60. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2008ko martxoaren 21ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatzeko espedientea, Vodafone España, S.A.k aurkeztua, jendaurrean jartzen da eta, aldi berean, udal ukituei entzunaldia ematen zaie.

I.-Aurrekariak eta aldatzeko proposamena.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera eta jada dauden estazio finkoak zein sarea ezarri eta garatzeko aurreikuspenak biltzen dituen Azpiegituren Lurralde Plana aurkeztu beharra ezartzen duen 9. artikulua aplikatuta, 2002ko urrian "Vodafone España, S.A." operadoreak Nafarroako Foru Komunitaterako bere Azpiegituren Lurralde Plana aurkeztu zuen Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren aurrean, jada dauden estazio finkoak zein sare osoa ezarri eta garatzeko aurreikuspenak biltzen dituena.

Nafarroako Gobernuaren 2006ko ekainaren 19ko erabakiaren bidez, "Vodafone España, S.A."k aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planaren jendaurreko aldia ebatzi zen eta telekomunikazioen arloko departamentu eskudunak Plan hori onetsi behar zuela xedatu zen. Erabaki hori 2006ko 87. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 21ean.

Ondoren, Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren ekainaren 26ko 219/2006 Foru Aginduaren bidez, "Vodafone España S.A."k aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Plana onetsi zen, zehaztapen batzuk erantsita. Foru agindu hori 2006ko 91. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 31n.

219/2006 Foru Aginduan ezarritako zehaztapenetako batek honakoa dio:

"4. Operadoreek azpiegituren lurralde planak aldatu edo eguneratzeko eskabideen berri emanen diote telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari.

Aldaketa horien ondorioz kokaleku berriak sortzen badira, gaurko azpiegituren kokalekua aldatzen bada edo eragin berri handiak agertzen badira, Lurralde Planaren aldaketa gisa tramitatu beharko dira. Gainerako aldaketak, aurreko lerroaldean aipatutako aldaketak sortzen ez dituzten zerbitzu berrien ezarpenak barne, telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari aurkeztuko zaizkio, gutxienez hilabete bat lehenago, planaren datu teknikoak kontrolatu eta eguneratzeko."

Zehaztapen hori aztertuta eta 10/2002 Foru Legearen 13. artikuluaren arabera, 2006ko urrian "Vodafone España, S.A."k bere Azpiegituren Lurralde Planaren aldaketa aurkeztu zuen, bertan beste 23 kokaleku sartzeko.

Ondoren, 2007ko martxoan, hain zuzen ere, operadoreak beste fitxa bat aurkeztu zuen, Vodafoneren plan onetsian sartuta zegoen Ribaforadako estazioaren kokalekua aldatzeko. Horren bidez, Planaren aldaketan sartzeko eskatu zuen, baina aurreko kokalekuari uko egin gabe; izan ere, bertan eraikitzeko eskubidea gorde zuen beretzat, eskatutako azken instalazio hori eraiki eta administrazio baimen guztiak izan arte.

Amaitzeko, 2007ko urrian eta abenduan, operadoreak Milagro udal mugapean onetsitako kokalekua aldatzen zuen fitxa berri bat aurkeztu zuen, aldaketan sartzeko asmoz, baita Iruñeari buruzko beste bi fitxa ere.

Eskatutako kokalekuek eragindako Udalak honako hauek dira: Aguilar Kodeskoa, Berriobeiti, Zizur Txikia, Noain-Elortzibar, Ribaforada, Azagra, Barañain, Burlata, Eguesibar, Uharte, Milagro, Oltza, Iruña, Ribaforada, Tutera eta Viana.

II.-Emandako txostenak.

Jarraian, "Vodafone España, S.A."ren Azpiegituren Lurralde Plana aldatzeko espedienteari buruz Nafarroako Gobernuko hainbat departamentuk egin dituzten txostenen edukia laburtu da.

II. 1. Ingurumen Departamentua.

2007ko maiatzaren 15ean, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak txostena egin zuen, bi ataletan egituratuta zegoena: lehenengoak operadoreak lurzoru urbanizaezinean instalatu nahi dituen 6 estazioez hitz egiten zuen; bigarrenak, aldiz, hiri lurzoruan instalatzeko aurreikusi diren gainerako 18 estazioez. Idazkian ingurumenaren ikuspuntutik baimen daitezkeen proposamen guztiak hartu dira kontuan.

Ondoren, 2007ko azaroaren 13an eta 2008ko urtarrilaren 17an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak beste bi txosten egin zituen, Milagroko kokalekuaren aldaketari eta ingurumenaren ikuspuntutik Iruñean baimen daitezkeen kokaleku berriei buruz.

Era berean, 2007ko irailaren 10ean, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak aldeko txostena eman zion aldaketa horri. Hala ere, txostenean adierazi zuen, beharrezko lur-mugimenduak baso zoruari eragitekotan, Oihanak Kudeatzeko Atalari jakinarazi beharko zaiola, obrak hasi baino lehen.

II. 2. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua.

"Vodafone España, S.A." operadoreak aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planaren aldaketari eta telekomunikazioen arloari dagokienez, 2007ko ekainaren 6an, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzua zenak aldeko txostena eman zion aldaketa horri oro har (jarraian zehazten dena izan ezik), Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritako eskakizunak -Plan horretan agertzen diren telekomunikazioko oinarrizko estazioen eremu elektromagnetikoen esposizio mailetarako Lege horretan eskatutako mugak barne- betetzeagatik.

Aurrekoa gorabehera, aipatutako txostenean hurrengo zehaztapenak bildu dira:

-Azpiegituren arteko distantzia 2.000 metrotik beherakoa denean, lurzoru urbanizaezinean azpiegiturak partekatu beharrak Noaingo kokalekuari eragiten dio. Behar hori Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak azaroaren 27an telekomunikazioko oinarrizko estazioen erabilera banatzeko prozedura arautzeari buruz emandako 1324/2000 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezartzen da. Proposatutako kokalekua beste operadore batzuenak diren eta 1324/2000 Foru Agindu horren aplikazio-eremuaren barnean dauden hainbat kokalekutatik 2.000 metrotik beherako distantzian dago.

Foru agindu horrek ezartzen du ezin izango direla telekomunikazioko oinarrizko estazioak instalatu, beste batzuetatik 2.000 metrotik beherako distantzian, eta horixe da, hain zuzen ere, "Vodafone España"k proposatutako estazioaren kasua; horrela bada, dauden azpiegiturak partekatu behar dira. Dena den, kasu honetan, biztanleriaren dentsitateari, industrialdeei eta abarri dagokienez guneak dituen ezaugarriak kontuan hartuta, teknikoki haren beharra justifika liteke. Horretarako, beharrezkoa izango litzateke operadoreak azterlan teknikoa aurkeztea, bertan 2.000 metroko distantzia salbuespen gisa txikitzea justifikatzen duten arrazoi tekniko bereziak daudela behar bezala (profilen aurkezpena, beste dorreen okupazioa, estaldura mapa, dauden beste estazioetako baten batekin kokalekua partekatzeko ezintasuna eta abar) justifikatuta, 1324/2000 Foru Aginduaren 2.1 artikuluak xedatu bezala. Lurralde Plana behin betiko onetsi baino lehen hori bete ezean, kokaleku hori planetik kanpo utzi beharko da.

-Hurrengo lau kokalekuei buruzko informazioa osatu beharko da:

1. Arazuri: fitxan adierazten diren UTM koordenatuak ez dira zuzenak eta, horren ondorioz, zuzendu egin behar dira.

2. Baluarte Auditoriuma (Iruña): eraikinaren barrualderantz bakarrik igortzen badu ere, legean ezartzen den bezala, adierazi behar da erradiaziorik biziena (W/m²) duen leku irisgarrian igorri behar dela. Hortaz, informazioa osatu behar da.

3. Unibertsitateko Campusa (Iruña): fitxan bertan adierazten da gune sentikorrak (Campusa bera) daudela. Legean ezartzen den bezala, adierazi behar da hurrengo lekuetan igorri behar dela:

a) erradiaziorik biziena duen leku irisgarrian.

b) erradiaziorik biziena duten erabilera handiko lekurik hurbilenekoetan.

Aurkeztutako azterlanean, ez da mapan adierazi P1, P2, P3, P4 eta P5 neurketa-puntuen kokalekua. Hori dela eta, alde hori zuzendu behar da.

4. Yanguas y Miranda kalea (Iruña): Informazio kartografikoan ez da adierazi kokaleku zehatza (ez da eraikina markatu). Hortaz, informazioa osatu behar da.

Ondoren, 2007ko azaroaren 5ean eta 2008ko otsailaren 29an, Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak aldeko txostena eman zien AT-NA-Milagro2 eta AM-NA-Ribaforada, AM-NA-Sario eta AM-NA-Ikasgelategi izeneko kokaleku berriei, hurrenez hurren, 10/2002 Foru Legean telekomunikazioko oinarrizko estazioen eremu elektromagnetikoen esposizio mailetarako eskatutako mugak betetzeagatik.

II. 3. Osasun Departamentua.

2007ko uztailaren 30ean eta azaroaren 20an, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasun Publikoaren Institutuak honakoa jakinarazi du:

."Esposizio mailak Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean eskatutakoak baino txikiagoak dira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzuak egindako txostenean adierazitakoaren arabera.

.Maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeak Osasun Publikoaren Institutua aipatzen du, 5. artikuluaren 3. puntuan: "Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak ikerketa epidemiologiko bat hasiko du Nafarroako Foru Komunitatean datu egiaztatuak izateko eta horien bidez zehaztasun handiagoarekin ezarri ahal izateko, ebidentzia zientifikoaren argitan, zein diren epe ertain eta luzera foru lege honek xedatutako esposizio muga handiago edo txikiagoak".

.Gure Komunitatean biztanle gutxi daudenez, ezin da egin azterlanik, ikerketa mota horri eska dakizkiokeen baliotasun berme guztiak dituenik.

.OMEren (Osasunaren Mundu Erakundea) 2002ko urtarrilaren 23ko deklarazioak hauxe dio: "Berriki egindako ikerketan ez da ondorioztatzen sakelako telefonoek edo dagozkien oinarrizko estazioek igorritako irrati-frekuentzia eremuetan egotea osasunerako kaltegarria denik. Hala ere, ezagutzetan hutsune batzuk atzeman dira, arriskuak hobeto ebaluatzeko asmoz ikerketa berriei ekitea justifikatzen dutenak. Ikerketa horiek 2007an amaitu eta ebaluatuko direla aurreikusi da eta orduan eta ez lehenago argitaratuko dira osasunerako balizko edozein arriskuri buruzko behin betiko emaitzak".

.Erradiazio ez-ionizatzaileek osasunean dituzten eraginak ez daude ongi zehaztuta eta subjektiboak dira. Horregatik zaila da ikerketa epidemilogiko batean haiek modu objektiboan neurtzea.

.Egun, OME, IARC (Internacional Agency for Research on Cancer) eta beste erakunde batzuk gaia aztertzen ari dira. Nazioarteko ikerketa horien emaitzak izan arte itxaron behar da; izan ere, haien diseinu epidemiologikoa zabala eta lurraldeartekoa da eta bide emango du eraginari buruzko adierazleak modu fidagarriagoan aztertzeko.

.Biztanle gutxiko guneetan, adierazle zehatzek ausazko aldakortasun handia daukate, aldakortasuna murrizteko asmoz herriak taldekatzera behartzen duena, nazioarteko zenbait erakundek, adibidez OMEk eta IARCk, hirigune askotako ikerketetan egiten duten bezala.

.Nafarroan, orain arte, ezarritako gomendioak betetzen ari dira. Erakundeak egiten ari diren ikerketek osasunerako arriskuak zehaztasun zientifikoz baloratuko dituztelakoan, haien emaitzen esperoan gaude Gobernuari haiek gomendatutakoa proposatzeko.

.Ikerketa horiek bukatutakoan, osasunerako eraginak objektiboki frogatzerik izan, eta Nafarroan herritarrak eta eragin eremu diferenteak egonez gero, hasiera eman ahalko litzaioke mota horretako ikerketa bati, betiere, legeak zehazten duen modura, zehaztasun zientifikoan oinarrituta, epe ertain eta luzera.

Horren ondorioz eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean xedatutakoaren ondoreetarako, aldeko txostena eman zaio "Vodafone España, S.A." enpresak aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planaren aldaketari, betiere Lurralde Planean agertzen diren oinarrizko estazio ezberdinen berariazko baimenei buruzko prozesuan 10/2002 Foru Legearen I. eta II. eranskinean ezarritakoa eta sentikortzat jotako gune edo lekuetarako ezarritako berariazko xedapenak betetzen direla justifikatzen bada."

Ondoren, 2007ko ekainaren 12an aldaketara erantsitako azken kokalekuari -Ribaforada- dagokionez, Zerbitzuak honakoa jakinarazi du:

"1. Operadoreak aurkeztutako informazioaren arabera, estazioa Ribaforadan kokatuko da, herriko hilerriaren ondoan, 4. poligonoko 271. lur-zatian (lurzoru urbanizaezinean), hain zuzen ere, igorritako frekuentzia GSM-900 MHz-i dagokiona dela. Estazioak instalazio-dorrea partekatzen du Orangeren beste batekin; estazio hori herritik 400 eta 500 metroren arteko distantzian dago eta bertan zegoen aurretik. Gauzak horrela, 100 metrotik beherako ratioan ez da gune sentikorrik deklaratu.

2. Jasotako dokumentazioak I. eranskinaren 1. koadroan ezarritako mugako esposizio balioak gaindituko ez direla eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen El eranskinean ezarri dena (estazioaren inguruan ez dago gune sentikorrik) betetzen dela justifikatzen du, esposizio mailen balioespen eta neurketen bidez. Horren ondorioz, ez dago inolako eragozpenik "Vodafone España, S.A."ren ALPren aldaketarako Nafarroan, telefonia mugikorreko Ribaforadako estazioaren kokaleku berriari dagokionez.

3. Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 24ko 4/2005 Foru Legearen arabera, instalazio horiek aurretiko baimena behar dute, 4D eranskinaren instalazioen zerrendan agertzeagatik. Hori kontuan hartuta eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsitako Foru Lege horren araudiaren 72. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, telefonia mugikorreko oinarrizko estazioa behin betiko abiarazi baino lehen, Osasun Departamentuaren osasun txostena eskatuko da, teknikari eskudunak prozedura arautuen arabera ingurunean egin dituen esposizio mailen neurketen emaitzak aurkeztuta".

Operadoreak bidalitako azken kokalekuei (AM-NA-Ribaforada, AM-NA-Sario eta AM-NA-Ikasgelategi izenekoak) dagokienez, txostena eskatu zitzaion Osasun Departamentuari eta txosten horren ondorioak kontuan hartuko dira, espedientea ebazterakoan.

II. 4. Kultura eta Turismo Departamentua.

2007ko otsailaren 21ean, maiatzaren 30ean eta abenduaren 20an, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostenak egin zituen, espedientea bideratzeko. Halaber, telefoniako hargailuak instalatzeko hautatutako kokalekuek Nafarroako Inbentario Arkeologikoan katalogatutako aztarnategi arkeologikoei eragiten ez dietela adierazi zuen.

Aurrekoa gorabehera, sustatzaileari gogorarazi zaio, aurreikusitako lanen bat egiten den bitartean, zorupean horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, obrak bertan behera utzi eta aurkikuntza Ondare Arkeologikoaren Bulegoari berehala jakinarazteko legezko betebeharra daukala, Ondare Historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat (Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Foru Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Halaber, adierazi den bezala jokatu ezean, Foru Lege horren 101.h artikulua aplikatuta, hori kontuan ez hartzeagatik Ondare Historikoari eragin diezaiokeen edozer arau-hauste larritzat joko dela jakinarazi da.

Sustatzaileak Iruñean proposatu dituen azken kokalekuak, AM-NA-Sario eta AM-NA-Ikasgelategi izenekoak, ez dira agertzen departamentu honen inongo txostenean, jada dauden eraikinen gainean jartzea aurreikusi baita.

III.-Edukia.

Sustatzaileak proiektatutako kokaleku berriei buruzko fitxen hiru ale bidali ditu modu grafikoan zein euskarri informatikoan.

10/2002 Foru Legearen 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ebatzi baino lehen, espedientea hurrengo informazioaz osatu beharko da:

-Instalazio berriak burutzeko programa eta egutegia.

-Erantzukizun zibileko asegurua, aurreikusitako jarduerak inori sortu ahal dizkion kalte-galerak ordaindu beharra estaltzen duena.

-Informazio teknikoa eta sarearen eskema orokorra.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearekin bat etorririk, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, hauxe.

ERABAKI DU:

1. "Vodafone España, S.A."k aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planaren aldaketa eta Erabaki honen II. atalean aipatu diren departamentuetako txostenak jendaurrean jartzea. Halaber, instalazioek ukitutako eremuko udalei entzunaldia ematea erabaki zuen, hilabete bateko epean.

Hartarako, espedientea interesdunen eskura egongo da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armadaren etorbidea, 2, 3. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izango da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

2. Espedientea behin betiko onetsi baino lehen, erakunde sustatzaileak II. atalean aipatu diren departamentuetako txostenetan ohartarazi eta adierazitako gabezia eta akatsetatik datozen aldaketa guztiak zein erabaki honen III. atalean aipatu den dokumentazio osoa biltzen dituen testu bategina aurkeztea, paperean eta euskarri digitalean.

Departamentuetako txosten horien edukiaren arabera dokumentazioa osatu edota zuzentzen ez duten kokalekuak Planetik kanpo geratuko dira.

Espedientea behin betiko onetsi baino lehen, "Vodafone España, S.A."k bere sarearen eskema orokorra aurkeztu beharko du, espediente honetako kokaleku guztiak ez ezik, jada onetsi den Planean agertzen direnak ere biltzen dituena. Halaber, kokaleku horien zerrenda aurkeztu beharko da euskarri informatikoan, guztien UTM koordenatuak adierazita.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta udal hauei jakinaraztea: Aguilar Kodeskoa, Berriobeiti, Zizur Txikia, Noain-Elortzibar, Ribaforada, Azagra, Barañain, Burlata, Eguesibar, Uharte, Milagro, Oltza, Iruña, Ribaforada, Tutera eta Viana, baita Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Enpresaren Zuzendaritza Nagusiko Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Osasun Publikoaren Institutuari eta sustatzaileari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0806335