52. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

161/2008 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Cascanteko 1. poligonoko 433. eta 434. lurzatietan (0,92 ha) 100 kW-ko eguzki-parke fotovoltaikoa instalatzeko. Hidroproyectos, S.L.k sustatu du.

Jarduera hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean dago jasota, eta horrenbestez, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

2007ko azaroaren 16an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak azaroaren 26an emandako 437/2007 Ebazpenaren bidez, Cascanteko 1. poligonoko 433. eta 434. lurzatietako eguzki-parke fotovoltaikoaren espedientea, Hidroproyectos, S.L.k sustatua, jendaurrean jarri zen.

Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

2008ko martxoaren 5ean, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aldeko txostena eman zuen, hainbat agindurekin, Ondare Historikoaren Zerbitzuak eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak egindako txostenak kontuan harturik. Espedientean, Cascanteko Udalaren aldeko txostena ageri da.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Cascanteko 1. poligonoko 433. eta 434. lurzatietan (0,92 ha) 100 kW-ko eguzki-parke fotovoltaikoa instalatzeko, Hidroproyectos, S.L.k sustatuta, baina baldintza batzuk bete beharko dira.

2. Baimena ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betetzearen baldintzapean ematen da:

-Elektrizitatea ateratzeko linea lurpekoa izanen da, Ingurumen ukipenetarako azterlanaren "Instalazioak, zerbitzuak eta sarearekiko lotunea" izeneko planoan ageri den moduan.

-Inguruko hesiak animalia txikiei pasatzen utzi beharko die; beraz, beheko aldean gutxienez ere 20 cm-ko tartea izanen duen sarea erabiliko da.

-Obra bukatutakoan, behar den landare tratamendua eginen da, lurzoruaren higadura murrizteko helburuz. Tratamenduak egin beharreko jarduerarekin bateragarria izan beharko du, eta obrak ukitutako eremu guztiak berriz landareztatu beharko dira, Ingurumen ukipenetarako azterlanean zehaztutako hazi nahasketa erabiliz. Berriz landareztatu aurretik, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalean jakinarazi beharko da, gutxienez 48 ordu lehenago (telefono zenbakiak: 848 421486 eta 848 424905).

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura), baldintza hauekin:

-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena beharko da, ezarpenak "Cascante-Ablitas-Ribaforada" NA-3042 errepidean sortzen ahal dituen ukipenei dagokienez.

4. Lanak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lanak hasi baino lehen fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lan horiek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Cascanteko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko martxoaren 26an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0805006