehiaketaldia eta ondotik, hori bukatutakoan, oposizioaldia.

6.2. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.2.1. Lehiaketaldian izangaiek azaldu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoen arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu biltzen ahalko dira.

6.2.2. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileen arduradunak emandako ziurtagiriak aurkeztu behar dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri behar dira:

-Lantokia.

-Lanpostua, kategoria edo izendapena.

-Egindako zerbitzualdia.

-Zerbitzuaren ezaugarriak: finkoa, behin-behinekoa...

-Zerbitzua jarraian eman duen edo etenik izan den (eszedentziak).

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuak izanez gero, ziurtagiri horrez gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak lan bizitzari buruz egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Lan bizitzari buruzko txostena errazago eskuratzearren, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak telefono zerbitzu bat jarri du abian, 901502050 zenbakiarekin, txosten hori eskatu ahal izateko.

6.2.3. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Fakultatibo espezialistak" estamentuan eta "endocrinologia" espezialitatean sailkaturik dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubideari buruzkoa, eranskina).

6.2.4. Izangaiek oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean azaldu behar dituzte beren merezimenduak eta, frogatu ere, une horretan frogatu behar dituzte, agirien bidez. Merezimendu horiek deialdiari erantsi zaion autobaremaziorako agirian azalduko dira (III. eranskina).

6.2.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaien merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

6.2.6. Lehiaketaldia bukatzen denean epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean jarriko du ikusgai balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita.

6.2.7. Izangaiek aurkeztutako agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, espresuki eskatuz gero, izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta bi hilabete igaro ondoko hiru hilabeteko epean, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu, hala izanez gero agiriak luzaroago gordetzen ahal baitira egiaztapenak eta frogak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak agiriak berreskuratzen ez baditu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haien gaineko eskubidea galduko du.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Deialdiaren xede den zerbitzuaren antolakuntza tekniko-administratiboari buruzko memoria-lana azaldu eta defendatuko da epaimahaiaren aurrean. Memoria hori oposizio-lehiaketa honetan esku hartzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztu beharko dute izangaiek.

b) Salbuespen bezala, epaimahaiak deialdiaren xede den lanpostuaren edukiari buruzko proba praktikoa egitea proposa dezake.

c) Halaber, jendaurreko elkarrizketa bat eginen da. Elkarrizketa horretan izangaiaren curriculuma aztertuko da eta eskatutako baldintza berariazkoak noraino betetzen dituen eta deialdiko lanpostuaren ezaugarrietara zenbateraino egokitzen den begiratuko da.

6.3.2. Oposizioko a) eta b) atalengatik gehienez 25na puntu emanen dira, eta c) atalengatik gehienez 10 puntu. Oposizioaldiko lehenengo bi saioetako bakoitzean 12,5 puntu edo gehiago lortzen ez dituzten izangaiak baztertuak izanen dira. Epaimahaiak b) ataleko proba praktikoa proposatzen ez badu, a) ataleko ariketak 50 puntu balioko ditu eta bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.3.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat.

Ariketa egitera azaltzen ez diren izangaiak edo epaimahaiak ezarritako egunean idazlanak irakurtzera azaltzen ez direnak oposizioalditik baztertuko dira.

6.3.4. Hautaprobetan, beharrezkoa izanez gero, elbarritasuna dutenentzako egokitzapenak egiten ahalko dira, haiek aurretiaz hala eskatzen badute beren eskabideetan.

6.3.5. Ariketa bakoitza bukatuta, epaimahaiak ariketa gainditu duten izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak jendaurrean jarriko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean. Halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko lekua, eguna eta ordua jakinaraziko ditu, hura hasi baino 48 ordu lehenago, gutxienez.

7.-Azken puntuazioa.

Azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuazioarik altuena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Hala ere berdinketak irauten badu, izangai zaharrena lehenetsiko da.

8.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa emanda, epaimahaiak jendaurrean paratuko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean oposizioa gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazio osoaren araberakoa.

8.2. Epaimahaiak administrazio organo eskudunari igorriko dio izendapen proposamena, probak puntuazio altuenekin gainditu eta deialdiko lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaien alde. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Proposatutako izangaiak, izendatzeko proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean, agiri hauek aurkeztu beharko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Sarrera eta Barne Igoera Zerbitzuan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, bizileku-txartela.

f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, hemen bizi eta lan egiteko baimena.

Eskaeran %33ko ezgaitasuna edo handiagoa dutela adieraziz gero, izangaiek, aurreko agiriez gainera, ezgaitasun horrek deialdiko lanpostuan aritzea ez diela eragozten frogatu behar dute, eskumena duten balorazio eta orientazio taldeek emandako agiriaren bitartez.

8.4. Inork agiri horiek goian adierazitako epean ekartzen ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzea baztertu gabe.

8.5. Aurreko atalean azaldutako kasuetan administrazio organo eskudunak 8.1 arauan aipatutako zerrendara joko du, oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrendara alegia, eta hurren-hurrena dagoen izangaia jarriko du baztertutakoaren lekuan, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

9.-Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Administrazio-organo eskudunak deialdiko 8. arauan ezarritako baldintzak betetzen dituen izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko du ebazpen bidez, zerbitzuburu lanpostuan jardun dezan.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu behar du lanpostuaz, izendapena jakinarazten diotenetik hasita. Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan salbu, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hori gertatuz gero, 8.5 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangai bati, funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da, deialdiko 8.5. atalak agintzen duen moduan.

9.5. Izendatzen den lehiatzailea sei urtez egonen da lanpostuan. Gerora sortutako arrazoiak tarteko, burutzatik mugiarazten ahalko da, esaterako etekin urria izateagatik nabarmen gelditu denean haren gaitasun eza eta, horrenbestez, lanpostuan beharrezkoak diren funtzioak ezin dituenean bete, edo lanpostuaren edukia aldatu izanagatik, betiere aurrez interesdunak esan behar duena entzun ondoren eta bidezko organo eskudunaren txostena aztertu ondoren.

9.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

9.7. Izendapenean eragina izan lezakeen helegiteren bat aurkezten bada deialdiaren, oposizio-lehiaketaren nondik-norakoen edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan helegiteari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta mende geldituko da.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere arau eta egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluko 1. eta 2. c) idatz-zatietan xedatutakoarekin bat.

Epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 3 artikuluarekin bat.

Iruñean, 2008ko apirilaren 29an.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Carlos Garde Celigueta.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

................ jauna/andrea, adinez nagusia, ....... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidearen) jabe, ...........(e)n, (..............) ....... (e)ko .........aren .....(e)an jaioa, nazionalitate .............., helbidea ......................... dudana, ..................................................... posta kodea ......................, etxeko telefonoa ............... harremanetarako telefonoa ..................

Honako hau azaltzen dut:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko .............. Zerbitzuko burutza betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)koan).

-Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

-Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

-Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiko 2.1.c) arauan adierazitako tituluaren jabe naizela, 2.1.f) arauan adierazitako betebeharra betetzen dudala eta betebehar horiek jatorrizko agiri baten bidez edo notario batek edo administrazioak konpultsaturiko kopia baten bidez frogatzen ditudala.

-Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

-Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

-Oposizioaldia deskribatzean aipatutako memoria-lana aurkeztu dudala.

f Badudala minusbaliotasuna, eta horregatik egokitzapena eskatu nahi dudala (minusbaliotasunaren nondik-norakoak eta behar diren egokitzapenak aparteko orrian azalduko dira).

Horrenbestez:

Eskabide hau onartu eta goian aipatutako deialdian parte hartzen uzteko eskatzen dut.

Iruñean, .....(e)ko ....................aren ............(e)an.

Sinadura

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. atala. Egindako zerbitzuak. Ondoko hauek baloratuko dira:

1. Deialdiko lanpostuaren estamentu eta espezialitate berean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak: 1,2 puntu, urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan fakultatibo gisa egindako zerbitzuak: 0,6 puntu, urte bakoitzeko.

3. Edozein administrazio publikotan beste estamentu batean egindako zerbitzuak. 0,15 puntu, urte bakoitzeko.

4. Lehiaketaren kategoria berean, osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan alta hartuta eta besteren kontura kotizatuz: 0,47 puntu, urte bakoitzeko.

Aurreko azpi-ataletan adierazitako zerbitzuak denbora berean eman baldin badira, puntuazioak ezin izanen dira batu; altuena besterik ez da hartuko.

Atal honetan ez da aintzat hartuko 2.2. atalean adierazitako denbora; egoiliar gisa egindako zerbitzuak prestakuntza espezializatuari dagokion atalean baizik ez dira kontuan hartuko.

Zerbitzu berezietan egindako zerbitzuak egoera hori deklaratu zenean izangaiak zuen lanpostuan egindakoak bailiran kontatuko dira.

Atal honetako puntuazioa 17 puntu artekoa izanen da.

2. atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baizik ez dira baloratuko:

1. Unibertsitateko prestakuntza:

1.1. Lizentzia gradua bikain notarekin edo aparteko sariarekin, edo ikerketarako nahikotasuna: puntu 1.

1.2. Doktore gradua: 2,5 puntu (Cum Laude: 0,5 puntu gehiago).

2. Prestakuntza espezializatua:

Egonaldia osorik egina izatea, BAME programa nazionalaren bidez edo graduatu-ondokoentzako irakaskuntza programa onartua duen zentro batean: 5 puntu.

3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea:

Kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokidea (10 ikastordu) 0,025 puntu Prestakuntza ekintzaren ziurtagirian ikastorduen kopururik azaldu ezean, hura kreditu batekoa balitz bezala baloratuko da, eta ikasturte bateko iraupena agertzen bada, 12 kreditukoa balitz bezala. Gehienez ere 2,5 puntu.

Erakunde antolatzaileari buruz ezarritako baldintzak bete gabe ere, Administrazioak agindu edo homologatu dituen prestakuntza ekintzak baloratu eginen dira, bai eta sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako akordioen ondorioz antolatuak ere.

BAME espezialitate programan egindako ikastorduak ez dira kontuan hartuko atal honetan.

4. Kongresu eta jardunaldietan aurkeztutako ponentziak eta komunikazioak:

-Nazioartekoa: lehen hiru sinatzaileek: 0,20 puntu. Gainerakoek 0,05 puntu.

-Estatukoa: lehen hiru sinatzaileek: 0,10 puntu. Gainerakoek 0,025 puntu.

-Autonomia erkidegokoa: lehen hiru sinatzaileek: 0,05 puntu. Gainerakoek 0,0125 puntu.

Gehienez ere 4 puntu.

5. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo sariren bat jaso duten lan zientifikoak edo ikerlanak:

nazioartekoak badira: 2 puntu; Estatukoak edo autonomia erkidegoetakoak badira: puntu 1; gehienez 3,5 puntu.

6. Aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak: lehenbiziko hiru sinatzaileek 0,2 puntu; gainerakoek 0,05 puntu; 3 puntu gehienez.

7. Liburuak argitaratzea edo horietan laguntzaile gisa aritzea: egile nagusia bada 0,4 puntu; laguntzailea bada: 0,2 puntu. Gehienez ere 2 puntu.

8. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki frogaturik, Europar Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik:

1,6 puntu, hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez izatera, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako maila bakoitzari ezarri den gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen zaio.

9. Irakasle lana sektore publikoko edo unibertsitarioko prestakuntza ekintzetan: 0,3 puntu, 10 orduko irakastaldiarengatik edo kreditu akademiko bakoitzarengatik. Gehienez ere, 3 puntu.

10. Prestakuntzako beka edo egonaldiak: 0,2 puntu, hilabete bakoitzeko; 2 puntu gehienez.

11. Sektore publikoan ofizialki eratutako organo zientifiko-teknikoetan, kontsultakoetan edo aholku-emaileetan gutxienez urtebetez parte hartu izana: 0,2 puntu, urte bakoitzeko; gehienez ere, 2 puntu.

Ikerketa lan beraren komunikazioa, ponentzia eta argitalpena bateragarriak izanen dira.

Deialdiaren xede den lanpostuan aritzeko gaikuntzarik ematen ez duten titulazio ofizialak ez dira merezimendutzat hartuko.

Atal honetako puntuazioa 19,8 puntu artekoa izanen da.

3. atala. Euskaraz jakitearen balorazioa:

Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, euskaraz jakiteagatik eman daitekeen gehieneko puntuazioa ezin da frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik eman daitekeen gehieneko puntuazioa baino %10 handiagoa izan.

Eremu mistoko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratu behar denean, gehienez ere %5 gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik eman daitekeen puntuazioari.

Bi kasu horietan, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da Hizkuntza Eskola Ofizial batean gaindituriko maila bakoitzeko eta, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, gehieneko puntuazioaren hamabirena, gainditutako urrats bakoitzeko.

III. ERANSKINA

Deialdia

OPOSIZIO-LEHIAKETA

LETRA LARRIA ERABILI ETA GARBI IDATZI,

LAUKITXO BAKOITZEAN LETRA BAT JARRIZ

Baremoko 2. ataleko merezimenduak deialdiaren xedeko lanpostuarekin zerikusia baldin badute soilik baloratuko dira. Aurrera egin baino lehen, irakurri inprimaki hau egoki betetzeko behean ageri diren jarraibideak.

LEHIAKETARAKO AURKEZTU DIREN AGIRIAK

AGIRIEN ZERRENDA

Autobaremazioko puntuak, guztira

Aurkeztutako agirien kopurua, guztira

Aurkeztutako orrien kopurua, guztira

Iruñean, ..........(e)ko .............aren ............(e)an.

Interesduna,

MAHAIBURU JAUNA/ANDREA

OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUA. IRUNLARREA, 39, 31008 IRUÑA

JARRAIBIDEAK:

1. Zure NANak 8 zenbaki baino gutxiago baditu, ezkerreko laukitxoetan zeroak jarri. Izen-deiturak ezker-ezkerreko laukitxotik abiatuta idatzi behar dira. Izena edo deitura konposatua bada, lauki huts bat utzi tartean.

2. Agiri guztiak (ziurtagiriak, diplomak, etab.) orriaren eskuinaldeko goialdean zenbakitu behar dira, 1.tik abiatuta. Erreferentzia hori aurkeztutako agirien zerrendan eman beharko da, agiriaren izenarekin eta autobaremazioan ematen zaion puntuazioarekin batera. Norberaren baremazioa ez da lotzailea izanen epaimahaiarentzat.

3. Agiri honi eransten zaizkion orri guztiak eskuinaldeko behealdean zenbakitu beharko dira.

4. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

5. Merezimenduen baremoa deialdi honen eranskinean ageri da.

6. Agiri guztiek jatorrizkoak edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopiak beharko dute izan.

Iragarkiaren kodea: F0807080