57. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

77/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 18koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak emana, Arteak Bultzatzeko Vianako Printzea Sariak sortzen dituena.

Azaroaren 21eko 241/1984 Foru Dekretuak sortutako Nafarroako Kultura Kontseilua Foru Komunitateko eremu desberdinetako kultura jardueraren ordezkaritza organoa da. Bere eginkizuna Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari eremu horretan informazioa eta aholku ematea da, bai eta Nafarroako kultur garapena bultzatzen duten artearen prestakuntzan, sormenean eta zabalkundearen eremuetako ekimenak sustatzea ere.

Bere eginkizuna betetzeko, Nafarroako kultur garapena bultzatzen duten zenbait ekimen sustatzen ditu. Beharbada, ekimen horien artean garrantzitsuenetakoa Vianako Printzea Kultura Saria emateko urteroko proposamena da. Saria martxoaren 15eko 56/1990 Foru Dekretuaren bidez sortu zen eta bere helburua euren jardunean bereizitako artista, sortzaile, ikertzaile edo kultur entitateen bakarkako edo taldetako ibilbideak aintzatestea da.

Hala ere, ibilbide artistiko eta profesional horien oinarriak prestakuntza ona eta etengabeko dedikazioa direla kontuan hartuta, Nafarroako Kultura Kontseiluak egokitzat jo du Nafarroako artisten prestakuntza suspertzea eta, ahal den heinean, artistek jarduera sortzailetara dedikatzea erraztea.

Helburu horrekin, 2007ko maiatzaren 2an egindako bilkuran, Nafarroako Kultura Kontseiluak erabaki zuen Arteak Bultzatzeko Vianako Printzea Sarietan hiru sari berri ematea proposatzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari. Sari horiek Nafarroako Gobernuak Nafarroako sortzaileei ematen dizkien laguntza eta bekak osatuko ditu eta artista horiek euren ibilbide profesionaletara dedikatzea akuilatuko dute.

Horrenbestez, Nafarroako Kultura Kontseiluak egindako proposamenarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1g) artikuluan ematen zaizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Arteak Bultzatzeko Vianako Printzea Sariak sortzea.

2. Arteak Bultzatzeko Vianako Printzea Sarien arauak onestea.

3. 75.000 euroko gastua baimentzea 2008ko sariak emateko, ekitaldi honetako gastuen aurrekontuko "Sariak" izeneko A20002 A2500 4809 331100 kontusailaren kargura.

4. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

ARTEAK BULTZATZEKO VIANAKO PRINTZEA SARIEN ARAUAK

1. artikulua. Helburua.

Arteak Bultzatzeko Vianako Printzea Sariak sortzea, hiru emanen direlarik eta urteroko maiztasunarekin.

2. artikulua. Helburua.

1. Arteak Bultzatzeko Vianako Printzea Sarien helburua Nafarroan sortutako edo erroldatutako 35 urteen azpiko artisten, sortzaileen eta ikertzaileen prestakuntza bultzatzea da. Sarien diru-kopurua artista horien ibilbide profesionalak inplementatzeko erabiliko da.

2. Ezintasunak dituzten pertsonen integrazioa indartzen duten giza balioak azpimarratzeko, sarituetako bat ezintasunen bat duen pertsona izanen da. Baldintza hori ziurtatu egin beharko du.

3. artikulua. Kopurua.

1. Sarien diru-kopurua urtero ezarriko da, aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

2. Hiru sarietako bakoitzaren diru-kopurua ez da inola ere izanen urtero ezarritako diru-kopuruaren herena baino handiagoa.

4. artikulua. Hautagaitzen aurkezpena.

1. Hautagaitzak Nafarroako Kultura Kontseiluan aurkeztu beharko dira, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitarte, biak barne.

Ondoko hauek egiten ahal dituzte hautagaitzak:

a) Nafarroako Kultura Kontseiluko kideak edo bere edozein batzordek.

b) Legez eratutako kultur erakundeak.

2. Hautagaitzekin batera hautagaitza justifikatzen duten merezimenduen azalpen arrazoitua aurkeztu beharko da, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren erregistroan, Kultura Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietan aurkeztuko dira.

5. artikulua. Emateko proposamenak.

1. Nafarroako Kultura Kontseiluak, osoko bilkuran, sariak emateko proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariari.

2. Proposamen horiekin batera tutore edo aholkulari baten izendapena aurkeztuko da, Nafarroako Kultura Kontseiluko kideen artean aukeratutakoa, sariak eman eta hurrengo urtean saritu bakoitzaren prestakuntza eta sormen prozesuaren jarraipena eginen duena. Jarraipen epea bukatu ondoren, tutore edo aholkulariek saritutako artisten bilakaeraren berri emanen diote Nafarroako Kulturaren Kontseiluari.

3. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak uste badu ez dela garrantzi nahiko duen hautagaitzarik aurkeztu, sariak eman gabe uzteko proposamena egiten ahalko du.

4. Ezgaitasuna ziurtatuta duten pertsonik ez bada edo saririk ez badute merezi, Nafarroako Kulturaren Kontseiluak beharrezko merezimenduak dituen beste artista baten hautagaitzaren aldeko proposamena egiten ahalko du.

6. artikulua. Sariak ematea.

1. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak proposatuta, sariak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emanen ditu, prestakuntza prozesuaren osagarri gisa eta hautagaien proiekzio berezia kontuan hartuta. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak eman beharko du prozesuaren eta proiekzioaren berri.

2. Sariak jendaurreko ekitaldi batean emanen dira, urtero ezarriko diren data eta tokian.

7. artikulua. Publizitatea.

Emandako sariak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-2008ko ekitaldirako proposamenak.

2008. urteari dagozkion proposamenak maiatzaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak 2008ko ekainaren 30a baino lehen eginen du Arteak Bultzatzeko Vianako Printzea Sariak emateko proposamena.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko apirilaren 18an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

Iragarkiaren kodea: F0806205