63. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2008ko apirilaren 28koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Plan bat, Iberbanda, S.A.k aurkeztua, jendaurrean jartzen da eta, aldi berean, udal ukituei entzunaldia ematen zaie.

I.-Aurrekariak.

Azken urteotan telekomunikazioen merkatuan geroz eta liberazio handiagoa izan denez, asko handitu eta ugaritu dira konpainia operatzaileek zerbitzuak kalitatez emateko beharrezkoak diren elementu eta azpiegiturak. Foru Komunitate osoan zabaldu dira eta zabaltzen ari dira azpiegitura horiek, bai hiri inguruetan bai landa eremuetan, eta gure lurraldeari lotuta ikusten ditugu.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatu eta planifikatzearren, herritarren osasuna dela-eta aurre neurriak hartu eta osasuna bera zaintzearren, azpiegitura horiek ingurumenean, hirigintzan eta begirako duten eragina gutxitzearren, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea onetsi zen (Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzekoa).

Aipatu foru legeak halako estazioen instalazio eta funtzionamendurako baldintza eta muga batzuk ezartzen ditu, eta instalazioen kontrola eta aldizkako ikuskapena aurreikusten du. Gehieneko esposizio mailak finkatzen ditu, Zientzia eta Teknologia Ministerioak onetsitako araudian ezarritakoak baino zorrotzagoak, eta helburutzat jartzen du, besteak beste, instalazioak partekatzea, azpiegitura horien eragina txikiagoa izan dadin.

Zehazten du, halaber, operadoreek Azpiegiturei buruzko Lurralde Plan bat (ALP) aurkeztu behar dutela, lehendik dauden estazio finkoak, ezartzekoak direnak eta sare osoaren garapena bilduko dituena. Azpiegiturei buruzko Plan horrek, 10/2002 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera, laburbildurik informazio hau eman behar du, modu grafikoan eta euskarri informatikoan:

-Oro har: sarea garatzeko titulu gaitasun-emailea, instalazio berriak jartzeko programa eta egutegia, enpresa garapenaren nahiz lehiatzeko gaitasunaren gaineko eragina, bai eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde nahiz gizarte kohesioaren hobekuntzaren gainekoa ere, erantzukizun zibileko asegurua, emandako zerbitzuei eta erabilitako teknologiei buruzko azalpena, eta informazio teknikoa eta sarearen eskema orokorra.

-Kokapen bakoitzari buruzko fitxa bat ere eginen da, ondoko datuekin gutxienez ere: lekuaren kokapena, sarbideak eta hornidurak, zoruaren hirigintza-kalifikazioa, ingurumen-afekzioak eta ondare historiko-artistikoak izanen dituen afekzioak, batera erabiltzeko aukera, azpiegiturarako proposaturiko konponbide teknikoaren justifikazioa eta zehaztasunak, kokalekuari buruzko azalpena, kota altimetrikoa, estaldurak hartzen dituen eremuak, frekuentzien tartea eta emisioaren potentzia, instalazioaren emisio elektromagnetiko handiena iristeko moduko lekuan, bai eta arretazko erabilerako leku hurbilenetan ere.

-Kokalekuei buruzko informazio grafikoa, UTM koordenatuak erabiliz eta kartografiaren bitartez.

II.-Azpiegiturei buruzko Lurralde Plana.

Nafarroako Gobernuak Banda Zabaleko Azpiegituren 2004-2007 aldirako Plan Zuzentzailea bultzatzea erabaki zuen, herritar eta enpresa guztiei telekomunikazio sareak eskura jartzeko Komunitate osoan, behar adinako kalitatearekin eta banda zabalerarekin, bereizketarik gabe eta neurrizko prezioan. Plan Zuzentzaile horren helburua da banda zabaleko zerbitzuen estalduraren arazoei erantzuna ematea eta zerbitzu horien eskuragarritasuna bermatzea herri nagusietan eta 100 biztanletik gorako jendeguneetan, Foru Komunitateko udalerri guztietan, garraiorako eta sarbiderako teknologiak erabiliz.

Iberbanda, S.A. enpresari esleitu zaizkio Foru Gobernuaren telekomunikazio sarearen hornidura, instalazioa eta ustiapen partziala/aldi baterakoa, banda zabaleko zerbitzuen estaldura Nafarroako Foru Komunitateko landagune txiki batzuetara hedatzeko.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioen antolaketari buruzko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen 9. artikulua betetzeko, Iberbanda, S.A.k Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Plan bat aurkeztu zuen 2005ean, eta geroago zenbait aldaketa aurkeztu zituen, bai eta Plana osatzeko dokumentazioa ere.

Aurkeztutako dokumentazioaren koherentziarik ezagatik, 2007ko maiatzaren 18an sustatzaileari eskatu zitzaion argitu zezala zein estazio sartuko ziren Planean behin betikoz.

2008ko martxoaren 6an sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu du. Horren arabera, Planak azkenean 85 kokaleku biltzen ditu, orain arte tramitatzeko aurkeztu ez den PAM001-Iruña kokalekua ere tartean.

Dokumentazio horrekin batera, sustatzaileak Planari erantsitako 5 kokaleku gehiago aurkeztu ditu: Baraibar, Eratsun, Belate, Arano eta Elizagorria. Lehenbiziko kokalekua jada aurkeztua zen, eta bigarren eta hirugarren kokalekuek azpiegiturak partekatzen dituzte Retevisión eta Telefónica de España enpresekin. Azken bi kokalekuak, berriz, jada aurkeztuak ziren baina lekuz aldatu diren estazioei dagozkie.

Erabaki honek bai Azpiegiturei buruzko Lurralde Plana lehendik osatzen duten kokalekuei eta bai Planaren gehikuntza gisa aurkeztu diren kokalekuei eragiten die, guztira 90 kokalekuri.

Eskatutako kokapenek ondoko udalak ukitzen dituzte: Aranaratxe, Arano, Arantza, Aras, Artzibar, Baztan, Eratsun, Ergoiena, Gorza, Izaba, Labaien, Lana, Lapoblación, Larragoa, Larraun, Elizagorria, Leotz, Irunberri, Meano, Ameskoetako hermendia, Orotz-Betelu, Iruña, Uharte Arakil eta Zubieta.

III.-Egin diren txostenak.

Ondoren, Nafarroako Gobernuko zenbait departamentuk Iberbanda, S.A.k aurkeztutako Azpiegiturei buruzko Lurralde Planaren gainean emandako txostenen laburpena emanen dugu.

III.1. Ingurumenaren arloan.

2008ko martxoaren 13an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman zuen. Ondoren horren edukia emanen da laburbildurik.

-Lehendik dauden azpiegiturak.

Estazio guztietan, kontuan hartu behar da paisaian duten eragin handia. Izan ere, goreneko tokia aukeratu da haietako asko kokatzeko, eragin txikiagoa izanen luketen beste kokaleku batzuk kontuan hartu gabe. Horrek garrantzi berezia hartzen du naturgune babesturen batean dauden estazioen kasuan. Halakoetan, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen 6. artikuluan adierazitakoari kasu egin behar zaio.

Badira intereseko naturguneetan kokatutako estazioak. Opnatelek kudeatzen ditu eta Iberbandak partekatu eginen ditu. Hori guztia dela eta, Iberbandak zuzenketa neurri egokiak hartu beharko ditu bere jarduketetan, batez ere paisaiari egokitzekoak:

IZENA UDALERRIA INTERESEKO NATURGUNEA

NAV070 Gorramendi Baztan "Aritzakun/Urritzate" BIL eta HBBa

NAV061 Arabarko Gorza ZEPA "Arabarko" BIL, BFBE eta HBBa

NAV021 Izaba Izaba "Arrigorrieta mendiak" BIL eta HBBa

NAV020 Leire Irunberri "Leire mendiak/Arbaiungo arroila" BIL eta HBBa

NAV040 Gastiain Lana "Lokiz mendiak" BILa

NAV077 Lapoblación Lapoblación "Kodes mendiak" BILa

NAV046 Baraibar Larraun "Aralar mendiak" BILa

NAV041 Ameskoa Ameskoetako hermendia "Urbasa eta Andia" BIL eta PNa

NAV017 Orotz-Betelu Orotz-Betelu "Artxuga/Zarikieta mendiak eta Areta mendia" BILa

NAV048 Saldias Labaien "Belate" BILa

NAV043 San Migel Uharte Arakil "Aralar mendiak" BILa

NAV054 Larragoa Arakil Uharte Arakil "Urbasa/Andia mendiak" BILa

Iberbandak Opnatelen instalazioak partekatu nahi ditu kokaleku hauetan, eta horretarako obra zibilak egin behar dira: NAV042 Aranaratxe (Aranaratxe), NAV044 Dorrao (Ergoiena), NAV045 Larragoa (Larragoa) eta NAV057 Nagore (Artzibar).

Iberbandak, Opnatelek bezala, instalazioak partekatu nahi ditu Telefónica España, S.A.rekin eta (Amena) Orangerekin. Egiaztatu denez, estazio horiek, Montejurrakoak izan ezik, badute Departamentuaren baimena edo udal lizentzia.

-Azpiegitura berriak.

Iberbandak hamahiru estazio berri paratu nahi ditu, noizbait Opnatelek ere erabiliko dituenak. Txostenak ondokoa dio estazio horiei buruz:

Kokalekua: Arano. Proposamenaren aldeko ingurumen txostena eman daiteke baldintza hau betetzen bada: ingurune naturalean eragin txikiagoa izateko moduan diseinatu behar dira bidea eta argindar hornidura. Ingurumen tramitea egiten denean Ingurumen ukipenen baimena erantsi beharko zaio dokumentazioari.

Kokalekua: Eguzkialdea (Arantza). Proposamenaren aldeko ingurumen txostena eman daiteke.

Kokalekua: Aras. Proposamenaren aldeko ingurumen txostena eman daiteke, baldintza hau betetzen bada: argindarra parke eolikotik bertatik ekarri behar da.

Kokalekua: Elizagorria. Proposaturiko kokapenari baimena ematen ahal zaio, baldintza hauen pean:

-Dorrea ahalik eta baxuena izanen da, eta herri osoari estaldura ematen dion kotarik baxuenean kokatuko da.

-Azpiegiturak (dorrea) Telefónicarekin partekatu ezin izateari dagokionez, zerbitzu eskudunaren adostasun txostena beharko da.

-Linea elektrikorako beste trazadura bat bilatu behar da. Linea elektrikoa geltokiko bideari jarraituz jartzea gomendatzen da, eta azken zatia (150-300 m) lur azpian jarri behar da.

Kokalekua: Leotz. Proposamenaren aldeko ingurumen txostena eman daiteke, argindarraren hargunea eta bidea adierazi den moduan egiten badira.

Kokalekua: Meano. Proposamenaren aldeko ingurumen txostena eman daiteke, beste estazioak hornitzen dituen adarretik hartzen bada argindarra.

Kokalekua: Mues. Proposamenaren aldeko ingurumen txostena eman daiteke, adierazitako zuzenketa neurriak hartzen badira sarbidean eta argindarraren hargunean.

Kokalekua: Sesma. Proposamenaren aldeko ingurumen txostena eman daiteke, baina instalazioa ahalik gehien atzeraeman behar da hegoalderantz, eta dorrearen garaiera ahalik gehien murriztu behar da.

Kokalekua: Ugar. Proposamenaren aldeko ingurumen txostena eman daiteke, argindar linea lurpekoa bada, azken zatian bederen. Instalazioa ahalik eta beherenen kokatu behar da.

Kokalekua: Aurtitz (Zubieta). Proposaturiko kokalekua baimentzen ahal da, baina, estazio hau baimendu ahal izateko, geroko ingurumen tramitean aurkeztuko den Ingurumen ukipenen azterlanean linea elektrikoa instalatzeko beste aukera batzuk jaso beharko dira.

Kokalekuak: Belate (Baztan) eta Eratsun (Eratsun). Instalazioak partekatu nahi ditu Telefónica España, S.A.rekin eta Retevisiónekin, zeinetan etxolak eraikiko baitira ekipo berrietarako: Telefónica Móvilesek Belaten duen estazioa bere ALPan tramitatu zen (Belateko tuneleko OE); beraz, dagoeneko legeztatutzat eman daiteke. Ez dago informaziorik, ordea, Retevisiónek Eratsun duen estazioari buruz. Hortaz, Iberbandaren ALP honetan estazio hori sartu ahal izateko, haren lizentziak aurkeztu behar lirateke.

Kokalekua: TLF-PAM001, hiri lurzoruan (Agoitz kalea, 9). Inkoherentzia guztiak zuzendu behar dira (UTM koordenatuak ez datoz bat katastroko datuekin eta deskripzio datuekin), eta gainera kontuan hartu beharko da inguruan ikastetxeak daudela eta, beraz, berariazko azterlana aurkeztu behar dela, emisio elektromagnetikoek gune sentikor horietan eraginik izanen ez dutela bermatzeko.

Bestalde, Plan honi buruz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak aldeko txosten batzuk eman ditu. Aipagarria da horietako batean azaltzen den ondorioa: "Aranon proposaturiko instalazioaren kasuan, sustatzaileari kokalekuaren kartografia zehatzagoa eskatu behar zaio, berriki landatutako basoak eta monumentu megalitiko ugari daudelako inguruan. Instalaziora ibilgailuz iristeko sarbidearen trazadura ere agertu behar da, arrazoi beragatik."

III.2. Telekomunikazioen arloan.

Iberbanda, S.A. operadoreak aurkeztu duen Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Planaz den bezainbatean, eta, zehazki, telekomunikazioei dagokienez, 2007ko apirilaren 3an, orduan Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren Gizartea Sustatzeko Zerbitzua zenak aldeko txostena eman zion, oro har, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean bildutako eskakizunak betetzen zituelako, baita planean sartutako telekomunikazioko oinarrizko estazioen eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteko lege hartan finkatutako mugak ere.

Geroago, 2008ko martxoaren 14an, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak, telekomunikazioei dagokienez, aldeko txostena egin die operadoreak igorritako fitxa berriei (PAM001, Eratsun, Belate, Arano eta Elizagorria kokalekuak), baina ohartarazi du PAM001 fitxan informazio hau falta dela: instalazioaren emisio elektromagnetikoa, emisioak indar handiena izanen duen hurbileneko toki sentikorretan.

III.3. Osasun arloan.

Osasun Publikoaren Institutuko zuzendariak 2005eko urriaren 10ean idazkia bidali zuen. Bertan adierazi zuen azterlan epidemiologikoak egitea dela Osasun Publikoaren Institutuaren eskumen bakarra, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen 5.3 artikuluaren arabera.

Geroago, 2007ko apirilaren 16an, Nafarroako Osasun Zerbitzuak honakoa adierazi zuen:

"-Esposizio mailak maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean (Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetikoen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzen ditu) datozenak baino apalagoak dira. Horrela jaso da Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren eta Telekomunikazioen Gizartea Sustatzeko Zerbitzuak emandako txostenean.

Maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeak, 5. artikuluaren 3. puntuan, honela dio Osasun Publikoaren Institutua dela eta: "Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak ikerketa epidemiologiko bat hasiko du Nafarroako Foru Komunitatean datu egiaztatuak izateko eta horien bidez zehaztasun handiagoarekin ezarri ahal izateko, ebidentzia zientifikoaren argitan, zein diren epe ertain eta luzera foru lege honek xedatutako esposizio muga handiago edo txikiagoak."

-Gure komunitatean dagoen populazio txikiagatik ezin da horrelako azterlanik egin, mota horretako azterlanei baliagarriak izateko eskatu behar zaizkien berme guztiekin.

-Osasunaren Mundu Erakundearen 2002ko urtarrilaren 23ko aitorpenak hauxe dio: "Berriki egindako ikerketan ez da ondorioztatzen sakelako telefonoek edo dagozkien oinarrizko estazioek igorritako irrati-frekuentzia eremuetan egotea osasunerako kaltegarria denik. Hala ere, azterketa horietan hutsuneren bat atzeman baita, zentzuzkoa da ikerketa berriak abiaraztea arriskuak hobeki baloratze aldera. 2007. urtean ikerketa horiek bukatu eta ebaluatuko direla aurreikusi da. Hortaz, ordura arte ezin izanen da osasunean jasaten ahal diren arriskuen gaineko behin betiko emaitzarik argitaratu."

-Erradiazio ez-ionizatzaileek osasunean dituzten eraginak ez daude ongi zehaztuta eta subjektiboak dira. Horregatik zaila da ikerketa epidemiologiko batean haiek modu objektiboan neurtzea.

-Egun, MOE, IARC (Internacional Agency for Research on Cancer) eta beste erakunde batzuk gaia aztertzen ari dira. Nazioarteko ikerketa horien emaitzak izan arte itxoin behar dugu, izan ere, haien diseinu epidemiologikoa zabala eta lurraldeartekoa baita, bide emanen dute eraginari buruzko adierazleak modu fidagarriagoan aztertzeko.

-Populazio gune txikietan adierazle puntualek ausazko aldakortasun handia dutenez, herriak batu behar izaten dira aldakortasuna gutxitze aldera. Hala egiten dute MOE edo IARC bezalako nazioarteko erakundeek zentro askoren arteko ikerketetan.

-Nafarroan, orain arte, ezarritako gomendioak betetzen ari dira. Erakundeak egiten ari diren ikerketek osasunerako arriskuak zehaztasun zientifikoz baloratuko dituztelakoan, haien emaitzen esperoan gaude Gobernuari haiek gomendatutakoa proposatzeko.

-Ikerketa horiek bukatutakoan, osasunerako eraginak objektiboki frogatzerik izan, eta Nafarroan herritarrak eta eragin eremu diferenteak egonez gero, hasiera eman ahalko litzaioke mota horretako ikerketa bati, betiere, legeak zehazten duen modura, zehaztasun zientifikoan oinarrituta, epe ertain eta luzera.

Ondorioz, eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako, Iberbanda, S.A.k aurkeztu duen Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Planari aldeko txostena egiten zaio.

III.4. Ondare historikoaren arloan.

"Vianako Printzea" Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak Planaren tramitazioaren aldeko hiru txosten eman ditu. Aurrekoa gorabehera, aurreikusten diren estazio berrietarako, oroitarazten du ezen, "aurreikusitako lanetan, horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, lanak gelditu eta horren berri eman beharko diola, berehala, Ondare Arkeologikoaren Bulegoari, ondare historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak)." Halaber, adierazten du ezen, azaldu dioten bezala jokatzen ez badu, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatzeko, oharpen hori ez betetzeagatik ondare historikoari gerta lekiokeen edozein ukipen arau-hauste larritzat joko litzatekeela.

III.5. Operadoreak bidalitako azken fitxak (PAM001, Eratsun, Belate, Arano eta Elizagorria kokalekuak).

Kokaleku horiek direla eta txostena eskatu zaie Osasun Departamentuari eta Kultura eta Turismo Departamentuari. Txosten horietako ondorioak kontuan hartuko dira espedientea ebazteko.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat etorririk eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, hauxe

ERABAKI DU:

1. Iberbanda, S.A.k aurkeztu duen Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Plana eta erabaki honen III. atalean aipatzen diren departamentuen txostenak jendaurrean jartzea eta instalazio horiek ukituko dituzten eremuetako udalei entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraunen dute.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

2. Espedientea behin betikoz onetsi aurretik, entitate sustatzaileak testu bategin bat aurkeztu behar du, paperean eta formatu digitalean, departamentuetako txostenetan azaldu diren gabezien eta hutsuneen ondoriozko aldaketak bilduko dituena.

Planaren testu bateginari sarearen eskema orokorra erantsiko zaio paperean eta formatu digitalean, kokaleku guztiak eta haien zerrenda bilduko dituena, UTM koordenatuekin, bai eta instalazio berriak egiteko programa eta egutegia ere.

Departamentuen txosten horiek eskatzen duten moduan dokumentazioa osatu edota zuzentzen ez zaien kokalekuak Planetik kanpo geratuko dira.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Aranaratxe, Arano, Arantza, Aras, Artzibar, Baztan, Eratsun, Ergoiena, Gorza, Izaba, Labaien, Lana, Lapoblación, Larragoa, Larraun, Elizagorria, Leotz, Irunberri, Meano, Monte Común de las Améscoas, Orotz-Betelu, Iruña, Uharte Arakil eta Zubietako udalei, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Enpresa Zuzendaritza Nagusiko Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Osasun Publikoaren Institutuari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 28an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0806751