52. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BAZTAN

Baztango Udal Planeko aldaketa, araudi partikularreko 22 eta 23. artikuluei dagokiena. Behin betiko onespena

Baztango Udalak, 2008ko otsailaren 11n egindako osoko bilkura arruntean, 6. puntuan, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren urtarrilaren 11ko 3/2008 Foru Aginduaren berria hartu zuen, hau da, Baztango Udal Planeko araudi partikularreko 22 eta 23. artikuluak aldatzen dituen espedientea behin betiko onetsi dela.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan, indarra duen legeriak agindutakoari jarraikiz.

Baztanen, 2008ko martxoaren 31n.-Alkatea, Virginia Alemán Arrastio.

ALDAKETAREN EGITURA

2. ATALA

Eraikitzeko baldintzak

22. artikulua. Lurzoru urbanizaezinean eraikitzeko baldintza orokorrak.

-Eraikinen ezaugarri topologikoek zein konposiziokoek eraikinaren ordenantzetan jasotako determinazioak bete beharko dituzte, baita ibarreko ezaugarriak ere eraikuntza eta arkitektura aldetik.

-Galarazita dago edozein eraikin, ez bada zuzenean nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzako jarduerei lotua, nahiz aisiako eta kiroleko jarduerei. Bestetik, zilegi dira familia bakarreko etxebizitza barreiatuak egitea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 116. artikuluan ezarritako baldintzak betez gero, edo araudi honetako 22.1 artikulukoak.

-Eraikin berrietarako oraingo azpiegitura baliatuko da, ez baita bide berririk irekiko, non ez diren lurzatiaren barreneko bideak, haietan sartu eta zirkulatzeko.

-Galarazita daude eraikin berriak %25etik gorako malda duten lurretan.

-Eraikinak lurzatiaren mugetatik 3 m atzera kokatuko dira, gutxienez ere.

-Eraikinak lurzatiaren mugetatik 5 m atzera kokatuko dira, gutxienez ere, mugakidea eremu publikoa bada.

-Galarazita dago zelaitzea, haren ondorioz 3 m-tik gorako ezpondak egiten badira. Haietan guztietan belarra eta zuhaitzak landatuko dira.

-Baimena ematen ahal da eraikin nagusiak ez bestelako elementu berezien beharra frogatuz gero, hala nola siloak, biltontziak, transformadoreak etab., eta azalera eraikiaren barrenean sartuko dira.

-Galarazita dago eraikin berriak egitea gailur, mendigain, begiratoki natural, terraza ertz eta beste toki nabarmen edo berezietan; orobat, sakan, ubide eta erreka-zakuetan, uholdeak harrapatzen ahal dituen tokietan eta lur osasungaitz edo arriskutsuetan.

23. artikulua. Lurzoru urbanizaezinean eraikitzeko baldintza partikularrak.

Lurzoru urbanizaezinean eraikitzea edo bestelako eraikuntza jardueraren bat baimentzen bada, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 113 eta 114. artikuluetako determinazioak bete beharko dira.

23.1. Etxebizitzak.

1.-Hirigintzako baldintzak.

-Bada baimena familia bakarreko edo biko etxebizitza barreiatuak egiteko. Propio galarazten da bizitegiari lotutako beste edozein erabilera (familia bakarreko etxebizitza atxikiak, blokeko etxebizitzak etab.). Determinazio hauek bete beharko dituzte baimenek:

a) Baimenaren eskatzaileak eta etxebizitzaren titularrak baldintza hauek beharko dituzte bete:

1. Etxebizitza titularraren ohiko bizitegi iraunkorra izanen da.

Beharkizun hori bete dadin bermatzeko, bertan bizitzeko dela deklaratu beharko du eskaera egiten duenean, eta gainerako dokumentazioaz gain, 6.000 euroko banku-abala aurkeztu, lehen bost urtean bertan bizitzeko betebehar legala bermatzearren. Aurreko 5 urtean Baztanen modu jarraian bizitu direla frogatzen dutenek ez dute abalik aurkeztu beharko.

2. Etxebizitza egokia ez izatea udal mugapean.

3. Etxebizitza egokia besterendu ez izatea udal mugapean, eskaera aurreko bost urtean.

4. Etxebizitza egiteko baimena eskatzearekin batean, 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan adierazitako dokumentazioaz gain, honako dokumentu hauek aurkeztea:

-Zein lurzatitan egin gogo den etxebizitza, haren gaineko ohar soila; Jabetza Erregistroan inskribatuta ez bada, jabetza tituluaren kopia.

-Beste batetik banandu beharreko lurzatia bada, jatorrizko finkaren eta banandu gogo den lurzatiaren deskripzioa, baita jatorrizkoa banandu ondoko gainerakoarena ere (mugak adierazita); halaber, jatorrizko lurzatiaren eta banandu gogo den lurzatiaren planoa, bien mugak eta azalerak eta bigarrenak lehenbizikoan duen kokalekua adierazita.

-Zein finkatan egin gogo den etxebizitza, aldez aurretik hura banantzeko egintzen xede izan bada, lizentzia administratiboa emateko hartutako erabakien kopia.

-Zein lurzatitan egin gogo den etxebizitza, haren zedula, eskaera aurkeztu baino hilabete lehenagokoa gehienez ere.

-Jasotze topografiko osoa, eskala egokian (1/200-ekoa, gutxienez).

b) Eraikuntzari lotutako lurzatiak 1.500 m²-ko azalera izanen du, gutxienez ere, eta bertan egiten diren jardueretatik %66 bederen nekazaritza eta abeltzaintzakoak nahiz basogintzakoak izanen dira, baina eraikuntzaz kanpokoak.

Banantze handiago baten ondoriozko lurzatian egin gogo bada etxebizitza, horri baimena emateko eta, hortaz, banandu ahal izateko, jatorrizko finkak Udal Planaren hasierako onespenaren egunekoa (1998ko abenduaren 28a) baino lehenagokoa izan beharko du; ez da horrelako aukerarik izanen aipatu dataren ondotik baimendutako banantzeen ondoriozko finkak direnean, nahiz helburua etxebizitza eraikitzea izan.

Behin banandutakoan, baimena emanen da jatorrizko finkaren gainerakoan etxebizitza eraikitzeko baldin eta eraikinari lotutako lurzatiaren azalera 3.000 m²-tik beherakoa ez bada eta artikulu honetan erabilera horretarako oro har ezarritako baldintzak betetzen badira.

Ez da gehiago bananduko, ez jatorrizko finkaren gainerakoan ez banandutako puskan, helburua familia bakarreko edo biko etxebizitza barreiatuak eraikitzea bada.

c) Etxebizitzarako eraikina aurreko b) atalean ezarritakoaren araberako banantze baten ondoriozko finka batean egin gogo denean, 22. artikuluko 3. puntuak eskatzen duen kokalekua izanen du bideen azpiegiturari begira, hau da, lurzatiaren mugak edo fronteak 18 metro bederen dituela bide edo errepide publikoaren parean.

Etxebizitza eraikitzeko finka Udal Planaren hasierako onespenaren egunekoa bada (hau da, egun horretatik aurrera egindako banantze baten ondorioa edo hondarra ez bada), 6 metroko frontea bederen izanen du bide edo errepide publikoarekin.

d) Banantze baten ondoriozko finketan, familia bakarreko edo biko etxebizitza barreiatua ezarri gogo bada, sarbidearen arazoak eta azpiegiturarenak (hornidura, saneamendua, argiteria) konpondu beharko dira, eta urbanizazio egokia bermatu, zoladura eta lorategia barne. Galarazita daude aireko lineak.

e) Lurzatiaren %10ean zuhaitzak sartuko dira, bertakoak edo fruta-arbolak.

f) Eraikina eremuko tipologiari egokituko zaio eta hiru solairuko altuera izanen du, gehienez ere, lurraren puntu guztietan neurtuta (BS+2).

g) Eraikina ez da inoiz gailur, mendigain, begiratoki natural, terraza ertz eta beste toki nabarmen edo berezietan eginen, ezta sakan, ubide eta erreka-zakuetan ere, edo uholdeak harrapatzen ahal dituen tokietan eta lur osasungaitz edo arriskutsuetan.

h) Ez da eraikinik altxatuko %10etik gorako maldetan, non ez diren neurri zuzentzaile egokiak hartu direla espedientean frogatzen, lurra hondatu edo higatu ez dadin eta paisaiak eragin kaltegarria izan ez dezan.

i) Kultur intereseko ondasun higiezinak babesteko eremuan edo Done Jakue Bidetik nahiz beste ibilbide interesgarri batzuetatik hogeita hamar metrora baino hurbilago eraikitzeko, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren adostasun txostena beharko da, aldez aurretik.

j) Ez da aldatuko altxonbideen egungo egoera, ezta lurzatiak obrako materialez itxiko ere; debekatua dago altxonbideetan ibilgailuak sartzea.

k) Ez da baimenik emanen obrak, instalazioak, lur mugimenduak edo lurzatian aldaketak egiteko, arboladian eragina badute, eta ondorioa paisaian edo ekologian. Eraikinek ahalik eta gehien errespetatuko dute arboladia -hura zaintzeko neurriak hartuko dira proiektuan- eta galarazita dago arraseko mozketa.

l) Jendeak edateko ura hartzen den tokietatik 200 metrotik haratago eginen dira eraikinak.

m) Eraikinen oinplanoa koadroa izanen da edo errektangelua.

n) Fatxadaren gehieneko luzera: 20 m.

o) Fatxadaren gutxieneko luzera: 6 m.

p) Gehieneko azalera eraikia, etxebizitza bakoitzeko: 350 m².

Gehieneko azalera horretan eraikin nagusiarena eta eranskinena, halakorik eraikitzen bada, sartuko dira.

q) Gehieneko altuera teilatu-hegalera: 9,50 m.

r) BSren gehieneko altuera librea: 3,30 m.

s) Gutxieneko tartea etxebizitzen artean: 25 m.

t) Eraikin nagusiarekin batean eraikitzen diren eranskinek Udal Planeko araudi partikularreko I. kapituluko 8. artikuluan ezarritakoari jarraitu beharko diote, eta haien azalera lurzati eraikiaren gehieneko azaleran (350 m²) sartuko da.

2.-Urbanizatzeko baldintzak.

-Baztango lurzoru urbanizaezineko eraikin guztiek urbanizatu beharko dute lurzatiaren fronte guztia Udalak lizentzian zehazten dituen baldintzetan.

-Orobat, lurzatiaren frontetik doan bide tartea, haren sarbidea dena, 6 metro zabal izanen da gutxienez; horretarako, behar dena hartuko da: 3 metro gutxienez bidearen alde bakoitzean.

-Lurzatiaren itxiturak espedientean zehaztuko dira eta ez dira inoiz 1,50 m baino altuagoak izanen, bidearen edozein tokitan neurtuta.

-Espedientean zehaztuko dira zerbitzuen kokalekua eta tipologia, baita eraikuntzaren xehetasunak ere ur eta argiaren hornidurari, ur beltzen hustubideei eta euri uraren bilketari buruz, gutxienez ere.

-Espediente bakoitzari lagatze akta, grafikoz eta dokumentuz zehaztua, erantsiko zaio bidearen gutxieneko neurriak betetzearren.

23.2. Haztegiak.

-Ekainaren 23ko 158/2003 Foru Dekretuan ezarritako determinazioak betetzen direla frogatu beharko da, hau da, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko abeltzaintzako instalazioen ingurumen baldintza teknikoak, baita ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoa ere (bidezkoa den kasuetan).

-Lurzatiaren gutxieneko azalera: 1.500 m².

-Lurzatiaren azaleraren gehieneko okupazioa eraikinarekin: %25.

-Gutxieneko tarteak hiri-lurzorura: ekainaren 23ko 158/2003 Foru Dekretuan horrelako eraikinentzat ezarritakoak, hau da, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko abeltzaintzako instalazioen ingurumen baldintza teknikoak.

-Gutxieneko tarteak errepideetara: Nafarroako errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeak edozein eraikin motarentzat oro har ezarritakoak.

-Bide, altxonbide eta interesgarritzat jotako bidexketarako tarteak: araudi berariazkoan eskatzen direnak.

-Betiere, ekainaren 23ko 158/2003 Foru Dekretuko osasun baldintzen araberako tarteak utzi beharko dira eraikinetara, hartan Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko abeltzaintzako instalazioen ingurumen baldintza teknikoak ezartzen baitira.

-Azalera eraikiari, fatxadaren gehieneko luzerari, eraikinaren altuerari, gehieneko altuerari eta abarri buruzko baldintza bolumetrikoak abeltzaintzaren premia produktiboen araberakoak izanen dira, baita inguruaren baldintza orografiko eta paisajistikoen araberakoak ere.

-Arbolak sartu beharko dira ustiategiaren inguruan, babes hesia izan daitezen ingurumenaren eta paisaiaren aldetik.

23.3. Nekazaritzako biltegiak.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueraren produkzioak biltegian gordetzea lehen helburua duten eraikinak dira.

-Lurzatiaren gutxieneko azalera: 1.500 m².

-Azalera eraikia, gehienez ere: 300 m², non ez den besterik justifikatzen, biltegiari lotutako ustiategiaren ezaugarrietan oinarrituta.

-Eraikuntzaren altuera: BS.

-Gehieneko altuera teilatu-hegalera: 5 m.

-Eraikinen oinplanoa koadroa izanen da edo errektangelua.

23.4. Etxolak.

Nekazaritzarako beharrezkoak diren lanabes eta erremintak gordetzen dituzten eraikinak dira. Tresna horiek gordetzeko baino ez dira erabiliko. Propio debekatuta daude aisiari lotutako etxolak, nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzen ez direnak.

-Lurzatiaren gutxieneko azalera: 500 m².

-Azalera eraikia, gehienez ere: 12 m².

-Eraikuntzaren altuera: BS.

-Gehieneko altuera teilatu-hegalera: 3 m.

-Etxolen oinplanoa koadroa izanen da edo errektangelua.

-Fatxadaren gehieneko luzera: 5 m.

-Fatxadaren gutxieneko luzera: 2,50 m.

23.5. Borda eta aterpeak.

Azienda sartzeko txabola edo basogintzan ari direnak tarteka babesteko eraikinak dira.

Horretarako, era honetako eraikin berriak egiteko baimena ematen ahalko da, ondoko erabilera hauetarako badira, beste guztiak galarazita baitaude:

-Aldi baterako aterpea, basogintzarako: basogintzan ari direnak tarteka babesteko balio duten eraikinak dira.

-Txabolak: azienda sartzeko eraikinak dira.

Baimentzeko bete beharreko baldintzak:

-Dokumentu bidez frogatu beharko da aterpe edo bordaren beharra dagoela, sustatzaileak egiten edo egin gogo duen jarduerarako.

-Lurzatiaren gutxieneko azalera: 1.500 m².

Eraikinak bete beharreko baldintzak:

-Azalera eraikia, gehienez ere: 120 m².

-Eraikuntzaren altuera: BS.

-Gehieneko altuera teilatu-hegalera: 3 m.

-Borda eta aterpeen oinplanoa koadroa izanen da edo errektangelua.

-Fatxadaren gehieneko luzera: 20 m.

-Fatxadaren gutxieneko luzera: 6 m.

23.6. Interes sozialeko eta erabilera publikoko eraikinak.

Komunitatearen zerbitzu publikoa (ekipamendua, zerbitzuak etab.) edo ibarreko turismoa garatzeko helburua duten eraikinak dira (hotelak, kanpinak, landa-etxeak etab.).

-Lurzatiaren gutxieneko azalera: 1.500 m².

-Eraikinaren altuera: BS+2.

-Gehieneko altuera teilatu-hegalera: 9,50 m.

-Azalera eraikiari, fatxadaren gehieneko luzerari eta abarri buruzko baldintza bolumetrikoek jardueraren beharrei jarraituko diete; betiere, azalera eraikia ez da 700 m²-tik gorakoa izanen.

-Eraikinak, gehienez ere, 30 m x 15 m-ko angeluzuzen batean sartzeko modukoak izanen dira.

-22.1 eta 23.1 artikuluetan lurzoru urbanizaezineko etxebizitzentzat ezarritako baldintza berak izanen dituzte landa-etxeek haien eraikuntzari eta altuerari dagokienez.

-Horrelako eraikinek 10 metro linealeko tartea izanen dute, gehienez ere, haien artean.

-Lurzatian berean konpondu beharko dira sarbideko arazoak eta azpiegiturak (hornidura, argiteria etab.), eta urbanizazio egokia bermatuko da, zoladura eta lorategia barne. Galarazita daude aireko lineak.

-Aparkatzeko toki bat gordeko da eraikita dauden 50 metro koadroko azalera bakoitzeko.

23.7. Industriaren produkzioari lotutako eraikinak.

-Propio galarazita dago industriak lurzoru urbanizaezinean jartzea.

-Lehendik dauden instalazioak finkatu egiten dira, harik eta duten jarduera gelditzen ez den arte. Jarduera horiek desagertzean, Udalak jabeak behartu ditzake, haien kontura, instalazioak botatzera, ingurumenari egokitzearren.

23.8. Lurzatien itxiturak.

Lurzoru urbanizaezinean edozein itxitura egiteko, Udalaren obra lizentzia eskatu beharko da, eta ezaugarriak zehazten dituen krokisa aurkeztu. Itxiturak baldintza hauek beharko ditu bete:

-Gehieneko altuera: 2,50 m.

-Obra itxiturak ez dira opakoak izanen 60 cm-tik gora. Gainerakoan mailak, saretak etab. ezarriko dira.

-Ahal dela, itxitura naturalak eginen dira.

23.9. Murruak.

Galarazita dago 3 m-tik gorako murruak eraikitzea, pilotan jokatzeko, lurrari eusteko etab. direnean.

24. artikulua. Lehendik dauden eraikinak.

Finkatu egin dira Udal Plana behin betiko onesten den egunean lurzoru urbanizaezinean dauden eraikinak.

Zein den ere lurzoruaren kategoria, finkatu egin dira gaur egun eraikita duten azalerarekin, eta bizigarritasun eta erabilera aldetik baldintzak hobetzen dituzten jarduketak egiten ahal dira. Alde horretatik, erreformatu eta zaharberritzeko obrak egin daitezke.

Lurzoru urbanizaezinean dauden eraikinen kasuan, haiek erreformatu eta zaharberritzeko obra lizentzia eskatzerakoan erabilerarik ez badute, dokumentu bidez frogatu beharko da zertan erabiltzen ziren eta erabilera horri eutsiko zaio eraikina zaharberritu edo erreformatzeko; beste edozein erabilera propio debekatuko da.

Azalera eraikia handitzen duten jarduketak eraikin berriak bezala tramitatuko dira, eta haien ezaugarrietara moldatuko.

Iragarkiaren kodea: L0805024