58. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

37/2008 FORU DEKRETUA, apirilaren 21ekoa, uztailaren 30eko 212/2001 Foru Dekretua, beste autonomia erkidego batzuetara osasun laguntza jasotzera bidalitako Osasunbideko gaixoentzako bidaietarako, ostaturako eta otorduetarako dietak arautzen dituena, aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, Osasunari buruzkoak, 5.14 artikuluan xedatzen du Foru Komunitateko osasun administrazioak prestazio osagarriak jartzen ahal dituela, espres programatu eta aurrekontuan berariaz hornitutakoan gauzatuko direnak.

Uztailaren 30eko 212/2001 Foru Dekretuak ezartzen ditu beste autonomia erkidego batzuetara osasun laguntza jasotzera bidalitako Osasunbideko gaixoentzako bidaietarako, ostaturako eta otorduetarako dietak. Foru dekretu horren bidez gaixo horiek beste autonomia erkidego batzuetara osasun laguntza jasotzera bidalitzen direnean egin behar izaten dituzten gastuak arindu nahi dira.

Uztailaren 30eko 212/2001 Foru Dekretua onetsi zenetik orain arte iragandako denbora ikusirik, eta epe horretan dieten baldintza ekonomikoak berrikusi ez direnez, bidezko da horiek eguneratzea, dagokien Kontsumorako Prezioen Indizeak erreferentzia gisa harturik. Halaber, aipatu foru dekretuaren aplikazioak erakutsi du komenigarri dela aldaketa egitea zenbait agindutan. Horretan azpimarratu behar da Nafarroatik kanpora bidalitako gaixo guztiei baimena emanen zaiela beste pertsona batek lagunduta joateko, eta horrek bidaietarako, ostaturako eta otorduetarako behar diren dietak jaso ahalko dituela. Era berean, ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari behar diren xedapenak har ditzan foru dekretu honetan biltzen diren baldintza ekonomikoak eguneratzeko.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kon- tseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2008ko apirilaren 21eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Aldatu egiten da apirilaren 21eko 212/2001 Foru Dekretua, beste autonomia erkidego batzuetara osasun laguntza jasotzera bidalitako Osasunbideko gaixoentzako bidaietarako, ostaturako eta otorduetarako dietak arautzen dituena.

Bat. 2. artikulua aldatu da eta honela gelditu da idatzirik:

"2. artikulua. Laguntzailearen ostaturako eta otorduetarako dietak.

Osasun laguntza hartzera Foru Komunitatetik kanpora bidali eta aurreko artikuluan ezarritako baldintzak biltzen dituzten gaixoek eskubidea izanen dute laguntzaile baten ostaturako eta otorduetarako dietak jasotzeko, betiere foru dekretu honetan ezarritako mugekin."

Bi. 3. artikulua aldatu da eta honela gelditu da idatzirik:

"3. artikulua. Ostatuko eta otorduetarako dieten zenbatekoa eta mugak.

1. Kanpora bidalitako gaixoek laguntza ingresatu gabe jaso behar badute, hau da, erregimen anbulatorioan, ostaturako eta otorduetarako gehieneko dieta pertsonako eta eguneko 30 eurokoa izanen da.

2. Osasun laguntza gaixoa ingresaturik dagoela ematen bazaio, dietak baimendutako laguntzaileari ordainduko zaizkio.

3. Gaixoek 15 egunetik gorako denboran egon behar badute Foru Komunitatetik kanpo, hamaseigarren egunetik hasita ostatuko eta otorduetarako dieten gehieneko zenbatekoa, eguneko, ez da 30 eurotik gorakoa izanen, baimendutako laguntzailearen dietak barne.

4. Nolanahi ere, egun bakoitzeko ostaturako eta otorduetarako justifikatuko gastua ailegatzen ez bada aurreko idatz-zatietan ezarritako gehieneko zenbatekoetara, gastua justifikatzen duten fakturen zenbatekoa besterik ez da ordainduko."

Hiru. 4. artikulua aldatu da eta honela gelditu da idatzirik:

"4. artikulua. Bidaien gastua.

1. Foru dekretu honen 1. artikuluaren a) eta b) idatz-zatietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten gaixoek eskubidea izanen dute, laguntzaileek bezala, gaixoa bizi den herritik osasun laguntza emanen dion erietxerainoko eta bueltako bidaien gastuak ordain dakizkien.

2. Bidaien gastuetatik interesdunei, erabilitako garraiobidea edozein izanik ere, gehienez hauxe ordainduko zaie: osasun laguntza jasotzeko egin behar dituzten bidaien kopurua bider tren garraio arrunteko tarifa (bigarren klasea) edo autobuseko zerbitzu arrunta.

Lau. 5. artikulua aldatu da eta honela gelditu da idatzirik:

"5. artikulua. Ordaintzeko eskabidea eta justifikazioa.

Dieta eta gastuak ordaintzeko eskabidea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prestazio eta Itunen Zerbitzuan aurkeztuko da. Eskabide horrekin batera ostatuko eta otorduetako gastuaren jatorrizko fakturak aurkeztuko dira, baita erietxearen egiaztagiri bat ere, zeinetan adieraziko baita gaixoa zenbat egunez egon den ingresaturik edo zenbat egunez eman zaion osasun laguntza.

Transplantearen esperoan dauden gaixoak baldin badira, erietxeak aditzera eman beharko du bere ustez zenbat egunez den beharrezkoa gaixoa transplantea egin behar zaion hirian bizitzea."

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetzen diren xedapenak.

Foru dekretu honen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak indarrik gabe gelditzen dira, hari aurka egiten dioten heinean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Erregelamenduzko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari behar diren xedapenak har ditzan foru dekretu honetan biltzen diren baldintza ekonomikoak eguneratzeko.

Bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko apirilaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0806299