51. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ULTZAMA

Ultzama Udalaren ordenantza, Eraikinak zutitu eta zaharberritu edo berritzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ultzama Udalak, 2007ko azaroaren 27an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Ultzama Udalaren ordenantza, Eraikinak zutitu eta zaharberritu edo berritzeko laguntzak arautzen dituena. Onesteko erabakia 2008ko 25. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 11n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, Ultzamako Udalak, 2008ko martxoaren 5ean egin bilkura arruntean, behin betikoz onetsi zuen. Horrenbertzez, testu osoa argitaratuko da, bidezko ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Larraintzarren (Ultzama), 2008ko martxoaren 5ean.-Alkatea, Francisco Pérez Arregui.

ERAIKINAK ZUTITU ETA ZAHARBERRITU EDO BERRITZEKO LAGUNTZEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da Ultzamako Udalak ezarritako laguntzak arautzea, bere udal mugapearen barnean dauden eraikinak zaharberritu edo berritzeko, bai eraikin eta etxebizitza berriak eraikitzeko ere, izanik horiek babestuak edo ohiko etxebizitzetarakoak.

2. artikulua. Jarduketa babesgarriak.

Udalaren babesa obra hauengatik jaso daiteke:

2.1. Eraikinaren egitura egokitzea; hemen sartzen dira eraikinari eraikuntza aldetik behar diren segurtasun baldintzak emanen dizkioten obrak, egonkortasuna eta sendotasuna bermatuko dituztenak.

2.2. Funtzioen aldetik egokitzeko obrak, hots, eraikinari arlo hauetan behar adina baldintza ematen dizkiotenak: estalkia, fatxadak, sarbideak, patioak, instalazioak eta segurtasun neurriak.

2.3. Eraikineko bizigarritasuna egokitzeko obrak, hau da, eraikinari arlo hauetan baldintza egokiak ematen dizkioten barneko obrak: banaketa, estaldurak, isolamenduak, arotzeriak, instalazioak eta akaberak.

2.4. Gune irekien egokitzapena eta eraikina kokatzen deneko lurzatiaren itxiturak.

2.5. Indarra duen hirigintza planeamenduan aurreikusitako eraikin eraispenak.

2.6. Oztopo arkitektonikoak kentzea.

2.7. Eraikin berriak, gaur egun udalerrian diren nekazaritza edo abeltzaintzako ustiategiak hobetzen edo ordezkatzen dituztenak, Ingurumena babesteko esku hartzearen Erregelamenduan (93/2006 FD) zehaztua eta Udal Planean gai honetaz xedatzen dena betetzen dituztenak.

2.8. Eraikin berriak, gaur egun diren industriak ordezkatzen dituztenak, eta egiten den industrialdean paratzen direnak, halakorik bada.

2.9. Etxebizitza berriak eraikitzea, titularraren bizitegi ohiko eta egonkorra izanen direnak. Horretarako, titularrak etxebizitza hori bizitegi ohiko eta egonkorra izanen duela adierazi beharko du eskabidearekin batera. Bankuko abala aurkeztuko du, hartuko duen dirulaguntzaren zenbateko berekoa, legezko betebehar hori hurrengo sei urtean beteko duela bermatzeko.

2.10. Etxebizitza babestuak eraikitzea, Etxebizitzaren gaineko Dekretuaren arabera, eta honela justifikatzea aurkeztutako proiektuan.

3. artikulua. Baldintzak.

3.1. Jarduketa babesgarritzat hartua izateko, eraikinak baldintza hauek bete behar ditu:

.Lehen kasua: etxebizitzak zaharberritzea.

-10 urte baino antzinatasun handiagoa izatea bizitegi ohikorako eraikinetan; idatzizko konpromisoa justifikatu beharko da Udalaren aitzinean.

-Hirigintzaren arloan indarra duen araudian eta prestatzen ari diren planeamenduan xedatzen denarekin bat etortzea.

.Bigarren kasua: ohiko bizitegietarako etxebizitzak eraikitzea.

-Bizitegi ohikoetarako etxebizitza berri edo zaharrak eraikitzea; idatzizko konpromisoa justifikatu beharko da Udalaren aitzinean.

-Hirigintzaren arloan indarra duen araudian eta prestatzen ari diren planeamenduan xedatzen denarekin bat etortzea.

.Hirugarren kasua: ohiko bizitegietarako etxebizitzak eraikitzea.

-Edozein motatako bizitegi babestuak izateko etxebizitza berri edo zaharrak eraikitzea.

-Hirigintzaren arloan indarra duen araudian eta prestatzen ari diren planeamenduan xedatzen denarekin bat etortzea.

3.2. Udalaren babesetik kanpora utzi dira:

-Udalaren txostenean beharrezkotzat jotako obrak egiten ez dituzten jarduketak.

4. artikulua. Laguntzak.

Udal honek ezarritako laguntzek hartuko dituzte aipatutako baldintza horiek betetzen dituzten jarduketa babesgarri guztiak. Diru aldetik, obra gauzatzeko aurrekontuaren %1 izanen da, eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga kobratzeko kuotan aplikatuko da.

5. artikulua. Onuradunak eta laguntzen harrera.

5.1. Jarduketa babesgarrien sustatzaileak laguntzen onuradun gertatu ahal izateko, aipatu baldintzak bete beharko dituzte jarduketek eta, gainera, obrak hasi baino lehen egin beharko da eskaera. Eskabidearekin bat ziurtagiriak aurkeztuko dira, eta ezinbertzekoa da Udalaren adostasun txostena egotea espedientean.

5.2. Laguntzak behin betikoak bihurtuko dira obrak burutu ondoan eta, horrenbertzez, zerbait bete gabe utzi dela ikusiz gero, laguntzak jasotzeko eskubidea galduko da; gainera, horrek ez du eragotziko bertzelako egintzei ekitea. Onuradunek diru-laguntza lehenago jasotzea lortzen ahalko dute, baldin eta laguntzaren zenbateko bera duen banku abal baten bidez bermatzen badute ordenantzetako baldintzak betetzen direla.

6. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu. Ordenantza honetan espresuki arautzen ez den orotan toki araubidearen gaineko legeria aplikatuko da, baita administrazio prozeduraren gainekoa ere, toki entitateei aplikatzen ahal zaien neurrian.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun izaten ahal dira ordenantza honek indarra hartzen duenetik aitzina tramitatzen diren hirigintzako espedienteen titularrak.

AZKEN XEDAPENA

1. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin betikoz argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

2. Ordenantza honen indarraldiak ez du mugarik.

Iragarkiaren kodea: L0805137