58. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

38/2008 FORU DEKRETUA, apirilaren 21ekoa, Esteribarko eta Uharteko udal mugapeak aldatzeko espedientea ebazten duena.

Esteribarko eta Uharteko Udalek Nafarroako Gobernuari eskatu diote, 2006ko maiatzaren 26ko eta abuztuaren 2ko idazkien bidez, hurrenez hurren, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 15.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Esteribarko eta Uharteko udal mugapeetako mugak aldatzeko espedientea tramitatzeko, Ollokilanda-Urbi izeneko zerbitzu poligonoaren eremuan bi herrien mugak egokitzeko, toki horretan industriako eta hirugarren sektoreko lurzoru urbanizagarriko sektore bat sortu baita eta bi herrien zati bat hartzen baitu. Hori dela eta, udal horiek lankidetzarako hitzarmena sinatu dute, sektore horretan beren hirigintza arloko politika koordinatzeko.

Esteribarko eta Uharteko Udalek, 2006ko maiatzaren 26ko eta 2006ko uztailaren 27ko osoko bilkuretan, hurrenez hurren, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluan eskatzen diren gehiengoekin, Esteribarko eta Uharteko udal mugapeetako mugak aldatzeko ekimena erabiltzeko erabakiak hartu zituzten, Ollokilanda-Urbi izeneko zerbitzu poligonoaren eremuan bi herrien mugak egokitzeko, toki horretan industriako eta hirugarren sektoreko lurzoru urbanizagarriko sektore bat sortu baita eta bi herrien zati bat hartzen baitu.

2007ko uztailaren 27an eta urriaren 3an, Udalek Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamenduaren 14. artikuluan eskatzen diren agiriak igorri zituzten. Uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen eta artikulu horretan xedatua bete egin zen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluak udal mugapeak aldatzeko prozesuak arautu ditu. Bigarren atalaren a) eta b) lerroaldeetan xedatzen da espedientea gutxienez ere bi hilabetez jendaurrean jarri behar dela eta denbora horretan entzunaldia eman behar zaiela prozesuak ukituriko udalei eta, bidezko bada, kontzejuei.

Horrenbestez, Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren, urriaren 17ko 1411/2007 Ebazpenaren bidez, Esteribarko eta Uharteko udal mugapeak aldatzeko espedientea ireki zen, jendaurrean jarri eta udal horiei entzunaldia eman zitzaien. Ebazpen hori 2007ko 140. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, azaroaren 9an.

Jendaurrean jarri eta entzunaldia emateko bi hilabeteko epe hori 2008ko urtarrilaren 9an bukatu zen. Espedientean entitate interesdunen ziurtagiriak ageri dira, alegazio bakar bat ere aurkeztu ez dela frogatzeko.

Espedientea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluan ezarririko prozedurarekin bat tramitatu denez eta lege bereko 13, 15, 16 eta 18. artikuluetan aipatzen diren betebeharrak betetzen direnez, 13. artikuluan aipatzen diren helburuak lortzeko, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak espedientea bukatutzat ematea, proposatzen diren muga aldaketak onartzeko.

Lurraldeak Mugatzeko Batzordeak 2008ko urtarrilaren 31ko bilkuran eman zuen irizpenak eta Nafarroako Kontseiluak 2008ko martxoaren 31ko 10/2008 irizpenak ere osatzen dute espedientea.

Horiek horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren irizpenarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2008ko apirilaren 21ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Esteribarko eta Uharteko udal mugapeen aldaketa onesten da. Udalerrien mugak udal horiek, hurrenez hurren, 2006ko maiatzaren 26an eta 2006ko uztailaren 27an egindako osoko bilkuretan, hurrenez hurren, hartutako erabakien bidez onetsitako planoetan adierazitakoak izanen dira.

2. artikulua. Toki Administrazioko Departamentuari foru dekretu hau betearazteko behar diren ekintza guztiak aurrera emateko agintzen zaio.

3. artikulua. Foru dekretu hau Esteribarko eta Uharteko Udalei jakinaraztea. Aditzera ematen zaie haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko apirilaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Amelia Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F0806308