52. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

160/2008 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Ribaforadan (Nafarroa) A-68 autobiaren eskuinaldean (105,800 k.p.an) zerbitzugunerako sarbideak egiteko proiekturako. Sustatzailea Sociedad de Inversiones Valcarce, S.A. da.

2007ko abenduaren 19an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da Ribaforadan (Nafarroa) A-68 autobiaren eskuinaldean (105,800 k.p.an) zerbitzugunerako sarbideak egiteko proiektuari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Sustatzailea Sociedad de Inversiones Valcarce, S.A. da.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D letran sartuta dago. Beraz, Ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten du.

Proiektu honen bidez bi sarbide berri egin nahi zaizkio A-68 autobiaren eskuinaldeko zerbitzugune bati. Gune hori gaur egun eraitsita dagoen Sancho El Fuerte hotelaren eremuan egitekoa da. Sarbideetako bat autobia horretako dezelerazio errei bat izanen da eta bestean, berriz, Cascante-Ablitas-Ribaforada NA-3042 errepidetik hotela hartarantz zegoen sarbidearen trazadura aldatuko da. N-232 errepide zaharretik hasita eremu horretara jotzeko zeuden sarbideak desegin eginen dira eta lurrez eta landare zopizarkarez leheneratuko.

Proiektuko eremua inguru horretako bideen hurbiltasunak ukitzen du eta, beraz, ez du garrantzizkoa eta zaindu beharrekoa den ingurumen baliorik.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2008ko otsailaren 29an egindako errekerimendu bati erantzunez, obra hori ingurumen aldetik egokitzeari buruzko dokumentazio teknikoarekin osatu da espedientea.

Proiektuak udalaren adostasun txostena du, bai eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuarena ere. Era berean, Herri Lan zuzendari nagusiak, 2007ko apirilaren 18ko 417 Ebazpenaren bidez, proiektua baimendu du, baina baldintza batzurekin.

Aipatutako foru dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ribaforadan (Nafarroa) A-68 autobiaren eskuinaldean (105,800 k.p.an) zerbitzugunerako sarbideak egiteko proiekturako. Sustatzailea Sociedad de Inversiones Valcarce, S.A. da.

2. Baimena ematearekin baldintza hauek bete beharko dira:

-Lanak hasi baino lehen, Kultura eta Turismo Departamentuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuaren adostasun txostena beharko da.

-Egin nahi den jarduerak ukitu ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 7.238 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Lanak hasi baino lehen fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lan horiek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Ribaforadako Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko martxoaren 26an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0805007