56. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 5a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BAZTAN

Jorge Oteiza Etnografia Museoko Zuzendaritza Kontseiluaren estatutuak. Behin betiko onespena

Baztango Udalak, 2008ko martxoaren 17ko osoko bilkura arruntean, ondokoa erabaki zuen:

Lehena: Jorge Oteiza Etnografia Museoko Zuzendaritza Kontseiluaren estatutuetan, 2008ko otsailaren 1ekoak, ondoko zuzenketak sartzea:

1. artikuluaren lehen paragrafoan, kendu da honela dioen tartea: (sendoturik egonagatik ere, utzikeriak joa zegoen eta lehengoratzeko aukerarik gabea).

17. artikuluaren lehen paragrafoan, kendu da honela dioen tartea, oker baitago: (bi)

Bigarrena: behin betikoz onestea, aitzineko puntuan adierazitako zuzenketak sarturik, Jorge Oteiza Etnografia Museoko Zuzendaritza Kontseiluaren estatutuak, 2008ko otsailaren 1ekoak. Haien testua egungo bilkurari dagokion espedientean dago, eta hari erantsi zaio oraingo aktaren I. eranskin gisa. Orobat onetsi da haiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan aurreikusitako ondorioak izan ditzan.

Baztanen, 2007ko urtarrilaren 11n.-Alkatea, Virginia Alemán Arrastio.

I. ERANSKINA

Jorge Oteiza Etnografia Museoko Zuzendaritza Kontseiluaren estatutuak

I. TITULUA

Aurrekariak, izena eta eskumenak

1. artikulua. Elizondoko herriak, museoaren proiektuaren sustatzaile taldearen bidez, lortu zuen, 2001eko irailaren 12an, Puriosenea etxearen lagapena. Eraikinaren titularra Iturria Reparaz familia zen, Braulio Iriarte karrikan dago eta interes historiko eta artistiko handia zuen.

Baztango Udalak eta Elizondoko herriak kezkaz ikusi zuten etxearen egoera, Nafarroako Monumentuen Katalogoan agertzen baitzen, eta Nafarroako Gobernuari adierazi zioten beraz arduratzeko gogoa, Baztango oroimen historikoa atxikitzeko, Puriosonean museo etnografikoa sortuz eta, bertan aterpetu, berreskuratu eta bildu beharrez iraganean erabili ohi ziren gauzetarik etnografiaren eta kulturaren aldetik balio dutenak. Gisa hartara zaindu nahi da Baztango ondare etnografikoa eta kultur ondarea, antzina-antzinatik belaunaldiz belaunaldi eskuz esku iragan dena.

2. artikulua. Nafarroako Gobernuak hasieratik agertu du interesa Puriosenean museo etnografikoa sortzeko proiektuan; hartarako, lankidetzan ari izan da Baztango Udalarekin, Elizondoko herriarekin eta proiektua bulkatu duten Baztango bizilagunekin, Puriosenea zaharberritzearen finantzaketan museo etonografiko bilaka zedin. Hartara, 2002ko azaroaren 19an, Hezkuntza eta Kultura kontseilari Jesús Laguna Peñak, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilari Nuria Iturriagagoitia Ripiok, Baztango Udaleko alkate Francisco José Oyarzábal Irigoyenek eta Elizondoko herriko alkate Ana María Marín Gutiérrezek, lankidetza hitzarmena sinatu zuten, "Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoa sortzeko. Hondarreko, orobat aipatu behar ditugu bertzelako diru ekarpenak, banku entitate eta partikularren aldetik bilduak, baita Baztango bizilagun batzuek egin duten lan eskuzabala ere.

3. artikulua. Oraingo honetan burutuak dira Puriosenea zaharberritzeko eta museo etnografiko bilakatzeko lanak; 2003ko apirilaren 14an ireki zen jendearendako.

4. artikulua. Egokitzapen lanak burututa, "Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoko zuzendaritza organoa sortuko da, gehienez ere 6 kide izanen dituena. Burutza partekatua izanen da; hartarako, urtero txandakatuko da Baztango Udaleko alkatearen eta Elizondoko herriko alkatearen artean. Zuzendaritza organoko buruak kalitate botoa izanen du.

5. artikulua. Zuzendaritza Kontseilu horrek xede hauek izanen ditu:

a) Abantzu edo batere erabiltzen ez den ondaretik Baztanen oraino gelditzen den ondarea biltzea.

b) Baztanen den ondare etnografiko zabala berreskuratzea, desagertzeko arriskuan baitago.

c) Baztanek kultura eta turismoaren aldetik duen azpiegitura sendotzea. Horretarako Zuzendaritza Kontseiluak hainbat jarduketa eta jarduera proposatuko ditu hainbat kultur alorretan, "Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoa kulturaren haize emaile eta bulkatzaile lehan mailakoa izan dadin Baztanen.

6. artikulua. "Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoko Zuzendaritza Kontseiluaren egoitza eta jardun leku nagusia Puriosenean izanen da, Elizondoko Braulio Iriarte karrikan.

Nolanahi ere, Zuzendaritza Kontseiluak sustatzen duen kultur jarduera bertze ingurune fisiko batzuetan gauzatzen ahalko da, bereziki Baztan bereko bertzelako leku eta herrietan.

7. artikulua. Berezko nortasun juridikorik gabeko zuzendaritza organoa izanen da "Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoko Zuzendaritza Kontseilua.

8. artikulua. "Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoa Udalarena izanen da.

II. TITULUA

I. KAPITULUA

Zuzendaritza Kontseilua, araubide juridikoa eta gobernu organoak

9. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluak izanen ditu "Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoaren zuzendaritza eta gobernua.

10. artikulua. Delako Zuzendaritza Kontseilua honela osatuko da:

-Baztango Udaleko hiru kide, honako hauek:

-Baztango Udaleko alkate udalburua.

-Baztango Udaleko bi zinegotzi, Baztango Udalak osoko bilkuran izendatzen dituenak.

-Elizondoko herriko hiru kide, honako hauek:

-Elizondoko herriko alkatea.

-Elizondoko herriko bi ordezkari, Elizondoko herriak bertako bizilagunen artean batzarrean hautatzen dituenak.

Zuzendaritza Kontseiluak berak erabakitzen duena ariko da Zuzendaritza Kontseiluko ordezkari; hura Baztango kultur jarduerarekin edo "Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoaren sorrerarekin ikusteko duten jendeen artean izendatuko da. Idazkariak parte hartzen ahalko du Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuretan, hizpide duela baina botorik ez.

Orobat izanen da Zuzendaritza Kontseiluaren organo aholku emailea, gehienez ere Baztango zortzi bizilagunek osatua.

"Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoaren proiektuaren sustatzaile taldekoak baitira, honako hauek organo aholku emaileko partaide izanen dira: Ana María Marín Gutiérrez, Juan José Leiza Etxandi, Leandro Santamaría Alcocer, Santiago Aldako Aleman, Agustín Olabe Oskaritz, Eduardo Zubikoa Viela eta Isabel Iturria Reparaz edo familiak izendatzen duena.

Gainerako hirurak Zuzendaritza Kontseiluak izendatuko ditu.

12. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluko buruak ahalmen hauek izanen ditu:

a) Zuzendaritza Kontseiluaren bilkura arrunt nahiz berezietarako deia egitea, eta haietan buru izatea.

b) Zuzendaritza Kontseiluaren barnean hartutako erabakiak bete eta betearaztea.

c) Zuzendaritza Kontseiluaren xede eta helburuak betetzen direla begiratzea.

d) Berezko bertze ahalmen batzuk.

13. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluko kideak nola hautatu diren, gisa berean dira kargugabetuko eta haien ordezkoak hautatuko.

14. artikulua. Baztango Udalak Zuzendaritza Kontseiluan dituen ordezkariak Udalbatza berritzen denean berrituko dira betiere.

Elizondoko herria ordezkatzen duten bi bizilagunak, berriz, Elizondoko herritarren Batzarreari komenigarri iruditzen zaionean.

Elizondoko herriko alkateak pertsona bat izendatzen ahalko du, bere ordezkari izan dadin; hura ez da inola ere "Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoko Zuzendaritza Kontseiluko burua izaten ahalko.

II. KAPITULUA

Zuzendaritza Kontseiluaren eskumenak

15. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluak eskumen hauek izanen ditu:

a) Bulkatzea abantzu edo batere erabiltzen ez den ondaretik Baztanen oraino gelditzen denaren berreskurapena.

b) Bulkatzea Baztanen den ondare etnografiko zabalaren berreskurapena.

c) Bulkatzea Baztanek kultura eta turismoaren aldetik duen azpiegitura sendotzea. Horretarako Zuzendaritza Kontseiluak hainbat jarduketa eta jarduera proposatuko ditu hainbat kultur alorretan.

d) Bulkatzea eta sostengatzea museoa kudeatu, administratu eta ustiatzeko eredurik hoberena eta eraginkorrenaren egituratzea.

e) Bulkatzea eta erraztea gaian aditua den teknikari batek museo proiektu bat prestatzea.

f) Bulkatzea eta sostengatzea museoan diren piezen funts museistiko edo inbentarioa prestatzea, gero horiek katalogatu ahal izateko.

16. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluak, bere eskumenak garatzean, harreman estua izanen du organo aholku emailearekin.

Organo aholku emaile horrek proposamenak egiten ahalko ditu Zuzendaritza Kontseiluaren eskumenen garapenaren inguruan. Nolanahi ere, proposamen horiek ez dira lotzaileak izanen Zuzendaritza Kontseiluarendako, kontuan hartzen ahalko baditu ere.

III. KAPITULUA

Zuzendaritza Kontseiluaren funtzionamendu araubidea

17. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluak, gutienez, hiru hilabetetik behin eginen ditu bere ohiko bilkurak, eta aparteko bilkurak, berriz, gaien garrantziak horretara behartzen duen aldiro.

Kontseiluburuak eginen du Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuren deialdia, edo bertzenaz, Zuzendaritza Kontseiluko kideen heren batek hala eskatuta. Batean nahiz bertzean deialdia gutienez ere 48 ordu lehenago egin beharko da; deialdian Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuran eztabaidatu beharreko gaien zerrenda etorriko da.

Zuzendaritza Kontseiluaren bilkurak baliozkoak izan daitezen, lehen deialdian, kideen erdia gehi bat izan beharko dira bertan. Bigarrenean, berriz, hiru kideko gutieneko quoruma beharko da, kontseiluburua edo haren ordezkoa barne dela.

18. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluak hartzen dituen erabakiek gehiengo soila behar dute baliozkoak izan daitezen.

Aitzinekoaren salbuespen izanen dira museoaren etorkizunerako garrantzi eta munta handia duten erabakiak, edo museoari hiru mila euro baino betebehar ekonomiko handiagoa ekartzen ahal diotenak. Halakoetan, Zuzendaritza Kontseiluko kideen erabateko gehiengoarekin berretsi beharko dira erabakiak.

Nolanahi ere, aginduzkoa izanen da, nahiz eta loteslea ez, aholku eskatzea "Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoko organo aholku emaileari, betiere erabakiak hartzen ez direnean kasu bakoitzean deskribatzen diren gehiengoarekin.

19. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluak egiten dituen bilkura guztietatik, behar diren aktak eginen dira. Zuzendaritza Kontseiluko idazkariak idatziko ditu eta bilkura bakoitzean parte hartzen duten kide guztiek sinatuko dituzte.

20. artikulua. Erranak erran, Zuzendaritza Kontseiluak bilera eginen du urtero Repáraz familiarekin, Puriosenearen jabea baita, hauen berri emateko: museoaren bilakaera, etorkizunerako planak, jarduerak, etxearen egoera, etab..

IV. KAPITULUA

Museoaren kudeaketa eta ustiapena

21. artikulua. Baztango Udalak kudeatzen eta ustiatzen ahalko du, zuzenean, "Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoa edo, bertzenaz, zeharka, pertsona fisiko edo juridiko batek, Iturria Repáraz familiak horretarako baimena emanez gero museoko Zuzendaritza Kontseiluaren estatutuetan oinarriturik.

Zeharkako kudeaketaren aldeko haututa eginez gero, Baztango Udalak, Zuzendaritza Kontseiluarekin elkarlanean, baldintza edo klausula administratiboen agiri bat prestatuko du, eta hartan oinarriturik esleitu museoaren kudeaketa eta ustiapena, deialdian interesatu diren pertsona fisiko eta juridiko guztien artean.

Esleipena Baztango Udalak eginen du, osoko bilkuran horretarako erabakia hartuta.

22. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluaren eta esleipen hartzailearen artean lankidetza harreman estua sortu beharko da, elkarlanean ari beharko baitute batak bertzearekin, alderdi bakoitzak bere dituen eskumenak garatzeko tenorean.

23. artikulua. Kudeaketa egitean, esleipen hartzaileak organo bakarra izanen du solaskide, Zuzendaritza Kontseilua, eta harekin bakarrik zuzeneko harremana izanen.

III. TITULUA

Xedapen orokorrak

24. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluak erabakiko ditu barne araubiderako beharrezkoak iruditzen zaizkion erregelamenduak. Zehatz-mehatz, Museo Etnografiko Lagunen Elkartearen sorrera bulkatuko du. Hartan sartuko dira funts museistikoen dohaintza eta legatuak egiten dituzten pertsona eta entitateak baita, oro har, "Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoaren xedeak garatzen eta betetzen manera eraginkorrean laguntzen dutenak ere.

25. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluak eginen du estatutu hauen eta, halakorik bada, barne araubidearen erregelamenduaren interpretazioa, deusetan ukatu gabe 18. artikuluko hirugarren paragrafoan ezarri dena.

26. artikulua. "Jorge de Oteiza" Baztango Etnografia Museoko Zuzendaritza Kontseilua iraungiten bada, Baztango Batzarre Orokorra izanen da haren ondorengo unibertsala.

27. artikulua. Estatutu hauek Baztango Udalak onetsi beharko ditu, osoko bilkuran batzartuta. Haien aldaketa ere Baztango Udalak onetsi beharko du, osoko bilkuran batzartuta.

28. artikulua. Estatutu hauetan aurreikusi gabeko orotan, aplikatzekoak izanen dira Foru Komunitatean indarra duten lege eta erregelamenduak eta gainerako xedapen orokorrak.

Iragarkiaren kodea: L0805600