60. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

78/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 21ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, toki entitateentzako eta turismo partzuergoentzako diru-laguntzen deialdia onesten duena, 2008tik 2011ra Nafarroan turismo produktuak garatzeko inbertsioetarako.

Turismoak garapen handia eta nabarmena izan du Nafarroan. Ondorioz, beharrezkoa da estrategia eta jarduketa berriak egokitzea esparru horretan sortzen diren erronka eta xede berrietara. Horrek eraman gaitu gure erkidegoan Turismo Produktuak Garatzeko Plana egitera.

Diseinatu den planak lau helburu nagusi ditu: turismo eskaintza lehiakorra, ordenatua eta turismoaren garapenean inplikatutako agenteen artean adostua lortzea; turismo arloan koordinazio integraleko sistema bat definitzea; inbertsioen eraginkortasuna eta eragimena sustatzea; eta Nafarroako lurraldea era orekatuan egituratzea, turismoko helmuga unitate koherenteak eta berezko nortasuna dutenak sortuz.

Plana egiteko, toki entitateen, turismo partzuergoen eta esparruko elkarteen parte-hatzea eta ekarpenak erabili dira. Horren emaitza agiri adostua izan da, eta horixe izanen da gure erkidegoaren etorkizuneko turismoaren garapenaren oinarrizko tresna.

Diru-laguntzen deialdia, ildo horretan, plana praktikan jartzeko funtsezkoa da, bere edukian, planaren printzipioak eta helburuak eta hura garatzeko irizpideak barnean hartzen baititu. Haren helburua da turismo partzuergoek eta toki entitateek turismo produktuak garatzeko sustatzen dituzten inbertsioak babestu eta suspertzea. Ildo horretan, honakorako laguntzak antolatu dira: proiektu eta azterlanak egiteko; urte anitzeko jarduketa planetan helmuga eta produktuen gaineko kalitatezko proiektuen esparruan aurreikusitako inbertsioetarako; eta aurrekontuko 130.000,00 eurotik gorako inbertsioetarako.

Deialdia norgehiagoka ebatziko da, aurrekontuan behar adina diru badago. Horretarako, baremo bat aurreikusi da, atal bakoitzerako lehentasun ordena eta proposatutako inbertsio proiektuari ematen ahal zaion diru-laguntzaren ehunekoa zehaztuko dituena. Barnean hartzen ditu Espainiako turismoko kalitate sistemak bi urtean garatzeko jasotzen dituen helmugen eta/edo helmuga-produktuen gaineko jarduketa proiektuak eta urte anitzeko 130.000,00 eurotik gorako turismo azpiegituretako inbertsio handiak.

Hortaz, kontuan hartuta laguntzak jaso ditzaketen inbertsio motak, beharrezkoa da deialdiaren iraupena luzatzea, proiektuak behar bezala garatu ahal izateko. Ematen diren laguntza motak, inbertsioak egiteko epea eta Turismo Produktuak Garatzeko Planetik etorritako jarduketako metodologia direla eta, gomendagarria da Foru Komunitateko Administrazioaren eta partzuergoen eta toki entitateen arteko lankidetza hitzarmenak formalizatzea. Hori helburu, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, 2008ko martxoaren 31ko Erabakiaren bidez, 2008-2011ko aurrekontuen kontura departamentuak hartzen ahal dituen gehieneko gastu-konpromisoak finkatu ditu.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Toki entitateentzako eta turismo partzuergoentzako diru-laguntzen deialdia onestea, 2008tik 2011ra Nafarroan turismo produktuak garatzeko inbertsioak egin ditzaten, eta dagokion gastua baimentzea. Diru-laguntzak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

EKITALDIA ZENBAT KONTU-SAILA

2008 2.438.895 A10001 A1120 7609 432302 "Hitzarmenak, toki entitateekin, turismo produktuak garatzeko"

2009 1.707.000 2008ko kontu-sailarekiko paraleloa

2010 1.463.000 2008ko kontu-sailarekiko paraleloa

2011 1.219.000 2008ko kontu-sailarekiko paraleloa

2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Foru agindu hau Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Kontu Hartzailetza Delegatuari jakinaraztea, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Beren aldetik, toki entitateek foru agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2008ko apirilaren 21ean.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

2008TIK 2011RA NAFARROAN TURISMO PRODUKTUAK GARATZEKO INBERTSIOAK EGITEKO TOKI ENTITATEENTZAKO ETA TURISMO PARTZUERGOENTZAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIAREN ARAUAK

1. Xedea, onuradunak, laguntza jasoko duten inbertsioak eta aurrekontua.

1. 1.-Xedea.

Arauen xedea da 2008tik 2011ra turismo produktua* garatzen ahal duten azpiegituretan eta ekipamenduetan eginen diren inbertsioetarako laguntzak emateko araubidea ezartzea. Arauek hiru atal ezartzen dituzte:

-I. atala: turismo pruduktuak garatzeko proiektuak, aldez aurreko azterlanak eta bideragarritasun planak egitea.

-II. atala: turismo produktuak garatzeko urte anitzeko jarduketa planetan aurreikusitako inbertsioak, helmugen eta/edo produktuen kalitate proiektuen esparruan planteatutakoak.

-III. atala: inbertsio handiak. 130.000,00 eurotik gorako turismo produktuak garatzeko proiektuak gauzatzea.

(*) Ondorio horietarako, turismo produktutzat jotzen da eskaera turistikoan interesa pizten ahal duten eta erosten ahal diren zerbitzuen multzoa. Ildo horretan, deialdian kontuan hartzen diren azpiegiturek eta ekipamenduek baldintza horiek betetzen dituzten produktuak sortzen lagundu beharko dute.

1. 2.-Onuradunak.

Laguntzak jasotzen ahalko dituzte Nafarroako turismo partzuergoek eta toki entitateek, baldin eta Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala erregistraturik badaude eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean, eta turismo azpiegiturak egin eta kudeatzeko eratzen diren erakunde kudeatzaileek.

1. 3.-Laguntzak jasoko dituzten inbertsioak eta erreferentzialdia.

Deialdian sartzen ahalko dira 2008ko urtarrilaren 1etik 2011ko urriaren 30era bitarte egindako eta fakturatutako inbertsioak, betiere atal bakoitzean ezarritako berariazko baldintzak betetzen badituzte.

Egindako inbertsioen kostua gehi Balio Erantsiaren Zergarako emanen da laguntza. Hala ere, ez da zerga horretarako laguntzarik emanen, entitate onuradunak zerga horri dagokion kenketa egin dezakeenean.

Turismo produktuarekin zuzenean lotutako azpiegiturako inbertsio proiektua sartzen bada turismokoa ez den proiektu zabalago batean, turismo azpiegiturakoa den parterako bakarrik emanen da laguntza.

Azpiegituretan ingurumen aldetik zuzenak diren material eta produktuak erabiliko dira (material birziklatuak, elementu berrerabiliak, energia-galerak murrizteko eta energia-kontsumoa optimizatzeko lagungarri diren isolagailu termikoak edo material erregogorrak; metal astunik edo osagai arriskutsurik gabeko pintura eta bernizak, urpinturak alegia, pigmentu naturalez eginak, KOH ahalik eta gutxien jaulkitzen dutenak; ura aurrezteko gailuz eta emaria mugatzeko mekanismoz hornituriko saneamendu-osagaiak etab.). Edonola ere, Etxegintzaren Kode Teknikoan ezarritako eskakizunak kontuan hartuko dira, ingurumenak jasan dezakeen eragina neurtuko da, kalteak saihesteko edo ahalik eta txikienak izateko neurriak hartuko dira eta energia eragimeneko irizpideak eta ingurumen neurriak integratzen ahalegindu beharko da. Eraikin berriak badira, alderdi hauek zainduko dira gainera: eraikinaren orientazioa, diseinu arkitektonikoa, eraikuntza osasungarria eta instalazio eraginkorrak, ahal dela energia berriztagarriak erabiltzen dituztenak.

Era berean, obretatik eta instalazioetako mantentze-lanetatik datozen hondakinak kudeatzeko sistemak, bilketa sailkatua ahalbidetzen dutenak, aurreikusiko dira.

1. 4.-Aurrekontuko diru-zuzkidura.

Deialdiko konpromisoak aurrera ateratzeko gehienezko aurrekontuko diru-zuzkidura 2008ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Hitzarmenak, toki entitateekin, turismo produktuak garatzeko" izeneko A10001 A1120 7609 432302 kontu-sailaren eta horrekiko 2009., 2010. eta 2011. urteetako kontu-sail paraleloen kontura eginen da, honako zenbateko hauekin:

IZENA URTEA KOPURUA

A10001 A1120 7609 432302 "Hitzarmenak, toki entitateekin, turismo produktuak garatzeko"

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2009 1.707.000

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2010 1.463.000

2008ko kontu-sailarekiko paraleloa 2011 1.219.000

Hala ere, programa berean sartzen diren beste deialdi batzuetako gerakinak, aurkezten diren eskaeren arabera, eta aurrekontuko kontu-sailari Aurrekontuei buruzko Foru Legean urtero ematen zaizkion zenbatekoak gehitzen ahalko zaizkio zenbateko horri.

Adierazten diren zenbatekoak ehuneko hauen arabera zatituko dira, ezarritako atal guztietan:

-I. atala: turismo produktuak garatzeko proiektuak egitea: zenbateko osoaren %10.

-II. atala: turismo produktuak garatzeko urte anitzeko jarduketa planak: zenbateko osoaren %35.

-III. atala: turismo produktuak garatzeko inbertsio handiak: zenbateko osoaren %55.

2008. 2.438.895 243.890 853.613 1.341.392

URTEA

2009. 1.707.000 170.700 597.450 938.850

URTEA

2010. 1.463.000 146.300 512.050 804.650

URTEA

2011. 1.219.000 121.900 426.650 670.450

URTEA

GUZTIRA 6.827.895 682.790 2.389.763 3.755.342

Edonola ere, eta espedienteak aztertu eta deialdiaren ebazpena proposatu ondoren, atalen batean gerakinik egonez gero, zenbateko horiek gainerako atalei gehituko zaizkie, hurrenkera honetan: inbertsio handiak, urte anitzeko planak, proiektuak egitea.

2. -I. atala: turismo produktuak garatzeko proiektuak egitea.

2. 1.-Onartzen diren proiektuak:

a) Deialdiko atal honen arabera, jarduteko 6.000,00 euroko edo gehiagoko aurrekontuko laguntza eskaerak onartzen ahalko dira, betiere kontzeptu hauekin lotuta badaude:

-Turismo azpiegituren gaineko aurreproiektuak eta proiektuak egitea.

-Ekonomiako eta kudeaketako bideragarritasun azterlanak egitea.

-Proiektu baten bideragarritasun teknikoa zehazteko behar diren aldez aurreko azterlanak.

b) Aurreko kontzeptuak III. ataleko turismo proiektuekin lotuko dira eta haien zeregina proiektu horiek gauzatzea izanen da, gehienez ere 4 urteko epean, kontuan hartu gabe beharrezko inbertsioa funts publikoekin finantzatzen den ala ez; bestela, ordaindutako laguntzak itzultzeko eskatzen ahalko da. Ez dute horiek gauzatu beharrik izanen kasuan kasuko bideragarritasun teknikoko eta ekonomikoko azterlanetatik ondorioztatzen bada proiektua bideraezina dela.

c) Epigrafe honetan sartzen diren inbertsioak eskatzen diren urtean berean burutu beharko dira.

2. 2.-Laguntzen zenbatekoa eta muga.

Laguntzak funts galdurako zuzeneko diru-laguntzak izanen dira, onartutako aurrekontuaren %60-%90 artekoa, 2.3 arauan ezarritako baremoan lortutako puntuazioari jarraikiz. Gehienez ere 100.000,00 euro jasoko dira.

LORTUTAKO PUNTUAZIOA DIRU-LAGUNTZAREN EHUNEKOA

50-59 %60

60-69 %70

70-79 %80

>80 %90

-Gutxienez ere %50eko puntuazioa lortzen ez duten proiektuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

-Proiektu baten bideragarritasun teknikoa zehazteko aldez aurreko azterlanek gehienez ere %60ko diru-laguntza jasoko dute.

2. 3.-Baremoa.

Deialdiko 1.4 arauan adierazitako zenbatekoa agortu arteko laguntzak emateko lehentasun hurrenkera ezartzeko, alderdi hauek baloratuko dira:

a) Kalitate maila eta proiektuaren berrikuntza gradua: gehienez ere %20

b) Eskualdeko eta Nafarroako turismo erakarpenerako eta sustapenerako gaitasuna: gehienez ere %20.

c) Proiektuaren iraunkortasun maila: gehienez ere %20.

d) Proiektuan inplikatutako erakunde eta entitateak, kopurua, inplikazio gradua eta populazioa: gehienez ere %20.

e) Azpiproiektuetan turismoko irisgarritasun neurriak hartzea: gehienez ere %20.

3. -II. atala: Helmugak eta/edo helmuga-produktuak garatzeko urte anitzeko jarduketa planetan aurreikusitako inbertsioak.

3. 1.-Onartzen diren proiektuak:

Atal honen arabera, Espainiako turismoko kalitate sistemak jasotzen dituen helmugen eta/edo produktuen kalitate proiektuen esparruan turismo produktuak sortu eta garatzeko urte anitzeko jarduketa plan batean planteatzen diren inbertsio proiektuak eta turismo ekipamenduak, betiere irizpide hauek betetzen badituzte:

-Helmugen eta/edo produktuen kalitate proiektuak lantzea.

-Plan bakoitzeko erakunde kudeatzaileak aurkeztea. Erakunde horrek planaren helburuak eta jarduketa bakoitzarekin lotzen den/diren produktua/produktuak zehaztu beharko ditu. Produktu horiek, betiere, departamentuko Turismo Produktuak Garatzeko Planarekin bat etorri beharko dute.

-Planeko jarduera bakoitzaren aurrekontua gutxienez ere 50.000,00 eurokoa eta gehienez ere 130.000,00 eurokoa izanen da.

-Plan osoaren aurrekontua, betiere, 130.000,00 eurotik gorakoa izanen da.

-Gauzatzeko proiektua duten jarduerak baizik ez dira onartuko, betiere haien jarduketa kronograma aurkeztu eta hurrengo 2 urteen barruan egiten badute. Horretarako, kasu bakoitzean eskatzen dizkieten baimenak eduki beharko dituzte.

-Planeko turismo jarduketak, hau da, turistak onuradun nagusi dituztenak, baizik ez dira kontuan hartuko.

Plan horien barrenean, eta udal bakoitzak egiten dituen jarduketak 130.000,00 eurotik beherakoak badira ere, kontuan hartuko dira onartutako jarduketa guztiak eta planeko aurrekontua, ondorio guztietarako.

3. 2.-Laguntzen zenbatekoa eta mugak.

Laguntzak funts galdurako zuzeneko diru-laguntzak izanen dira, onartutako aurrekontuaren %30-%80 artekoa, 3.3 arauan ezarritako baremoan lortutako puntuazioari jarraikiz. Gehienez ere 600.000,00 euro jasoko dira, 2 urtean.

LORTUTAKO PUNTUAZIOA DIRU-LAGUNTZAREN EHUNEKOA

50-54 %30

55-59 %40

60-69 %50

70-79 %60

80-85 %70

>85 %80

-Iruñeko Udalari kontzeptu horiengatik ematen ahal zaion diru-laguntza %50ekoa izanen da gehienez.

3. 3.-Baremoa.

Deialdiko 1.4 arauan adierazitako zenbatekoa agortu arteko laguntzak emateko lehentasun hurrenkera ezartzeko, alderdi hauek baloratuko dira:

a) Kalitate maila eta proiektuaren berrikuntza gradua: gehienez ere %20

b) Eskualdeko eta Nafarroako turismo erakarpenerako eta sustapenerako gaitasuna: gehienez ere %20

c) Proiektuaren iraunkortasun maila: gehienez ere %20

d) Proiektuan inplikatutako erakunde eta entitateak, kopurua, inplikazio gradua eta populazioa: gehienez ere %20

e) Azpiproiektuetan turismoko irisgarritasun neurriak hartzea: gehienez ere %20

4. -III. atala: turismo produktuak garatzeko inbertsio handiak turismo azpiegituretan. 130.000,00 euro baino gehiagoko inbertsioak.

4. 1.-Onartzen diren proiektuak:

a) Atal honen arabera, azpiegituretan eta ekipamenduetan 130.000,00 euro baino gehiago (BEZa barne) inbertitzen duten proiektuak onartzen ahalko dira, betiere turismo produktuen garapena sustatzen badute eta hauek gauzatzen badituzte:

a. 1) Kirolarekin, kulturarekin, naturarekin edo zerbitzuekin lotutako turismo azpiegitura eta ekipamendu osagarriak, baldin eta eremuko turismo produktu nagusia edo zeharkako produktu bat garatzen laguntzen badute. Halaber, turismo ahalmen handiko bigarren mailako produktu bat garatzen laguntzen duten azpiegitura eta ekipamenduak onartuko dira.

a. 2) Kalitatezko turismo azpiegitura eta ekipamendu oinarrizkoak (ostatua eta jatetxea), esperientzia berritzaileak garatzea errazten badute eta, betiere, eraikinen zaharberritzea eragiten badute. Ostatu-lekuek gutxienez ere urtean 10 hilabetez irekiko dutela eta bezeroei jantokiko zerbitzua eskainiko dietela bermatu beharko dute.

a. 3) Sektorearen dibertsifikaziorako interes nabarmena duten turismo azpiegitura eta ekipamendu oinarrizko eta osagarriak, finantzabidean administrazio publiko bat baino gehiago edo Nafarroako Gobernuko zenbait departamentu partaide dituztenak.

b) Atal honen babesean aurkezten diren inbertsio proiektuak kontuan hartu ahal izateko, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak izan beharko dute.

4. 2.-Laguntzen zenbatekoa eta mugak.

Laguntzak funts galdurako zuzeneko diru-laguntzak izanen dira, onartutako aurrekontuaren %30-%80 artekoa, 4.3 arauan ezarritako baremoan lortutako puntuazioari jarraikiz. Gehienez ere 1.000.000,00 euro jasoko dira, proiektu bakoitzeko.

LORTUTAKO PUNTUAZIOA DIRU-LAGUNTZAREN EHUNEKOA

50-54 %30

55-59 %40

60-69 %50

70-79 %60

80-85 %70

>85 %80

4. 3.-Baremoa.

Deialdiko 1.4 arauan adierazitako zenbatekoa agortu arteko laguntzak emateko lehentasun hurrenkera ezartzeko, alderdi hauek baloratuko dira:

a) Kalitate maila eta proiektuaren berrikuntza gradua: gehienez ere %20

b) Eskualdeko eta Nafarroako turismo erakarpenerako eta sustapenerako gaitasuna: gehienez ere %20.

c) Proiektuaren iraunkortasun maila: gehienez ere %20.

d) Proiektuan inplikatutako erakunde eta entitateak, kopurua, inplikazio gradua eta populazioa: gehienez ere %20.

e) Azpiproiektuetan turismoko irisgarritasun neurriak hartzea: gehienez ere %20.

5. Betekizun eta baldintza orokorrak.

5. 1.-Betekizunak eta baldintzak.

Deialdiko laguntzak baliatu ahal izateko, betekizun eta baldintza hauek bete beharko dira:

a) Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioek eskabidearekin batera aurkeztutako kronograman ezarritakoaren arabera bukatzea, betiere laguntza eskatu eta emanen litzatekeen aurrekontuko ekitaldian. Horretarako, onuradunak inbertsioaren amaiera datatzat ezarritakoa izanen da, betiere deialdian ezarritako epearen barruan.

b) Inbertsioen amaiera deklaratu ondoren, onuradunak gehienez ere 5 hilabeteko epea izanen du establezimendua edo azpiegitura abian jartzeko. Epe hori baliozkoa izanen da, administrazio berari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik betetzen ez denean izan ezik.

c) Diru-laguntzen onuradunek inbertsioa gauzatzen deneko ondasunen jabeak izan beharko dute.

5. 2.-Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntzak norgehiagoka araubideari jarraikiz tramitatuko dira, aurkezturiko eskaerak alderatu eta dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren eta, hurrengo puntuan ezarritako baremoarekin bat, aurrekontuetako dirua bukatu bitarte banatuko dira.

Eskaerak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

5. 3.-Eskaerak.

Proiektu bakoitzerako eskaera formalizatu bana aurkeztuko da. Horiek Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak ezarri duen ereduaren araberakoak izanen dira eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetariko bateko edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira. Mezularitza zerbitzu pribatuak eta atzerriko posta zerbitzuak eskaerak aurkezteko onartuko dira, agiriak deialdietan ezarririko epean eta moduan erregistratzen direnean eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko erregistro osagarrian edo Nafarroako Gobernuko beste edozein erregistrotan erregistratzen direnean.

Eskabidea Turismo Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan eskura daiteke:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/.

5. 4.-Entitate eskatzailea.

Proiektu bakoitzeko eskaera bakarra aurkeztuko du proiektua garatzeko asmoa duen entitateak. Proiektua entitate batek baino gehiagok garatzen badute batera, hura garatuko duten entitateek eskaera batera aurkeztuko dute. Bertan, bakoitzaren partaidetza zehaztuko da, legezko ordezkarien sinadura jarriko da eta horietako bat bakarrik izendatuko da Nafarroako Gobernuko ordezkari.

Zenbait partzuergoren artean aurkeztutako proiektuen kasuan, eskaera bakarrean aurkeztuko dute proiektua, eta bertan adierazi proiektuaren zein zatiz arduratzen den bakoitza. Laguntzaren onuradun, kasu horretan, partzuergoetako bakoitza izanen da eta proiektu osotik bere gain hartutako zatiari dagokiona jasoko du.

Proiektuaren kostu osoaren %10eko parte-hartze ekonomikoa dutenak hartuko dira entitate parte-hartzailetzat.

Behar bezala formalizatu eta betetako eskabidearekin batera, eskaera ereduan zehaztutako agiriak eta, edonola ere, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Toki entitatearen/entitateen erabakiaren ziurtagiria, proiektua aurrera eramateko konpromisoa hartzen duela/dutela frogatzen duena.

b) Proiektuari buruzko dokumentazioa:

b. 1) Baremoko atal guztietako -kontuan hartzea nahi direnak- inbertsioa justifikatzen duen memoria*.

b. 2) II. atalean ezarritako eskaerek, azpiproiektu bakoitzaren justifikazioko memoriaz gain, "urte anitzeko jarduketa plana" aurkeztu beharko dute, eta hartan justifikatu planaren jatorria, aurreikusitako jarduketak egin beharra ikusten lagundu duten analisi edo azterlanak eta azken helburua.

b. 3) Aurrekontua, kontzeptuen arabera zehaztua.

b. 4) Inbertsioa egiteko kronograma.

b. 5) Gauzatze proiektua, horrelakorik badago, eta egindako eskaera proiektua prestatzeko ez bada.

b. 6) Bideragarritasun ekonomiko-finantzarioko plana, horrelakorik badago, eta egindako eskaera proiektua prestatzeko ez bada.

b. 7) Inbertsioak kudeatzeko plana, horrelakorik badago, eta egindako eskaera proiektua prestatzeko ez bada.

b. 8) Kasu bakoitzean eskumena duten organoek emandako baimenen edo aldeko txostenen kopia.

b. 9) Ondare historiko gisa inbentariatutako eraikinen zaharberritzeen kasuan, hori frogatzen duen ziurtagiria.

b. 10) Inbentariatugabeko eta arkitektura tradizionalaren adierazgarri diren eraikinen zaharberritzeen kasuan, haren antzinatasunari buruzko udalaren ziurtagiria.

b. 11) Ingurumen eraginaren adierazpena, horrelakorik badago.

-Eredutzat hartuko da horretarako prestatutako plantilla, deialdiari buruzko informazioa lortzeko webgunean eskura dagoena:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

c) Bestelakoak

c. 1) Ondasun higiezinak erabilgarri dituztela frogatzeko agiria, horrelakorik badago. Halaber, hirigintza agiririk tramitatu eta onetsi bada jarduketa horrekin loturik, ziurtagiriak gorabehera horren berri eman beharko du.

c. 2) Proiektu berarentzako eskatu eta hartutako beste laguntzen zinpeko aitorpena

c. 4) Luzatzen den ereduaren araberako erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako egoera debekaturen batean ez dagoela dioena.

d) Lankidetza hitzarmena sinatu aurreko dokumentazioa, horrelakorik badago:

d. 1) Hitzarmenaren testua onesten duen udalaren edo dagokion batzordearen erabakia.

d. 2) Aurreikusitako finantzabidearen aitorpena

5. 5.-Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdiak eskaerak aurkezteko epe bat baino gehiago ezartzen ditu:

-1.er epea: hilabete, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

-2. epea: 2009ko urtarrilaren 1etik 31ra, biak barne.

-3.er epea: 2010eko urtarrilaren 1etik 31ra, biak barne.

Aurreko lerroetan adierazitako epeetan aurkeztutako espedienteak ebatzi eta gero aurrekontuan behar adina diru geratzen bada, beste epe bat irekitzen ahalko da, urte bakoitzeko irailaren 1etik 15era, hau da, 2008ko, 2009ko eta 2010eko irailaren 1etik 15era, hurrenez hurren. Bigarren epe hori, halakorik bada, Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

5. 6.-Eskaerak tramitatu eta haien gainean ebaztea.

a) Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, edo datu edo agiri osagarriak behar izanez gero, interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezala, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

b) Eskabidea behar bezala bete dela eta kasuan kasuko ataleko proiektuekin bat datorrela egiaztaturik, horien balorazio ekonomikoa eginen da, baremoari jarraikiz, eta lortutako puntuazioaren arabera ebatziko dira, baldin eta aurrekontuan horretarako behar adina diru badago. Balorazioa hauek eginen dute: Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuko zuzendariak edo hark eskuordetutako pertsonak gidatutako batzorde batek, eta Marketinaren Zerbitzuko zuzendariak edo hark eskuordetutako pertsonak, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Ataleko buruak eta Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuko bi teknikarik; horietako bat idazkari lanetan arituko da.

c) Proposamena ikusirik, Turismoko zuzendari nagusiak diru-laguntzak emateari buruzko ebazpen arrazoitua emanen du, eta interesdunari jakinaraziko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoarekin bat. Hauxe hartuko da kontuan:

c. 1) I. atalaren arabera egindako eskaeren kasuan, ebazpenak emandako laguntzak adieraziko ditu eta onuradunak bete beharreko baldintza eta betekizunak, bai eta ordaintzeko modua ere, ezarriko ditu.

c. 2) Gainerako atalen arabera egindako eskaeren kasuan, ebazpenak lanak egiteko emandako diru-laguntzak adieraziko ditu eta proiektua zein baldintzatan eginen den arautzen duen lankidetza hitzarmena onetsiko du. Horretarako, aldez aurretik, onuradunarekin adostuko dira lanak gauzatzeko baldintza zehatzak, aipatutako lankidetza hitzarmenean bilduko direnak. Edonola ere, eta hori sinatu baino lehen, entitate eskatzaileek 5.4 arauan ezarritako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

d) Berariazko ebazpena jakinarazteko, gehienez ere lau hilabete izanen dira, eskaera aurkeztu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori amaitzen bada jakinarazpena egin gabe, eskaera baztertu dela ulertuko da. Ebazteko epea eten eginen da argibide edo agiri osagarriak eskatzen direnean. Etenaldia errekerimendua jakinarazten denean hasi, eta eskatzaileak betetzen duenean bukatuko da, edo, bete ezean, emandako epea bukatzean.

e) Laguntzen emakida azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko da, Gobernuaren webgunean:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

5. 7.-Inbertsioaren justifikazioa eta ordainketa.

Inbertsioaren frogagiriak horretarako ezarritako inprimakiarekin bat aurkeztu beharko dira, dagokion ebazpenean edo sinatutako hitzarmenean adierazitako epeetan edo, bestela, I. atalaren arabera egindako eskaeren kasuan, laguntzak emateko ebazpenean adierazitakoetan.

Laguntzen ordainketa aurreratzen ahal da, inbertsioa modu egokian aurrera eramateko beharrezkoa denean. Horrelakoetan, lankidetza hitzarmenean edo dagokion ebazpenean zehaztuko da aurrerakinak zein baldintzatan eginen diren. 60.000,00 eurotik gorako aurrerakinak direnean, ematen den aurrerakinaren adinako bermea eskatuko da, salbu eta eskatzailea administrazio publiko bat bada.

Nolanahi ere, diru-laguntza aurrerakin horien ordainketa obligazio onartuei aurre egiteko aurreikusirik dauden funts likidoen egoeraren menpe egonen da. Hortaz, aurrerakinak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki baimendu beharko ditu.

5. 8.-Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen hartzaileak betebehar hauek ditu:

a) Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak egitea eta horiek justifikatzea, diru-laguntza emateko ebazpenean edo dagokion hitzarmenean ezarritako epeetan edo, ezarrita ez badago, dagozkion fakturak (jatorrizkoa eta kopia) eta horien ordainketa frogatzen duten agiriak (eskurako ordainketak eta hartze-agiriak ez dira onartuko) aurkeztuz. Fakturek Fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretua bete beharko dute. Frogagiri horiei zenbakizko segida jarri beharko zaie eta, horiekin batera, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak emandako inprimakia aurkeztu beharko da, behar bezala betea.

b) Diru-laguntzaren xede den proiektua ezin bada gauzatu, idatziz jakinaraztea, gutxienez "inbertsioak bukatzeko" aurreikusitako data baino 6 hilabete lehenago. Alderdi horren berri ez bada ematen, deialdi honetan eta hurrengoan kontzeptu beragatik diru-laguntzak eskatzeko eskubidea galduko da.

c) Inbertsioak benetan egin direla eta hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzeko erraztasunak ematea.

d) Diru-laguntzaren xede diren ondasunak turismo jarduerari atxikita mantentzea, hitzarmenean ezarritako epean.

e) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinaraztea inbertsio horretarako beste diru-laguntzarik eskatu eta lortu ote den.

f) Laguntzaren xede den jarduerari buruzko informazio guztietan adieraztea Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza dela. Ageriko leku batean paratzea obrak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak kofinantzatu dituela adierazten duen plaka bat.

j) Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak.

5. 9.-Laguntzen ezeztapena, arau-hausteak eta zehapenak.

5.8 arauan aipatutako baldintzak ez betetzeak, onuradunak ematen dituen datu edo informazioetan egindako iruzur edo nahasteak izateak, laguntzak eman eta ordaintzeko funtsezkoak izan diren egintza edo gorabeherak egiaztatzeko lanak oztopatzeak eta ezkutatzeak berarekin ekarriko du emandako onurak ezeztatzea eta, bidezko bada, eskuratutakoak itzuli beharra eta berandutze interesak ordainarazi ahal izatea. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan ere bidezko izanen da jasotako laguntzak itzuli behar izatea, eta foru arau horretan adierazitako ondorioak sortuko dira.

5. 10.-Azken xedapena.

Deialdiaren eta arauen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari zuzendua. Bi errekurtso horiek deialdia eta ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean jarri beharko dira, hurrenez hurren.

Beren aldetik, toki entitateek foru agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iragarkiaren kodea: F0806346