60. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

173/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 25ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Laguntza Judizialeko kidegoaren probaldi baztergarriaren antolaketa, plangintza eta gauzatzea ezartzen duena, baita horretan parte hartzen duten praktiketako funtzionarioen balorazioa ere.

Botere Judizialaren Lege Organikoaren 485. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioak hautatzeko prozesuetan ikastaro teoriko eta praktiko bat izanen da, edo praktikaldi bat, eta baztergarria izanen da. Ildo horretan, Justizia Administrazioan sartzea, bertako lanpostuak betetzea eta bertako funtzionarioen lanbide-igoera arautzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 24. artikuluan arautzen dira praktikaldi edo ikastaro baztergarria.

Irailaren 15eko Jus/2975/2006 Aginduaren bidez Laguntza Judizialeko kidegoan sartzeko txanda irekiko probak deitu ziren. Agindu horren 7.7 arau berariazkoak ezartzen du Justizia Ministerioak eta lanpostuak deitzen dituzten autonomia erkidegoek zehaztutako destinoko institutu, unitate nahiz zentroetara bidaliko direla praktiketako funtzionarioak, lehiatzen diren lurralde eremuan, praktikaldi baztergarria egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskurantzak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari dagokio, bere estatutuetan ezarritakoarekin bat eskudun diren gobernu organoen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan langileak sartu eta mailaz igotzeko deialdiak onetsi eta tramitatzea.

Bestalde, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Administrazio Publikoari esleitzen zaizkio, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren zerbitzuko langileak hautatu eta mailaz igotzeko modua kudeatzeko eskumena, baita langile horien hautaproben ondoko prestakuntza ikastaroak antolatu, planifikatu nahiz gauzatzekoa ere.

Era berean, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua, Nafarroako administrazio publikoen goi mailako erakunde tekniko den aldetik, bere ardurapean du, besteak beste, Nafarroaren sektore publikoa hobetzen duen edozein jarduera osagarri egitea, bere estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren arabera.

Horren ondorioz, bidezkoa da Nafarroako Administrazio Publikoak gauzatzea irailaren 15eko Jus/2975/2006 aginduan aurreikusitako praktikaldi baztergarrirako zereginak, horrek baititu eskumenak, Nafarroako Foru Komunitatean, langileen gainean.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta bere lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak Laguntza Judizialeko kidegoaren praktikaldi baztergarria antolatu, planifikatu eta gauzatzea, baita horretan parte hartzen duten praktiketako funtzionarioen balorazioa egitea ere.

2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua jotzea destinoko zentro gisa, Laguntza Judizialeko kidegoan sartzeko deialdian aurreikusitako ikastaro baztergarrietan parte hartzen duten praktiketako funtzionarioentzat.

3. Praktiketako funtzionarioak, praktikaldi baztergarria bukaturik, eta karrerako funtzionario izendatu arte, kasua bada, Nafarroan kokatutako organo eta zerbitzu judizialetan zerbitzu emateko atxikitzen ahalko dira.

4. Justizia Zuzendaritza Nagusiko "Nafarroan justiziako langileak prestatzeko jarduerak" izeneko 060001-06000-2266-112100 kontusailaren bizkar ordainduko dira foru agindu honen ondoriozko gastuak (6.000 euro izanen dira gehienez ere).

5. Foru agindu hau jakinaraztea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari, Justizia Zuzendaritza Nagusiari eta Justizia Ministerioaren Justizia Administrazioarekiko Harremanen Zuzendaritza Nagusiari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 25ean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0806567