56. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

592/2008 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuko Udalez gaindiko Plan Sektorialari buruz. Sustatzailea Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua da, Nafarroako Industria Lurzorua, S.A.ren bitartez.

2006ko ekainaren 20an, Nafarroako Industria Lurzorua, S.A.k, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentua ordezkatuz, Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuko UPSaren dokumentazioa aurkeztu zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 45. artikuluan ezarritako moduan tramitatu zedin eta, halaber, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin zedin, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Horrez gain, sustatzaileak UPSaren onura publikoa eta okupazioaren beharra eta presa deklaratzeko eskatu zuen, ondasunen jabetza kendu ahal izateko.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3. eranskineko A)4 atalean ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan sektorialei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plana onestearekin batera edo lehenago.

2006ko urriaren 5ean, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi zuen Ingurumen ondorioen azterlana nahikoa zela, behar bezala aztertzen zituela ingurunea eta jarduketak izan zitzakeen eragin orokorrak, baina aztertu gabe utzi zuela industrietako hondakin uren isurketa. UPSak zioen industrietako hondakin urak araztu ondoren zuzenean isuriko zirela Arga ibaira. Horregatik, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi zuen behar bezala ebaluatu behar zela ibaiak zenbat isurkin jaso zezakeen, ibaiko uraren kalitateari begira ezarritako helburua kolokan ez jartzeko. Isurkinak jasotzeko ahalmenari buruz Ebroko Ur Konfederazioaren adostasun txostena eskuratu behar zela gaineratu zuen.

2006ko azaroaren 6an, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalak espedienteari buruzko txostena eman zuen. Bertan adierazi zuen euri uren, ur beltzen eta industrietako ur beltz araztuen saneamendurako hustubideen eta ur ez edatekoaren hornidurarako hodien bi trazadura alternatiboek bai Milagrotik Aezkoarako altxonbidea bai Donejakue Bidea ukitzen zituztela: alternatiba batean perpendikularrean gurutzatzen zituztela eta bestean hodiak ondotik zihoazela tarte batean.

Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak, 2006ko uztailaren 26an emandako txostenean, adierazi zuen proiektuaren eremuan ez zegoela Nafarroako Inbentario Arkeologikoan katalogaturiko aztarnategi arkeologikorik, eta ondare arkeologikoa babesteko hartu beharreko prebentzio eta zuzenketa neurriak azaldu zituen.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriko I. sektoreko lurrei buruzko txostena eman zuen. Jarduera ekonomikoen eremuaren hasierako proposamenak lur horiek ukitzen zituela esan zuen, eta proposatu zuen ukipen hori murriztuko zuten alternatibak azter zitezela, bai eta eremu ureztagarriko lurrak hartuz gero bete beharko ziren baldintzak ere.

Iruñerriko Mankomunitateak, Izarbeibarko Mankomunitateak, NILSAk eta ENAGASek ere txosten bana eman zuten beren eskumeneko gaiei buruz eta, bereziki, azpiegiturek jardueren beharrak asetzeko izan beharreko ahalmenari buruz.

2006ko abenduaren 28ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratu zuen Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuko proiektua, Nafarroako Gobernuko Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatua, eta espedientea jendaurrean jartzeko eta ukitutako udalei entzunaldia emateko tramiteak egin zituen, biak batera.

Nafarroako Gobernuaren erabaki hori 2007ko 15. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 2an. Jendaurreko epean 1.330 alegazio-idazki aurkeztu dira. Ingurumenari buruzko alegazioen edukia eta erantzunak ebazpen honen III. eranskinean jaso dira.

UPSan bildutako jarduketen laburpena I. eranskinean dago, eta Ingurumen ondorioen azterlanaren ildo nagusiak II. eranskinean.

2007ko martxoaren 22an, Nafarroako Industria Lurzorua, S.A.k Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuko UPSaren dokumentazio berria aurkeztu zuen, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak 2006ko urriaren 5eko txostenean eskatutakoa betetzeko.

Dokumentazio horrek Ingurumen ondorioen azterlanaren testu zuzendua dakar. Arga ibaiak Gares parean isurkinak hartzeko duen ahalmenaren ebaluazioa egiten du, industriako hondakin ur araztuak isurtzeko baldintzak zehazten ditu eta zuzenketak egiten ditu memorian (6.1.1.2 puntua, "Hornidura eta saneamendua") eta araudian (artikulu berri bat, "Ur araztuak ibai ibilgu publikora isurtzea").

2008ko otsailaren 13an, Nafarroako Industria Lurzorua, S.A.k dokumentazio osagarria aurkeztu du. Bertan UPSaren eremua murriztu egiten da, jendaurreko aldian aurkeztutako alegazioak aztertu eta gero. Behin betiko onesteko proposatzen den eremuak 59 hektarea ditu (jendaurrean jarri zen UPSak 119 zituen), eta nabarmen murriztu da Nafarroako Ubideko eremu ureztagarrian ukitutako azalera. Bide azpiegituren eta beste zerbitzu batzuen beharrei eusten zaie. Besteak beste, hodiak aurreikusten dira Arga ibaitik ur ez edatekoa hartu ahal izateko eta hondakin ur araztuak isuri ahal izateko. Gainera, enpresei eskatuko zaie behar adinako tratamendua egin dezatela ur araztuak berriz erabili ahal izateko.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak bere txostenean esan du Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura behar bezala bete dela, eta Ingurumen ondorioen adierazpen honen ebazpen zatian azaltzen diren neurri osagarriak proposatu ditu.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Aldeko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuko Udalez gaindiko Plan Sektorialari buruz. Sustatzailea Nafarroako Industria Lurzorua, S.A. da. Adierazpen hau ondoko baldintzen pean ematen da:

-Industrietako hondakin urak. Industrialdeak hondakin uren araztegi nagusi bat eduki behar du, bertako industria instalazio guztietako industria prozesuetatik ateratzen diren hondakin urak tratatzeko.

-Araztegi nagusitik irteten den ur araztuak kalitate irizpide batzuk bete beharko ditu berriz erabili ahal izateko, hain zuzen ere abenduaren 7ko 1620/2007 Errege Dekretuaren I.A eranskinean ezarritako irizpideak.

-Hondakin uren araztegi nagusiak titular bakarra izan behar du eta titular horrek Arroko Erakundearen baimenak edo kontzesio administratiboak eskuratu behar ditu ur araztuak berrerabiltzeko, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Urari buruzko Legearen Testu Bateginaren arabera. Gainera, araztegi nagusi horri dagokion ingurumen baimena eskuratu behar da, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeari jarraituz.

-Araztegi nagusiko titularrak ur araztuak berriz erabiltzeko programa garatu behar du. Programa horrek bermatu behar du beti kontsumituko dela araztutako ur guztia, ezarrita dauden xedeetarako erabiliz. Industrialdeak azpiegitura egokiak eduki behar ditu ur araztua berrerabiltzeko programa hori bete ahal izateko.

-Bestalde, industrialdeko industria instalazio guztiek, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera behar duten ingurumen baimenaz gain, araztegi nagusiko titularrak berariaz emandako baimen bana eduki behar dute, industria instalazioetako hondakin urak industrialdeko sarera isuri eta handik araztegira bideratu ahal izateko.

-Industria instalazio bakoitzak, bere isurkinen ezaugarriak eta araztegi nagusiaren tratamendu ahalmena kontuan izanik, industrialdeko sarera isuri aurretik bere hondakin ur industrialei berariazko aurretratamenduak egin beharra aurreikusi beharko du.

-Baliteke Arroko Erakundeak industria instalazioren bati baimena ematea ur jabari publikora isurtzeko, ingurune hartzailearen ingurumen kalitateari buruzko arauak beteko direla uste badu eta ingurumenaren aldetik industrialdeko araztegi nagusian tratatzea baino zuzenean isurtzea egokiagoa iruditzen bazaio. Halakoetan industrialdeko hondakin ur industrial araztuen hodietatik eginen da isurketa.

-Ur beltzak. Industrialdeko industria edo zerbitzu instalazioetako komunetako ur beltzak hondakin uren araztegi nagusian tratatuko dira, edo bestela Garesko hondakin uren araztegira nahiz saneamendu sarera bideratuko dira hustubide baten bidez.

-Ingurumen ondorioen adierazpen honek ez dakar berekin baimenik UPSari lotutako ur eta argindar hornidurako, saneamenduko eta hustubideetako obrak egiteko. Proiektu horiek banan-banan tramitatu behar dira, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

-Urbanizazio proiektua Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari aurkeztuko zaio txostena eman dezan. Proiektu horrek barnean eduki behar du landareztatzeko eta paisaia egokitzeko berariazko proiektu bat. Tximindoa errekari buruzko azterlan zehatza erantsiko da, hura estali gabe uzteko edo erreka naturalizatua berregiteko, UPSaren aurreikuspenekin bateragarria. Urbanizazio obretatik aparteko exekuzio unitatetzat hartu beharko da, eta barnean hartu ahal izanen du lorategien proiektua industrialdearen barneko bide eta atseden guneetan. Berdeguneetan landatzen eta ereiten diren landareak zaintzeko plana egin beharko da.

-Landaredi naturaleko guneetan, gehienbat industrialdeko bi mailen arteko ezpondan dauden horietan, ez da eginen landaredia eta lurzorua hondatzeko arriskua dakarren jarduerarik (lur mugimenduak, materialen pilaketa, makinen zirkulazioa etab.). Bideetatik edo industria lurzatietatik hurbil dauden zuhaitzak balizatu eta babestu eginen dira obrak egiten diren bitartean.

-Lurra mugitu behar den obra guztietan jarraipen arkeologikoa eginen da, Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak 2006ko uztailaren 26ko txostenean agindutako moduan. Egitura edo aztarna arkeologikoren bat azaleratzen bada, Ondare Arkeologikoaren Bulegoari jakinaraziko zaio eta aipatu txostenean zehazten diren prebentzio eta zuzentze neurriak hartuko dira.

-Kaleko argiak jartzean, Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea beteko da.

-Jarduera ekonomikoen eremutik kanpo egiten diren lur mugimenduak ahal den neurrian konpentsatuko dira. Hondeaketetako lur soberakinak, halakorik bada, hondakindegi baimenduetara eramanen dira.

-Urbanizazio proiektuarekin batera, ingurumena zaintzeko plan zehatza aurkeztuko zaio Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuari, Ingurumenzaintzari, Legarda, Uterga, Obanos, Gares eta Muruzabalgo udalei, alegatzaileei eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko martxoaren 14an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

UPSaren ezaugarri nagusien laburpena

Udalez gaindiko Plan Sektorialaren helburua da lurraldea planifikatzea jarduera ekonomikoak ezartzeko, alegia, lurzoru antolatua eta zerbitzu zein azpiegitura guztiez hornitua eskaintzea, Iruñerrian eta Iruña-Logroño ardatzean enpresa proiektuen garapena ahalbidetu eta sustatze aldera; horrela jarduera ekonomikoetarako lurzoru publiko gehiago erantsiko zaio Foru Komunitateko sareari.

Industrialdeak 589.068 m²-ko azalera du, eta Legarda, Obanos eta Utergako udal mugapeetan dago, honela banaturik:

UDAL MUGAPEA AZALERA (m²)

Legarda 455.737

Obanos 27.524

Uterga 105.807

Eremuak muga hauek ditu: Donejakue Bideko autobia (A-12), NA-1110 errepidea, Laniaingo goi ordokiko hego-ekialdeko ezponda burua, eta berrantolamenduko lurzati batzuk ipar-ekialdean eta hego-mendebaldean. Eremuak Legarda, Muruzabal, Obanos eta Utergako herriguneak eta A-12 autobia ditu inguruan.

Topografiari erreparatuta, eremuak bi maila topografiko ditu, bata NA-1110 errepidearen parean eta bestea 24 bat metro gorago, Laniaingo goi ordokian. Tartean ezponda bat dago, ez oso pikoa. Bi mailek behera egiten dute ipar-ekialdetik hego-mendebaldera, %2-3 inguruko malda nahiko jarraitua dutela, eta bat egiten dute San Lorenzo alderdian, Laniaingo goi ordokitik hegoaldean jaisten den sakan natural batean.

Eremuko lur gehienak lehorreko zereal soroak dira, zati batean soro ureztatuak daude eta bi mailak bereizten dituen ezponda pikoenean larre gune batzuk geratzen dira.

Inguruko bide saretik hiru sarrera egin nahi dira:

-A-12arekiko lotura, NA-601 eta NA-1110 errepideekiko lotuneko biribilgunean. Handitu egin nahi dira lehendik dagoen biribilgunea eta A-12ra sartzeko azelerazio erreia. Sarbide hori udalez gaindiko proiektu sektorial baten bitartez eginen da, UPS honetako urbanizazio obrak egin aurretik edo aldi berean.

-Zuzeneko sarrera NA-6016 (Uterga-Muruzabal) errepidetik, erdiko erreitik. Obra hori UPS honetako urbanizazio proiektuan sartu eta urbanizazioarekin batera eginen da.

-Zuzeneko sarrera NA-1110 errepidetik, Santa Ageda baselizaren parean. Sarrera hori izatez kaleen gurutzagunea izanen da, NA-1110 errepidea antolamendu berrian sartuko baita.

Zenbat lur behar den kalkulatzeko, trafikoaren azterlana erantsi da, jarduketa honek eraginen duen trafikoa ez ezik etorkizuneko hiri garapenek sortuko duten trafikoa ere kontuan hartzen duena.

Honela banatuko da azalera erabileren artean:

LURZORUAREN AZALERA

AZALERA (m²) (%)

Industria lurzatiak 288.279 52,95

Erabilera anitzeko lurzoru pribatua 51.585 9,47

Berdegune publikoak 131.554 24,16

Bide publikoak 64.867 11,91

Bideetarako erreserba 6.979 1,28

Azpiegituretarako erreserba 1.183 0,22

Eremua guztira 544.447 100

Bide sistema orokorrak eta bideetarako

erreserbako lurzoru urbanizaezina 44.621 -

UPSa guztira 589.068 -

Eremuko bi mailak bereizten dituen ezponda barneko berdegune handia izanen da, eremua iparretik hegora zeharkatuko duena. Kanpoaldeko perimetro osoan, halaber, zerrenda berde batek inguruko ikuspegia hobetuko du. Eremuaren inguruan dauden ezponda guztietan zuhaixkak eta zuhaitzak sartuko dira, ingurua landare-berritzeko eta paisaia hobetzeko.

Hornidura sarean ur hargune bat eginen da lurzati bakoitzeko. Edateko uraren kanpoko hargunea udalez gaindiko proiektu sektorial egokian proiektatuko da, Izarbeibarko 13. zonako Ur Horniduraren Plan Zuzentzailea garatuz, egun dauden hodiak eta ur hornidura ez direlako nahikoak garapen honetarako.

Ur ez edatekoaren hargunea eginen da Arga ibaian, Garesko presa baino beherago, jardueraren batek beharko balu.

Berdeguneak ureztatzeko sarea urbanizazio proiektuan antolatuko da eta ur mota desberdinak erabili ahal izanen dira: euri ura, industrietako hondakin ur araztua, ur ez edatekoa eta edateko ura. Industrietako hondakin ur araztua edo ur ez edatekoa erabiltzea gomendatzen da.

Saneamendu sare bereizlea proiektatu da. Ur beltzak lurpeko hodietan bilduko dira, Izarbeibarko Mankomunitatearen egungo sare nagusira doan sare independente batean. Trazadurarako zenbait aukera aurkeztu dira.

Kanpoko euri ura babes-areketan bildu eta erregulazio, dekantazio eta laminazio putzuetara bideratuko da. Putzu horiek Tximindoa errekara hustuko dira. Errekaren zati bat kanalizatu eginen da industrialdean. Bide eta lurzatietako euri urak ere putzu horietara eramanen dira lurpeko hodi biltzaileen bidez. Euri uren zati txiki bat zuzenean joanen da Erreniega errekara. Lurzati bakoitzetik hodi biltzaile publikora isurtzen den euri ura laginak hartzeko putzu edo kutxeta batetik igaro behar da.

Industrietako hondakin ur araztuak Arga ibaira isurtzeko hodi biltzailea ere jarriko da, berariaz eskatzen duten enpresek erabil dezaten. Nolanahi ere, isurketa egiten duen enpresak bere lurzatiaren barnean, eta hodi biltzailearekiko konexioaren aurretik, ondoko hauek jarri behar ditu gutxienez, eskuratu behar dituen baimenen baldintzetan kontrakoa agintzen ez bazaio: arazte sistema egokia; ur araztuen putzu edo biltegia, zeinak bermatuko baitu, arazte sistemak huts egin edo ur araztuaren kalitatea behar adinakoa ez denean, ez dela hodi biltzailera urik isuriko bost laneguneko epean, gutxienez; ur araztuak kontrolatzeko erregistro eta laginketa putzua, ixteko balbula duena sarreran, arazte sistemak huts egin edo ur araztuaren kalitatea behar adinakoa ez denean edo baimenen baldintzak betetzen ez direnean itxi ahal izateko. Horiek biak erabilera publikoko eremuan egonen dira.

Jarduera ekonomikoen eremuko araudiaren 24. artikuluan, industrietako hondakin ur araztuak sarera isuri nahi dituzten enpresei baldintza gehiago ezartzen zaizkie aurrekoez gain: erregenerazio sistema jarri behar dute uraren kalitate maila 1.2 izan dadin hiri erabileretarako (zerbitzuak) eta 2.1 nekazaritzako erabileretarako. Berrerabilitako uraren oinarrizko sarea eginen da eremuan.

Kanpoko argindar sarea udalez gaindiko proiektu sektorial batean definituko da, egungoa ez baita nahikoa eginen diren jarduketetarako. Tafallako TEAtik eta Artaxoatik ekarriko da argindarra, zirkuitu bikoitzeko 66 kV-eko linea baten bidez, jarduketaren ondoko lurzati batean jarriko den azpiestazioraino.

Bideak egin ahala argiak jarriko dira. Instalazio elektrikoa bat etorriko da indarra duen erregelamendu elektroteknikoarekin eta Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legearekin.

Telekomunikazioen sarea A-12 autobiaren ertzetik doan sarearekin lotuko da.

Industrialdea gasez hornituko da Faltzes-Irurtzun gasbidearen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialean adierazten den posiziotik. Eremuaren parean gasbidea desbideratu eginen da antolamendu berriari egokitzeko, halako moduan non gehienbat berdegune publikoak zeharkatuko baititu.

II. ERANSKINA

Ingurumen ondorioen azterlanaren laburpena

Ingurumen ondorioen azterlanean, UPSaren eremuko ingurumen balio nagusien, lurzoruaren erabileren, biztanleriaren eta arte ondarearen inbentarioa egiten da eta horien ezaugarriak azaltzen dira. Gainera, planeko ekintza nagusiak identifikatu eta horien ingurumen eraginak baloratzen dira, eta eraginak deuseztatu edo gutxitzeko zuzenketa eta prebentzio neurriak ezartzen. Azken atalean, ingurumena zaintzeko plana garatzen da.

Ingurumen ondorioen azterlanaren dokumentazio osagarrian, 2007ko martxoaren 22an aurkeztu zen horretan, UPSa Iruñerrian kokatzeko aukeren azterketa egiten da. Kokalekuak aztertzeko irizpide hauek hartu dira oinarritzat: lurren eskuragarritasuna, topografia, bide azpiegiturak eta zerbitzu azpiegiturak. Hauek ere aintzat hartu dira: hirigune handietatik urrun egotea, ingurumen balio garrantzitsuetan eraginik ez izatea, eta Nafarroako Lurralde Estrategiarekin bat etortzea. Lau aukera aztertu eta haietako biri aldeko balorazioa egin zitzaien, besteak beste Legarda, Uterga eta Obanosko eremuari.

Ingurumen ondorioen azterlaneko ingurumen inbentarioak barnean biltzen ditu klima, geologia, geomorfologia, lurzoruak, hidrologia, landaredia, fauna, paisaia, lurzoruaren erabilerak, esparru sozioekonomikoa eta historia-kultura ondarea.

Inguruan lurzoruaren erabilera nagusiak nekazaritza eta abeltzaintza dira. Lehorreko zereal soroak eta mahastiak nabarmentzen dira. Ukitutako hiru udalerriek antzeko azienda dute.

Landu ezin diren malda edo ezpondetako albitz belardi - sastrakadia da landare komunitaterik baliotsuena. Formazio hori degradazio etapa desberdinetan dago. Erromeroa (Rosmarinus officinalis), ezkaia (Thymus vulgaris), elorri-triska (Genista scorpius) eta abaritz aleren batzuk (Quercus coccifera) biltzen ditu. Sakan eta erreka zuloetako drainatze bide naturalen ertzetan badira makal autoktonoak edo hibridoak etenkako zerrenda estuetan, lezka eta belarren artean.

Faunari dagokionez, inguruan orotariko hegazti komunitatea dago. Foru lurraldean ugariak diren hegaztiak dira nagusi. Ugaztun fauna baldintza antropikoei lotu-lotuta dago. Inguruneko aldaketetara erraz moldatzen diren espezieak dira.

Hauek dira inguruko paisaia unitateak: Argaren ibarra, osagai fisikoak eta biotikoak dituena (ibaia eta landaredia); mendi aldea, batez ere faktore fisikoei lotua (litologia eta malda); eta soroak, giza faktoreei eta faktore edafikoei lotuak. Ingurumen ondorioen azterlanean ikuspegiaren azterketa egin da, inguruko kartografia digitalarekin egindako jasotze-eredu digital batetik abiatuta.

UPSaren eremuan ez dago Batasunaren intereseko edo lehentasunezko habitat naturalik ez Natura 2000 sareko Batasunaren intereseko lekurik. Ez dago naturgune babesturik ere.

UPSak zuzenean ukitzen ez baditu ere, Donejakue Bidea, Milagrotik Aezkoarako altxonbidea eta 307. iraganbidea hurbil daude. UPSrako behar diren azpiegituren trazaduretan kontuan hartu behar dira intereseko ibilbide horien gaineko eraginak.

Historia eta kultura ondarearen gaineko eraginari dagokionez, azterlanak dio ez dela ukituko Nafarroako Inbentario Arkeologikoan katalogaturiko aztarnategi arkeologikorik eta halaxe ageri dela Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak 2006ko uztailaren 26an emandako txostenean. Txosten horretan ondare arkeologikoa babesteko prebentzio eta zuzenketa neurriak ezartzen dira.

Zaratari dagokionez UPSak izanen duen eragina bateragarritzat jotzen da, industrialdeko sarbide nagusia A-12 autobiatik eginen baita eta gero NA-1110 errepidea aprobetxatuko baita industrialderako sarbide gisa. Errepide hori autobidearen ondotik doa eta biztanle guneetatik urrun, tarte honetan.

Eremu zabala urbanizatuko denez, bide eta espaloietako argiak asko izanen dira eta argi kutsaduraren gehikuntza nabarmena izanen da. Eragin hori moderatutzat jotzen da, baina bateragarri bilakatuko omen da zuzenketa neurriak jarri eta gero, indarra duen erregelamendu elektroteknikoarekin eta Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legearekin bat.

Drainatze sarearen gaineko eraginari dagokionez, industrialdea urbanizatzeko prozesuan aldaketak eginen dira Tximindoa errekan eta eskuinaldetik dituen adarretako batean; tarte batzuk hodiratu ere eginen dira. Eragina moderatutzat jotzen da. Eragina gutxitu egin daiteke obren fasean zuzenketa neurriak hartuz.

Industrialdeko jardueraren ondorioz lurraren azalean ur gehiago drainatuko da eta euri urak kutsadura zabalduko du. Kutsadura arriskua putzuen sistema baten bidez gutxituko da. Batetik, euri asko egiten duenean putzuek ura atxikiko dute aldi batez, eta bestetik kutsatzaileak iragaziko dituzte, neurri batean behintzat, euri ura ibaira isuri aurretik.

Industrietako isurketa berariazkoak ez dira aztertu Ingurumen ondorioen azterlanean. Haien eragina eta zuzenketa neurriak jarduera bakoitzaren proiektuan ebaluatu beharko dira.

Azterlanak dioenez, landarediaren gaineko eragina bateragarria izanen da, landaredi naturaletik geratzen diren guneak ibar hondoaren eta goiko ordokiaren arteko ezpondan daudelako, industrialdeko berdegunearen barnean.

Faunaren gaineko eragina bateragarri eta moderatu artekotzat jotzen da. Ingurumen ondorioen azterlanak dio behin betiko urbanizazio proiektuaren barnean berariazko proiektu bat sartuko dela eremua landareztatzeko eta paisaiari egokitzeko. Ingurumen ondorioen azterlanak barnean du ingurumena zaintzeko plana. Plan horren bidez begiratuko da ea jarduera bat datorren proiektuarekin eta onespenerako baldintzekin, bereziki ingurumen neurriei erreparatuz, eta UPSko babes eta zuzenketa neurrien eraginkortasuna neurtuko da. Honakoak egonen dira zaintzapean, besteak beste: bide sareen erabilera, landare lurra kendu eta metatzeko lanak, landaredi gune sentikorren babesa, makinak erregaiz hornitzeko eta mantentzeko lanak, landaketa eta lehengoratze lanak. Jarraipen arkeologikoa koordinatuko da eta, oro har, UPSa onesteko ezarritako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatuko da.

III. ERANSKINA

Jendaurreko aldian aurkeztutako alegazioak

Jendaurreko aldian 1.330 alegazio jaso dira. Beren edukiaren arabera 33 alegazio multzotan sailka daitezke. Haietatik 19 laburbildu dira eranskin honetan, ingurumen gaiei buruzkoak, hain zuzen ere.

.1. alegazioa.-Elías Javier Goñi Sanz de Acedo jaunak aurkeztua.

1. eskaera.-Alegatzaileak dio bere iritziz ez dela zentzuzkoa ez zuzenbidezkoa hiltegi bat ezartzea zenbait udalerritatik gertu, eta zehatzago bi kilometrora baino hurbilago. Horrek arriskuan jartzen ditu osasuna eta ingurumena.

2. eskaera.-Alegatzaileak dio hiltegia kokatu nahi den lekuan kokatuta Nafarroako Gobernuak sustaturiko lurzati-berrantolamendua deuseztatuko dela, alferrik izanen direla egindako gastua eta lurzatiak berrantolatzeko lana eta horrek ez duela ez hanka ez buru.

3. eskaera.-Alegatzaileak dio haragiaren hiriaren kokapena onetsi baino lehen ingurumen eraginaren azterlana egin behar litzatekeela eta gaur egun ez dagoela halakorik.

.2. alegazioa.-Obanosko Udalak aurkeztua.

1. eskaera.-Alegatzailearen iritziz isildu egin da UPSaren eremuan haragiaren sektoreko enpresa batzuk kokatuko direla, jendeak haiek eztabaidatu eta ebaluatzeko aukerarik izan ez dezan.

2. eskaera.-Alegatzaileak gehitzen du jendaurrean jarri den UPS osoan ez dagoela ingurumen ondorioen azterlan bat bera ere haragiaren hiria instalatzeko.

3. eskaera.-Alegatzaileak dio UPSaren jarduketa eremuan badaudela Nafarroako Ubideko ureztapenerako lurrak (eremuaren hiru laurden). Ureztapena interes orokorrarengatik soilik baztertzen ahal da. UPS honetan justifikatu gabe dago. Gainera, hautatu den lekua ez da egokia, Nafarroako Lurralde Estrategiako irizpideen arabera.

4. eskaera.-Orobat alegatzaileak dio Ingurumen ondorioen azterlanak ez duela baliorik, UPSaren eremuan ezarriko diren jardueren artean ez duelako kontuan hartzen Haragiaren Hiriko jarduera.

5. eskaera.-Alegatzaileak dio Haragiaren Hiria herrigune batzuetatik hurbil egonen dela (1.000 metrora baino hurbilago, zenbait kasutan). Abenduaren 30eko 2414/1961 Dekretuan ezarritakoaren arabera, horrelako jarduerek herriguneetatik 2.000 metrora egon behar dute gutxienez, eta arau hori ez da betetzen.

.3. alegazioa.-María Inmaculada Urtasun Barasoain eta Lourdes Urtasun Barasoain andreek aurkeztua.

1. eskaera.-Alegatzaileak eskatzen du UPStik kanpo utz dadila Legardako 5/419 finka, bere jabetzakoa, nekazaritzarako erabiltzen baitu.

2. eskaera.-Aurreko eskaera hori onartzerik ez badago, UPSa deuseztatzeko eskatzen du, ukitutako nekazarien interesen kontrakoa izateagatik.

.4. alegazioa.-Jesús Recadero Zúñiga jaunak aurkeztua.

Alegatzaileak dio Izarbeibarko UPSak ez duela justifikatzen ez bere jarduketa eremua ez bere azalera, alegia, ez duela frogatzen hartzen dituen lurrak hartu beharra. Duela gutxi ureztagarri bilakatu diren lur batzuk UPSaren eremuan sartu dira. Ehiza erreserbako gune bat eta balio bereziko sastrakadi bat ere barnean sartu dira.

.5. alegazioa.-Izarbeibarko Mankomunitateak aurkeztua.

1. eskaera.-Alegatzaileak dio UPSan ez dela justifikatu industrialdearen eta kanpoko azpiegituren arteko konexioa. Gainera, kanpoko konexioak mugatuak dira eta erabilgarritasunaren mugan daude ia. UPSak ez du industrialdearen barnean eginen diren jarduerei buruzko informaziorik ematen eta, ondorioz, beharrak ezezagunak dira. Azkenik, edateko ura hartzeko azpiegituraren garapena balizko udalez gaindiko proiektu sektorial baten esku uzten du.

2. eskaera.-Alegatzaileak gaineratzen du UPSko memoria iluna eta laburra dela jarduketaren kokapena justifikatzeko orduan, eta ebaluazio tekniko eta ekonomikoan ez dela kontuan hartu azpiegitura berrien beharra; horren ebaluazioa beharrezkoa da UPSaren bideragarritasun ekonomikoa zehazteko.

.6. alegazioa.-Sonia Tainta Flamarique andreak aurkeztua, 1.277 sinadura gehiagorekin.

1. eskaera.-Alegatzaileek diote Izarbeibarko UPSan ez dela sartu "haragiaren hiria" eta horregatik UPS hau osatugabea dela.

2. eskaera.-Alegatzaileek diote Ebroko Ur Konfederazioaren txostena falta dela, Arga ibaira eginen diren isurketen gainekoa.

3. eskaera.-Alegatzaileek adierazten dute, halaber, Izarbeibarko UPSaren eremuan ezarri nahi den hiltegiak ez duela Ingurumen baimen integraturik, ez eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorik ere. Hortaz, ez dakigu nola eraginen dien pertsonei eta ingurumenari.

4. eskaera.-Laugarrenik, abenduaren 30eko 2414/61 Errege Dekretua ez dela betetzen alegatzen da, Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremua eta "Haragiaren hiria" delakoa Legarda, Uterga, Obanos eta Muruzabalgo herrietatik bi metrora baino hurbilago daudelako.

5. eskaera.-Alegatzaileek diote "haragiaren hiriaren" kokapena ez dela egokia Nafarroako Lurralde Estrategiaren arabera, eta beste toki batean kokatu behar dela.

6. eskaera.-Alegatzaileek eskatzen dute ez dadila Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuan haragiaren hiririk ezarri, ezta pertsonen osasuna eta ingurumena arriskuan jar ditzakeen beste ezein industria ere, zeren "eskura dauden teknikarik hoberenak eta eskatzen diren zuzenketa neurriak aplikatuta ere ezin izanen baitira saihestu ingurumenaren eta pertsonen osasunaren gaineko eraginak...".

.7. alegazioa.-María Angeles Guembe Díaz andreak, María Teresa Muruzabal Santesteban andreak, Santiago Guembe jaunak, Cecilio Díez de Ulzurrun Arduis jaunak, Miguel Ardaiz Eyaralar jaunak, Alicia Puy Echarri andreak eta Elías Javier Goñi Sanz Acedo jaunak aurkeztua.

Alegatzaileak ez daude ados Izarbeibarko UPSko memoriarekin, okerreko informazioa dakarrelako. Izan ere, ez dago zalantzarik, UPSaren hasierako onespenaren egunean, nahiz eta memoria horretan lurzoru ureztagarriez hitz egin, egia da lurzoru horiek sailkatzen direnean, gaur egun, nekazaritzako ekoizpen handiko lurzoruak direla.

.8. alegazioa.-Valdizarbe Saludable plataformak aurkeztua.

1. eskaera.-Alegatzaileak dio defentsa gabezia gertatu dela, Izarbeibarko UPSan behar adina informazio eman ez delako. Informazio falta hori ondoko puntuetan nabari da:

-Ez da zehazten edateko zenbat ur behar den.

-Ez da zehazten euri uren bolumena.

-Ez dira zehazten ur ez edangarrien bolumena eta horiek bideratzeko sistema (Arga ibaira ala Nafarroako Ubidera).

-Hondakin uren tratamendua ez da bideragarria. Dirudienez Izarbeibarko Mankomunitateak eta Nilsak hala iradokitzen dute.

-Ez da zehazten industrietako hondakin uren araztegia ezarriko den ala ez.

-Ez da esaten Haragiaren Hiria ezarriko den ala ez.

2. eskaera.-Halaber, alegatzaileak dio Haragiaren Hiria Izarbeibarko UPSaren esparruan ezartzekoa dela eta, horregatik, jarduera horri Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zitzaiola.

Ohartarazten du, gainera, ez liratekeela UPSan sartu behar industrialde arrunt batek behar dituen baino azpiegitura handiagoak, batez ere Haragiaren Hiriak egunero 1.600 m³ ur arazteko behar dituenak, ez delako egin halako obrak bermatuko dituen ingurumen azterlanik.

3. eskaera.-Alegatzaileak dio ez dela baimenik eman behar Izarbeibarren Haragiaren Hiria ezartzeko, pertsonen osasunarentzat arriskutsua delako.

Azkenik Haragiaren Hiria instalatzen bada, alegatzaileak eskatzen du ez dadila baimenik eman AME erraustegi bat edo haragi hondakinak eta parekoak erretzeko beste ezein instalazio ezartzeko, pertsonen osasuna arriskuan jartzen dutelako.

4. eskaera.-Alegatzaileak dio Nasuinsak UPSa aldatu behar duela Tximindoa erreka babesteko.

Horretarako, errekarako ingurumen azterlan egokia egin behar litzateke eta erreka estali gabe utzi industrialde osoan, eta hori ezinezkoa balitz, hobe litzateke erreka errepidearen inguruetara desbideratu eta bazterrak berdegune bihurtzea. Gainera oso gomendagarria litzateke oinezko eta txirrindularientzako gune bat atontzea, Donejakue Bidekoentzat, besteak beste, trafikoa ugaritzen denean errepidetik dabiltzanek arrisku handiagoa izanen baitute.

5. eskaera.-Alegatzaileak dio Izarbeibarko UPSa ez dela onetsi behar, ez duelako betetzen hurbileneko herrirainoko gutxieneko distantzia, 2.000 metro, Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko Erregelamenduan (abenduaren 30eko 2414/1961 Dekretua) ezarritakoaren arabera.

6. eskaera.-Alegatzaileak eskatzen du autobidearen ondoko errepidetik UPSaren eremuraino 30 metroko distantzia egon dadila, Donejakue Bidea babesteko, besteak beste. Horrela Tximindoa erreka ez da estaliko, ingurumenaren gaineko eragina arinagoa izanen da eta ikuspegiaren aldetik autobiaren eta poligonoaren arteko tartea handiagoa izanen da.

9. alegazioa.-Raúl Lesmes Ezquerro jaunak aurkeztua.

Alegatzaileak dio UPSan sartu behar zela kanpoko azpiegiturekiko loturen kostua, zehazki urarena eta argindarrarena.

Halaber, alegatzen du udalez gaindiko proiektu sektoriala ez dela halako azpiegiturak garatzeko tresna egokia, ez dakigulako etorkizunean zenbateko eskaria sortuko den eta nortzuek ordaindu beharko duten kostua.

.10. alegazioa.-Mario de Miguel Velasco jaunak aurkeztua.

1. eskaera.-Alegatzaileak dio Izarbeibarko UPSko ingurumen txostenean klimari buruz ematen diren datuak ez direla behar bezain zehatzak, Lizarrako estazio klimatologikoko datuak erabili baitira Erreniegako edo/eta Garesko datuak erabili ordez, bi estazio horiek UPSaren eremutik hurbilago egon arren.

2. eskaera.-Alegatzaileak dio UPSan ez dela inguruko haize nagusien erregimenari buruzko txostenik sartu.

3. eskaera.-Alegatzaileak dio Ingurumen baimen integratua behar duen proiektu batez ari garela eta ez dela bete martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 39.c) artikulua, proiektuak ustiapen fasean sortuko dituen eraginak ez baitira kontuan hartu ingurumen azterlanean.

4. eskaera.-Alegatzaileak gaineratzen du ez dela bete ingurumen arloko legeria, UPSak ez duelako kontuan hartzen ustiapen fasean industriek atmosferara eginen dituzten emisioen ingurumen eragina. Zehazki, alegatzen du ez direla bete 2001/42/EE Zuzentaraua, 2005eko otsailaren 4ko 2.528 Ebazpen Orokorra eta Aarhusko Konbentzioa.

5. eskaera.-Alegatzaileak dio Administrazioak ez duela gardentasunez jardun UPS hau prestatu eta onesteko orduan. Gainera, ingurumen arloko informazioa eskuratzeko eskubidea urratu dela dio, ez delako ezagutarazi UPSaren esparruan haragi sektoreko jardueren eremua instalatzeko asmoa.

6. eskaera.-Halaber alegatzaileak dio UPSko memorian arau aplikagarri gisa jaso direla martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak indargabetu zituen hiru arau: abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea, otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretua eta uztailaren 19ko 229/1993 Foru Dekretua.

7. eskaera.-Espainiako Konstituzioaren 45. artikulua urratu dela alegatzen da, Izarbeibarko biztanleek ez baitute ingurumen egokia izanen Haragiaren Hiria ezarri ondoren.

8. eskaera.-Alegatzaileak dio, Haragiaren Hiriaren instalazioa dela eta, Espainiako Konstituzioaren 43. artikulua (osasunaren babesa) urratu dela, eta hura garatzen duten arauak ere bai, hala Estatukoak nola Nafarroako Foru Komunitatekoak.

9. eskaera.-Alegatzaileak gehitzen du UPSan ez dagoela pertsonen osasunaren gaineko eraginei buruzko txostenik baina horrelako txosten bat behar dela, eta kontuan hartzen badugu Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuan Haragiaren Hiria instalatuko dela, are gehiago.

10. eskaera.-Alegatzaileak dio Izarbeibarko UPSerako hartu diren lurrei erabilera aldatu beharko zaiela, gaur egun lur ureztatuak baitira, eta inbertsio ekonomiko handia egin zela lur horiek eraldatu eta egokitzeko.

.11. alegazioa.-Xavier Vélez Medrano jaunak aurkeztua, 264 sinadura gehiagorekin.

1. eskaera.-Alegatzaileak dio dagoeneko Arga ibaiaren emaria urrituta dagoela Sarriako eta Saltos del Arga, S.A.ko presen ondorioz, eta Izarbeibarko UPSak egoera larriagotuko duela.

2. eskaera.-Alegatzen da hartu nahi den ur bolumena zentzugabea dela, Arga ibaiaren "larrialdiko egoera" dela eta.

3. eskaera.-Orobat alegatzaileak adierazten du industriek isuriko dituzten hondakin urak, nahiz eta araztuak egon, are gehiago kutsatuko dutela jada kolokan dagoen Arga ibaia, ez baitira ehunetik ehunean araztuko.

4. eskaera.-Alegatzaileak dio Garesko bizilagunak ez daudela ados 4 km-ra dagoen azpiegitura batek ura Arga ibaitik hartu eta bertara isurtzearekin.

5. eskaera.-UPSko memoriaren arabera Arga ibaiko uretan bi motoponpa instalatuko dira ura hartzeko, eta alegatzailea horren aurka dago.

.12. alegazioa.-Utergako Udalak aurkeztua.

1. eskaera.-Alegatzaileak dio zehazkiago definitu behar direla hornidura, saneamendu eta euri uren azpiegiturak. Ebroko Ur Konfederazioaren eta Izarbeibarko Mankomunitatearen txostenak ere erantsi behar dira.

2. eskaera.-Industrialdean zer industria mota ezarriko den zehaztu beharra ere alegatzen du.

.13. alegazioa.-Muruzabalgo Udalak aurkeztua.

1. eskaera.-UPSaren esparruan zein industria jarduera kokatuko diren zehazteko eskatzen da, eta ez dadila inola ere onartu Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren beharra duen jarduerarik.

2. eskaera.-Halaber, euri ura Muruzabal errekara isurtzen ez uzteko eskatzen da, kalte larria egin lezakeelako.

.14. alegazioa.-Asunción Erdozain Azparren andreak aurkeztua.

1. eskaera.-Alegatzaileak dio azaldu egin behar dela zergatik ez den "haragiaren hiria" aipatzen Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuko UPSan, itxura guztien arabera UPS horren esparruan instalatuko bada.

2. eskaera.-Alegatzaileak dio zehaztu egin behar dela zein jarduera jarriko diren Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuan, eta eskatzen du berariaz debeka dadila haragiaren sektorea bezalako "jarduera helduen" instalazioa.

3. eskaera.-Alegatzailea Izarbeibarko UPSaren aurka dago leku ezegokian kokatuko dela uste duelako, eta bi arrazoi ematen ditu: lehendabizi, paisaiaren gaineko eragin larria, Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremua "Laniaingo goi ordokian" kokatuko baita, gain batean, oso urrutitik ikusgai; eta bigarrenik, industrialdeak lehentasunez kalitate eskaseko lurzoru degradatu eta higatuetan kokatu behar direla, 84/90 Foru Dekretuak dioenez.

4. eskaera.-Alegatzailea ez dago ados Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuaren eta errepideen arteko loturarekin, arrazoi hauengatik:

Lehendabizi, A-12arekiko lotunea txiki geldituko da industrialde honetako trafikoa eta Gares-Obanosko industrialdekoa jasotzen dituenean.

Bigarrenik, NA-601 errepidearekiko lotuneak trafikoa areagotuko du inguruko herrietan eta arazo larriak sortuko ditu.

Eta hirugarrenik, NA-1110 errepidea hiri zirkulazioko kale bilakatuko da eta arazoak sortuko ditu Legardako herrian, erdialdean trafikoa asko haziko baita.

5. eskaera.-Izarbeibarko UPSko azpiegiturei buruz alegazio hauek egiten ditu:

-Trafikoari buruzko azterlana osatugabea eta, beraz, ezegokia da.

-Iruñerriko Mankomunitatearen txostena ez da baliozkoa, zehaztu gabe dagoelako zein jarduera ezarriko diren Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuan. Beraz, erakunde horrek ezin du iritzirik eman.

-Ebroko Ur Konfederazioaren txosten nahitaezko eta lotesle bat falta da, ur isurketari eta erabilera desberdinetarako ur bilketari buruzkoa.

6. eskaera.-Alegatzaileak dio ustiapen faseko eraginen balorazioa osatugabea eta baliogabea dela, ez dakigulako zein jarduera ezarriko diren Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuan eta, ondorioz, ezin delako zehaztu zer eragin sortuko diren.

.15. alegazioa.-Ceferina María Ursua Esparza andreak aurkeztua.

1. eskaera.-Alegatzaileak eskatzen du Legardako 2/475 finka eta Utergako 5/414 finka UPStik atera daitezela, bere familiarenak baitira eta nekazaritzarako erabiltzen baitituzte.

2. eskaera.-Aurreko eskaera hori onartzerik ez badago, UPSa deuseztatzeko eskatzen du, ukitutako nekazarien interesen kontrakoa izateagatik.

.16. alegazioa.-Miguel Enrique Lizarraga Ursua jaunak aurkeztua.

1. eskaera.-Alegatzaileak eskatzen du Legardako 2/475 finka eta Utergako 5/414 finka UPStik atera daitezela, bere familiarenak baitira eta nekazaritzarako erabiltzen baitituzte.

2. eskaera.-Aurreko eskaera hori onartzerik ez badago, UPSa deuseztatzeko eskatzen du, ukitutako nekazarien interesen kontrakoa izateagatik.

.17. alegazioa.-Garesko Ureztatzaileen Elkarteak aurkeztua.

1. eskaera.-Alegatzaileak dio, lehendabizi, Gares parean Arga ibaitik ura hartzea, UPSan ageri den moduan, ez dela zilegi, Ebroko Ur Konfederazioaren adostasun txostenik ez dagoelako.

2. eskaera.-Bigarrenik, alegatzailea Arga ibaira industriako hondakin urak isurtzearen aurka agertzen da, Ebroko Ur Konfederazioaren adostasun txostenik ez dagoelako.

.18. alegazioa.-Garesko Udalak aurkeztua.

1. eskaera.-Izarbeibarko UPSa osatugabea dela dio, baimen asko falta dituela, besteak beste Ebroko Ur Konfederazioarena, Nafarroako Ubidearena eta Izarbeibarko Mankomunitatearena, eta gainera, erabilera anitzeko ekipamenduari dagokionez, ez dagoela garbi zein diren erabilera toleratuak.

2. eskaera.-Alegatzaileak dio ezin dela jakin edateko ura, ur ez edatekoa eta ureztatzeko ura banatzeko UPSan programatu den sarea nahikoa ote den Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremua hornitzeko, ezarriko diren jarduerak zehaztu gabe daudelako. Zehaztasun falta horrek babes gabezia sortzen duela gaineratzen du.

3. eskaera.-Bigarrenik, Ebroko Ur Konfederazioaren txosten nahitaezko eta loteslea falta dela adierazten du.

4. eskaera.-Azkenik, adierazten du N-111 errepidearen Ingurumen eraginaren azterlana egin behar zatekeela, zehazkiago Garesko udalerria zeharkatzen duen tartearena, industrialdeak errepide horretan izanen duen eragina kontuan hartuta.

.19. alegazioa.-Ekologistak Martxan taldeak aurkeztua.

Alegatzaileak dio instalazioetako bat "haragi hondakinen erraustegia" izan litekeela, eta horregatik eskatzen du zein motatako industria ezarriko den argitzeko, eta nola kudeatuko diren Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuan sortuko diren hondakinak, alegatzailea hondakinen erraustegien aurka baitago.

Alegazioei emandako erantzunak

1.-Alegazio batzuek diote Haragiaren Hirirako Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa edo Ingurumen baimen integratua tramitatu behar zatekeela Udalez gaindiko Plan Sektorialaren tramitazioan. Horri buruz esan behar da Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura ari dela tramitatzen, bertan garatuko diren jarduerei buruz inolako aurreikuspenik egin gabe.

UPSaren helburua, tramitatutako espedientean dauden agirien arabera, lur eremu jakin bat antolatzea da, nahi duten enpresek beren instalazio industrial eta ekonomikoak bertan kokatu ahal izan ditzaten, kasu bakoitzean eta jarduera bakoitzerako indarra duen araudia betez, betiere; eta horrek esan nahi du oraingo prozeduran ez dela ebaluatu behar industrialdean kokatzen ahal diren enpresen ingurumen eragina. Enpresa horiek, beren ezaugarrien arabera, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean aurreikusitako tramiteak bete beharko dituzte.

Baina hau bai ebaluatu dela, ea zenbateko ahalmena duen inguruneak funtzionamendu fasean izan litezkeen ingurumen eraginei aurre egiteko. Hondakin uren isurketari buruzko atalean, gaur egun Arga ibaiak isurkinak jasotzeko ahalmen txikia duenez, beharrezkoa izan da konponbide egokia ezartzea Ingurumen eraginaren adierazpenean. Gainerako ingurumen alderdietan, ingurunearen asimilazio ahalmen onari esker ez da aurreikuspen gehiagoren beharrik izan.

2.-Beste alegazio batzuetan biztanle guneetarainoko distantzia eta Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko Erregelamendua aipatzen dira. Jendaurrean azaldu den UPSaren xedea ez da bere eremuaren barnean kokatzea alegazioetan "haragiaren hiria" deitzen zaion hori. Nolanahi ere, ondokoa adierazi behar da:

1961ean Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko Erregelamenduak (GOKA deritzonak) 2.000 metroko distantzia ezarri zuen hiriguneetatik halako jardueretaraino. Salbuespenezko kasuetan zilegi da distantzia hori ez aplikatzea industria instalazio osasungaitz eta arriskutsuetan.

Orduan ez zegoen ingurumen arloko legeriarik. Prebentziozko araudia zen, ingurumenari buruzko ezagutza oso txikia zen garaian, instalazioek osasunaren eta segurtasunaren gainean izan zezaketen eraginari buruzkoa.

Urte batzuk geroago ingurumen gaiei buruzko legeak egin ziren. Nabarmentzekoak dira Aireari buruzko 1972ko Legea, Urari buruzko 1985eko Legea eta Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko 1986ko Legea.

Nafarroan, Jarduera sailkatuei buruzko 16/89 Foru Legeak GOKAren eguneratze garrantzitsua ekarri zuen, ingurumen babesa instalazio eta kokaleku bakoitzerako zuzenketa neurri egokietan oinarrituz, eta gorago aipatutako araudi sektoriala betetzeko eskatzen diren neurri teknikoak aplikatuz.

Batez ere gutxieneko distantzian oinarritzen zen ingurumen babesak orduz geroztik balioa izateari utzi zion, nahiz eta, zenbait kasutan, distantziarena baldintza osagarri egokia izan zitekeen, behar adinako zuzenketa neurririk ez bazegoen. Distantziaren araua aplikazio orokorrekoa den kasu bakarra abeltzaintza ustiategiena da. Horiei buruzko araudi berariazkoan badaude gutxieneko distantziak, hurbileneko herriaren tamainaren araberakoak.

Herritarren erreklamazio eta salaketen aurrean, ordea, zenbait auzitegik GOKAren legezko irizpide indardunaren aplikazioa eskatzea aukeratu zuten eta horrela zentzugabeko egoerak sorrarazi zituzten. Autonomia erkidego batzuek erregelamendu hori beren lurraldean aplikaezin deklaratzeko arauak eman zituzten, hala nola Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea, zeinak, gainera, eskura dauden teknikarik onenak erabil daitezela eskatzen baitu, jarduerak baimentzeko irizpide orokor gisa.

Bestalde, oinarrizko arautzat hartzen zenez, autonomia erkidegoetako administrazio ia gehienek hura indargabetzeko eskatu zioten Estatuko Administrazioari eta duela gutxi halaxe egin da Airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko 2007ko azaroaren 15eko 34/2007 Legean. Honela dio lege horren xedapen indargabetzaile bakarrak: "Indarrik gabe gelditzen da Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko Erregelamendua, azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuaren bidez onetsia".

3.-Berrantolatutako lurzatietan eta ureztatzeko egokitu diren lurretan UPSak duen eraginari dagokionez, erantzun behar da egia dela, gaur egun laborantza lur ureztatuak direla hasieran onetsitako Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuko UPSaren proiekturako hartu direnak. Alegazioak ikusirik eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren txostena kontuan izanik, NASUINSAk mugak aldatzea proposatu du, ikuspuntu guztietatik nahiko onargarria izanen den eremua osatzeko, jada ureztapenerako egokituta dauden nekazaritza lurretan ahalik eta eragin txikiena izanen duena, laborantza ureztatuari eusteko ahalik eta eremu zabalenean. Hala, 2008ko otsaileko proposamen berrian 59 hektarea hartzea proposatzen da eta nabarmen murrizten da Nafarroako Ubideko eremu ureztagarrian ukitutako azalera. Jendaurrean jarri zen UPSak 119 hektarea hartzen zituen.

4.-Alegazio batzuetan UPSak nekazaritza lurretan, landaredian eta lurzoru urbanizaezinaren beste erabilera batzuetan izanen duen eragina aipatzen da. Puntu honetan adierazi behar da Ingurumen ondorioen azterlanean behar bezala aztertu dela ingurunea eta erabilera berrien ondorioak baloratu direla. Ez da ingurune naturaleko ondasun berezien gaineko eraginik identifikatu. Behar diren prebentzio eta zuzenketa neurriak sartu dira.

5.-Alegazio batzuen arabera, UPSaren akatsa da kanpoko azpiegituren definizio zehatzik ez ematea Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala egin eta tramitatzen ez den artean. Hori dela eta, esan behar da haren tramitazioak, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, azpiegitura guztien ingurumen azterketa ahalbidetuko duela.

6.-Industrialderako ur hornidurarekin zerikusia duten alegazioei erantzunez, esan behar da UPSan zehaztu egiten direla edateko uraren eta industriarako uraren dotazioak, eta aldeko txostena eman dutela bai Iruñerriko Mankomunitateak, edateko uraren hornidurari buruz, eta bai Ebroko Ur Konfederazioak ere, Arga ibaitik ura hartzeari dagokionez.

7.-Zenbait alegaziotan hondakin urak husteko aurreikusitako konponbidea aipatzen da eta Arga ibaira isurtzekotan Ebroko Ur Konfederazioaren txostena behar dela adierazten da.

Alegatzaileei erantzunez, jakinarazten zaie Ingurumen ondorioen adierazpenean UPSak bete beharreko baldintzak ezarri direla industrietako ur hondakinei eta hondakin ur beltzei dagokienez. Ezarri da industrialdeak araztegi nagusi bat eduki behar duela, instalazio bakoitzeko industria prozesuetan sortzen diren hondakin urak tratatzeko. Ur araztuek berriz erabiliak izateko ezarritako irizpideak bete beharko dituzte. Hala, bada, hondakin uren xede nagusia berrerabiltzea izanen da. Aurreikusten da Arroko Erakundeak noiz edo noiz baimena eman ahal izanen duela instalazio jakinen batek ur jabari publikora isur dezan, isurketa horrek ingurune hartzailearen ingurumen kalitateari buruzko arauak urratzeko arriskurik ez dakarrela iruditzen bazaio.

8.-Tximindoa errekaren gaineko eragina gutxitu beharra aipatzen da zenbait alegaziotan. Hori dela eta, esan behar da Ingurumen ondorioen adierazpeneko baldintzetan gai hori aintzat hartu dela eta sustatzaileari errekaren ingurumen integrazioa hobetzeko behar diren neurriak hartzeko eskatzen zaiola. Neurri horiek urbanizazio proiektuan garatuko dira.

9.-Ingurune fisikoaren eta zehazki klimaren analisia aipatzen da 10. alegazioan. Analisi hori Ingurumen ondorioen azterlanean gaizki egin dela irizten zaio. Antzeko zerbait adierazten da atmosferarako emisioen eta abarren analisiari buruz.

Azpimarratu behar da Ingurumen ondorioen azterlanaren edukiak egokiak direla UPSaren ingurumen eraginak aztertzeko. UPSaren helburua da lur eremu jakin bat egokitzea, nahi duten jarduera industrial eta ekonomikoak bertan kokatu ahal izan daitezen. Ezarri beharreko jardueren proiektuek sortzen ahal dituzten eraginak baloratzeko azterlanek zehaztasun handiagoz aztertu beharko dituzte jarduera bakoitzak ukitzen ahal dituen inguruneko osagaiak, bai eta eraikuntza faseko eta ustiapen faseko eraginak ere, kasuan kasukoak.

Nahiz eta haizeen eta baldintza klimatikoen azterlana beharrezko tresna izan atmosfera kutsa dezaketen jarduerek airearen kalitatean duten eragina ebaluatzeko, industria ezarpenei buruz dugun esperientziak erakusten digu kasurik gehienetan ez dela beharrezkoa informazio hori erabiltzen duten eredu matematikoak erabiltzea. Bakar-bakarrik, halako kutsatzaileen emisio handiak izanen dituen instalazioren baten ezarpena sustatzen bada, nahitaez egin behar zaion Ingurumen ondorioen azterlanean azterketa sakona egin behar litzateke halako tresnak erabiliz.

Iragarkiaren kodea: F0805002