56. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 5a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARRUAZU

Udal ordenantza, Arruazuko bide eta pisten erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Arruazuko Udalak, 2008ko urtarrilaren 8an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Arruazuko bide eta pisten erabilera arautzen duen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2008ko 27. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 29an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Arruazun, 2008ko apirilaren 1ean.-Alkatea, Jesús María Gamboa Gamboa.

ORDENANTZA, ARRUAZUKO BIDE ETA PISTEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Arruazuko herribide publikoen sarea arruazuar guztien ondarearen zati da. Bestetik ere, berebiziko garrantzia du udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Herriko pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Arruazuko natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Helburua horixe izanik, Arruazuko Udalak ordenantza hau onetsi du:

ORDENANTZA:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Arruazuko herribide publikoen sarearen erabilera arautuko du.

2. artikulua. Herribideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Arruazuko herribide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1.-2 metro zabaleko bideak edo zabalagoak.

a) Auzoetako bideak, gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen ditu, beren etxeetara edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiapenetara joateko.

b) Baserrietako bideak, gehienetan aitzineko horien adar izaten direnak, herritar batek edo guti batzuek baserrietan eta haien inguruko ustiategietan sartzeko erabiltzen dutenak.

c) Baserrien arteko bideak, gehienetan baserrietako sarbideen jarraipena izaten direnak, haien artean komunikazioa izateko.

d) Pista nagusiak, mendietako halako eremu zabaletara iristeko erabiltzen direnak, edota inguruko herrietara iristeko erabiltzen direnak. Erabilera anitzetakoak izaten dira: basogintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza. Arruazuko kasuan, halakotzat jotzen da Amurgingo lurzati berrantolamenduko bidea.

e) Bigarren mailako pistak, sare nagusiaren osagarri direnak, eta mendi, basoberri, belai eta bertze zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dutenak.

f) Egurra ateratzeko bide-adarrak eta bideak, sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea.

Aunitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ez dira ibilgailuak sartzekoak.

2.-Bide meharrak, 2 metro zabal baino estuago direnak.

a) Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Arruazuko Udalak zainduko du 2.1.a), b), c), d) eta e) ataletan zehazten diren herribide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko moduan. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bertzelako bideak (bertzeen adar direnak, bidexkak).

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora eremu irekietan barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, bai bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna bai hori baino zabalagoak diren pistetan barna, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduerekin zerikusia duten ibilgailuak. Ibilgailuak aparkatu beharko dira pistetatik hurbil eta horretarako seinalatuak dauden tokietan.

Udalak itxi eginen du hermendirako sarrera, alanbre-hesia erabilita, eta hartara sartzeko langak ezarriko ditu propio, giltzarrapo batez itxita egonen direnak. Horregatik, edozein ibilgailu motarekin hermendira sartu nahi dutenek bertako giltza eskatu beharko dute.

Giltzarrapo horien kopia bana emanen zaie Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuari, Guardia Zibilari, Foruzaingoari eta Suhiltzaile Zerbitzuari, hermendira behar dutenean sartu ahal izateko, betiere euren lanen eginkizunen barrenean.

5. artikulua. Auzoetako bideetan eta baserrietako sarbideetan ibiltzeko baimen orokorra.

Sailkapeneko lehenbiziko bi pistetan (auzoetako pistak eta baserrietako sarbideak), baimentzen da motozikletak eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunak ibiltzea.

Ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik goitiko ibilgailuak ibil daitezke, beteire baserriaren bizimoduarekin lotuak dauden erabilera edo zerbitzuetakoak badira.

6. artikulua. Baimena, motozikleta eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunentzako, pista jakin batzuetan barna zirkulatzeko.

Udalak onetsiko du pista nagusien zerrenda bat, zeinetan barna motozikletek eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunek libre izanen baitute ibiltzea.

Udalak berak aldatzen ahalko du zerrenda hori, kontuan hartuz momentu bakoitzeko goiti-beheitiak, pisten egoera edo berak ikusten duen beste arrazoiren bat.

7. artikulua. Debekua, pistetan ibiltzeko.

Arruazuko gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu eta nekazaritzari, abeltzaintzari, basogintzari edo baimena duten bertzelako jarduerei lotutako ibilgailuak badira.

8. artikulua. Eskumena, baimena emateko.

Udalak emanen du Arruazuko pistetan barna ibiltzeko baimena. Baimena eskatzen ahalko dute Arruazuko herritarrek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta beste pertsonek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.

Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako edo denbora tarte baterako eta toki jakin batzuetan ibiltzeko.

9. artikulua. Baimena, ardatz bakoitzeko 3,5 tona baino gehiagorako ibilgailuetarako.

3,5 tonatik goitiko ibilgailu guztiek baimena beharko dute Arruazuko herribide publikoetan barna ibiltzeko, salbu eta 5. artikuluko 2. lerroaldean zehazten direnak badira. Baimen hori udalak eman beharko du.

10. artikulua. Garraioa, zura ateratzeko aprobetxamendu pribatuetako.

Mendi pribatuetako zur aprobetxamenduetarako betebeharrak eta kargak dagokion ordenantza fiskalean ezarriko dira.

11. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Erakunde eta ente publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren egitekoetan ari direnean.

12. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Arruazuko mendiko pista guztietan gehieneko abiadura 25 kilometro orduko izanen da.

13. artikulua. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.

Istripurako arriskuak apaltzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

14. artikulua. Jarduera debekatuak.

Lehiaketak, lasterketak eta taldeka eta motorretan antolatzen diren turismo jarduerak espreski debekaturik gelditu dira, hala nola pasealariei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa-faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisa, udalak baimena ematen ahalko du taldean antolatzen diren ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.

15. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.

16. artikulua. Pisten inbentarioa.

Arruazuko hermendia antolatzeko proiektuan, 2007ko azaroaren 22an onetsi baitzen.

Honez gero eginak daude Arruazuko pista guztien inbentarioa eta sailkapena.

17. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustetzat hartuko da.

18. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek isuna ekarriko dute, zehapen gisara, zeina gehienez ere 150 euro izanen baita, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen dirubilketa.

Iragarkiaren kodea: L0805543