52. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

31/2008 FORU AGINDUA, martxoaren 31koa, Osasun kontseilariak emana, Osasunbideko Zerbitzuen Zorroaren Azterketa eta Jarraipenerako Batzorde Tekniko Aholku-emailea sortzen duena.

1978ko Konstituzioak adierazten du herritar guztiek beren osasuna babesteko eskubidea dutela. Adierazpen horren ondorioz botere publikoek osasuna antolatu eta babesteko betebeharra dute, horretarako prebentzio neurriak hartuz eta beharrezkoak diren prestazio eta zerbitzuak emanez.

Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak ezartzen du autonomia erkidegoek, beren eskumenen esparruan, zerbitzuen zorroak onesten ahalko dituztela eta horietan Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzuen zorroa sartu beharko dutela gutxienez.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak osasun jarduketaren irizpide eta printzio orokorrak ezarri ditu, eta osasun publikoaren, laneko osasunaren eta osasun laguntzaren arloko jarduketak definitu eta zehaztu ditu, oinarrizko osasun laguntzaren mailan eta laguntza espezializatuaren mailan antolatuta.

Horren ondoren, eta herritarrei laguntza hobea ematearren, aipatu den 10/1990 Foru Legean ageri den zerbitzuen zorroa zenbait araudiren bidez zabaldu da pixkanaka, harik eta gaur egungo garapenera iritsi arte.

Horrenbestez, osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasun kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Osasunbideko Zerbitzuen Zorroaren Azterketa eta Jarraipenerako Batzorde Tekniko Aholku-emailea sortzea, Osasun Zuzendaritza Nagusiari atxikirik. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zerbitzuen zorroa aztertzea eta herritarren beharren arabera egokitzea.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak prestazio berriak eman behar dituen aztertzea.

c) Prestazioen eskaintzaren jarraipena egitea.

d) Zerbitzuen zorroaren erabilera mailaren eta herritarren osasunean duen eraginaren jarraipena egitea.

f) Arlo honetako prestazioen antolaketa, jarduera, emaitzak eta kalitateak hobetzeko asmoz, organo eskudunak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

2. Osasunbideko Zerbitzuen Zorroaren Azterketa eta Jarraipenerako Batzorde Tekniko Aholku-emailea honela osatuta egonen da:

-Osasun zuzendari nagusia.

-Nafarroako Osasun Agentziako zuzendaria.

-Prestazio eta Itun Zerbitzuko burua.

-Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria.

-Laguntza Espezializatuko zuzendaria.

-Osasun Laguntzaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Antolaketa zuzendaria.

-Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

Batzordeburu lanetan Osasun zuzendari nagusia edo horren eskuordetza hartzen duena arituko da.

Batzordeko idazkari lanetan batzordekideek aukeratzen duten kidea arituko da.

3. Batzordeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialistei deitzen ahal die laguntza eskatzeko.

4. Batzordearen araubidea ondoko hauek osatzen dute: foru agindu honek, batzordearen barne araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean agertzen diren kide anitzeko organoendako jarraibideek, betiere Administrazio Publikoen araubide juridikoari buruzko oinarrizko araudia errespetatuz.

5. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzea eta interesdun guztiei jakinaraztea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aurrera izanen du indarra.

Iruñean, 2008ko martxoaren 31n.-Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0804962