51. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1220/2008 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Enpresa zuzendari nagusiak emana, Interneteko banda zabaleko konexiorako diru-laguntzen 2008. urteko deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuaren lehenengo helburuetako bat informazioaren gizarteari loturiko funtsezko zerbitzuak eskuratzea da, Nafarroako Foru Komunitatean bizi den herritar batek ere ez ditzan murrizturik izan bere jarduteko aukerak eta gaitasuna, beste erkidego batzuetan edo gure Komunitateko beste eskualde batzuetan bizi diren herritarren aldean.

Zerbitzu horiek ematen dituzten kanaletako bat Internet da, eta berau eskuratzen lagunduz parean jar daitezke, alderdi askotan, gure lurraldeko toki urrunenetan bizi diren herritarrak eta zerbitzuak zuzenean eskuratzeko moduan diren munduko beste edozein tokitan bizi direnak.

Nafarroako Gobernuak 2008ko martxoaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zen Interneteko banda zabaleko konexiorako diru-laguntzak emateko banakako ebaluazio araubidean, azaroaren 9ko Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Interneteko banda zabaleko konexiorako diru-laguntzen 2008. urteko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza horiek emateko oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 599.960 euroko gastua baimentzea, ebazpen honetatik sortutako konpromisoetarako, 2008ko Gastuen Aurrekontuko 840002-81220-4809- 467902 kontusailaren kontura ("Interneterako banda zabaleko konexioa sustatzeko laguntzak"). Deialdi honen ID diru-laguntzen biltokian 943 da.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Espedientean interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko apirilaren 9an.-Enpresa zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

ERANSKINA

Interneteko banda zabaleko konexiorako diru-laguntzen 2008. urteko deialdiaren oinarriak

1. oinarria.-Xedea.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko herritarrendako Interneteko banda zabaleko konexiorako diru-laguntzak arautzea.

Diru-laguntza hauen xedea da Nafarroako herritarrei erraztasunak ematea informazioaren gizartearen zerbitzuak eskuratzeko.

2. oinarria.-Entitate laguntzaileak.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak lankidetza hitzarmen bat izenpetuko du telekomunikazioetako operadoreekin, zeinek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 10. artikuluan ezarrita dagoen moduan, diru-laguntza hauek kudeatzeko entitate laguntzaile gisa jardunen baitute, eta herritarrak izanen dira, berriz, aurreikusitako etekin ekonomikoen hartzaile bakarrak.

Gaituriko telekomunikazio operadore guztiak askatasun osoz diru-laguntza hauen entitate laguntzaile bihurtu ahal dira, hala nahi badute eta hitzarmen hori izenpetzen badute, eta hala dela argitaratzen da deialdi honen bidez. Hitzarmena gehienez ere hilabeteko epean izenpetu beharko da diru-laguntzen deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. oinarria.-Diru-laguntzen xede den jarduera eta zenbatekoa.

1. Baldintza hauek betetzen dituen jarduera izanen da diru-laguntzaren xede:

-Diruz lagundu beharreko jarduera Interneteko konexioa da, ADSL, modem kablea, edo irratia erabiliz, edo GPRS/UM/HSPDA bidezko tarifa finkoaren modalitateetako batez baliatuz.

-RTB edo aurreko paragrafoan ageri ez diren beste sistemen bidezko konexioetarako ez da diru-laguntzarik emanen.

-2008ko martxoaren 10etik abenduaren 31ra bitarte, biak barne, egindako konexioei emanen zaie diru-laguntza, edo diru-laguntzarako aurreikusi den aurrekontuko diru-kopurua amaitu arte, lehenago amaitzen bada.

-Etxebizitza bakoitzeko konexio bat baizik ez da diruz lagunduko.

-Onuradunak nahi duen operadorea hautatu ahalko du bigarren oinarriak aipatzen duen lankidetza hitzarmena izenpetzen dutenen artean.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa 40 eurokoa izanen da, BEZ barne. Zenbateko hori onuradunek kontratatutako telefoniako operadoreari eginiko lehen ordainketei kenduko zaie, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa osatu arte, kontzeptu hauengatik:

-Konexioaren altaren kuota.

-Instalazio kuota.

-Kasuan kasuko modemaren edo egokitzailearen kostua.

-Hileko kuota.

Diru-laguntza hau bereizia izanen da eta enpresa operadoreen beste eskaintza batzuei gehitu ahalko zaizkie, adibidez, doako altaren kuota eta modemen gainekoei.

4. oinarria.-Onuradunak.

Onuraduna izateko, beharkizun hauek bete beharko dira:

-Pertsona fisikoa izatea.

-ADSL, modem kablea, edo irratia erabiliz, edo GPRS/UM/HSPDA bidezko tarifa finkoaren modalitateetako batez baliatuz, alta eskatzea Interneteko konexioan, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuarekin bigarren oinarrian aipatzen den hitzarmena izenpetu duten operadoreetako edozeinekin kontratua eginez.

-Aurreko puntuan aipatzen den alta kontratatzeko helbideak, eta operadoreak deskontuak barne hartzen dituzten fakturak igortzekoak, Nafarroako Foru Komunitatean egon beharko du.

5. oinarria.-Diru-laguntzak emateko irizpide objektiboak

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez emanen da. Beraz, eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Esandakoari dagokionez, aurkezteko ordena izanen da lankidetza hitzarmena izenpetzen duen operadore bakoitzak ezarritako prozeduren bidez zerbitzua kontratatzeko datari dagokiona.

6. oinarria.-Diru-laguntza emateko prozedura.

Diru-laguntzak emateko prozedura hauxe izanen da:

1. Interesdunek zerbitzuaren kontratazioa eskatuko dute Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuarekin lankidetza hitzarmena izenpetzen duen operadore bakoitzak ezarritako prozeduren bidez. Operadoreek kontrataziorako bide esklusiboak ezarri ahal izanen dituzte, deialdi honek aipatzen dituen deskontuak aplikatzeko, betiere behar bezala iragartzen badituzte. Diru-laguntzaren eskaera une horretan aurkeztu dela ulertuko da, tramitera onartzeko beste agiririk aurkeztu beharrik gabe.

Eskaerak berarekin dakar onuradunak baimena ematea zerbitzurako kontratatu duen operadoreak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari diru-laguntza kudeatzeko behar diren datu pertsonalak jakinarazteko: izen-abizenak, NANa, telefono zenbakia, helbidea, herria, posta kodea eta zerbitzua eskatu zen eguna.

Eskabide honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatzekoak diren gainerako legeetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak sartzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko prozedurak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan eginen dira, betiere aipatutako legeriari jarraikiz.

2. Operadoreak jarduketa hauek eginen ditu:

-Eskatzaileak oinarri hauetan diru-laguntzaren onuraduna izateko zehazten diren baldintzak betetzen dituela egiaztatzea.

-Instalazioa egin dela egiaztatzeko aldez aurretik behar diren jarduketak egitea.

-Onuradunari diru-laguntzaren zenbatekoa adinako deskontua aplikatzea (40 euro) dagokion fakturan (edo fakturetan), kontzeptu independente gisa adierazita, "Nafarroako Gobernuaren laguntzarako kanpaina interneteko konexiorako" izenarekin, eta aipatutako zenbatekoarekin.

Diru-laguntza honi dagokion deskontua gehienez ere hiru hilabeteko epean egin beharko da zerbitzuan alta ematen den egunetik.

-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari hilero jakinaraztea zerbitzua/produktua eskatu dutenei diru-laguntzaren zenbatekoarekin aplikatu dizkien deskontuen zerrenda. Horretarako erabiliko den prozedurak aukera emanen du operadoreak arreta orokorrerako duen plataformaz baliatzeko, berez dituen abantailekin, bai eta laguntzen irizpideekin bat datorren fakturazio berezia aplikatzeko ere.

Operadoreak berak eginen du jakinarazpen hori, zein den ere telefoniako operadorearen taldearen barruan zerbitzua/produktua hornitzen duen enpresa.

3. Enpresa zuzendari nagusiak, operadore bakoitzaren hileko jakinarazpenak ikusirik, ebazpen bidez onetsiko du onuradunei diru-laguntzak ematea eta operadoreei ordainduko dizkie egindako deskontuei dagozkien diru kopuruak. Ebazpen hau Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian argitaratuz jakinaraziko da.

Banakako ebaluazioaren araubidean emandako diru-laguntza denez, aurrekontuko dirua amaitzen bada, Enpresa zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du deialdia amaitutzat emateko. Ebazpena Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian argitaratuko da, eta hitzarmena izenpetu duten operadoreei igorriko zaie, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. oinarria.-Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

Diru-laguntzaren onuradunek, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gain, betebehar berariazko hauek ere bete beharko dituzte:

1. Zerbitzuan sartzeko erabiltzaile izena eta pasa-hitz pertsonal bat beharko dira. Datu horiek eskualdaezinak dira. Bere pasa-hitza isilpean gordetzeko ardura erabiltzailearena da.

2. Sarbide gakoa galdu edo lapurtuz gero, erabiltzaileak horren berri emanen dio zerbitzuaren hornitzaileari ahalik eta azkarren, baimendu gabekorik sar ez dadin; erabiltzailearen kargura izanen dira ordura arte bere kontuari aplikatu ahal zaizkion kontsumoak eta erabilerak.

3. Laguntzen hartzaileek modu egokian erabili beharko dute zerbitzua. Erabilera desegokia da sarbide mailak hausteko ahalegina egitea, datuak modu okerrean manipulatzea, mezuen bidalketa masibo eta indiskriminatua, jabetza intelektualak edo bestelako legezko eskubideek babestutako datuak edo informazioak kopiatu edo esportatzea eta legez kanpoko beste edozein erabilera.

Diru-laguntzak emateko ebazpenetan, oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarririko betebeharrak betetzen ez badira, onarturiko diru-laguntza itzuli egin beharko da, foru lege hartako 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, eginbeharren bat hein batean ez betetzeak emaniko diru-laguntzaren zatia, kasuan kasukoa, itzuli beharra ekar dezake.

8. oinarria.-Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Diru-laguntza hau bereizia izanen da eta enpresa operadoreen beste eskaintza batzuei gehitu ahalko zaizkie, adibidez, doako altaren kuota eta modemen gainekoei.

9. oinarria.-Oinarrien aurkako errekurtsoa.

Oinarri hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

10. oinarria.-Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza aurrekontuko zein programari eta kredituri egotziko zaien, onuradunak, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0805694