52. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

43/2008 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, sindikatuentzako eta enpresaburuen elkarteentzako, eta Nafarroako Foru Komunitatean 2008an lan osasuneko proiektu eta programak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, 14. artikuluan, xedatzen du Nafarroako administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumenen barruan, langileen osasun integrala babestu, sustatu eta hobetuko dutela.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien arauak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, deialdiaren xede den egoeran daudenek edo bertan aipatzen diren jarduerak egiten dituztenek eskuratu ahal izateko.

Nafarroako Lan Osasunaren Institutua izeneko erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen apirilaren 10eko 16/2006 Foru Dekretuaren 4. artikuluak langileen osasun integrala zaindu, babestu eta sustatzeko eginkizunak ematen dizkio erakunde horri, besteak beste.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek diru-laguntzen egokitasuna eta haien onura publikoa eta deialdiaren eta haren arauen legezkotasuna adierazten dute, hurrenez hurren.

Horrenbestez, Nafarroako Lan Osasunaren Institutua izeneko erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen apirilaren 10eko 16/2006 Foru Dekretuaren 16. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Sindikatuentzako eta enpresaburuen elkarteentzako, eta Nafarroako Foru Komunitatean 2008an lan osasuneko proiektu eta programak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko deialdiko arauak onestea, ebazpen honen eranskinean xedaturikoarekin bat.

2. 489.450,00 euroko gastua baimentzea, 2008ko aurrekontuko kontu-sail hauen kontura:

-220.365,00 euro, "Laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak" izeneko 514000-53000-4819-313903 kontu-sailaren kontura.

-186.657,00 euro, "Segurtasun eta osasun proiektuak eraikuntzan" izeneko 514000-53000-4819-313902 kontu-sailaren kontura.

-82.428,00 euro, "Ikerketak eta jarduketak lan osasunean" izeneko 514000-53000-4819-313900 kontu-sailaren kontura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Ogasun Departamentuak Osasunekoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Osasun idazkari tekniko nagusiari eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Administrazio Atalari igortzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2008ko apirilaren 9an.-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Alberto Margallo Lana.

ERANSKINA

A Sindikatuentzako eta enpresaburuen elkarteentzako, eta Nafarroako Foru Komunitatean 2008an lan osasuneko proiektu eta programak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko deialdiko arauak

1.-Helburua, aplikazio eremua eta modalitateak.

1.1. Xedea.

Deialdiaren helburua da sindikatuentzako eta enpresaburuen elkarteentzako, eta Nafarroako Foru Komunitatean 2008an lan osasuneko proiektu eta programak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko arauak ezartzea.

Diru-laguntza horien bidez sindikatuak eta enpresaburuen elkarteak, eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteak sustatu eta bultzatu nahi dira, lan osasuneko programetarako berariazko ekintzak egin ditzaten. Diru-laguntzak emateko, Osasun Departamentuak osasun politikaren esparru orokorrean ezartzen dituen jarraibideak hartuko dira kontuan. Hori horrela, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuaren eta laneko segurtasun eta osasunaren arloko araudiaren jarduketa ildoekin bat datorren helburua duten ekintzak sustatuko dira.

Jardunaldi eta biltzarren antolaketa, sarien deialdia eta prestakuntzarako ekintza solteak ez dira diru-laguntza deialdiaren xede.

Legezko xedapenek beharturik dauden enpresen ekintzak eta enpresa batentzako edo enpresa talde batentzako ekintzak ere ez dira diru-laguntza horien xede izanen.

1.2. Aplikazio eremua.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak sindikatuentzako eta enpresaburuen elkarteentzako, eta Nafarroako Foru Komunitatean 2008an lan osasuneko ekintza edo programak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteentzako dira.

1.3. Modalitateak.

Deialdian ezarritako ondorioetarako, proiektu mota hauek izan daitezke diru-laguntzen xede:

a) Lehentasuna duten laneko arriskuen gaineko proiektuak.

b) Eraikuntzako segurtasunari eta osasunari buruzko proiektuak.

c) Lan osasunaren arloko ikerketa eta jarduerak.

Honako hauek jasotzen ahalko dituzte a) modalitateko diru-laguntzak: Nafarroako Foru Komunitatean lan osasuneko ekintzak eta programak garatzen dituzten sindikatu eta enpresaburuen elkarteek, eta sindikatu eta enpresaburuen erakunde horietan batera parte hartzen duten entitateek.

Honako hauek jasotzen ahalko dituzte b) modalitateko diru-laguntzak: Nafarroako Foru Komunitatean lan osasuneko ekintzak eta programak garatzen dituzten sindikatu eta enpresaburuen elkarteek, eta sindikatu eta enpresaburuen erakunde horietan batera parte hartzen duten entitateek, eraikuntzaren sektorearekin lotuta badaude.

Honako hauek jasotzen ahalko dituzte c) modalitateko diru-laguntzak: sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek, eta Nafarroako Foru Komunitatean lan osasuneko proiektu eta programak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteek.

Modalitate bakoitzerako gehieneko gastua 2008ko gastuen aurrekontuko kasuan kasuko kontu-sailari dagokiona izanen da, honi jarraikiz:

-220.365,00 euro, "Laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak" izeneko 514000-53000-4819-313903 kontu-sailaren kontura.

-186.657,00 euro, "Segurtasun eta osasun proiektuak eraikuntzan" izeneko 514000-53000-4819-313902 kontu-sailaren kontura.

-82.428,00 euro, "Ikerketak eta jarduketak lan osasunean" izeneko 514000-53000-4819-313900 kontu-sailaren kontura.

2.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Honako hauek jasotzen ahalko dituzte arauetan aipatzen diren diru-laguntzak, kasuan kasuko modalitatearen arabera: sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek, eta Nafarroako Foru Komunitatean lan osasuneko proiektu eta programak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteek. Deialdira aurkezten diren entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta erregistro hauetariko batean inskribatua egotea:

-Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Lanbide Elkarteen erregistroan.

-Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen erregistroan.

-Bidezko diren bestelako erregistroetan.

b) Irabazi-asmorik ez edukitzea.

c) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

d) Diru-laguntzen onuraduna izateko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

3.-Diru-laguntzen xede diren proiektu eta programek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdian aipatzen diren xede, helburu eta printzipioekin bat etortzea.

b) Behar diren azpiegitura eta baliabideak edukitzea, norberarenak edo beste batzuenak, proiektuaren bideragarritasuna bermatzen dutenak.

c) Proiektua burutzeko, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren bidez onetsiriko Prebentzio Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 37. artikuluan aipatzen diren prebentzio neurrien arloko espezialitate eta diziplinetariko baten batean goi mailako eginkizunak egiteko baimenduriko profesional bat edukitzea, gutxienez.

4.-Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek aurkeztuko duten eskaera horretarako prestatu den ereduaren araberakoa izanen da. Eredua Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko bulegoetan (Landaben industrialdea E eta F kaleak, 31012 Iruña) eskuratzen ahalko dute, bai eta erakunde beraren webgunean ere (www.cfnavarra.es/insl).

20 egun naturaleko epea izanen da eskaerak, entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuak, aurkezteko, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Eskaerak Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko erregistroan aurkeztuko dira (Landaben industrialdea, E eta F kaleak, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro edo bulegoetan.

Postetxeetean aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak eskaera igorri duela jakinarazi beharko dio Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari, egun berean eta fax bidez.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak horretarako prestatu den ereduaren arabera beteko dira eta entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuko ditu. Haiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak):

a) Elkarte edo entitatearen estatutuak.

b) Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea frogatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

c) 2. arauan aipatzen diren erregistroetan inskribaturik dagoela frogatzen duten agiriak.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Hala behar izanez gero, eta 11. arauan xedatutakoari jarraikiz, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsen aurretiazko hornidura justifikatzeko txostena.

f) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, entitate edo elkarte eskatzaileak Gizarte Segurantzarekin zorrik ez duela edo, hala badagokio, harekiko betebeharrak betetzetik salbuetsita dagoela frogatzen duena.

g) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

h) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Administrazioari buruzko Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ez da a), b), c), d) eta g) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik izanen, baldin eta datuak Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo jadanik badituzte. Halakoetan, agiri horietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariak inguruabar hori azaltzen duen adierazpen bat egiten ahalko du, agiriak aurkezteko data izanen duena.

i) Diru-laguntza jaso nahi duten programen deskribapena, hauxe zehazturik:

-Izena.

-Helburuak.

-Eginen diren jarduerak.

-Epeak.

-Giza baliabideak (zehaztu langile kontratatuak diren, boluntarioak...).

-Finantza baliabideak (diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, aurreikusitako finantzabideak ...).

-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari eskatutako dirua.

-Ebaluazioaren aurreikuspena (adierazleak ...).

4.3. Eskaerako hutsak zuzentzea.

Organo instruktoreak, eskaerak baldintzak bete ezik edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

5.-Prozedura antolatzeko, instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdian ezarritako ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Laneko Osasun eta Ikerketarako Zerbitzuari esleitu zaizkio. Organo instruktoreak eginiko ebazpena ebaluazio batzordearen irizpidearekin bat proposatuko da. Arauetan "organo instruktorea" aipatzen denean, Laneko Osasun eta Ikerketarako Zerbitzuari egiten zaio erreferentzia.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak du.

6.-Eskaerak ebaluatzeko organo kolegiatua.

Ebaluazio batzordea osatuko da aurkezturiko eskaerak baloratu eta diru-laguntzak emateko proposamena egiteko.

Ebaluazio batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Laneko Osasun eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lanetan arituko dena.

-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Laneko Segurtasun eta Higienerako eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendaria, batzordeko buruorde lanetan arituko dena.

-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko bi kide, zuzendari kudeatzaileak berak izendatuak.

-Lan zuzendari nagusiak izendatutako kide bat.

-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Administrazio atalburua, idazkari lanetan arituko dena.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

7.-Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloratzeko arau orokorrak.

7.1. Deialdian aipatzen diren laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat. Horretarako, modalitateen arabera antolatuko dira, jarraian aipatzen diren balorazio irizpideekin bat emaniko puntuazioari jarraikiz. Atal honetan gutxienez ere 5 puntu lortu beharko dira diru-laguntzak hartu ahal izateko.

a) Modalitatea: "Lehentasuna duten laneko arriskuen gaineko proiektuak." Irizpide hauen arabera baloratuko dira:

-Aurkeztutako proiektua bat etortzea 2007tik 2012ra bitarteko Nafarroako Lan Osasunaren II. Planean zehaztutako ikerketarako arlo estrategikoekin eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuaren lehentasunezko jarduketa programekin, bereziki hauekin: "Diana programako enpresak", ezbehar tasa handieneko sektore eta jarduera ekonomikoak, enpresa txiki eta ertainetako egoera arriskutsu bereziak, enpresa jardueren koordinazioa, eta ibilgailuak gidatu eta erabiltzearekin lotutako alderdiak. 7 puntu gehienez.

-Nafarroako Foru Komunitate osoan diharduten enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek batera proposaturiko proiektuak, kasuan kasuko sektore edo eskualdean eta enpresa elkarte eta sindikatu horien programa bateratuetan jarduteko, bai zuzenean bai ordezkatzen dituzten entitateen bidez. 3 puntu gehienez.

b) Modalitatea: "Eraikuntzako segurtasunari eta osasunari buruzko proiektuak".

Aurreko atalean aipatzen diren orotariko baldintzak aplikatuko dira, eraikuntza sektorera egokiturik.

c) Modalitatea: "Lan osasunari buruzko ikerketa eta jarduketak". Irizpide hauen arabera baloratuko dira:

-Aurkezturiko proiektua 2007tik 2012ra bitarteko Nafarroako Lan Osasunaren II. Planean zehaztutako ikerketarako arlo estrategikoekin eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuaren lan osasuneko lehentasunezko ildo eta programekin bat etortzea. 3 puntu gehienez.

Hauexek izanen dira lehentasunezko ildo eta programak: lanbide eritasunak eta lanarekin zerikusia dutenak prebenitu eta arrazoiak zehazteko neurrietarako proiektuak, egoera arriskutsuan lan egiten duten langileak identifikatu eta osasuna berariaz zaintzeko protokoloak aplikatzekoak, lantokian osasuna sustatzekoak, gizarte egoera ahulean dauden edo laguntza berezia behar duten pertsona taldeez arduratzen direnak, enpresa txiki eta ertainetan prebentzioa kudeatzeko sistemen ezarpena sustatzeko xedea dutenak, lan arrisku edo ezbehar tasa handi edo bereziko enpresa edo jarduerak jomuga dituztenak eta enpresa jardueren koordinazioa helburu dutenak.

-Proiektuaren originaltasuna eta berritasuna. 2 puntu gehienez.

-Nafarroako Gobernuaren beste programekin osagarria izatea eta horietan txertatzea, agirien bidez frogaturik. 2 puntu gehienez.

-Diziplina askotako proiektuak, non zentro askok hartzen baitute parte. 2 puntu gehienez.

-Proiektua 6.000 eurotik beherako aurrekontuan sartzea eta bideragarria izatea. 1 puntu gehienez.

Atal honetan aipatzen diren ondorioetarako bakarrik, entitate batek ez du 18.000,00 eurotik gorako diru-laguntzarik hartuko, inolaz ere, proiektu bat edo gehiago aurkeztuta ere.

7.2. Onetsiriko proiektuetarako diru-laguntzaren zenbatekoa eskaturiko mugaraino honelaxe esleituko da, aukeratzen den modalitate motaren arabera:

7.2.1. a) eta b) modalitateetan, diru-laguntzaren xede den proiektu onetsi bakoitzerako zenbatekoa honelaxe esleituko da:

a) Aurrekontuko diruaren 100eko 70 erakundeen ordezkaritzarekiko proportzionaltasunean esleituko da. Horretarako, sindikatuek Nafarroako Gobernuko Lan Zuzendaritza Nagusiaren aurreko urteko abenduaren 31ko datu ofizialak erabiliko dituzte, eta enpresaburuen elkarteek data horretan zenbat enpresa eta langile ordezkatzen dituzten frogagiria aurkeztu beharko dute.

b) Gainerako 100eko 30a irizpide hauen arabera esleituko da:

-Onuradun diren enpresa eta/edo bizilagunen gaineko eragina.

-Eritasun eta heriotza tasen gaineko eragina, ahultasun egoera.

-Proiektuaren diseinua, zehaztasuna eta kalitatea, eta helburuak lortzeko adierazleen definizioaren egokitasuna.

-Bestelako diru-laguntzarik ez edukitzea.

-Aurreko urteetan egindako programen eraginkortasuna.

7.2.2. c) modalitatean, proiektu bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzeko, aurrekontuko diruaren 100eko 70 onetsiriko proiektuetarako zenbatekoaren ehuneko berean emanen da, eta gainerako 100eko 30a 7.2.1 b) ataleko irizpideen arabera banatuko da.

8.-Proiektuen aldaketa.

Proposaturiko diru-laguntza eskaturiko zenbatekoaren edo ezarririko gehieneko zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarretik beherakoa izanez gero, organo instruktoreak, proposatu baino lehen, entzunaldiari ekiten ahalko dio, hamabost egun naturalean, entitate eskatzaileak proiektua aldatzeko aukera izan dezan. Betiere, bermatuko da aldatzen den programak jatorrizkoaren xede eta ezaugarri berak izan ditzala.

Programaren aldaketa onartu ahal izateko, aldaturiko proiektua hasiera batean eginiko balorazioaren tarte berean sartu beharko da. Bestela, entitateak hasierako proposamenari hertsiki lotuz burutu beharko du programa.

Halaber, aldaketaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposaturiko diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusitako lagundutako finantzaketaren batura baino.

Aldaturiko proiektua onesteko, ebaluazio batzordearen aldeko txostena beharko da aurretik.

9.-Ebazpena.

Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko du diru-laguntzak eman edo ukatzea, organo instruktoreak ematen duen proposamenarekin bat.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela pentsatuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpena, zioduna izanen dena, entitate onuradunei jakinaraziko zaie eta diru-laguntza zein eskatzaileri eman eta, hala bada, ukatu zaion zehazten duen zerrenda adieraziko du. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko iragarki oholean argitaratuko da (Landaben industrialdea, E eta F kaleak, Iruña). Argitalpenean deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onarturiko zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

10.-Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak jarduera bera garatzeko jasotzen diren bestelako diru-laguntzekin batzen ahal dira.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

11.-Diru-laguntzaren ordainketa eta egiaztagiriak.

11.1. Ematen den diru-laguntza 60.000,00 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, epe bakarrean pagatuko da, aurrerakin gisa, diru-laguntza emateko ebazpenarekin batera.

11.2. Onarturiko diru-laguntza 60.000,00 eurotik gorakoa bada, gutxienez bi partetan pagatuko da. Lehenbizikoa diru-laguntza onartzeko ebazpenarekin batera, eta hurrengoa edo hurrengoak ebazpen horretan aipatzen diren epe edo mugaegunetan. Kasu horretan, aurretik pagaturiko zenbatekoari dagokion gauzatzea frogatu beharko da agiri bidez, diru-laguntzaren hurrengo ordainketa egin ahal izateko.

Horretarako, diru-laguntza hartu duen entitateak agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) Proiektuaren bilakaeraren berri ematen duen erdibideko txosten labur bat.

b) Programek ordura arte izaniko diru-sarreren eta gastuen zerrenda.

c) Programa bakoitzerako harturiko diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, non agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horrekin batera, kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak). Igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adierazten dituzten banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Foru dekretu horren bidez, fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Nafarroako Lan Osasunaren Institutuan aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, harturiko diru-laguntza justifikatzeko.

11.3. Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren aurrerakinek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Entitateak frogatu beharko du diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskabidearekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, entitateak txosten bat aurkeztuko du, behar hori frogatuko duena.

b) Beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, diru-laguntza Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz pagatuko da, arauetako 11.2 artikuluan xedaturikoarekin bat jarduera egin dela frogatu ondoren.

11.4. Diru-laguntza ordaintzeko modua edozein delarik ere, justifikazio agiriak aurkezteko epea diru-laguntza zein urtetan ematen den, urte horretako abenduaren 12an amaituko da, eta faktura guztiek egun hori baino lehenagokoak izan behar dute, salbu Gizarte Segurantzako, zergetako eta beste tributu batzuetako frogagiriak, horiek aurkeztu beharko baitira ordainketa egin ondoko 5 egun igaro baino lehen, legez ezarritako epeen barrenean.

Halaber, jardueraren burutzeari buruzko memoria bat aurkeztu beharko da. Bertan, hauxe adieraziko da:

a) Entitatearen jarduera osoaren memoria labur bat, 2008ko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen orotariko balantzea barne.

b) Programen gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, atal hauek aipatzen dituena:

-Programaren izena.

-Programaren eraginkortasuna. Urte hasieran jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa, eta egindakoaren eta pentsatutakoaren arteko aldea.

-Eragimena. Lortutako emaitzen ebaluazioa, erabilitako baliabide tekniko eta ekonomikoak eta giza baliabideak kontuan hartuz.

-Programaren eragina bere jarduketa esparruan.

-Bideragarritasuna.

-Proiektuaren estrategiaren balorazioa. Proiektuan aurkitutako traba eta arazoen aurrean erantzun edo bide egokiena hartu ote den.

-Onuradunen parte-hartzea eta gogobetetasuna.

c) Programaren balantze ekonomikoa. Bertan, diru-sarrera guztiak azalduko dira, eta berezko funtsak eta beste entitate publiko edo pribatu batzuetatik etorritako baliabideak zehaztu. Balantzeak gastu guztiak ere bilduko ditu, honelaxe sailkaturik:

-Langileak.

-Jarduerak.

-Funtzionamendu, administrazio eta kudeaketa gastuak.

d) Egindako programaren diru-sarreren eta gastuen zerrenda, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzari aplikatua, agiri zenbakia, emailea, kontzeptua, eguna eta diru zenbatekoa zehaztuta. Zerrenda horrekin batera, kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak). Igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adierazten dituzten banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Foru dekretu horren bidez, fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Nafarroako Lan Osasunaren Institutuan aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, harturiko diru-laguntza justifikatzeko.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren gauzatze edo martxa onaren berri emateko.

11.5. Gastu hauek izan daitezke diru-laguntzen xede:

a) Aurkeztutako proiektuaren edo programaren helburuarekin lotura zuzena duten jarduera, material suntsigarri eta langile gastuak.

b) Horiez gain, eginen den proiektu edo programarekin lotura zuzena eta berariazkoa duten funtzionamenduko eta kudeaketako gastu orokorrak, bai eta administratiboak ere, finantzatzen ahalko dira, diru-laguntzaren zenbatekoaren %5 arte gehienez.

c) Teknikariak ez diren langileentzako finantzaketak gehienez ere diru-laguntzaren xede diren langile gastuen %20 eginen du.

d) Material inbentiaragarriaren erosketa edo aktibo finkoetako inbertsioak ez dira behin ere finantzatuko.

Jarduerak, diru-laguntzaz gain, berezko funtsekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan diru-laguntza horien zenbatekoa, jatorria eta funts horiek diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkien frogatu beharko da.

12.-Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek hauexek bete beharko dituzte:

a) Proiektua entitateak eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala burutzea.

b) 11. arauan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta bukaerakoak, aurkeztea.

c) Oro har, eta jardueraren helburua dela-eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak bestela agintzen ez badu, informazio edo zabalkunde ekintza edo programetan, liburuxka eta gisakoetan, eta haien jendaurreko erakusketa orotan, lana Nafarroako Gobernuaren laguntzaz egiten dela agertu beharko da eta aipatu beharko da Nafarroako Lan Osasunaren Institutua finantzaketan laguntzaile izan dela, aldez aurretik erakunde autonomo hori jakinaren gainean dagoela.

d) Diru-laguntzaren xede den zabalkunderako materiala editatu, argitaratu eta burutzeko, entitate onuradunak zirriborro bat aurkeztu beharko du Nafarroako Lan Osasunaren Institutuan, gauzatze materiala baino lehen, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, haren ikur ofiziala eta erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuarekin bat. Logotipo horrek diru-laguntzaren xede den entitatearen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du eta hura bezain ikusgarri izanen da. Zalantzarik izatekotan, Nafarroako Gobernuko Argitalpen Atalari eskatuko zaio aurrean azaldutakoa argitzeko.

f) Deialdiaren xede den proiektuak monografiak, zabalkunderako liburuxkak, erakusketarako panelak eta balorazioak eta iritziak biltzen dituzten bestelako argitalpenak editatzea badakar berarekin, lehen esandakoaz gain, entitate onuradunek, lauki nabarmen batean, testu hau bildu beharko dute: "Nafarroako Gobernua, argitalpen (edo zabalkunderako bestelako material) honetarako diru-laguntza eman badu ere, ez dator bat nahitaez bertan agertzen diren artikulu edo iritzien edukiarekin".

g) Ezein entitatek ezin izanen du Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili berak eginiko beste jarduerak argitaratzeko, ez badira propio diruz laguntzen deialdiaren bidez.

h) Entitate onuradunak laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartu beharko ditu.

i) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

j) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko baldintzak betetzea.

k) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

l) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

13.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

13.1. Azpikontratazioa.

Deialdiari dagokionez, bidezko da azpikontratazioa, alegia, beste batzuekin diru-laguntzaren xede den jardueraren hein bateko gauzatzea hitzartzea. Onuradunak berez diru-laguntzaren xede den jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

Onuradunak gehienez ere diru-laguntzaren xede den jardueraren zenbatekoaren %75 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa kontratua idatziz sinatu beharraren menpe egonen da.

13.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dituztenean, 12.000,00 euro baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak gutxienez ere helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu, diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Enpresa batzuei kontsultatu beharra ez da gauzatuko, diru-laguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

14.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere, diru-laguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Administrazioak onarturik egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

15.-Itzulketa.

Programa burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezko izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedura aipatu den artikuluan xedaturikoaren araberakoa izanen da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino ez diren bete ikusita.

16.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidezko prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz.

17.-Aplikatu beharreko arauak.

Arauetan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

18.-Deialdiaren eta arauen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren, arauen eta garatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasun kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F0805506