60. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

128/2008 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez arautzen da, 2008-2009 ikasturterako, lanean ari diren langileei zuzendutako lanbide heziketaren eskaintza, berariazko lanbide heziketako tituluak lortzen laguntzeko.

Espainiako Konstituzioak 27. artikuluan onartzen du pertsona guztiek hezkuntzarako eskubidea dutela, giza nortasuna guztiz garatzeko bidea ematen duelako. Halaber, politika sozial eta ekonomikoa zuzentzen duten printzipioei loturik, Konstituzioak 40. artikuluan adierazten du botere publikoek lanbiderako prestatu eta berregokitzeko aukera bermatzen duen politika bultzatu behar dutela, lanaren bidezko sustapenerako eskubidearekin bat (35. artikulua).

Lanbide Trebakuntzari eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren arabera, diru publikoarekin antolatutako prestakuntzaren eskaintza bideratuko da prestakuntza etengabea sustatzera, eta egokituko da pertsonen helburu diferenteetara eta haien egoera pertsonal eta profesionaletara. Halaber, Lege horrek lanbide trebakuntzako sistema nazionalari esleitzen dizkion helburuak, besteak beste, ondokoak dira: alde batetik, kalitateko prestakuntza sustatzea, hau da, eguneratua, eta hartzaileek lan mundurako trebatuta egoteko behar dutenari eta sustapen pertsonaleko gogoei egokitua, eta bestetik, lanbide trebakuntza ofizialki egiaztatzea, eskuratzeko era edozein izan dela ere.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 5. artikuluaren 1. idatz-zatian, ezartzen du pertsona guztiek izan behar dutela aukera bizitzan barna haien burua hezteko, hezkuntza sistemaren barruan nola kanpoan ere, garapen pertsonal eta profesionalerako behar diren gaitasunak, ezagutzak eta trebetasunak eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaltzeko asmoz. 2. idatz-zatian xedatzen du hezkuntza sistemak oinarrizko hastapena duela etengabeko hezkuntza sustatzea. Helburu horri begira, ikasleak euren kabuz ikas dezaten prestatuko ditu eta helduei erraztu eginen die ikasketa ezberdinetarako sarbidea, eta laguntza emanen ikaskuntza eta bestelako ardura eta jarduerak bateragarri izan daitezen. 3. idatz-zatian adierazten da ikaskuntzarako sarbidea beti denon eskura egon dadin, administrazio publikoek gaitasun berriak identifikatuko dituztela eta haiek eskuratzeko behar den prestakuntza eskainiko dutela. 4. idatz-zatian ezartzen du, halaber, administrazio publikoei dagokiela ikaskuntzarako eskaintza malguak sustatzea, hezkuntza sistema titulaziorik gabe utzi zuten gazte eta helduei oinarrizko gaitasunak eta, kasua bada, behar diren titulazioak eskuratzea ahalbidetzeko. Era berean, 66. artikuluak xedatzen du helduen hezkuntzak hemezortzi urtetik goitiko heldu guztiei eskaini behar diela garapen pertsonal eta profesionalerako ezagutzak eskuratu, eguneratu, osatu edo zabaltzeko aukera.

Abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuan, hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen hartan, heziketa horretarako sarbidea arautzen da. 32. artikuluak ezartzen du, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 66. artikuluan aurreikusitako helburu eta printzipioekin bat, helduendako lanbide heziketako irakaskuntzak aukera emanen diela hemezortzi urtetik goitikoei eta hamasei urtetik goitikoak izan eta lege horren 67.1 artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenei, haien lanbide kualifikazioa hobetzeko, bestelako lanbideak betetzeko prestakuntza eskuratzeko eta errege dekretu horren 3. artikuluak aipatzen dituen helburuak lortu eta finkatzeko baliabideak eskuratzeko. Era horretan handituko da gizartean duten parte-hartze aktiboa, bizitza sozial, kultural eta ekonomikoan.

Bestalde, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluak adierazten du Foru Komunitateak eskumen osoa duela irakaskuntza hedadura, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan arautu eta administratzeko; abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuak, berriz, irakaskuntza ez-unibertsitarioko eginkizun eta zerbitzuak Estatuak Nafarroako Foru Komunitatearen esku uztea onetsi zuen.

Azkenik, otsailaren 13ko 35/1995 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketaren eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasketen egitura eta antolaketari buruzko jarraibide orokorrak ezartzen dituenak, 8. artikuluan aipatzen du zilegi dela Berariazko Lanbide Heziketa lana-heziketa modalitatean egitea, lanbide ikasketa horien moduluetako eduki teoriko-praktikoak lanarekin bateratuz.

Beste arlo batean, Europako Elkarteen Batzordeak 2002ko otsailaren 13an Kontseiluari, Europako Parlamentuari, Batzorde Ekonomiko eta Sozialari eta Eskualdeen Batzordeari bidalitako komunikazioan honako hau adierazi zuen: "lanbideko mugigarritasuna eta gaitasunen garapena indartu beharko lirateke, eta horretarako beharrezkoak dira lan merkatuaren beharrei egokitutako hezkuntza eta prestakuntza sistemak, langileen gaitasunak garatzeko estrategien definizioa, ikaskuntza onartzea, alde batera utzita nola lortu den, ...".

Hori guztia kontuan izanik, eta onarpen eta sustapen pertsonal eta profesionala ahalbidetzeari nahiz laneko mugigarritasuna edo kokapen zehatza errazteari begira eta, oro har, ingurune sozial eta produktiboko beharrei erantzuteko xedez, eskatzen baitute laneko esperientziaren edo edozein prestakuntzaren bidez lortutako gaitasun profesionala egiaztatzeko aukera izatea, beharrezkoa da aukera hori arautuko duen prestakuntzarako eskaintza egitea.

Horrenbestez, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak txostena egin du, berariazko lanbide heziketako tituluak lortzera bideratutako prestakuntza eskaintzak egitearen alde; eskaintza horiek lanean ari diren langileen ezaugarriei egokituta egonen dira eta lanpostuan lortutako ezagutza profesionala kontuan izanen dute.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Lanean ari diren langileei zuzendutako lanbide heziketaren eskaintza egitea 2008-2009 ikasturterako, berariazko lanbide heziketako tituluak lortzen laguntzeko, heziketa ziklo eta ikastetxe hauetan:

-Ekipo eta instalazio elektroteknikoen erdi mailako heziketa zikloa, Tuterako "ETI" IIPan.

-Lorezaintzako erdi mailako heziketa zikloa, Iruñeko "Agroforestal" BHIan.

-Sukaldaritzako erdi mailako heziketa zikloa, Burlatako "Ibaialde - Burlada" BHIan.

-Ibilgailuen elektromekanikako erdi mailako heziketa zikloa, Iruñeko "Donapea" IIPan.

-Ekipo eta instalazio elektroteknikoen erdi mailako heziketa zikloa, Iruñeko "San Juan - Donibane" BHIan.

-Ekipo eta instalazio elektroteknikoen erdi mailako heziketa zikloa, Iruñeko "San Juan - Donibane" BHIan.

-Soldadurako eta galdaragintzako erdi mailako heziketa zikloa, "San Miguel de Aralar II - Aralarko Mikel Donea II" BHIan.

-Laguntza soziosanitarioko erdi mailako heziketa zikloa, Iruñeko "Adaptación Social" BHIan.

-Gizarte integrazioko goi mailako heziketa zikloa, Iruñeko "Adaptación Social" BHIan.

-Instalazio elektroteknikoen goi mailako heziketa zikloa, Iruñeko "Virgen del Camino" BHIan.

-Instalazio elektroteknikoen goi mailako heziketa zikloa, Tafallako "Politécnico Tafalla" BHIan.

-Sukaldaritzako erdi mailako heziketa zikloa, Burlatako "Ibaialde - Burlada" BHIan.

Lanbide heziketaren eskaintza hau ondotik heldu diren arauek antolatu eta gauzatuko dute:

Onartzeko irizpideak eta matrikula

1. Prestakuntza eta ebaluazioko prozedura hau hautatzen dutenek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.1.-20 urte beteak izatea izena ematen den urte naturalean

1.2.-Teknikari edo goi mailako teknikari titulua lortzeko oro har beharrezkoak diren baldintza akademikoak betetzea.

1.3.-Azken bost urteotan gutxienez ere bi urtetan lan egin duela frogatzea, lanaldi osoarekin edo ordutan horren parekoa dena izanda, betiere lortu nahi duen tituluari dagokion lanbide arloaren inguruan izan bada. Laneko esperientzia hori nahikoa izanen da Lantokiko Prestakuntzaren modulua egitetik guztiz salbuesteko, ebazpen honen 3. arauan aipatzen den onarpen batzordearen irizpideari jarraikiz.

1.4.-Lortu nahi duen titulazioko ikasketak eginak edo utziak ez izatea izena eman aurreko bi kurtsoetan, etiere, agiri bidez egiaztatu ezik ondoko gorabehera berezi hauetakoren bat gertatzen denean:

-Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.

-Ikasketa horiek burutzea ezinezkoa egin duten edo oztopo haundiak jarri dituzten lan gorabeherak.

-Familiako beharkizunak izatea.

1.5.-Urte batean prestakuntza eta ebaluazio prozesu bakar batean parte hartzea, hots, titulazio eta ikastetxe bakar batean.

1.6.-Izena emateko orriak beharrezkoak diren agiri guztiekin batera betetzea.

2. Aurreko atalean eskatutako betebeharrak agiri hauen bidez egiaztatuko dira:

2.1.-Adinari dagokiona, nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatuaren bidez.

2.2.-Titulazioaren betebeharra, mailan sartzeko behar den tituluaren edo titulu horren gordekinaren fotokopia konpultsatuaren bidez.

2.3.-Laneko esperientzia egiaztatzeko aurkeztu beharrekoak:

-Gizarte Segurantzako Diruzaintzaren edo Lan Mutualitatearen ziurtagiria, non enpresa, lanbide kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia, edo, betiere, Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazio aldia adieraziko baitira.

-Lantoki izandako enpresaren ziurtagiria, datu hauekin: kontratuaren iraupena, egindako lana eta zenbat denbora egin duen lan horretan. Beren kontura ari diren langileen kasuan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotearen ziurtagiria eta zerga hori ordaindu izanaren frogagiriak.

-Eskatzaileak egindako hasierako txostena, ikasketa eta esperientziei buruzko informazio orokorra biltzen duena; horien artetik nabarmenduko ditu lortu nahi duen tituluari hobekien lotzen zaizkionak. Txosten horren eredu bat 1. eranskinean ageri da.

3. arauan definitutako onarpen batzordeak uste badu aurkeztu diren agiriak ez direla aski izangaiaren esperientzia behar bezala frogatzeko, azaldu den esperientzia baloratzeko prozedura osagarri bat ezarri ahalko du.

1. arauaren 1.4 azpiatalari dagokionez, izangaiak zinpeko aitorpena aurkeztuko du 2. eranskineko eredua erabiliz. Aitorpen horretan adieraziko du lortu nahi duen tituluari dagozkion ikasketak ez dituela egin edo utzi eskariaren aurreko bi ikasturteetan, edo baldintza hori betetzetik salbuetsia dagoela argudiatzeko ezohiko arrazoia egiaztatzen duen dokumentua edo dokumentuak.

3. Onarpen prozesua batzorde batek gainbegiratuko du. Ondoko hauek osatuko dute batzordea: ikastetxeko zuzendariak eta ikastetxe horretan behin betiko destinoa duten eta kasuko lanbide arlokoak diren bi irakaslek gutxienez. Batzordeak eginkizun hauek ditu:

-Aipatu diren onarpen baldintzak eskatzaileek betetzen dituztela egiaztatzea. Horri dagokionez, frogagirietan bereziki aztertuko da azaldu den esperientziak behar besteko iraupena duen eta dagokion tituluko lanbide profilari egokitzen zaion, horrela, izangaia Lantokiko Prestakuntzaren modulua egitetik guztiz salbuesteko.

-Prestakuntza eta ebaluazio prozesuan onartutako izangaien zerrenda ordenatua proposatzea, 5. eranskineko eredua erabiliz. Sarbide proba eginez gero, haren emaitzak bildu eta gero.

4. Plazak baino izangai gehiago badaude, onartzeko hurrenkera ezarriko da eskuratu nahi den tituluaren jarduera esparruan izangaiek duten esperientzia kontuan hartuta. Ziklo bat eskaintzen duen ikastetxeak postuen %10 arte gorde ditzake, prestakuntzako ikastetxearekin lankidetza hitzarmena duen enpresaren batean ari diren langileentzat; langile horiek sarrera baldintzak bete behar dituzte.

Nolanahi ere ikaspostuen %5 gordeko da ezgaitasuna duten ikasleentzat. Horretarako ezgaitasun hori agiri bidez egiaztatu beharko da.

5. Izen ematea dagozkien ikastetxeetan eginen da 2008ko maiatzaren 15etik 21era bitarte, biak barne.

6. Izangai onartuek dagokien ikastetxean eginen dute matrikula, 2008ko ekainaren 25ean eta 27an.

Proba baten bidez sartzea

7.1. Sarrera zuzenerako baldintza akademikoak bete ez arren, ebazpen honetako 1. arauan aipatu gainerako baldintzak betetzen dituzten izangaiak prestakuntza prozesuan sartu ahalko dira, sarrera bereziko proba bat gainditzen badute, lanbide heziketako eskaintza honetarako bakarrik balioko duena. Proba horretan, izangaiak frogatu beharko du erdi mailako zikloko ikasketak egin ahal izateko ezagutza nahikoa baduela, edo goi mailako ikasketen kasuan, Batxilergoko helburuetan zehaztutako heldutasuna baduela.

7.2. Proba hauetarako izena emanez gero, ezin izanen da parte hartu Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak deitu eta 2008ko maiatzan eta ekainean egitekoa den sarrera proba arruntean.

7.3. Prestakuntza eta ebaluazio prozesua garatuko den ikastetxean bertan emanen da izena, 3. eranskineko eskari eredua erabilita.

7.4. Erdi eta goi mailetako zikloetarako sarbide probek egiaztatu beharko dute ikasleak kasuan kasuko ikasketak egin ahal izateko ezagutza nahikoa baduela, bai eta kasuan kasuko lanbide arloaren inguruko gaitasuna ere. Proba hauek Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak 2008-2009 ikasturterako Berariazko Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoen eta Diseinuaren Irakaskuntzako erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probak egiteko deialdia egiten duenotsailaren 1ean emandako 19/2008 Ebazpenaren "Proben edukia eta ebaluazio irizpideak" idatz-zatian ezarritakoari egokituko dira.

7.5. Lanbide heziketan sartzeko probaren zatiren batean salbuetsirik egoteko, indarra daukaten arauetan ezarritakoa aplikatuko da (Aipatutako 19/2008 Ebazpenaren "Salbuespenak" atala).

8. Sarrera probaren prozesuan epaimahai bat eratuko da heziketa ziklo bakoitzerako. Ikastetxeko bereko kide hauek osatuko dute:

-Ikuskatzailea, mahaiburu.

-Zuzendaria.

-Idazkaria, epaimahaiko idazkari lanetan arituko dena.

-Kasu bakoitzeko heziketa zikloari dagokion lanbide arloko irakasle bat.

Epaimahaiak adituak eraman ditzake epaimahaira, prestatutako proben edukien eta epaimahaikideen espezialitateen arabera.

9. Epaimahaiaren eginkizunak:

-Sarrera proba antolatu eta ebaluatzea.

-Proban egotea eta kontrolatzea, zuzen egiten dela ziurtatzeko.

-Proben aktak 4. eranskineko ereduaren arabera betetzea.

Prestakuntzaren antolamendu orokorra

10. Prestakuntza eta ebaluazio prozesua 2008-2009 ikasturtean eginen da eta heziketa ziklo bakoitzeko curriculumaren edukiak izanen ditu.

11. Langileen taldeak, heziketa ziklo bakoitzean, oro har, 20 lagunek osatuko dituzte gehienez. Kopuru hori handiagoa izan daiteke, baldin eta langileen egoera pertsonalak zein diren ikusita arreta egokia eskaintzen ahal bada ikasle gehiago izan arren.

12. Irakasle talde batek eginen du izangai bakoitzaren prestakuntza eta ebaluazio prozesuaren garapena. Talde hori kasuan kasuko ikastetxeko ikasketaburuak gainbegiratuko du eta honako hauek izanen dira osatuko dutenak: gutxienez, zikloari dagokion lanbide arloko irakasle bat, taldeko tutorea izanen dena, eta kasu bakoitzeko jardueraren arloko profesional aditu bat, abuztuaren 2ko 260/1999 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera kontratatuko dena (dekretu horrek zehazten du Hezkuntza Departamentuak profesional adituak kontratatu eta izendatzeko araubidea).

13. Prestakuntza eta ebaluazio prozesuan, une jakin batzuetan, ziklo horretan eskolak ematen dituzten irakasleek parte hartzen ahalko dute, izangaien prestakuntza osatuagoa izan dadin.

14. Aurreko puntuan aipatu den irakasle taldearen eginkizunak:

-Izangaien taldearen ordutegiak antolatzea.

-Taldeari jarraipena egiteko plana eta izangai bakoitzaren prestakuntza plana diseinatzea, izangaiek beren ikaskuntzei buruz egindako hasierako txostenean oinarrituta.

-Izangaien prestakuntzaz arduratzea, klaseetan edo urrutiko modalitatean ematen denaz.

-Etengabeko eta azken ebaluazioko prozesuak egitea, gaitasunak egiaztatzeko eta, hala denean, titulazioa emateko.

Prozesuaren faseak

15. Irakasle taldeak, ebazpen honetako 2.3 arauan aipatu den hasierako dokumentazioa aztertu eta izangaiarekin elkarrizketatu ondoren, izangai bakoitzarendako prestakuntza plana diseinatuko du, eta plan hori titulazioa lortzeko beharrezkoa den prestakuntza profila osatzen duten gaitasunak lortzera bideratuta egonen da.

16.1. Prestakuntza planean talde lan bat izanen da, nahitaez ikastetxera joanez egin beharrekoa; astean sei ordu hartu beharko dira bi kurtsoko zikloen kasuan, eta lau ordu kurtso bateko zikloak izanez gero. Denbora horretan 12. arauan aipatu den irakasle taldearen ardurapean egonen dira, arratsaldeko ordutegian ahal dela, izangaiek irakasle taldearen orientazioa jaso dezaten eta prestakuntza eta ebaluazioko jarduerak egin. Lanbidearen funtsezko alderdiak lantzeko egiten diren prestakuntza jarduerak garatuko dira; alderdi horiek beharrezkoak dira irakasleen edo profesional adituen parte-hartze zuzena eskatzen duten helburuak lortzeko.

16.2. Aipatu planean banakako lana ere izanen da, izangaiak bere kabuz lor ditzakeen prestakuntzako helburuak erdiesteari begira. Jarduera hori urrutiko modalitatean eginen da batez ere, dela postaz, dela telefonoz edo dela prozedura telematikoz, eta irakasle talde bat arduratuko da horretaz, tutoretza pertsonalaren bitartez, aurrez ezarritako ordutegian. Zilegi da, halaber, ikastetxera bertara joatea aipatu taldearen laguntza hartzeko, eta ikastetxeko prestakuntza instalazioak erabiltzea, egoerak hala eskatzen duenean.

17. Ikastetxeko Zuzendaritzak tutoretza kolektiboen ordutegia zehaztuko du, erabil daitezkeen giza baliabide eta baliabide materialen arabera, eta ikastetxeko programazio orokorrean ezarritako irizpideekin bat. Gainera, izangaien autoikaskuntza lagunduaren ordutegia ere zehaztuko da.

Ebaluazioa

18. Ebaluazioa proba batzuen bidez eginen da, eta proba horien edukiak curriculumei eta dagozkien lanbide gaitasunei buruzkoak izanen dira. Probetan eduki teoriko eta praktikoak izanen dira eta horien bidez azalduko da, ebaluazio irizpideei eta probak egitekoei jarraikiz, izangaiak behar diren gaitasunak dituela.

19. Irakasle taldeak prestakuntza eta ebaluazioaren xede den titulua osatzen duten modulu guztietan kalifikatuko ditu izangaiak. Horietan guztietan kalifikazio positiboa lortuz gero, izangaiei dagokien titulu ofiziala eman ahalko zaie.

20. Hezkuntza Departamentuak Ebaluazio Batzorde bat izendatuko du ebazpen honetan aipatu tituluetako bakoitzeko, probak egiteko.

21. Ebaluazio Batzordeak bost kidek osatuko dituzte; horietako bat batzordeburua izanen da eta beste bat idazkaria. Beti bermatu beharko da, lanbide modulu bakoitzeko, gutxienez ere batzordekide bat irakasle lanean ari dela.

22. 2008-2009 ikasturteko aldi arruntean titulazioa lortzen ez duten izangaiek eskubidea badute iraileko deialdi berezian parte hartzeko, kurtsoa gainditu ahal izateko. Salbuespen gisa, berau justifikatzen duten arrazoiak daudenean ikastetxeak Hezkuntza Departamentuari deialdi berezia egiteko epea zabaltzeko baimena eskatu ahalko dio.

23. Baliozkotzeen eta Lantokiko Prestakuntzaren modulutik salbuestearen arloan indarra duen araudia aplikatuko zaie ebazpen honek arautzen duen prestakuntzan matrikulatuta daudenei. Laguntza prozesuan egin eta ebaluazio positiboa izan duten moduluetan ebaluazio probak egitetik ere salbuetsi ahalko dira.

24. Akreditazioak eta beren erregistroa egiteko prozedura ikasketa eta lanbide tituluak emateari buruzko maiatzaren 5eko 733/1995 Errege Dekretuan ezarritakoa da.

25. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak kurtsoen jarraipen eta ebaluazioa eginen du.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, argitara dadin.

3. Ebazpen hau igortzea Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Nafarroako Kualifikazioen Institutua-Lanbide Kualifikazioen Atalera, Ikastetxeen Plangintza eta GarapenerakoAtalera, Lanbide Heziketa eta Enpresaren Atalera, Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegora eta ikastetxe ukituetara.

Iruñean, 2008ko apirilaren 24an.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro José González Felipe.

1. ERANSKINA

Aurretiko ikaskuntzen gaineko txostena

I.-Eskatzailearen datuak:

Deiturak eta izena:

NANa:

Helbidea: Herria

Kalea/plaza: ............ zenbakia ............ probintzia

Telefonoa:

II.-Prestakuntza akademikoa.

(Adierazi egindako ikasketa arautuak; eskatutakoa baino maila altuagoko titulazioa edukiz gero, erantsi haren fotokopia konpultsatua).

II.-Arautu gabeko prestakuntza:

(Adierazi egindako ikastaro edo ikastaro laburrak, prestakuntzako jarduerak, egondako kongresuak, mintegiak, etab. Aipatu behar dira bakar-bakarrik agiri bidez (bertaratze agiriak, parte hartzeari buruzkoak, enpresa ziurtagiria, etab.) egiaztatzen ahal diren prestakuntzako jarduerak, lortu nahi den lanbide profilarekin zerikusirik badute).

IV.-Lanbideko esperientzia:

(Adierazi zure lan bizitzan burututako lanbide jarduerak).

V.-Lanbideko esperientzia garrantzitsuena:

(Aukeratu, aurreko ataletik, lortu nahi duzun titulazioari begira zure ustez garrantzitsuenak d(ir)en esperientzia(k)). Horretarako, saiatu ondoko hauek zehazten: egindako jarduerak, lanean zenuen autonomia maila, lanaren antolaketa eta, oro har, zure ustez aurretiko esperientziaz informazio zehatzena ematen duten inguruabarrak. Saiatu enpresen izenak, haien tamaina, produkzio sektorea eta gainerakoak ematen. Ahal delarik, informazio hori bermatzeko dagozkion egiaztagiriak eman beharko lirateke: enpresa ziurtagiria, ....).

2. ERANSKINA

Zinpeko aitorpena

Izen-deiturak: .......................... NANa, eta agiri honen bidez

Zin egiten du / hitz ematen du:

Lortu nahi den titulazioko ikasketak eginak edo utziak ez izatea izena eman aurreko bi kurtsoetan.

Ikasturte honetan prestakuntza eta ebaluazio prozesu bakar batean parte hartu nahi dudala; .............. titulua lortzeko, ............... (e)ko ........... zentroan.

.....................(e)n, 200...(e)ko .............aren .....(e)an.

Interesatua

3. ERANSKINA

a) Eskaera, izena emateko lanean ari diren langileei zuzendutako berariazko lanbide heziketako erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko proban

Eskatzailearen datuak:

1. deitura ............. 2. deitura ............... Izena:

NAN zk.:

Helbidea: Kalea/plaza ......................... P.K.:

Herria: ...................................... Probintzia:

Telefonoa:

Honako hau azaltzen dut: proba egiten den urte naturalean hogei urte ditudala.

Ondoko egiaztagiriak eransten ditut (fotokopia konpultsatua):

f Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea.

Eskatzen dut: erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetan onartzea.

Heziketa zikloaren izena

Ikastetxea

...................(e)n, 200...(e)ko ...........aren .......(e)an.

Eskatzailearen sinadura

b) Eskaera, izena emateko lanean ari diren langileei zuzendutako berariazko lanbide heziketako goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proban

Eskatzailearen datuak:

1. deitura ............. 2. deitura ............... Izena:

NAN zk.:

Helbidea: Kalea/plaza ....................... P.K.:

Herria: .............................. Probintzia:

Telefonoa:

Honako hau azaltzen dut: proba egiten den urte naturalean hogei urte ditudala.

Ondoko egiaztagiriak eransten ditut (fotokopia konpultsatua):

f Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea.

Eskatzen dut: goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetan onartzea.

Heziketa zikloaren izena

Ikastetxea

.....................(e)n, 200...(e)ko ...........aren ......(e)an.

Eskatzailearen sinadura

4. ERANSKINA

a) Epaimahaiaren ebaluazio akta. Langileei zuzendutako erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba

Ikastetxea:

Heziketa zikloa:

Gradua: Erdikoa

Herria:

Orriaren zenbakia: ..............

HURRENKERA ZK. DEITURAK ETA IZENA KALIFIKAZIOA

Akta honetan biltzen dira ..................................... ikasle. Zerrendako azkena ............................. da.

.................(e)n, 200...(e)ko .............aren .......(e)an.

O. E.

Lehendakaria: Idazkaria: Batzordeko kideak:

c) Epaimahaiaren ebaluazio akta. Langileei zuzendutako goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba

Ikastetxea:

Heziketa zikloa:

Gradua: Goi Mailakoa.

Herria:

Orriaren zenbakia: ...........

HURRENKERA ZK. DEITURAK ETA IZENA KALIFIKAZIOA

Akta honetan biltzen dira .............................. ikasle. Zerrendako azkena ...................... da.

.....................(e)n, 200...(e)ko .............aren ......(e)an.

O. E.

Lehendakaria: Idazkaria: Batzordeko kideak:

V. ERANSKINA

Prestakuntza eta ebaluazio prozesuko onarpen batzordearen akta

.................... (e)n bildurik ........................ heziketa zikloari dagozkion aurretiko ikaskuntzak prestatu eta ebaluatzeko prozesuko izangaiak antolatu eta baloratu behar dituen batzordea; izangaiek aurkeztu probak eta agiriak baloraturik, prozesu hau arautzen duen Foru Aginduan ezarri irizpideei jarraikiz, honako erabaki hau hartu da:

Onartutako eskatzaileen zerrenda

HURRENK. ZK. DEITURAK ETA IZENAPUNTUAZIOA - ANTZINATASUNA

(Puntu bat, urte bakoitzeko)

Tokia duten izangaiak

Itxaron zerrendan dauden izangaiak

Baztertutako eskatzaileen zerrenda

DEITURAK ETA IZENA ARRAZOIA*

(*) Adierazi, zenbakizko kode baten bidez, baztertzeko arrazoiak, eta banan-banan aipatu, zerrendaren behealdean, arrazoi horiek. Adibidez:

(1) Sartzeko baldintza akademikoak ez betetzea edo dagokion proba ez gainditzea.

(2) Titulazioarekin lotutako lanbidean bi urtez aritu izana behar bezala ez frogatzea edo lan esperientzia hori ez izatea.

(3) Agiriak epez kanpo aurkeztea.

.....................(e)n, 200...(e)ko ............aren .....(e)an.

O.E.

Batzarburua Idazkaria Batzordekideak

Iragarkiaren kodea: F0806613