51. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

59/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak emana, elkarteek, toki entitateek eta partzuergoek 2008. urtean turismoa sustatzeko egiten dituzten jarduerei laguntzeko deialdia onesten duena.

Nafarroako toki entitateek, partzuergoek eta turismoa garatu eta sustatzea helburu duten elkarteek zeregin garrantzitsua betetzen dute turismoaren sektorea indartzen, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismo Zuzendaritza Nagusiaren lana osatzen eta aberasten baitute.

Laguntzeko deialdi honen bidez, sektore publikoak eta pribatuak bide horretan beren gain hartzen dituzten ekimenak sustatu nahi dira, edo bisitariak erakartzen dituzten jarduketak, aurreko urteetan abiatuak, sendotu. Hartara, 2007ko urriaren 1etik 2008ko irailaren 30era bitartean egiten diren jarduketak onartuko dira. Proiektu bakar gisa aurkeztu diren proiektuak ere onartuko dira, baldin eta beren jarduketen %75 edo gehiago aipatu denboraldiaren barnean egiten badituzte.

Oro har, kalitateko turismoa sustatzeko aholkularitza lana bultzatzen da, partzuergoan, toki entitateetan eta turismo elkarteetan produktuak merkaturatu eta sustatzeko estrategiei babesa emanez, elkarren osagarri diren jarduera desberdinak sustengatuz. Helburua ahaleginak bateratzea da, eskaintza espazioan eta denboran areagotzeko proposamen orokorren bidez Turismo Zuzendaritza Nagusiaren jarduketak eraginkorrago bihurtzeko.

Deialdi hau lehia gisa ebatziko da. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, erregistratu diren eskaera guztiak aztertzen dira, eta deialdian finkatutako irizpideak zeintzuek betetzen dituzten eta zeintzuek betetzen ez dituzten erabakitzen da, baina ez norgehiagokaren terminoetan. Aitzitik, banaketa-formula hauxe izanen da: diru-laguntza jasotzen duten guztien artean dirulaguntzetarako dagoen diru-zenbateko osoa hainbanatuko da. Hau horrela da deialdian dauden jarduera guztiak egitea garrantzitsutzat jotzen delako, eta zenbat eta gehiago egin orduan eta hobe izanen dela uste delako. Esperientziari esker badakigu honelako jarduerak, diruz lagundu ezean, ez direla egiten, elkarteek, partzuergoek edo toki entitateek ez dutelako diru nahikorik. Baina laguntza emateko aukerarik badago, hasiera batean deialdian ezarri dena baino txikiagoa izanik ere, jarduerak burutu ohi dira.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.-Elkarte, toki entitate eta partzuergoei 2008. urtean egiten dituzten sustapen jardueretarako laguntza emateko deialdia onestea, bai eta deialdia arautuko duten oinarriak ere. Horiek foru agindu honen eranskinean bildu dira.

2.-Deialdi horretarako gastua baimentzea ondoren ematen diren gehieneko zenbatekoetan eta 2008ko gastuen aurrekontuko kontusail hauen kargura:

-"Ekimen pribaturako laguntzak turismoa garatu eta sustatzeko". A10002 A1200 4709 432300 kontusaila. Zenbatekoa: 253.000,00 euro.

-"Toki entitate eta partzuergoentzako laguntzak turismoa garatu eta sustatzeko". Kontusaila: A10002 A1200 4609 432302. Zenbatekoa: 137.000,00 euro.

3.-Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Foru agindu hau honakooi jakinaraziko zaie behar diren ondorioak izan ditzan: Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari, Turismoko Marketinaren Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Departamentuan Ekonomia eta Ogasunekoak duen kontu-hartzailetza delegatuari.

Iruñean, 2008ko apirilaren 8an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

ERANSKINA

Elkarteek, toki entitateek eta administrazio partzuergoek 2008. urtean egiten dituzten sustapen jarduerei laguntzeko deialdiaren oinarriak

1.-Xedea, laguntzaren zenbatekoa eta onuradunak.

Deialdi honetako laguntzak turismoa sustatzeko ondoko jarduera hauetarako dira, baldin eta 2007ko urriaren 1etik 2008ko irailaren 30era bitartean egiten badira, edo proiektu bakar gisa aurkeztu diren proiektuetarako, baldin eta jarduketen %75 edo gehiago aipatutako denboraldian egiten badira.

1.1. Turismoko elkarteentzako laguntzak.

Deialdi honetako gehieneko zenbatekoa 253.000 euro izanen da, eta 2008ko gastuen aurrekontutik ordainduko da, "Ekimen pribaturako laguntzak turismoa garatu eta sustatzeko" izeneko A10002 A1200 4709 432300 kontusailaren kargura.

Aurrekoari beste diru kopuru batzuk gehitu ahalko zaizkio, deialdi honetako beste atala eta programa bereko beste deialdi batzuk ebatzi ondoren geratzen diren soberakinak, aurkezten diren eskabideen arabera.

1.1.1. Onuradunak.

Helbidea Nafarroan duten elkarteak, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean (eta gutxienez deialdi honen indarraldiak dirauen bitartean) Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribaturik daudenak.

1.1.2. Xedea.

Nafarroa helburu turistiko gisa sustatzen eta saltzen lagunduko duten produktuak merkaturatzeko eta sustatzeko estrategiak abian jartzeko jarduketak:

a) Erreserba bulegoak kontratatzea edo abian jartzea.

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, onartutako aurrekontuaren %70erainokoa, eta gehienez 12.000 euroko aurrekontua.

b) Turismoko azoka eta aurkezpen ekitaldietara joatea.

b.1. Maila nazionaleko azoka, kontratazio poltsa eta aurkezpenak, Turismo Zuzendaritza Nagusia haietara joaten baldin bada.

Atal honetan bidaia, ostatu eta mantenu gastuetarako diru-laguntza emanen zaie (pertsona bat eguneko) Turismo Zuzendaritza Nagusiko Turismoko Marketinaren Zerbitzuak 2008an azoka eta sustapen ekitaldietara joateko egindako planaren barnean dauden estatu mailako azoka eta ekitaldietan parte hartzen dutenei.

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, 110 euro pertsona bakoitzeko eta eguneko.

b.2. Estatu mailako turismo azokak, kontratazio poltsak eta aurkezpenak, Turismo Zuzendaritza Nagusia joaten ez denean eta espaziorik eskaintzen ez duenean, baldin eta Turismoko Marketinaren Zerbitzuak aldeko txostena egiten badu. Zerbitzu horrek lan planari buruzko adostasun txostena eginen du eta euskarri desberdinetan turismoko marka aplikatzeko jarraibideak emanen ditu. Nafarroako markaren aplikazioarekin eta bertako argitalpen eta elementuen banaketarekin zerikusia duten alderdiak aztertu eta baloratuko dira.

Atal honetan diru-laguntza emanen da tokia alokatzeko, standa jartzeko, materialak garraiatzeko, azokarako kontratatzen diren langileei lansariak ordaintzeko, baita bidaietarako, ostaturako eta mantenurako ere (2 pertsona eguneko).

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, aurkezten den aurrekontuaren %70 gehienez, salbu eta garraio, ostatu eta mantenu gastuak; horietarako 110 euro emanen dira pertsona eta eguneko.

b.3. Nazioarteko azokak, kontratazio poltsak eta aurkezpenak, Turismo Zuzendaritza Nagusia haietara joaten baldin bada, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak azoka eta sustapen ekitaldietan parte hartzeko 2008rako egindako planaren barnean. Zerbitzu horrek adostasun txostena eginen dio aurkeztutako lan planari.

Atal honetan diru-laguntza emanen da azokarako kontratatzen diren langileei lansariak ordaintzeko, baita bidaietarako, ostaturako eta mantenurako ere (pertsona bat eguneko).

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, gehienez ere langilearen ordainsarien %70 (garraioa, ostatua eta mantenua sartu gabe), eta 180 euro pertsona eta egun bakoitzeko garraiorako, ostaturako eta mantenurako.

b.4. Nazioarteko turismo azokak, kontratazio poltsak eta aurkezpenak, Turismo Zuzendaritza Nagusia joaten ez denean, baldin eta Turismoko Marketinaren Zerbitzuak aldeko txostena egiten badu, aurkeztutako lan planari erreparatuta. Zerbitzu horrek jarraibideak emanen ditu turismoko marka euskarri desberdinetan aplikatzeko. Nafarroako markaren aplikazioarekin eta bertako argitalpen eta elementuen banaketarekin zerikusia duten alderdiak aztertu eta baloratuko dira.

Atal honetan diru-laguntza emanen da tokia alokatzeko, standa jartzeko, materialak garraiatzeko, azokarako kontratatzen diren langileei lansariak ordaintzeko, baita bidaietarako, ostaturako eta mantenurako ere (2 pertsona azoka bakoitzeko).

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, tokia alokatu, standa jarri eta 2 langileri ordaintzeko aurrekontuaren %70, gehienez (garraioa, ostatua eta mantenua sartu gabe), eta 180 euro pertsona eta egun bakoitzeko garraiorako, ostaturako eta mantenurako.

c) Zabalkunderako materialak atzerriko hizkuntzetan.

Turismo arloko nazioarteko azoka, kontratazio poltsa edo aurkezpenetan parte hartzen denean banatuko diren materialak.

Liburuxkak, katalogoak, bideoak eta webetako sustapen elementuak sartuko dira atal honetan, betiere Nafarroako Gobernuak gai bera jorratzen duen materialik ez badu. Marketinaren Zerbitzuak aldeko txostena eginen du dena delako elementuari edo argitalpen nahiz euskarrien planari buruz, eta horiek berariaz ezarritako turismoko marka diseinatu eta aplikatzeko jarraibideei lotuko zaizkie. Nafarroako markaren aplikazioarekin eta Nafarroa sustatzeko argitalpen eta elementuen banaketarekin zerikusia duten alderdiei buruz ere txostena eta balorazioa eginen dira.

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, elkartekideen ekarpenak estaltzen ez duen kostuaren %50, gehienez ere.

d) Publizitate ekintzak.

Ekintza eta haren hartzaileak eta helburuak justifikatu behar dira. Turismoko Marketinaren Zerbitzuaren adostasun txostena behar da.

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, onartutako aurrekontuaren %50erainokoa, eta gehienez ere 6.000 euroko aurrekontua.

e) Web orriak sortu, eraberritu edo hobetzea, gehienez 12.000 euroko aurrekontuarekin.

Turismoko Marketinaren Zerbitzuak adostasun txostena eginen du eta zerbitzu horrek marka gauzatu eta aplikatzeko emandako gidalerroei jarraituko zaie. Web orriak gutxienez 5 urte iraunen du indarrean, eta banner esteka ezarriko da Nafarroako turismoko www.turismonavarra.es web orri ofizialarekin, hau ere 5 urterako gutxienez.

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, onartutako aurrekontuaren %50 gehienez, ezarritako muga gainditu gabe.

f) Sektorearen irudia indartzeko ekintzak eta kanpainak.

Turismoko Marketinaren Zerbitzuak adostasun txostena eginen du, aurkeztutako lan planaren arabera, eta zerbitzu horrek marka gauzatu eta aplikatzeko emandako gidalerroei jarraituko zaie. Ekintza horiek bat etorriko dira turismoko marketineko plan integralarekin. Nafarroako markaren aplikazioarekin eta bertako argitalpen eta elementuen banaketarekin zerikusia duten alderdiak aztertu eta baloratuko dira.

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, onartutako aurrekontuaren %50erainokoa, eta gehienez ere 12.000 euroko aurrekontua.

1.1.3. Laguntzaren zenbatekoa.

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, aurreko puntuetan adierazitako muga eta oharrekin.

Elkarte berak ezin izanen du 50.000 euro baino gehiago jaso, Marketinaren Zerbitzuaren deialdi honetako jarduketetarako laguntzak eta Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak turismoaren garapenari laguntzeko egindako deialdian jaso ditzakeen beste laguntzak baturik. Deialdi horretako kalitate ataleko laguntzak salbuetsiko dira.

1.2. Laguntzak toki entitateentzat eta turismoko partzuergoentzat.

Deialdi honetako gehieneko zenbatekoa 137.000 euro izanen da, eta 2008ko gastuen aurrekontutik ordainduko da, "Toki entitate eta partzuergoentzako laguntzak turismoa garatu eta sustatzeko" izeneko A10002 A1200 4609 432302 kontusailaren kargura.

Aurrekoari beste diru kopuru batzuk gehitu ahalko zaizkio, deialdi honetako beste atala ebatzi ondoren geratzen diren soberakinak, hain zuzen ere.

1.2.1. Onuradunak.

Laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte Nafarroako toki entitateek eta helbidea Nafarroan duten turismo partzuergoek, baldin eta Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala erregistraturik badaude eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean.

1.2.2. Xedea.

a) Turismo sustapenaren euskarriak.

a.1. Argitalpenak egitea, interes turistikoa duten gertakari eta jarduera-programen berri emateko sustapenaren eremuan.

Argitalpenak edo argitalpen planak Turismoko Marketinaren Zerbitzuaren adostasun txostena beharko du, eta emandako jarraibideei atxikiko zaie, markaren diseinuari eta ezarpenari dagokienez. Nahitaez agertu beharko da marka turistikoa.

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, onartutako aurrekontuaren %50erainokoa, eta gehienez 6.000 euroko aurrekontua.

a.2. Sustapena egin nahi den eremuan turismoko produktuak eskaintzeko web orriak sortzea, hobetzea edo haien edukiak gehitzea.

Gehienez ere 12.000 euroko aurrekontua.

Betiere, formatuak Turismoko Marketinaren Zerbitzuak ezarritako ildoei jarraituko die, gutxienez 5 urte iraunen du indarrean, eta banner esteka ezarriko da Nafarroako turismoko www.turismonavarra.es web orri ofizialarekin, hau ere 5 urterako gutxienez.

Aurreko bi kontzeptu horiengatik (a.1 eta a.2), partzuergoei edo 3 udalek edo gehiagok, %10eko partaidetzarekin gutxienez, antolatutako proiektuei soilik emanen zaie diru-laguntza.

Laguntzaren zenbatekoa: Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, onartutako aurrekontuaren %50erainokoa.

b) Turismoa sustatzeko ekintzak.

b.1. Turismoko azoka edo aurkezpenetan parte hartzea hurbileko merkatuetan (Euskadi, Errioxa, Aragoi eta Frantziako hego-mendebaldea), Turismoko Marketinaren Zerbitzuak horietan parte hartzen ez duenean 2008ko azoka eta sustapen ekitaldietarako bere planaren barnean.

Zerbitzu horrek lan planari buruzko adostasun txostena eginen du eta euskarri desberdinetan turismoko marka aplikatzeko jarraibideak emanen ditu. Nahitaez ezarri beharko da marka turistikoa.

Atal honetan diru-laguntza emanen da tokia alokatzeko, standa jartzeko, materialak garraiatzeko eta egun bakoitzeko 2 pertsonaren ordainsariak, bidaiak, ostatua eta mantenua ordaintzeko.

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, onartutako aurrekontuaren %70 gehienez, salbu eta garraio, ostatu eta mantenu gastuak; horietarako 110 euro emanen dira pertsona eta eguneko, estatuko azoketan, eta 180 euro pertsona eta eguneko, nazioarteko azoketan.

b.2. Estatu mailako turismoko azoka edo aurkezpenetara joatea, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak parte hartzen duenean.

Atal honetan, egun bakoitzeko 2 pertsonaren bidaia, ostatu eta mantenu gastuetarako diru-laguntza emanen da.

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, 110 euro pertsona eta eguneko, bidaia, ostatu eta mantenu gastuetarako.

c) Turismoko informazioa eta dinamizazioa.

Turismoko dinamizazio eta informazio zerbitzua ezartzea herri batean edo turismo eskaintza bateratua duten herri batzuetan. Azpiegitura egokia duten partzuergo eta toki entitateek turismoko informazioaren arloko lankidetza gune bat jarri ahal izanen dute abian, eta Turismoko Marketinaren Zerbitzuak ezarriko dizkio lanerako ildoak: irekiera, ordutegia, markaren aplikazioa, euskarrien banaketa, estatistiken bilketa eta kontrola, sareko funtzionamendua eta beste batzuk.

Langileen kostua finantzatuko da baldin eta gutxienez 3 hilabeteko kontratua egiten bada, lanaldi osoarekin. Kontratua eta ordainketa (langile propioak badira, nominaren ordainketa, eta laguntza teknikoa kontratatzen bada, fakturaren ordainketa) entitate eskatzaileak egin beharko ditu.

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, onartutako aurrekontuaren %40rainokoa, eta gehienez ere 6.200 euro urtean, lanaldi osoarekin.

d) Sentsibilizazio ekintzak.

Bisitariei edo sektoreari eta tokian tokiko biztanleei zuzendutako ekintzen plana prestatuko da praktika onak hobetzeko, kultura eta natura baliabideak zaintzeko, abegi ona egiteko, turismoa eta zonak onartu eta errespetatzeko eta abarretarako.

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, onartutako aurrekontuaren %50erainokoa.

1.2.3. Laguntzaren zenbatekoa.

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, aurreko puntuetan adierazitako muga eta oharrekin.

2.-Eskabideak aurkeztea.

2.1. Eskabideak aurkeztea.

Eskabideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan aurkezten ahal dira (Navarrería kalea, 39, beheko solairua, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 32/192 Legearen 38.a) artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan.

Eskabideak aurkezteko bitartekotzat onartuko dira mezulari zerbitzu pribatuak eta atzerriko posta zerbitzuak, baldin eta dokumentazioa deialdietan ezarritako epean eta moduan erregistratzen bada eta, halaber, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan edo Nafarroako Gobernuko beste edozein erregistrotan erregistratzen bada.

2.2. Entitate eskatzailea.

Proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko du proiektua gauzatzeko asmoa duen entitateak. Eragiketa plan bereko hainbat proiektu badaude laguntzetarako deialdi honetan parte hartzeko moduan, denak batera eta eskabide berean aurkeztu ahal izanen dira.

Proiektua zenbait entitatek batera garatu behar dutenean aukera hauek izanen dira:

a) Proiektua gauzatzea bere gain hartzen duenak aurkeztea eskabidea; halakoetan, proiektuaren gauzapena bere gain hartzen duen entitateak ordainduko ditu sortzen diren gastuak. Halaber, aldeen lankidetza nola antolatuko den adieraziko da, eta entitateen legezko ordezkarien sinadura jarriko da.

b) Proiektua garatuko duten entitateek eskabidea batera aurkeztea; bakoitzaren partaidetza zehaztuko da eta legezko ordezkarien sinadura jarriko da. Halako kasuetan entitate parte-hartzaile bakoitzari emanen zaio dirua, bere partaidetzaren proportzioan; gastuen frogagirietan ordaintzaile gisa agertu beharko du entitateak.

2.3. Epea.

Laguntzetarako eskaerak aurkezteko hilabeteko epea dago, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

2.4. Agiriak.

Eskabidea beteko da horretarako propio eratutako inprimakia betez. Delako inprimakia eskura dago Turismoko Marketinaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren web orrian, helbide honetan: www.navarra.es/home es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Eskabideari ondoko agiriak erantsiko zaizkio:

-Entitateari edo entitateei buruzko dokumentazioa.

.Identifikazio fiskaleko zenbakia.

.Turismoko erregistroan ageri diren datuak aldatu badira, ordezkaria nor den frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar da. Mendekotasun organikoa frogatu behar da, eta eskatzailea diru-laguntzaren jasotzaile izendatu.

.Erantzukizuneko aitorpena, norberak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez duela agertzeko.

.Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden enpresa edo establezimendu elkartuen zerrenda.

-Proiektuari buruzko dokumentazioa.

.Proiektua azaltzeko memoria, ondokoak bilduko dituena: proiektua zein ekintzak osatzen duten eta non gauzatuko den, gastuen aurrekontu zehatza, eta entitate eskatzaile bakoitzaren gastuen aurrekontua; adieraziko dira entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen ekintzak, bai eta gastuetatik dagokion partea ere, kostua eta mota zehaztuta.

Turismoko dinamizazio eta informazio zerbitzua ezartzeko laguntzak eskatzen direnean ondokoak aurkeztu beharko dira: eragiketa plana, non zehatz azalduko baitira diru-laguntzaren bidez kontratatuko diren pertsonen eginkizunak; sinatutako kontratuaren kopia, ordainsariak, lokalaren deskripzioa eta kokapena, informazio gunearen funtzionamendu plana eta ekipamendua, etab. Oinarri hauetan adierazten den moduan, turismoko dinamizazio eta informazio gune hori Turismoko Marketinaren Zerbitzuak berariaz ezarritako jarraibideei lotuko zaie.

3.-Tramitazioa.

Turismoko Marketinaren Zerbitzuak eskabideak aztertuko ditu eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala hamar egun balioduneko epean, errekerimendu hori jakinarazten zaionetik hasita; adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskabideak aztertu ondoren, dirulaguntzen zenbatekoak zehaztuko dira, eta informazio hori Nafarroako Gobernuaren web orrian jarriko da 10 egunez. Hartara interesdunek laguntzen proposamenak aztertu eta eskaera bertan behera utzi nahi badute hala adierazi ahal izanen dute.

Epe hori bukatutakoan, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, eta Turismo zuzendari nagusiak deialdia ebatziko. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak ezarritako moduan.

Eman beharreko laguntzen zenbatekoa aurrekontuko kredituak baino handiagoa bada, laguntzen hainbanatze lineala eginen da.

Deialdia ebazteko hiru hilabeteko epea izanen da gehienez, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori betetzen bada jakinarazpenik egin gabe, eskaera ez dela onartu ulertuko da.

4.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

diru-laguntza jaso dezakete proiektuaren garapenarekin zuzeneko lotura duten kanpoko gastu guztiek, hots, hirugarrenek fakturatuek. Beraz, ez dute diru-laguntzarik jasoko barneko langileei dagozkien gastuek (turismoko dinamizazioa eta informazioa izan ezik) ezta entitatearen ohiko funtzionamenduko gastuek ere, ibilgetua amortizatzeko dotazioak barne (ez da gehikuntzarik aplikatuko barne kostu gisa).

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren zenbatekoa kenduko da, jasanarazi behar den kasuetan.

5.-Diru-laguntza onartzea eta ordaintzea.

Laguntzak onartzearekin batera %70eko aurrerakina ordainduko da. Aurrerakina 60.000 euro baino gehiagokoa denean, bermea ezarriko da. diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten agiriak 2008ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte onuradunek. Gainera, gastuen eta diru-sarreren zerrenda eta eginiko jardueren ordainagiriak ere eman beharko dituzte.

Baldin eta aurkeztutako dokumentazioak frogatzen badu proiektuaren %75 edo gehiago gauzatu dela, diru-laguntza zehaztuko da egiazki egindako gastuari egokitzeko; gelditzen dena ordainduko da eta aurrerakina ordaindutzat joko da.

Baldin eta aurkeztutako dokumentazioak frogatzen badu proiektuaren %75 baino gutxiago gauzatu dela horretarako bidezko arrazoirik izan gabe, proiektuak kontzesiorako arrazoia galdu duela ulertuko da eta ofizioz deuseztatuko da laguntza; ordaindutako aurrerakina itzultzeko eskaera tramitatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz, salbu eta burututako portzentajeak proiektuaren helburua aldarazten ez badu.

6.-Onuradunen betebeharrak.

a) Egindako gastuak frogatzea deialdi honetan ezarri den epean. Hartara, Fakturazio betebeharrei buruzko Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutako eran luzatutako fakturak aurkeztu behar dira. Gainera, faktura horiek ordaindu izana frogatu behar da. Frogagiri horietan elkarren segidako zenbakiak jarri beharko dira eta, horiekin batera, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak emandako inprimakia aurkeztu. Bertan dirulaguntzen xede diren proiektuak zehatz-mehatz identifikatuko dira.

b) diru-laguntzaren xede den jardueraren bidez izandako diru-sarrerak, beste entitate batzuei eskatutako diru-laguntzak eta azkenean emandakoak aitortzea, baita beste kontzeptu batzuengatiko diru-sarrerak ere, edo, hala denean, diru-sarrerarik eza.

c) diru-laguntzaren xede izandako gasturen bat 12.000 eurotik gorakoa denean, ekipamendu ondasunen horniduraren edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, administrazio publiko ez diren onuradunek frogatu beharko dute hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela, gutxienez hiru aurrekontu eskatu ondoren.

d) Laguntzen xedeko jardueren memoria aurkeztea eta, hala dagokionean, diruz lagundu den materialaren ale bat edo sortutako nahiz aldatutako web orriaren helbidea ematea. Betiere, diru-laguntza eskatzen duenaren erantzukizuna izanen da diru-laguntza jaso duten euskarrien bidez sustatzen diren turismoko establezimendu guztiak (erreserba bulegoa, web orria, argitalpenak, iragarkiak...) Turismo Erregistroan behar bezala izena emanik egotea eta argitaratzen diren datuak zuzenak izatea. Baldintza hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza kendu ahal izanen da.

Turismoko dinamizazio eta informazio zerbitzua ezartzen den kasuetan, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak adierazten dituen txosten eta memoriak aurkeztuko dituzte onuradunek, eta Nafarroako Informazio Turistikoaren Sarean sartuko dira.

Turismoko azoka edo aurkezpenetan parte hartzen dutenek, berriz, zehatz azalduko dute zein pertsona edo enpresa joan diren entitatearen izenean, eta lan plana aurkeztuko dute. Laguntza teknikoaren fakturak, garraio txartelak eta ostatu eta jatetxeen fakturak aurkeztuko dira.

e) Laguntza jasotzen duen jardueraren inguruko informazio guztietan Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela azaltzea. Jarduera horretarako egiten diren euskarri guztietan Nafarroako marka turistikoa jarri behar da, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak ezarritako irizpideei jarraituz.

f) Deialdi honen xede diren proiektuei lotutako euskarri eta argitalpenak, proiektuen atal direnak, Nafarroaren irudi sendo eta bakarra zabaltzeko asmoz Turismo Zuzendaritza Nagusiak ezarritako jarraibideei lotu behar zaizkie.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak.

h) Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoko Marketinaren Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen edo/eta agiri guztiak zerbitzu horretara zuzendutako eskaera-orriaren bidez egin beharko dira eta erregistro publikoan aurkeztu.

i) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

7.-Emandako laguntzen publizitatea.

Deialdi hau aplikatuz ematen diren laguntzak eta onuradunen izenak Nafarroako Gobernuaren eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren web orrian eta departamentu horrek argitaratzen dituen turismoko aldizkarietan argitaratuko dira.

8.-diru-laguntza itzultzeko arrazoiak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan eta deialdi honetan ezarritako kasuetan, jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli beharko da.

9.-Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek xede eta helburu bererako eman dezaketen beste edozein laguntzarekin, deialdi honetako 1.1.3 atalean elkarteentzat ezarritakoa deusetan galarazi gabe.

Onuradunak hartutako laguntzen zenbateko osoa jardueren kostua baino handiagoa bada, deialdi honetako laguntzak murriztu eginen dira jardueraren kostutik gorako zenbatekoan.

Dena den, deialdi honetan ezarritako laguntzak, programa europarrekin batera finantzatutakoak, ez dira bateragarriak beste administrazio publikoek (horiek ere programa europarrekin batera finantzatutakoak direnean) xede eta helburu bererako ematen ahal dituztenekin.

10.-Deialdi honen eta oinarri hauen kontrako errekurtsoak.

Espedientean interesa dutenek, administrazio publiko ez badira, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpenaren ondoko egunetik aurrera. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpenaren ondoko egunetik aurrera. Halaber, Nafarroako Gobernuari zuzendutako errekerimendua egin daiteke aldez aurretik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iragarkiaren kodea: F0805410