52. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

671/2008 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Zareko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3. eranskinaren b)1. idatz-zatian ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Zareko Udalak 2005eko 15. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abenduaren 23koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, jendaurrean jarri zen Hirigintzako Udal Plana, eta haren dokumentazioan Ingurumen ondorioen azterlana jaso zen. Epe hartan ez zen ingurumenaren arloko alegaziorik aurkeztu.

2007ko urriaren 29an Hirigintzako Udal Planaren testu bateginaren dokumentazio osoa sartu zen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, behin betiko onespena emateko.

Zareko Hirigintzako Udal Planean eginiko azterketa, diagnostiko eta proposamenek udalerri osoa ukitzen dute, hots, 12.667.007 m², eta horietatik 177.735 m² hiri lurzorukoak dira. Lurzoru urbanizaezinerako azterketa eta proposamenetan ingurumenaren gaineko informazio garrantzitsua bildu da, lurraldea okupatzeko eredua gauzatzen laguntzen duena.

Planeamenduan diseinatu diren jarduketen multzoan sarturiko aldagai natural eta artifizialen azterketa batean oinarritu da.

Ingurune fisikoko datuak sartu dira klimari, geologiari eta geomorfologiari buruzko informazioari dagokionez, horrek eragin handia baitu ingurumen unitate desberdinen sorreran. Lur azaleko ur sareari buruzko oinarrizko informazioa ere bildu da. Bizkaia sakana, iparretik hegoranzkoa, garrantzitsuena da eta azkenik Aragoi ibaira iristen diren ur guztiak biltzen ditu.

Zareko natur ondarearen barruan, klima mediterranearrarekin bat, kokagune biogeografikoaren ondorioz dibertsitate botaniko handi samarra dago, hots, erkamezti eta karraskal gaztelar kantauriar gisakoak, ipar aldean abaritz ugari duen faziazio mesomediterranearrean, lurzoru freskoago eta hezeagoetan, eta karraskal somontano zangozatarrak eta somontano aragoiarrak ezpel askorekin, herriaren hego aldeko eremu handi batean. Landare sailetako sastrakadi eta larreak daude jarraian. Horietan interesa duten zenbait habitat sartzen dira, bereziki sahasti-makaldi kartografiatuak. Batez ere nekazaritzatik bizi den herri honen paisaia identifikatzen laguntzen du horrek guztiak.

Lurzoru urbanizaezinaren trataera Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 94. artikuluari lotuta dago. Babestu beharreko lurzoruen kategorian 92/43/EE Zuzentarauaren I. eranskineko habitatak dituzten lurrak ere sartzen dira, eta memorian eta planoetan bildu dira.

Abelbideak ere sartzen dira babestu beharreko lurzoruan, planoan ageri den moduan.

Zaindu beharreko lurzoru urbanizaezinak, azpikategoria desberdinetan, udalerriaren gainerakoa estaltzen du, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 112. eta 114. artikuluetan azaltzen den araubidearekin. Honako hauek agertzen dira, besteak beste:

-Ingurumenaren aldetik balioa duenean oihan lurzorua edo oihaneztatzen ahal dena sartzen da, eta Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen arabera aztertzen da.

-Natura aldetik ustiatzeko balioa izateagatik zaindu beharreko lurzoruan lehorreko zerealeko lurzoruen eremu asko sartzen dira.

-Azkenik, azpiegiturek ukitzen duten eta zaindu beharrekoa den lurzorua.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman du Ingurumeneko ebaluazio estrategikorako prozedurari buruz, ingurumen arloko baldintzak Zareko Udal Planean sartu diren moduari buruz.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea, Zareko Udal Plan Orokorra ingurumenaren aldetik egokia dela adierazteko, baldintza hauekin:

-Jautu errekatik hasita 100 metrora baino hurbilago dauden lurzoru urbanizagarriak garatzeko azterlan tekniko bat egin beharko da, uholdeen emariak, uholde horien mailak eta arrisku eremuak zehazteko. Nafarroako Gobernuko Uraren Zerbitzuak eta Ebroko Ur Konfederazioak azterlanari buruzko txostena egin beharko dute, beren eskumenen esparruan.

-Testuan eta kartografian alderdi hauek bilduko dira:

.Babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren dokumentuko 56. artikuluan ur bazterreko landaredi naturalaren erabilera aldatzeko debekua sartuko da, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea aldatzen duen otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legearen arabera (17. puntua).

.Lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioko planoan, 346/4-D eta 319/4 D lurzatiak ingurumen eta oihan aldetik balioa duen lurzoru gisa azpikategorizatu behar dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Argitaratu aurretik testu bategina eta dokumentazio grafiko aldatua aurkeztu beharko dira.

3. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Zareko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko martxoaren 31n.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0804999