60. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

58/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 25ekoa, Hezkuntza kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioek neurri batean ordaindutako baimena izateko baldintzak ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko 2007-2011 itunak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eta CCOO, AFAPNA, UGT, CSI-CSIF eta STEE-EILAS sindikatuek sinatuak, urte sabatikoa edo neurri batean ordaindutako baimena aurreikusten du II.c) atalean, hau da, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioek ikasturte batean zerbitzurik egin gabe ordainsarien zati bat jasotzea.

Aipatu itunean, neurri batean ordaindutako baimenaren erregulazioak jarraitu beharreko irizpideak ezartzen dira: besteak beste, bost ikasturte jarraituetarako dela, lehendabiziko lauetan lanaldi osoko zerbitzua emanen dela bosgarrenean baimena izateko, bost ikasturte osoetan ordainsarien %84 jasota.

2008ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2008 Foru Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriak Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen baimen neurri batean ordaindua eransten dio legeriari, bost ikasturte jarraituetarako baimena, hain zuzen. Lehendabiziko lauetan lanaldi osoko zerbitzua eginen da eta ordainsarien %84 jasoko; aldiz, bosgarren ikasturtean, ez da zerbitzurik emanen eta portzentaje bereko ordainsari partziala jasoko da.

Araubide honen onuradun izateko, hamabost urtez bederen irakasle lanetan aritu izana eskatzen du legeak; gainerako baldintza eta beharkizunak erregelamendu bidez garatuko direla dio eta Hezkuntza kontseilariari ematen zaio ahalmena erregulazio horretarako. Hartara egokitu beharko dira Hezkuntza Departamentuan langileriaren arloan eskumena duen organoak onesten dituen deialdiak.

Azkenik, aipatu Foru Legeak aukera ematen du 2007-2008 ikasturte hasieratik gauzatzeko neurri batean ordainduko baimena; horretarako, interesdunek eskaera aurkeztuta, aurreko hilabeteei dagozkien soldaten deskontua egiteko zer prozedura erabili zehaztu beharko da.

Horrenbestez, bidezko da, foru agindu honen bitartez, neurri batean ordaindutako baimena eskuratzeko baldintza eta beharkizunak arautzea.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuaren 2008ko apirilaren 22ko irizpenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluko ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 2008ko Foru Legearen hamahirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako baimen neurri batean ordaindua izateko baldintzak arautzea du xede foru agindu honek, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioek eska baitezakete.

2. artikulua. Nori dagokion.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioek dute eskubidea neurri batean ordaindutako baimena eskatzeko; betiere, foru agindu honetan ezarritako baldintza eta beharkizunak betez gero.

3. artikulua. Baimenaren iraunaldia eta ordainsariak.

1. Neurri batean ordaindutako baimena bost urte jarraitukoa izanen da; aurreko lauetan, lanaldi osoko zerbitzua eginen da eta bosgarrenean hartuko da baimena, zerbitzurik eman gabe.

Ez da inoiz bost urteko epe hori luzatuko.

2. Baimenak irauten duen bost urteetan, funtzionarioak lanaldi osoko zerbitzuak egiteagatik dagozkion ordainsarien %84 jasoko du, gizarte kotizazioak eta deskontuak proportzio berean gutxituta.

3. Foru agindu honetan aurreikusitako ondorioetarako, urteak aipatzen direnean ikasturte osoak esan nahi dira.

4. artikulua. Deialdia, eskatzeko epeak eta eredua.

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan langileria arloan eskumena duen organoak, ikasturte bakoitzean, deialdi bat egin ahalko du hurrengo ikasturtean foru agindu honetan araututako neurriaren onura zenbat irakasle funtzionariok izan dezaketen zehaztearren.

2. Neurri batean ordaindutako baimena eskuratzeko eskaerak, deialdiaren ebazpenak onetsitako ereduaren arabera beteak, deialdian zehaztutako epean aurkeztuko dira eta, onartzen badira, hurrengo ikasturtearen hasieratik izanen dute ondorioa.

5. artikulua. Eskatzaileen betebeharrak.

1. Neurri batean ordaindutako baimena izateko, eskatzaileek beharkizun hauek beteko dituzte:

a) Karrerako funtzionario izatea, unibertsitatez kanpoko irakasleen kidego batekoa, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende.

b) Gutxienez, hamabost urtez zerbitzu emana izatea irakaskuntzan, unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan. Horretarako, karrerako funtzionario zein bitarteko gisa zerbitzuan egindako urteak kontatuko dira, baita aldi baterako kontratudun gisa egindakoak ere, kontratua administratiboa zein lanekoa izan.

c) Jardunean egotea.

d) Zehapenen bat betetzen ez egotea, hutsegite larri edo oso larri batek eragindako diziplinako espediente baten ondorioz.

e) Ezintasunaren gaineko espedienteren bat tramitatzen ez egotea.

f) Zein ikasturtetan hartu gogo duen baimena, haren aurrekoan berrogeita hamabost urte edo gehiago ez izatea.

2. Zein deialditarako aurkezten diren eskaerak, hartarako epea bukatzean bete beharko dira aurreko atalean aipatu baldintza guztiak, eta haien jabe izan beharko da neurri batean ordaindutako baimenak dirauen bitartean, f) atalean ezarritakoa izan ezik.

6. artikulua. Eskaeraren gaineko ebazpena.

1. Egiten diren eskaerak ikusita, eta eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatuta, deialdian adierazitako epean onetsiko da baimena eman edo ukatzen duen ebazpena.

2. Foru agindu honetan araututako baimena lortzeko eskatzen diren baldintzak beterik, aurkeztutako eskaeren kopurua ikasturterako deialdian sartutako plazen kopurua baino handiagoa bada, irizpide hauek hartuko dira kontuan, hurrenez hurren, baimenak emateko:

a) Honelako baimenak edo ikasketetarako lizentziak eskuratu ez izatea foru agindu honek indarra hartzen duenetik aitzina.

b) Zeinek duen zerbitzu urte gehiago zuzeneko irakaskuntzan, gaur egun Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan.

c) Zeinek duen antzinatasun handiagoa karrerako funtzionario gisa irakaskuntzako kidegoetan.

Ondorio horiekin, abenduaren 30eko 31/1991 Legearen hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriaren bidez kidegoetan sartuta dauden langileei lehen zerbitzu-urtea kenduko zaie, praktiketako alditzat hartuko baita.

Iruñeko eta beste toki entitateetako ikastoletatik etorritako funtzionarioei Iruñeko Udalarekin edo beste toki entitate horrekin lan-kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak hartuko zaizkie kontuan, lehen zerbitzu-urtea izan ezik.

d) Zein den adin handieneko interesduna.

7. artikulua. Egoera administratiboa eta ondorioak.

1. Neurri batean ordaindutako baimena eskuratzen duten funtzionarioak jardunean egonen dira baimenaren bost urtean, eta bosgarrenean izanen dute eskubidea beren plaza eta behin betiko destinoa gordetzeko. Denbora hori kontuan hartuko zaie antzinatasunerako eta eskubide pasiboetarako.

2. Neurri batean ordaindutako baimena bateraezina da beste edozein jarduera ordaindurekin -profesionala edo lanekoa- bosgarren urtean. Agindu hau betetzen ez bada, diziplinazko erantzukizuna izanen du ondorio.

3. Neurri honen onuradunek ezin dute zuzendaritzako posturik izan neurri batean ordaindutako baimenaren azken ikasturtean, eta zuzendaritza karguari uko egiteko edo hura ez berritzeko konpromisoa eskatuko zaie zerbitzu gabeko baimenaren bosgarren urtea hartu baino lehen.

8. artikulua. Bateragarritasuna beste lizentzia edo baimen batzuekin.

1. Neurri batean ordaindutako baimenaren araubidea bateragarria da urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuan aurreikusitako lizentzia eta baimen ordainduekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta erakunde autonomoetako funtzionarioei aplikatzen zaizkien opor, lizentzia eta baimenak arautzen baititu; orobat, egungo araudiari jarraituz aplikatzen diren baimen edo ordu murrizketekin, ordainsariak gutxitzea ez badakarte.

2. Neurri batean ordaindutako baimena, foru agindu honetan arautua, eta beste hauek bateraezinak dira:

a) Eszedentzia, borondatezkoa, berezia edo behartua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ezarria.

b) Lanaldiaren murrizketa, apirilaren 28ko 113/1997 Foru Aginduak jasotzen dituen kasu guztietan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lanaldiaren murrizketa arautzen baitu.

c) Hezkuntza Departamentuak deituta, ikasketetarako ematen diren lizentziak.

d) Euskarazko birziklapen ikastaroak.

e) Beste edozein egoera, haren bidez interesdunak zuzeneko irakaskuntzan aritzeari uzten badio baimenaren lehen lau urteetan.

9. artikulua. Baimena kentzea eta hari uko egitea.

1. Baimena eman duen organoak ofizioz kenduko du, hura eskuratua duen funtzionarioa egoera hauetako batean badago:

a) Foru agindu honen 8.2 artikuluan aipatu egoera edo kasu bateraezinetako batean badago.

b) Ezintasunaren gaineko espediente batean sartua egotea, ezintasunagatik erretiroa hartzearen aldeko proposamen edo irizpidea izanik.

c) Beste autonomia erkidego batera joatea, lekualdatze lehiaketa bidez.

d) Hutsegite larri edo oso larria egin eta diziplinaz zehatuta.

e) Zerbitzu berezietako egoera administratiboan egotea.

f) Interesdunaren heriotza.

g) Funtzionario izateari utzita.

2. Baimena eskuratuta duen funtzionarioak uko egiten ahal dio lehen lau urteetan, gorabeheraren bat dela-eta ondoren aipatzen diren kasuetako bat gertatuz gero, eta kasu horietan baimenarekin jarraitzeagatik kalte larria eragiten bazaio norberaren egoerari, familiari nahiz laneko edo lanbideko egoerari:

a) Funtzionarioaren ezkontidea edo izatezko bikotekidea, nahiz haurren bat hiltzea.

b) Interesdunaren eritasun larria, nahiz haren ezkontide edo bikotekidearena, edo haren kargu duen odol nahiz ezkontza bidezko bigarren gradu arteko familiako batena.

c) Ezintasunaren gaineko espediente batean sartua izatea.

d) Interesdunaren dibortzioa, deuseztasun edo banantze legezkoa.

e) Familia unitateak izandako kalte ekonomiko larria.

f) Larritasun bereziko beste arrazoi batzuk, interesdunak behar bezala alegatu eta Administrazioak onartuak.

3. Organo emaileak hiru hilabeteko epean onartu edo atzera botako du baimenari egindako ukoa, eta onartutzat hartuko da epe horretan ebazpen espresik eman edo jakinarazten ez bada.

4. Baimenari egindako ukoa ez da onartuko artikulu honetan aurreikusi ez den kasuetan. Baimenaren bosgarren urtea hasitakoan ere ez da onartuko baimenari uko egitea.

10. artikulua. Baimena kentzearen eta hari uko egitearen ondorioak.

1. Baimena kentzearekin eta hari egindako ukoa onartzearekin baimena iraungiko da eta sorrarazitako ordainsariak erregularizatuko dira, baita gizarte kotizazioak eta zerga atxikipenak ere, baimenaren bost ikasturteko epealdia hasi zenetik, interesdunaren zerga betebeharrak deusetan ukatu gabe.

2. Uko egitea onartzen ez den kasuetan, funtzionarioak neurri batean ordaindutako baimena izaten segituko du falta den denbora bukatu arte eta foru agindu honetan aurreikusitako baldintzetan.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra.

Salbuespen gisa, Hezkuntza Departamentuak langileria arlorako duen organo eskudunak neurri batean ordaindutako baimenetarako egiten duen lehen deialdian aukera emanen da 2007-2008 ikasturtetik aitzina hasteko bost ikasturte jarraituko baimenaren aplikazioa.

Atzera-eraginezko aplikazio hori aukeratzen duten funtzionarioek neurri batean ordaindutako baimenaren arabera eskubidez dagozkien guztirako ordainsarien %84 gainditzen duena itzuli beharko dute 2007-2008 ikasturtean jasotako diru-kopuruetatik . Deialdian zehaztuko da nola itzuli.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.-Foru agindu hau garatu eta betearazteko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiari eta, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari, hark honen esku utzita, neurri batean ordaindutako baimenetarako deialdiak onetsi, tramitatu eta ebazteko, foru agindu hau garatu eta betearazteko bidean.

Azken xedapenetako bigarrena.-Indar hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko apirilaren 25ean.-Hezkuntza kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea jauna.

Iragarkiaren kodea: F0806609