60. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

196/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 30ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana. Honen bidez aldatzen da 1998ko urtarrilaren 26an Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emandako Foru Agindua, Nafarroan hasten diren mahastizaintza eta ardogintzako produktuen komunitate barneko garraioan eraman beharreko agiriei buruzko arauak ematen dituena, bai eta sektore horretan izan behar diren erregistroei buruzkoak ere.

Otsailaren 10eko 34/1997 Foru Dekretuak eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1998ko urtarrilaren 26an emandako Foru Aginduak Nafarroan hasten diren mahastizaintza eta ardogintzako produktuen komunitate barneko garraioan eraman beharreko agiriei buruzko arauak eman zituzten, bai eta sektore horretan izan behar diren erregistroei buruzkoak ere, (EEE) 2238/93 Erregelamendua aplikatzeko.

Batzordeak 2001eko apirilaren 24an emandako (EE) 884/2001 Erregelamenduaren bitartez, arauak eman ziren mahastizaintza eta ardogintzako produktuen garraioan eraman beharreko agiriei eta bai sektore horretan izan behar diren erregistroei buruz ere.

12. artikuluak ezartzen du erregistroak hurrenkeraz zenbakitutako orri finkoz osatuak izan behar dutela edo, bestela, agintari eskudunek ontzat emandako kontabilitate modernoko elementuz, betiere erregistroetan eman beharreko datuak elementu horietan jasotzen badira.

21. artikuluak (EEE) 2238/93 Erregelamendua indargabetzen du, eta ezartzen du Erregelamendu hari buruz esaten dena Erregelamendu honi buruz esandakotzat hartu behar dela.

Mahastizaintza sektorearen kontrol esparrua eta kalitate figurak zabaldu egin direnez, eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) sektore horretako operadore gehienek erabiltzen dituztenez, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak uste du mahastizaintzako establezimendu guztietara zabaldu behar dela erregistro informatikoak eraman ditzaketen operadoreen lerruna.

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-11. artikulua aldatzea honako foru agindu honetan: 1998ko urtarrilaren 26an emandako Foru Agindua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroan hasten diren mahastizaintza eta ardogintzako produktuen komunitate barneko garraioan eraman beharreko agiriei buruzko arauak eman ziren, bai eta sektore horretan izan behar diren erregistroei buruzkoak ere.

"Ardoaren mugimenduen erregistro liburuak sistema informatikoz eraman nahi dituzten mahastizaintzako establezimentuek eskaera egin behar diote EVENA Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroari. Behar bezala eramateko behar adinako bitartekoak badituzten azterturik, indarrean diren arauen arabera, EVENAren zuzendari kudeatzaileak espresuki emandako ebazpenez baimendu edo ukatuko zaie proposatutako sistema informatikoa erabiltzea."

Azken xedapena.-Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko apirilaren 30ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0806844