65. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

706/2008 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan biologo kliniko izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan biologo kliniko izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da. Hona hemen deialdian bete behar diren

1.-Arau orokorrak.

Deialdi honetako arauak eta ereduak webgune honetan kontsultatu eta eskuratzen ahal dira: www.navarra.es, "Zerbitzuen katalogoa" "Enplegu publikoa" epigrafeak.

Deialdi hau arautuko duten xedapenak honakoak dira: azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako sarrera eta bertako lanpostuen hornidura arautzen dituena; urriaren 3ko 463/2001 Foru Agindua, Osasun kontseilariak emana, osasun arloko langileentzako A mailako (A.1 eta A.2 estamentuak) zenbait lanpostutarako sarrera eta hornidura prozedurak arautzen dituena eta horietan erabili behar diren baremoak ezartzen dituena, eta gainerako arau osagarriak.

1.1. Deialdi honen helburua da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan biologo kliniko izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, lanpostu hori bete gabe geratu baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen 1757/2007 Ebazpenak onetsitako deialdiaren bidez egindako lekualdatze lehiaketan. Lanpostua Laguntza Espezializatuan aritzeko da eta 68813 zenbakia du. Ebazpen hura 146. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

1.2. Lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera lehenbizikotik hasiko da, ez baita aurretik esleitutako lanposturik.

Deialdiko lanpostua igoera txandarako da. Hala ere, nahi duten izangaiek zilegi dute deialdian parte hartzeko eskaera egin eta txanda irekian sartzea.

1.3. Txanda murriztuko lanpostu hutsa hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik bete gabe gelditzen bada, txanda irekikoari gehituko zaio.

Igoera txandako izangaiak, deialdi honen 2.1.2 arauan eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte, txanda irekian besterik gabe onartuko dira, txanda horretan parte hartzeko baldintzak betetzen badituzte eta kontrakorik espresuki adierazten ez bada.

1.4. Izendapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenenetan adierazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Deialdiko lanpostuak A maila edo taldekoak dira, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko "Osasun arloko bestelako fakultatiboak" estamentuan eta "biologia" espezialitatean sailkaturik daude (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duena, Eranskina). Lanpostuetako lansariak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak izanen dira.

1.6. Hautaprobak gainditu eta deialdi honen xede den lanposturako izendatzen den izangaiak, funtzionario izanik lehendik afiliaturik baldin badago eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren erregimenean, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, aukera izanen du bertan segitu edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

Izangaia txanda irekitik sartuz gero, funtzionario bihurtuko da, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko da eta erregimen horretan ezarritako babesean emanen zaio alta.

1.7. Izendatutako izangaiak destinoa duen herrian bertan bizi beharra du, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko du bere bizilekua. Administrazioko organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.9. Izendatutako izangaiak dedikazio esklusiboaren araubidean lan eginen du, hau da, gertutasun osoarekin, erabateko dedikazioarekin eta irabazizko beste inongo jardueratan aritu gabe ez arlo publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3 artikuluan adierazitako kasuetan salbu.

Horrez gain, guardiak eginen dituzte, lanpostuan bertan egon beharrekoak eta/edo lanpostuz kanpokoak, zentroko zuzendaritzak edo, hark eskuordeturik, kasuan kasuko burutzak hala agintzen duenean.

1.10. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak ezartzen duenez, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta, era berean, biztanleen osasuna hobetzea helburu duten heziketa ekintzetan lagunduko dute.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiak:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero. Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Biologia lizentziatura titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute edo, bestela, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitakoez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioak, estatutupeko langileak edo lan-kontratudun finkoak izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo beheragokoa eta beste kategoria batekoa izatea.

c) Biologia lizentziatura titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea eta Administrazio Publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasuna frogatzea.

2.2. Betiere, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan eutsi behar diete, harik eta izendatu arte.

3.-Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira (Irunlarrea kalea, 39, Iruña, P.K. 31008), edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren bulegoetako edozeinetan (95. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIAL, abuztuaren 7koa) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan ezarritako erregistro eta bulegoetan.

Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina da.

Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangai guztiek agiri hauek erantsi beharko dizkiote eskabideari:

a) Titulazioaren jatorrizko agiria, edo haren kopia, notario edo administrazio bidez konpultsatua

b) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 25 euro ordaindu izanaren ziurtagiria.

Azterketa eskubideak ordain-gutun baten bidez pagatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan, edo bestela, banku transferentziaren bidez, Banco Santander Central Hispanoko 00491821012110580351 kontuan. Transferentziaren agirian datu hauek agertuko dira:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-Ordainketa egin behar deneko kontu zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak

-Lanpostua.

Daturen bat eman gabe utziz gero, izangaia baztertuta geldituko da.

Ordain-gutunak Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko balio du, ez kanpokoetan. Gainontzeko autonomia erkidegoetan, ordainketa banku transferentzia bidez eginen da.

Azterketa eskubideak ordaintzeak ez du inola ere aldatuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasatik salbuetsita daude:

a) Ehuneko 33ko ezgaitasuna edo handiagoa dutenak.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez gutxienez lan-eskatzaile gisa inskribatuta egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribatuta egon den bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den dirusarrerarik ez izatea hilabetean. Paragrafo honetan xedatutakoa honela egiaztatu beharko da:

-Lan-eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

-Hilero lanbide arteko gutxieneko lansaritik gorako errentarik ez duela, interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Horren eredua Erregistro bulegoan edo deialdi honen 1. oinarrian adierazitako Interneteko helbidetik hartzen ahalko da.

3.3. Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, gainera, 2.1.2. arauan aipaturiko betebeharren egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

3.4. Elbarritasuna duten izangaiek ariketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahal dituzte, beharrezkoa izanez gero. Eskabidean adierazi behar dute zer-nolako elbarritasuna duten eta zein egokitzapen behar den. Halaber, minusbaliotasuna frogatu egin behar dute, erakunde eskudunek emandako agiria aurkeztuz.

3.5. Azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek gainerako beharkizunak deialdi honen 8. arauan ezarri den epe eta moduan frogatu beharko dituzte, dokumentu bidez.

4.-Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, egindako akatsak zuzentzeko. Zuzenketa eskaeren onarpena edo ezespena behin betiko zerrendaren ebazpenari lotuta egonen da.

4.3. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko epea bete eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Encarnación Pérez Equiza andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikerketa biomedikoaren zentroko zuzendaria.

Ordezkoa: Alvaro Gimeno Aznar jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko zuzendariordea.

Mahaikidea: M.ª Antonia Ramos Arroyo andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Ordezkoa: Alberto Valiente Martín jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Mahaikidea: José Ignacio Monreal Marquiegui jauna, Biologoen Elkargoak izendatua.

Ordezko mahaikidea: Josefa Salgado Garrido andrea, Biologoen Elkargoak izendatua.

Mahaikidea: Alejando Valdeande Berdonces jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.

Ordezko mahaikidea: Nerea Varo Cenarruzbeitia andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.

Mahaikide idazkaria: José M.ª Baquedano Adrián jauna, Anbulatorioak eta Ospitalez kanpoko Laguntza Kudeatzeko Zuzendaritzako Kudeaketa arloko zuzendaria.

Ordezko mahaikide idazkaria: José Joaquín Jaurrieta Díaz de Cerio jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleko Langileriaren zuzendaria.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organo horren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da kide hauek biltzea: mahaiburua eta mahaikide idazkaria edo horien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen arauen interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan zein guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan izanen dira: lehenbizi oposizioaldia, eta gero, hura bukatutakoan, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioa 2008ko irailean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko da oposizioaldia zein tokitan, egunetan eta ordutan hasiko den. Beharrezkoa bada, behar den garaian, epaimahaiak hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako proba edo ariketak.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Honako probak izanen dituen ariketa:

a. 1) Test erako proba teoriko-praktikoa, epaimahaiak erabakitako galderez osatua, izangai guztientzat berdinak, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

a. 2) Idatziz egin beharreko proba, epaimahaiak azaltzen dituen kasu teoriko-praktikoei buruzkoa, izangai guztientzat berdinak, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

6.3.2. Hauxe da oposizioaldiaren balorazioa:

Test erako proba teoriko-praktikoak 30 puntu izanen ditu. Puntuazio altuena (30 puntu) probaren balorazioan kalifikazio handiena lortzen duen izangaiari emanen zaio. Gainerako izangaiei proportzioan dagokien puntuazioa jarriko zaie. Bazterturik geldituko dira 30 puntuetatik gutxienez 15 lortzen ez dituztenak.

Bigarren probak 30 puntu ditu, gehienez ere. Baztertuta geldituko dira gutxienez 15 eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.3.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat.

Epaimahaiak jarritako egunean agertzen ez diren izangaiak oposizioalditik baztertuak geldituko dira.

6.3.4. Ariketetan, eskaeran azaldutakoaren araberako egokitzapenak eginen dira, minusbaliotasunak dituztenentzat.

6.3.5. Proba bakoitza bukaturik, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak jendaurrean jarriko ditu, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean edo ariketa egiteko erabilitako lokaletan. Halaber, oposizioko hurrengo proba egiteko lekua, eguna eta ordua jakinaraziko ditu, hura hasi baino 24 ordu lehenago gutxienez.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaikoek lehiaketaldia abiatuko dute oposizioa gainditzen duten izangaiekin.

Oposizioa gainditzen duten izangaiek merezimenduak alegatu beharko dituzte eta agiri bidez frogatu, epaimahaikoek eskatu eta hamabost eguneko epean. Horretarako, jatorrizko agiriak aurkeztuko dituzte, edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopiak, deialdian ezarritako baremoaren arabera. Merezimendu horiek argitara emanen den autobaremaziorako agirian adieraziko dira.

6.4.2. Lehiaketaldian kalifikatu eginen dira izangaiek azaldu eta frogatutako merezimenduak, deialdi honi erantsitako baremoen arabera (III. eranskina).

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase horretan gehienez 40 puntu biltzen ahalko dira.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Osasun arloko beste fakultatibo batzuk" estamentuan eta "biologia" espezialitatean sailkaturik dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzkoa, Eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileen arduradunak emandako ziurtagiriak aurkeztu behar dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri behar dira:

-Lantokia.

-Estamentua eta/edo espezialitatea.

-Zerbitzuen iraupena, behar bezala adierazita hasiera eta bukaera egunak eta guztira zenbat egun diren.

-Zerbitzuak lanaldi partzialean eman baldin badira, honako hau erantsi:

a) Egunean, astean, hilabetean edo urtean egindako orduen kopurua eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia.

b) Edo, bestela, ohiko lanaldiaren aldean zein portzentaje osatzen duten.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuak izanez gero, ziurtagiri horrez gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak lan bizitzari buruz egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Lan bizitzari buruzko txostena errazago eskuratzearren, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak telefono zerbitzu bat jarri du abian, 901502050 zenbakiarekin, txosten hori eskatu ahal izateko.

6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaien merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

6.4.6. Lehiaketaldia bukatzen denean, epaimahaiak jendaurrean jarriko du balorazioaren emaitza, hau da, izangaiek lortutako puntuazioak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean.

6.4.7. Izangaiek aurkeztutako agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, espres eskatuz gero, hiru hilabeteko epean, izendapena jakinarazi ondoren bi hilabete pasaturik, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu, hala izanez gero agiriak luzaroago gordetzen ahal baitira egiaztapenak eta probak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak agiriak berreskuratzen ez baditu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haien gaineko eskubidea galduko du.

7.-Azken puntuazioa.

Azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuazioarik altuena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Hala ere berdinketak irauten badu, izangai zaharrena lehenetsiko da.

8.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortu dituzten puntuazioen araberako hurrenkeran, jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean. Gero, probak gainditu eta puntuazio handiena lortu eta lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.2. Proposatutako izangaiek, izendatzeko proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Sarrera eta Barne Igoera Zerbitzuan:

8.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, bizileku-txartela.

f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, hemen bizi eta lan egiteko baimena.

8.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratatu finkoa dela frogatzen duen ziurtagiria, baita bere espediente pertsonaleko gainerako inguruabarrena ere.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

8.3. Eskaeran %33ko ezgaitasuna edo handiagoa dutela adieraziz gero, izangaiek, aurreko agiriez gainera, ezgaitasun horrek deialdiko lanpostuan aritzea ez diela eragozten frogatu behar dute, eskumena duten balorazio eta orientazio taldeek emandako agiriaren bitartez.

8.4. Inork agiri horiek goian adierazitako epean ekartzen ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzea baztertu gabe.

8.5. Aurreko atalean azaldutako kasuetan administrazio organo eskudunak 8.1 arauan aipaturiko zerrendara joko du, oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrendara alegia, eta hurren-hurrena dagoen izangaia jarriko du baztertutakoaren lekuan.

9.-Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Administrazio-organo eskudunak, egoki bada, aurreko arauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko du ebazpen bidez, biologo kliniko lanpostuan jardun dezan.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu behar du lanpostuaz, izendapena jakinarazten diotenetik hasita. Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan salbu, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hori gertatuz gero, 8.5 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangai bati, funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da, deialdiko 8.5. atalak agintzen duen moduan.

Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

9.5. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

9.6. Izendapenean eragina izan lezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren, oposizio-lehiaketaren nondik-norakoen edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta mende geldituko da.

10.-Aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak.

10.1. Biologo klinikoak aldi baterako kontratatzeko zerrendak 2001eko urtarrilaren 9ko Erabakian xedatutakoaren arabera prestatuko dira, erabaki horren bidez onetsi baitzen Osasun Administrazioak eta AFAPNA, CEMSATSE, CC.OO., ELA, LAB, SAE eta UGT sindikatuek sinatutako ituna Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentro eta establezimenduetan aldi baterako langileak hautatzeko. Erabakia 2001eko 101. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 20an.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere arau eta egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluko 1. eta 2. c) idatz-zatietan xedatutakoarekin bat.

Epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluko 1. eta 3. idatz-zatiekin bat.

Iruñean, 2008ko apirilaren 24an.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Carlos Garde Celigueta.

I. ERANSKINA

Eskabidea

................ jauna/andrea, adinez nagusia, ....... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidearen) jabe, ...........(e)n, (..............) ....... (e)ko .........aren .....(e)an jaioa, nazionalitate .............., helbidea ......................... dudana, Herria ........................ Probintzia ........................ posta kodea ......................, etxeko telefonoa ................ harremanetarako telefonoa ...................

Honako hau azaltzen dut:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko .............. Zerbitzuko burutza betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)koan).

f Txanda irekia

f Igoera txanda

-Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

-Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

-Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

-Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

-Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean baldintza guztiak betetzen ditudala. Betebehar horiek agiri bidez frogatuko dira, deialdian ezarririko epean eta moduan.

f Badudala minusbaliotasuna, eta horregatik egokitzapena eskatu nahi dudala (minusbaliotasunaren nondik-norakoak eta behar diren egokitzapenak aparteko orri batean azalduko dira).

f Eskabide honi erantsitako orri kopurua.

Horrenbestez:

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Iruñean, ..........(e)ko .............aren ............(e)an.

Sinadura

II. ERANSKINA

Ikerketa biomedikoaren zentrorako biologo lanpostuarentzako gai zerrenda

1. Uztailaren 3ko 14/2007 Legea, Ikerketa biomedikoari buruzkoa.

2. Urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretua, esperimentu eta beste helburu zientifiko batzuetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoa.

3. Material genomikoaren egitura.

A.-ADNaren egitura.

B.-ARNaren egitura.

C.-Polimorfismo genetikoak.

4. Kromosomak, kromatina eta nukleosoma.

A.-Kromosomaren egitura.

B.-Kromosomen bikoizketa eta banaketa.

C.-Nukleosoma.

D.-Egitura kromosomikoak.

E.-Egitura kromosomikoen erregulazioa.

5. ADNaren erreplikazioa.

6. ADNaren konponketa eta birkonbinazioa.

7. Transkripzioa.

A.-ARN polimerasak.

B.-Transkripzio mekanismoa.

8. ARNaren prozesamendua (splicing).

A.-Splicing-erako mekanismoak.

B.-ARN mezulariaren garraioa.

9. ARNaren itzulpena.

A.-ARN mezularia.

B.-ARN transferentea.

C.-Ribosoma.

D.-Itzulpen mekanismoa.

10. Gene adierazpenaren erregulazioa.

A.-Erregulazio transkripzionalerako mekanismoak.

B.-Seinaleen integrazioa.

C.-Transkripzio-errepresoreak:

I.-Seinaleen itzulpena eta transkripzio-erreguladoreen kontrola.

II.-Isiltze genetikoa.

III.-ARNak erregulazioaren kontrolean.

a) Interferentzia-ARNak.

b) Mikro ARNt-ak.

11. Zelula zikloa eta zelula zatiketa.

A.-Fasearte.

B.-Mitosia.

C.-Meiosia.

12. Minbizian inplikatutako mekanismoak.

A.-Aldaketa genetikoak minbizian:

I.-Tumoreak kentzen dituzten geneak.

II.-Onkogeneak.

III.-Interferentzia-ARNak.

IV.-DNA konpontzen duten geneak.

V.-Polimorfismoak.

VI.-ADNaren metilazioa.

B.-Aldaketa kromosomikoak.

I.-Aneuploidia autosometan.

II.-Aneuploidia sexu-kromosometan.

III.-Poliploidia.

IV.-Delezioa. Bikoizketa. Inbertsioa. Translokazioak. Intsertzioak.

V.-Ezegonkortasun kromosomikoa eta genomikoa.

VI.-Telomeroak eta jarduera telomerasa.

VII.-Apoptosia.

a) Kaspasen ibilbidea.

b) Kaspasen ibilbidearen aktibazioa eta inhibizioa.

C.-Zelula ugaritasuna minbizian.

D.-Seinalizazio ibilbideak eta minbizia.

I.-Jarduera tirosinkinasikoa.

II.-Zitokinak.

III.-JAK/STAT.

IV.-Interferon.

V.-Tumore nekrosiaren faktorea.

VI.-Kiomiokinak.

VII.-Esteroideen hartzailea.

VIII.-Wnt. ibilbidea.

IX.-TGF-ß.

E.-Atxikitze zelularra.

I.-KAEE proteinak.

II.-Integrinak.

III.-Seinalizazioa.

IV.-Zelulaz kanpoko matrizearen degradazioa.

F.-Metastasia eta inbasioa.

G.-Angiogenesia.

I.-Angiogenesi mekanismoak.

II.-Faktore angiogenikoak.

H.-Birusa eta minbizia.

I.-ADN birusa eta ARN birusa.

II.-Epstein-Barr birusaren egitura, Papilomabirusa, Herpesbirusa, B eta C hepatitien birusa.

III.-Birus-genomaren transkripzioa eta erreplikazioa.

IV.-Birusa atzematea.

V.-Patogenesi birala.

13. Minbizi esporadikoa gizakietan.

A.-Tumore solidoak: minbizi gastrikoa, minbizi kolorrektala, pankreako minbizia, bularreko minbizia, birikako minbizia, giltzurruneko minbizia, cervixeko minbizia, linfomak, garuneko tumoreak.

B.-Eritasun hematologikoak: leuzemia linfoblastiko akutua, leuzemia mieloide, leuzemia mieloide kromikoa, leuzemia linfozitiko akutua, mielodisplasia, mieloma anitza.

C.-Tumore solidoen eta eritasun hematologikoen epidemiologia.

D.-Tumore solidoen eta eritasun hematologikoen etiologia.

E.-Tumore solidoen histologia mota nagusiak.

F.-Aldaketa genetikoak eta euren iragarpen balioa eritasun onkologikoetan.

G.-Aldaketa zitogenetikoak eta euren iragarpen balioa eritasun onkologikoetan.

H.-Diagnosi adierazleak eta aldaketen iragarpen balioa.

14. Laborategi teknikak.

A.-Teknika molekularrak:

I.-Azido nukleikoen azterketa (ADN eta ARN):

a) ADN eta ARN ateratzeak.

b) PCR (Polymerase Chain Reaction).

c) PCR erdikuantitatiboa eta kuantitatiboa.

d) RFLP (Restriction Fragment Length Polymorphism) eta SSCP (Single Strand Conformation Polymorphism).

e) Metilazio-azterketa.

f) Heterozigositatearen galeren azterketa (LOH).

g) Mikrosateliteen ezegonkortasunaren azterketa.

h) Sekuentziazioa.

i) ADNaren gaineko hibridazio teknika: Reverse Line Blot (RLB).

II.-Proteinen azterketa:

a) Aterakin zelularren prestaketa.

b) Western Blotting.

B.-Teknika zitogenetikoak.

I.-Fluoreszentzia bidezko in situ hibridazioa, multiplex-FISH, interphase-FISH.

II.-Alderatutako hibridazio genomikoa (CGH)

C.-In vitro teknikak.

I.-Hazkuntza primarioak.

II.-Hazkuntzen mantentzea.

III.-Desmetilazio saiakuntzak.

IV.-Inbasio zelularreko saiakuntzak.

D.-Teknika inmunohistokimikoak.

I.-Ehunen prestakuntza.

II.-Proteinak atzemateko teknika inmunohistokimikoak.

III.-Zelulen atzematea apoptosian.

E.-Ekipamendua.

F.-Segurtasuna laborategian.

15. Laborategi teknikak.

A.-Laginen erregistroa.

B.-Kalitate kontrola.

C.-Laginak prestatzeko prozedurak.

D.-Kutsadura.

E.-Etiketatzea.

F.-Automatizazioa.

G.-Etika/legezkotasuna.

H.-Segurtasun neurriak.

16. Tumore bankua.

A.-Lagina erabiltzeko prozedura.

B.-Laginen jatorria, lorpena eta prestaketa.

C.-Kontserbazioa, zirkulazioa.

D.-Kalitatearen kudeaketa.

E.-Datu baseak.

17. Ehun neurologikoen bankoa.

A.-Garun-ehunaren prozesamendua.

B.-Garatutako teknikak.

C.-Datu baseak.

18. Animaliekin egindako esperimentazioa.

A.-Esperimentazioan erabilitako animalientzako instalazioak (arratoia, untxia, zerria).

I.-Instalazio motak.

II.-Ekipamendua.

III.-Material-zirkuituak.

B.-Esperimentazioan erabilitako animalien biologia eta ugalketa (arratoia, untxia, zerria).

I.-Alojamendu baldintzak.

II.-Fisiologiaren eta anatomiaren alderdiak.

III.-Animalien erabilera eta garraiatzea.

C.-Esperimentazioan erabilitako animalien anestesia, analgesia eta eutanasia (arratoia, untxia, zerria).

D.-Animaliekin egindako esperimentazioaren estandarizazioa.

E.-Eredu esperimentalak (arratoia, untxia, zerria).

F.-Prozedura esperimentalak (arratoia, untxia, zerria).

I.-Lagin-bilketa.

II.-Prozedura kirurgikoak.

G.-Animaliekin egindako esperimentazioa ordezten duten prozedurak (arratoia, untxia, zerria).

III. ERANSKINA

1. atala. Egindako zerbitzuak. Ondoko hauek baloratuko dira:

1.-Lehian dagoen lanpostuaren estamentu eta espezialitatean egindako zerbitzuak, edozein Administrazio Publikorenak diren zentroetan. 1,2 puntu, urte bakoitzeko.

2.-Administrazio Publikoetan fakultatibo lanetan egindako zerbitzuak. 0,6 puntu, urte bakoitzeko.

3.-Beste estamentu batean, edozein Administrazio Publikoren zentro batean egindako zerbitzuak. 0,15 puntu, urte bakoitzeko.

4.-Lehiaketaren kategoria berean, osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan alta hartuta eta besteren kontura kotizatuz: 0,47 puntu, urte bakoitzeko.

Aurreko azpi-ataletan adierazitako zerbitzuak denbora berean eman baldin badira, puntuazioak ezin izanen dira batu; altuena besterik ez da hartuko.

Atal honetan ez da aintzat hartuko 2.2. atalean adierazitako denbora; egoiliar gisa egindako zerbitzuak prestakuntza espezializatuari dagokion atalean baizik ez dira kontuan hartuko.

Zerbitzu berezietan egindako zerbitzuak egoera hori deklaratu zenean izangaiak zuen lanpostuan egindakoak bailiran kontatuko dira.

Atal honetako puntuazioa 17 puntu artekoa izanen da.

Baremo honetan aipatutako zerbitzuak urriaren 3ko 463/2001 Foru Aginduaren 9. artikuluan ezarritako arauei segituz zenbatuko dira.

2. atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baizik ez dira baloratuko:

1.-Unibertsitateko prestakuntza:

1.1. Lizentzia gradua bikain notarekin edo aparteko sariarekin, edo ikerketarako nahikotasuna: puntu 1.

1.2. Doktore gradua: 2,5 puntu (Cum Laude: 0,5 puntu gehiago).

2.-Prestakuntza espezializatua:

Egonaldia osorik egina izatea, BAME programa nazionalaren bidez edo graduatu-ondokoentzako irakaskuntza programa onartua duen zentro batean: 5 puntu.

3.-Erakunde edo zentro publikoek edo unibertsitateetako zentroek antolatu edo kreditatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ordu), 0,025 puntu. Prestakuntza ekintzaren ziurtagirian ikastorduen kopururik azaldu ezean, hura kreditu batekoa balitz bezala baloratuko da, eta ikasturte bateko iraupena agertzen bada, 12 kreditukoa balitz bezala. Gehienez ere 2,5 puntu.

Erakunde antolatzaileari buruz ezarritako baldintzak bete gabe ere, Administrazioak agindu edo homologatu dituen prestakuntza ekintzak baloratu eginen dira, bai eta sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako akordioen ondorioz antolatuak ere.

BAME espezialitate programan egindako ikastorduak ez dira kontuan hartuko atal honetan.

4.-Biltzar edo jardunaldietan aurkeztutako ponentzia edo komunikazioak:

Nazioartekoa: lehen hiru sinatzaileek: 0,20 puntu. Gainerakoek 0,05 puntu.

Estatukoa: lehen hiru sinatzaileek: 0,10 puntu. Gainerakoek 0,025 puntu.

Autonomia erkidegokoa: lehen hiru sinatzaileek: 0,05 puntu. Gainerakoek 0,0125 puntu.

Gehienez ere 4 puntu.

5.-Administrazio edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten lan zientifikoak edo ikerlanak: nazioartekoak badira: 2 puntu; Estatukoak edo autonomia erkidegoetakoak badira: puntu 1; gehienez 3,5 puntu.

6.-Aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak: lehenbiziko hiru sinatzaileek 0,2 puntu; gainerakoek 0,05 puntu; 3 puntu gehienez.

7.-Liburuak argitaratzea edo kolaboratzaile gisa aritzea: egile nagusia bada 0,4 puntu; laguntzailea bada: 0,2 puntu. Gehienez ere 2 puntu.

8.-Europar Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki frogatuz gero: 1,6 puntu, hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez izatera, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako maila bakoitzari ezarri den gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen zaio.

9.-Sektore publikoan edo unibertsitatekoan prestakuntza ekintzetan irakasle gisa parte hartzea: 0,3 puntu, 10 orduko irakastaldiarengatik edo kreditu akademiko bakoitzarengatik. Gehienez ere, 3 puntu.

10.-Bekak edo prestakuntza egonaldiak: 0,2 puntu, hilabete bakoitzeko; 2 puntu gehienez.

11.-Sektore publikoan ofizialki eratutako organo zientifiko-teknikoetan, kontsultakoetan edo aholku-emaileetan, gutxienez urtebetez parte hartu izana: 0,2 puntu, urte bakoitzeko; gehienez ere, 2 puntu.

Ikerketa lan beraren komunikazioa, ponentzia eta argitalpena bateragarriak izanen dira.

Deialdiaren xede den lanpostuan aritzeko gaikuntzarik ematen ez duten titulazio ofizialak ez dira merezimendutzat hartuko.

Atal honetako puntuazioa 19,8 puntu artekoa izanen da.

3. atala. Euskaraz jakitearen balorazioa:

Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, euskaraz jakiteagatik eman daitekeen gehieneko puntuazioa ezin da frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik eman daitekeen gehieneko puntuazioa baino %10 handiagoa izan.

Eremu mistoko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratu behar denean, gehienez ere %5 gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik eman daitekeen puntuazioari.

Bi kasu horietan, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da Hizkuntza Eskola Ofizial batean gaindituriko maila bakoitzeko eta, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, gehieneko puntuazioaren hamabirena, gainditutako urrats bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: F0806709