60. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BAKAIKU

Hilerria arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Bakaikuko Udalak, 2007ko azaroaren 16an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Hilerria arautzen duen udal ordenantza. Hura 2008ko 7. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, urtarrilaren 16an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, jendaurrean egoteko epea iraganik, ordenantza horren gaineko alegazio eta galdera guztiei erantzunik eta bigarren xedapen gehigarria ofizioz sartuta, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Bakaikun, 2008ko apirilaren 10ean.-Alkatea, Eduardo Urrestarazu Fernández.

BAKAIKUKO HILERRIA ERABILTZEKO ETA BERTAKO ZERBITZUAK HARTZEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunen gaineko Erregelamenduaren 33 eta 17. artikuluetan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza Bakaikuko Udalari dagozkio, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dituzketen legezko eskumenak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan, eta 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri dira ordenantza honetan arautzen diren prezio publiko eta tasak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilerria zaindu, garbitu eta egokitzea. Hala ere, norbanakoen betebeharra izanen da hilobiaren eremua mantendu eta zaintzea, behar bezala segur, xahu eta apain egon daitezen.

c) Tarifei, hilotzak eramateari eta barne araubideari dagokien guztia.

d) Nitxo, hilobi, lur eta hezurtegien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

e) Eskubideak eta tasak ezartzea eta kobratzea.

f) Hilotzak ehortzi, atera eta lekuz aldatzeko baimenak ematea.

g) Erregelamendu hau betetzen dela begiratzea eta, hala ez bada, zehatzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Bakaikuko udal hilerrian leku aldetik dauden eskasiak direla-eta, Bakaikun erroldaturik dauden guztiek izanen dute nitxo batean bertan ehortziak izateko eskubidea baldin eta erroldaturik daudenetik heriotzaren eguna arte urtebete baino gehiago iragan bada.

Aldiz, Bakaikun erroldaturik ez daudenendako edo hiltzen diren egunean erroldan urtebetekoa baino antzinatasun gutxiago dutenendako, Udalari eskatu beharko zaio ehorzketa eta berak erabakiko du nitxoa ematen ahal zaion ala ez, kontuan harturik beharrak zein diren eta zenbat nitxo dauden eskura. Hala izanagatik ere, behar den tasa ordaindu beharko da, ehorzketa ahaide erroldatu baten nitxoan egin behar bada ere.

5. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira kopuru egokian, udalerriko biztanleen erroldaren arabera.

6. artikulua. Hamar urterako emanen da ehorzketarako nitxoen kontzesioa, lurperatze egunetik hasita, eta epe hori luzatzeko aukera izanen da amaiera etorrita familiak hala eskatzen badu eta Udalari komenigarri iruditzen bazaio. Betiere, luzapena epe bererako emanen da, Bakaikuko Udalak une horretan ezarrita dituen baldintzetan. Nitxo berean hainbat lagun ehorzten direnean, azken ehorzketaren data hartuko da kontuan, denboraren kontatzeaz eta tasak ordaintzeaz den bezainbatean.

7. artikulua. Hilerrian nitxo baten kontzesioa eskatzen dutenek beren eskabidea aurkeztu beharko dute Udaletxean, eta hartan adierazi zein hilendako eskatzen den eta haren datuak. Eskaera luzapenerako bada, adierazi beharko da nitxoa zehatz-mehatz non dagoen udal hilerrian.

Udalak erabakiko du nitxoaren kontzesioa bidezkoa den ala ez, eta baiezkoa erabakiz gero, baita zer baldintzatan ematen den ere.

8. artikulua. Nitxoetan behar diren hilarriak paratuko dira; horiek Bakaikuko Udalak onesten dituen eredura egokitu beharko dira.

9. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten ez duen orotan, alor honetan indarra duen legeriari eta bereziki Hilotzen gaineko Osasun Arauen gainekoari jarraituko zaio.

10. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

11. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie eskatzen dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea ahitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

12. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Nitxoetan ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bi urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bost urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

c) Hilobi mota guztietan ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, noiznahi atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen epaile batek manatu ezean.

Hala ere, bizitakoan, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkinak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

13. artikulua. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

14. artikulua. Bai hilotz bat ehorzten denean, bai ateratzen denean, lekuz aldatzen denean eta berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da hilerriko liburu ofizialean.

15. artikulua. Lurzatiak kontzesioan dituztenek nitxoak edo panteoiak eraiki ahal izanen dituzte lurzatien barnean, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Udaletxean eraikitzeko eskabidea aurkeztea.

b) Harekin batera, Udalak lurzati bat nitxoekin okupatzeko proposatzen dituen ereduetariko baten planoa aurkeztea.

c) Egin beharreko obraren aurrekontua, sailez sail xehatua.

Udalak baimena emanen dio eraikitzeko eskaerari, baldin eta lotzen bazaie Bakaiko Udalak onartu dituen nitxo ereduei. Udaleko alkateak du baimena emateko ardura.

Obrak burutu direla jakinarazi beharko zaio Udalari, eta horrek, egiaztatu ondoan, erregistroko liburuan idatziko du haren oharra. Hartan adieraziko da nork duen kontzesioa eta, hala behar badu, titularrarekin zer ahaidetasun maila duen, ondorengotzak badira. Eskubide horien eskualdaketak ere idatzita jarriko dira erregistro liburuan.

16. artikulua. Hobiak, nitxoak, panteoiak edo hilobiak, segur, xahu eta apain edukitzea titularren betebeharra da.

Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

Epe hori iraganik, Alkatetzak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, baita arlo horretako ordenantza fiskalean horren gainean xedatzen dena aplikatzea ere. Hortaz, horren ondoriozko kontua interesdunei pasatuko zaie, eta, ordaintzen ez badute, kontzesioa amaitutzat joko da eta hilobia, nitxoa edo hezurtegia udalerriari itzuliko zaio.

II. KAPITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

1. ATALA

Orokortasunak

17. artikulua. Hilerria Udalak erabakitzen dituen orduetan egonen da zabalik, urtaro bakoitzaren ezaugarrien ariora.

18. artikulua. Gauaz espresuki debeku da hilerriaren esparruan edozein lan mota egitea, non ez diren salbuespenekoak eta behar bezala arrazoituak.

19. artikulua. Ehorzketak ohiko ordutegiaren barnean eginen dira. Hala ere, hilaren ahaideek lurperatzeko orduaren berri eman beharko diote aldez aurretik arduradunari.

20. artikulua. Debeku da guztiz, baimen berezirik ez bada, autoak, motozikletak, bizikletak, zamariek tiratutako gurdiak eta edozein animalia mota sartzea.

21. artikulua. Definizioak, ezaugarriak eta luze-zabalak.

Ohiko panteoia: eraikuntza honen barnean familia bateko zenbait kide hobiraturik daude; haien gorpuzkiak banakoendako apaletan paratzen dira.

Nitxoak: eraikuntza hauek elkarri gehituz joan diren ilaratan paratzen dira; goitituak eta banakoendakoak dira.

Nitxoak elkarren hurreneko ordenari jarraikiz zenbakitzen dira; hari men eginen zaio ehorzketak egiteko tenorean.

Hilobia: banakoendako hobiratzeak dira, lurrean.

22. artikulua. Hilobietan paratu edo idatzi nahi diren hilartitzak, oroigarriak eta ikurrak begirunetsuak izan beharko dira eta lekuarekin bat egiten dutenak.

2. ATALA

Berritzeko eta gainerako obrak

23. artikulua. Udalak, hilerria berritzeagatik edo ixteko erabakia ez den beste arrazoi batengatik, hilobiren bat kendu behar badu, beste bat esleituko dio kontzesio hartzaileari. Posible ez bada, nitxo bat esleituko zaio.

III. KAPITULUA

Ehorzketa eskubideak

24. artikulua. Ehorzketa eskubidearen lagapenak ez du salmentarik sortzen. Familiak uzten duen hilobi oro Udalaren jabari osora itzuliko da.

25. artikulua. Ehorzketa eskubideaz baliatzeak behar den tasa edo ordainarazpena ordaintzea dakar berarekin, IV. kapituluan edo geroagoko oso bilkuran hartutako erabakietan ezarritakoari jarraikiz.

26. artikulua. 1. Hilobi eta panteoien gaineko ehorzketa eskubidea, horrela ezarrita dagoenean, 10 urtera iraungiko da hobiratzea gertatzen den egunetik hasita.

2. Kontzesio hartzailea izan nahi ez badu eta/edo ezarritako tasa ordaintzen ez badu, kontzesioa besterik gabe iraungiko da, eta horrek esan nahi du hilobia libre eta beste hobiratze baterako prest gelditzen dela. Gorpuzkiak hezurtegi komun batera eramanen dira.

27. artikulua. Ez da inoiz-inola epemugarik gabeko kontzesiorik emanen.

28. artikulua. Lurreko hilobiaren edo panteoiaren kontzesio epea (10 urte) iraganik, ahaideek aukeran izanen dute nitxo-hezurtegi baten kontzesioa eskatzea edo gorpuzki horiek hezurtegi orokorrera eramatea, eta erabakitzen dutena Udalari aditzera eman beharko diote.

29. artikulua. Egungo panteoien titulartasuna ez da inola ere inter vivos lagako, eta bakarrik ondorengo zuzenei transmititzen ahalko zaie herentziaz edo oinordetzaz.

30. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungitzen eta/edo amaitzen ahalko dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik eta/edo berritu beharragatik.

IV. KAPITULUA

Nitxoen kontzesioen prezio publikoak

31. artikulua. Hilerriko nitxo baten hamar urteko kontzesioa, horra prezio publiko hauen zergapeko egintza.

32. artikulua. Ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko eta juridikoak, nitxoen kontzesioa eskatzen badute edo kontzesio horren onuradun badira. 16. artikulua. Nitxoen kontzesioa da zerga-oinarria: zenbateko finko bat nitxo bakoitzeko, kontzesio aldi osorako.

33. artikulua. Hona hemen nitxoen hamar urterako kontzesioen tarifak:

a) Doan, Bakaikun erroldaturik badaude eta erroldaturik daudenetik hiltzen diren eguna arte urtebete baino gehiago iragan bada.

b) 1.000 euro, erroldaturik ez badaude edo erroldaturik daudenetik hiltzen diren eguna arte urtebete iragan ez bada.

Nolanahi ere, hamar urte gehiagorako luzapenak 300 euroko tarifa ekarriko du a) idatz-zatian jasotzen den kasuan, eta 1.000 eurokoa b) idatz-zatian jasotzen den kasuan.

34. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga oinarriari dagokion tarifa aplikatuko zaio.

35. artikulua. Prezioaren sorrarazpena kontzesioa onartzen den unean gertatuko da.

Zerbitzua egin baino lehen eginen da ordainarazpena ere, salbu eta premia larrietan edo jaiegunetan.

Nork bere borondatez ordaintzeko epeetan kuotak ordaintzen ez dituztenek erregelamenduz dagozkien errekarguak izanen dituzte, deusetan ukatu gabe eman zaien kontzesio administratiboa deuseztatu ahal izatea; hori guztia legeak aurreikusitako epeetan. Orobat gerta daiteke behar diren premiamendu bideak erabiltzea.

V. KAPITULUA

Zerbitzuak egiteko tasak

36. artikulua. Hona hemen tasa hauen gaineko ordenantzaren zergapeko egintza:

a) Ehorzketa zerbitzuak.

b) Hilarriak paratzea.

37. artikulua. Ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko eta juridikoak, ordenantza honetan arautzen diren zerbitzuetariko baten onuradun badira.

Tasa ordainarazten bada ehorzketa zerbitzuak egiteagatik, hilotza eraman eta lurperatzeko behar den baimena aurkezten duen ehorzketa enpresa izanen da zergadunaren ordezkoa.

38. artikulua. Karga-oinarriak dira:

a) Ehorzketa eskubideak: diru kopuru finko bat.

b) Hilarriak paratzea: zenbateko finkoa.

39. artikulua. Tarifak hauek izanen dira:

a) Ehorzketa zerbitzuak: urtero zehaztu beharreko zenbatekoa, zerbitzua egiteak dituen egiazko kostuen ariora.

b) Hilarriak paratzea: doan, Bakaikun erroldaturik badaude eta erroldaturik daudenetik hiltzen diren eguna arte urtebete baino gehiago iragan bada, eta paratzen den hilarriaren egiazko kostua, erroldaturik ez badaude edo erroldaturik daudenetik hiltzen diren eguna arte urtebete iragan ez bada.

40. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga-oinarriari dagokion tarifa aplikatuko zaio.

41. artikulua. Zerbitzuaren prestazioa eskatzen den puntuan sorraraziko dira tasak.

Zerbitzuak egin baino lehen eginen da haien ordainarazpena ere, salbu eta premia larrietan edo jaiegunetan.

VI. KAPITULUA

Erregelamendu honen arauak ez betetzea

42. artikulua. Udalak zehatzen ahalko du Ehorzketa zerbitzuak arautzen dituen ordenantza edo erregelamendu honen edozein artikulu betetzen ez duena.

43. artikulua. Hilarriak eta gurutzeak egitean, ezarritako neurriei jarraituko zaie. Hala ez bada, ahaideek aldatu beharko dituzte, indarra duen araudira egokitzeko. Hala egiten ez bada, lana Udalak eginen du eta kostua ahaideei pasatuko die.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-Zerbait aldatu, obraren bat egin edo norbait ehorzten den aldiro, araudi honekiko egokitzapena egin beharko da. Beraz, ehorzketa bat egiten den hurrengoan, familiaren hilobian eginda ere, araudi hau bete beharko da (harlauzak kentzea, gurutzeak aldatzea...).

Bigarrena.-2008ko urtarrilaren 1etik aurrera, familiarendako 10 urte baino gehiagoko hilobi bat duten guztiek Udalari jakinarazi beharko diote hura mantendu nahi duten ala ez. Salbuespenez, 20 urte baino antzinatasun handiagoa duten nitxo guztiek 10 urteko luzapen besterik gabekoa izateko eskubidea izanen dute, haien jabea hiltzean erroldaturik bazegoen eta aldez aurretik 200 euroko tasa ordaintzen bada. Antzinatasuna 20 urte baino handiagoa eta 25 urte baino txikiagoa bada, eta haren jabea, orobat, hiltzean erroldaturik bazegoen, 5 urteko luzapena izateko aukera izanen da, aldez aurretik 200 euroko tasa bera ordainduta.

Hirugarrena.-Ordenantza hau onesten den unean panteoi bat erabiltzen duten familiek beren titulartasuna erakutsi behar diote Udalari, egiazki titularrak badira. Titulartasuna frogatzen ez badute, Udalak kontzesioa emanen die halako epe jakin baterako, Hilerria erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskaleko tasa aldez aurretik ordainduta.

Laugarrena.-Antolaketa.

Nitxoei dagokienez, elkarren hurreneko ordena ezarriko da. Eskura dauden nitxoak bukatzen direnean, berriz ere lehenbizikotik hasiko da, betiere hobiratzetik 10 urte baino gehiago iragan bada. Kontu honi dagokionez, lehenbizikoa izanen da herritik hurbilen dagoen saihetsean, goiko lerroan eta hegoaldeko muturrean dagoena. Jarraipena iparraldera eginen da, betiere goiko nitxotik hasi eta lerro bereko behekorantz. 10 urte bete ez dituzten nitxoak edo, beteta ere, indarrean dagoen luzapena eta hura ordaindua badute, salbuetsiko dira eta txanda pasa eginen zaie, nitxo guztien itzulia burutu arte.

Bostgarrena.-Lurrean diren hilobiak.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, diren hilobi guztiek, panteoi maila ez badute, nitxoetarako ezarri den araubide berari lotuko zaizkio. Hartara, haien kontzesioa 10 urterako baizik ez da mantenduko ehorzketa egunaz geroztik, epe hori luzatzen ahalko bada ere beste 10 urtez. Orobat, aplikatuko den tasa araubidea ezarri den bera izanen da.

Beste alde batetik, 2. xedapen iragankorrean ezarri bezala erabilpenaren lagapenaren salbuespeneko luzapena ezarri da, 20 urte baino antzinatasun handiagoa duten hilobietarako edo 20 urte baino handiagoa eta 25 urte baino txikiagoa duten hilobietarako, betiere hilik dagoen norbait izanez gero.

Denbora iragan eta hilobietarako laga den lurra erabilpen horretatik libre gelditzen denean, Udalak erabakiko du panteoiak eraikitzeko edo une horretan diren bestelako beharretarako erabiliko den.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenanza honen onespenaz geroztik, espresuki debeku da hilobietan ehorzterik, 21. artikuluko definzioarekin bat, haietan beste ahaide batzuk lurperaturik badaude ere. Horren salbuespen izanen dira diren panteoietan integraturiko hilobiak, haien titularrek jabetza egiaztatzen badute, 3. xedapen iragankorrarekin bat.

Bigarrena.-Ehorzketaleku baten luzapen guztiak iraganagatik eta Udalak erabiltzen hasteko moduan egonagatik ere, bertan lurperaturik dagoenaren ahaide bat hiltzen bada, posible izanen da nitxo horretan ehorztea, familiak eskatuz gero, bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den ordenaren arabera tokatzen dena ez bada ere.

Hirugarrena-Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik hartuko du indarra, eta 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Laugarrena.-Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea eta Ordenantza fiskal orokorra aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L0805786