59. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

168/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 21ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kontseilariak emana. Honen bidez, Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programaren barruan nekazaritzaz besteko jardueretara dibertsifikatzeko eta nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzak arautzeko arauak ezartzen dira eta 2008. urterako deialdia onartzen da.

Nafarroako Foru Komunitatea, bere foru araubideari esker, eskumen osoaren titularra da nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak onartzen duenez.

Halaber, Hobekuntzako 56.1.a) artikuluan xedaturikoaren arabera, orotariko ekonomiaren oinarriekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio erabateko eskumena Nafarroaren barruan jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko.

Kontseiluaren irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduak, Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsaren bitartez kudeatzen diren landa garapenerako laguntzei buruzkoak (FEADER), 53. eta 54. artikuluetan neurri batzuk ezartzen ditu nekazaritzaz besteko jardueretara dibertsifikatzeko eta mikroenpresak sortu eta garatzeko.

Abenduaren 4ko C (2007) 6163 Erabakiaren bitartez, Batzordeak Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programa onetsi zuen; hori, nekazaritzarako egiturazko politikaren funtsezko tresna da landa eskualdeetan garapen iraunkorra lortzeko eta lehiakortasuna indartzeko. Programa horretan lehengo neurriak agertzen dira, eta era berean, kontuan hartu dira Nafarroako Nekazaritzarako Plan Estrategikoaren orientazioak, bereziki ondoko helburu eta jarduera-ildoei dagokienez: I-1 helburua ("Ustiategien egokitzapena eta birmoldaketa sustatzea") eta horren barruko L. 1.5 jarduera-ildoa ("Nekazaritzako ustiategietan eta nekazaritzako elikagaien arloko enpresetan nekazaritzaz besteko jarduera osagarriak dibertsifikatzeko laguntza").

Agindu hau Nekazaritzako Bermerako Europako Funtsa-FEAGA eta Nekazaritzaren Europako Funtsa-FEADERek finantzaturiko gastuak ordaintzen dituen erakundea baimendu eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen duen urriaren 2ko 67/2006 Foru Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenaren babespean eman da. Xedapen horretan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari esku ematen zaio, bere eskumenen barruan, arau hori garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan, bereziki nekazaritzarako Europar Batasuneko funtsen bidez osorik edo hein batean finantzaturiko dirulaguntzei buruzko arauak eman ditzan.

Neurri horiei, Europako arauen osagarri gisa, dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak otsailaren 8an eman 30/2007 Foru Agindua aplikatzekoak zaizkie. Agindu horren bidez FEADERek kofinantzatzen dituen nekazaritza aldeen garapenerako laguntzak kudeatzeko prozedura ezarri zen.

Horrenbestez, Landa Garapenerako Zuzendaritza Nagusiak proposatuta eta Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedea eta jarduketa esparrua

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea Batzordeak 2007ko abenduaren 4an hartu C(2007) 6163 Erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programaren "Nekazaritzaz besteko jardueretarako dibertsifikazioa" eta "Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntza" neurriak arautzeko arauak ezartzea da.

2. artikulua. Jarduera-esparrua.

1. artikuluan azaltzen diren bi neurrietako laguntzen araubideak horizontalak dira, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan aplika daitezke, bakoitzerako ezartzen diren lehentasun espezifikoak gorabehera.

II. KAPITULUA

Nekazaritzaz besteko jardueretarako dibertsifikazioa

3. artikulua. Laguntzaren hartzaileak.

1. Nekazaritzaz besteko jardueretarako dibertsifikazioaren neurriaren hartzaileak hauek dira: beren familia-uunitatean Nafarroan kokaturik dagoen abeltegi baten titularra izanik nagusiki nekazaria den kide bat daukaten pertsona fisikoak, nekazaritzako langileak alde batera utzita.

2. Foru Agindu honen ondoreetarako, familia-unitatea lehen gradura arteko familia-lotura daukaten pertsonak dira.

4. artikulua. Aurreikusi diren ekintza motak.

Neurriaren bitartez proiektu berri bat abian jartzeko inbertsio edota gastuak diruz laguntzen dira. Proiektu horren oinarria nekazaritzako lehengaien edota nekazaritzako zerbitzuen erabilera izan beharko da; edo bestela, proiektu horren azken emaitza nekazaritzaren edo nekazaritzako elikagaien jarduera lagun dezaketen produktu edo zerbitzuak izan beharko dira. Proiektuak nekazaritzaz besteko jarduerak hartu beharko ditu barnean, eta ondoko taldeetako batean sartu beharko da:

a) Lehenengo eta bigarren sektoreetako ekoizpen jarduera.

Talde honetan finantzatu ahal diren jarduerak askotarikoak dira. Besteak beste, ondokoak aipatzen ahal dira:

-Energia alternatiboen ekoizpena (eguzki-energia, eolikoa, biomasa, hidroelektrikoa).

-Nekazaritzako hondakinak balorizatzea.

-Nekazaritzaz besteko hondakinak balorizatzea, nekazaritza eta/edo abeltzaintzan erabiltzeko.

-Egur artisautza eta nekazaritzarako egurrezko eraikinak.

-Akuikultura, nekazaritza ustiategian edo ustiategi horretarako lehengai eta/edo produktuen erabilerari loturik.

-Nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzeko lanabes eta erremintak fabrikatzea.

-Berotegiak eta nekazaritzako beste instalazio batzuk fabrikatzea eta muntatzea.

-Nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzeko lehengaiak prestatzea: ongarriak, konposta, pestizida eta biozidak, pentsuen osagarriak, etab.

b) Merkataritza jarduera. Neurri honen ondoreetarako, hau da merkataritza jarduera: EE Tratatuko I. eranskinaz kanpoko produktuak eta nekazaritzaz besteko zerbitzuak erakusten eta saltzen dituzten denda txikietan salmenta antolatzea. Halaber, eskualdeko nekazaritza ustiategietan eta nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresetan (norberarenetan nahiz beste batzuenetan) lortzen diren produktuetako batzuk ere sartu beharko dira.

Saltoki txikiei soilik emanen zaie laguntza, eta supermerkatu eta hipermerkatuak baztertuko dira. Internet bidezko salmentak antolatzeko inbertsioak ere finantzatuko dira.

c) Turismo zerbitzu osagarrietarako eskala txikiko azpiegiturak, kultur ondarea turismo erabilerarako berreskuratu eta atontzea. Turismo zerbitzu osagarriak hauek dira: landa eremuan ostatu hartzeko establezimendu eta jatetxeek edo nekazaritza-turismoko ustiategiek bezeroen aisialdi eta jolaserako doan edo prezioen bitartez, modu profesionalean eta iraunkorki ematen dituztenak, kultur, jolas, kirol, aisialdi eta ingurumen izaerakoak, naturari buruzkoak eta antolakuntza eta aholkularitza arlokoak, merkataritza-izaerakoak -garraioa- edo antzekoak. Zerbitzu horien artean hauek aipatzen ahal dira: haur parkeak, erakusketa zentroak, bizikleten alokairua, hipika zentroak, zaldiak zelabere gisa alokatzea, haurrentzako jolas eta kirol pistak, igeritokiak, bestelako zerbitzuak, etab.

d) Ostatu txikietako eta jatetxeetako azpiegiturak. Hauek dira: 24 plaza edo gutxiago dituztenak. Landa-hotelen kasuan, muga 30 gela dira; hala ere, neurri horren eremuan gehienez ere 10 gelatarako laguntza emanen da.

e) Landa turismoari lotutako zerbitzuak garatu eta/edo merkaturatzea.

f) Lehen sektoreko enpresak intsumo eta zerbitzuez hornitzeko jarduera. Mota horretako enpresak dira alde batetik nekazaritza eta baso ustiategiak funtzionatzeko beharrezkoak diren produktu eta materialez hornitzen eta bestetik horien jarduera normalerako laguntza teknikoa ematen saiatzen direnak. Produktu eta materialen (haziak, ongarriak, abereentzako pentsuak, sendagaiak, lanabesak, makinen piezak, makinak, etab.) hornikuntzarako enpresak partikular gisa edo hainbat kiderekin sortzea ere neurri honen xede da. Nekazaritza eta baso ustiategien garapenerako zerbitzuetako batzuk hauek dira: eraikuntza, iturgintza, zurgintza eta burdingintza enpresa txikiak, zura atera eta garraiatzeko enpresak eta nekazaritzarako makinen tailerrak, baita bulego hauek ere: aholkularitza tekniko eta ekonomikokoak, proiektuetakoak, kontabilitate eta finantza arloko aholkularitzakoak, laneko segurtasunekoak, nekazaritza eta basogintzako ekoizpenaren iraunkortasunekoak, merkatuari buruzko informaziokoak eta beste batzuk.

5. artikulua. Eskatzaileak araubidean sartzeko aurretiaz bete beharreko baldintzak.

1. Laguntzen araubidean sartzeko, eskatzaileek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona fisikoa izatea eta bizilekua Nafarroan izatea.

b) 3. artikuluan adierazitako zehaztapenaren arabera, Nafarroan kokaturik dagoen abeltegi baten titularra izanik nagusiki nekazaria den kide bat daukan familia-unitateko kide izatea. Ustiategi horrek gutxienez nekazaritzako 0,5 NLU hartu behar ditu, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren uztailaren 6ko 220/2007 Foru Aginduan ezarrita dagoenaren arabera.

c) Dena delako ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik izatea.

d) Laguntza lortzeko, dena delako nekazaritza ustiategiak bere jarduera familia-unitatea dagoen udalerrian eta/edo udalerri mugakide batean eginen du.

e) Gutxienez 18 eta gehienez 65 urte izatea. Dena dela, adinez nagusi izatearen balio berekotzat hartuko da ezkontzaren bidez emantzipaturik egotea edo bere gainean guraso boterea edo botere judiziala daukatenek eman izana.

f) Inbertsioak eta gastuak alderdi teknikoan eta ekonomikoan bideragarriak direla frogatzen duen proiektua aurkeztea, bere finantza-egoera eta iguripenen ebaluazioaz gain. Hauek azalduko dira, gutxienez:

-Hasierako egoera eta jarduerak egiteko jomuga eta helburuak, eta horiek eskualdeko ustiategiarekin edo ustiategiekin daukaten harremana.

-Produktu edo zerbitzuaren definizioa: deskribapena eta ezaugarriak, merkatuan dauden beste produktuekin alderatuta.

-Marketin plana: merkatuaren azterketa, merkataritzako helburua eta salmenta, prezio, banaketa eta merkaturatzeari buruzko aurreikuspena.

-Eragiketetarako plana: ekoizpen prozesua, teknologia maila, baliabide materialak (makinak, lanabesak, ibilgailuak, ...) eta giza baliabideak, ekoizteko, hornitzeko eta biltegiratzeko ahalmena.

-Ekonomi eta finantza plana, behin-behineko ustiapen kontua, behin-behineko balantzea, inbertsioak eta finantzaketa iturriak.

Proiektuaren oinarria nekazaritzako lehengaien erabilera izanen da; edo bestela, bere azken emaitza nekazaritzako elikagaien jarduera laguntzeko produktu edo zerbitzuak izango dira.

g) Turismo jarduerekin lotutako proiektuetan Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren aldeko txostena beharko da. Proiektua turismo zerbitzu osagarrietarako eta kultur ondarea edo natur guneak turismo erabilerarako berreskuratu eta atontzeko eskala txikiko azpiegiturena bada, txostenean adieraziko da azpiegituren bolumena ostatu hartzeko edo jatetxeko plazekin proportzionala den ala ez, hau da, beti eskala txikian.

h) Jarduera berria guztiz edo zati batean BIL batean egiten bada, jarduera horrek erabilera eta kudeaketa plana betetzen duela dioen egiaztapena, ingurumen agintariak emana.

i) Laguntzaren xede izanen diren inbertsioak eskabidea aurkeztu baino lehen hasi gabe egotea.

j) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. idatz-zatian aipatu kasuren batean dauden eskatzaileei.

6. artikulua. Onuradunaren konpromiso eta betebeharrak.

1. Nekazaritzaz besteko jardueretara dibertsifikatzeko laguntzen onuradunak ondoko konpromiso eta betebeharrak hartuko ditu:

a) Jarduera Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean egiten jarraitzea, eta laguntza emateko eskakizun eta baldintzei eustea gutxienez inbertsioak amaitu eta hurrengo bost urtean, hori obra amaierako ziurtagiriarekin frogatuta.

Nekazaritza ustiategia zein udalerritan dagoen, bertan edo udalerri mugakide batean jarriko da enpresa berria.

Jarduera bertan behera utzi edo aldatzeko ezinbesteko kasuak, helburuen eta neurrian eskatzen diren baldintzen arabera, hurrenez hurren 25. eta 21. artikuluetan adierazitakoak izanen dira.

b) Produktuaren eta/edo zerbitzuaren kalitatea homologatzeko modu ofizialean ezarrita dauden sistemekin edo aintzatetsitako ziurtapen sistemekin bat egitea, agintari eskudunak araudi arautzailean hala ezartzen badu.

c) Planteatzen diren proiektuak produktuen kalitatea babesteko, merkatua antolatzeko edo plan estrategikoetarako araudi espezifikoa daukaten jarduerei buruzkoak badira (nekazaritza-turismoa, artisautza, txikizkako merkataritza, etab.), dagozkien araudietan ezarrita dagoena bete beharko dute.

d) Administrazioak laguntza hauek jasotzeko derrigorrezkotzat ezartzen dituen eta modu ofizialean aintzatetsita dauden elkarteetan inskribatzea, baldin eta elkarteon helburua finantza laguntzaren xede diren jardueren defentsa eta ordezkaritza bada.

e) Inbertsio plana emakidan adierazten den epean egitea; gehienez urte biko epea izanen da laguntza ematen denetik aurrera, eta dena dela, bidezko arrazoiengatik luzapenak ematen ahalko dira.

f) Xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako dirulaguntzen berri ematea.

g) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

h) 50.000 eurotik gorako inbertsioak dakartzaten jardueretarako, plaka bat paratu beharko da, proiektu edo eragiketa azalduko duena. Azalpena, plakaren %25ekoa izanen da gutxienez. Gainera, Europako bandera agertuko da, 1974/2006 EE Erregelamenduaren VI. eranskineko 4. puntuan ezarririko arau grafikoekin bat eta harekin batera, irakurgarri hau: "Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du", Nafarroako Gobernuaren ikur ofizialaz gain.

i) Organo kudeatzaileari jarraipen eta ebaluaziorako adierazleak prestatzeko beharrezkoak diren datuak ematea proiektuaren indarraldian.

j) Laguntza ongi eman dela eta gerora konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko Administrazioak egin behar dituen kontrolak onartzea. Ondorio horietarako:

-Jasotako funtsak eta egindako gastuak diru-laguntza ematerakoan ezarri zen xederako aplikatu izana justifikatuko da, eta egokiak diren agiriak -baita elektronikoak ere- gordeko dira.

-Alderdi tekniko-ekonomikoei, lan arlokoei eta finantza arlokoei buruz behar den informazioa emanen da.

k) Agintari eskudunak neurria hobeto kudeatu, kontrolatu eta aplikatzeko zehazten dituen beste guztiak.

2. Inbertsioei buruzko eragiketen iraunkortasunari buruzko 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren 72. artikuluaren arabera, Tratatuko 43. eta 49. artikuluetan instalatzeko askatasunari eta zerbitzuak aske emateari buruz ezarrita dauden arauei kalterik egin gabe, zentro kudeatzaileak diruz lagundu inbertsioen amaiera ziurtatu eta hurrengo bost urtean inbertsioak ezin izanen du aldaketa garrantzitsurik izan:

-Bere izaerari edo burutzeko baldintzei eragiten dioten aldaketak, edo enpresa edo erakunde publiko bati behar ez den abantaila ematen dioten aldaketak, eta

-Azpiegitura baten jabetza araubidearen aldaketa baten edo ekoizpen jarduera baten etenaldi edo kokaleku-aldaketa baten ondorioz gertatzen diren aldaketak.

3. Ulertuko da konpromisoei eusten diela onuradunak erretiroa hartzen duenean, baldin hari darraionak onuradun izateko baldintzak betetzen baditu eta ustiategiaren jarduera mantzentzeko eginbeharretan, inbertsio planaren garapen osoan eta laguntza emateari lotuta dauden konpromisoetan subrogatzen bada.

7. artikulua. Inbertsioak eta diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Laguntzen ahal diren inbertsio motak hauek dira:

a) Ondasun higiezinak eskuratu, eraiki edo atontzea, proposatu proiektuaren ekoizpen orientazioaren, jardueraren eta dimentsioaren arabera. Edonola ere, diruz laguntzen ahal den zenbatekoa diruz lagundu behar den jarduerari zuzenean egotzi ahal zaion eskuraketako zenbatekoa izanen da.

b) Ekipo-ondasunen hornidura: makina eta ekipo berriak erostea, euskarri eta aplikazio informatikoak nahiz diruz laguntzen ahal diren inbertsioen ondasunen gaineko eskubideak (ibilgetu materiala) barne.

Honako hauengatik ez da diru-laguntzarik emanen:

-Lurrak erostea.

-Makinak eta ekipoak erosteko finantza errentamendua.

-Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programaren 1. eta 2. ardatzetako neurrien edo Merkatuaren Antolamendu Bateratuaren esparruan laguntzak lortzen ahal dituzten inbertsioak.

-Arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatu edo merkaturatzeko inbertsioak.

-Esnearen edo esnekien suzedaneo edo ordezkoak fabrikatu eta merkaturatzeko inbertsioak.

2. Abian jartzeko gastuei dagokienez, ondokoak diruz laguntzen ahalko dira:

a) Notario eta erregistro gastuak, proiektuan aurreikusitako jarduera hastearen ondoriozkoak.

b) Administrazioaren baimen, patente eta lizentziak.

c) Ekonomia-azterlanak, bideragarritasunari buruzko azterlanak, merkatu azterlanak, aholkularitza juridiko edo finantza aholkularitzakoak, perituen azterlanak eta arkitekto, ingeniari eta ahokularien ordainsariak, proiektu, obra zuzendaritza, txosten eta planak idaztea, baldin eta 2007ko maiatzaren 7az gerokoak badira, ordukoa baita Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programa onesteko Gobernuaren Erabakia.

d) Kalitatea ziurtatzeko sistemen ezarpena.

3. Ez dira diru-laguntzaren xede izanen BEZa edo onuradunak berreskuratzen ahal dituen beste zerga batzuk ordaintzeko gastuak eta zorren interesak, ezta ezkontideen arteko edo lehen graduko senideen arteko ondasun eskualdatzeen gastuak, eskualdatzeko prozedura edo modua edozein dela ere.

4. Inbertsioetan nahiz abian jartzeko gastuetan enpresa berriak sortu, eratu edo abian jartzeko artikulu honen 1. eta 2. idatz-zatien arabera diruz laguntzen ahal diren jarduera guztiak finantzatu ahal izanen dira, baldin eta beren titular fisikoek onuradun izateko baldintzak betetzen badituzte eta kapital sozialaren %50 baino gehiago badute.

5. diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean (obraren exekuzioaren kostua izanez gero), edo 12.000 eurotik gorakoa denean (ekipamendu ondasunen horniduraren edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuen kostua izanez gero), onuradunak frogatu egin beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, salbu eta, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua egin dezaketen entitateak behar adina ez badira. Zehaztasun horiek justifikatzeko, hiru hornitzaileren aurrekontuak aurkeztu beharko dira.

8. artikulua. Prima kalkulatzeko sistema.

1. Nekazaritzaz besteko jarduerak dibertsifikatzeko jardueren laguntzak kapitalaren zuzeneko diru-laguntzak izanen dira.

2. Laguntza mota kontuan hartuta, prima kalkulatzeko oinarri gisa aurkeztu den proiektuan aurreikusten diren gastu hautagarriak hartuko dira.

3. Onuradunak eta bere familia-unitateak gehienez bi proiektu finantzatzen ahal izanen dituzte programazioaren epe osoan.

4. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, aurreikusitako gastu hautagarrien gainean ondoko portzentajeak aplikatuko dira:

a) Inbertsioetarako, laguntzaren kopuru osoa, diru-laguntzaren xede den inbertsioaren ehunekoetan adierazita, %20 izanen da; eskualde behartsuetan %25era arte igonen da, eta mendialdeko eskualdeetan, berriz, %25era arte.

Diru-laguntzaren xede den gehienezko inbertsioa NLU bakoitzeko 100.000 euro izanen da, gehienezko muga 150.000 euro dela. Foru agindu honetan aurreikusita dagoenaren ondorioetarako, Urteko Lan unitatea, nekazaritzaz besteko jardueretarako, 1.600 ordu dira; urtean zenbatzeko, igande eta jaiegunetan egindako dibertsifikazio jardueraren ordu bakoitza lanegunetan egindako bi orduren baliokide gisa zenbatuko da.

b) Abian jartzeko gastuetarako, aurreikusita daudenen %100 lagunduko da, proiektu bakoitzeko muga 12.000 euro dela.

9. artikulua. Laguntzak emateko lehentasun irizpideak.

1. Deialdi batean eskatu laguntzen kopurua finantza baliabide erabilgarriena baino handiagoa bada, eskabideak baloratzeko ondoko zerrendan ezarritako baremoa aplikatuko da, proiektuetan aurkeztutako datuetan oinarrituta.

a) Proiektuaren kokalekua.

-Mendialdean: 20 puntu.

-Mendialdetik kanpoko eskualde behartsu batean: 10 puntu.

b) Jardueraren lehengai gisa nekazaritzako baliabideak (nekazaritzakoak, abeltzaintzakoak edo baso arlokoak) modu nabarmenean erabiltzea:

-Hamar ustiategitatik (baita norberarenetik ere) ateratakoak badira: 18 puntu.

-Gutxienez hiru eta gehienez hamar ustiategitatik (baita norberarenetik ere) ateratakoak badira: 9 puntu.

c) Lehen sektorearentzako (nekazaritza, abeltzaintza edo basogintza) intsumo edo zerbitzuen hornitzaileak:

-Azpieskualdean edo udalerrian eskaintzen ez badira: 16 puntu.

-Azpieskualdean eskaini arren udalerrian eskaintzen ez badira: 10 puntu.

d) Nekazaritza ustiapen familiarrak lehentasuna duela ezarri bada: 14 puntu.

e) Jarduera planaren ondorioz turismo, merkataritza, industria, nekazaritza eta industria arloetako kalitateko deiturei atxikiko bazaie: 11 puntu.

f) Laguntzaren eskatzailea emakumea bada: 9 puntu.

g) Jarduera planaren ondorioz sektorea ordezkatzen duten elkarteetako baten kide eginen bada edo plan hori elkarteen ekimenen ondoriozkoa bada: 7 puntu.

h) Jarduera planean kalitatea ziurtatzeko sistema bat duen prozesua ezartzea aurreikusten bada: 5 puntu.

2. Baremo horren arabera puntuetan berdinketarik egonez gero, inbertsioaren bolumen hautagarri handiagoa duten laguntza eskabideek izanen dute lehentasuna. Berdinketak irauten badu, NLUen bolumen handiagoa sortzen dutenek izanen dute lehentasuna.

3. Laguntzak lortzen den puntuazioaren arabera emanen dira, deialdiaren aurrekontuak berak ezartzen duen mugarekin. Lehentasuna duen zerrendako azken onuradunak 8. artikuluaren arabera dagokion laguntza osoa jaso ezin badu, jaso gabe duen kopurua jasotzeko eskubidea izanen du, aurrekontuaren mugara arte. Hala ere, onuradun batek uko egiten badio, laguntza hori osatuko da, aurrekontu nahikoa egotekotan egokituko litzaiokeen kopurura arte.

4. 3. artikuluaren arabera zehaztuta dagoen familia-unitate bereko pertsonek bi proiektu baino gehiago aurkezten badituzte, puntuaziorik handiena lortu duten bi proiektuei emanen zaie lehentasuna, eta berdinketarik egonez gero, artikulu honen 2. puntuan adierazitakoa aplikatuko da.

III. KAPITULUA

Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntza

10. artikulua. Laguntzaren hartzaileak.

1. Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko neurriaren xedea nekazaritzaren, nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren arloko mikroenpresak dira. Mikroenpresa horiek beren helburu sozialaren arabera nekazaritza ustiategien erregistroan, nekazaritza kooperatiben erregistroan, nekazaritzako elikagai industrien erregistroan edo baso industrien erregistroan inskribatuta egoten ahal direnak dira. Beraz, beren helburu sozialeko jardueretako batzuk nekazaritzaren, nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren arlokoak izanen dira.

2. Mikroenpresek Batzordearen 2003/361/EE Gomendioa bete behar dute: 10 langile baino gutxiago izatea eta bi milioi eurotik beherako urteko negozio bolumena izatea.

3. Krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauetan ezartzen den definizioaren arabera krisian dauden enpresei ez zaie laguntzarik emanen.

11. artikulua. Aurreikusi diren ekintza motak.

Neurriaren helburua proiektu berri bat abian jartzeko inbertsio edota gastuak diruz lagunduz nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzea da. Proiektu horren oinarria nekazaritzako lehengaien edota nekazaritzako zerbitzuen erabilera izan beharko da; edo bestela, proiektu horren azken emaitza nekazaritzaren edo nekazaritzako elikagaien jarduera lagun dezaketen produktu edo zerbitzuak izan beharko dira. Proiektuak nekazaritzaz besteko jarduerak hartu beharko ditu barnean, eta ondoko taldeetako batean sartu beharko da:

a) Lehenengo eta bigarren sektoreetako ekoizpen jarduera.

Talde honetan finantzatzen ahal diren jarduerak askotarikoak dira. Besteak beste, ondokoak aipatu ahal dira:

-Energia alternatiboen ekoizpena (eguzki-energia, eolikoa, biomasa, hidroelektrikoa).

-Nekazaritzako hondakinak balorizatzea.

-Nekazaritzaz besteko hondakinak balorizatzea, nekazaritza eta/edo abeltzaintzan erabiltzeko.

-Egur artisautza eta nekazaritzarako egurrezko eraikinak.

-Akuikultura, nekazaritza ustiategian edo ustiategi horretarako lehengai eta/edo produktuen erabilerari loturik.

-Nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzeko lanabes eta erremintak fabrikatzea.

-Berotegiak eta nekazaritzako beste instalazio batzuk fabrikatzea eta muntatzea.

-Nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzeko lehengaiak prestatzea: ongarriak, konposta, pestizida eta biozidak, pentsuen osagarriak, etab.

b) Merkataritza jarduera. Neurri honen ondoreetarako, hau da merkataritza jarduera: EE Tratatuko I. eranskinaz kanpoko produktuak eta nekazaritzaz besteko zerbitzuak erakusten eta saltzen dituzten lokal txikietan salmenta antolatzea. Halaber, eskualdeko nekazaritza ustiategietan eta nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresetan (norberarenetan nahiz beste batzuenetan) lortzen diren produktuetako batzuk ere sartu beharko dira.

Saltoki txikiei soilik emanen zaie laguntza, eta supermerkatu eta hipermerkatuak baztertuko dira. Internet bidezko salmentak antolatzeko inbertsioak ere finantzatuko dira.

c) Turismo zerbitzu osagarrietarako eskala txikiko azpiegiturak, kultur ondarea turismo erabilerarako berreskuratu eta atontzea. Turismo zerbitzu osagarriak hauek dira: landa eremuan ostatu hartzeko establezimendu eta jatetxeek edo nekazaritza-turismoko ustiategiek bezeroen aisialdi eta jolaserako doan edo prezioen bitartez, modu profesionalean eta iraunkorki ematen dituztenak, kultur, jolas, kirol, aisialdi eta ingurumen izaerakoak, naturari buruzkoak eta antolakuntza eta aholkularitza arlokoak, merkataritza-izaerakoak -garraioa- edo antzekoak. Zerbitzu horien artean hauek aipatzen ahal dira: haur parkeak, erakusketa zentroak, bizikleten alokairua, hipika zentroak, zaldiak zelabere gisa alokatzea, haurrentzako jolas eta kirol pistak, igeritokiak, bestelako zerbitzuak, etab.

d) Ostatu txikietako eta jatetxeetako azpiegiturak. Hauek dira: 24 plaza edo gutxiago dituztenak. Landa-hotelen kasuan, muga 30 gela dira; hala ere, neurri horren eremuan gehienez ere 10 gelatarako laguntza emanen da.

e) Landa turismoari lotuta dauden zerbitzuak garatu eta/edo merkaturatzea.

f) Lehen sektoreko enpresak (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzakoak) intsumo eta zerbitzuez hornitzeko jarduera. Mota horretako enpresak dira alde batetik nekazaritza eta baso ustiategiak nahiz nekazaritzako elikagaien enpresa txikiak funtzionatzeko beharrezkoak diren produktu eta materialez hornitzen eta bestetik horien jarduera normalerako laguntza teknikoa ematen saiatzen direnak. Produktu eta materialen (haziak, ongarriak, abereentzako pentsuak, sendagaiak, lanabesak, makinen piezak, makinak, etab.) hornikuntzarako enpresak partikular gisa edo hainbat kiderekin sortzea ere neurri honen xede da. Nekazaritza eta baso ustiategien garapenerako zerbitzuetako batzuk hauek dira: eraikuntza, iturgintza, zurgintza eta burdingintza enpresa txikiak, zura atera eta garraiatzeko enpresak eta nekazaritzarako makinen tailerrak, baita bulego hauek ere: aholkularitza tekniko eta ekonomikokoak, proiektuetakoak, kontabilitate eta finantza arloko aholkularitzakoak, laneko segurtasunekoak, nekazaritza eta basogintzako ekoizpenaren iraunkortasunekoak, merkatuari buruzko informaziokoak eta beste batzuk.

12. artikulua. Eskatzaileak araubidean sartzeko aurretiaz bete beharreko baldintzak.

1. Laguntzen araubidean sartzeko, eskatzaileek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Mikroenpresak helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen du.

b) Erakundeak, nortasun juridikoa izanik (kooperatiba, ENS, lan sozietatea, sozietate anonimoa, sozietate mugatua, etab.), ez du loturarik izanen Administrazioarekin.

c) Finantzatzen den proiektuaren xede diren jarduerak Nafarroan egitea, merkaturatze fasean produktua merkatuan jartzeagatik muga horiek gainditu behar direnean izan ezik.

f) Inbertsioak eta gastuak alderdi teknikoan eta ekonomikoan bideragarriak direla frogatzen duen proiektua aurkeztea, bere finantza-egoera eta iguripenen ebaluazioaz gain. Hauek azalduko dira, gutxienez:

-Enpresaburuaren eta/edo enpresaren aurkezpena: prestakuntza eta enpresa arloko esperientzia, enpresaren kokalekua.

-Hasierako egoera eta jarduerak egiteko jomuga eta helburuak, eta horiek eskualdeko ustiategiarekin edo ustiategiekin daukaten harremana.

-Produktu edo zerbitzuaren definizioa: enpresa zein negoziotan ezarri nahi den, horren mugapena.

-Marketin plana: merkatuaren azterketa, merkataritzako helburua eta salmenta, prezio, banaketa eta komunikazioari buruzko aurreikuspena.

-Eragiketetarako plana: ekoizpen prozesua, teknologia maila, baliabide materialak (makinak, lanabesak, ibilgailuak, ...) eta giza baliabideak, ekoizteko, hornitzeko eta biltegiratzeko ahalmena.

-Ekonomi eta finantza plana, behin-behineko ustiapen kontua, behin-behineko diruzaintza plana, inbertsioak eta finantzaketa iturriak.

Proiektuaren oinarria nekazaritzako lehengaien erabilera izanen da; edo bestela, bere azken emaitza nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien jarduera laguntzeko produktu edo zerbitzuak izango dira.

e) Turismo jarduerekin lotuta dauden proiektuetan Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren aldeko txostena beharko da. Proiektua turismo zerbitzu osagarrietarako eta kultur ondarea edo natur guneak turismo erabilerarako berreskuratu eta atontzeko eskala txikiko azpiegiturena bada, txostenean adieraziko da azpiegituren bolumena ostatu hartzeko edo jatetxeko plazekin proportzionala den ala ez, hau da, beti eskala txikian.

f) Jarduera berria guztiz edo zati batean BIL batean egiten bada, jarduera horrek erabilera eta kudeaketa plana betetzen duela dioen egiaztapena, ingurumen agintariak emana.

g) Laguntzaren xede izanen diren inbertsioak eskabidea aurkeztu baino lehen hasi gabe egotea.

h) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. idatz-zatian aipatu kasuren batean dauden eskatzaileei.

13. artikulua. Onuradunaren konpromiso eta betebeharrak.

1. Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzen onuradunak ondoko konpromiso eta betebeharrak hartuko ditu:

a) Jarduera Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean egiten jarraitzea, eta laguntza emateko eskakizun eta baldintzei eustea gutxienez inbertsioak amaitu eta hurrengo bost urtean, hori obra amaierako ziurtagiriarekin frogatuta.

Jarduera bertan behera utzi edo aldatzeko ezinbesteko kasuak, helburuen eta neurrian eskatzen diren baldintzen arabera, hurrenez hurren 25. eta 21. artikuluetan adierazitakoak izanen dira.

b) Produktuaren eta/edo zerbitzuaren kalitatea homologatzeko modu ofizialean ezarrita dauden sistemekin edo aintzatetsitako ziurtapen sistemekin bat egitea, agintari eskudunak araudi arautzailean hala ezartzen badu.

c) Planteatu proiektuak produktuen kalitatea babesteko, merkatua antolatzeko edo plan estrategikoetarako araudi espezifikoa daukaten jarduerei buruzkoak badira (artisautza, txikizkako merkataritza, etab.), dagozkien araudietan ezarrita dagoena bete beharko dute.

d) Administrazioak laguntza hauek jasotzeko derrigorrezkotzat ezartzen dituen eta modu ofizialean aintzatetsita dauden elkarteetan inskribatzea, baldin eta elkarteon helburua finantza laguntzaren xede diren jardueren defentsa eta ordezkaritza bada.

e) Inbertsio plana emakidan adierazten den epean egitea; gehienez urte biko epea izanen da laguntza ematen denetik aurrera, eta dena dela, bidezko arrazoiengatik luzapenak ematen ahalko dira.

f) Nafarroako nekazaritza ustiategien erregistroan inskribatzea, nekazaritza ekoizpeneko enpresa bada.

g) Nekazaritza kooperatiben erregistroan inskribatzea, 62. artikuluko a) edo c) artikuluen arabera definitzen den nekazaritza kooperatiba bada, baita Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legeko 75. artikuluan aurreikusten diren bigarren mailako eta ondoko mailetako nekazari kooperatibak ere.

h) Nekazaritzako elikagai industrien erregistroan edo baso industrien katalogo egokian inskribatzea, nekazaritzako elikagaien industria edo baso industria bada. Inskribatzeko urtebeteko epea izanen da, diru-laguntzaren azken ordainketatik aurrera zenbatuta.

i) Xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako dirulaguntzen berri ematea.

j) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

k) 50.000 eurotik gorako inbertsioak dakartzaten jardueretarako, plaka bat paratu beharko da, proiektu edo eragiketa azalduko duena. Azalpena, plakaren %25ekoa izanen da gutxienez. Gainera, Europako bandera agertuko da, 1974/2006 EE Erregelamenduaren VI. eranskineko 4. puntuan ezarritako arau grafikoekin bat eta harekin batera, irakurgarri hau: "Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du", Nafarroako Gobernuaren ikur ofizialaz gain.

l) Organo kudeatzaileari jarraipen eta ebaluaziorako adierazleak prestatzeko beharrezkoak diren datuak ematea proiektuaren indarraldian.

m) Laguntza ongi eman dela eta gerora konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko Administrazioak egin behar dituen kontrolak onartzea. Ondorio horietarako:

-Jasotako funtsak eta egindako gastuak diru-laguntza ematerakoan ezarri zen xederako aplikatu izana justifikatuko da, eta egokiak diren agiriak -baita elektronikoak ere- gordeko dira.

-Alderdi tekniko-ekonomikoei, lan arlokoei eta finantza arlokoei buruz behar den informazioa emanen da.

n) Agintari eskudunak neurria hobeto kudeatu, kontrolatu eta aplikatzeko zehazten dituen beste guztiak.

2. Inbertsioei buruzko eragiketen iraunkortasunari buruzko 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren 72. artikuluaren arabera, Tratatuko 43. eta 49. artikuluetan instalatzeko askatasunari eta zerbitzuak aske emateari buruz ezarrita dauden arauei kalterik egin gabe, zentro kudeatzaileak diruz lagundu inbertsioaren amaiera ziurtatu eta hurrengo bost urtean inbertsioak ezin izanen du aldaketa garrantzitsurik izan:

-Bere izaerari edo burutzeko baldintzei eragiten dioten aldaketak, edo enpresa edo erakunde publiko bati behar ez den abantaila ematen dioten aldaketak, eta

-Azpiegitura baten jabetza araubidearen aldaketa baten edo ekoizpen jarduera baten etenaldi edo kokaleku-aldaketa baten ondorioz gertatzen diren aldaketak.

14. artikulua. Inbertsioak eta diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Laguntzen ahal diren inbertsio motak hauek dira:

a) Ondasun higiezinak eskuratu, eraiki edo atontzea, proposatu proiektuaren ekoizpen orientazioaren, jardueraren eta dimentsioaren arabera. Edonola ere, diruz laguntzen ahal den zenbatekoa diruz lagundu behar den jarduerari zuzenean egotzi ahal zaion eskuraketako zenbatekoa izanen da.

b) Ekipo-ondasunen hornidura: makina eta ekipo berriak erostea, euskarri eta aplikazio informatikoak nahiz diruz laguntzen ahal diren inbertsioen ondasunen gaineko eskubideak (ibilgetu materiala) barne.

Honako hauengatik ez da diru-laguntzarik emanen:

-Lurrak erostea.

-Makinak eta ekipoak erosteko finantza errentamendua.

-Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programaren 1. eta 2. ardatzetako neurrien edo Merkatuaren Antolamendu Bateratuaren esparruan laguntzak lortzen ahal dituzten inbertsioak.

-Arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatu edo merkaturatzeko inbertsioak.

-Esnearen edo esnekien suzedaneo edo ordezkoak fabrikatu eta merkaturatzeko inbertsioak.

2. Abian jartzeko gastuei dagokienez, ondokoak diruz laguntzen ahalko dira:

a) Notario eta erregistro gastuak, proiektuan aurreikusitako jarduera hastearen ondoriozkoak.

b) Administrazioaren baimen, patente eta lizentziak.

c) Ekonomia-azterlanak, bideragarritasunari buruzko azterlanak, merkatu azterlanak, aholkularitza juridiko edo finantza aholkularitzakoak, perituen azterlanak eta arkitekto, ingeniari eta ahokularien ordainsariak, proiektu, obra zuzendaritza, txosten eta planak idaztea, baldin eta 2007ko maiatzaren 7az gerokoak badira, ordukoa baita Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programa onesteko Gobernuaren Erabakia.

d) Kalitatea ziurtatzeko sistemen ezarpena.

3. Ez dira diru-laguntzaren xede izanen BEZa edo onuradunak berreskuratzen ahal dituen beste zerga batzuk ordaintzeko gastuak eta zorren interesak, ezta ezkontideen arteko edo lehen graduko senideen arteko ondasun eskualdatzeen gastuak, eskualdatzeko prozedura edo modua edozein dela ere.

4. Diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean (obraren exekuzioaren kostua izanez gero), edo 12.000 eurotik gorakoa denean (ekipamendu ondasunen horniduraren edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuen kostua izanez gero), onuradunak frogatu egin beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, salbu eta, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua egin dezaketen entitateak behar adina ez badira. Zehaztasun horiek justifikatzeko, hiru hornitzaileren aurrekontuak aurkeztu beharko dira.

15. artikulua. Prima kalkulatzeko sistema.

1. Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzak kapitalaren zuzeneko diru-laguntzak izanen dira.

2. Onuradunak pertsona juridikoak direnez, diru-laguntzak ez dira izanen eskrituratu eta ordaindu den kapitala baino gehiago. Muga hori ez zaie nekazaritzako kooperatibei aplikatuko, ezta haiek partaide nagusi diren sozietateei ere

3. Laguntza mota kontuan hartuta, prima kalkulatzeko oinarri gisa aurkeztu den proiektuan aurreikusten diren gastu hautagarriak hartuko dira.

4. Onuradunak gehienez bi proiektu finantzatzen ahal izanen ditu programazioaren epe osoan.

5. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, aurreikusitako gastu hautagarrien gainean ondoko portzentajeak aplikatuko dira:

a) Inbertsioetarako, laguntzaren kopuru osoa, diru-laguntzaren xede den inbertsioaren ehunekoetan adierazita, %20 izanen da; eskualde behartsuetan %25era arte igonen da, eta mendialdeko eskualdeetan, berriz, %25era arte.

Diru-laguntzaren xede den gehienezko inbertsioa NLU bakoitzeko 100.000 euro izanen da, gehienezko muga 150.000 euro dela.

b) Abian jartzeko gastuetarako, aurreikusita daudenen %100 lagunduko da, proiektu bakoitzeko muga 12.000 euro dela.

1698/2005 (EE) Erregelamenduko 70.8 artikuluaren arabera, eta enpresentzako laguntzei dagokienez, gastuak estatuko laguntzetarako ezarritako mugei doituko zaizkie.

16. artikulua. Laguntzak emateko lehentasun irizpideak.

1. Deialdi batean eskatu laguntzen kopurua finantza baliabide erabilgarriena baino handiagoa bada, eskabideak baloratzeko ondoko zerrendan ezarritako baremoa aplikatuko da, proiektuetan aurkeztutako datuetan oinarrituta.

a) Proiektuaren kokalekua.

-Mendialdean: 20 puntu.

-Mendialdetik kanpoko eskualde behartsu batean: 10 puntu.

b) Jarduera plana elkarteen ekimenen ondoriozkoa bada (nortasun juridikoa edozein dela ere): 18 puntu.

c) Jardueraren lehengai gisa nekazaritzako baliabideak (nekazaritzakoak, abeltzaintzakoak edo baso arlokoak) modu nabarmenean erabiltzea:

-Hamar ustiategitatik (baita norberarenetik ere) ateratakoak badira: 16 puntu.

-Gutxienez hiru eta gehienez hamar ustiategitatik (baita norberarenetik ere) ateratakoak badira: 8 puntu.

d) Lehen sektorearentzako (nekazaritza, abeltzaintza edo basogintza) intsumo edo zerbitzuen hornitzaileak:

-Azpieskualdean edo udalerrian eskaintzen ez badira: 14 puntu.

-Azpieskualdean eskaini arren udalerrian eskaintzen ez badira: 8 puntu.

e) Jarduera planaren ondorioz merkataritza, nekazaritza eta industria arloetako eta beste hainbat arlotako kalitateko deiturei atxikiko bazaie: 11 puntu.

f) Enpresan parte hartzen duten emakumeen ehunekoa langile kopuru osoaren %30 baino handiagoa bada: 9 puntu.

g) Jarduera planaren ondorioz sektorea ordezkatzen duten elkarteetako baten kide eginen bada: 7 puntu.

h) Jarduera planean kalitatea ziurtatzeko sistema bat duen prozesua ezartzea aurreikusten bada: 5 puntu.

2. Gehienez ere 100 puntu lor daitezke. Baremo horren arabera puntuetan berdinketarik egonez gero, inbertsioaren bolumen hautagarri handiagoa duten laguntza eskabideek izanen dute lehentasuna. Berdinketak irauten badu, NLUen bolumen handiagoa sortzen dutenek izanen dute lehentasuna.

3. Laguntzak lortzen den puntuazioaren arabera emanen dira, deialdiaren aurrekontuak berak ezartzen duen mugarekin. Lehentasuna duen zerrendako azken onuradunak 15. artikuluaren arabera dagokion laguntza osoa jaso ezin badu, jaso gabe duen kopurua jasotzeko eskubidea izanen du, aurrekontuaren mugara arte. Hala ere, onuradun batek uko egiten badio, laguntza hori osatuko da, aurrekontu nahikoa egotekotan egokituko litzaiokeen kopurura arte.

IV. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

17. artikulua. Emakidarako administrazio prozedura.

Foru agindu honetan ezarri diren laguntzak lehiaketa bidez emanen dira.

18. artikulua. Laguntza eskabideak aurkeztea.

1. Laguntza eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko beste erregistroetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako tokietan aurkezten ahalko dituzte interesatuek.

2. Eskabidearen eredu normalizatua, paperezko euskarrian zein euskarri elektronikoan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal dira. Eredu horrekin batera 1. eta 2. eranskinetan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.

3. Eskabideak aurkezteko epea deialdian ezarrita dagoena izanen da.

19. artikulua. Laguntza eskabideak egiaztatu eta baliozkotzea.

1. Eskabideak jaso ondoren, dokumentazioa osorik dagoen begiratuko da. Akatsik dagoela ikusten bada, interesatuari 30 eguneko epea emanen zaio hutsuneak betetzeko, eta ohartaraziko zaio hala egiten ez badu eskabidea bertan behera utzi duelakoan espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela eta ebazpen hori jakinarazi eginen zaiola.

2. Dokumentazioa oso-osorik dagoenean, egiaztatuko da foru agindu honek eskatzen dituen betebeharrak betetzen dituela. Horretarako administrazio eta landa kontrol egokiak eginen dira. Bereziki hauek egiaztatuko dira:

-Laguntzaren xede izanen den eragiketa onargarria dela.

-Proposaturiko kostuak gehiegizkoak ez direla.

-Eragiketak Espainiako eta Europar Batasuneko xedapenak betetzen dituela, bereziki kontratazio publikoari, estatuaren laguntzei eta gainerako derrigorrezko arauei dagokienez, bidezkoa bada.

20.artikulua. Laguntzak emateko ebazpena.

1. Eskabideak egiaztatu eta baliozkotzen amaitu ondoren, eskabideen lehentasun ordena ezarriko da 9. edo 16. artikuluetan ezarritako baremo egokien arabera. Gero, emakida ebazteko proposamena eginen du, eta Landa Garapenerako Zuzendari Nagusiari jakinaraziko dio

2. Emakida ondoz ondoko bi ekitalditako aurrekontuari dagozkion bi ordainketatan egituratuko da. Ekitaldi bakoitzerako laguntzak aurkezten diren eskabideen arabera zenbatuko dira. Ekitaldi bakoitzean aplikatuko den laguntzen ehunekoa laguntzen urteroko deialdian zehaztuko da.

3. Landa Garapenerako Zuzendari Nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du diru-laguntzak emateko ebazpena, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsi direla ulertuko da.

4. Ebazpenean hau aipatu behar da: laguntza jaso duen eskatzailea edo jaso duten eskatzaileen zerrenda, eta besteak beste, proiektuak betetzeko eta abian jartzeko epea ere agertu beharko da. Kasuan kasu, espresuki adieraziko da gainerako eskabideak ezetsi direla.

21. artikulua. diru-laguntza emateko ebazpenaren ondoren eskabidea aldatzea.

1. Arrazoiak emanda, diru-laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren inbertsio plan edo proiektuari loturiko aldaketa nabarmenak egin behar direnean, proiektu osagarria edo ordezko proiektua aurkezten ahalko da. Plan hori hasierako planerako irizpide tekniko eta ekonomiko berei jarraituz onetsi beharko da. Hala bada, laguntza doitu beharko da. Halaber, horrek ez du esan nahi hasieran emandako laguntza handituko denik, ezta lehentasunen baremoa aplikatzean emandako puntuazioa aldatuko denik.

2. Honakoak joko dira inbertsio planaren aldaketa nabarmentzat:

a) Produkzioaren orientazioa aldatzea, jarduera motaren, sektorearen edo kudeaketa sistemaren aldetik.

b) Enpresaren katalogazioa aldatzea, haren tamaina edo enpresa-tipologiaren aldetik.

c) Jarduera maila eta/edo ekoizpena hasieran aurreikusi zenarekin alderatuta %10 baino gehiago gehitu edo murriztea.

d) Hasiera bateko obra zibilaren, makinen edo ekipamenduaren osagaiak hasieran aurreikusitako balioarekin alderatuta %20 baino gehiago gehitu, kendu edo aldatzea.

e) Inbertsioen kokapena aldatzea.

22. artikulua. Ordaintzeko eskabidea, eta ordaintzeko ebazpena eman baino lehenagoko kontrolak.

1. Onuradunak laguntza ordaintzeko eskatuko du horretarako ezarritako formularioaren bidez. Formulario horretan, proiektaturiko inbertsioen eta egindakoen zerrenda jarriko da, 3. eranskinean adierazitako agiriekin batera. Agiri horiek, besteak beste, egindako inbertsioa justifikatzen duten agiriak izanen dira.

2. Kontrolak egiteko, teknikariek egin beharreko egiaztapenen zerrenda izanen dute, eta hori agerrarazi beharko da espedientean, paperean edo euskarri elektronikoan. Bereziki, hauek egiaztatuko dira:

-Egindako eragiketa, laguntza jaso zuen eragiketarekin alderatuta.

-Diruz lagundu diren produktu eta zerbitzuen hornidura.

-Aitortu gastuen benetakotasuna, eta gastu horiek ezarritako epean egin eta justifikatu diren.

-Oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen diren.

-Europar Batasuneko edo Espainiako beste araubide batzuen finantzaketa. Laguntzak bateragarriak badira kopuru osoak baimenduta dagoen gehienezko muga gainditzen ez duela egiaztatuko da.

3. Inbertsioak egiaztatzean, organo kudeatzaileak laguntzaren xede den eragiketaren edo inbertsioaren kokalekuan bisita eginen du. Bisita hori egin dela espedientea agertu beharko da, akta baten edo egiaztapen txosten baten bitartez.

4. Egiaztapena eta horren ondoriozko ordainketa zatika eginen dira, gehienez ere bi urtean, laguntza emateko ebazpenean zehazten den proportzioan.

5. Lehenengo urteko sariaren ordainketarako, onuradunek laguntza emateko ebazpenean zehazten den proportzioan inbertsioa egin izana egiaztatu beharko dute azaroaren 30a baino lehen. Urteko ordainketan aurreikusita dagoena burutu ezin badute, behar bezala justifikatuta dagoen luzapena eskatzen ahal izanen dute irailaren 30a baino lehen. Hala egin ezean, urteko saria kobratzeko eskubidea galduko dute edo sari horren kopurua 27. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera gutxituko da.

6. Bigarren urteko saria ordaintzeko, inbertsioak amaitu beharko dira, irailaren 30a baino lehen. Bidezko arrazoiengatik, epe hori azaroaren 30era arte luzatzen ahal izanen da.

7. Bigarren urteko sariari dagokion ekitaldian onuradunek azaroaren 30a baino lehen inbertsioak amaitu direla egiaztatu ezin badute, behar bezala justifikatuta dagoen luzapena eskatu behar izanen dute. Hala egin ezean, urteko saria kobratzeko eskubidea galduko dute edo sari horren kopurua 27. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera gutxituko da.

8. Aurrekontu nahikoa badago eta onuradunak hala eskatzen badu, bigarren urterako aurreikusitako ordainketa lehenengo urtera aurreratzen ahal izanen da, baldin eta inbertsio edo gastuak amaitu direla egiaztatzen bada.

23. artikulua. Ordainketaren ebazpena.

1. Lehenengo ordainketari dagokion ebazpena, aurkeztu gastuen egiaztapena baliozkotu ondoren emanen da, emateko ezarritako irizpideen arabera. Fakturak eta eskabidearekin batera aurkeztutako ordainketako frogagiriak bat datozela egiaztatuko da.

2. Bigarren ordainketarako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren otsailaren 8ko 30/2007 Foru Aginduan aurreikusitako kontrolak egin behar izanen dira, baita aurkeztu diren ordainketako frogagiri guztiak kontuan hartu ere. Ondoren, baimen unitateak laguntzaren zenbatekoa ezarriko du eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena eginen du, baita Landa Garapenerako Zuzendari Nagusiari jakinarazi ere. Horri erantsirik unitatearen txosten bat joanen da, laguntza helburuak betetzeko erabili dela eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen direla frogatzen duena.

3. Ebazpenean aipatu beharrekoa da, gutxienez, laguntza ordainduko zaion eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda, eta espres agertaraziko da, halakorik baldin bada, zein ordainketa eskabideri esan zaien ezetz.

24. artikulua. Ondorengo kontrolak.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak inbertsioen ondorengo kontrolak eginen ditu, eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

2. Ordainketaren ondorengo ekitaldietan neurriek eskatzen dituzten baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, onuradunek organo kudeatzailearen kontrol funtzioetarako bidea eman behar izanen dute, eta Espainiako nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egiten ahal dituzten beste egiaztapen guztietarako ere bai, bereziki lokaletara sartzeko eta ikerketen xede den dokumentazioa eskuratzeko bidea emanez, eta dokumentazio horren kopiak lortzeko aukera emanez. Betebehar hori betetzeari uko egitea erresistentzia, aitzakia, oztopo edo ukotzat joko da dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Lege honen 35. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

25. artikulua. Ezinbesteko arrazoiak.

1. Ez da ulertuko konpromisoak bete ez direla ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauetako bat gertatzen denean:

a) Onuradunaren heriotza.

b) Onuradunaren lanerako ezintasun luzea.

c) Ustiategiaren zati handi baten desjabetzea, konpromisoa hartu zenean ezin baldin bazen aurreikusi.

d) Hondamendi natural larri bat, ustiategiko lurrak modu nabarmenean ukitzen dituena.

e) Abeltegiko aziendarako eraikinen istripuzko suntsiketa.

f) Abeltzainen azienda guztia edo parte bat ukitu duen epizootia.

2. Onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinaraziko ditu ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak, bidezko diren frogen bidez, hala egiten ahal duenetik 10 egun balioduneko epean.

26. artikulua. Bateraezintasunak.

Foru agindu honetako laguntzak bateraezinak dira ondoko laguntza hauekin:

a) Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programan, antzeko helburuetarako 1. ardatzean (Nekazaritza eta basogintza sektorearen lehiakortasuna areagotzea), 2.ean (Ingurumena eta landa ingurua hobetzea) eta 4.ean (LEADER) ezarrita daudenak.

b) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak helburu bererako ematen dituenak.

c) Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak helburu bererako ematen dituenak, I+G+Bkoak barne.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen ondoriozkoak.

27. artikulua. Ez-betetzeen mailakatzea, murrizketak eta salbuespenak.

1. Inbertsio proiektua buruturik, bere zenbatekoa onetsita dagoenetik beherakoa baldin bada, laguntzaren zenbatekoa doituko da, proportzioan gutxituz, inolako zehapenik gabe.

2. 6. eta 13. artikuluetan agertzen diren konpromiso eta betebeharrak bete ezean, laguntza osoa edo zati bat itzuli behar izanen da, ondoko irizpideen arabera:

a) Ulertuko da 6.1.a) eta 13.1.a) artikuluetan aipatzen den konpromisoa ez dela bete, inbertsioa amaitu eta ondorengo bost urteetan, jarduera utzi edo hein handi batean gutxitzen bada, ekoizpena gutxitzen bada edo ustiategia, enpresa edo instalazioak lekualdatzen badira. Itzuli beharreko laguntzen ehunekoak, ez-betetzearen arabera, ondoko hauek dira:

-Jarduera bertan behera uztea edo enpresak porrot egitea: %100.

-Ekoizpen instalazioa edo helbide soziala Nafarroatik kanpora eramatea: %100.

-Inbertsioak laguntza emateko kontuan hartu zen Nafarroako eskualdetik kanpora eramatea: %100.

Ordainketa etendura, krisi espedientea edo enplegu erregulazioa gertatuz gero, enpresak enpresa-plan bat aurkeztu beharko du, zeinetatik bideragarritasun ekonomikoa ondorioztatuko baita. Bestela, laguntza osorik itzultzeko eskatuko da.

b) Inbertsio plana laguntza emateko ebazpenean ezarritako epean edo horren luzapenen barruan burutzen ez bada, laguntza %40 murriztuko da atzerapena gutxienez sei hilabetekoa eta gehienez urtebetekoa bada. Atzerapena luzeagoa bada, laguntza osorik itzultzeko eskatuko da.

c) Kalitatea homologatzeko modu ofizialean ezarrita dauden sistemekin edo araudiak eskatzen dituen ziurtapen sistema aintzatetsiekin bat egiten ez bada, laguntzaren zenbatekoa %50 murriztuko da.

d) Jarduerak produktuen kalitatea babesteko, merkatua antolatzeko edo plan estrategikoetarako araudi espezifikoa betetzen ez badu, laguntzaren zenbatekoa %50 murriztuko da.

e) Administrazioak laguntza hauek jasotzeko derrigorrezkotzat ezartzen dituen eta modu ofizialean aintzatetsita dauden elkarteetan, finantza laguntzaren xede diren jardueren defentsa eta ordezkaritza helburu duten horietan inskribatzen ez bada, laguntzaren zenbatekoa %50 murriztuko da.

f) 13. artikuluko f), g) eta h) idatz-zatietako erregistro ofizialetako batean inskribatzen ez bada, laguntzaren zenbatekoa %70 murriztuko da.

g) Publizitate jarduerak (azalpena emateko plaka) betetzen ez badira, laguntzaren zenbatekoa %40 murriztuko da.

h) Organo kudeatzaileari jarraipen eta ebaluaziorako adierazleei buruzko datuak ematen ez bazaizkio, laguntzaren zenbatekoa %40 murriztuko da.

i) Administrazioak egin behar dituen kontrolen mendean jartzen ez bada, laguntza osorik itzuli behar izanen da.

j) Gainerako betebeharrak betetzen ez badira laguntzaren zenbatekoa %20 murriztuko da.

3. Onuradunak nahita gezurreko aitorpena egin duela edo inbertsioak aurkeztu den proiektuarekin eta 9. edo 16. artikuluarekin alderatuta diferentzia nabarmenak dituela egiaztatzen bada, emandako laguntza ondoriorik gabe utziko da eta abonatu diren zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak deusetan galarazi gabe.

28. artikulua. Diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak, Europar Batasuneko arautegian xedaturikoa galarazi gabe, dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoarekin bat etorriko dira.

2. Abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari lotuko zaio arau-hausteak zehaztu eta zehapenak jartzeko prozedura, nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloko zehapen prozedura administratiboa onesten duen hari, alegia.

Lehenengo xedapen gehigarria-Mendialdeko eremuak eta behartsuak.

Mendialdeko Eremu menditsuak eta behartsuak Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programaren 2. eranskinean zerrendatuta daude.

Bigarren xedapen gehigarria.-Publizitatea.

1. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

2. Foru agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea garatzen duten arauetan xedaturikoarekin bat argitaratuko dira, Nafarroako Gobernuaren atarian.

Hirugarren xedapen gehigarria.-2008. urterako laguntzen deialdia.

1. Nekazaritzaz besteko jardueretara dibertsifikatzeko eta nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzen 2008. urteko deialdia onetsi da.

2. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Laguntzen emakida bi ordainketatan egituratuko da: lehenengo ordainketa %40koa, eta bigarrena %60koa, hurrenez hurren 2008ko eta 2009ko ekitaldietako aurrekontuei dagozkienak.

4. Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.

Laugarren xedapen gehigarria.-2008ko deialdiko aurrekontu kredituak.

Nekazaritzaz besteko jardueretara dibertsifikatzeko eta nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko 2008ko eta 2009ko ekitaldietarako urte anitzeko gasturako konpromisoa hartzen duen Nafarroako Gobernuaren 2008ko martxoaren 17ko erabakiaren arabera, deialdi honetarako gastu hau baimendu da:

a) 2008. urtean:

-Nekazaritzaz besteko jardueretarako dibertsifikazioaren neurrian: 500.000 euro, Nafarroako Gobernuaren gastuen aurrekontuko 722001-72320-7701-412100 "Nekazaritzaz besteko jardueretarako dibertsifikazioa. NGP (2007-2013) (LGENF)" kontusailaren kargura.

-Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzearen neurrian: 500.000 euro, Nafarroako Gobernuaren gastuen aurrekontuko 722001-72320-7700-412100 "Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresen dibertsifikazioa. NGP (2007-2013) (LGENF)" kontusailaren kargura.

b) 2009. urtean:

-Nekazaritzaz besteko jardueretarako dibertsifikazioaren neurrian: 600.000 euro, Nafarroako Gobernuaren gastuen aurrekontuko kontusail baliokidearen kargura.

-Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzearen neurrian: 600.000 euro, Nafarroako Gobernuaren gastuen aurrekontuko kontusail baliokidearen kargura.

Bosgarren xedapen gehigarria.-Jakinarazpenen berri ematea.

Foru agindu hau honakooi jakinaraziko zaie behar diren ondorioak izan ditzan: Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Landa Garapeneko eta Ingurumenekoan duen kontuhartzaile delegatuari.

Azken xedapena.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko apirilaren 21ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, Begoña Sanzberro Iturriria.

1. ERANSKINA

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak

Laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Nortasun agiria:

a) Pertsona fisikoentzat: NANaren eta IFZren fotokopia.

Adina 18 urtetik beherakoa bada, familia-liburuaren, erregistroko ziurtagiriaren edo emakida judizialaren kopia.

b) Pertsona juridikoentzat:

-IFKaren fotokopia.

-Eraketa eskritura eta estatutuen fotokopia. Hauek agerrarazi behar izanen dira:

.Helbide soziala Foru Komunitatean dagoela.

.Bere helburu sozialeko jardueretako batzuk nekazaritzaren edo basogintzaren arlokoak direla.

.Finantzatu den proiektuaren xede diren jarduerak Nafarroan egitea, merkaturatze fasean produktua merkatuan jartzeagatik muga horiek gainditu behar direnean izan ezik.

-Gobernu organoaren erabakia, laguntza eskatzeari buruzkoa.

-Eskabidea tramitatu behar duen ordezkaria izendatzeko erabakia.

-Sozietatearen kapitalaren banaketa frogatzen duten agiriak, organo kudeatzaileak hala eskatzen baldin badu.

Kooperatibak edo ENSak badira:

-Nafarroako Kooperatiben erregistroan inskribaturik egotearen ziurtagiria edo, hala bide denean, ziurtagiriaren eskabidearen kopia.

-Gobernu organoko kideak: izena, abizenak eta IFZ.

-Bazkideen zerrenda, organo kudeatzaileak hala eskatzen baldin badu.

Bestelako erakundeak izanez gero:

-Gaur egungo bazkideen zerrenda izenduna.

-Kapital sozialeko partaidetza ekonomikoaren zenbatekoa.

-Administrazio Kontseiluko edo balio bereko beste zuzendaritza organo bateko kideak.

2. Eskatzailearen bizilekuari buruzko ziurtagiria: erroldako ziurtagiria.

3. familia-unitateari buruzko agiriak, hala behar baldin bada: familia-liburuaren kopia.

4. Mikroenpresa baldin bada: Batzordearen 2003/361/CE Gomendioa (10 langile baino gutxiago izatea eta bi milioi eurotik beherako urteko negozio bolumena izatea) betetzen dela egiaztatzen duten agiriak: langileen zerrenda, balantzea eta emaitzen kontua.

5. 5. (Nekazaritzaz besteko jardueretarako dibertsifikazioa) edo 12. (Nekazaritzako elikagaien arloko mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzak) artikuluan eta 2. eranskinean ezarrita dagoenaren araberako proiektua.

6. Turismo jarduerekin lotuta dauden proiektuetan Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren aldeko txostena beharko da. Txosten hori ofizioz eskatuko da eskatzaileak laguntza eskabidearekin batera doazen agiriekin aurkezten ez badu. Proiektua turismo zerbitzu osagarrietarako eta kultur ondarea edo natur guneak turismo erabilerarako berreskuratu eta atontzeko eskala txikiko azpiegiturena bada, txostenean adieraziko da azpiegituren bolumena ostatu hartzeko edo jatetxeko plazekin proportzionala den ala ez, hau da, beti eskala txikian.

7. Jarduera berria guztiz edo zati batean BIL batean egiten bada, jarduera horrek erabilera eta kudeaketa plana betetzen duela dioen egiaztapena, ingurumen agintariak emana. Agiri hori ofizioz eskatuko da eskatzaileak laguntza eskabidearekin batera doazen agiriekin aurkezten ez badu.

8. Eskatzaileak berak sinatutako aitorpena, ondoko hau dioena:

-Inbertsioak eskabidea aurkeztu baino lehen hasi gabe daudela.

-Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela.

-Xede bererako beste edozein laguntza eskatu edo jaso ez duela azaltzen duena.

9. Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren azken ordainagiria.

10. Organo kudeatzailearentzako baimena, Nafarroako Foru Komunitatean eta Estatuan laguntzen tramitazioari buruz dauden datu baseetan kontsultak egiteko.

11. Laguntzak zein banku entitateren kontutan sartu nahi diren, transferentziaren bidez horretan dirua jasotzeko eskabidea.

12. Ustiategiaren titularrak eskatzailearen alde emandako baimen espresua, ustiategia proiektuaren xede diren jardueretan erabiltzeko, baldin eta eskatzailea dena delako nekazaritza ustiategiaren titularra ez bada.

2. ERANSKINA

Proiektua

Agiri horrek, hasierako egoera oinarri hartuta, inbertsio eta/edo gastu berriak identifikatzen, deskribatzen eta aztertzen ditu; teknika, ekonomia, finantza, hirigintzaeta ingurumen arloetako bideragarritasuna aztertzen du eta jarduera abian jartzeko beharrezkoak diren prozedura eta estrategiak garatzen ditu. Gutxienez ondoko atalak izan behar ditu:

a) Enpresaburuaren aurkezpena: diru-laguntzaren xede izan nahi den arloko prestakuntza eta esperientzia.

b) Enpresa edo ustiategiaren aurkezpena eta bere hasierako egoeraren azalpena:

-Identifikazioa, kokagunea eta ekoizpenari buruzko orientazioa.

-Enpresa edo ustiategiaren titulartasuna, nortasun fisiko edo juridikoa, bidezkoa bada, titularren zerrenda eta sozietatearen kapitaleko partaidetza.

-Jardueren azalera, abelburu kopurua, etekinak eta marjina gordinak. Negozioaren bolumena eta bestelako enpresekin duen menpekotasun maila.

-Plantilla, kategorien eta kontratu moten arabera zehaztua.

-Egin nahi duen jarduera berrian duen esperientzia.

c) Jarduera berriak egiteko jomuga eta helburuak:

-Jarduera berriaren identifikazioa, kokagunea eta ekoizpenari buruzko orientazioa.

-Enpresaren helburu estrategikoak eta epe ertainerako egoeraren aurreikuspena.

-Jarduera berriari atxikiriko lan eskuaren zerrenda sailkatu eta zenbatua.

-Eskualdeko ustiategiarekin edo ustiategiekin duen harremana.

d) Inbertsio plana:

-Aurreikusitako inbertsioen zerrenda balioztatua, eta horien burutzapenaren iraupena, fasez fase.

Dirulaguntzen xede ezin izan diren inbertsioak planean kontatuko dira, makinetan, instalazioetan eta gainerako elementuetan egindako inbertsioen arteko proportzioa zehazten ahal izateko.

-Abian jartzeko gastuen zerrenda balioztatua.

-Bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlana, teknikari eskudun batek sinatutakoa. Azterlan honetan ondokoak agertu behar dira: finantza iturriak, hartuko diren betebeharrak, aldirako aurreikusten diren sarrera eta gastuak, Balio Erantsi Gordina oinarrizko prezioetan eta nekazaritzaz besteko Balio Erantsi Garbia oinarrizko prezioetan, etab. Foru agindu honen ondorioetarako, hau da Balio Erantsi Gordina oinarrizko prezioetan: oinarrizko prezioetan balioztatutako ekoizpenaren balioaren (produktuetarako diru-laguntzak barne direla, eta produktuetarako zergak kanpo utzita) eta eskuraketako prezioetan balioztatuta dauden batez besteko kontsumoen arteko aldea. Balio Erantsi Garbia oinarrizko prezioetan, aldiz, hau da: Balio Erantsi Gordina oinarrizko prezioetan ken amortizazioak.

e) Jarduera berriak sorraraziko dituen NLUen justifikazioa. Lanaldi osoan eta/edo lanaldi partzialean sortu edo mantenduko diren lanpostuen kopurua, etab.

f) Inbertsio planean deskribatu obra eta instalazioei buruzko proiektu teknikoa. 60.000 eurotik gorako inbertsioetarako, arloan eskumena duen pertsona tituludun batek sinatu behar izanen du, eta haren lanbide elkargoak ikus-onetsi behar izanen du. Proiektu honetan datu hauek agertuko dira, gutxienez:

-Memoria, ondoko hauek azaltzen dituena: obra edo hobekuntzak, planoak, kalkulu teknikoak, aurrekontua eta proiekturako beharrezkoak diren gainerako alderdi guztiak.

-Makina eta ekipoetarako inbertsioak.

-Proiektu, aholkularitza, patenteen eskuraketa eta lizentzietako gastuak.

Bidezkoak izanez gero proiektuarekin batera aurkeztu beharreko agiriak:

-Obra edo hobekuntzak kokatuko direneko Nafarroako Katastroko lurzatien gaineko zedulen fotokopia. Bertan adieraziko da horien kokalekua.

-Obretarako udal baimena, edo horren eskabidea, beharrezkoa bada.

-Inbertsioak ondasun higiezin erabilien erosketa bilduz gero, tasatzaile independente baten ziurtagiria eskatuko da, erosketa prezioa merkatuko balioa baino handiagoa ez dela dioena. Tasazioan lokalaren prezioa eta lurrarena bereiziko dira.

-Inbertsio lagungarriak errentan harturiko finka edo orubeetan egiten badira: errentamendu kontratuaren kopia. kontratu horren iraupena gutxienez inbertsioa amortizatzeko epea izanen da.

-Ingurumen baimen integratua edo jarduera sailkaturako udal lizentzia, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen eraginpean badago.

g) Produktu edo zerbitzuaren definizioa: deskribapena eta ezaugarriak, merkatuan dauden beste produktuekin alderatuta. Horrez gain, enpresa zein negoziotan ezarri nahi den, horren mugapena, bidezkoa bada.

h) Marketin plana: merkatuaren azterketa, merkataritzako helburua eta aurreikuspenak, prezioak, banaketa eta merkaturatzea, komunikazioa eta publizitatea.

i) Eragiketetarako plana:

-Fabrikazio prozesuaren edo zerbitzuaren eta haren ahalmenaren deskribapena. Zerbitzu bat sortuko bada, hauek deskribatuko dira: bere ezaugarriak, plaza kopurua, artatuko diren bisitak, etab.

-Lehengaiak, urteko kopurua, nondik heldu diren eta haien fabrikako balioa.

-Baliabide materialak: makinak, lanabesak, ibilgailuak, etab.

-Lehengaiak eta bukaturiko produktuak biltzeko ahalmena.

-Azpiegiturak: ondasun higiezinak, finkak, eraikinak, ...

j) Ekonomia eta finantza plana, behin-behineko ustiapen kontua, behin-behineko diruzaintza plana, inbertsioak eta finantzaketa iturriak.

3. ERANSKINA

Ordaintzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak

1. Fakturak eta ordainagiriak eta antzeko frogagiriak, eta horien kopiak.

Ordainagirien zenbatekoa diruz laguntzen ahal den inbertsioarena adinakoa izanen da gutxienez. Hala ere, diruz lagundu ahal edo ezin, sustatzaileak egindako inbertsio guztien gastu eta ordainketen nahiz erabilitako finantzaketa iturri guztien frogagiriak aurkeztuko ditu.

Faktura eta ordainagirien kopiak erkatu ondoren, Administrazioak jatorrizko agiriak zigilatuko ditu eta onuradunari itzuliko dizkio.

2. Obra amaierako ziurtagiria, bidezkoa bada.

3. Obretarako lizentziari, jarduera sailkaturako lizentziari edo ingurumen baimen integratuari eta animalien babesari buruzko agiriak, eskatzen ahal badira, eta horiek laguntza eskabidearekin batera eskatu ez badira. Aurkeztu ezean, laguntza ondoriorik gabe utziko da eta jasotako kopuruak itzuliko dira.

4. Produktuaren eta/edo zerbitzuaren kalitatea homologatzeko modu ofizialean ezarrita dagoen sistema batekin edo aintzatetsitako ziurtapen sistema batekin bat egin izanaren frogagiria, agintari eskudunak hala ezartzen badu.

5. Laguntzaren xede diren jardueren defentsa eta ordezkaritza helburu duen elkarte ofizial batean inskribatu izanaren frogagiria.

6. Proiektuaren finantzaketa iturriei eta finantzaketaren zenbatekoei buruzko informazioa.

7. Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

8. Ondasun higiezinak eskuratzen badira, Ondare Eskualdaketen gaineko Zergaren likidazioa aurkeztu beharko da.

9. Instalatu den publizitate plakaren argazkia, inbertsioaren edo gastuaren kostu osoa 50.000 eurotik gorakoa bada.

Iragarkiaren kodea: F0806347