60. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

135/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 7koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, abeltzaintzako saneamendu kanpainetan azienda mugitzeko debekuaren edo osasun arrazoiengatik ustiategia hustu beharraren ondorioz abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko arauak ezartzen dituena, eta 2008rako deialdia onesten duena.

Desagerrarazte programei lotutako gaixotasunek murrizketak ezartzen dituzte maiz aziendaren mugimenduan eta hiltzean. Programa horiek ustiategia osasun arrazoiengatik hustu beharra ekar dezakete eta, halakoetan, produkziorik gabeko aldia abereak berriz sartu arte luza daitekeenez, galera ekonomiko handia sortzen zaio abeltzaintzako ustiategiari.

Azienda ustiategitik ateratzeko debekua ere ekar dezakete programa horiek, eta herrilurretako larreak aprobetxatzea galarazten du (araubide estentsiboko ustiategi askoren produkzio oinarri dira) eta, zezenketarako behi-aziendako ustiategietan, berriz, debeku horrek galarazi egiten du abereak hiltzen ez direneko festa ikuskizunetara eramatea, kontuan hartuta horixe dela halako ustiategiek Foru Komunitatean duten diru iturri nagusia.

Indarra duen araudiak kalte-ordain batzuk ezarri ditu abere horiek hil beharrak sortzen duen galera ekonomikoa arintzeko. Dena dela, kalte-ordain horiek ez dituzte kontuan hartzen kasu bakoitzean ezarritako murrizketen ondorioz ekoizleek izaten dituzten urritze ekonomikoak, alegia, batzuetan ustiategiko dirusarreren ehuneko handi bat galtzea ekartzen ahal dutenak.

Horregatik, beharrezkoa da jabeari sortutako kalteengatik ordaina emateko bideak ezartzea, osasun egoeraren erantzuleak ez diren kasuetarako, neurri horien bidez kaltea jasan duen ustiategiaren jarraipena arriskuan jartzea saihestuz. Laguntza hauen bitartez, azken batean, halako arrazoiengatik jarduera ez uztea bultzatu nahi da.

Deialdi honetako laguntzak Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1857/2006 (EE) Erregelamenduaren 10. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira. Erregelamendu hori nekazaritzako produktuak ekoizten dituzten enpresa txiki eta ertainetarako Estatuko laguntzei EE Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, eta 70/2001 (EE) Erregelamendua aldatu du (AO L 358, 2006-12-16, 3-21 or.).

Era berean, Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen 39. artikuluak dio abeltzainaren errentarako laguntzak sortuko direla, ustiategiko jardueraren geldialdiak irauten duen bitarterako.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Abeltzaintzako saneamendu kanpainetan azienda mugitzeko debekuaren edo osasun arrazoiengatik ustiategia hustu beharraren ondorioz abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko 2008. urterako deialdia onestea.

2. Deialdiaren arauak onestea. Arau horiek foru agindu honen eranskinean daude.

3. 150.000 euroko gastua baimentzea, foru agindu honetatik sortutako gastu konpromisoetarako, 2008ko Gastuen Aurrekontuko 711000 71320 7700 412200 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2008ko apirilaren 7an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

I. ERANSKINA

Abeltzaintzako saneamendu kanpainetan azienda mugitzeko debekuaren edo osasunarrazoiengatik ustiategiahustu beharraren ondorioz abeltzaintzako ustiategi laguntzak emateko 2008. urterako deialdiaren arauak

Lehena.-Xedea eta diruz lagundu daitezkeen egoerak.

1. Foru agindu honen xedea da abeltzaintzako ustiategiek lortu ez duten irabazia ekonomikoki konpentsatzeko laguntzak ezartzea, abenduaren 20ko 2611/1996 Errege Dekretuan ezarritako planetan ageri diren gaixotasunak desagerrarazteko nahitaezko osasun neurriak aplikatzen direnean jarduera utzi ez dadin. Dekretu horrek gaixotasunak desagerrarazteko programa nazionalak arautzen ditu.

2. Epizootien Nazioarteko Bulegoan eta Kontseiluaren 90/424/EEE Erabakiaren eranskinean azaltzen diren abereen gaixotasunen zerrendako gaixotasunak direla-eta emanen da laguntza.

3. Berrogeialdiko betebeharrengatik abeltzaintzako ustiategiek dirusarreretan izaten dituzten galeren ondoriozkoak dira diruz lagundu daitezkeen egoerak. Horien artean dago ustiategia osasun arrazoiengatik hustu beharra, bai eta herrilurretako larreak aprobetxatu ezina eta abereak festa ikuskizunetara eraman ezina ere.

4. Foru agindu honen ondorioetarako, "ustiategia osasun arrazoiengatik hustu beharra" jarduerarik gabeko denbora aldi bat da, hau da, ustiategiko abere guztiak nahitaez hil behar direnetik beste batzuk sartu artekoa. Berrogeialdiak hiru hilabete ditu gehienez eta hilabete bat gutxienez, ustiategiko azken aberea hiltzen denetik hasita. Berrogeialdia hilabete batetik gorakoa eta hiru hilabetetik beherakoa bada, ustiategia jarduerarik gabe egiazki zenbat egunez egon den hartuko da kontuan.

5. "Zezenketarako aziendaren ustiategi batean lortu gabeko irabazia" da abereak garraiatzeko osasun murrizketa, horrela abereak festa ikuskizunetara eramatea edo abeltzaintzari lotutako beste dirusarrera batzuk izatea galarazten baita.

Bigarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoa eta muga.

1. Agintaritza publikoak onartutako gaixotasunen ondoriozko galeretarako soilik izanen da laguntza.

2. Laguntzen zenbatekoa foru agindu honen II. eranskineko taulan lortutako kalkuluetan oinarrituz zehaztuko da, osasun murrizketak ustiategiaren merkataritza jarduerari aplikatzeko aldia kontuan hartuta, eta ez du frogatutako galeren %100a gaindituko.

3. Ustiategi bakoitzeko laguntzen zenbatekoa 72.000 eurokoa izanen da gehienez.

Hirugarrena.-Onuradunak eta laguntza lortzeko betebeharrak.

1. Laguntzen onuradunak abeltzaintzako ustiategien titularrak izanen dira, baldin eta azienda mugitzeko murrizketak ezarri eta lehenengo arauan azaldutako egoeretakoren batean badaude.

2. Ez dute laguntza lortzerik izanen foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten edo abereen osasunari buruzko edozein araudi betetzen ez duten eskatzaileek. Halaber, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 40. artikuluan aurreikusita dauden gainerako baztertze arrazoiak aplikatuko dira.

3. Foru agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratu ahal izateko, betebehar hauek izanen dituzte onuradunek:

a) Beharrezkoak diren saneamendu kanpainak egitea Abeltzaintza Zerbitzuak ezarritako epean, eta lan hori egiteko ardura duten saneamendu ekipoei ahalik eta gehien lagunduz.

b) Abeltzaintza Zerbitzuko albaitari ofizialei laguntza ematea, gaixotasuna desagerrarazteko eskatzen diren osasun jarduketa guztietan.

c) Ustiategiko titularrak saneamendu kanpainaren xede den gaixotasun batengatik antzeko laguntzarik lortu ez izana gaixotasuna diagnostikatu aurreko bi urteetan.

d) Nekazaritzako gizarte segurantzan alta emanda egotea. Sozietateen kasuan, bazkideen %50ak gutxienez bete beharko du baldintza hau.

Laugarrena.-Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

1. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistrora igorriko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan aurkez daitezke.

2. Eskaerak aurkezteko hiru hilabeteko epea izanen da, abereak mugitu gabe edukitzeko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

3. Laguntza eskaerekin batera, baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Abereak mugitu gabe edukitzeko jakinarazpen ofizialaren data edo, hala denean, ustiategia osasun arrazoiengatik hustekoari dagokiona.

b) Hala denean, azken aberea hil eta ustiategia hustu dela frogatzen duen agiria eta beste abere batzuk sartu eta abeltzaintzako jarduerarik gabeko aldia bukatu dela frogatzeko agiria.

c) Herrilurretako larreak aprobetxatu ezinaren ondorioz irabazirik lortzen ez denean, jatorri eta osasun gidak edo aurreko hiru urteetan edo ustiategiko jarduera hasiz geroztik larreak aprobetxatu direla frogatzen duen beste agiriren bat.

d) Zezenketarako aziendaren ustiategietan irabazirik lortzen ez denean, administrazio publikoekin sinatutako kontratuak, abereak mugitu ezin diren aldian festa ikuskizunetan zezenketako abereak izan beharra frogatzen dutenak, bai eta ustiategi mota horretan negozio galera izan dela frogatzeko beste edozein agiri ere, abereak ez mugitzeko jakinarazpen ofizialaren data baino lehen sinatutakoa betiere.

e) Kasu guztietan, idatziz hitz eman behar dute ustiategiko jarduera hiru urtez gutxienez mantenduko dutela, gaixotasuna azken aldiz diagnostikatu zen egunetik hasita.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez daudela dioen aitorpena.

g) Zergen eta Gizarte Segurantzaren arloetako betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ..............., nire izenean/....................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, ..... urtean, Nafarroan ..................... diru-laguntzak tramitatzeko prozeduran, nik/ordezten dudan entitateak zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko".

h) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta/edo Sozietateen gaineko Zergaren azken hiru urteotan aitorpena.

i) Ustiategiko kudeaketaren liburu ekonomikoa, ustiategiak azken urtean izandako gastuak eta dirusarrerak azalduko dituena.

Bosgarrena.-Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

Diru-laguntza hauek banakako ebaluazio prozeduraren bidez emanen dira.

Seigarrena.-Ebaluazio organoa.

Eskaerak Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu.

Zazpigarrena.-Deialdia antolatu, tramitatu eta bukatutzat ematea.

1. Eskaera harturik, hirugarren eta laugarren arauetan ezarritako betebeharrak betetzen dituen egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, interesdunari eskatuko zaio hamabost eguneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Halaxe jakinaraziko zaio.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 6 hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Zortzigarrena.-Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Bederatzigarrena.-Ordaintzeko modua eta epeak.

Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, laguntzaren kontzesioa ebatzi eta gero.

Hamargarrena.-Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Diru-laguntzaren onuradunek ustiategiko jarduera hiru urtez gutxienez mantendu beharko dute, gaixotasuna diagnostikatu zen egunetik hasita. Era berean, gaixotasuna deklaratu zen egunean zeuzkaten ALUen %80 gutxienez mantendu beharko dute.

Hamaikagarrena.-Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Foru agindu hau aplikatuta ematen diren laguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, xede bererako emandako beste laguntza batzuekin.

Hamabigarrena.-Ez-betetzeak.

1. Arau hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntzak galdu eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, eta zehapenak ere sortzen ahal dira horren ondorioz.

2. Hamargarren arauak aipatzen duen ez-betetzeak berarekin ekarriko du laguntza osorik itzuli beharra, diru-laguntza ordaintzen den egunetik hasita legez dagozkion interesak barne.

Hamahirugarrena.-Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hamalaugarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Hamabosgarrena.-2007. urterako laguntzak.

2007. urtean abereak mugitzeko debekua edo ustiategia husteko agindua izan dutenentzat hiru hilabeteko epea ezarri da eskaerak aurkezteko, foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

1. Ustiategia hustu behar izanaren ondoriozko laguntzaren kalkulua.

JARDUERA UNITATEAK MARJINA GORDINA

Haragitarako behi-azienda Behi heldua 626,24

Esnetarako behi-azienda Litroak/kuota/urtean 0,18

Haragitarako ardi-azienda Ardi heldua 23,45

Esnetarako ardi-azienda Ardi heldua 107,73

Laguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da: ustiategia husteko datari dagokion ustiategiko zentsua edo esne kuota aurreko taulan ezarritako urteko marjina gordinaren balioaz biderkatuta ateratzen dena. Urteko zenbateko hori 365ez zatituta eguneko zenbatekoa aterako da eta hori ustiategiaren huste aldiaz biderkatuko da.

2. Herrilurretako larreak aprobetxatu ezinaren ondoriozko laguntzaren kalkulua.

-Haragitarako behi-azienda.

1. Bigak (8-30 hilabete) 0,871 euro/egunean.

2. Behi heldua 1,323 euro/egunean.

-Ardi-azienda.

1. Ardi heldua 0,180 euro/egunean.

Banakako balioa biderkatuko da aurreko hiru urteetan edo jardueraren hasieratik larreak aprobetxatu dituzten abereen eta izan diren egunen batez bestekoaz (aprobetxamendu hori agiri bidez frogatu beharko da).

3. Zezenketarako abereak mugitu ezinaren ondoriozko laguntza kalkulatzea.

-Entitate publikoekin edo onartuekin sinatutako kontratuen balioa, gaixotasuna diagnostikatu aurrekoak eta abereak mugitzeko debeku aldian gauzatzekoak diren kontratuak hain zuzen, ken gastuen %20a.

-Beste justifikazio batzuk Abeltzaintza Zerbitzuak baloratuko ditu merkatu azterketa ekonomikoetan eta abeltzaintza ustiategiaren azterketa ekonomikoan oinarrituta, dirusarrerak eta gastuak azalduko baitituzte.

Iragarkiaren kodea: F0805614