65. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

79/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 21ekoa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako Zerga Ogasuna izeneko erakunde autonomoari buruzko kontratazio publikoko prozedurak ireki, tramitatu eta bukatzeko eskumena Ondare Zerbitzuaren esku uzten duena.

Irailaren 3ko 119/2007 Foru Dekretuaren bidez Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikitako Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onetsi ziren.

Estatutu horietako 1. artikuluan xedaturikoarekin bat, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomo bat da, berezko nortasun juridikoa duena, bere helburuak lortzeko gaitasun osoa eta kontratatzeko gaitasuna duela, kontratazio administratiboari buruz indarra duen arautegian xedaturikoarekin bat.

Kontuan harturik bere eskumeneko kontratazio publikoaren prozedurak burutzeko baliabideak urriak dituela, hala langileriaren nola baliabide materialen aldetik, beharrezkoa da gai horietarako Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari laguntza eskatzea eta horretarako kudeaketa esleitzea.

Kudeaketa esleipena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 39. artikuluaren bidez arauturik dago. Besteak beste, departamentu bereko organoen arteko lankidetzarako tresna bat da. Espresuki ukitzen dituen jarduerak, indarraldia, esleituriko kudeaketaren izaera eta nondik norakoak eta esleituriko organoak bere gain hartzen dituen eginbeharrak aipatu behar ditu. Gainera, indarra har dezan, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu behar da.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39 artikuluko 2. idatz-zatiak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Zerga Ogasunak normaltasunez jarduteko behar dituen kontratazio publikoko espedienteak ireki, tramitatu eta bukatzeko kudeaketa Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari esleitzea.

2. Kudeaketa esleipen honen indarraldia urtebetekoa izanen da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

3. Espediente baten aurretik, azalpen egoki bat jarri beharko da, kudeaketarako aski den zehaztasunaz, eta horretarako behar den gastuaren baimena ere bai, ezarria den edozein modutan.

4. Nafarroako Zerga Ogasuneko Administrazio Ataletik eginen da espedienteen sustapena eta jarraipena, esleiturik dauzkan eginkizunak erabiliz.

5. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 21ean.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0806167