52. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

EUGI

Eugiko "Iroso" gizarte etxea erabili eta kudeatzeko erregelamendua. Behin betiko onespena

Eugiko Kontzejuak, 2007ko abenduaren 14an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea "Iroso" gizarte etxea erabili eta kudeatzeko erregelamendua, eta hori 2008ko 8. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, urtarrilaren 18an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, delako erregelamendua behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eugin, 2008ko martxoaren 18an.-Kontzejuko burua, María Teresa Errea Errea.

"IROSO" GIZARTE ETXEA ERABILI ETA KUDEATZEKO ERREGELAMENDUA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Gizarte etxea kudeatzeko antolamenduko eta barne funtzionamenduko arauak ezartzea, bai eta bertako instalazioak eta gainerako zerbitzuak erabiltzeko eskubideak, betebeharrak eta baldintzak arautzea ere.

2. artikulua. Azpiegituraren definizioa.

2.1. Gizarte etxea Kontzejuaren ekipamendu bat da, Eugiko herrian kokatua, adineko pertsonak gazteekin eta gainerako giza taldeekin harremanetan jartzeko eta harreman horiek sustatu eta garatzeko helburua duena. Horretarako belaunaldi desberdinetakoendako ekitaldiak antolatu eta batzuek nahiz bertzeek erabiliko dituzten baliabide eta ekipamenduak izanen dira, betiere xedetzat izanik kultura, aisialdia, adineko pertsonen entretenimendua eta, oro har, gizartean parte hartzeko prozesuen sorrera.

2.2. Gizarte etxearen bidez zerbitzu publiko bat eman gogo da, dinamikoa, publikoa eta guztiendakoa den eta partaidetza bultzatzen duen erabilera anitzeko ekipamendu soziokultural baten bitartez. Gizarte etxearen helburua zerbitzu publikoak ematea da, alegia, ekintza eta jarduerak, belaunaldi desberdinetakoentzat balio dutenak eta integratzaileak direnak, betiere xedetzat izanik herritarren garapen kultural eta soziala eta elkarte gisa jardutearen sustapena. Beraren bidez Eugiko herritarren ekimenak atzeman, bildu, sustatu eta bideratu nahi dira.

3. artikulua. Gizarte etxearen helburuak. Hauek dira lortu nahi diren helburuak:

3.1. Erabiltzaileendako topaleku izatea, elkarren arteko komunikaziorako eta gizartean parte hartzen ikasteko, bai eta komunitateari zuzendutako jarduerak bertan gauzatzeko ere, hala herritarren ekimenez sortu eta Eugiko herritarren elkarteen eskutik etortzen direnak, nola Kontzejutik eta bertze erakunde publikoetatik planifikatzen direnak.

3.2. Eugiko herritarren elkarteei beren programak eta jarduerak gauzatzeko gune bat eskaintzea.

3.3. Kalitatezko programa eta zerbitzuak bultzatzea, kultur arloan, prestakuntzakoan, aisialdiarenean, gizartegintzan eta kirol gaietan, oinarrizko gizarte sarearen eskakizun eta beharrei erantzuteko, xedetzat izanik pertsonaren garapen osoa eta herritarren egoera kulturala eta soziala hobetzea.

3.4. Eugiko herritarren elkartezaletasuna bultzatzea.

3.5. Herritarren ekimen eta jarduerak bideratzeko tresna egokia izatea, pertsona eta taldeen parte hartze aktiboa sustatuz, gizarte, kultura, hezkuntza nahiz kirol arloan herrian gertatzen diren prozesuetan.

3.6. Gizarte etxeak ez du irabazteko asmorik, baina, zerbitzu publikoa denez, autofinantzatzera jo beharko du.

4. artikulua. Eugiko Kontzejuak noiznahi ematen ahalko ditu ebazpenak, erregelamendu honetan ezarritakoa argitu edo interpretatzeko, baita xedapen orokorrak ere, aldaketak sartu edo zerbait garatzeko asmoz, betiere instalazio eta zerbitzuen kudeaketa eta erabilera egokiena xedetzat harturik.

5. artikulua. Tarifa eta prezio publikoak dagokien araudiaren bidez onetsiko dira, eta jendearen eskura egonen dira, zerbitzu bakoitza erabiltzeko arau berariazkoak eta erregelamendu hau bezalaxe, gizarte etxeko argibide eta kontrol zerbitzuetan eta Kontzejuan.

II. TITULUA

Kudeaketa eta antolaketa

6. artikulua. Gizarte etxearen administrazio, kudeaketa eta gobernu gorenak Eugiko Kontzejuaren esku egonen dira, zerbitzu publikoaren titularra den aldetik, baita zerbitzu horretara jartzen diren langileen esku ere.

7. artikulua. Eginkizunak.

7.1. Hona hemen Kontzejuko Batzarraren ardurapean gelditzen diren eginkizunak:

a) Instalazioa erabiltzaileei ireki eta ixtea Kontzejuak bere ekimenez ezarritako orduetan.

b) Eugiko herritarren ekimen eta jarduerak bildu, sustatu eta bideratzea, gero Kontzejuari igortzeko.

c) Gizarte etxeko erabiltzaileei udal esparruko zerbitzu eta jardueren berri ematea.

d) Erabiltzailearen informazio gunea kudeatzea.

e) Jarduerak programatu eta kudeatzeko proposamenak egitea.

f) Instalazioak erabiltzeagatik eta jarduerak garatu eta antolatzeagatik ordaindu beharreko tarifen proposamenak egitea.

g) Arduratzea eta kudeaketa lanak egitea, gizarte exeko azpiegitura, instalazioak eta altzariak ongi erabil daitezen.

h) Jarduketa programak eta gizarte etxean egiten diren jarduera guztiak betearazi, dinamizatu eta gainbegiratzea.

i) Egiten diren eskari guztien berri izatea eta, haiek kontuan hartuz, orduen eta espazioen banaketa egin eta gainbegiratzea.

j) Eugiko biztanleak dinamizatzen lan egitea.

k) Gizarte etxearen funtzionamenduaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

l) Gizarte etxearen urteko memoria prestatzea.

m) Eraikinaren garbiketa eta segurtasuna gainbegiratzea eta haietaz arduratzea.

n) Gizarte etxearen kudeaketarekin ikusteko duten alderdi guztiak garatu eta betearazteko beharrezkoak diren langile guztiak kontratatzea.

7.2. Arestian aipatu eginkizunak bete beharrez, Kontzejuak gizarte etxearen ardura izanen duten langileak kontratatuko ditu eta herritarren partaidetzarako organo bat sortuko du, bizilagunak, haien elkarteak eta gizarte etxeko erabiltzaileak ordezkatuko dituena.

8. artikulua. Kontzejuak, zerbitzuaren titularra den aldetik, polizia eta zuzendaritza botereak bere esku izanen ditu, zerbitzuak modu egokian funtziona dezan bermatu beharrez; horrez gain, gizarte etxea erabili eta jarduerak antolatzeagatik ordaindu beharreko tarifak edo prezioak, entitate kudeatzaileak ezartzen dituenak, gainbegiratu eta kontrolatuko ditu, betiere NTAFLaren 202.2 artikuluan eta TATBaren 108.ean ezarritakoari jarraituz.

9. artikulua. Zerbitzua, ekipamenduak, programak edo jarduketak kudeatzeko araubidea ezar daiteke Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko 10/1998 Foru Legean araututako formetako edozeinen bidez.

10. artikulua. Kudeaketa modua eta haren garapena erabakitzeko ekimena Kontzejuari dagokio, eta hark, betiere, eginkizun horretarako jendearen parte hartzea aurreikusi beharko du, erabakitzen diren bideen bitartez gauzatuko dena.

III. TITULUA

Erabiltzaileak

I. KAPITULUA

Erabiltzaile nor den

11. artikulua. Gizarte etxea erabiltzen ahalko dute irabazi asmorik gabeko elkarteek, taldeek, entitateek eta pertsonek eta, bereziki, Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren 1997ko abuztuaren 26ko 317/1997 Foru Aginduko (1997ko 110. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, irailaren 12koa) 1.2 atalean eta geroan hura osatu edo aldatzen duen arauan aipatzen direnek.

12. artikulua. Erabiltzaile berariazkoak.

Berariazko erabiltzailetzat hartuko dira Eugiko elkarte bateko kide direla behar bezala egiaztatzen dutenak, baldin eta delako elkartea elkarteen udal erregistroan inskribaturik badago eta entitate hauentzat indarra duen araudia betetzen badu eta Kontzejuak onartu badu, horretarako eskaria aurkeztuta, gizarte etxeko erabiltzaile berariazko gisa.

13. artikulua. Norbanako erabiltzaileak.

Halakotzat hartuko dira, erabiltzaile berariazko edo kolektibo izan gabe, Gizarte etxeko lokalak, instalazioak, programak eta jarduerak erabiltzen dituzten gainerako pertsona guztiak. Erregelamendu honetan ezarritakoa ez ezik, programa eta jarduera bakoitzeko barne funtzionamendu egokirako erabakitzen dena bete beharko dute.

14. artikulua. Erabiltzaile kolektiboak.

Gizarte etxeko erabiltzaile kolektibotzat hartuko dira ikastetxe guztiak, elkarteak, erabiltzaile berariazkotzat hartzen ez direnak, klubak eta taldeak, betiere aurkezten badute behar den eskabidea eta hura Kontzejuak onartzen badu.

II. KAPITULUA

Erabiltzaileen betebeharrak

15. artikulua. Erabiltzaile guztiek bete beharko dituzte eginbehar hauek:

-Erregelamendu hau ezagutu eta betetzea, bai eta ontzat hartu eta betetzea ere Kontzejuak edo gizarte etxeaz arduratzen direnek hartutako erabakiak eta emandako jarraibideak, eta haiek egindako lana erraztea ere bai. Aipatu horienganako begirunea eduki beharko dute beti, eta haien jarraibideei kasu egin beharko diete.

-Elkarbizitzarako arauak eta elkarrenganako begirunea betetzea, hala Gizarte etxearen barrenean nola bere instalazioekin zerikusia duten gainerako tokietako edozeinetan, baita gainerako erabiltzaileen eskubideak errespetatzea ere: erabiltzaile berariazkoak, kolektiboak eta norbanakoak.

-Instalazioak, zerbitzuak, mahaiko jokoak eta gainerako ekipamenduak erabiltzea, ahalik eta kontu handienarekin, egoera onean kontserbatzeko, erabili ondotik dena bildu eta gauza bakoitza bere tokian utzita. Gaizki erabiltzeagatik eragindako kalte guztiak ekitaldiaren erantzulearen kontura izanen dira, 32. eta 33. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

-Lurrera gauzarik, paperik edo bertzelakorik ez botatzea.

-Komunetan eta konketa-geletan, behar den garbitasun eta higienea izatea.

-Guztiendako instalazio eta zerbitzuak zentzuzko denbora batean erabiltzea, esperoan daudenek ere haiek erabiltzeko aukera izan dezaten.

-Telebista, bideoa eta gainerako aparatuak lokalaren arduradunak edo Kontzejuak izendatzen dituzten pertsonek ibiliko dituzte bakarrik.

-Gizarte etxearen arduradunei ematea okerreko funtzionamenduaren, hausturen, akatsen edo erregelamendu honetan xedatutakoa ez betetzearen berri.

-Garaiz eta finkatutako moduan ordaintzea ezartzen diren prezioak, tarifak, kuotak edo tasak.

-Erabiltzaileen intimitatea gorde eta errespetatzea xede izanik, ez da zilegi argazki kamerak edo bideoa erabiltzea. Horretarako baimena eskatu beharko zaie instalazioen arduradunei, irudien xedea zein den adierazita. Baimena, ahal izanez gero, aldez aurretik eskatuko da. Baldin eta arauaren berri ez izateagatik, erabiltzaileak edo bertze norbait baimenik izan gabe joaten badira gizarte etxera, hantxe bertan eskatuko dute, eta bertako langileek ematen ahalko diete baimena, dagozkion arrazoiak entzun eta gero. Arau hau ez da debekutzat hartu beharko, aitzinetik gaztigu egin behar izatea bertzerik ez baita, irudiak eta haien geroko erabilera ebaluatu beharrez.

III. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubideak

16. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak:

-Kontzejuari ematea ikusitako okerren edo irregulartasunen berri, idatziz eta nork bere izenez identifikatutako idazkian, gizarte etxearen funtzionamendu onari traba egiten badiote.

-Mota guztietako iradokizunak egitea, lokala hobeki aprobetxatu edo ekitaldiak hobeki egiteko.

-Gizarte etxeko ondasun eta ekipamenduak erabili ahal izatea, bakoitza dagokion xedeari begira, erregelamendu honetan ezarritako maneran.

IV. TITULUA

Funtzionamendua

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak

17. artikulua. 1. Gizarte etxeko espazio, baliabide eta zerbitzuak libreki erabiltzen ahalko dituzte III. tituluan aipatzen diren erabiltzaileek.

18. artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek gizarte etxeko espazio, baliabide material eta zerbitzuak erabiltzeko eskubide berak dituzte, betiere erabilgarri badaude, aitzinetik kasuan kasuko tasak ordainduta, hala behar badu.

Dena dela, Kontzejuak zerbitzuak erabiltzeko baldintza bereiziak ezartzen ahalko ditu talde jakin batzuentzat, hain zuzen ere 13. artikuluan aipatzen diren erabiltzaile berariazkoen kategorian sartzen direnentzat, behar bezala justifikatuz gero eta Herritarren Partaidetzarako Mahaiak proposatzen badu.

19. artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek betebehar berak izanen dituzte, espazioak, baliabideak eta zerbitzuak zuzen erabiltzeari dagokionez, betiere erregelamendu honen artikuluetan eta Kontzejuak edo herritarren partaidetzarako organoak erabilera eta funtzionamendurako ezartzen dituzten arau osagarrietan finkatzen denaren arabera. Bereziki beharturik daude gizarte etxeko instalazio eta baliabide materialak errespetatu, zaindu eta mantentzera, haiek erabiltzeko egoerarik onenean egon daitezen beti.

Errespetatu beharko dira gizarte etxea kudeatzeko sinatzen den kudeaketa kontratuan sartzen diren betebehar eta eskubideak.

20. artikulua. Gizarte etxean, funtzionamendurako baldintza orokor hauek beteko dira:

20.1. Gizarte etxea elkarrekin erabiliko dute adineko pertsonek, gazteek, gizarte taldeek eta, oro har, kokatua dagoen herriko edo eskualdeko herritarrek, inongo espazio, baliabide edo zerbitzu ezin izanen baita erabiltzen duen pertsona, talde edo elkartearen erabilera edo jabetza esklusibotzat hartu, 18. artikuluan xedatutako kasuan izan ezik.

20.2. Erabilera eta balio anitzekoak izateko sortu dira toki, zerbitzu eta baliabideak, eta pertsona eta entitate guztien eskura daude, Kontzejuak aitzinetik baimenduz gero.

20.3. Espazio, baliabide eta zerbitzuen erabilerak bat egin behar du gizarte etxearen eginkizunekin, egindako eskaerarekin eta bertan dagoen ekipamenduarekin.

20.4. Ez da espaziorik, zerbitzurik edo baliabiderik lagako irabazi asmoko entitateen jardueretarako, aitzinetik arautu eta onetsi ez badira. Irabazi asmoko entitateek sinatutako eskaeren kasuan, Kontzejuari dagokio kontzesioa ematea.

20.5. Entitate, talde, elkarte, kolektibo edo pertsona erabiltzaile guztiek beren jarduerak egokitu beharko dituzte, Kontzejuak erabakiko baititu erabilerari eta zerbitzuen ordutegi nahiz egutegiari dagozkienak, gizarte etxearen kudeaketaz arduratzen den lagunarekin lankidetzan. Hasteko, honako ordutegi hau finkatu da:

-Larunbatetan, 17:30etatik 20:00etara.

-Igandeetan, 17:30etatik 20:00etara.

21. artikulua. Instalazioek legezko xedapenak beteko dituzte hirigintza, segurtasun eta higiene aldetik, bertako zerbitzu eta jarduerekin bat.

22. artikulua. Kontzejuak izanen du higiezina mantentzeko ardura, eta bidea emanen die zerbitzu, programa edo emanaldien kudeaketari. Hori dena, batere ukatu gabe sinatzen diren kudeaketa kontratuen ondorioz etortzen diren betebehar eta eskubideak.

23. artikulua. Behar diren neurriak hartuko dira, herritarren ekimenetik sortutako jarduerak sustatzeko eta horien eta Kontzejuaren proposamenen arteko koordinaziorako. Horretarako, bai gizarte etxearen funtzionamenduan bai jardueren programazioan herritarren partaidetza bermatuko duen organoa sortuko da.

II. KAPITULUA

Espazioak eta ekipamenduak

24. artikulua. Espazioen eta baliabideen erabilera eta lagapena arautzearekin, pertsona, talde eta elkarte erabiltzaileei erraztu eta eskuratu nahi zaizkie beren jardueretarako behar dituzten oinarrizko bitartekoak. Horretarako, Kontzejuak erabakiak hartu eta lehentasunak zehaztuko ditu, espazioak okupatzeko egutegi eta ordutegiei dagokienez, arrazionalizazio eta optimizazio irizpideak erabilita, xedetzat izanik elkarrekin bateragarriak izatea elkarteak eta gizarte etxearen izaera irekia, parte hartzea sustatzen duena.

25. artikulua. Antolamendu honek kontuan hartu beharko du gizarte etxearen funtzionamendurako gutxieneko araudia:

25.1. Gizarte etxea jendearentzat irekita egonen da, "Erabilera anitzeko aretoa" izeneko espazioan, eta bertako erabiltzaile izaten ahal dira, bertako baliabideak eskura izanik, Eugiko elkarteak, gizarte etxearen helburuekin bat heldu diren jarduerak egin gogo dituztenak, finkatutako ordutegiaren barrenean; baita antolatzen diren jarduera eta ikastaroetako parte hartzaileak ere, ezarritako programazio eta ordutegiaren barrenean, haientzat bereizitako geletan.

Beheko solairuko "erabilera anitzeko aretoa", lehentasunez, ludoteka jarduerarako erabiliko da asteburuetan, horretarako ezartzen diren ordutegietan.

25.2. Ekipamenduko espazio eta baliabideen erabilera eta lagapen pribatiboa nahi izanez gero, eskaera fitxa bat aurkeztu beharko da, hiru egun lehenago, bertan adierazita jarduera mota, erantzulea, eguna, ordutegia, iraupena eta parte hartzaileen kopurua, gisa hartara gizarte etxearen ardura duen lagunak behar den eraginkortasunarekin koordinatzen ahalko baititu eskatzaile guztien ordutegiak eta jarduerak. Lagapena ez da irmotzat joko organo eskudunak eskatzaileari kontzesioa jakinarazi arte.

25.3. Pertsona, talde edo elkarte orok eskatzen ahalko du gelen, espazioen edo eskuragarri dagoen ekipamenduko materialen erabilera, baina bazterturik daude, bertzerik gabe, epai judizialaren bidez legez kanpoko deklaratutako elkarteak.

26. artikulua. Espazioen erabilera laga ahal izateko, kontuan hartu beharko da Eugiko Kontzejuak antolatu edo baimendutako ekitaldirik ba ote dagoen, eta ezin izanen da erreklamaziorik aurkeztu, baldin eta gisa horretako ekitaldiren batengatik lehendik baimendu dena bertan behera utzi edo haren ordutegia aldatu behar bada. Dena dela, ahal izanez gero, erabaki hori berrogeita zortzi ordu lehenago bederen jakinaraziko da.

27. artikulua. Halaber, kontzesioa noiznahi ezeztatu edo deuseztatzen ahalko da, beharrezkoa bada, instalazioa gaizki erabiltzen ari badira edo jarduerek lagapenaren jatorrizko arrazoien aurka jotzen badute.

28. artikulua. Gizarte etxearen arduradunek beren esku izanen dute instalazioak erabiltzaileei eta jende orori erabat edo parte batean hesteko aukera, baldin eta ustekabeko arrazoiak direla medio haiek erabiltzea arriskutsutzat jotzen bada, edo behar bezala justifikatutako interes orokorreko bertze arrazoi batzuk gertatzen badira.

29. artikulua. Toki bat laga edo erreserbatzen denean, programatutako ikastaro edo jardueretan, tokia manera egokian erabiltzeaz arduratuko den pertsona bat behar da, eta haren izena eskaeran agertu beharko da. Jardueren arduradunek arau hauek errespetatu eta errespetarazi beharko dituzte.

30. artikulua. Telebista, bideoa eta gainerako aparatuak gizarte etxearen arduradunak ibiliko ditu bakarrik.

31. artikulua. Gizarte etxearen arduradunak baizik ez du izanen berokuntza eta klimatizazio aparatuen eta gainerako aparatu garrantzitsuen kontrola.

32. artikulua. Instalazioetan, utzikeriagatik edo gaizki erabiltzeagatik, zerbait hondatzen bada, erreserba egin duten erabiltzaile berariazkoek, norbanakoek edo kolektiboek erantzun beharko dute, batere ukatu gabe erregelamendu honetako VI. tituluan ezarritakoaren arabera legozkiekeen zehapenak. Hirugarrenei (taldeak, klubak edo elkarteak) zuzendutako jardueretarako erreserbak egiten dituzten federazio edo taldez goitiko entitateen kasuan, jardueretan parte hartzen duten kolektiboek zerbait hondatzen badute, beraiek erantzun beharko dute subsidiarioki.

33. artikulua. Nolako jarduera egin gogo den edo zer toki behar den, guraso edo tutoreen baimena erantsi beharko da, eskatzaileak adin txikikoak badira. Halakoetan behartzen ahalko da adin nagusiko arduradun bat izatea.

34. artikulua. 1. Materialak geletan uzteko eskubidea mugatua da, kontuan hartu beharko baita tokirik badagoen, nolako material klasea den eta zer jarduera egin gogo den.

2. Nolanahi dela, material horiek prekarioan utziko dira, ez Kontzejuak ezta kudeaketa taldeak ere ez baitute erantzukizunik izanen galdu, lapurtu, ebatsi, gaizki erabili edo hondatzen badira.

35. artikulua. Prezio publiko edo tasen ordainketan ez da sartzen, non ez den espresuki zerbait zehazten, muntatze edo prestatze lan gehigarririk. Onuradunek beren baliabide teknikoak (pertsonalak eta materialak) eduki beharko dituzte beren jardueretarako, kasu jakinetarako bertzelako zehaztapenik eman ezean.

36. artikulua. Kasu bakoitzeko lagapenean bete beharko dira Kontzejuak ezartzen dituen baldintzak. Baldintza bereziak ezartzea erabakitzen bada, idatziz eman beharko dira.

37. artikulua. Baldin eta espazio bakoitzean material orokorra badago (lagapena egiten den unean zehaztuko da), erabiltzaileen eskura utziko da, eta haiek arduratu beharko dute garraioaz, bilketaz eta dagokion lekuan altxatzeaz.

38. artikulua. Elementu jakin batzuk erabili edo muntatzeko, Kontzejuak erabakitzen ahalko du, bere teknikari arduradunaren bidez, zein enpresak edo pertsonak egin behar dituzten lan horiek, kontuan hartuz lan horien eta materialen garraioaren kostua beti erabiltzaile eskatzailearen gain geldituko dela.

39. artikulua. Gizarte etxean ez dagoen edo eskura ez den materialen bat behar bada, espazioa eskatu duena arduratuko da hura jartzeaz. Kasu guztietan, Kontzejuaren baimena beharko du.

40. artikulua. Gizarte etxean egiten diren jarduera guztietan material egokiak erabili beharko dira. Material horiek edo jarduerak ezin izanen dute ondasun higigarri edo higiezinen egoera aldatu. Horretaz gain, kontuan hartu beharko dira edozein instalazio eta/edo material erabiltzeari buruzko arau berariazkoak.

41. artikulua. Arau orokor gisa, zerbitzuak, bertzelako agindu espresurik ez bada, instalazioa ixteko ordua baino ordu erdi bat lehenago itxi edo amaituko dira.

42. artikulua. Instalazioetan ez da zilegi:

-Kartel edo eskuorriak paratzea Kontzejuaren baimenik gabe.

-Publizitatea paratzea baimena edo araua bete gabe. (Kasu guztietan, debeku da edari alkoholdunak eta/edo tabakoa kontsumitzera bultza dezakeen publizitatea).

-Debekaturik dago adingabeei edari alkoholikoak saltzea eta kon- tsumitzea.

-Animaliak instalazio guztietan sartzea, zakur gidariendako araudian ezarritakoa izan ezik.

43. artikulua. Gizarte etxearen barnean, erretzea debeku da arras.

44. artikulua. Eugiko Kontzejuak eginen ditu espazio eta ekipamenduen erabilerari dagozkion ikuskapen eta kontrol lanak.

III. KAPITULUA

Ikastaro, lantegi eta jarduerak

45. artikulua. Gizarte etxearen erabileran, lehentasuna emanen zaie bere definizioarekin eta bere helburuekin lotura duten jarduerei, eta horien artean Eugiko herritarren elkarteen eskutik sortzen direnei, bai eta lokalak bertan programazio jarraituak egiteko eskariei ere.

46. artikulua. Gizarte etxeak jolaserako jarduerak, aisialdikoak, kultur arlokoak, prestakuntzakoak, gizarte gaietakoak eta abar eskainiko ditu, Eugiko biztanleen elkarteek, Kontzejuak eta bertzelako entitateek antolatzen dituztenak, dagoen eskaeraren arabera, edo bertze toki entitate batek, hala nola Esteribarko Udalak eta Zerbitzuen Mankomunitateak, prestatutako animazio soziokulturaleko programa baten barrenean.

Eugiko elkarteek, aitzinetik Kontzejua bat etorriz gero, komenigarri iruditzen zaizkion jarduerak programatu eta gauzatuko ditu, eta horretarako bere urteko programa aurkeztuko dio Kontzejuari.

47. artikulua. Jarduera publikoen programazioa ohiko hedabide eta euskarrien bitartez ezagutaraziko da, baina bereziki gizarte etxean berean kokatuak baliatuz.

48. artikulua.1. Jardueretako bakoitzean, jarduera mota eta helburuak kontuan hartuz, honako hauek zehaztuko dira:

-Kuotak (halakorik baldin badago).

-Tartea, egunak, ordutegia eta espazioa.

-Parte hartzaileen kopurua (gehienekoa eta gutxienekoa).

-Sartzeko baldintzak (eskakizunak eta/edo gizarte ezaugarriak), ikastaroaren helburua populazioaren sektore bati zuzentzen zaionean.

-Adinak.

-Inskripziorako datuak (modua, tokia, egunak eta orduak), etab.

-Erantzukizun zibileko asegurua.

2. Ikastaro eta lantegietarako inskripzioak ez dira behin betikotzat hartzen, kasuan kasuko ordainketaren egiaztagiria aurkeztu arte, eta horretarako gehieneko epea izanen da inskripzio orrian zehazten dena.

49. artikulua. Entitate edo elkarte antolatzaileak, erregelamendu honen arabera horretarako baimendua dagoenak, bertzelako modu edo araurik ezartzen ez badu ikastaroak eta jarduerak kudeatu eta antolatzeko, honako hauen arabera eginen dira:

49.1. Inskripzioaren ordainketa gizarte etxeko bulegoan edo Kontzejuan eginen da, horretarako ematen diren jarraibideei kasu eginez.

49.2. Ikastaro eta lantegiak gauzatu ahal izateko, guztietan gutxieneko plaza kopurua izan beharko da beterik, haiek hasi baino hiru egun lehenago.

49.3. Ikastaroa edo lantegia egitea posible ez bada, edozein delarik arrazoia, ezin izanen zaio Kontzejuari inolako erantzukizunik eskatu, baina Kontzejua beharturik egonen da anarteraino ordaindu diren kuotak itzultzera.

49.4. Inskribatuen kopuruak ikastaroa edo lantegia egiteko behar den gutxienekoa egiten ez badu, bertan behera geldituko da eta ordaindu dutena itzuliko zaie inskribatuei, gehienez ere hamabortz eguneko epean.

49.5. Behin ikastaroa edo lantegia hasita, ezin izanen da ordaindua itzuli.

49.6. Ikastaroa edo lantegia uztea erabakitzen dutenek, ez dute deus atzera jasotzeko eskubiderik izanen.

50. artikulua. Prezio murriztu edo berezia duten erabiltzaileek, prezio horretaz baliatu ahal izateko, inskripzioaren unean berean behar den dokumentazioa edo karneta aurkeztu beharko dute, bai eta urte horri dagokion ordainketaren ordainagiria ere, halakorik dagoenetan.

51. artikulua. Atsedenaldiak finkatzen ahalko dira, ikastaroek edo lantegiek dirauten bitartean. Atsedenaldi horiek denboraldi bakoitzean iragarriko dira. Atsedenaldi, zubi edo jaiegunengatik ezin da ordaindutakoa itzultzeko eskatu jarduerarik ez dagoelako.

52. artikulua. Aitzinetik egindako erreserbak.

Espazioak erreserbatzeko eskariak horretarako espres onetsitako eskaera ereduaren bidez eginen dira.

53. artikulua. Jarduera pribatuak.

Enpresa eta/edo partikularrek herritarrei zuzenduta proposatutako jardueretarako, interes sozialekotzat hartzen badira, espazioak eskatzen ahalko dira, dagoen eredua baliatuz, aitzinetik tasa edo dagokion diru kopurua ordainduta.

54. artikulua. Kontzejuak gizarte etxean egiten diren jardueren jarraipena eginen du, onetsitako proiektuari eta gizarte etxearen helburuei ongi egokitzen zaien gainbegiratzeko.

V. TITULUA

Erreklamazioak

55. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Kontzejuak erantzukizun zibileko asegurua izanen du gizarte etxerako, instalazioak berak huts egiteagatik gerta daitezkeen istripuei erantzuteko. Horretaz gain, gizarte etxean egiten diren jardueren sustatzaileek behar den asegurua sinatu beharko dute jarduera jakin bakoitzerako.

56. artikulua. Erreklamazio orriak eta gauza galduak.

56.1. Gizarte etxearen erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, erreklamazio orriak eskura izanen dituzte hantxe berean. Edozein erabiltzaile baliatzen ahalko da orri horiez, bertan bere datuak paratuta (zerbitzuren bateko bazkide bada, hori ere bai), zerbitzuek gaizki funtzionatzen dutela ikusten duenean. Erreklamazioa idatziz egiten ahalko da, gizarte etxean berean nahiz Kontzejuan. Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat gordeko du beretzat eta erantzuna jasoko du.

56.2. Erreklamazioaren ebazpenaren kontra administrazio arloan bidezkoak diren errekurtsoak aurkezten ahal dira, azken xedapenetako lehenean xedatuari jarraikiz.

56.3. Gauza galduak gizarte etxean berean bilduko dira.

VI. TITULUA

Zehapenen araubidea

57. artikulua. Zehapen motak.

Erregelamendu honetako arauak betetzen ez badira, eta bereziki 15, 42 eta 43. artikuluetan aipatzen diren eginbehar eta debekuei dagozkienak, zehapena merezi duten arau-haustea gertatuko da, hutsegite arinen mailakoa.

Instalazioak gaizki erabiltzen badira, hondatzen badira edo erregelamendua errespetatzen ez bada, eta horren ondorioz kalte material garrantzitsuak gertatzen badira edo elkarbizitzarako edo gizarte etxea egoki erabiltzeko nahaste larria baldin badator, hutsegitea larritzat hartuko da.

Horretaz gain, hutsegite larritzat hartuko da bi hutsegite arin edo gehiago egitea.

Hutsegite oso larritzat hartuko da bi hutsegite larri edo gehiago egitea.

58. artikulua. Prozedura.

Kontzejuko Burutzari gertakarien berri emanen zaio, behar den zehapen espedientea ireki dezan HAAJari eta APEari buruzko 30/92 Legearen arabera.

Kontzejuko Burutza da prozedura ebatzi eta zehapenak ezartzeko organo eskuduna.

59. artikulua. Badaezpadako neurriak.

Kontzejuko Burutzak behar den jokabidea ez duten pertsonei ohartarazteko ahalmena du, bai eta, are gehiago, instalazioetatik egoztekoa ere, badaezpadako neurri gisa, gertakariari buruzko txostenaren gaineko ebazpena ematen den arte.

60. artikulua. Zehapenak.

Hutsegite horiengatik honako zehapen hauek ezarriko dira:

Hutsegite arina: ohartarazpena.

Hutsegite larria: erabiltzaile izateko eskubidea denbora baterako kentzea.

Hutsegite oso larria: erabiltzaile izateko eskubidea behin betikoz kentzea.

Hori dena, batere ukatu gabe izandako kalte eta galerak erreklamatzeko aukera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Ordutegiari dagokionez 20.5 artikuluan aipatzen dena hasteko eta behin erabakitakoa da, orientatzeko balio duena, baina Kontzejuak aldatzen ahalko du, gizarte etxeko langileak eta/edo herritarren partaidetzarako organoak proposatuta, ordenantza hau aldatu beharrik izan gabe. Nolanahi ere hura eguneratuko da, baldin eta azken xedapenetako bigarrenean aipatzen den aldaketa gertatzen bada. Hori guztia, batere ukatu gabe 8. artikuluan xedatua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Erregelamendu orokor honetan, zerbitzuei dagozkien arau erantsietan edo gizarte etxean eragina duten administrazioaren xedapen orokor guztietan aipatzen ez diren kasuak, hasteko eta behin gizarte etxearen arduradunak ebatziko ditu bertako eskaletako edozeinetan, eta gero dagokion alorreko zinegotzi delegatuari igortzen ahalko zaizkio. Nolanahi den, Kontzejuak du hari buruzko ebazpena emateko ahalmena, administrazio bidean.

Bigarrena.-Araudi hau partez edo osorik aldatzeko eskumena Kontzejuko Batzarrari baizik ez dagokio, gizarte etxeko langileak edo herritarren partaidetzarako organoak proposaturik edo haiei entzutea emanda.

Hirugarrena.-Erregelamendu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0805298