56. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

664/2008 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena Urdiain-Altsasuko industrialdearen proiektuari buruz. Sustatzailea Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua da, Navarra de Suelo Industrial, S.A.ren bitartez.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3. eranskineko A)4 atalean ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan sektorialei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plana onestearekin batera edo lehenago.

2001eko uztailaren 2ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratu zuen Urdiain-Altsasuko industrialdearen proiektua, Nafarroako Gobernuko Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatua, eta espedientea jendaurrean jartzeko eta Urdiaingo eta Altsasuko udalei entzunaldia emateko tramiteak egin zituen, biak batera.

Nafarroako Gobernuaren erabaki hori 2001eko 106. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 31n. Jendaurreko epean 40 alegazio-idazki aurkeztu dira eta haietako bostetan bakarrik alegatzen da ingurumenari buruzko zerbait.

2006ko irailaren 22an, Nafarroako Industria Lurzorua, S.A.k Urdiain-Altsasuko industrialdearen UPSaren dokumentazio berria aurkeztu zuen, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egiteko, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz..

Aurkeztutako dokumentazioak, gainera, erantzuna eman nahi die 2001ean tramiteak hasi zirenetik egindako eskaera, txosten eta alegazioei, eta horregatik, 2006ko iraileko Ingurumen ondorioen azterlanarekin batera, Arakil ibaian Urdiain eta Zangitu (Altsasu) parean 1999an egindako azterlan hidrauliko bat aurkeztu da, bai eta Arakil ibaian Urdiain eta Zangitu (Altsasu) parean egindako beste azterlan hidrauliko bat ere, 2001eko irailekoa, 500 urtean behingo uholdearen kalkulu hidraulikoari erantsirik.

Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak 2006ko ekainaren 6an emandako adostasun txostena ere aurkeztu da. Txosten horretan kontuan hartu dira Gabinete Trama, S.L. enpresak Sanjuanazpi alderdian (Urdiain) egindako prospekzioa eta zundaketa arkeologikoak. Prospekzio eta zundaketa horietan ez da aztarna arkeologikorik aurkitu. Oraindik ezarri gabe daude Zangitu (Altsasu) alderdirako erabilera xehakatuak eta bertako antolamenduko determinazio egituratzaileak. Horregatik, ez da egin ez prospekzio trinkorik ez zundaketarik bertan dagoen Erdi Aroko gunea mugatzeko. Hori dela eta, txostenak dioenez, Zangitu alderdia garatu baino lehen ziur jakin behar da ondare arkeologikoarekin bateraezina den eraginik ez dagoela. UPSa onetsi ondoren eta hirigintzaren garapena sustatu aurretik, beraz, sustatzaileak zundaketak egin behar ditu Altsasuko 3. poligonoko 1616., 1624., 1625. eta 1626. lurzatietan.

Espedientera bildu zen orduko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ur Baliabideen Atalak 2006ko abuztuaren 11n emandako txostena, UPSaren espedientearen aldekoa. Txostenak dio alderdi horretan ez litzatekeela uholderik izanen, "Argaren eta Cidacosen arroen antolamendu hidraulikoa eta ibai horiek gainezka egitean urak hartzen ahal dituen zonen mugapena" izenburuko azterlaneko datuen arabera (Nafarroako Gobernua, 2001eko abendua). Aldeko txosten horrek ez du ukatzen Administrazio Publikoetako beste organo batzuen lizentzia edo baimenak eskuratu beharra, edo Arroko Erakundeak txostenean dioena, uren jabari publikoaren defentsari eta korronteen erregimenaren zaintzari buruz dituen eskumenak betetzeko.

Ingurumen ondorioen adierazpen honen I. eranskinean labur deskribatzen dira UPSan bildutako jarduketak, eta II. eranskinean Ingurumen ondorioen azterlanaren laburpena dago.

Martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak bere txostenean Ingurumen ondorioen azterlana nahikoa zela adierazi eta gero, Ingurumen zuzendari nagusiak azaroaren 27an emandako 2787/2006 Ebazpenaren bidez jendaurrean azaldu zen Ingurumen ondorioen azterlana, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren dokumentazioarekin batera, berrogeita bost egunez (2007ko 4. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, urtarrilaren 8koa).

Urdiaingo Udalak hala eskaturik, espedientea jendaurrean egoteko epea 2007ko martxoaren 27ra arte luzatu zen (otsailaren 28ko 390/2007 Ebazpena, Ingurumen zuzendari nagusiak emana). Epe horretan 10 alegazio-idazki aurkeztu ziren, haietako 4 ingurumenari buruzkoak.

Ingurumen ondorioen adierazpen honen III. eranskinean labur azaltzen dira ingurumenari buruzko alegazioak, bai 2001eko jendaurreko aldian aurkeztu zirenak eta bai 2007koak ere, eta erantzuna ematen zaie.

2007ko martxoaren 5eko idazkiaren bidez, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak zenbait gauza zehazteko eskatu zion sustatzaileari, besteak beste, eskualdean lehendik zeuden industria lurzoruko eremuen balorazioa, haien egungo erabilgarritasun maila, eta industria lurzorua garatzeko aztertutako alternatiba guztien azalpen zehatza. Mankomunitatearen txostena eskatu zitzaion, edateko uraren eskuragarritasunari buruzkoa, eta Urdiaingo araztegiaren ahalmenaren ebaluazioa, industrialde berriko hondakin urak hartzeko gai ote zen jakiteko. Adierazi zitzaion UPSko araudian preskripzio egokiak jaso behar zirela jardueretan sortuko ziren hondakinei buruz. Ingurumen ondorioen azterlanean eta planoetan jasotako zuzenketa eta lehengoratze neurrien xehetasun grafikoak eskatu zitzaizkion, eta eraikuntzen xehetasunak, eta ordain gisa anfibioentzat egin behar ziren putzu egokituen aurrekontua.

2007ko azaroaren 7an, sustatzaileak, Nafarroako Industria Lurzorua, S.A.k, "Urdiain-Altsasuko jarduera eremuaren dokumentazioaren eranskina" aurkeztu zuen, eskatutako zehaztasunak emateko. Alternatiben azterlana aurkeztu zuen. Bertan bi aukera alderatzen dira, funtsean: 1. alternatiba, hau da, industrialde handi bat Urdiain-Altsasun, eta 2. alternatiba, hau da, industrialde ertain edo txikiak inguruko sei udalerritan.

Adierazten da Sakanako Mankomunitateak lau txosten eman dituela UPSari buruz eta bakar batean ere ez duela ezbaian jarri industrialdeko edateko uraren hornidura. Gaineratzen da Toki Azpiegituren Zerbitzuak bere iritzia azaldu duela, esanez Plan Zuzentzaileak kontuan hartu zituela industrialde honen beharrak eta edateko uraren araztegia industrialdea baino gorago egin zela, edateko uraren hornidura bermatzeko. NILSA enpresa publikoak aldeko bi txosten eman zituen. Haietan adierazten da Urdiain-Altsasuko hondakin uren araztegiak baduela nahikoa ahalmen industrialde berriko komunetako isurkinak tratatzeko. Industria prozesuetako isurkinetarako, berriz, kontuan hartu beharko da, kasuz kasu, eta prozesuok ezartzeko behar den ingurumen baimenaren tramitazioaren barnean, ea Urdiain-Altsasuko hondakin uren araztegian tratatzen ahal diren, berariazko aurretratamenduarekin edo halakorik gabe.

Adierazten da UPSak ez duela aurreikusten hondakin ura ibaira zuzenean isurtzerik, eta jardueraren batek hala behar badu, proposamena egin beharko duela, jardueraren baimena eta isurketarena tramitatzen dituenean, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak eta Ebroko Ur Konfederazioak ezartzen dituzten baldintzak betez.

Gogorarazten da UPSko hirigintzako araudiaren 23. artikuluak azaltzen duela nola isuri behar den ura hodi biltzaile publikoetara, eta indarra duen legeriak hodi biltzaile publikoetan onar daitezkeen isurkinen ezaugarriak mugatzen dituela.

Zuzenketa eta lehengoratze neurrien planoa aurkeztu da. Plano horretan ageri da non eginen diren zuhaitz landaketak, ereite hidraulikoak eta eskuzko ereiteak eta non botako den landare lurra. Ibaiaren, autobiaren eta trenbidearen ondoan industrialdea mugatzen duten berdeguneak ere ageri dira.

Azkenik, berariazko agiri bat aurkeztu da, ordain gisa anfibioentzako putzuak egiteari buruzkoa. Sei putzu egitea proposatzen da, Quercus robur-en harizti bateko bi tokitan banatuta. Agirian zehaztasunez azaltzen dira neurriak, obren xehetasunak, lan metodoa eta aurrekontua.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du Udalez gaindiko Plan Sektorialeko proposamenak ingurumenari kalte nabarmenik egin gabe garatzen ahal direla, betiere Ingurumen ondorioen azterlanean eta dokumentazio osagarrian azaltzen diren prebentzio eta zuzenketa neurri guztiak gauzatzen badira, eta zuzenketa neurri gehiago ezarri ditu.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak Nafarroako Industria Lurzorua, S.A.ren bitartez sustatu duen Urdiain-Altsasuko industrialdearen proiektuari buruz Ingurumen ondorioen adierazpena egitea, baldintza hauen pean:

-Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak agintzen duen moduan, norbaitek ingurumen baimena eskatzen duenean industrialdean industria instalazioren bat ezartzeko, kontuan hartu beharko du bere hondakin ur industrialak tratatu beharra izan dezakeela industrialdeko sarera isuri aurretik, kasuan kasuko isurkinen ezaugarrien arabera eta Urdiain-Altsasuko hondakin uren araztegiaren ahalmenaren arabera.

-Industrialdeko industria edo zerbitzu instalazioetan, komunetako hondakin urak industrialdeko ur beltzen sarera hustuko dira, eta gero Urdiain-Altsasuko hondakin uren araztegian tratatuko dira.

-Hondeaketa lanetako lur soberakinak obrak egiteko erabiliko dira, ahal dela Urdiain-Altsasuko industrialdean bertan. Ez dira eramanen hondakin inerteetarako hondakindegira.

-Drainatze sistema iraunkorrak ezarri behar lirateke, azaletik isurtzen den uraren emaria gutxituko dutenak eta urbanizatu aurretik izandako hidrologia ahalik gutxien aldatuko dutenak. Horretarako, behar-beharrezkoa den aldeetan soilik iragazgaiztuko da lurzorua, eta euri ura iragazten duten egitura eta materialak erabiliko dira, batez ere landaredunak.

-Nolanahi ere, bermatu behar litzateke ez direla Arakil ibaia eta bere adarrak kutsatuko gainazaletik isurtzen den urak zoru iragazgaitzetatik eramandako material eta substantziez, batez ere, ibilgailuentzako aparkaleku eta zirkulazio eremuetatik eramandako substantziez.

-Halaber, bermatu behar litzateke euri jasa handien ondorioz lurrak eta azpiegiturak uholdeen eraginpean geratzeko arriskuan ez izatea. Euri uren sarearen eredua egin behar da, eremua urbanizatu ondoko isurketa-uraren emariak kalkulatzeko.

-Ur jabari publikoan egiten diren UPSko obretarako (zubiak, lubetak, harri-lubetak...) eskuratu beharko dira administrazio publikoetako beste organo batzuek eman behar dituzten lizentzia edo baimenak, edo Arroko Erakundeak txostenean dioena, ur jabari publikoaren defentsari eta korronteen erregimenaren zaintzari buruz dituen eskumenak betetzeko.

-Ingurumen ondorioen adierazpen honek ez dakar berekin baimenik inguruko lurzoru urbanizaezinean ur eta argindar hornidurako eta saneamenduko obrak egiteko. Proiektu horiek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen kasuan kasuko eranskinean ezarritakoari jarraituz tramitatu behar dira.

-Obrek ez dituzte ukitu behar Arakil ibaiaren bazterreko landaredi naturaleko alderdiak, UPSak jarduketatik salbuesten dituenak. Beraz, alderdi horietan ez dira makinak ibiliko eta ez da hondakindegirik edo pilaketarik ezarriko. Zorrotz zainduko dira Arakil ibaiaren ibilgurainoko distantziak bi sektoreetan.

-Industrialdea urbanizatzeko obrak bukatu baino lehen, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari txostena emanen zaio anfibioentzako egindako putzuei buruz eta ingurua lehengoratzeko hartutako neurriei buruz (ereite hidraulikoak, landaketak...).

-Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak 2006ko ekainaren 6ko txostenean adierazitakoarekin bat, Altsasuko Zangitu alderdia (1. sektorea) garatu aurretik egiaztatu egin behar da ez dagoela ondare arkeologikoarekin bateraezina den eraginik. Horretarako, zundaketak eginen dira Altsasuko 3. poligonoko 1616., 1624., 1625. eta 1626. lurzatietan. Gero, sektore hori garatzeko garaian, kontuan hartuko dira prospekzioaren emaitzak ikusita Vianako Printzea Erakundeak ezartzen dituen determinazio guztiak.

-Industrialdea urbanizatzeko lanetan landare lurra edo azalekoa kendu, zangak ireki eta, oro har, lurra mugitzen denean, jarraipen arkeologikoa eginen da. Arkeologiako teknikariek kontrolatuko dituzte lanak, obran bertan, landare lurraren mugimendu horiek irauten duten bitartean. Azaleko lur geruza kentzen denean, aztarna edo maila arkeologikoak azaltzen diren kotaraino sakonduko da, betiere.

-Lanaren hasierako fase horretan agerian geratzen badira egitura edo aztarna arkeologiko ukitu gabeak, oraindik identifikatu gabe daudenak, horiek mugatu eta balizatu eginen dira kontrolik gabeko kalterik jasan ez dezaten. Aurkikuntza arkeologikoak Ondare Arkeologikoaren Bulegoari jakinaraziko zaizkio lehenbailehen, 48 orduko epean, behar diren zuzenketa neurriak ezarri ahal izateko, besteak beste, ukitutako guneetan lanak geldiarazi eta indusketa sistematikoa egiteko. Aurkikuntza horien azken xedea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimenaren zain geratuko da obra egiten jarraitzeko, zehazten diren moduan eta baldintzetan eta Nafarroako kultura ondareari buruzko azaroaren 20ko 14/2005 Foru Legeari jarraituz.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Altsasuko eta Urdiaingo udalei, alegatzaileei eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2008ko martxoaren 27an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

UPSaren deskripzio laburra

Plan Sektorial honen helburua da industriarako lurzorua sustatzea, antolatua eta zerbitzuz eta azpiegiturez behar bezala hornitua, hartara Altsasuko eta Urdiaingo udal mugapeetan industria jarduerak garatu eta bultzatu ahal izan daitezen.

Industrialdeak 937.697 m²-ko azalera du guztira. Desjabetze sistemaren bidez gauzatuko da eta banaketa eremu bakar gisa planteatzen da. Bi zati desberdin ditu, Arakilgo ibaiaren alde banatan eta udalerri banatan.

S-1 sektorea, de 647.139 m²-koa, Urdiaingo udal mugapean dago. Jarduera ekonomikoetarako eremuen ohiko egitura du, eta lurzatiketa malgua, azalera txiki edo ertaineko jarduerak bertan kokatu ahal izan daitezen.

S-2 sektoreak, berriz, 290.558 m² ditu, eta Altsasuko udal mugapeko lurretan dago (Zangituko meandroa). Sektore horretarako antolamendu orientagarria marraztu da. Plan partzial baten bidez egin behar da garapen xehakatua, baina aurretik mugatu egin behar da babestu beharreko aldea, ondare arkeologikoa duena.

NA-2410 (lehengo N-240) errepidean dago 1. sektorerako sarbide nagusia, autobiaren ondotik doan tarte batean. Gainera sektoreak beste sarbide bat izanen du, Urdiaindik Ermitara eta Aizkibelgo Haitzera doan errepidea, hain zuzen ere. Halaber, Arakil ibaian bi zubi eginen dira, Zangituko industrialdea garatuko duen plan partzialari lotuak. Haietako batek 1. eta 2. sektoreak lotuko ditu, eta 1. sektorearen barneko bideetako baten segidan egonen da. Bigarrena gorago eginen da, Ondarriako industrialdea eta Zangitu lotzeko.

Industrialdearen azalera honela banatuko da: industriarako eremuak, berdegune publikoak, erabilera anitzeko eremuak eta bideak.

Hornidurarako ur biltegi berri bat eginen da industrialdearen parean, 550eko kotan, Urdiaingo herrigunea baino gorago. Biltegi hori Urdalurretik datorren edateko uraren hodiaren bidez hornituko da.

Saneamendu sare bereizlea proiektatu da. Ur beltzak NILSAren hodi biltzailera hustuko dira hiru gunetan. Euri uren sareak ibai-erreketara isuriko du ura zuzenean, bi tokitan: Arakil ibaian eta errekatxo batean.

Badaude zenbait linea elektriko 1. sektorean. Industrialdearen barnean linea horiek desmuntatu eta lurpeko lineak jarriko dira. Aireko linea berria ere jarriko da tarte labur batean.

Gas hornidurari dagokionez, proiektuan aurreikusten da ENAGASen gasbidearen Altsasuko adarretik hodia jartzea industrialderaino, adar horrek industrialdeko sektorea zeharkatzen baitu.

Aurreikusten da 543.188 m³ lur soberakin aterako direla 1. sektoreko obretan.

II. ERANSKINA

Ingurumen ondorioen azterlanaren laburpena

Ingurumen ondorioen azterlanean, UPSaren eremuko ingurumen balio nagusien, lurzoruaren erabileren, biztanleriaren eta arte ondarearen inbentarioa egiten da eta horien ezaugarriak azaltzen dira. Gainera, planeko ekintza nagusiak identifikatu eta horien ingurumen eraginak baloratzen dira, eta eraginak deuseztatu edo gutxitzeko zuzenketa eta prebentzio neurriak ezartzen. Azken atalean, ingurumena zaintzeko plana garatzen da.

"Urdiain-Altsasuko jarduera eremuaren dokumentazioaren eranskina" 2007ko azaroan aurkeztu zen. Bertan alternatiben azterketa egiten da eta bi aukera alderatzen dira funtsean:

-1. alternatiba: industrialde handi bat Urdiain-Altsasun.

-2. alternatiba: industrialde ertain edo txikiak inguruko sei udalerritan.

Hauek dira aukera bakoitzean aztertutako parametroak: eskura dagoen azalera, diseinua eta azalera urbanizatua, sarbideak, irisgarritasuna eta garraioa, azpiegiturak, alubioi-ordokiaren okupazioa, ukitutako landaredia, ukitutako alderdietarainoko distantzia, funtzionatzen ari diren industrialdeen kudeaketa eta kontrola, eragin sinergikoak, industria jardueraz kanpoko beste zerbitzu batzuk eta paisaia.

Balorazioa parametro bakarrean izan da 2. alternatibaren aldekoa, alubioi-ordokiarenean, hain zuzen ere. Beste 3 parametrotan (landaredia, biztanle guneetarainoko distantzia eta paisaia) balorazioa antzekoa da bi alternatibetarako, eta gainerako 9etan 1. alternatibak jaso du balorazio aldekoena. Ondorioz, 1. alternatiba hautatu da, egokiena delakoan.

Ingurumen inbentarioak barnean biltzen ditu klima, geologia, geomorfologia, lurzoruak, hidrologia, landaredia, intereseko habitatak, eremu babestuak, fauna, paisaia, atmosfera, zarata, biztanleria, lurzoruaren erabilerak, azpiegiturak, ondare historikoa eta abelbideak.

Hidrologiari buruzko atalean azaltzen da 2. sektorea betelan baten gainean eraikiko dela eta 1. sektoreak babes lubeta izanen duela, eta horrela bermatuko dela 100 eta 500 urtean behingo uholdeetan urak industrialdea ez hartzea, "Arakil ibaiaren azterketa hidraulikoa Urdiain eta Zangitu parean" izenburuko azterlanean zehazten den moduan (EUNATE, 2000ko ekaina). Lehendik badago lubeta bat, baina osatu eginen da edo lubeta berria eraikiko da, eta 1,5 m-ko garaiera izanen du.

Urbanizazioaren muga gehienak ibai bazterretik 50 m-ra baino urrunago daude 1. sektorean. Urak har dezakeen zerrenda estuagoa den tarteetan, lubetaren eta ibai bazterraren arteko distantzia 20-40 m bitartekoa da. Urbanizazioaren mugak 2. sektorean ibai bazterretik 45 m-ra baino urrunago daude (eta gehienak 50 m-ra baino urrunago), salbu eta zubiaren ondoko 175 m-ko tarte batean; han 30-50 m bitarteko distantzia dago.

Ibai bazterraren eta industrialdeko mugen artean tarte zabal hori egoteak ibaiaren ondoko korridore ekologikoa ahalbidetzen du. Eragina moderatutzat jotzen da, betiere zorrotz errespetatzen bada ibai bazterraren eta poligonoko mugaren arteko zerrenda, eta haren egitura sendotzen bada landareztatze lanen bidez.

Uraren kalitatearen gaineko eragina nabarmenagoa izanen da obrak egiten diren bitartean. Beraz, prebentzio neurriak hartu beharko dira, obrak noiz egin behar diren begiratuta, bereziki bi zubietan. Salmonido eta ziprinidoen arrabarotik kanpo eginen dira obrak, eta ahal dela ekainetik azarora bitartean. Gainera, lur eta materialen pilaketaren inguruko neurriak hartuko dira. Eragin hau behin-behinekoa eta itzulgarria denez, bateragarritzat jotzen da.

Industrialdea ustiatzeko fasean, hango isurkinak ur beltzen sarean bilduko dira. Sare hori NILSAren hodi biltzailearekin lotuta egonen da. Istripuz euri uren sarera egin litezkeen isurketak kontrolatzeko neurri gisa, laginak hartzeko kutxeta bat eginen da lurzati bakoitzeko euri uren sarean.

UPSaren eremuan ez dago Batasunaren intereseko edo lehentasunezko habitat naturalik ez Natura 2000 sareko Batasunaren intereseko lekurik. Ez dago naturgune babesturik ez abelbiderik ere.

Ukitutako landarediak osagai hauek ditu: ibarbaso estu bat, soroak, belardiak, makal eta zuhaixka multzo txiki bat 1. sektoreko ipar-mendebaldeko muturrean, eta zuhaitz aleren bat (gehienak sahatsak) toki hezeenetan.

Bi zubi eraiki eta ibai ertzean hiru errekaren, euri uren sareko bi kolektoreren eta lau arekaren ahoak egin behar dira. Horrela ibai bazterrak aldatu eginen dira eta bertako landaredia betiko galduko da. Okupazio horien ondorioz ur bazterreko landaredia 280 m-ko tartean galduko da, guztira, Arakil ibaian eta eskuinaldetik datozen bi errekatan. Gainera, inguruan 380 bat metro gehiago ukituko dira obren fasean.

Ur bazterreko landaredia galduko duen tartea ez da oso luzea eta jada egoera kaskarrean dago. Hala ere eragina moderatutzat jotzen da, landarediaren hauskortasunagatik eta zuzenketa neurriak hartu beharragatik. Belardien gaineko eragina ere moderatutzat jotzen da, formazio horien interes botanikoa eta espezieen aniztasun handia kontuan izanik.

Zuhaitzak dituzten gainerako alderdien gaineko eragina bateragarritzat jotzen da, azalera txikia delako eta espezie gehienak aloktonoak direlako (makal hibridoak).

Faunari dagokionez, nabarmentzen da haltzadi ongi eratuek ugaztun komunitate konplexuen ezarpena errazten dutela, ia beste habitatik ez duten espezieak tartean direla, adibidez desmana, igaraba, bisoi europarra eta ur zozoa. Hala ere, ur bazterreko landaredia gaur egun oso hondaturik dago eta aipatutako espezie horietatik gehienak falta dira. Nolanahi ere, azpimarratzen da Arakil ibaia gaur egun bisoi europarraren korridoreetako bat dela.

Belardi eta soro atlantikoak anfibio, narrasti, hegazti eta ugaztun askoren habitatak dira. Bertan bizi diren talde guztien artean anfibioak nabarmentzen dira, bereziki baso-igel jauzkaria eta zuhaitz-igel arrunta. Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan ageri dira, eta hurrenez hurren "Habitata aldatzearen ondorioz kaltetua" eta "Interes berezikoa" dira. Animalia talde horien gaineko eragina moderatutzat jotzen da eta ordainak proposatzen dira, besteak beste sei putzu egitea. Putzu horien ezaugarriak eta kokapena jada zehazturik daude, 2007ko azaroan aurkeztu zen "Urdiain-Altsasuko jarduera eremuaren dokumentazioaren eranskina" izeneko agirian.

Arakil ibaiaren tarte hau salmonidoen eskualde mistokoa bada ere, gaur egun arrain gehienak ziprinidoak dira, uraren egoera fisiko-kimiko eta biologikoaren ondorioz. Arrainen gaineko eragin nagusia obretan izanen da, solido esekien ekarpenaren ondorioz. Beraz, prebentzio neurriak hartu beharko dira, obrak noiz egin behar diren begiratuta, bereziki bi zubietan. Salmonido eta ziprinidoen arrabarotik kanpo eginen dira obrak, eta ahal dela ekainetik azarora bitartean. Gainera, lur eta materialen pilaketaren inguruko neurriak hartuko dira. Eragina moderatutzat jotzen da.

Eraikuntza lanak zenbait fasetan banatuko direnez, paisaiaren gaineko eragina leunagoa izanen da. Hala ere, jende asko ibiltzen den tokietatik ikusiko dira obrak, eta horregatik eraikuntza aldiko eragina moderatutzat jotzen da.

Ustiapen fasean industrialdeak paisaian izanen duen eragina larritzat jotzen da, paisaiaren osagaien aldaketarengatik eta ingurunearen hauskortasun ertain-handiarengatik, zeina, hein handi batean, ageriko tokia izatearen ondorio baita. Eragin hori neurri batean leuntzen ahal da berdeguneak landareztatuz eta han-hemen zuhaitzak landatuz, pantaila gisara.

Zarataren eragina industrialdearen ekialdeko mugaren ondoan dauden bi etxebizitzatan nabarituko da batez ere. Etxebizitza hurbilena Aizkibelgo bidearen ondoan dago, eta bertan ez dira beti bizi. Bigarrena ohiko etxebizitza da eta bide beraren ondoan dago, baina ibaiaren ezker aldean. Bestalde, Altsasuko eta Urdiaingo herriguneetatik 300 m baino gehiago daude 1. sektorera eta 2. sektorera, hurrenez hurren. Lehenbizikoa trenbideak bereizten du industrialdetik eta bigarrena N-240 autobiak. Beraz, ez da uste herriguneen gaineko eraginik izanen denik.

Ibilgailuen zirkulazioa eta lurra mugitzen duten makinak izanen dira zarata iturriak obren fasean, eta industria jarduera bera (ibilgailuen trafikoa barne) funtzionamendu fasean. Industrialderako sarbide nagusia N-240 errepidean egonen da, Ondarria parean. Errepide horrek ez du biztanle gunerik zeharkatzen. Obren faseko eragina bateragarritzat jotzen da, eta funtzionamendu faseari dagokionez, ondorioztatzen da industria jardueraren zaratek ez dutela eraginik sortuko, industrialdearen ekialdeko muturra ez delako izanen industria jardueretarako, erabilera anitzetarako baizik (merkataritza, zerbitzuak etab.), eta gertueneko etxebizitzan ez direlako beti bizi.

Lehengoratze planean ondokoak bildu dira: berdeguneak sortzea eta inguruak lehengoratzea landareztatze lanen bidez. Ingurumen ondorioen azterlanak barnean du ingurumena zaintzeko nahitaezko programa.

III. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko tramitearen emaitza

Hona hemen ingurumenari buruz aurkeztu diren alegazioen laburpena eta erantzunak:

1.-Jose Aguirrebengoa Echeverria jauna.

Alegatzailea Zangituko finka baten jabea da. Bertan ehorzleku historikoak daudela alegatzen du eta finka errespetatzeko eskatzen du bere balio arkeologikoagatik. Gogoratzen du finkak badituela itxitura eta zuhaitzak.

Erantzuna:

2006ko ekainaren 6an Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak UPSaren aldeko txostena eman zuen. Zangitu alderdiari dagokionez, txosten horren arabera, ziur jakin behar da ez dagoela ondare arkeologikoarekin bateraezina den eraginik, hura garatu aurretik bete beharreko baldintza gisa. Beraz, behin UPSa onetsirik, eta hirigintza garapeneko tresnaren baten bidez hura sustatu baino lehen, sustatzaileak zundaketak egin behar ditu Altsasuko 3. poligonoko 1616., 1624., 1625. eta 1626. lurzatietan. Horrela bermatu behar da ukitutako lurren erabilera bateragarria izanen dela ondare arkeologikoaren iraupenarekin. Gainera jarraipen arkeologikoa egin behar da, proiektua eta urbanizazio berriak behar dituen zerbitzuak eta azpiegiturak burutzeko jarduketa guztietan, baldin eta lurren mugimenduak behar badituzte.

Zuhaitzen gaineko eraginari dagokionez, Ingurumen ondorioen azterlanean azaltzen den moduan, eragina oso txikia da, eta lehengoratze proiektuaren bitartez inguruan nabarmen handituko da zuhaitzez jantzitako azalera.

2.-José Luis Bozal jauna.

Zangituko lur jabe ukitua den aldetik, bere finka urak har dezakeela alegatzen du, besteak beste. Ukitutako finkak zuhaitzak dituela alegatzen du.

Erantzuna:

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko Ur Baliabideen Atalak aldeko txostena eman zuen proposaturiko ezarpenari buruz. Puntu honi erantzun zehatzagoa ematen zaio Urdiaingo Udalak egindako alegazioan.

Zuhaitzen gaineko alegazioari dagokionez, ikus Jose Aguirrebengoa Echeverria jaunaren alegazioari goian emandako erantzuna.

3.-Juan Pedro Moreno Soto jauna.

Ukitutako lur jabea den aldetik, José Luis Bozal jaunarena bezalakoxe alegazioa aurkeztu du. Gainera, proiektua deuseztatzeko eskatzen du, lurzatian oilategia, etxea eta fruta-arbolak daudela alegatuz.

Erantzuna:

Alegazio honen erantzuna Bozal jaunaren alegazioari emandakoa bera da.

4.-Martín Celaya Garcia jauna.

Orain Taldearen izenean aurkeztu du alegazioa. Ingurumenari buruzkoak ez diren gauza batzuk azaltzen ditu: industria lurzoruaren saturazioa, Sakanako herri nagusietako industriarako lurzoruari buruzko aurreikuspenak, enplegu beharrak ebaluatzeko premia eta bizilagunek nahi duten garapen mota, desegituratzearen balizko ondorio txarrak... Ingurumen arloko alegazio gisa, UPSak ingurune fisikoan izanen duen eragin handia aipatzen da.

Erantzuna:

UPSak ingurune fisikoan izanen duen eragina behar bezala baloratu eta zuzendu da Ingurumen ondorioen azterlanean, II. eranskinean labur azaltzen den moduan. Ingurumen alderdiren baten balorazioa nahikoa ez zela uste izan denean, sustatzaileari hura osatzeko eskatu zaio eta dokumentazio osagarriaren eranskina aurkeztu da. Ingurumen ondorioen adierazpen honetan bildutako baldintzen bidez, UPSaren ezarpena ingurumenaren aldetik bideragarria izan dadin ezinbestekotzat jotzen diren neurriak ezarri dira.

5.-Luziano Agirre Goikoetxea jauna, Urdiaingo alkate udalburua.

1. 2007ko informazio aldi honetan errepikatu egin ditu 2001ean aurkeztutako alegazioak.

2. Adierazten du proiektuak ez duela aukerarik ematen industriaren garapen egokia eta betea lortzeko alderdi guztietan, bai gizartearen aldetik bai hirigintzaren aldetik.

3. Adierazten du UPSak ukitutako lurrak lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta daudela Urdiainen indarra duen hirigintzako planeamenduan eta tramitatzen ari den Plan Orokorrean.

4. Udala tramitatzen ari den hirigintzako planeamenduak berak jada aurreikusten du industriarako lurzoru sailkatuaren gehikuntza.

5. Proiektaturiko industrialdea Urdiaingo eta Altsasuko etxebizitza multzo batetik gertu dagoela ohartarazten du.

6. Azpimarratzen du sustatzaileak ez dituela sartu, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako aurkeztu duen dokumentazioan, ukitutako aztarnategi arkeologikoak zaindu eta babesteko behar diren determinazioak, eta hori Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen kontrakoa dela, argi eta garbi.

7. Agerian jartzen du Ingurumen ondorioen azterlanean ez dagoela alternatiben azterketarik, eta horrenbestez urratu egin direla ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura arautzen duten xedapenak.

8. Proiektaturiko eremutik biztanle guneetara dagoen distantzia kontuan izanik, ohartarazten du agian urratu egin dela ingurumen egokirako eskubidea, bai eta jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko arauak ere.

9. Beraren iritziz, industrialdea mugatzeak ondorio larriak sortuko ditu udal planeamenduan, eta gainera erabakia bidegabea izan da erabat, ingurunearen aukeraketari, eremuaren tamainari eta garapen moduari dagokienez.

10. Beraren iritziz, ingurumen eraginaren ebaluazioari buruzko arau aplikagarriak urratu dira, bai eta babes zibilari buruzko arauak ere, aurrekoei estu-estu lotuak.

6.-Luziano Agirre Goikoetxea jauna, Urdiaingo alkate udalburua (bigarren alegazio-idazkia).

1. Aurreko alegazioak errepikatutzat ematen ditu.

2. Aurreko 6. alegazioaren edukiari hauxe gehitzen dio: proiektuak historia eta arte ondarearen gainean duen eragina ez da behar adina baloratu, eta bistan da arkeologiako ikerketa plan bat bete behar dela, teknologiarik aurreratuenak erabiliz eta kokagune horien ezaugarriak kontuan hartuz.

3. "Arakil ibaiaren azterketa hidraulikoa" dela-eta aurreko 10. alegazioan esandakoa osatzeko, berariaz eskatutako txosten tekniko bat aurkezten du. Udalak bere egiten ditu txosten horretan dauden alegazioak.

Urdiaingo alkate udalburu Luziano Agirre Goikoetxea jaunak aurkeztutako bi alegazio-idazkiei erantzuna, ingurumen kontuei dagokienez:

Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legea urratu dela alegatzen da, Ingurumen ondorioen azterlanaren dokumentazioan ez omen direlako sartu behar ziren determinazioak balizko aztarnategi arkeologikoak zaindu eta babesteko. Hori dela eta, ohartarazi behar da ez dela izan halako determinazio faltarik, baizik eta Vianako Printzea Erakundeak, 2006ko ekainaren 6an eman zuen aldeko txostenean -txosten hori UPSari erantsi zaio-, lanak nola egin behar ziren adierazi zuela. Hala, baimen hori dinamikoa da eta lanen jarraipen arkeologikoaren emaitzek baldintzatzen dute.

Historia eta arte ondarearen gainean proiektuak duen eragina ez dela behar adina baloratu alegatu da. Horri dagokionez, ikus Jose Aguirrebengoa Echeverria jaunaren alegazioari (1. alegazioa) emandako erantzuna.

Alternatiben azterketarik ezari dagokionez, azpimarratu behar da Ingurumen ondorioen azterlanean lehenbiziko analisi bat jaso dela, zeinean azaltzen baita proiektua kokatzeko hautatu den alternatiba hautatu aurretik zehatz-mehatz aztertu direla ondoko parametro hauek:

-Urbanizatu beharreko gutxieneko azalera.

-Hirigune handietatik urrun egotea.

-Eskualdeko azpiegituren sarearekin erraz lotu ahal izatea.

-Orografia nahiko laua.

-Ingurumen balio urriak, eta

-Arriskurik eza.

Gero, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eskaturik, balorazio hori osatzeko azterlan bat egin da, eskualdean dauden industria lurzoruko eremuak, horien egungo eskuragarritasun maila eta industria lurzorua garatzeko aztertutako alternatiba guztiak zehatz azaltzen dituena. Azterlan hori eranskin gisa sartu da UPSaren espedientean, agiri independente batean.

Hauek dira azterlan horretan kontuan izandako parametroak: eskura dagoen azalera, diseinua, sarbideak, aldatu beharreko azpiegiturak, ura arazteko eskura dauden azpiegiturak, eskura dauden argindar azpiegiturak, alubioi-ordokiaren okupazioa, intereseko landaredia ukitua, biztanle guneetarainoko distantzia, industrialdearen kudeaketa, eragin sinergikoak, beste zerbitzu batzuk eta paisaiaren gaineko eragina. Ondorioztatu zen UPSak proposaturiko alternatiba, tokiko industria garapenen sustapenarekin alderatuta, "hobea dela analisian kontuan izandako 13 parametro adierazleetatik 9tan, antzekoa haietako 3tan eta txarragoa batean".

Agian ingurumen egokirako eskubidea eta jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko araudia urratu direla dioen alegazioaz, esan behar da UPS bat tramitatzea ez dagoela inola ere jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak ezartzeko araudiaren kontra. Aitzitik, ezarriko diren jarduera zehatzek gainditu beharko dute egokitasunaren azterketa, jarduera baimena eta irekitzeko baimena tramitatzen direnean.

UPSa onetsita, beraz, Nafarroako Gobernuaren asmoa ez da jarduketa eremuan ezarri nahi diren industriak halako jarduerei buruzko araudi orokorra aplikatu beharretik salbuestea, baizik eta zerbitzu egokiez hornitutako eremu bat antolatzea industria berriak bertan kokatu ahal daitezen, betiere, jakina, behar diren lizentziak eta baimenak eskuratu ondoren.

Aipatzekoa da, gainera, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa: Nafarroan ez da aplikagarria Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko Erregelamendua, azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuaren bidez onetsia.

Proiektaturiko industrialdea Urdiaingo eta Altsasuko etxebizitza multzo batetik hurbil dagoela dioen alegazioari buruz, esan behar da arazo hori Ingurumen ondorioen azterlanean aztertu dela eta bi etxebizitza detektatu direla industrialdearen ekialdeko mugaren ondoan, Urdiaingo udal mugapean. Etxebizitza hurbilena Aizkibelgo bidearen ondoan dago, eta bertan ez dira beti bizi. Bigarrena ohiko etxebizitza da eta bide beraren ondoan dago, baina ibaiaren ezker aldean. Bestalde, Altsasuko eta Urdiaingo herriguneetatik 300 m baino gehiago daude 1. sektorera eta 2. sektorera, hurrenez hurren. Lehenbizikoa trenbideak bereizten du industrialdetik eta bigarrena N-240 autobiak. Beraz, ez da uste herriguneen gaineko eraginik izanen denik. Funtzionamendu fasean industria jardueraren zaratek ez dutela eraginik sortuko iritzi zaio, industrialdearen ekialdeko muturra ez delako izanen industria jardueretarako, erabilera anitzetarako baizik (merkataritza, zerbitzuak etab.), eta gertueneko etxebizitzan ez direlako beti bizi.

Alubioi-ordokiaren okupazioak arriskua sortuko duela dioen alegazioari dagokionez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ur Baliabideen Atalak gai horren gainean adostasun txostena eman du.

7.-Juan Víctor del Barrio Iglesias jauna, Lurra-Lurraren Babeserako Nafarroako Elkarteko burua, elkarte hori ordezkatuz.

Alegatzen da Nafarroako beste eskualde batzuetan eskualde burua eta periferia bereizten direla baina Sakana osoa hiri ertain baten gisakoa dela, Nafarroako Lurralde Estrategian defendatzen diren horietakoa. Uste dute Altsasu-Urdiain gunea lehenesteak ezinbestez ibarreko gainerako tokietan desoreka eraginen duela gizartean, ekonomian, lurraldearen antolamenduan eta ingurumen-iraunkortasunean. Adierazten dute Nafarroako Lurralde Estrategiak sustatzen duen eskualde-herriaren eredua ez datorrela bat Europar Batasunak Europako Lurralde Estrategian eman dituen jarraibideekin. Azkenik, Sakanako ingurumen-iraunkortasunari lotutako zazpi arrazoi ematen dituzte, alegatzailearen esanetan Planak kontuan hartu ez dituenak: UPSa ez dator bat Sakanako garapen osoa lortzeko orain arte erabili den tokiko politika egokiarekin; ibarreko herrietan dauden beste industrialdeen garapena eragotziko du eta baliabideak alferrik xahutuko dira; industrialde berria ez da egokia ibarraren garapen osoa lortzeko; industrialdeak Altsasuko hiri garapena eraginen du baina iraunkorragoa litzateke ibar osoko hiri garapena; langileen eguneroko joan-etorrietan baliabide asko xahutu eta ingurumenaren kutsadura areagotuko da; industrialdea uholde arrisku handiko tokian dago eta orain kalkulatzen ez diren galerak izanen dira uholdeen ondorioz; eta ibaiaren ondoan dagoenez, nekazaritzako lur emankorrak xahutuko dira, Nafarroako beste industrialde finkatu batzuk erdizka erabiltzen diren bitartean.

Alegazio horiek, ingurumen gaiei dagokienez, erantzuna jaso dute Luziano Agirre Goikoetxea Urdiaingo alkate udalburuaren alegazioei emandako erantzunetan.

8.-Antonio Munilla García jauna, Gurelur-Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural elkartearen ordezkari gisa.

1. Aurkeztu den UPSa, haren iritziz, Nafarroako edozein tokitan garatu beharreko edozein proiektutan nagusi izan behar duen garapen orekatu eta osoaren kontrakoa da. Ingurumen eraginak nabarmen gutxituko lirateke proiektu hau toki bakar batean bildu beharrean hainbat herriren artean banatuko balitz, lur gutxiago hartuz.

2. Ohartarazten du hautatu den kokalekua Arakil ibaiaren bazterretako uholde eremuan dagoela. Beraz, kokapena uholde eremuei buruzko arauen kontrakoa da.

3. Babespeko bi espeziek, gutxienez, kalte larria jasanen lukete, beren habitataren aldaketaren ondorioz. Industrialdearen sustapenak haien bizilekuak desagerraraziko ditu eta fauna basatia eta haren habitatak babesteko araudia urratzen du.

4. Arakil ibaian, proiektuaren arabera, egin beharko diren harri-lubetak eta dikeak onartezinak dira ingurumenaren aldetik, eta Arroko Planak urratzen dituzte.

Erantzuna:

Arakil ibaiaren alubioi-ordokiaren okupazioa aipatzen duen alegazioari dagokionez, ikus Luziano Agirre Goikoetxea Urdiaingo alkate udalburuari emandako erantzuna (6. alegazioa).

Zenbait anfibioren habitata hondatzeko arriskuari dagokionez, esan behar da proiektuan ordain neurriak aurreikusi direla, hain zuzen ere hezeguneak sortzea. Neurri horiek migrazio-portaera duten espezieak iraunarazi eta erakartzeko funtzioa beteko dute, anfibioen garapena sustatuz. Horrela, industrialde bihurtuko den eremuan eta inguruetan ugaltzen diren anfibioen errunaldiak ahalbidetzea lortuko da.

Ingurumen ondorioen azterlanari zuzenketa neurri batzuk erantsiko zaizkio, "Anfibioentzako putzuak sortzea Urdiain-Altsasuko industrialdearen inguruetan" izenburuko txostenean jasotakoak, hain zuzen ere. Txostenaren egilea Aranzadiko Herpetologia Behatokiko Alberto Gosá jauna da, anfibioen ekologian eta kontserbazioan aditua.

Iragarkiaren kodea: F0805014