60. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

79/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 21ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, 2008-2011 epean enpresa txiki eta ertainek Nafarroan turismo azpiegiturak sortu eta modernizatzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Turismo azpiegituren eta enpresa turistikoak desberdintzen dituen zerbitzuaren kalitatea ezinbesteko jarduketa ildoa da sektorearen lehiatzeko estrategia bideratzeko era berrian. Horri dagokionez, Turismo Zuzendaritza Nagusiak azken urteotan kalitate eta ezaugarri bereziko establezimenduak sortzea sustatu du.

Oinarrizko eskaintza turistikoa hobetzen eta eskaeraren errealitatera egokitzen jarraitzeko, ostatuei buruzko arau berriak prestatu dira. Horien artean "Landa Hotela" hartu da kontuan. Honek eragina du Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren interes orokorreko beste alderdi honetan: kokatzen diren eremuaren eraikin historiko eta esanguratsuak berreskuratzea eta hotel-establezimendu gisa birgaitzea, ondarearen balioa handituz.

Lan ildo hau Europako Batzordeak ere baloratu du, FEDER 2007-2013 Programa Eragilean ikusten denez. Bertan horretarako ezarri diren lehentasunezko irizpideak ageri dira, katalogatutako edo ondare historiko bezala inbentariatutako eraikinen edo arkitektura tradizionalaren eraikin esanguratsuen zaharberritzean eragiten dutenak. Horregatik ulertu behar da helburu bikoitza betetzen dela, ostatuen azpiegituren eskaintza hobetzea eta ondarea berreskuratzea.

Horregatik, Kultura eta Turismo Departamentuak egoki deritzo laguntzen deialdi hau egiteari. Deialdi honekin turismo enpresaburuek dituzten ekimenak lagundu nahi ditu, bai turismo-establezimendu berriak sortzeko (landetxeak, hotelak, apartametu turistikoak, turismo kanpalekuak, jatetxeak, aterpetxe turistikoak eta turismo aktibo eta kulturaleko enpresak), bai eta egungo establezimenduen kategoria altxatzeko inbertsioak ere. Arauetan bi atal desberdin ageri dira:

-1.200.000,00 euro edo gutxiagoko inbertsioak. Horiek arautzen ditu Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean emandako 1998/2006 EE araudiak edo hori ordezkatzen duenak, EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzetara aplikatzeari buruzkoa, eta beraz erregelamendu horren baldintza guztiak betetzen dituzten laguntza araubide guztiak Itunaren 88.3 artikuluan ezartzen duen jakinarazpen betebeharretik salbuetsita egonen dira.

-1.200.000,00 euro baino gehiagoko inbertsioak. Horiek arautzen ditu Batzordeak 2001eko urtarrilaren 12an emandako 70/2007 EE araudiak edo hori ordezkatzen duenak, enpresa txiki eta ertainetarako laguntzei buruzko EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa. Halaber, laguntza hauek 2007-2013 urteetarako erregioetarako Estatuko laguntzei buruzko zuzentarauetara (Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean 2006ko martxoaren 4an argitaratuak) egokituta daude, EE Tratatuarekin bateragarria den 2007-2013 erregioetarako laguntzen Espainiako maparen arabera (Batzordeak kontuan hartua 2006ko abenduaren 20an).

Bestalde, FEDER 2007-2013 Programa Eragileko proiektuen hautapenerako betebeharrak betetzen dituzten bigarren atal honetanako inbertsioek Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen %50eko kofinantziazioa lortzen ahalko dute. Hori lortu ahal izateko, horretarako ezarritako kontusailean aurrekontuetako diru-kopurua egon beharko du, epe horretarako Programak ezarritako mugetan.

Azaroaren 9ko Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera, deialdia norgehiagoka ebatziko da, aurrekontuan behar adina diru badago. Horretarako, baremo bat aurreikusi da, atal bakoitzerako lehentasun ordena eta proposatutako inbertsio proiektuari ematen ahal zaion diru-laguntza portzentajea zehaztuko duena.

Dena den, kontuan izanik onartzen ahal diren inbertsioen mota, beharrezkoa da deialdi hau luzatzea proiektuak gauzatzeko egokia den adina denboraz. Hori helburu, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, 2008ko martxoaren 31ko Erabakiaren bidez, 2008-2011ko aurrekontuen kontura departamentuak hartzen ahal dituen gehieneko gastu-konpromisoak finkatu ditu.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2008-2011 epean enpresa txiki eta ertainek Nafarroan turismo azpiegiturak sortu eta modernizatzeko diru-laguntzen deialdia onestea eta dagokion gastua baimentzea. Diru-laguntzak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

IZENA URTEA KOPURUA

A10001 A1120 7709 432300 "Transferentziak ekimen

pribatuari, turismoko produktua sortzeko" 2008 1.114.000,00

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2009 779.800,00

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2010 668.400,00

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2011 557.000,00

IZENA URTEA KOPURUA

A10001 A1120 7709 432304 "Transferentziak ekimen

pribatuari, turismoko produktua sortzeko.

FEDER" 2008 800.000,00

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2009 560.000,00

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2010 480.000,00

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2011 400.000,00

2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Foru agindu hau Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Kontu Hartzailetza Delegatuari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 21ean.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

2008-2011 EPEAN ENPRESA TXIKI ETA ERTAINEK NAFARROAN TURISMO AZPIEGITURAK SORTU ETA MODERNIZATZEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIKO ARAUAK

1. Xedea, onuradunak, laguntzen zenbatekoa eta arauak.

1.1. Xedea.

Arau hauen xedea da 2008-2011 epean turismo establezimendu berri bat ezarri edo dagoen bat kategoriaz igotzeko laguntzak aktibo finkoetan emateko araubidea ezartzea. Arau horiek bi laguntza modalitate ezartzen dituzte, gutxieneko inbertsioaren arabera eta establezimendu motaren arabera.

A.-1.200.000,00 euro edo gutxiagoko inbertsioak

-Landetxeak

-Hotelak

-Apartamentu turistikoak

-Turismo kanpalekuak

-Jatetxeak

-Aterpetxe turistikoak

-Turismo aktibo eta kulturaleko enpresak

B.-1.200.000 euro baino gehiagoko inbertsioak

-Hotelak

-Apartamentu turistikoak

-Turismo kanpalekuak

1. 2. Onuradunak.

Foru agindu honetan azaltzen diren laguntzak eskuratzen ahal dituzte turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak), baldin eta dagokion atalean ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

ETE bat zer den argitu nahi izanez gero, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa eta hori ordeztu edo aldatzen duten xedapenak hartuko dira kontuan.

1.3. Laguntzen barruan sartzen diren inbertsioak eta erreferentzia aldia.

a) Deialdi honen barruan sartzen ahalko dira 2008ko urtarrilaren 1etik 2011ko urriaren 30erako epean egindako eta fakturatutako inbertsioak.

b) Deialdi eta modalitate honen barruan sartzen ahalko dira turismo establezimendu berri bat ezarri edo dagoen bat kategoriaz igotzeko aktibo finko materialetan egindako inbertsioak. Zehazki, honako hauek:

-Lurrak eta bere urbanizazioa, eraikinak eta instalazioak.

-Establezimenduaren altzariak eta ekipamendua, zerbitzu osagarriak ezartzeko beharrezkoak direnak barne, hala nola haur-parkeak, kiroletarako pistak, igerilekuak eta beste.

-Turismo aktibo eta kulturaleko enpresen berezko jarduerak garatzeko ekipamendua.

c) Inbertsioa lehenagotik zegoen turismo establezimendu bat eskuratzea bada, establezimendu hori gutxienez urtebetez itxita egona izan beharko du (Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren erregistroaren arabera). Dena den, dagokion diru-laguntzatik establezimendu horretan azken 5 urtetan egindako inbertsioengatik jasotakoak kenduko dira.

d) Halaber, onartzen ahalko dira dagoen establezimendu bat kategoriaz igotzeko aktibo finkoetan egindako inbertsioak, baldin eta establezimendu berrientzako ezarritako gainerako betebeharrak betetzen baditu. Horretarako, onartuko dira aurreikusitako kategoria lortzeko aktibo finkoetan egin beharreko inbertsio guztiak eta, hala badagokio, establezimenduaren neurria haunditzekoak.

e) Lurrak edo eraikinak eskuratuz gero, eskuratzeko kostuak hartuko dira kontuan, baldin eta eragiketa merkatuaren baldintzetan burutzen bada. Eskurapena hasiera bateko beste inbertsio batzuekin osatzen denean, dagozkion gastuak eskuratzearen kostuei gehituko zaizkie.

f) Azpiegituretan ingurumen aldetik zuzenak diren material eta produktuak erabiliko dira (material birziklatuak, elementu berrerabiliak, energia-galerak murrizteko eta energia-kontsumoa optimizatzeko lagungarri diren isolagailu termikoak edo material erregogorrak; metal astunik edo osagai arriskutsurik gabeko pintura eta bernizak, urpinturak alegia, pigmentu naturalez eginak, KOH ahalik eta gutxien jaulkitzen dutenak; ura aurrezteko gailuz eta emaria mugatzeko mekanismoz hornituriko saneamendu-osagaiak etab.). Edonola ere, Etxegintzaren Kode Teknikoan ezarritako eskakizunak kontuan hartuko dira, ingurumenak jasan dezakeen eragina neurtuko da, kalteak saihesteko edo ahalik eta txikienak izateko neurriak hartuko dira eta energia eragimeneko irizpideak eta ingurumen neurriak integratzen ahalegindu beharko da. Eraikin berriak badira, alderdi hauek zainduko dira gainera: eraikinaren orientazioa, diseinu arkitektonikoa, eraikuntza osasungarria eta instalazio eraginkorrak, ahal dela energia berriztagarriak erabiltzen dituztenak.

Era berean, obretatik eta instalazioetako mantentze-lanetatik datozen hondakinak kudeatzeko sistemak, bilketa sailkatua ahalbidetzen dutenak, aurreikusiko dira.

1.4. Aurrekontu zuzkidura.

a) Deialdi honetako konpromisoak finantzatzeko gehienezko aurrekontu zuzkidura 2008ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Transferentziak ekimen pribatuari, turismoko produktua sortzeko" izeneko A10001 A1120 7709 432300 eta "Transferentziak ekimen pribatuari, turismoko produktua sortzeko. FEDER" izeneko A10001 A1120 7709 432304 kontusailen eta horien 2009, 2010 eta 2011 kontusail paraleloen kargura eginen da, honako zenbatekoekin:

IZENA URTEA KOPURUA

A10001 A1120 7709 432300 "Transferentziak ekimen

pribatuari, turismoko produktua sortzeko" 2008 1.114.000,00

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2009 779.800,00

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2010 668.400,00

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2011 557.000,00

IZENA URTEA KOPURUA

A10001 A1120 7709 432304 "Transferentziak ekimen

pribatuari, turismoko produktua sortzeko.

FEDER" 2008 800.000,00

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2009 560.000,00

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2010 480.000,00

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2011 400.000,00

b) Laguntza hauek Docup 2007-2013 Europar Batasuneko egitura funtsekin (FEDER) kofinantziatzen ahalko dira, %50ean. Aurrekontuko kontusail horretan aurreikusitako aurrekontuaren kargura, dirua dagoen bitartean, honako proiektuak onartzen ahalko dira:

-II.atalean agertzen diren inbertsioak, 1.200.000,00 euro baino gehiagokoak.

-Lehentasuna izanen du nafarroa osoko katalogatutako edo ondare historiko bezala inbentariatutako eraikinen edo arkitektura tradizionalaren eraikin esanguratsuen zaharberritzeak.

-Halakorik ezean, eraikin berrietan 4 eta 5 izarreko hotelen sorrerak, kategori horretako eskaintzarik ez duten udalerrietan.

FEDER espedientea bete baina kontusail horren kargura diru faltagatik ezin egin diren espedienteak egonez gero, espediente hori kontusail orokorrera aldatuko da, guztiendako baremotik ateratako hurrenkeran.

c) Hala ere, deialdi honen beste atala ebatzi ondorengo eta programa berean sartzen diren beste deialdi batzuetako gerakinak, aurkezten diren eskaeren arabera, edo aurrekontuko kontusailari urtero ematen zaizkion zenbatekoak gehitzen ahalko zaizkio.

d) Adierazten diren zenbatekoak portzentaje hauen arabera zatituko dira, ezarritako atal guztietan:

-Hotelak: zenbateko osoaren %25.

-Apartamentu turistikoak: %25.

-Landetxeak %10.

-Turismo kanpalekuak: %10.

-Jatetxeak: %10.

-Aterpetxe turistikoak %10.

-Turismo aktibo eta kulturaleko enpresak: %10.

Dena den, eta espedienteak berrikusi eta deialdiaren ebazpenerako proposamena egin ondoren atalen batean gerakinik baldin badago, hori gainerako beste ataletara gehitzen ahalko da honako hurrenkeran: hotelak, apartamentu turistikoak, turismo kanpalekuak, aterpetxeak, turismo aktibo eta kulturaleko enpresak, jatetxeak eta landetxeak, aurrekontuko edozein kontusailen kargura doazen espedienteentzako.

2. I. atala.-1.200.000,00 euro edo gutxiagoko inbertsioak.

2.1. Araubide juridikoa.

Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu hori 2006ko abenduaren 28ko Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Erregelamendu horrek "de minimis" laguntzei buruzko EEaren Ituneko 87. eta 88. artikuluen aplikazioa ukitzen du. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergaldiko epean. Horretarako, enpresak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinarazi beharko dio "de minimis" laguntzarik jaso ote duen aurreko hiru zergaldietan.

2.2. Onartzen diren proiektuak:

a) Deialdi honen atalaren indarrez, onartzen ahalko dira 1.200.000,00 euroko (BEZa kontuan hartu gabe) aurrekontua gainditzen ez duten laguntzen eskabideak.

b) Laguntza jaso ahal izateko, establezimenduek baldintza eta gutxieneko ezaugarri hauek bildu beharko dituzte:

b. 1) Landetxeak: Diru-laguntza jasotzen ahalko dute baldintza hauek betetzen dituzten landetxetarako inbertsio proiektuek:

-Kokapena: eskabidea aurkezteko unean, herrian ez dira 3 landetxe baino gehiago izanen, edozein modalitate eta kategoriakoak.

-Lortu beharreko gutxieneko kategoria: eskabidea egiteko orduan herrian modalitate eta kategoria bereko etxerik ez badago, 2 hosto; eta gainerako kasuetan, 3 hosto.

-Soilik onartuko dira lehendik egindako etxebizitzen zaharberritze proiektuak (*).

-Aurkeztutako proiektuak soilik landetxe, etxebizitza edo gelen sorrera hartuko du kontuan, titularraren ohiko bizilekuaz gain.

-Erabilera turistikorako erabiliko den azalera eta gutxieneko leku kopurua 100 metro koadro erabilgarri eta 4 leku izanen da CRVn kasuan eta hiru gela eta 5 leku finko CRHn kasuan.

(*) Proiektua "zaharberritze" proiektua bezala hartuko da forjatuen azaleraren %60 baino gutxiago eraitsi eta konpontzen denean. Eraikin horrek 80 urte baino gehiago izan beharko ditu, katalogatuta edo ondare historiko bezala inbentariatuta egon beharko du, edo kokatzen den eremuaren arkitektura tradizionalaren eraikin esanguratsua izan beharko du.

b.2) Turismo kanpalekuak:

-Lortu beharreko gutxieneko kategoria: 1. kategoria.

b.3) Hotelak (*):

-Lortu beharreko gutxieneko kategoria:

-Hotelak eta hotel-apartamentuak: 4 izar.

-Landa hotelak: izar 1.

b.4) Apartamentu turistikoak(*)

-Gutxieneko kategoria: 1. kategoria (3 giltza)

-Ostatu emateko unitateen gutxieneko kopurua: 8 unitate

(*) Deialdi honetan ez dira kontuan hartuko udalerri hauetan kokatzen diren hotel berriak edo apartamentu-blokeak sortzeko proiektuak: Iruña, Barañain, Burlata, Atarrabia, Mutiloagoiti, Mutiloabeiti, Uharte, Olatz, Antsoain, Berriozar, Zizur Txikia, Zizur Nagusia, Noain, Imarkoain eta Beriain.

b.5) Jatetxeak:

-Lortu beharreko gutxieneko kategoria:

.10.000 biztanle edo gehiagoko udalerrietan: 4 sardexka

.10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan: 3 sardexka

b.6) Aterpetxe turistikoak:

-Kategoriak: Donejakue bideko aterpetxeak eta 1. kategoriakoak

b.7) Turismo aktibo eta kulturaleko enpresak:

-Eskabidea egin aurretik turismo erregistroan inskribatu gabe zeuden enpresak.

b.8) Kategoria altxatzea:

-Deialdi honetan onartzen ahalko dira modalitate bereko establezimenduen kategoria igotzeko inbertsioak, baldin eta kategoria apalagoa baldin badute eta ondorengo kategoriak lortzeko beharrezko inbertsioak egin nahi badituzte:

-4 izarreko hotela edo hotel-apartamentua.

-3 giltzako apartamentu turistikoa.

-Izar bateko hotela.

-1 kategoriako turismo-kanpalekua.

-4 sardexkako jatetxea.

2.3. Laguntzen kopurua eta muga.

Laguntzak %20ko funts galdurako diru-laguntzak izanen dira, honako mugak izanen dituztenak:

SORRERA KATEGORIA

Hotelak 200.000,00 200.000,00

Apartamentu turistikoak 200.000,00 200.000,00

Landetxeak 30.000,00 -

Turismo kanpalekuak 180.000,00 180.000,00

Jatetxeak 100.000,00 100.000,00

Aterpetxe turistikoak 100.000,00 -

Turismo aktibo eta kulturaleko enpresak:

-Ekipamendua 21.000,00

-Ibilgetua + ekipamendua 48.000,00

2.4. Eskatutako gutxieneko inbertsioa.

Deialdi honetan onartzeko, inbertsioak ondorengo kopuruak (BEZa kontuan hartu gabe) baino handiagoak izan beharko dute:

SORRERA KATEGORIA

Hotelak 150.000,00 80.000,00

Apartamentu turistikoak 150.000,00 80.000,00

Landetxeak 40.000,00 -

Turismo kanpalekuak 100.000,00 50.000,00

Jatetxeak 80.000,00 40.000,00

Aterpetxe turistikoak 80.000,00 -

Turismo aktibo eta kulturaleko enpresak 18.000,00 -

2.5. Laguntzen bateragarritasuna

Laguntza hauek bateragarriak dira administrazio honetako beste departamentu batzuek edo beste administrazio publikoek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Dena dela, jasotako diru-laguntza guztien zenbatekoa diruz lagundutako jardueren kostua baino handiagoa bada, behar den zenbatekoa kenduko zaio diru-laguntzari. Halaber, kontuan hartuko dira Batzordeak 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 EE Erregelamenduko 2. artikuluan ezarritako mugak.

3. II. atala.-1.200.000,00 euro baino gehiagoko inbertsioak.

3. 1. Araubide juridikoa.

Foru agindu honek arautzen dituen atal honetako laguntzak Batzordeak 2001eko urtarrilaren 12an emandako 70/2007 EE araudiak edo hori ordezkatzen duenaren babesean ezarri dira, enpresa txiki eta ertainetarako laguntzei buruzko EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa. Halaber, laguntza hauek 2007-2013 urteetarako erregioetarako Estatuko laguntzei buruzko zuzentarauetara egokituta daude.

3. 2. Onartzen diren proiektuak:

Laguntza jaso ahal izateko, establezimenduek baldintza eta gutxieneko ezaugarri hauek bildu beharko dituzte:

a) Berriak: Hotelen ondorengo kategoriak onartzen ahalko dira:

-4 eta 5 izarreko hotelak eta hotel-apartamentuak(*).

-3 eta 4 giltzako 8 unitate edo gehiago dituzten apartamentu turistikoak(*).

-2, 3, 4 eta 5 izarreko landa hotelak.

-1. kategoriako eta luxuzko turismo kanpalekuak.

(*) Deialdi honetan ez dira kontuan hartuko udalerri hauetan kokatzen diren hotel berriak edo apartamentu turistikoak sortzeko proiektuak: Iruña, Barañain, Burlata, Atarrabia, Mutiloagoiti, Mutiloabeiti, Uharte, Olatz, Antsoain, Berriozar, Zizur Txikia, Zizur Nagusia, Noain, Imarkoain eta Beriain.

b) Kategoria altxatzea: modalitate bereko establezimenduen kategoria igotzeko inbertsioetarako diru-laguntzen eskabideak onartzen ahalko dira, baldin eta aurreko puntuan ageri diren kategoriaren bat lortzeko inbertsioak egin nahi badituzte.

3.3. Laguntzen kopurua eta muga.

Batzordearen 70/2001 EE Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, enpresa ertainentzako laguntzak %7,5eko funts galdurako diru-laguntzak izanen dira, eta %15ekoa enpresa txikientzako.

Batzordeak 2006ko abenduaren 20an onetsitako "Erregioetarako Estatuko laguntzen" mapako 2007-2013 eremu iraunkorreko eremuetan kokatzen diren enpresa ertainen laguntzak %17,5ean handitzen ahalko dira, eta %20an enpresa txikienak. Aipatu mapa foru agindu honen eranskinean ageri da.

Hala ere, laguntza horiek ondorengo muga izanen dute modalitateko:

SORRERA SORRERA KATEGORIA

BERRIAK ZAHARBER. ALTXATZEA

(euro) (euro) (euro)

4 eta 5 izarreko

hotela, hotel-apartamentua 260.000,00 350.000,00 260.000,00

Apartamentu turistikoak 260.000,00 350.000,00 260.000,00

4 eta 5 izarreko landa hotela - 350.000,00 260.000,00

3 eta 2 izarreko landa hotela - 300.000,00 260.000,00

Turismo kanpalekuak 260.000,00 - 260.000,00

3.4. Eskatutako gutxieneko inbertsioa.

Deialdi honetan onartzeko, inbertsioak 1.200.000,00 euro baino gehiagokoak izan beharko dute.

3.5. Laguntzen bateragarritasuna (ETEak).

Laguntza horiek bateragarriak dira onuradunek proiektu berbererako jaso dezaketen beste edozein laguntzekin. Hala ere, proiektu batentzako jasotako diru-laguntza guztien kopurua Batzordearen 70/2001 EE Erregelamenduko 4. artikuluan ezarritako kopurua gainditzen badu, diru-laguntza beharrezko zenbatekoan murriztuko da.

Deialdi honetan ezarritako eta Europako programak kofinantziatutako laguntzak bateraezinak izanen dira Europako programak kofinantziatutako beste administrazio publikoek xede eta helburu berarekin emandakoekin.

4. Betekizun eta baldintza orokorrak.

4.1. Betekizun eta baldintza orokorrak.

Deialdiko laguntzak baliatu ahal izateko, betekizun eta baldintza hauek bete beharko dira:

a) Laguntzen eskabideak inbertsio proiektuen exekuzioa hasi baino lehen aurkeztea, lehenengo deialdiaren onespenaren aurretik egindakoa izan ezik edo, aurretik eskabidea aurkeztu eta onuradun izatera ailegatu ez zirenek aurreikusitako irekiera epetan laguntzak berriz eskatu ditzaten.

b) Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioek eskabidearekin batera aurkeztutako kronograman ezarritakoaren arabera bukatzea, betiere laguntza eskatu eta emanen litzateken aurrekontuko ekitaldian. Horretarako, onuradunak inbertsioaren amaiera datatzat ezarritakoa izanen da, betiere deialdi honetan ezarritako epearen barruan.

c) Inbertsioen amaiera deklaratu ondoren, onuradunak 4 hilabeteko gehienezko epea izanen du establezimendua. erregelamenduaren arabera irekitzeko. Epe hori baliozkoa izanen da, administrazio berari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik betetzen ez denean izan ezik.

d) "Kategoria altxatzea" laguntzen kasuan, deialdi hau argitaratzen den egunean establezimenduak turismo erregistroan eskatzailearen izenean inskribatuta egon beharko dute.

e) Diru-laguntzen onuradunek inbertsioa gauzatzen deneko ondasunen jabeak izan beharko dute.

4.2. Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntzak norgehiagoka araubideari jarraikiz tramitatuko dira, aurkezturiko eskaerak alderatu eta dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren eta, hurrengo puntuan ezarritako baremoarekin bat, aurrekontuetako dirua bukatu bitarte banatuko dira.

Eskaerak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

4.3. Baremoa.

a) Baremo orokorra (guztizko puntuazioaren %40)

Eskabideak ondoren aipatzen den baremoaren arabera ebaluatuko dira:

a.1) Irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartzea (turismoari buruzko araudiak ezarritako minimoak gainditzen baditu)(*): %10 gehienez.

a.2) Proiektuan teknologia berriak erabiltzea: %7,5 gehienez.

a.3) Ingurumena zaintzeko neurriak hartzea(**): %7,5 gehienez.

a.4) Proiektua: originaltasuna, berrikuntza eta balio turistikoa: %15 gehienez.

(*) Deialdi honen ondorioetarako, establezimendu bat iritsi-erraza izanen da baldin eta mugikortasun edo komunikazio gutxituak dituzten pertsonek modu autonomo eta eroso batez erabiltzeko aukera bermatzen duten baldintza funtzional eta neurriak betetzen baldin baditu. Horretarako, Oztopo Fisiko eta Zentzumenekoei buruzko ekainaren 11ko 4/1988 Foru Legean ezarritakoa hartuko da oinarritzat, bai eta UNE 170001-1 arauetan azpiegiturei buruz ezarritako gomendioak ere, betiere arlo horren inguruko jarduketek ezgaitasun fisikoa edo sentsoriala duten pertsonak babesten dituen erakunderen baten aldeko txostena eduki beharko dute.

(**) Deialdi honi dagokionez, ingurumen arloko neurriak hartu direla ulertuko da ingurumen aldetik egokiak diren material eta produktuak erabiltzen direnean (nolanahi ere, Etxegintzaren Kode Teknikoan ezarritako eskakizunak hartuko dira kontuan), ingurumenak jasan ditzakeen ukipenak neurtzen direnean, kalteak saihesteko edo ahalik eta txikienak izateko neurriak hartzen direnean eta energia eragimeneko irizpideak eta ingurumen neurriak integratzen direnean. Eraikin berriak badira, alderdi hauek zainduko dira gainera: eraikinaren orientazioa, diseinu arkitektonikoa, eraikuntza osasungarria eta instalazio eraginkorrak, ahal dela energia berriztagarriak erabiltzen dituztenak.

b) Berariazko baremoa (guztizko puntuazioaren %60)

Honako atal hauentzat:

b.1) Landetxeak

b.1.1) Katalogatutako edo ondare historiko bezala inbentariatutako eraikinetan edo arkitektura tradizionalaren eraikin esanguratsuetan ezartzea: %20 gehienez.

b.1.2) Landetxerik ez duten, edo bat edo bi landetxe dituzten herrietan ezartzea: %10 gehienez.

b.1.3) Logelak alokatzen dituzten landetxeen proiektuak: %5 gehienez.

b.1.4) Udalak emandako obra lizentziaren kopia edo, hala badagokio, obra lizentziarik behar ez duela adierazten duen ziurtagiria edo Udalean egindako eskabidearen kopia. %10 gehienez

b.1.5) Donejakue bidean kokatzea (324/1993 Foru Dekretua, urriaren 25ekoa): %5 gehienez.

b.1.6) 30 urtetik beherako gazteek aurkeztutako proiektuak, edo nagusiki horien parte-hartzea dutenak: %10 gehienez.

b.2) Turismo kanpalekuak.

b.2.1) Energia berriztagarriak erabiltzea(*): %10 gehienez.

b.2.2) Udalak emandako obra lizentziaren kopia edo, hala badagokio, obra lizentziarik behar ez duela adierazten duen ziurtagiria edo Udalean egindako eskabidearen kopia. %20 gehienez.

b.2.3) Donejakue bidean kokatzea (324/1993 Foru Dekretua, urriaren 25ekoa), Iruña izan ezik: %10 gehienez.

b.2.4) Eskainitako zerbitzu osagarriak: %20 gehienez.

b.3) Hotelak eta apartamentu turistikoak.

b.3.1) Katalogatutako edo ondare historiko bezala inbentariatutako eraikinetan edo arkitektura tradizionalaren eraikin esanguratsuetan kategoria handiagoa lortzea edo ezartzea: %20 gehienez.

b.3.2) Udalak emandako obra lizentziaren kopia edo, hala badagokio, obra lizentziarik behar ez duela adierazten duen ziurtagiria edo Udalean egindako eskabidearen kopia. %15 gehienez.

b.3.3) Zonaldearen ekoizpen dinamikan ekarpenak egitea: %10 gehienez.

b.3.4) Donejakue bidean kokatzea (324/1993 Foru Dekretua, urriaren 25ekoa), Iruña izan ezik: %5 gehienez.

b.3.5) Energia berriztagarriak erabiltzea*: %10 gehienez.

(*) Energia berriztagarritzat honako hauek hartuko dira: eguzki-energia termikoa, klimatizaziorako xurgagailu bidezko eguzki-energia termikoa, sareari lotu gabeko eguzki-energia fotovoltaikoa, sareari lotu gabeko energia eolikoa eta biomasa bidezko ekoizpena, establezimenduan bertan erabiltzeko. Alde horretatik, instalatzailearentzako aurrekontua aurkeztu beharko da.

b.4) Jatetxeak:

b.4.1) Katalogatutako edo ondare historiko bezala inbentariatutako eraikinetan edo arkitektura tradizionalaren eraikin esanguratsuetan kategoria handiagoa lortzea edo ezartzea: %20 gehienez.

b.4.2) Udalak emandako obra lizentziaren kopia edo, hala badagokio, obra lizentziarik behar ez duela adierazten duen ziurtagiria edo Udalean egindako eskabidearen kopia. %20 gehienez.

b.4.3) Balio gastronomikoetan oinarritutako eskaintza berritzaile eta desberdina: %20 gehienez.

b.5) Aterpetxe turistikoak.

b.5.1) Katalogatutako edo ondare historiko bezala inbentariatutako eraikinetan edo arkitektura tradizionalaren eraikin esanguratsuetan ezartzea: %15 gehienez.

b.5.2) Udalak emandako obra lizentziaren kopia edo, hala badagokio, obra lizentziarik behar ez duela adierazten duen ziurtagiria edo Udalean egindako eskabidearen kopia. %15 gehienez.

b.5.3) Donejakue bidean kokatzea (324/1993 Foru Dekretua, urriaren 25ekoa): %15 gehienez.

b.5.4) 30 urtetik beherako gazteek aurkeztutako proiektuak, edo nagusiki horien parte-hartzea dutenak: %15 gehienez.

b.6) Turismo aktibo eta kulturaleko enpresak.

b.6.1) Sektorearen hobekuntzan ekarpenak egitea: %40 gehienez.

b.6.2) 30 urtetik beherako gazteek aurkeztutako proiektuak, edo nagusiki horien parte-hartzea dutenak: %20 gehienez.

4.4. Eskabideak.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak ezarritako ereduaren araberako eskabideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan. Eskabidea Turismo Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan eskura daiteke:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Behar bezala formalizatu eta betetako eskabidearekin batera, eskaera ereduan zehaztutako agiriak eta, edonola ere, agiri hauek aurkeztuko dira:

a.-Nortasuna:

a.1) NAN/IFZ

a.2) Sozietatearen eskritura edo sozietate berria eratzeko agiria.

a.3) Aldaketa sozialen eskritura (Turismo Erregistroan dagoen dokumentazioa aldatzen bada).

a.4) Notario-ahalordea eta ahaldunaren NANa.

b.-Proiektuari buruzko dokumentazioa:

b.1) Baremoaren atal guztietako inbertsioa justifikatzen duen memoria eta, kasua bada, atal desberdin batean hau justifikatuta:

-Sarbideetako neurrien azalpena, arlo horren inguruko jarduketek ezgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa duten pertsonak babesten dituen erakunderen batek eman beharreko aldeko txostena edukiko duena.

-Proiektuan aplikatutako teknologia berrien azalpena.

-Hartutako ingurumen arloko neurrien azalpena.

-Proiektuaren originaltasunaren, berrikuntzaren eta balio turistikoaren arrazoibidea.

-Kategoria altxatzeko inbertsioak: eskatutako kategoria lortzea ahalbidetzen duten alderdiak.

b.2) Aurrekontua, kontzeptuen arabera zehaztua.

b.3) Inbertsioa egiteko kronograma.

b.4) Ikus-onetsitako obra-proiektua (soilik kotatutako eta altzariz hornitutako solairu-planoak, altxaera planoak, sekzio planoak eta kokapen planoak) edo, halakorik ez bada, obren aurreproiektua. Hala ere, ikus-onetsitako proiektua diru-laguntza eman eta bi hilabeteko gehienezko epean aurkeztu beharko da

b.5) Udalean egindako obra-lizentziaren eskabidearen kopia edo, hala badagokio, obra-lizentzia beraren kopia edo, kasua bada, obra lizentziarik behar ez duela adierazten duen ziurtagiria.

b.6) Ondare historiko gisa inbentariatutako eraikinen zaharberritzeen kasuan, hori egiaztatzen duen ziurtagiria.

b.7) Inbentariatugabeko eta arkitektura tradizionalaren adierazgarri diren eraikinen zaharberritzeen kasuan, haren antzinatasunari buruzko udalaren ziurtagiria.

b.8) 1.200.000,00 euro baino gehiagoko inbertsioen kasuan, bideragarritasun ekonomiko-finantzarioko plana.

b.9) Ingurumen eraginaren adierazpena, horrelakorik badago

c.-Bestelakoak

c.1) Enpresa txiki edo ertainetzat hartzeko betebehar guztiak betetzen ditueneko erantzukizuneko aitorpena, 70/2001 EE Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoaren arabera, Europar Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko gomendioari jarraikiz.

c.2) De minimis araubideko laguntzen kasuan (II. kapituluko I. ataleko kontzeptuengatik), kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan jasotako bestelako de minimis laguntzei buruzko zinpeko aitorpena.

c.3) Diruz laguntzen ahal diren kostuentzako eskatu eta hartutako beste laguntzen zinpeko aitorpena.

c.4) Laguntza transferentziaren bidez jasotzeko eskaria.

c.5) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako egoera debekatu batean ez dagoela dioena, eta luzatzen den ereduaren araberakoa.

4.5. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdiak eskaerak aurkezteko epe bat baino gehiago ezartzen ditu:

-1. Epea: hilabete, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

-2. epea: 2009ko urtarrilaren 1etik 31ra, biak barne.

-3. epea: 2010eko urtarrilaren 1etik 31ra, biak barne.

Aurreko lerroetak adierazitako epeetan aurkeztutako espedienteak ebatzi eta gero aurrekontuak behar adina diru geratzen bada, beste epe bat irekitzen ahalko da urte bakoitzeko irailaren 1etik 15era, hau da, 2008ko, 2009ko eta 2010eko irailaren 1etik 15era, hurrenez hurren. Epe hori, halakorik bada, Nafarroako gobernuaren webgunean argitaratuko da:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

4.6. Eskaerak tramitatu eta haien gainean ebaztea.

a) Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, edo datu edo agiri osagarriak behar izanez gero, interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezala, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

b) Eskabidea behar bezala bete dela eta I. ataleko 2.2. eta II. ataleko 3.2. arauan ageri diren proiekturen batekin bat datorrela egiaztatuta, espedienteak ekonomikoki baloratuko dira 2.3. eta 3.3. arauetan xedatutakoaren arabera eta tramitatu eta lortutako puntuazioaren arabera ebatziko dira, 4.5. araueko baremoaren arabera. Balorazioa hauek eginen dute: Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuko zuzendariak edo hark eskuordetutako pertsonak gidatutako batzorde batek, Antolamendu Ataleko zuzendariak, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Ataleko buruak eta Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuko bi teknikarik; horietako bat idazkari lanetan arituko da.

c) Proposamena ikusita, organo eskudunak laguntzak emateari buruzko ebazpen arrazoitua emanen du, interesdunak "inbertsioak bukatzea" izenarekin aurreikusi eta adierazitako urtearen aurrekontuaren kargura. Inbertsioen bukaera dagokion urtearen azaro edo abendurako aurreikusita dagoen kasuetan, esleipena hurrengo urteko aurrekontuaren kargura eginen da. Esleipena eginen da obra inbertsioaren bidez lortu nahi den establezimenduaren kategoria eta ezaugarrietara egokitzen bada. Halaber, onuradunak bete behar dituen baldintzak eta betekizunak eta ordaintzeko era (zatika edo ordainketa bakarrean) ezarriko ditu.

d) Berariazko ebazpena jakinarazteko, gehienez ere lau hilabete izanen dira, eskaera aurkeztu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori amaitzen bada jakinarazpena egin gabe, eskaera baztertu dela ulertuko da. Ebazteko epea eten eginen da argibide edo agiri osagarriak eskatzen direnean. Etenaldia errekerimendua jakinarazten denean hasi eta eskatzaileak betetzen duenean bukatuko da, edo, bete ezean, emandako epea bukatzean.

e) Laguntzen emakida azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko da, Gobernuaren webgunean:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

4.7. Inbertsioaren justifikazioa.

Inbertsioaren frogak aurkeztu beharko dira horretarako ezarritako inprimakian (Interneten eskuratzen ahal da, goian adierazitako helbidean), inbertsioa zerbitzuan jartzen denetik hilabeteko epean, eta betiere, laguntza zein urtetarako eskatu eta eman den, urte hartako azaroaren 30a baino lehen. Horretarako, onuradunak inbertsioaren amaiera datatzat ezarritakoa izanen da. Laguntzak eman direla jakinarazi baino lehen inbertsioa abiatzen bada, epe hori jakinarazpenaren egunean hasiko da.

4.8. Egiaztatzea eta ordaintzea.

a) Oro har, diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, inbertsioak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela eta inbertsioen justifikazioa bere alderdi guztietan zuzena dela egiaztatu ondoren.

Proiektua onartutako aurrekontuaren %80tik behera gauzatu bada, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak erabaki dezake proiektua ez dela bete eskatzen zen neurrian, eta bidezko izanen du emandako diru-laguntza ezeztatu eta emandako aurrerakina itzultzeko eskatzea.

b) Hala ere, onuradunak eskatuz gero eta dagokion urtean aurrekontuetan nahiko diru badago, ordainketa gehienez ere 4 zatitan egiten ahalko da.

Horretarako, onuradunak dagokion urtearen azaroaren 30a baino lehen justifikatzea aurreikusita duen inbertsioa eskabidean markatu beharko du. Justifikazio hori epe barruan ez aurkezteak dagokion zatiaren galera ekarriko du.

4.9. Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen hartzaileak betebehar hauek ditu:

a) Aurreko puntuan ezarri diren epeetan, egin diren gastuak justifikatzea fakturak aurkeztuz (jatorrizkoa eta kopia edo kopia konpultsatua) eta horien ordainketa frogatzen duten agiriak (eskurako ordainketak eta hartze-agiriak ez dira onartuko), Fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren araberakoak. Frogagiri horiei zenbakizko segida jarri beharko zaie eta, horiekin batera, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak emandako inprimakia aurkeztu beharko da, behar bezala betea.

b) Diru-laguntzaren xede den proiektua ezin bada gauzatu, idatziz jakinaraztea, gutxienez "inbertsioak bukatzeko" aurreikusitako data baino 6 hilabete lehenago. Alderdi horren berri ez bada ematen, hurrengo deialdietan kontzeptu beragatik diru-laguntzak eskatzeko eskubidea galduko da.

c) Sortutako lanpostu kopuruaren berri ematea, emakumezkoenak eta gizonezkoenak desberdinduta.

d) Inbertsioak benetan egin direla eta hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzeko erraztasunak ematea.

e) Diruz lagundutako ondasunak turismo jarduerari atxikirik edukitzea, gutxienez 10 urteko epean, ondasun higiezinen kasuan, eta gutxienez 5 urteko epean, ondasun higigarrien kasuan. Epe horiek diru-laguntza ordaintzen denetik hasiko dira.

f) Diruz lagundutako landetxeek gutxienez urtean 11 hilabetez eskaini beharko dute euren zerbitzua.

g) Diruz lagundutako hoteletan jangela edo jatetxe zerbitzua eskaini beharko zaie bezeroei.

h) Diruz lagundutako establezimenduek kalitate turistikoaren UNE/Q ziurtagiria lortu beharko dute, esleitutako laguntza ordaindu eta bi urteko epean, dagokien araua ez duten modalitateetan izan ezik.

i) Diruz lagundutako jatetxeek bazkari eta afari zerbitzua astean bost egunez eskaini beharko dute ekainetik irailera, eta urritik maiatzerako epean gutxienez 120 egunez (20 asteburu barne). Hiru sardexkako jatetxeetan karta eta menua eskaini beharko dira eta kartak gutxienez ingelesera eta frantsesera itzuli beharko dira.

j) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinaraztea inbertsio horretarako beste diru-laguntzarik eskatu eta lortu ote den.

k) Diru-laguntza jaso aurretik edo, hala balegokio, horren azken epean, jarduera horretarako beharrezko baimenak eskatu dituela egiaztatzea, turismo erregistroaren inskripzioa barne.

l) Landetxearen jabea herri berean bizi ez den kasuetan, erregistroan inskribatzeko eskatzen duenean, establezimenduaren kudeaketa kontratua aurkeztu beharko du, legez balioa duena.

m) Laguntza jasotzen duen jardueraren inguruko informazio guztietan Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela azaldu beharko da, eta obrak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak eta, hala balegokio, Europar Batasunak Egiturazko Funtsen bitartez kofinantzatu dituela adierazten duen plaka bat jarri beharko da toki ikusgarri batean.

n) Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak.

4.10. Laguntzen ezeztapena, arau-hausteak eta zehapenak.

4.9. arauan aipatutako betebeharrak ez betetzeak, onuradunak ematen dituen datu edo informazioetan egindako iruzur edo nahasteak izateak, laguntzak eman eta ordaintzeko funtsezkoak izan diren egintza edo gorabeherak egiaztatzeko lanak oztopatzeak eta ezkutatzeak beraiekin ekarriko dute emandako onurak ezeztatzea eta, bidezko bada, eskuratutakoak itzuli beharra eta berandutze interesak ordainarazi ahal izatea. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan ere bidezko izanen da jasotako laguntzak itzuli behar izatea, eta foru arau horretan adierazitako ondorioak sortuko dira.

4.11. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta arauen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari zuzendua. Bi errekurtso horiek deialdia eta ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean jarri beharko dira, hurrenez hurren.

I. ERANSKINA

Erregioetarako Estatuko laguntzen mapan sartutako udalerrien zerrenda. 2007-2013 eremu iraunkorra

Abaigar, Abartzuza, Abaurregaina, Abaurrepea, Aberin, Aguilar Kodeskoa, Oibar, Allin, Allo, Ameskoabarren, Antzin, Anue, Agoitz, Araitz, Aranaratxe, Artzibar, Arcos (Los), Arellano, Aria, Aribe, Armañantzas, Arroitz, Atetz, Azuelo, Barasoain, Barbarin, Bargota, Basaburua, Baztan, Beire, Betelu, Auritz, Burgi, Busto (El), Cabredo, Kaseda, Gazteluberri, Zirauki, Desojo, Deikaztelu, Erroibar, Ezkaroze, Eslaba, Espartza Zaraitzu, Esprontzeda, Esteribar, Etaio, Eulate, Ezkabarte, Ezporogi, Galipentzu, Galoze, Garaioa, Garde, Garinoain, Garralda, Genevilla, Goñibar, Gorza, Gesalatz, Ibargoiti, Iguzkitza, Imotz, Izaba, Itza, Itzagaondoa, Itzaltzu, Jaurrieta, Txulapain, Lana, Lantz, Lapoblación, Larragoa, Leatxe, Legaria, Leotz, Lerga, Lezaun, Lizoain, Longida, Irunberri, Lukin, Mañeru, Marañon, Mendaza, Metauten, Mirafuentes, Elo, Morentin, Mues, Murieta, Nabaskoze, Nazar, Oko, Otsagabia, Odieta, Olaibar, Olexua, Oloritz, Ollaran, Orbaitzeta, Orbara, Orisoain, Orontze, Orotz-Betelu, Oteitza, Piedramillera, Pitillas, Puiu, Erromantzatua, Erronkari, Orreaga, Zare, Jaitz, San Martin Unx, Santsol, Sartze, Sorlada, Torralba del Río, Torres del Río, Uxue, Ultzama, Untzitibar, Untzue, Urdazubi, Urraulgoiti, Urraulbeiti, Urrotz, Urzainki, Uztarroze, Luzaide, Bidankoze, Villamayor de Monjardin, Hiriberri Aezkoa, Deierri, Zugarramurdi, Zuñiga, Larraun, Lekunberri.

Iragarkiaren kodea: F0806345