52. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AIEGI

Ordenantza, Aiegiko Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duena. Behin betiko onespena

Aiegiko Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen udal ordenantzaren behin-behineko onespena 2007ko 18. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 9an, ostiralarekin, hala erabaki baitzuen Udalak, 2007ko urtarrilaren 9an egin osoko bilkuran.

Jendaurrean egoteko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu aipatu ordenantza horren edukiaren aurka.

Aitzineko informazioa ikusirik, Aiegiko Udalak, 2008ko apirilaren 1ean egin osoko bilkura arruntean, legeak eskatzen duen quoruma zuela, ondotik osorik ematen den erabakia hartu zuen:

1.-Behin betikoz onestea Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2.-Ordenantza horren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3.-Ordenantza honek osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Aiegin, 2008ko apirilaren 4an.-Alkate udalburua, José Artiz Segura.

UDAL ORDENANTZA, ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA

Etxez etxeko laguntza zerbitzuak Nafarroako gizarte zerbitzuen eskualde oinarrizko guztietan ezarri ziren Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak arautzen dituen urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretuan babespean. Programa berariazkoak dira, beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonak beren etxeetan gelditzea bilatzen dutenak eta horretara bideratuak, horretarako etxe, norbanako eta gizarte arloko prestazio multzoaren eskaintza eginez.

Arlo horretan Aiegiko Udalak burutu duen araubidea, funtsean da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren Batzorde Betearazleak onetsi zuena, izan ere 2004ko ekitaldiko bukaera aldera lan batzorde bat eratu zen eta hartan parte hartu zuten Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak berak eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, Oinarrizko Osasun Laguntzako Atalaren bidez, hori guztia toki entitateen eta gizarte zerbitzu oinarrizkoetako profesionalen eskariari erantzunez.

Erakunde horiek gorpuztu zuten ordenantza eredu bat, eta horixe da orain hain zuzen ere Aiegiko Udalak ia hitzez hitz bere egin duena. Ordenantza eredu horren asmoa izan da guztiendako arautze batera ekartzea Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuen esku hartzearen alderdi funtsezkoak, eta horrela Nafarroan zerbitzu horiek homogeneizatzeko aitzinapausoak egin. Landutako gaien artean, aipatzekoak dira zerbitzu eskaintza oinarrizkoaren definizioa, tarifa sistema baten prestakuntza eta, balorazioak egiteko, denendako tresna beraren ezarpena.

1. artikulua. Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren definizioa (ELZ).

EZL udal zerbitzua da, oro har bere oinarrizko premiak bere ohiko inguruan estaltzeko mugak dituzten herritarrendako, eta banakoarendako zerbitzu batzuen prestazioa eskaintzen du aldi baterako edo modu iraunkorrean, egoera bakoitzaren ariora. Xedeak dira pertsona bere inguruan ahalik eta hobekien txertatzea, haren beregaintasun funtzionala handitzea eta haren bizi kalitatea hobetzea.

2. artikulua. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) esku hartzea oinarritzen duten printzipioak.

Gizarte zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legean bildutako printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona zein diren:

-Erantzukizun publikoa, Administrazioak bere gain hartzen baitu baliabideak sustatzeko ardura, finantza, teknika, jende eta antolaketa aldetik.

-Laguntzaren unibertsaltasuna eta berdintasuna, menpekotasun egoeran dagoen edozein lagunek hura eskuratzeko eskubidea izan dezan, batere bereizkeriarik gabe.

-Osagarritasuna, pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien atxikitzeko helburua duten beste zerbitzu eta baliabide batzuekin.

-Aurreneurri izaera, laguntza hartzen duenaren gaitasunen andeatzea eta sostenguen eta gizarte harremanen galera eragotzi edo mugatzeko, eta autonomia bultzatu eta handitzeko.

-Osotasuna/integralitatea, behar sozialei osotara eta ez atalka erantzuteko.

-Erantzunkidetasuna, hau da, familiakoen sostengua eta gizartearen sostengu sareak (auzoak, boluntarioak,...) mantendu, iraunarazi eta handitzea.

-Errespetua, laguntza hartzen dutenen eta zaintzaileen lehentasunekin.

-Laguntzaren malgutasuna, kasu bakoitzean laguntza hobea eskaintzeko aukera emanen duten baliabideak konbinatuz.

-Koordinazioa baliabideekin, izanik horiek instituzionalak nahiz sostengu informalekoak, esku hartzearen sinergia hobetu eta eraginkortasun handiagoa bermatzearren.

3. artikulua. ELZ programaren ezaugarriak:

ELZ honelako zerbitzua da:

-Balioaniztuna, autonomia falta duten pertsona edo familia taldeen premia ugari bere gain hartzen baititu.

-Normalizatzailea, inguruko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

-Etxez etxekoa, funtsean erabiltzailearen etxean egiten baita.

-Integrala, bizikidetza unitateen beharrei osotasunean heltzen baitie.

-Prebentiboa, gaitasun pertsonalen galera saihestu edo mugatuko duena, baita sostengu eta harreman sozialena ere; orobat, erakundeen beharrik gabeko esku hartzea, non ez den horrela bizi kalitate handiagoa bermatzen.

-Osagarria, oinarrizko beste laguntza batzuekin batera, helburuak lortzearren.

-Akuilatzaile eta pizgarria, erabiltzailearen beharrak betetzen lagunduko duena, haren gaitasunak indartuz, aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz.

-Teknikoa, jarduerak teknikoki planifikatzen baitira eta profesionalek taldean esku hartzen baitute, behar bezain aditu izanik.

-Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta segimendua behar baitu, bitarteko hoberenak konbinatuz.

-Laguntza hartzen dutenek eta haien zaintzaileek gustukoa dutena errespetatzen duena.

4. artikulua. Helburuak.

Etxez etxeko Laguntza Programak helburu hauek ditu:

-Pertsonak beren ohiko inguruan ahalik eta denbora gehien eta ahalik eta bizi kalitate gehienarekin atxikitzea, gisa horretara, behar bezalako aukera emanez, eragozten baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, inguruarekiko horrek dakarren deserrotzearekin.

-Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, beregaintasun handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasun eta autoestimua handitzea.

-Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralan eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea erraztu eta haietan sostengu emateko.

-Osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin jarduketak koordinatzea, baliabide egokiak erabili eta aplikatuz, esku hartzea eraginkorrago izan dadin.

-Norbanakoaren oreka pertsonala, haren familiarena eta inguruarena hobetzea familia, auzo eta adiskide loturak sendotuz, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatzea eta indartzea, bereziki familiarena, begiraleei behar bezalako sostengua eman diezaieten.

-Beregaintasun pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren mementoko egoeretan laguntza ematea.

-Erabiltzaileen gizarte harremanak eta jarduketak beren komunitate inguruan indartzea, sor litezkeen isolamendu eta bakartasun arazoei aitzintzeko.

-Komunitateko boluntarioen sostengua bultzatzea eta bideratzea, erabiltzaileei lagun egiteko lagungarria izan dadin.

5. artikulua. ELZren erabiltzaile eta hartzaileak.

ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira Aiegin erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako famili unitate guztiak, bizia beren gain egiteko mugaturik badaude eta horien ondorioz beren kasa premia pertsonal eta sozialak bete ezinean badabiltza eta laguntza behar badute beren ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

Erabiltzaile izateko, hauek izanen dute lehentasuna:

-Beregain izateko arazoak dituzten zaharrak.

-Beregaintasunari modu larrian eragiten dion ezgaitasuna dutenak.

-Famili unitateak, beren baitan adin txikikoak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten lagunak dituztenak, eguneroko bizitzako jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxez etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.

Premia maila bera izanik, kargaren gero eta gehiagorako eskalan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek izanen dute lehentasuna.

6. artikulua. ELZan esku hartzen duten profesionalak.

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko lan talde oinarrizkoa profesional hauek osatuko dute:

-Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratu, segitu eta ebaluatzea.

-Familia langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion egitekoak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko du bere esku hartze jarraituaren ondorioz egoerak duen bilakaerari buruz.

Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, halako espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.

-Administrariak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.

Prestazioak hala behar duenean, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko bertze profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

-Hezitzailea: horren ardura erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin hezkuntza arloko lanak egitea da, bizikidetza gunean familiaren autonomiari on eginen dioten gaitasun eta trebeziak eskuratzen lagungarri izan daitezen.

-Psikologoa: esku hartzea dagokio sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita begiraleei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.

-Bertze profesional batzuk: eragile soziokulturalak, enplegu teknikariak, berdintasun teknikariak ...

7. artikulua. Eskuratzeko irizpideak: menpekotasuna baloratzeko tresnak:

Etxez etxeko laguntza zerbitzua nork nola eskuratu baloratzean, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak kontuan hartuko du:

-Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko beregaintasun funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduketak eta tresna bidezkoak egiteko.

-Sare naturalaren eta bereziki familiaren sostengua duten.

-Onuradun izan daitekeenaren egoera soziofamiliarra.

Horretarako, egungo araudiari jarraikiz indarra duten balorazio eskalak erabiliko dira.

8. artikulua. Zerbitzuen zerrenda:

Etxez etxeko laguntzaren prestazioaren barrenean, gisa honetako jardueretako bat edo guztiak sartzen dira:

a) Etxeko zeretan sostengu emateko jarduerak. Hona hemen etxeko zeretan sostengu emateko jarduketak:

-Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:

.Elikagaiak erostea.

.Etxean elikagaiak prestatzen laguntzea.

.Etxez etxeko janarien zerbitzua.

-Erabiltzailearen arroparekin ikusteko dutenak, hala nola:

.Etxean nahiz etxetik kanpo arropa garbitzen laguntzea.

.Arropa pasaratu eta zaintzea.

.Arropa antolatzea.

.Etxean nahiz etxetik kanpo arropa lisatzea.

.Arropa erostea.

-Bizilekuaren mantentze lanekin ikusteko dutenak, hala nola:

.Etxearen garbiketa.

.Konponketa txikiak.

.Etxearen egoera orokorra gainbegiratzea, etxeko istripuak saihesteko.

b) Sostengu pertsonaleko jarduketak. Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:

-Norberaren txukuntasun eta garbiketa: gainbegiratzea, eguneroko garbiketa, bainua.

-Janzten eta jaten laguntzea.

-Erabiltzailearen elikaduraren kontrola.

-Osasun tratamenduaren segimendua, oinarrizko osasun laguntzako lan taldeekin koordinatuz.

-Etxe barreneko mugikortasunerako sostengua.

-Aisialdiko jarduketak bizilekuaren barnean.

c) Sostengu psikosozialeko jarduketak. Hona hemen etxeko zeretan sostengu emateko jarduketak:

-Autoestimua sendotzea eta bultzatzea.

-Familiaren dinamikan agertzen diren egoera guztiak gainditzeko balio positiboak indartzea.

-Bakartasun eta isolamendu sentimenduak piztean sostengu ematea.

-Diruaren eta familiaren antolaketan bidea erakustea.

-Familiaren higienearen plangintzan sostengu ematea.

-Familiari eta inguruari dagokionez bizikidetzako usadioen gaineko prestakuntza ematea.

-Gizarteratzeari eta sozializazioari sostengu ematea.

d) Sostengu soziokomunitarioko jarduerak. Hona hemen sostengu soziokomunitarioko jarduketak:

-Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

-Kultura, aisialdi edo denborapasako jarduketetan lagun egitea.

-Boluntarioen esku hartzea erraztu eta bultzatzea, etxean lagun egiteko.

e) Familiari sostengu emateko jarduketak. Hona hemen familiari sostengu emateko jarduketak.

-Zaintzaileendako prestakuntza eta aholkularitza.

-Zainketen gaineko prestakuntza.

-Sostengu teknikoa eta gainbegiratzea.

f) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren bitartez argibideak eta orientazioa ematen da honako hauen gainean:

-Etxean zainketak ematea errazten duen sostengu teknikoko materiala eskuratzea (mailegu sistema, prestazio ekonomikoen kudeaketa, etab.).

-Etxez etxeko sostengurako baliabide osagarriak, bertze erakunde batzuen ardurapekoak, hala nola larrialdietarako telefono zerbitzua, etxez etxeko laguntzarako dirulaguntzak, eguneko zentroak, etab.

-Etxebizitza egokitzeko baliabideak.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua gehienez ere 2 orduz emanen da egunero etxe bakoitzean.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Finantzaketa sistemari aplikatzen ahal zaizkion irizpide eta printzipioak ondokoak dira:

-Zerbitzu unitatearen definizioa: ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko zenbat denbora ematen den etxean; gehienez ere bi ordu izanen da egun bakoitzean.

-Familia unitatea osatzen duten kideak: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZn definitzen den familia unitatea:

.Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

.Berariazko legeen araberako bikote iraunkor bateko kideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

.Legezko banakuntzaren kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote iraunkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bertzearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko idatz-zatietan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

-Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak.

.Alokairua: PFEZaren etekin garbiak eta pentsio edo prestazio salbuetsiak.

.Gastu kengarriak: kuotan desgrabazioa izateko oinarria eratzen dutenak, ondoko arrazoiak direla eta: pertsonalak, etxebizitza alokairuan hartu edo erostea, eta menpekotasunagatik emandako laguntzaren ingurukoak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko lanak egitea eta bertzelakoak).

.Hileko per capita errenta: aurreko kontzeptuen arteko aldea familia unitateko kide kopuruaz eta 12 hilabetez zatitzetik sortzen dena.

Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldian izandako dirusarreren arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa.

-Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta emandako laguntzaren guztirako kostuaren balioa, ordu bakoitzeko, zenbat den ateratzeko, honela eginen da:

Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, horiek biak programaren kudeaketan zuzenean parte hartzen duten profesionalak baitira.

Guztirako kostua lanaldi osoko familia langile batek etxez etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopuruaz (lanaldi horren %80) zatituta ateratzen da laguntza orduaren kostua.

-Tarifaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzua etxean ematen iragandako denbora da tarifaren oinarrizko unitatea.

Laguntza orduaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.

-Prezio publikoa kargatzeko gero eta gehiagorako eskala:

Karga eskala familia unitatearen per capita errenta garbiari egotziko zaio, eta errenta horrek urteko OAEAParekiko (ondorio askotarako errentaren adierazle publikoa) gordetzen duen proportzioan oinarrituko da.

ERRENTA MAILAREN TARTEAK TARIFAREN ESKALA

PCEG (per capita errenta garbia) < OAEAP 3 euroko tarifa finkoa

hilean/egunean ordua

OAEAP <RNPC %>%105 OAEAP 6 euroko tarifa finkoa

hilean/egunean ordua

%%105 OAEAP <RNPC > %120 OAEAP 2 euroko tarifa/ordua

%OAEAParen %120 <RNPC > OAEAParen %135 3 euroko tarifa/ordua

%OAEAParen %135 <RNPC > OAEAParen %150 4 euroko tarifa/ordua

%OAEAParen %150 <RNPC > OAEAParen %165 5 euroko tarifa/ordua

%OAEAParen 165 <RNPC > OAEAParen %180 6 euroko tarifa/ordua

%OAEAParen %180 <RNPC > OAEAParen %195 7 euroko tarifa/ordua

PCEG > OAEAParen %195 8 euroko tarifa/ordua

10. artikulua. Esku hartzeko protokolo teknikoa.

Esku hartzeko protokolo teknikoak ondotik adierazten diren urratsak jasotzen ditu eta haien edukia I. eranskinean azaltzen da:

-Eskariaren harrera eta aurkezpena.

-Kasuaren azterketa.

-Egoeraren diagnostikoa.

-Banakako laguntzarako proposamena. Esku hartzearen diseinua.

-Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa.

-Esku hartzearen hasiera.

-Segimendua eta ebaluazio jarraitua.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: etxez etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.

a) Prozeduraren abiatzea:

ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdunaren eskariz abia daiteke:

-Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatzen bada, organo eskudunaren erabakiaren bidez izanen da, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, bertze organo batzuek arrazoiturik eskatuta.

Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, hartzeko eguna izanen da, hain zuzen ere, ofiziozko prozedura abiatzea erabakitzen duen ebazpenarena.

Betiere, prozedurak bat eginen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 68.etik 72.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin.

-Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera agiri honen 2. eranskinean aipatu dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete.

Aipatu dokumentazioa gorabehera, espedientea tramitatzen den bitartean aurkeztutako eskabideari dagokionez egokitzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira.

Eskabideak zerbitzuaren titularra den entitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoa ukatu gabe; eskabidea aipatu erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.

b) Tramitazioa: interesdunari errekerimendu eginen zaio eskabideak eskatzen diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu, falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak hamar eguneko epean ekar ditzan, eta ohartaraziko da hala egin ezean eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, artxibatuko da tramite gehiagorik gabe.

Udalaren ELZko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, txosten-proposamen bat prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.

Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko agiri-proposamena.

c) Ebazpena: zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz ebazpena emateko eskumena duen organoa Udaleko alkatea da, beste inor espresuki eskuordetu ezean.

Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, tramitea espedientea artxibaturik bukatuko da; aldiz, ebazpena aldekoa bada, erabakiko da sarreraren data edo zerbitzua hasteko eguna, baldin eta laguntza emateko ordurik batere badago. Ordurik ez dagoenean, kasua itxaron zerrendara pasatuko da.

Ematen den ebazpena interesatuari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.

Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, bertzeak bertze:

1.-Zerbitzua ukatzen den edo ematen.

2.-Zerbitzua zein baldintzaten ematen den, eta gutxienez ere hauek:

-Banakako laguntza programa.

.Egin beharreko lan/jarduketak.

.Laguntzaren iraupena.

.Laguntzaren ordutegia.

.Astean laguntza emateko egunak.

.Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3.-Onuradunarendako ezarritako bertze betebehar edo baldintza batzuk.

4.-Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresurik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu, eta beraz baietsitzat hartzen ahalko da.

Aitzineko puntuak aipatzen duen ebazpenaz landara, atzera egiteak, uko egiteak eta iraungitzeko deklarazioak amaiera emanen diote prozedurari, baita ezustean gertatutako arrazoiengatik jarraipena emateko ezintasun egiazkoak ere.

d) Jakinarazpena:

Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Gaztigu hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan, zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion zehaztuko da. Orobat, jakinaraziko zaio Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoari eta dagokion profesionalari.

e) Iraungipena eta etena:

-Iraungipena: honako hauengatik gertatuko da:

1. Interesdunak hala nahi duelako edo uko egin duelako.

2. Zerbitzua prestazioa eskuratzeko behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo baldintzak gehiago betetzen ez dituelako.

3. Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

4. Bertze udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.

5. Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasun egiazkoak gertatzeagatik.

6. Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.

7. Egoera hobetzeagatik edo ELZaren esku hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

ELZtik irteteko, GZOko gizarte langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta irteteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.

Behar den organoak zerbitzua uzteko ebazpena emanen du, eta hartan arrazoia eta eguna agertuko dira.

Irteeraren arrazoiak bigarrena eta hirugarrena badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

-Etena: zerbitzua denbora baterako etetea izanen da ondorioa.

Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino motzagoko etenetan, prestazioa istanteko berrezarriko da. Etena hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxaron zerrendan.

f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:

Jarraipena eta balorazioa:

Behin zerbitzua hasita, ELZko lantalde arduradunak eginen du kasuaren segimendua, eta dagokion espedientean agertuko da.

Familia unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.

-Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, zer eta nolako goiti-beheitiak gertatzen diren erabiltzailearen egoeran, alegia, hasierako baiespena ekarri zuen hartan.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskari idatzia aurkeztu behar du, berak sinatua, edo bertzenaz GZOko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu ahal izan diren goiti-behitiak ikusirik.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari egokiturik.

Nolanahi ere, aldaketaren tramitazioa eginen bada, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

g) Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, ELZak proposamen arrazoitua eginez gero istanteko abiatuko da etxez etxeko laguntza zerbitzua, deusetan ukatu gabe geroago tramitatzea ezarritako prozedurari jarraikiz.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

a) Eskubideak: etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:

-Banakako esku hartze planaren berri izatea.

-Prestazioa manera egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

-Aukerako bertze baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

-Prestazioaren araubidean gerta litezkeen aldaketen berri garaiz izatea.

-Zerbitzua hartzean edozein goiti-beheiti izanez gero kexa aurkeztuz erreklamatzea.

b) Betebeharrak: etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

-Prestazioaren beharra pertsona, familia eta gizarte aldetik sorrarazten duten inguruabarrak baloratzeko eskatzen den informazio guztia ekartzea.

-Prestazioa garatzeko jarrera egokia eta laguntzailea agertzea.

-Banakako laguntza programatik kanpoko lan eta jarduerak ez eskatzea.

-Zerbitzuko langileak haien duintasunari zor zaion begiruneaz tratatzea.

-Prestazioaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren ariora, dagokion ordaina pagatuz, hala behar badu.

-Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxez etxeko laguntzaren prestazioa aldatzea, etetea edo iraungitea badakar.

1. ERANSKINA

Esku hartzeko protokolo teknikoa

ELZren esku hartzea gertatzeko, honako hauek behar dira:

a) Eskaerari harrera egin eta aurkeztea:

Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremanari dagokio; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.

Une hartan, baliabidearen berri ematen da, eta horrek izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du; orobat, argibide eta aholku ematen da etxez etxeko laguntzarako izan daitezkeen bertze baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bertzelakoez.

Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.

b) Kasuaren azterketa: balorazio tresnak erabiliz, beste baliabide batzuekin koordinatuz (osasuna, hezkuntza....), etxean bisitak eginez eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastuz, baita onuradunak ekartzen duen dokumentazioaren bidez ere, informazioa biltzen da bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko dituzten baliabideez.

c) Egoeraren diagnosia, honako hauek zehazteko:

-Erabiltzailearen premia zein den.

-Erabiltzaileak bere kasa betetzen ahal dituen premiak.

-Haren laguntzan parte hartzen duen sostengu sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...) zer premia betetzen ahal dituen.

-Erabiltzailea etxean atxikitzeko behar direnetan zer premia gelditzen diren bete gabe, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZak bere gain eta horretarako zer bertze baliabide behar liratekeen.

d) Banakako laguntzarako proposamena edo esku hartzearen diseinua: horren barrenean zehaztu beharko dira:

-Esku hartzearen helburuak.

-Egin beharreko lan/jarduketak.

-Laguntzaren maiztasuna.

-Esku hartu behar duten profesionalak.

-Laguntzaren ordutegia.

-Laguntzaren iraupena.

-Alderdien betebeharrak.

-Koordinazio premiak, bai barrenean, segimendu jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

-Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

e) ELZak erabiltzaileei eta familiari eskaintzen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean, tarteko diren guztien dedikazio denbora.

f) Esku hartzearen hasiera: familia langilearen esku hartzearekin abiatzen da, zuzeneko laguntza emanez programatutakoaren aplikazioaren bitartez, eta malgutasun eta egokitasun maila handia izanik erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizikoan, funtsezkoa da hasierako laguntza egokia den baloratzea, baita bestelako sostengurik behar ote duen, eta laguntzarako ematen den denbora nahiz esku hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren. ELZaren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte langilea eta familia langilea izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.

g) Segimendu eta ebaluazio jarraitua: segimenduan banakako proiektuan aldaketak egitea dakarten egoerak harrapatzen ahal dira. Aldaketa funtsezko bat gertatu bada (hala nola: familia unitateko kideen aldaketa, autonomia handitu duen aldaketa edo gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan etab.) kasuaren bertze balorazio bat eginen da. Aldaketak bertze baloraziorik ez badakar, hala nola ordutegiaren aldaketa, langileena, etab., banakoarendako proiektuan aplikatuko da.

Itxaron zerrendan daudenen egoerak berrikusiko dira gehienez ere urtebetean.

Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:

-Gizarte egoeraren gaineko txostena.

-Menpekotasuna baloratzeko tresna.

-Zerbitzua abiatzeko proposamena.

-Banakako laguntzarako proiektuaren proposamena.

-Zerbitzuaren baldintzen gaineko dokumentua.

-Alderdiek konpromisoak hartuz gero, haien gaineko dokumentua.

Eskaria eta balorazio profesionala behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS) erregistratuko dira.

2. ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar den dokumentazioa

ELZ hartzeko eskaria dagokion toki entitatearen erregistroan aurkeztuko da, horretarako ereduan, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, famili unitatearen kide guztien gainean (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):

-NANaren fotokopia.

-Norberaren osasun txartelaren fotokopia.

-Osasun txostena eta, hala bada, izan litezkeen onuradunen Minusbaliotasunaren Onarpen Agiria, haren osasun egoera eta bere buruaz baliatzeko gaitasunaren maila egiaztatzeko.

-Erroldako eta bizikidetza agiria.

-Azken ekitaldi fiskaleko PFEZren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko dirusarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien dirusarreren zinpeko aitorpena.

-9. puntuan jasotzen diren gastu kengarrien ziurtagiri behar bezala egiaztatuak, honako hauetatik heldu direnak:

.Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.

.Familia unitateko kideen menpekotasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bertzelakoak...

Bizikidetza unitatea nolakoa den, bertze agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da eskariaren gaineko ebazpena emateko.

Entitatearen eskutan dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ezta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

Iragarkiaren kodea: L0805214