58. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

141/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren maiatzaren 14ko 143/2007 Foru Agindua aldatu eta 2008. urteko deialdia onesten duena. Agindu haren bidez kalitatezko nekazaritza produktuen merkaturatzea hobetzeko sustapen ekimenetarako laguntzak emateko arauak ezarri ziren.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren maiatzaren 14ko 143/2007 Foru Aginduaren bidez, kalitatezko nekazaritza produktuen merkaturatzea hobetzeko sustapen ekimenetarako laguntzak emateko arauak ezarri eta 2007ko deialdia onesten onetsi zen. 2007ko 68. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ekainaren 1ekoan, eman zen argitara.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, lehenik, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarriak ezarri dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.

Foru agindu honen bidez maiatzaren 14ko 143/2007 Foru Agindu hori aldatu da, laguntza hauen lehenespen baremoa lehia araubidearen araberakoa izan dadin.

143/2007 Foru Agindu horretan biltzen diren laguntzak Europako Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat datoz. Erregelamendu hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Gainera, kalitatezko nekazaritza produktuen merkaturatzea hobetzeko sustapen ekimenetarako laguntzen 2008rako deialdia egin da, eta maiatzaren 14ko 143/2007 Foru Aginduan aurreikusitako arauak aplikatuko dira horretan.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren maiatzaren 14ko 143/2007 Foru Agindua aldatzea, foru agindu honen eranskinean azaltzen den moduan. Agindu haren bidez kalitatezko nekazaritza produktuen merkaturatzea hobetzeko sustapen ekimenetarako laguntzak emateko arauak ezarri ziren.

2. Kalitatezko nekazaritza produktuen merkaturatzea hobetzeko sustapen ekimenetarako laguntzen 2008rako deialdia onestea.

3. Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.

4. Ondoko gastuak baimentzea, foru agindu honen ondoriozko konpromisoak finantzatzeko:

a) 200.000 euroko gastua onesten da, Nafarroako 2008ko aurrekontu orokorretako "Merkaturatze ekimenak bultzatzeko laguntzak" izeneko 721000-72210-4701-413104 kontu-sailaren kargura.

b) 45.000 euroko gastua, Nafarroako 2008ko aurrekontu orokorretako "Irabazi asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak" izeneko 721001-72220-4819-413100 kontu-sailaren kargura.

c) 80.000 euroko gastua, Nafarroako 2008ko aurrekontu orokorretako "Nekazaritzako elikagaien artisau-enpresen elkarteentzako laguntzak" izeneko 721000-72210-4701-413102 kontu-sailaren kargura.

Nekazaritzako elikagaien artisau-enpresei onartutako eskaerei dagozkien laguntzak c) ataleko kontu-sailaren bidez ordainduko dira, dirua agortu arte, baina horrek ez du galaraziko aurreko ataletan ageri diren kontu-sailetara jotzeko aukera, baldin eta foru agindu honen 2. arauko baremoa aplikatuz hala badagokie.

Gainerako onuradunei dagozkien laguntzak a) eta b) ataletako kontu-sailen bidez ordainduko dira hurrenez hurren eta, soberakinik bada, nekazaritzako elikagaien artisau-enpresei dagokiena eman eta gero, c) ataleko kontu-sailaren bidez.

5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

7. Deialdi honen eta arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko apirilaren 8an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Kalitatezko nekazaritza produktuen merkaturatzea hobetzeko sustapen ekimenetarako laguntzak emateko arauen aldaketa

Bakarra.-Maiatzaren 14ko 143/2007 Foru Agindua aldatzea.

8. artikulua aldatu eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"8. artikulua. Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Foru agindu honek arautzen dituen laguntzak lehia bidez emanen dira.

2. Balorazio irizpideak:

Eskaerak ondoko baremoari jarraikiz lehenetsiko dira:

a) Nafarroan nekazaritzako elikagaien kalitatea babesteko irudiak dituzten produktuei zuzenduriko ekintzak.

-Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Artisautzako arauen mende dauden nekazaritzako elikagaiak ekoitzi, eraldatu eta/edo merkaturatzen dituztenen elkarte edo kooperatibek aurkeztutako eskaerak, sektore horretako ekintzak egiteko: 15 puntu.

-Ekintzetan aurreikusitako produktu guztiek kalitatezko deituren babesa dute (Jatorrizko Deiturak, Adierazpen Geografiko Babestuak, Ekoizpen Ekologikoa), JDan eta AGKan inskribatzeko fasean diren produktuak barne: 6 puntu.

-Aurreikusitako produktuetako batzuk kalitatezko deiturek babesturik daude (JD, AGK edo Ekoizpen Ekologikoa) edo garapen, ikerketa, mugaz gaindiko proiektuetan edo Interreg programaren barnean dauden nekazaritzako elikagaien balorea duten produktuak dira: 4 puntu.

-Kreditaturiko entitate batek egiaztaturiko marka duten produktuak: 2 puntu.

b) Nafarroako bazkide kopurua, haien enpresak dituzten helburuetan nekazaritzako elikagaiak ekoitzi, eraldatu edo merkaturatzea sartzen bada.

-100 kide baino gehiago: 6 puntu.

-50-99 kide: 4 puntu.

-10-49 kide: 2 puntu.

c) Azpisektoreen arabera.

-Aurreikusitako ekintzak barazki eta fruitu freskoen, olioaren eta jatorrizko deiturako ardoen ingurukoak dira: 6 puntu.

d) Merkatu edo gune berrietako ekintzak badira:

-Espainiatik kanpoko ekintzak badira: 3 puntu.

-Nafarroatik kanpoko ekintzak badira: 2 puntu.

e) Biztanleen segmentu zehatzendako berariazko ekintzak: puntu 1.

f) Ekintza motaren arabera.

-Kontsumitzailearen prestakuntza, zabaltze eta sentsibilizaziora zuzendutakoak: 6 puntu.

-Merkataritza misioak garatzera, komunikazio estrategia diseinatu eta sortzera eta merkaturatzean diharduten eragileen arteko harreman publikoak sustatzera zuzendutakoak: 3 puntu.

-Feriak antolatu eta horietan parte hartzera zuzendutakoak: 2 puntu.

-Merkataritza gune eta irteera berriak ikertzera zuzendutakoak: puntu 1.

g) Jarduera sektorearen barrenean tradizioa eta ospea duten eta finkatuta dauden ekintzak:

-Azken 10 urteotan onuradun berak jarraian gauzatutako ekintzak: 6 puntu.

-Azken 5 urteotan onuradun berak jarraian gauzatutako ekintzak: 3 puntu.

3. Eskabideek puntuazio bera lortuz gero, a) atalean puntu gehien duena lehenetsiko da eta, hala ere berdinketa hausten ez bada, lehenik aurkeztu dena."

Iragarkiaren kodea: F0805556