59. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2008ko apirilaren 21ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematen diona. Burlatako Udalak sustatu du eta bertako zenbait lurzatiren erabilera eta eraikigarritasuna aldatu nahi da.

Burlatako Udalak, 2008ko urtarrilaren 31ko osoko bilkuran, Erripagaineko UPSaren aldaketa bultzatzeko erabakia hartu zuen, hurrengo ataletan azaltzen diren baldintzen eta edukiaren arabera, eta horren berri Nafarroako Gobernuari ematea, aztertu eta tramitatzeko. Espedientean antzekoak baina arrazoi desberdinen ondoriozkoak diren bi aldaketa daude.

I.-Lehenengo aldaketa.

Erripagaineko UPSaren lehenengo aldaketa honen bidez, trukatu egin nahi da H. 3.2, H. 3.3, H. 3.4 eta H. 3.5 lurzatien erabilera (indarra duen UPSan babes ofizialeko etxebizitzetarako dira - BOE), eta B. 1.2, B. 1.3 eta B. 1.4 lurzatiena (indarra duen UPSan etxebitzitza libre tasatua egiteko dira) -denak Burlatako Udalari esleituak behin betikoz onetsita dagoen Birzatitze Proiektuan-; hala, lehenengoak, Iruñeko udal mugapean baitaude, etxebizitza libre tasatuak egiteko izanen dira eta bigarrenak, Burlatako udal mugapekoak, BOEak egiteko. Aldaketa honek berarekin dakar indarra duen UPSak lurzati horiei esleitutako eraikigarritasuna aldatzea, (proiektatu diren eraikinen altuerak bereziki, oinplanoko okupazioa ia berdina baita), horrela, alde batetik, ezarri diren eraikigarritasun berriei erabileren homogeneizazio koefizientea aplikatu ondoren, kasuan kasuko lurzatien hirigintza aprobetxamendua alda ez dadin eta, bestetik, BOEak egiteko azalera eraiki berberari eutsi dakion eta, hortaz, UPSan proiektatutako etxebizitza guztiak kontuan hartuta babes ofizialeko etxebizitzen gutxieneko kopuruari ere eutsi dakion.

Espedientean ikus daitekeenez, etxebizitzetarako azalera eraiki osoei eusten zaie -27 280 m² BOEak egiteko eta 19.580 m² prezio tasatuko etxebizitzak egiteko-, bai eta hirigintza aprobetxamenduari ere -8.456,80 au BOEntzat eta 8.223,60 au prezio tasatuko etxebizitzentzat-, baina lurzati bakoitzean aurreikusitako eraikinen altuerak aldatzea eskatzen da eta, hala, eraikinen solairu kopurua B+6+Atik B+4+Ara pasatuko da H. 3.2, eta H. 3.5 lurzatietan, B+4+Atik B+3+Ara H. 3.3 eta H. 3.4 lurzatietan, B+4+Atik B+7+Ara B. 1.2 eta B. 1.3 lurzatietan eta B+6+Atik B+7+Ara B. 1.4 lurzatian.

Burlatako Udalak aldaketa hori justifikatu du, zeren eta, kargarik gabeko hirigintza aprobetxamenduaren %10 lagatu beharraren ondorioz, BOEak egiteko diren H. 3.2, H. 3.3, H. 3.4 eta H. 3.5 lurzatiak esleitu baitzaizkio, baina horiek Iruñeko udal mugapean daude. Hala, udal mugapeak berriz mugatzeko tramitea hasita, ez dirudi lurzati horiek Burlatako udal mugapean sartzea litekeena denik. Bestalde, Udalak adierazi du lurzati horietan eginen diren BOEak Burlatan erroldatuta daudenentzat erreserbatzeko eskubidea erabiliko duela, eta nabarmendu du paradoxikoa izanen litzatekeela erroldatu horietako bati Iruñeko etxebizitza bat esleitzea, kontuan hartuta udal horretan erroldatu beharko lukeela esleipena jaso eta gero; aitzitik, Burlatako Udalari esleitu zaizkion eta bere mugapean dauden gainerako etxebizitza babestuak baremo orokorra aplikatuta esleituko dira. Burlatako Udalak uste du egoera horiek UPSa aldatzea eskatzen dutela.

II.-Bigarren aldaketa.

Bigarren aldaketa honen bidez Erripagaineko UPSan BOEak gehitu nahi dira etxebizitza libreak gutxituz, Burlatako HAPOko S-6 Jarduketa Unitatea aldatzeko espedientea ebatzi eta amaiera emateko, horren ebazpen epea etenda baitago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak 2007ko ekainaren 25ean emandako 363 Foru Aginduaren ondorioz, "harik eta N-20aren aldaketa tramitatu eta behin betikoz onetsi arte, edo beste bat, zeinetan bermatuko baita S-24 unitatearen aldaketaren ondoriozko etxebizitza babestuen erreserba".

S-6 unitateak gaur egun 4.517 m²-ko eraikigarritasuna du, eta aldaketa horretan proposatzen dena 5.500 m²-koa da; horrek etxebizitzatarako azalera eraikia 983 m² handitzea dakar, hots, 110 m²-ko 9 etxebizitzaren pareko azalera. Etxebizitza horien erdiek BOEak izan behar dutenez, horiei dagokien azalera eraikia, hau da, 491,50 m² ("au"-tan emana erabilera horretarako), 152,36 au-koa izanen litzateke guztira Erripagaineko UPSan (491,50 x 0,31).

UPSko hirigintza aprobetxamendua alda ez dadin, ez eta birzatiketan Burlatako Udalari esleitutako aprobetxamendua ere, 152,36 au horiek H. 2.4 lurzatitik aterako lirateke -Udalaren lurzatia da, etxebizitza libreko erabilera du eta 1eko homogeneizazio koefizientea-, eta B. 1.2, B. 1.3 eta B. 1.4. lurzatiei gehituko litzaizkieke (BOEak egiteko lurzatiak), horien azalera eraiki osoa 491,50 m² handituz. H. 2.4 lurzatiaren hirigintza aprobetxamenduak, aldiz, 152,36 au galduko lituzke eta, halaber, azalera eraikiak 152,36 m², izan ere, lehen esan den bezala, etxebizitza kolektibo librearen homogeneizazio koefizientea 1ekoa da.

Beraz, aldaketa honetan, hirigintza aprobetzamendua mantenduz, ondokoa aldatuko litzateke: UPSko azalera eraiki osoa 339,14 m² handituko litzateke, eta 4 etxebizitza gehiago izanen lirateke (bost BOE gehiago B. 1.2, B. 1.3 eta B. 1.4 lurzatietan, eta etxebizitza libre bat gutxiago H. 2.4 lurzatian). H. 2.4 lurzatirako aurreikusi den altuera ez da aldatuko.

Proposamena azterturik, egiaztatu da UPSko etxebizitzetarako azalera eraikia handitzeak ez duela ukituko UPSan aurreikusitako ekipamendu kopurua. Bestalde, UPSko etxebizitza kopuruari 4 gehitzeak, 3.964 etxebizitzatatik 3.968tara pasatuz, ez du ondoriorik izanen lurzoru publikoan izan beharreko aparkatzeko tokien gutxieneko kopuruan. Izan ere, lurzoru publikoan izan beharreko aparkatzeko tokien gutxieneko kopurua, toki bat etxebizitza bakoitzeko gehi beste bat merkataritzako edo hirugarren sektoreko erabilera duen azalera eraikiko 100 m²-ko, 4.104 tokikoa izanen litzateke orain (3.964 + 4 + 13.640,38/100), eta hori UPSan aurreikusitako 4.104 tokien kopuru berbera da. Edozein modutan ere, Erripagaineko UPSa onesteko Nafarroako Gobernuak hartutako Erabakian zehaztutakoarekin bat, honako baldintza hau haren araudian sartu zen: "Ezarritako kopurutik gorako etxebizitza kopurua aurreikusten duen promozio orok aparkatzeko toki bat egin beharko du kopuru hori gainditzen duen etxebizitza bakoitzeko, eremu publikotik kanpo".

III.-Laburpena.

Proposatutako aldaketen laburpena hau da:

Indarra duen UPSan ukitutako lurzatien hirigintza aprobetxamendua, guztira.

H. 3.2, H. 3.3, H. 3.4 eta H. 3.5 = 8.456,80 au.

B. 1.2, B. 1.3 eta B. 1.4 = 8.223,60 au.

H. 2.4 = 3.300 au.

Guztira: 19.980,40 au.

Hirigintza aprobetxamendua, guztira, aldaketaren ondoren.

H. 3.2, H. 3.3, H. 3.4 eta H. 3.5 = 8.223,60 au.

B. 1.2, B. 1.3 eta B. 1.4 = 8.609,16 au.

H. 2.4 = 3.147,64

Guztira: 19.980,40 au.

BOEak egiteko azalera eraikia.

Indarra duen UPSa: H. 3.2, H. 3.3, H. 3.4 eta H. 3.5 = 27 280 m².

Aldaketa: B. 1.2, B. 1.3 eta B. 1.4 = 27.771,50 m².

Prezio tasatuko etxebizitzak egiteko azalera eraikia.

Indarra duen UPSa: B. 1.2, B. 1.3 eta B. 1.4 = 19.580 m².

Aldaketa: H. 3.2, H. 3.3, H. 3.4 eta H. 3.5 = 19.580 m².

Etxebizitza libreak egiteko azalera eraikia.

Indarra duen UPSa: H. 2.4 = 3.300 m²

Aldaketa: 3.147,64 m².

Etxebizitza kopurua.

Indarra duen UPSa: 3.964 etxebizitza.

Aldaketa: 3.968 etxebizitza.

4 etxebizitza gehiago daude, B. 1.2, B. 1.3 eta B. 1.4 lurzatietan 5 BOE gehitzearen eta H. 2.4 lurzatian etxebizitza bat kentzearen ondorioz.

IV.-Ondorioa.

Planteatu den aldaketari buruz hasiera batean esaten ahal da legezkoa dela eta, beraz, legearen aldetik onargarria: BOEak egiteko esleitutako azalera eraikia eta horri dagokion etxebizitza kopurua handitu eginen da; bere horretan geldituko da prezio tasatuko etxebizitzentzako azalera eraikia; murriztu eginen da etxebizitza libreentzako azalera eraikia eta halako etxebizitzen kopurua; ez da aldatuko UPSko hirigintza aprobetxamendua, ez eta Birzatiketa Proiektuan Burlatako Udalari esleitutako aprobetxamendua ere; ez dute aldaketarik izanen, horrenbestez eta hasiera batez, parametro horiei lotutako dotazio eta ekipamenduek.

Aldaketa bakarra morfologikoa izanen da, UPSan eraikinentzat hasiera batean aurreikusitako solairu kopurua aldatuko baita eta, horrenbestez, etxebizitza kolektiboen eraikin blokeentzat UPSan erabilitako "erritmo formala" aldatuko baita.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematea. Burlatako Udalak sustatu du eta bertako zenbait lurzatiren erabilera eta eraikigarritasuna aldatu nahi da.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira, hilabetez.

Horretarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 2. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Burlata, Iruña, Uharte eta Eguesibarko Udalei jakinaraztea, bai eta 1. Banaketa Eremurako Konpentsazio Batzordeari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0806310